Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2025eko irailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3880

EBAZPENA, 2025eko irailaren 2koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.

2024ko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez, «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektua onetsi zen. Ebazpena 2024ko irailaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (189. zk.)

Azken bi hamarkadetan, inbertsio-ahalegin handia egin da trenbide-azpiegituraren ahalmena hobetzeko. Horretarako, trazadura hobetzeko jarduketak egin dira, trenbideak bikoiztuz, bitan banatuz eta ETSk kudeatzen duen zabalera metrikoko sareko geltokiak berrituz. Jarduketa horien bidez, besteak beste, salgaiak garraiatzeko trenak eta bidaiariak garraiatzeko trenen sarea gurutzatzeko eremuak edo bitan banatzeko eremuak ezarri dira, era horretan inbertsioak hobetzea lortzen baita salgaien trafikoa zabalera metrikoko sareetan bultzatzeko, betiere egokiro bat etorrita eskaera handiko eremuetan bidaiarien trafikoaren maiztasuna areagotzeko sarearen ahalmena handitzeko estrategiarekin.

«Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuan definitzen den jarduketa lagungarria izango da gaur egun Bilbo-Donostia linean gauez egin behar diren salgai-trenen joan-etorriak egunez egin ahal izateko bidaiarien trafikoaren haraneko orduan. Horren ondorioz, ez da eraginik ez interferentziarik gertatuko ETSk gauez egiten dituen mantentze-lanetan, eta, gainera, salgaiak garraiatzeko trenen gaueko ohiko trafikoa saihestuko da biztanlegune handietan.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2025eko maiatzaren 9an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Debako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan alegazio-idazki bakarra aurkeztu da; Zerbitzu Teknikoetara bidali da, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Banakako erantzuna bidali zaio.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharrekoak diren gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Debako Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.

Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 2a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
DEBAKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala