Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2025eko irailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3897

EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 28koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bati buruz. Aldaketak bi lurzati hauei eragiten die: Nafarroa kalea 49 (Villa Elisabeth), 19-1 eremuan (OD Talaimendi); eta 1 poligonoko 9. lurzatia, urbanizaezina.

AURREKARIAK

Zarauzko Udalak aldaketa puntual bat egin nahi zuen Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, Plana), bi lurzati hauetarako: Nafarroa kalea 49 (Villa Elisabeth), 19–1 eremuan (OD Talaimendi); eta 1 poligonoko 9. lurzatia, urbanizaezina. Horretarako, baina, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar zuen, eta, 2025eko apirilaren 29an, ebaluazio hori abiarazteko eskaria aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 6an, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Zarauzko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa puntual bat egin dadin bi lurzati hauei buruz: Nafarroa kalea 49 (Villa Elisabeth), 19–1 eremuan (OD Talaimendi); eta 1 poligonoko 9. lurzatia, urbanizaezina. Honatx zer dioen txosten horrek:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua etena da. Bi azpieremu dira: bat, hiri-lurzoruko lurzati bat da, 2.518 m2-koa (Villa Elisabeth), eta, bestea, lurzoru urbanizaezineko lurzati bat, 10.057 m2-koa.

Hiri-lurzatian (Villa Elisabeth), indarrean dagoen kalifikazio globalak bizitegitarako dauka, eta aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasuna bat dator lehendik dagoen eta finkatzen den eraikinarekin. Oraintxe bertan, 406,20 m2-ko hirigintza-eraikigarritasuna du (t). Mugakideak: iparraldean eta mendebaldean, Talaimendira sartzeko bide berria; hegoaldean, N-634 errepidea; eta ekialdean, Agerre-txiki lurzatia.

Bigarren lurzatiak lurzoru urbanizaezina du, Zubiondo baserriaren parean eta Iñurritza KBEaren hegoaldeko mugan. Hirigintzako Arau Orokorretan dago jasota nola zehazturik dauzkaten bai eremuak orokorrean banatzeko baldintzak (nekazaritza/abeltzaintza eta landazabala; eta, mendebaldeko muturrean, ingurumen-hobekuntza gisa kalifikatutako azalera txiki bat), bai gainjarritako baldintzatzaile aplikagarriak ere (lurpeko akuiferoak eta uholde-arriskua).

Lurzorua orain sailkaturik dagoen bezala finkatzea da gure proposamena: hiri-lurzorua Villa Elisabeth-en, eta lurzoru urbanizaezina Zubiondo baserriaren eta Iñurritza KBEaren aurrean. Villa Elisabeth eremuan bizitegi-kalifikazio globala finkaturik geratzen da, aurreikusten baita etxebizitza kolektibo gisa antolatuko dela. Eraikigarritasun osoa etxebizitza libreetarako da, hau da, 18 etxebizitza. Aldaketan, Villa Elisabeth azpieremuaren antolamendu xehatua dator, baita haren kudeaketa-baldintzak ere, sestra gaineko eta azpiko eraikuntza-baldintzak zehaztuz. Hala, egungo eraikinaren ordez bi etxebizitza-eraikin jartzeko aukera ematen du, dagozkien garajeak eta sestra azpiko lokal osagarriak eta guzti (trastelekuak, elementu erkideak).

Zuzkidura-jarduketa bat da, egikaritze-fase bakarrean jorratuko da eraikuntza-proiektu baten bidez, eta zerbitzuak egokitzeko urbanizazio-obra osagarri batzuk ere izango ditu. Proposamenaren ondorioz, Zubiondo baserriaren aurreko azpieremua, 10.057 m2-koa, udal-jabetzakoa izango da. Lehendik zegoen kalifikazio orokorra bere horretan finkatu da, 319 m2-ko azalera bat izan ezik: estrategikoki kokatuta baitago Iñurritza KBErako sarbidean, eta Espazio Libreen Sistema Orokorra osatuko du.

Hori ere garatze aldera, egungo egoera bi eratara alda daiteke:

– 0 aukera: egungo antolamenduak ez du aurreikusten publikoki lortzea Iñurritza KBEaren ondo-ondoko lurzatia, Zubiondo baserriaren parean.

– 1. aukera: antolamendu horrek hirigintza-hitzarmenaren helburuei erantzuten die, eta Villa Elisabeth-eko lurzatian eraikigarritasuna handitzea ahalbidetzen du, eta udalak, berriz, Iñurritza KBEarekin mugakide den lurzati urbanizaezina lortzea. N-634 errepidearen parez pare badira bi bloke, bata lurzatiaren hegoaldean eta bestea iparraldean, eta biak ere sestra gainean antolatzen ditu.

– 2. aukera: honek ere hirigintza-hitzarmenaren helburuei erantzuten die, baina, 1. aukeran ez bezala, bi bloke horiek bata besteari erantsita doaz, ipar-hego norabidean.

Bi aukera horiek garatzeko eta egikaritzeko, egikaritze-aldi bakarra erabiliko da, eraikuntza-proiektu bakarra egongo da, eta zerbitzuak egokitzeko urbanizazio-obra osagarri batzuk ere izango ditu.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta.

a) Planak zenbateraino ezartzen duen esparru bat proiektuetarako: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik ez kokapenari dagokionez, ez ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez ere besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko, hain zuzen ere ez dakarrelako urbanizazio-obra berririk egin beharra, eraikuntzaren berezko harguneak eginda ere (egin behar badira). Nolanahi ere, Plan horrek udalerri mailan eremu txiki baten erabilera baino ez du ezartzen.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: ebaluatu ditugun plan eta programa konkurrenteak ikusita, ez da bateraezintasunik edo kontraesanik atzeman Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual honetan: Nafarroa kalea 49 (Villa Elisabeth), 19–1 eremuan (OD Talaimendi); eta 1 poligonoko 9. lurzatia, urbanizaezina.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak har daitezke, eraikuntzan energia-aurrezpena eta -efizientzia indartuz eta bero-boladek osasunean duten arriskua murriztuz, espazio publikoak iragazkorragoak eginez eta landarez hornituz.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzeak ingurumen-arazo adierazgarririk dakarrenik, betiere ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak arauak betez egiten badira, besteak beste atmosferaren, zarataren eta argiaren kutsadurari buruzko arauak eta lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzko arauak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

– Eremua Talaimendi mendiaren inguruetan eta Iñurritza ibaiaren ibarrean dago. Villa Elisabeth-eko lurzatia mendi-hegalen sistemaren parte da, eta lurzati urbanizaezina, berriz, ibai-sistemari dagokio. Aztertu den eremuko lursailak ia lauak direla esan daiteke. Malda handieneko eremuak Villa Elisabetheko lurzatiaren barruan daude, eta ibilgailuek lurzatira sartzeko duten bideari dagozkio.

Eremua Oriako Unitate Hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, berriz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, Iñurritza-A masaren arroan dago, erkidego barruko arroen barruan. Eremuaren barruan ez da ur-masarik identifikatu, baina nabarmendu behar da Astierreka erreka eremutik 200 metro hegoaldera doala eta Iñurritza ibaira isurtzen dituela urak, eremuaren mendebaldean, 225 metro urrun gutxi gorabehera.

– Eremuan ez dago natura-gune babesturik. Hala ere, hurbil dagoenez, Iñurritza Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120009) aipatu behar da, Natura 2000 Sarean sartuta baitago. Gainera, espazio hori bera Paisaia Natural Babestu izendatu dute (ES212013).

Eremu babestuen erregistroari dagokionez, «Iñurritza Estuarioa» aipatu behar da, nutrienteen ekarpenarekiko haren eremu sentiberaren kaptazio-arloan baitago, handik 200 metrora hain zuzen ere. «Inurritza Paisaia Natural Babestua» eta «Iñurritza» KBEa, azterketaren eremuan sartzen ez badira ere, bai daude EBEan sartuta; lehenengoa, «Beste eremu babestu batzuk» kategorian, eta, bigarrena, «Ingurune urtarrarekin lotutako habitatak eta espezieak babesteko eremuak» kategorian.

– Eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago, eta, gainera, interes hidrogeologikoko ingurune batean kokatuta dago.

– Eremu horretan, berez, kostaldeko hareatzetako landaredia egon behar litzateke nagusiki -ipar-ekialdeko muturrean izan ezik, mutur hori harizti azidofiloaren eta baso-harizti mistoaren mugan egongo bailitzateke –, baina, lurzoru urbanizaezineko lurzatian eta Villa Elisabeth lurzatiko lorategian dagoen belardian tamaina dezenteko arte batzuk eta magnolioak besterik ez dugu aurkitu (Magnolia grandiflora). Gainera, lorategian hainbat zuhaixka eta fruta-arbola daude han-hemenka.

Azkenik, ipar-mendebaldeko sarreratik iparraldeko etxolaraino doan lursail osoan banbu-masa bat identifikatu da (Phyllostachys aurea). Ez dago espezie inbaditzaile gisa sailkatuta, baina kolonizatzeko gaitasun handia du.

Aipatu behar da azalera handieneko lurzatia, lurzoru urbanizaezinari dagokiona, Batasunaren Intereseko Habitaten sailkapenaren barruan sartzen dela, zehazki «Larratu gabeko sega-belardi atlantiko» (6510 BIH) gisa, baina horrelako habitatetan berezkoak diren espezieak identifikatuz behintzat ezin izan dugu hala dela berretsi.

– Eremuko fauna-aberastasuna handia da, batez ere eremuaren iparraldean Iñurritza KBE dagoelako. Nabarmendu behar da eremua Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberri) Lehentasunezko Banaketa Eremuaren (LJE) barruan dagoela. Gainera, belatz handiaren (Falco peregrinus) «Banaketa Gune Sentikorraren (PSD)» barruan daude. Eremuaren mugetatik kanpo badago ere, ezin aipatu gabe utzi Irita aldea, eremuaren hegoaldean, interes berezikotzat jotzen baita benarriz arruntarentzat (Acrocephalus schoenubaenus) eta benarriz gorriztarentzat (Loscustella luscinioides). Azkenik, eremuaren iparraldean, «Kosta-Iñurritza-Oria» sektoreko linea elektrikoak babesteko eremua dago.

– Paisaiari dagokionez, eremua Zarauzko ikus-arroan dago; arro horrek 24,9 km2-ko azalera du, eta oso ohikotzat jotzen da (arro horiek erraz edo oso erraz ikus daitezke herrietatik, lan-lekuetatik eta bideetatik). Zarauzko udalerriak badu paisaia-katalogo bat, eta, han, azterketa-eremua «Urola-Kostako itsasertza» unitatean dago.

– Kultura-ondareari dagokionez, ez da elementu babesturik identifikatu – arkitekturaren edo arkeologiaren arloan –, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak adierazi du badaudela elementu interesgarri batzuk:

• 43 Bide-langileen etxea.

• 160 Villa Segunda.

• 27 Añorbe baserria.

• 159 Villa Zuriñe.

Donejakue Bidea 1. poligonoko 9. lurzatiaren hegoaldeko mugaren parez pare doa, hiri-lurzoruan. Erabilera publikoko espazio libreen sistema orokor gisa dago kalifikaturik, eta horrek esan nahi du – Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera – araudian aurreikusitako babes-eremuak ez direla operatiboak kasu honetan. Horregatik, amaieran, txosten horrek dio Donejakue Bidearen zati horrek ez diola eragiten 1. poligonoko 9. lurzatiari, eta eremuaren gainerako zatian ere ez dagoela kultura-ondarearen gaineko eraginik.

– Arrisku naturalei dagokienez, ez da arrisku nabarmenik identifikatu arrisku-gai hauetako batean ere: higadura, sismikotasuna, baso-suteak edo akuiferoen kalteberatasuna.

– Eremuan bertan uholde-arriskurik ez badago ere, 500 urtekako uholde-arriskuaren eremua gertu dauka hegoaldeko mugatik.

– Arrisku teknologikoak: substantzia arriskutsuak tartean direnean gertatzen diren istripu larriek eragindako arrisku esanguratsurik ez dugu ikusi. AP-8 autobidea da arrisku handiko iturri hurbilena, Zarauzko hirigunearen hegoaldean.

– Aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, gaur egun ezin dira bete kalitate akustikoko helburuak, eta etorkizunean ere ez. Eremu osoan da ezinezkoa – bizitegi gisa erabiltzeko lurzorua nagusi den sektorean –, bai kanpoaldean bai fatxadan, eta egunean zehar aztertutako hiru denbora-tarteetan; zergatik? batez ere N-634 errepidea bera eta haren eta AP-8 autobidearen arteko lotura-biribilgunea hurbil daudelako. Bestalde, pantaila akustikoak proposatu dira arazoa zuzentzeko neurri gisa, teknikoki eta ekonomikoki neurritsuak izango direlakoan, baina ez lukete hobekuntza garrantzitsurik ekarriko araudiak eskatzen dituen AZEak (administrazio ziurtapen erakundeak) bete ahal izateko, ez kanpoaldean, ez fatxadan.

Zarauzko Soinu Giroa Hobetzeko 2020-2024 Ekintza Planean, Nafarroa kaleko 49. zenbakiko lurzatia («Villa Elizabeth») Babes Akustiko Bereziko Eremuan (BABE 1) sartu zen.

– Klima-aldaketaz den bezainbatean, dokumentu hau erabili da: «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» (Ihobe, EJ, 2029ko urtarrila). Haren arabera, kontuan hartuta EAEko udalerri guztien artetik Zarautz non kokaturik dagoen, bi arrisku aipatu behar dira: beroaldiek osasunean nola eragiten duten, eta ibaiak kalean uholdeak eragiteko arriskua.

– Ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile nagusiak eta aurreikusitako jarduketak ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eraikuntza-obren eta urbanizazio-obra osagarrien fasean erregistratuko dira batez ere. Aipa ditzagun: lurzorua okupatzea, nekazaritzari, landarediari, faunari, paisaiari, kalitate akustikoari eta aireari eragitea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea.

– Ustiapen-fasean, eragin akustikoak aurreikusten dira funtsean – Villa Elisabetheko bizitegitarako lurzatian kalitate akustikoa ez betetzeagatik –, baina baita hiri-hondakinak sortzea ere, eta baliabideak kontsumitzea, lurzoruaren okupazioa, eta nekazaritza, landaredia, fauna eta paisaia ere ukitzea.

Eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratorritako jarduketak kontuan hartuta, eta aurrerago zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez: atmosfera-, zarata- eta argi-kutsadura; urak; lurzoruak; hondakinak eta isurketak.

3.– Ebazpen honetan, Planean sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.

Kutsadura akustikoarekin lotutako neurriak.

– Planeko eremu akustikoren batean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, organo substantiboak Babes Akustiko Bereziko Eremu (aurrerantzean, BABE) izendatu beharko du, baldin eta eremu akustiko horretan aurreikusten den etorkizuneko hirigintza-garapenak, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren a) letran adierazitako baldintzak betetzen baditu.

– Deklarazio horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta ondorengoetan adierazitakoarekin. BABE adierazpen horretan jasotako Eremuko plana, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.

– Azkenik, planak ziurtatu beharko du ezen, bihar-etzi egin beharreko garapenetan ukitzen diren azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo erakunde titularrek jaso dutela, planaren lehen onarpena baino lehenago jaso ere, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlana, eta egin dutela nahitaezko txostena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera. Nolanahi ere, hirigintza garatzeko arloan hartzen diren prebentzio akustikoko neurriak administrazio sustatzailearen erantzukizuna izango dira, eta eragindako azpiegituren trafiko-baldintza okerrenak (20 urterako aurreikusitakoak) kontuan hartzen diren agertoki batean ebaluatu beharko dira.

Aurretik adierazitako neurriak alde batera utzi gabe, plana egitean aplikatu beharreko neurriek loturik egon behar dute alderdi hauei buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa eta argiaren kalitatea babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: bai obrak, eta baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, haiek egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira –7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa–.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurre hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaio.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte –7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa–, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira, era argi, irakurgarri eta ezabaezinean, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, sortutako hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (bidoiak eta abar). Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako bilketa-gunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati eman arte, behar bezala etiketatutako ontzi iragazgaitzetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubetoetan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza-lanetan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, bizi-zikloaren amaieran hondakinak modu efizienteagoan aprobetxatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira: hau da, 646/2020 Errege Dekretua, 2020ko uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Zarauzko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

– Obren zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen 2007ko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, 2002ko otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua –2006ko apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua–).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera. Azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek eragindako espazioak lehengoratzea. Obra-proiektuekin batera leheneratze-proiektua ere taxutu beharko da, non zehatz-mehatz azalduko baita zer jarduketa egin behar diren (aurrekontua barne) proiektua gauzatu ahal izateko.

Obrak egiteagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren zuhaitzak birjarrita, hala behar bada.

Obren ondorioz eragina jasan duten espazioak lehengoratzekoan, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan (Udalsarea 2017)» jasotakoarekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egina da, eta, besteak beste, landare-espezie autoktonoak erabiltzea sustatzen du, apenas zaindu behar baitira, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta egonik.

Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik –kontsultatu Espezie apaingarriak hautatzeko gida. Udalsarea. 2017–, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Halaber, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

Gainera, «Flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo» bat txertatuko da, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Ibai-sareari dagokionez, espezie inbaditzaile horiek eskuliburu honetan jartzen duen bezala kudeatuko dira (URAk egina 2021ean): «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua». 2021.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

– Hirigintzaren eta eraikuntzaren iraunkortasuna -

Eraikuntza Jasangarrirako Gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egoki guztiak hartuko dira kontuan, hartara eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin. I. eranskina. Aplikatzekoa den araudia. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitu edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira (edo sustatzaileak proposatutakoak, aurrekoen aurkakoak ez diren neurrian), ez dela aurreikusten Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualak –aldaketak honako hauei eragiten die: 19 – 1 OD Talaimendi eremuan kokatutako Nafarroa kaleko 49 zenbakiko lurzatia (Villa Elisabeth); eta 1 poligonoko 9. (lurzoru urbanizaezina)– ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin beharko.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Plana onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 28a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala