
176. zk., 2025eko irailaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (334 KB - 38 orri.)
- EPUB (2138 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3894
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 24koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita eta ingurumen-baimen bakarra ematen baitzaio hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari, PHS Serkonten SAUk sustatua, Atxukarro industrialdea 2 helbidean, Arrigorriagako udal-mugartean (Bizkaia).
AURREKARIAK
2021eko abenduaren 31n, abenduaren 9ko 10/2021 Legea argitaratu zen, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
2022ko apirilaren 9an, apirilaren 8ko 7/2022 Legea argitaratu zen, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa.
2023ko azaroaren 22an, PHS Serkonten SAUk ingurumen-baimen bakarraren eskabidea aurkeztu zuen, Arrigorriagako udal-mugarteko Atxukarro industrialdea 2 helbidean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio-proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera. 2024ko apirilaren 12an, 2024ko azaroaren 15ean eta 2024ko abenduaren 12an, dokumentazio-ekarpen gehiago egin zizkion eskabideari.
Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
– Ingurumen-baimen bakarrerako memoria teknikoa.
– Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena.
– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena.
– Ingurumen-dokumentua.
– Laburpen ez-teknikoa.
– Autobabes Plana eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzan erregistratzea.
2024ko maiatzaren 30ean, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez baimena ematen baitzen hondakinak lekualdatzeko Arrigorriagako Atxukarro industrialdea 2 helbidean kokatutako instalazioa aurretiaz ikuskatzeko; hau da, PHS Serkonten SAUk egindako ingurumen-baimen bakarraren eskabidearen xede zen instalazioa.
2024ko ekainaren 12an, ingurumen-organoko zerbitzu teknikoek instalazioa ikuskatu zuten, eta ikuskapenaren emaitza jasotzen duen 6515 zenbakiko akta egin zuten, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eraikita eta hornituta daudela egiaztatzeko, bai eta 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz ere (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa).
Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 17ko iragarkiaren bidez, erabaki zen PHS Serkonten SAUk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Hala, 2025eko urtarrilaren 31n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taulan argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2025eko urtarrilaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Arrigorriagako Udalari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
2025eko otsailaren 11n, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren txostena jaso zen, eta 2025eko otsailaren 20an, berriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena. Eskatutako gainerako txostenak, ordea, ez ziren jaso.
2025eko martxoaren 18an, Ingurumen Ebaluazioko Zerbitzuak ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen. Txostenaren arabera, ingurumen-baimen bakarrean ustiapen-faserako ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Arrigorriagan PHS Serkonten SAUk sustatutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko eta ingurune profesionaletan higiene-zerbitzuak emateko instalazioaren proiekturako.
2025eko apirilaren 28an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikulua aplikatuz, ebazpen-proposamena helarazi zitzaion PHS Serkonten SAUri, eta jarduerak ez zuen alegaziorik aurkeztu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua ezartzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta ezabatu egiten ditu jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridiko eta administratiboak. Era horretan, Administrazioak esku hartzeko sistema berri bat ezartzen da legearen I.B eranskinean jasotako jarduera eta instalazioetarako, ingurumen-inpaktuei aurrea hartzeko neurri guztiak bilduko dituen administrazio-ebazpen bakarreko prozedura bakarra egon dadin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-baimen bakarraren mende egongo da I.B eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten titulartasun publikoko edo pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, baimen hori instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da beti, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Ingurumen-baimen bakarraren bitartez, egintza bakarrean bilduko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz egindako administrazio-prozedura bakarrean, hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurien baimenak eta atmosferara eginiko isurpenen baimenak, eta dagozkien isurpenen muga-balioak ezarriko dira, aplikatzekoa den araudi sektorialak xedaturikoaren arabera.
PHS Serkonten SAUk, ingurumenaren arloko zehaztapenen artean, honako baimen hauek behar ditu: hondakinak sortu eta kudeatzeari dagokiena eta kolektorera egindako isurketei eta atmosferarako emisioei buruzkoak. Espedientean, beste Administrazio eta organismo eskudun batzuek ere nahitaezko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.
Instalazioaren balizko gai kutsagarrien emisioen muga-balioak nahiz instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk ezartze aldera, eta ingurumena oro har ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan hartu dira teknika erabilgarri onenen erabilera, baita aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak ere.
Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso den informazioa aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren PHS Serkonten SAUk sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak.
Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluak, «Ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren edukia» izenekoak, honako hau ezartzen du bigarren apartatuan:
2.– Ingurumen-baimen bakarrak honako hau jasoko du, gutxienez:
a) Substantzia kutsakorretarako isurpenen mugako balioak eta, hala badagokio, lurzorua eta lurpeko urak babestea bermatzen duten preskripzioak.
b) Instalazioak sortutako hondakinen kudeaketarako erabiliko diren prozedura eta metodoak, hondakinen kudeaketarako hierarkia kontuan izanda.
c) Hala badagokio, erkidego arteko edo mugaz gaindiko distantzia luzeko edo mugaz gaindiko eremuetan ondorio negatiboa duen kutsadura minimizatzea bermatzen duten preskripzioak.
d) Isurpen eta hondakinak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurketa-metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.
e) Ingurumenari eragin diezaioketen eta normalak ez diren egoeretako ustiapen-baldintzei buruzko neurriak, hala nola abian jartzea eta geratzea, ihesak, funtzionamendu-akatsak eta aldi baterako geldialdiak.
f) Instalazioaren itxiera egiteko baldintzak.
g) Aplika daitekeen legedi sektorialak ezarritako edozein neurri edo baldintza, edo Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak arrazoituta emandakoak.
Kontuan hartu dira: Sailburuordetza honen 2025eko apirilaren 28ko Ebazpen-proposamena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea PHS Serkonten SAUk Arrigorriagako udal-mugartean sustatutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko proiekturako, ebazpen honen hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzekin.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez diren heinean–, ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Arrigorriagako udal-mugartean PHS Serkonten SAUk sustatutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko proiekturako.
Hirugarrena.– PHS Serkonten SAUri (IFK: A48148647) ingurumen-baimen bakarra ematea Arrigorriagako udal-mugartean (Bizkaia) Atxukarro industrialdea 2 helbidean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako, eta ebazpen honen eranskinetan baldintzak eta eskakizunak ezartzea ustiapenerako eta jarduteari uzteko.
Laugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan zehazten diren baldintzak eta eskakizunak ezartzea PHS Serkonten SAUk Arrigorriaga udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ustiapenerako eta jarduteari uzteko.
Bosgarrena.– AAU01082 erregistro-kodea eta NIMA 4820221955 esleitzea PHS Serkonten SAUk Arrigorriagako udal-mugarteko (Bizkaia) Atxukarro industrialdea 2 helbidean ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 508913,89 Y: 4784765,16
Seigarrena.– PHS Serkonten SAUri eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, gai hauei:
Hiru hilabeteko epean:
– Erantzukizunpeko adierazpena, non aseguruaren zenbatekoa edo finantza-berme baliokidea zehazten den alteratutako ingurumena konpontzeko eta berreskuratzeko kostuak estaltzeko, 7/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa); edo, hala badagokio, finantza-berme hori eratzeko salbuespena.
Finantza-berme horren zenbatekoa finkatzeko edo salbuespena ezartzeko, ingurumen-arriskuen analisia (IAA) egin behar da, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudian adierazitakoarekin bat etorriz.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.
Eskatutako dokumentazio hori guztia «Nire Karpeta» atalaren bidez aurkeztuko da, AAU01082_SOL_2023_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskabide-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Zazpigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 46. artikuluan (funtsezko aldaketak) eta 47. artikuluan (ez-funtsezko aldaketak) ezarritakoaren ondorioetarako, artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko dokumentazioaren kasuan, ingurumen-organoak aztertu eta kalifikatu egingo du eskatutako aldaketa, eta funtsezkoa den edo ez ebatziko du.
Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, PHS Serkonten SAUk aldaketa horien berri emango du.
Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen bakarraren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.
Aurrekoa gorabehera, ebazpen honetan hondakinak tratatzeko jarduerari buruz jasotako baldintzen indarraldia automatikoki berrituko da zortzi urtean behin, agintari eskudunek aldeko ikuskapena egin ondoren.
Ingurumen-baimen bakarraren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako emisioen muga-balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.
b) Emisioak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili beharra dagoenean.
d) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lortu litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra dagoenean; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen denean.
h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluak 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera, aldaketa beharrezkoa dela ondorioztatzen denean.
Ingurumen-baimen bakarra berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamargarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, ebazpen honen xede den hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketan titulartasun-aldaketarik eginez gero, PHS Serkonten SAUk aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onets dezan.
Kasu horretan, hondakinak kudeatzeko jarduera bat izanik, titulartasuna hirugarren baten alde aldatzeko, aldez aurretik egiaztatu beharko da, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitaren bidez.
Hamaikagarrena.– Organo honi jakinarazi beharko zaio instalazioak aldi baterako edo behin betiko utzi direla edo itxi egin direla, hartutako edo hartuko diren neurriak eta denbora-sekuentzia zehaztuz, kutsadura-arrisku oro saihesteko.
Hamabigarrena.– Ingurumen-baimen bakar honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.
Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bakar honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta aipatutako legearen 108. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.
Hamalaugarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:
– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta interesdunak ez badu epea luzatzeko eskatzen behar bezala justifikatuta.
– Urtebeteko epean ez badu jarduera garatzen, eta titularraren komunikazio frogagarririk bidaltzen ez bazaio baimena eman duen Administrazioari, egoera horren arrazoiak behar bezala azaltzeko.
Hamabosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea PHS Serkonten SAUri, Arrigorriagako Udalari, ingurumen-baimen bakarra emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hamaseigarrena.– Agindua ematea ingurumen-baimen bakar hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hamazazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 24a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS