Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2025eko irailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3932

83/2025 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2025-2026 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2025eko irailaren 2an egindako bilkuran, 2025-2026 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia onartu zuen, eta, behar bezalako publikotasuna emateko. Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei 2025-2026 ikasturtean zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakiaren testua. Erabakia ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 15EKO 83/2025 EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2025-2026 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA-KONPLEXUTASUN HANDIKO ITUNPEKO IKASTETXEEI ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71. artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek jarri beharreko baliabide guztiak jarriko dituzte ikasle guztiek lor dezaten ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena, eta, era berean, baita lege horretan oro har ezarritako helburuak ere. Halaber, hezkuntza-administrazioei dagokie beharrezko baliabideak bermatzea hezkuntza-premia bereziak izateagatik hezkuntza-arreta arrunta barik beste arreta bat behar duten ikasleek ahalik eta gehien garatu ditzaten beren gaitasun pertsonalak, eta, betiere, lor ditzaten ikasle guztientzat oro har ezarritako helburuak.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen (17/2023 Legearen) helburuetako bat da kalitatezko irakaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea, aukera-berdintasunezko terminoetan, non ikasle guztiek izango baitute aukera ahalik eta gehien garatzeko kalitatezko hezkuntza izateko eta bizitzarako konpetentziak.

Hezkuntza-sistema bat ekitatibotzat jotzen da gai denean herritarren arteko desparekotasun sozioekonomikoak arintzeko, batetik, ikasle guztiek aukera izan dezaten kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko eta, bestetik, bermatzeko haien esfortzuak eta gaitasunek baldintzatzen dutela errendimendu akademikoa, berdin delarik zein den ikasleen sorterria, sexua eta testuinguru soziala, ekonomikoa eta kulturala. Abiapuntu horretatik, Euskal Hezkuntza Sistemak ekitatea berresten du eskolatze zabala eskainiz, baldintza berdinetan, eta neurriak hartuz jatorriarekin loturiko desberdintasunak konpentsatzeko eta eskola-porrota edo eskola-uzte goiztiarra murrizteko.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari dagozkio, besteak beste, Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak, hala araubide orokorreko irakaskuntzetakoak nola araubide berezikoetakoak, haien etapa eta maila guztiak barne; halaber, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuari jarraikiz, Hezkuntza Sailari dagokio aztertu, proposatu eta kudeatzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzeko itunen eta akordioen arloko era guztietako espedienteak, hargatik eragotzi gabe sistemaren Plangintza egokitzea.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu du ikastetxe guztiei bereziki laguntzeko baldin eta beren barnean biltzen badute gizarte-hezkuntzako kalteberatasun-egoera nabarmenean dauden gazteen ehuneko handi bat, eta funts publikoekin sostengatzen badira. Ikastetxe publikoen kasuan, dagoeneko badira finantzaketaren onuradun, zeren hori aurreikusita baitago PROA-Programan. Programa hori Lurralde Lankidetzako programa bat da, hezkuntza-konplexutasun bereziko ikastetxeak orientatzeko, eta haiek hezkuntzan aurrera egiteko eta aberasteko; programa horren helburua da eskola-arrakasta hobetzea, eta bermatzea ikasleek ikastetxe horietan segitzen dutela, zeinetan biltzen baita gizarte-hezkuntzako kalteberatasun-egoera nabarmenean dauden gazteen ehuneko handi bat.

Aitzitik, EAEko itunpeko ikastetxeak programa horretatik kanpo gelditu dira. Beraz, Hezkuntza Sailak dirulaguntza-lerro bat sortu du hezkuntza-zailtasun handiagoa jasaten duten itunpeko ikastetxeentzat, ikastetxe horiek indartzeko, eta, hala, ikastetxe horiei laguntzeko sendotzen eta babesten ikasle kalteberen emaitzak hobetzeko jarduketak eta ikastetxeetako atxikipen-portzentajeak handitzeko jarduketak.

Aipatutako itunpeko ikastetxe horien artetik, laguntza-hartzaile izan daitezen, 1. mailako hezkuntza-konplexutasun indizea dutenak hautatu dira (20 puntu baino gehiago 2022ko eskalan). Indize horren helburua da baloratzea zer egoera duen ikastetxeak bere ikasleekiko; horretarako, hainbat adierazle erabiltzen dira, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen du hautatutako ikastetxeei baliabide gehigarri ez-finkagarriak finantzatzeko, horretarako bideratutako aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Hartara, lagunduko die hobeto egokitzen ikasle kalteberei arreta emateak dakartzan erronka akademikoetara.

Kasu honetan, laguntzaren xedearen eta hartzaileen berezitasuna eta zehaztasuna ikusirik, ezin da konkurrentzia publikoa sustatu; izan ere, laguntzaren oinarria zera da: onuradun izateko proposatzen diren ikastetxeak izango direla ISEI-IVEI institutuak objektiboki zehaztu dituenak; hain zuzen ere, ikasle kalteberen ehuneko handiak dituztenak, eta ikasle horien premia eta efikazia arrazoiek justifikatuko dutela, interes orokorrerako, dirulaguntzak zuzenean ematea.

Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, ekimenari berari erreparatuta, argi ikus daiteke ezinbesteko erregulazioa duela, baita zuzkidura ekonomiko bat ere, bete nahi den premiari bideratua.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluari jarraikiz jardungo da. Artikulu horren arabera, Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.

Aurretik azaldutakoagatik, bidezkoa da erabaki-proposamen hau Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onar dezan:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handieneko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea (I. eranskina) 2025-2026 ikasturtean, erabaki honetan ezarritako estipulazioen arabera.

2.– Dirulaguntzaren helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxe pribatuak indartzea, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan errefortzuko irakasle bat izan dezaten hezkuntza-lerroko, hobe dezaten hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta, eta, azken batean, ekitatea lortzeko hezkuntza-aukeretara iristeko orduan.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Erabaki honen onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, 1. mailako hezkuntza-konplexutasun-indizea dutenak (20 puntu baino gehiago 2020ko eskalan. I. eranskinean daude zerrendatuta).

Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak kalkulatzen du hezkuntza-konplexutasun indizea.

Hirugarrena.– Diruz lagundutako gastua.

Soilik lagunduko da zuzkiduran aipatutako gastua, eta, hala badagokio, 2025-2026 ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko gastua; hau da, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastua.

Laugarrena.– Kreditu erabilgarria eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 2025-2026 ikasturtean, 2.818.261,56 euro bideratuko dira hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko beste irakasle bat kontratatzearen ondoriozko gastu baliokidea ordaintzera.

Dirulaguntzaren zenbatekoa egotziko da Zuzendaritzako aurrekontu-aplikazioetako kontabilitatean (11), Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretako partida, 42221 programa, 45301 kontzeptua. 2026ko urtarriletik abuztura arteko aldiari dagokionez, konpromiso-kreditu bidez egingo da.

2.– Lehen Hezkuntzako etapan eta Bigarren Hezkuntzako etapan hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle bat kontratatzera bideratutako zenbatekoa kalkulatzeko, 2025-2026 ikasturtearen lehen lauhilekorako, begiratuko da zenbatekoa den 2025eko Aurrekontu Legeko IV. eranskineko Ekonomia Ituneko modulua; 2026ko urtarriletik abuztura arteko aldirako, berriz, begiratuko da zenbatekoa den 2026ko Aurrekontuen Lege-aurreproiektuko IV. eranskineko modulu ekonomikoa. Eta ateratzen diren zenbatekoak I. eranskinean finkatutakoak dira.

Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntzaren xede den gastua zuzkiduratik eratorritakoa izango da, edo, hala badagokio, irakasle gehiago kontratatzearen ondoriozkoa, eta dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiliko da.

2.– Kontratazio horretan bermatu beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatu beharko du betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa.

Halaber, bermatu egin beharko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:

a) Titulazioa, beharrezkoa dena kontratuaren xede diren irakaskuntzak emateko.

b) Hizkuntza-eskakizuna, bat datorrena kontratatu diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin.

3.– Diruz lagundutako gastuak 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin.

Epez kanpo egindako gastuak ez dira hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat.

4.– Diruz lagundutako jarduera ezin da azpikontratatu irakaskuntzak emateko.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute: batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartzen baita E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA–.

3.– Honako helbide elektroniko honetan, jarraibideak eskura daitezke, jakiteko nola egin izapideak bide elektronikoz, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta zer argibide gehiago dauden horren inguruan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/complejidad_educativa/web01-tramite/eu/

4.– Justifikazioa, berriz, Nire karpeta atalaren bidez egingo da, helbide honetan: http://euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Dirulaguntza hauek zuzenean ematen zaizkie, erabaki honen bidez, I. eranskinean zerrendatutako pertsona juridiko guztiei.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eman ahal dituzten beste batzuekin, beti ere ez badute eragiten finantzazio bikoitzik. Horrenbestez, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastuaren aldi bereko finantzaziorik gertatzen bada, itzuli beharko da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 16. artikulua).

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza hiru epetan ordainduko da:

– Lehenengo ordainketa: emandako guztizkoaren heren bat, eta Gobernu Kontseiluak erabaki hau onartu ondoren ordainduko da, 2025-2026 ikasturtearen hasieran.

– Bigarren ordainketa: emandako guztizkoaren beste heren bat, eta ikasturtearen lehen lauhilekoari dagokion gastuaren justifikazioa egiaztatu eta gero ordainduko da. 2026ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da justifikazioa.

– Hirugarren ordainketa: geratzen den azken herenekoa izango da; ordaintzeko, 2025-2026 ikasturtearen bigarren eta hirugarren lauhilekoetako gastua justifikatu beharko da, 2026ko urriaren 15a baino lehengo. Beraz, justifikatu eta gero ordainduko da.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– Egiaztagiriak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora igorri behar dira formatu elektronikoan edo digitalizatutako kopia moduan, Nire karpeta atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Honela aurkeztu behar da:

I.– Hasierako dokumentazioa aurkeztu beharko da erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean, eta honako hauek jaso beharko ditu:

a) II. eranskina: titularrak edo ikastetxearen ordezkariak sinatuta.

b) Kontratatutako irakasleen zerrenda. III. eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

c) Irakasleen lan-kontratuak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita kontratatutako langileek betetzen dituztela titulazio eta hizkuntza-eskakizunen inguruko baldintzak, eta ez daudela epai irmoz kondenatuta sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (IV. eranskina).

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez adieraziko baita ea edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribaturi eskatu zaion helburu bereko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik; halakorik lortuz gero, adierazi beharko da zer diru-kopuru lortu den eta zer izen duen erakunde emaileak (IV. eranskina).

II.– Hilean behin, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Kontratatutako irakasleen zerrenda, eta III. eranskinean jasotako informazioa.

b) Kontratatutako irakasleen nominak.

c) Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak, irakasleenak.

Dirulaguntzaren bitartez kontratatutako langilerik aldatuz gero, langile berriei buruzko dokumentu guztiak bidali beharko dira; era berean, idazki bat idatzi eta bidali beharko da azaltzeko zergatik ordezkatu behar izan diren.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, egiaztatzen dutenak dirulaguntza behar bezala aplikatu dela diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez; bestalde, onuradunari eskatu ahal izango dio frogagiri gehiago aurkezteko, hasieran eskatu ez zirenak. Egiaztagiri horiek zaintzapean eta eskura eduki beharko ditu.

3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak gainditu egiten dituela benetan egindako gastuak, dirua itzultzeko egoki den prozedura abiaraziko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izango da laguntza errebokatzeko.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, aipatutako onuradunak onartu egin beharko ditu dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak, halaxe ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, egiaztatzeko ea emandako datuak egiazkoak diren.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko erabakia, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Erabaki honen bidez emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badira, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da erabakitzeko galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea eta/edo itzuli behar dela, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

2.– Dirulaguntzak itzultzeko, beteko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. eta 42. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.

Azken apartatuetako lehenengoa.

Erabaki honen bidez emandako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Azken apartatuetako bigarrena.

Erabaki honek ondorioak izango ditu onartzen den egunetik aurrera, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.

Azken apartatuetako hirugarrena.

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala