Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2025eko irailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3896

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 8koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena. Honen bidez, Mendia Wind SLk atzera egiteko aurkeztutako eskaria onartzen da, honako proiektua gauzatzeko baimen-eskaeran: «Mendia 5» parke eolikoa, Erriberagoitia (Araba) udalerrian.

Espediente-zenbakia: 01GEY 202400049.

AURREKARIAK

2024ko abenduaren 19an, Mendia Wind SLri Arabako lurralde-ordezkariaren ebazpena jakinarazi zitzaion. Ebazpen horren bidez, Erriberagoitia (Araba) udalerrian «Mendia 5» izeneko parke eolikorako aldez aurreko administrazio-baimena eskatzeko eskumen-prozedura ebatzi zen, eta Mendia Wind SLk aurkeztutako aurreproiektua hautatu zen. Ebazpen horretan 6 hilabeteko epea eman zen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako nahitaezko dokumentazioa aurkezteko (115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoen bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioak baimentzeko prozedura arautzen duena).

Emandako 6 hilabeteko epea amaituta, 2025eko uztailaren 6an, 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkezteko errekerimendua jakinarazi zitzaion Mendia Wind SLri.

2025eko uztailaren 7an, Mendia Wind SL sustatzaileak atzera egiteko eskaera aurkeztu zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluaren arabera, interesdunek atzera egin ahal izango dute beren eskaeran, edo, ordenamendu juridikoak debekatzen ez duenean, uko egin ahal izango diete beren eskubideei. Era berean, adierazten du Administrazioak erabat onartuko duela atzera egitea edo uko egitea, eta amaitutzat emango duela prozedura, salbu eta, prozeduran hirugarren interesdun batzuk pertsonatu ondoren, horiek prozedura jarraitzeko eskatzen badute, atzera egitea edo uko egitea jakinarazi eta hamar eguneko epean.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Erriberagoitia (Araba) udalerrian «Mendia 5» parke eolikoaren proiektua baimentzeko eskaeran Mendia Wind SLk aurkeztutako atzera egiteko eskaria onartzea.

Bigarrena.– Dagokion espedientearen artxibatzea agintzea.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Deskarbonizazio zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.


Azterketa dokumentala