
177. zk., 2025eko irailaren 18a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 14 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3908
EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2025eko apirilaren 25ean, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) dagokionez. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. apartatuan jasotako kasuetarik bat da (udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko [ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta bete behar duten planei buruzkoa] planak eta programak).
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez; edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoren barruko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» antolamendu xehatua zehaztea. Plan Berezia Donostiako Udalak sortutako ekimena da, azpieremuaren barruan proposatutako eraikigarritasuna antolatzeko, aurretik ezarritako egiturazko antolamenduko zein antolamendu xehatuko baldintzak garatu eta proiektatutako jarduketa berriak gauzatu ahal izateko.
Plan Orokorrean mugatutako AL.02.1 «Txingurri» hirigintza-eremurako aurreikusitako garapen berriaren azalera 34.302 m2-koa da, indarrean dauden ETRS89 arauekin bat etorriz egindako neurketaren arabera.
Antolatutako etxebizitza berrien araubide juridikoa arautzen da, babes publiko sozialeko araubideko eta etxebizitza tasatuen araubideko etxebizitzak aurreikusiz. Zehazki, mugatutako azpieremuan 130 etxebizitza garatzea proposatzen da. Horietatik 26 inguru gizarte-babeseko etxebizitzen araubidera bideratuko dira, eta beste 26 inguru etxebizitza tasatuen araubidera. Etxebizitza kopurua ez da loteslea izango, baina bai etxebizitza eta erabilera mota bakoitzerako aurreikusitako eraikigarritasuna.
Egungo premia publikoei erantzunez, AL.02.1 Txingurri azpieremuan honako hauek antolatuko dira:
– bizitegi-garapen berri bat, nolabaiteko dentsitateko eraikin irekiaren tipologiakoa (A30/AL.02 zona), eta baita
– lurzoruaren garapen bat hirugarren sektoreko erabilerako jarduera ekonomikoetarako (B20/AL.02 zona), lehendik dauden ezarpen batzuen ordez.
Zona horien birbanaketa egitea proposatzen da. Horrela, hirugarren sektoreko eraikigarritasunaren zati bat B.20/AL.02 zonatik A.30/Al.02 zonara lekualdatuko da, B20 zonako orografiaren baldintzak direla-eta. Birbanaketa horri esker, bi erabilerak elkarren artean integratzea lortuko da, Plan Orokorrean finkatutako bizitegi-kalifikazio globala aldatu gabe.
A.30/AL.02 bizitegi-zona:
– Bizitegi-zonarako, bi bloke lineal proiektatu dira a.30/1 eta a.30/2 lurzatietan. Guztira, 130 etxebizitza antolatuko dira. A.30/2 lurzatiko blokeak etxebizitza libreak hartuko ditu (78 etxebizitza), eta a.30/1 lurzatiari dagokionak, berriz, etxebizitza babestuak, gizarte-babesekoak eta tasatuak hartuko ditu.
– BS+VI+atiko profil orokor bat proposatzen da, duela gutxi eremuaren ondoan exekutatutako bizitegi-eraikinen jarraipen gisa.
– a.30/1 lurzatiko behe-solairua zuzkiduretarako erabiliko da, eta a.30/2 lurzatiko behe-solairua hirugarren sektoreko erabilerarako. Goiko solairuak bizitegietarako erabiliko dira. Hirugarren sektoreko erabilerak eremu portikatuetan eta plazen azpian kokatuko dira, Txingurri pasealekuaren eta Larratxo pasealekuaren arteko desnibela dela-eta.
B20/AL.02 jarduera ekonomikoko zona:
– Hirugarren sektoreko erabilerako eraikin berriak BS+VI profilarekin proiektatu dira.
– Eremu lauenean, eremuaren mendebaldean, ekipamendu-partzela bat proiektatu da, BS+IV profileko eraikin batekin.
– Lehendik dauden bideak egokitu egingo dira, aparkaleku gehiago hartzeko.
– Berdegunea zabaldu egingo da hego-mendebaldeko muturrean.
– Proposatzen da Txingurri errekaren tarte bat azaleratzea, trazadura berri bat emanez zona hori gurutzatuz, eta, aldi berean, eremuaren ekialdean hirugarren sektorerako aurreikusitako eraikin berriaren ondoko berdegune berrian integratuz. Erreka estalitako pasealeku baten azpian mantenduko da, urak (euri-urak eta ur beltzak) behar bezala bereizi direla ziurtatu arte.
Guztira, proposamenak 26.200 m2(t)-ko hirigintza-eraikigarritasuna ezartzen du eremurako.
Aurreikusitako alternatibak:
«Zero» alternatiba: Indarrean dagoen udaleko hirigintza-plangintzak aurreikusten du Plan Berezi bat formulatzea AL.02.1 Txingurri eremua garatzeko. «Zero» edo «jarduketarik ez egitea» alternatibak berekin dakar ez garatzea Donostiako HAPOan proposatutako eremua.
Antolamenduko 1. alternatiba: Alternatiba horrek lehen deskribatutako jarduketak biltzen ditu: besteak beste, 130 etxebizitza berri garatzea (78 libre, 26 tasatu eta gizarte-babeseko 26); jarduera ekonomikoetarako eta ekipamendu komunitariorako eraikin batzuk eraikitzea; lehendik zeuden hainbat etxebizitza sendotzea; hego-ekialdeko muturreko espazio libreen eremua zabaltzea; Txingurri errekaren zati estali bat berreskuratzea; eta eremuaren eta ingurunearen arteko bizikleta- eta oinezko-konexioak hobetzea.
Hautatutako alternatibak (1. alternatiba) eremu osoaren hiri- berroneratzea eta -birkualifikazioa egiteko jarduketak proposatzen ditu. Planak eraikin eta etxebizitza batzuk aurreikusten ditu, bai eta jarduera ekonomikoetarako eraikin bat ere; gainera, gaur egun erabiltzen ez diren edo berroneratze-helburuak betetzen ez dituzten elementuak ordeztea proposatzen du. Plan Berezian planteatutako bizitegi-garapena ekarpen positiboa da gaur egun auzoan, udalerrian nahiz metropolialdean dagoen etxebizitza-eskariarentzat. Era berean, Planak areako jarduera ekonomikoak berroneratzea sustatuko du, batez ere hirugarren sektoreko jarduera berriak kokatuz, ingurune hurbilean enplegagarritasuna hobetzea bultzatu dezaketenak. Planak Larratxo auzoko zuzkidurak hobetzen dituen ekipamendu komunitario bat sortzea dakar, ezaugarri zehatzak definitu gabe egon arren. Plana garatzeak ingurumenaren arloko hainbat hobekuntza ere ekarriko ditu.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da-eta.
b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Plana egokia den ingurumen-arloan kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: iritzi zaio plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste, , lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua, AL.02.1 Txingurri azpieremua, Altza auzoan dago, Donostiako hiriaren ekialdean. Altza auzoa udalerriko Ekialde Barrutiaren parte da, eta Pasaia, Errenteria eta Astigarragako udalerrien mugakide da. Azterketa-eremuaren ipar eta mendebaldean, GI-20 errepidearen trazadura igarotzen da, Pasaiarako eta Larratxorako sarbidea bermatzen duena; iparraldean, halaber, ADIF trenbide-sareen trazadura dago, eta, zertxobait urrunago, ETSrena.
Azpieremua hiri-lurzoru modura dago sailkatuta, eta 3,43 ha-ko azalera du.
Eremua bi zonatan banatzen da: alde batetik, iparraldeko zatia, nahiko laua, non lehendik dauden hiri-garapenak ipar-ekialderantz jaisten den plataforma baten gainean kokatzen diren; eta, bestetik, hegoaldeko hondo malkartsua, eremu lauaren eta Larratxoko pasealekuaren arteko desnibela gainditzen duten mazelek eratua.
Ondoren, eragindako eremuko ingurumenaren alderdi garrantzitsuenak zehazten dira:
Eremua euskal-kantauriar arroko «Donostiako monoklinalari» dagokio. Litologiaren ikuspegitik, azterketa-eremu osoa tuparrien eta kareharri tupatsu grisen edo gorrien gainean dago kokatuta, pitzaduren bidezko iragazkortasun txikikoak. Geomorfologiaren ikuspegitik, eremua dentsitate handiko hiri-asentamendu bat da, sistema antropogenikoko plataforma eraldatuetan kokatuta dagoena.
Eremua erabat eraldatuta dago, eta ez du lurzoru naturalik. Gipuzkoako Klase agrologikoen maparen arabera (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1988), lurzoruak VIII. klasekotzat identifikatu dira; kasu honetan, balio agronomikorik gabeko areak dira.
Azterketa-eremutik, Xiustegi (Bustintxulo) eta Txingurri (Larratxo) errekak igarotzen dira, hiri-garapenen azpian lurperatuta, eremuko mendebaldean dagoen Xiustegi errekaren tarte txiki bat izan ezik. Baterako ibilguak Herrera zeharkatzen du, eta Pasaiako portuan itsasoratzen da. Erreka horiek ez dute uren egoeraren jarraipena egiteko sareko estaziorik. Hala ere, EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarearen azken txostenaren arabera, «Oiartzun trantsizioko ur-masa» –bi ibilguak barne hartzen dituena– egoera ekologiko eskasa zuen 2023an. Egoera kimikoari dagokionez, ur-masaren egoera ona da; beraz, Oiartzun trantsizioko ur-masaren egoera globala ‘ona baino okerragoa’ da, jarraipen-sarearen nomenklaturaren arabera.
Eremu babestuen erregistroa: azterketa-eremua mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuetako «Oiartzun estuarioa» (ESCA640) atzemate-arearen barruan dago.
EAEko lurpeko urei lotutako jarraipen programaren azken txostenaren arabera, «Zumaia-Irun» lurpeko ur-masak egoera kuantitatibo ona eta egoera kimiko ona ditu; beraz, egoera globala «ona» gisa sailkatzen da.
Eremuan, «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan» sartutako hiru elementu identifikatu dira: 20069-00147, 20069- 00152 eta 20069-00153 lurzatiak. Hirurak industria-jatorriko lurzatiak dira, eta 1.948 m2, 268 m2 eta 421 m2 dituzte, hurrenez hurren.
EAEko landaredi potentzialaren mapak adierazten duenaren arabera, eremuko landaredi potentziala harizti azidofilo eta hariztia-baso misto atlantiko gisa identifikatzen da. Hala ere, gaur egun, jarduera antropikoaren ondorioz, landaredi potentziala ordeztua izan da, eta dagoen landaredia adierazitakoaz oso bestelakoa da. EAEko habitaten mapa kontuan hartuz gero, azterketa-eremua, nagusiki, landaredirik gabeko edo landaredi erruderala duen espazio bati dagokio (dentsitate handiko herri eta hirien eraikuntzak). Eremuaren barruan sartzen den zuhaizti-masa «Quercus robur nagusi den baso azidofilo» gisa sailkatuta dago, eskualdeko intereseko habitat gisa. Hala ere, landa-lanaren ondoren, egiaztatu da masa hori ez datorrela bat zehatz-mehatz deskribapen horrekin.
Zuhaitz-masa har daiteke espezie autoktonoek eta aloktonoek osatutako masa mistotzat. Horrela, espezie interesgarrien artean, lizarrak (Fraxinus excelsior), haltzak (Alnus glutinosa) eta sahastiak (Salix sp.) identifikatu dira. Espezie horien presentzia, batez ere, eremuaren hego-mendebaldeko zatian kontzentratzen da, lur gainetik igarotzen den ibilguaren ingurunean. Etxebizitzen ingurunean, lorategi-eremu batzuk daude, eta bertan gorostia (Ilex aquifolium) edo pikondoa (Ficus carica) bezalako espezieak identifikatu dira. Eremuaren gainerako zatia hiri-eraikin eta -azpiegiturek osatzen dute, ia landarerik gabekoek, eta dauden landareak apaingarriak dira edo landaredi erruderal nitrofiloari dagozkio. Aipatu behar da unitate honetan –batez ere abandonatutako orubeetan– espezie exotiko inbaditzaile ugari daudela, hala nola lila (Buddleja davidii) edo panpa-lezka (Cortaderia selloana).
Azterketa-eremua Donostiako hiri-bilbearen barruan kokatuta dago, hiri-garapenez eta garraio-azpiegiturez inguratuta; beraz, ingurunearen antropizazio-maila oso handia da. Horregatik, baztertu egin daiteke habitat harritsu, heze edo kostaldekoekin lotutako espezieak egotea. Hala ere, eremuan identifikatutako landaredia kontuan hartuta, ezin da baztertu intereseko fauna-espezieak egotea, bereziki baso-habitatetako hegazti-espezieak; dena den, eremuaren in situ ikuskapenean ez da horrelako espezierik identifikatu. Esan daiteke Txingurri AL.02.1 zona ez datorrela bat EAEko fauna-espezie mehatxatuen kudeaketa-planekin.
Azterketa-eremua ez dago sartuta aipatutako babes-figurek babestutako ezein espaziotan, ez dator bat aipatutako proiektuak definitutako egiturazko elementu bakar batekin ere, eta ez da sartzen EAEko azpiegitura berdea osatzen duten elementuetan. Era berean, ez da sartzen onura publikoko mendietan, babes-mendietan edo erabilera libreko mendietan.
Paisaiaren katalogoa eta zehaztapenak. Donostialdea-Bidasoa Beherea eremu funtzionala katalogoan egindako sailkapenaren arabera, Txingurriko area «Donostiako ingurabide periferikoa» unitatean sartzen da (BU.2). Hirigunearen erdialdea inguratzen duen zona da, muino sakabanatuen segida batez osatua. Hiri-izaerakoa da: langile-auzo eta auzo periferikoen paisaia heterogeneoak, familia bakarreko urbanizazioek eta zerbitzuen eta ekipamendu-zerbitzuen area handiek eratzen dute. Katalogoak unitate honetarako proposatzen dituen neurrien artean, kalitate bisual eskaseko bizitegi-kokalekuak hobetzea dago –besteak beste, Altza Gaina eremua–, hiri-birgaitzean eta -berrikuntzan integratzeko irizpideak erabiliz, baita hirigune degradatuen hobekuntza bisuala sustatzea ere.
Eremuan kokatuta dauden industria-jarduera zaharretako eraikinak ez daude sartuta Donostian indarrean dagoen plangintzaren Hirigintzako Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian (2021-03-25ean onetsia). Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak adierazi duenez, eraikin hauek babes ertaineko sailkapen-proposamena dute:
– RICH enpresaren eraikinak (1293 eta 1293-1). Rich Silos eraikina (1293-1) jasota dago Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren Euskadiko Industria Ondarea argitalpenean, Nekazaritzako Elikagaien Industria atalean.
– Metalśrgicas Teran SL (1298).
Plan Bereziak aipatzen duenez, dagoen saneamendu-sarea unitarioa da; beraz, gauzatzen den sare berria bereizlea eta nahikoa izan beharko da zerbitzua emateko.
Airearen kalitateari dagokionez, eskuragarri dagoen azken txostenaren datuen arabera, SO2, NO2, PM10, PM2,5 eta CO kutsatzaileen datuek maila onak erakusten dituzte.
Udalerrian afekzio akustikorik handiena sortzen duen ingurune-zarataren fokua bide-trafikoa da, eta afekzioa sortzen du eremuan, batez ere mendebaldeko muturrean. Donostiako Udalerriko Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Planean, Altzako Babes Akustiko Bereziko Eremua (BABE) ezarri zen, eta, 2017ko maiatzean, Altzako Eremuko Plana onetsi zen, AL.02.1 «Txingurri» azpieremua barnean hartzen duena. Planak ez du Txingurri eremua jarduketa-lehentasunen artean jasotzen. Ingurunean sortutako zarata-mailak handiak dira, batez ere GI-20 errepideak eraginda. Aurkeztutako zarataren azterketaren arabera, ondoriozta daiteke kalitate akustikoaren helburuak ez direla betetzen kanpoko zaratarako eremuaren barneko bizitegi-arearako eta hirugarren sektoreko arearako aztertutako hiru aldietan. Fatxadako zarataren kasuan, afekzioak bizitegi-blokeak eta ekipamendu komunitarioa kaltetzen ditu. Gauean, Ln aldiko balioak gehieneko 62,8 dezibelera iristen dira erabilera sentikorreko ekipamenduetan, eta 57,2 dezibelera bizitegi-eraikinetan; hirugarren sektoreko erabilerako blokeek, aldiz, ez dute afekziorik jasaten.
Arriskuei dagokienez, azterketa-eremuaren zatirik handiena higadura-prozesuek eragiten ez duten zonan kokatuta dago; hala ere, muturreko higadura-prozesuak identifikatu dira hegoaldean. Bestalde, Nekazaritza eta Basogintzako LPSak ez du eremuko area higagarririk jaso kartografian. Azterketa-eremua uholde-arriskuko eremuetatik kanpo geratzen da, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborarekin. Eremu osoa kokatuta dago akuiferoak kutsatzeko oso kalteberatasun txikia duten zonetan. Era berean, ez da gertagarria eraikinak suntsitzeko moduko sismoak gertatzea, eta ez dago baso-sute arriskua duen inongo zonatan.
Salgai arriskutsuen trenbideko garraioari lotutako arriskuari dagokionez, azterketa-eremua sartuta dago Madril-Irun trenbidearen 200 metroko afekzio-bandaren barruan, arrisku ertainekotzat kalifikatua. Bestalde, GI-20 errepidea eremuaren mendebaldetik igarotzen da, eta arrisku oso txikikotzat sailkatuta dago. Azterketa-eremua errepide horren 200 metroko afekzio-bandaren barruan dago. EAEko klima-agertokien bisorearen arabera, klima-aldaketaren agertokirik txarrenean (RCP 8.5), Donostian batez besteko tenperatura 1,08 ŗC igoko litzateke 2050ean egungo batez besteko tenperaturarekiko; eta 2099an igoera hori 3,19 ŗC-koa izango litzateke.
Hori guztia ikusita, obra-fasean sortutako inpaktu nagusiak hauek dira: azaleko urei eta paisaiari eragitea; zarata eta airearen kutsadura sortzea; hondakinak eta hondeaketa-soberakinak sortzea; behar izanez gero, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak kudeatzea; eta baliabideen kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak areagotzea. Hori guztia, partzialki garatutako eremu batean.
Ustiapen-fasean ere ingurumen-inpaktuak espero daitezke. Alde batetik, Planaren eremuan kalitate akustikoko helburuak ez betetzeagatik; eta, bestetik, klima-aldaketarekiko eragin kaltegarriagatik, berotegi-efektuko gasen emisioak areagotzearen ondorioz –eraikin eta instalazio berrien energia-kontsumoa handitzeagatik–, bai eta lurzoruaren artifizializazioaren ondorioz ere –horrek hiriko bero-uhartearen efektua eragin dezake–.
Ustiapenean espero diren beste inpaktu batzuk positibotzat jotzen dira, hala nola lehendik eraldatutako lurzorua berrerabiltzea, paisaian lortuko diren ondorioak eta Xiustegi errekaren zatiak berdeguneei esleitzea, errekaren ibilguak eta ertzak hobetzea ahalbidetuz.
Aipatu behar da, halaber, babes ertaineko sailkapen-proposamena duten Gipuzkoako industria-ondarearen elementutzat inbentariatutako eraikinetan sor dezakeen afekzioa (Rich Silos–123-1 zk. eta Metalśrgicas Teran SL–1298. zk.).
Kontuan hartuta proposatzen diren jarduketen eta horien ondoriozko afekzioen ezaugarriak, afekzioak txikiak izango direla aurreikusten da, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, lurzoruei, zaratari, urei, hondakinei eta isurketei buruzkoa zein kultura-intereseko higiezinei buruzkoa– eta obrak egiten badira horrelako jarduketetarako ezarritako jardunbide egokiak betez.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako Altza auzoko AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira; eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Euskal Kultura Ondarearen Zentroak ezarritako irizpideen arabera babes ertaineko kultura-ondasuntzat babesteko proposatutako ondareei dagokienez –RICH (1293 eta 1293-1) eta Metalśrgicas Teran SL (1298) enpresen eraikinak–, gomendatzen da egiten diren esku-hartzeek erreferentziatzat hartzea «Zaharberritze kontserbatzailea» izeneko esku-hartzearen kategoria, 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitzen denaren arabera (317/2002 Dekretua, 2002ko abenduaren 30ekoa, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa).
Lehenik eta behin, komeni da elementu horietan egiten diren esku-hartzeek haien bolumetria, kanpoko irudia eta banaketa tipologikoa eta oinarrizko egiturazkoa errespetatzea, egituraren material generikoa mantenduz, bai eta inguruko ingurumen-ezaugarriak desitxura ditzaketen alterazioak saihestea ere.
6/2019 Legearen 2.1 artikuluan aipatutako kultura-balioren bat duten kultura-intereseko higiezinak eraisteko/ordezteko jarduerek, kasu honetan bezala, berekin dakarte Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek zentro horrek babes ertaineko sailkapen-proposamena duten higiezinen esku-hartzeetarako ezarritako irizpideekin bat ez datozen eta bateraezinak diren jarduketak egitea.
Horregatik, planteatutako antolamendu berriak kontuan hartu beharko lituzke elementu horiek, eta aztertu beharko luke zer-nolako afekzioa eragiten dion interes kulturaleko ondare horri, inpaktua minimizatuko duten alternatiba posibleak bilatuz eta proposatutako antolamenduaren barruko elementutzat integratuz. Izan ere, antolatzen den eremu berriari nortasun propioa ematen lagundu dezakete, bertan identifikatzen diren kultura-balioak mantenduz.
– Jabari publiko hidraulikoa babesteko neurriak:
Larratxo errekaren lurperatutako tartearen aurkikuntza oso positiboki baloratzen bada ere, beharrezkotzat jotzen da dokumentazioan gehitzea Bustintxulo (Xiustegi) eta Larratxo (Txingurri) erreken trazadura osoa islatzen duten planoak, proposatutako eraikinek 5 metroko zortasun-eremua errespetatzen dutela egiaztatzeko.
Gogorarazten da ezen, 849/1986 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko eta I., IV., V., VI. eta VII. tituluak garatzen dituen Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duena; aurrerantzean, JPHE), jabari publiko hidraulikoaren zortasuneko bost metroak errespetatu beharko direla, eta urbanizazioko edozein jarduketa edo elementutatik libre geratuko direla, babes hori ibilguetako ertzetako landaredi naturalera ere zabalduko delarik. Ildo horretan, eremuko mendebaldean Bustintxulo errekaren ondoan aurreikusitako zuzkidura-erabileretarako eraikin berria aipatutako errekatik gutxienez 5 metrora kokatu beharko da. Era berean, beharrezkotzat jotzen da Bustintxulo errekaren inguruan egin beharreko jarduketek barnean hartzea zortasuneko ingurumena berreskuratzeko lanak eta ibaiertzeko landaredia sustatzeko lanak, espezie autoktonoak landatuz.
– Uholde-arriskuari buruzko neurriak:
Uholde-arriskuari eta Larratxo errekaren aurkikuntzari dagokienez, nahitaezko baimenaren esparruan, beharrezkoa izango da dagokion azterketa hidraulikoa egitea, jarduketaren xede den erreka-tartearen tamaina egokia aztertu eta justifikatzeko. 500 urteko errepikatze-denborako uraldia husteko moduko ibilgu naturalizatu bat diseinatu beharko da.
Bestalde, zona horretan Bustintxulo errekari buruz egindako azterketarik ez dagoenez, beharrezkoa izan liteke justifikazio edo azterketa hidrauliko bat aurkeztea. Justifikazio horrek bermatuko du aurreikusitako jarduketek (zuzkidura-erabileretarako eraikinak, etab.) ez eragitea korronteen erregimenari, eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izatea Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoarekin.
– Uraren hornidurari eta saneamenduari buruzko neurriak:
Uraren hornidurari dagokionez, hirigintza-izapidearen ondorengo faseetan, proposatutako jarduketen ondoriozko kontsumo-eskari berrien estimazioa aurkeztuko da, hala badagokio arro-organismo eskudunak erabaki dezan eskari horiek betetzeko nahikoa baliabide dagoen ala ez, Urei buruzko Legearen 25.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, Ente Kudeatzailearen txostena erantsiko da, garapenen ondorioz aurreikusitako eskari eta karga berriei erantzuteko dauden hornidura- eta saneamendu-azpiegiturak nahikoak direla adierazita, bai eta oraingo eta etorkizuneko hornidura- eta saneamendu-sareei buruzko informazioa ere, eskala egokiko planoetan sartuta, planak definitzen duen antolamendu mailaren arabera.
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Altzak Babes Akustiko Bereziko Eremua eta Eremuko Plan bat ditu, eta bertan dago kokatuta AL.02.1 Txingurri azpieremua. Eremuko Plan horretan ezarritako neurriak alde batera utzi gabe, Plan Bereziak ziurtatu beharko du kalitate akustikoko helburu horiek betetzen direla. Hala ez bada, zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan xedatzen duenari jarraikiz.
Neurri horietan, 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluaren arabera, honako hauek zehaztu beharko dira:
– Neurri espezifikoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionalak, gauzatze-epeak eta -arduraduna, kalitate akustikoko helburuak (KAH) lortzeko, lehenik eta behin eremu akustikoen kanpoaldea babestera bideratuak –altuera guztietan sentikorrak diren eraikinetako leihodun fatxada guztietan, bai eta lurretik 2 metroko altuerara kanpoaldean ere, eraiki gabeko eremuetan–.
Kanpoaldea babestu ezin bada, eta eremu akustikoan aurreikusitako KAHak betetzeko neurriak teknikoki edo ekonomikoki proportzionalak ez direla behar bezala arrazoituta badago, neurri gehigarriak hartuko dira, kasu guztietan, eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen zarataren eta bibrazioen kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.
Planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onespena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.
– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak:
Eremua bat dator 20069-00147, 20069-00152 eta 20069-00153 Geoiker kodea duten lurzatiekin, zeinak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dauden.
Beraz, ingurumen-dokumentuak aurreikusten duen bezala, eta lurzoru horiek identifikatutako inbentarioko kokalekuetan edozein jarduketa egin aurretik, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, hala nola kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru baten erabilera aldatzea (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).
Kasu honetan, lurzoruaren kalitatearen adierazpen hori antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onetsi baino lehen egin beharko da; edo, lurzoruaren kalitatea ikertzea oztopatuko luketen inguruabarrak egongo balira, jarduketa urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.
Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Landarediari eta ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:
Planak berariaz jasoko du etorkizuneko eraikuntza eta obra osagarrien proiektuak «Leheneratze-proiektu» bat jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz ukitutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non leheneratze-lanak xehetasun-maila nahikoarekin xehatuko diren, behar bezala gauzatu ahal izateko (erabiliko diren espezieak, ereiteko dosiak edo hidroereiteak, landaketa-dentsitateak, landareak agertzeko modua, eta abar), planoa eta aurrekontua barne direla.
Espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Eremuko landaredi potentzialeko berezko espezieak erabiltzea lehenetsiko da, eta landareztatze-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta abar.
– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira, hala nola Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko lanean aipatutakoak, bai eta ebazpen honetan lehenago aipatutako beste erreferentziazko dokumentuetan adierazitakoak ere.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta egongo dira obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
a) Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara egindako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
b) Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
c) Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak ezabatzea erabakitzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolik gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatuko dira Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
d) Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
e) Soberakinak kudeatzea: Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzerik ez badago, soberakinak biltegiratzeko dauden kokalekuak identifikatuko dira, eta, ingurumen-irizpideak aplikatuz, soberakinak nora eraman daitezkeen aztertuko da, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
f) Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
g) Kultura-ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, prebentzioz aldi baterako eten egingo dira lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari berehala emango zaio aurkikuntzaren berri, zer neurri hartu adieraz dezan.
h) Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak.
i) Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua egikaritzean kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
j) Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur grisen sorrera murriztea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada lau urteko epean onesten Altza auzoko (Donostia) AU AL.02 Larratxoko «AL.02.1 Txingurri azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzatzeko eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS