Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2025eko irailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3879

82/2025 EBAZPENA, irailaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Elkargi EBS-rekin sinatutako hitzarmena, muga-zergekin lotutako nazioarteko egoera berriak eragindako inpaktu ekonomikoari erantzuten dion programa bideratzeko, EAE-ko enpresa-sektoreari finantza-babesa emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Elkargi EBS-rekin sinatutako hitzarmena, muga-zergekin lotutako nazioarteko egoera berriak eragindako inpaktu ekonomikoari erantzuten dion programa bideratzeko, EAE-ko enpresa-sektoreari finantza-babesa emateko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 9KO 82/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ELKARGI EBS-REN ARTEKOA, MUGA-ZERGEKIN LOTUTAKO NAZIOARTEKO EGOERA BERRIAK ERAGINDAKO INPAKTU EKONOMIKOARI ERANTZUTEN DION PROGRAMA BIDERATZEKO, EAE-KO ENPRESA-SEKTOREARI FINANTZA-BABESA EMATEKO
BILDU DIRA:

Alde batetik: Noel D´Anjou Olaizola jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren izenean eta haren ordezkari gisa; hitzarmen hau sinatzeko ahalmena du, Ogasun eta Finantzetako sailburua denez gero.

Eta bestetik: Zenon Vazquez Irizar jauna (NAN zenbakia: XXXXX), Elkargi, EBS-ren izenean eta haren ordezkari gisa; hitzarmen hau sinatzeko ahalmena du, sozietatearen zuzendari nagusia den aldetik. Sozietatearen IFZ V-20066411 da, eta Donostian du egoitza, helbide honetan: Mikeletegi pasealekua 50 (Gipuzkoa).

Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko nahikoa gaitasun eta ordezkaritza aintzatetsi diote elkarri, eta ados jarrita hauxe

AZALTZEN DUTE:

Estatu Batuetako administrazioaren muga-zergen plan berriak eta haren ondorengo aldaketek haustura eragin dute munduko merkataritzan, eta ziurgabetasun handia sortu du haren etorkizuneko bilakaerari buruz, eta ondorio garrantzitsuak izan ditu enpresa askotan eta, oro har, AEBekin zuzenean edo zeharka eta modu esanguratsuan merkataritza-lotura duten sektore guztietan.

Estatu Batuek hasierako muga-zergen plana hedatu ondoren etengabe egin diren aldaketak ikusita, oraindik ez dakigu zein izango den nazioarteko merkataritza gidatuko duten arauak definituko dituen azken esparrua. Hala ere, zalantzarik gabe, agertoki berriak egoera berri bat dakar, eta inplikatutako eragile guztiak egoera horren aurrean birkokatu egin behar dira, horien guztien egungo eta etorkizuneko produkzio-jardueran ondorio garrantzitsuak eragingo dituenez.

Horregatik, nahiz eta ziurgabetasun handiak egon eta ziurrenik denbora-tarte luze batean luzatuko diren, komenigarritzat jotzen da erakunde publikoek aparteko neurri batzuk hartzea, egoera horretatik erator daitezkeen zuzeneko ondorio kaltegarriak arintzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eraginpeko enpresei esparru berrira pixkanaka egokitzen laguntzeko, likideziaz hornitzeko tresnak ezarriz.

Tresna horien artean dago finantza-laguntza emateko programa bat, gehieneko zuzkidura 450 milioi eurokoa izango duena (formalizatu beharreko maileguetan), eta egoerak eragindako eragile ekonomikoen taldearen likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egitea izango du xede.

Mailegu horiek Elkargi EBSk bermatuko ditu oso-osorik, Laguntza Programaren erakunde laguntzailea den aldetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ere bermatuko ditu. Era berean, hitzarmenak sinatuko dira honen babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketak finantzatzeko interesa duten finantza-erakunde guztiekin.

Jakina, hitzarmen horien berri emango zaie onuradun izan daitezkeenei, ohiko prozeduren bidez finantzaketa eskuratzeko formulen berri izan dezaten.

Kreditua lortzeko baldintzak, erakunde onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguen baldintzak zehazten ditu hitzarmen honek, bai eta Elkargi EBSn eta finantza-erakunde laguntzaileetan egin beharreko izapideen prozedurak ere. Arestian aipatu den bezala, Ogasun eta Finantza Sailak, halaber, bidezko lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu finantzaketa emango duten eta programari atxikita dauden finantza-erakundeekin.

Ildo horretan, eta azken urteotan produkzio-sistemako eragileei etengabe emandako laguntzaren ildoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Elkargi, EBS sozietatearen lankidetzarekin gauzatu nahi du aurreko paragrafoetan deskribatutako Finantza Laguntzaren Programa.

Elkargi, EBS sozietateak ekimen honetan parte hartu nahi duenez, hitzarmen honetan arautzen dira finantzaketaren xede diren maileguen ezaugarriak, bai eta Elkargi, EBS sozietateak eman beharreko abalenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartutako arriskuari emandako birfidantzamenduarenak eta finantza-laguntzaren programaren xede den finantzaketa eskuratzeko ezarritako prozedurarenak ere.

Hori guztia dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Elkargi, EBS sozietateak hitzarmen hau egitea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren estipulazioak:

ESPITULAZIOAK

Lehenengoa.– Xedea eta ezarpen-esparrua.

Hitzarmen honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, hautagarri diren enpresa handientzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro honen helburua izango da banku-finantzaketa eskuratzeko aukera ematea, AEBekin merkataritza-harreman handiena duten eta muga-zergen kargak ezartzearen ondorioak jasan ditzaketen jarduera-sektoreetako enpresen likidezia-beharrei erantzuteko.

Hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera formalizatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiak bermatuko ditu Elkargi EBSk, eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak birfidantzatuta ere egongo dira.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Honako enpresa eta pertsona hauek baliatu ahal izango dira finantzaketa-programa honetaz eta programa horren bidez emandako bermeez:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainak (ETE); hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenak:

– Jarduera ekonomikoren bat egitea.

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

– Balantze osoaren % 10 gutxienez osatzen duten funts propioak izatea.

– Ondoz ondoko 3 urtetan galerarik (emaitza negatiborik) ez izatea. Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, hemen ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014-06-26) edo hura ordezkatu edo aldatzen dituzten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoek; hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.

c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa handi hautagarriek, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

– Enpresa ez da ETE bat.

– Langile kopurua ez da 499 baino handiagoa.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 100 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 86 milioi euro izatea.

2.– Finantza-laguntza emateko programaren helburua kontuan hartuta, aurreko ataletako batean sartuta egonik, hitzarmen honen I. eranskinean zerrendatutako EJSNren batean sartuta dagoen jarduera ekonomikoren bat egiten duten eragile ekonomikoek soilik eskatu ahal izango dute.

Hirugarrena.– Finantza daitezkeen egoerak.

1.– Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: pertsona edo enpresa onuradunaren likidezia-premiei erantzutea. Finantzaketak pertsona edo enpresa eskatzailearen finantza-galdagarriaren gehikuntza garbia ekarri beharko du, eta, beraz, ezin izango da erabili epe laburreko zirkulatzaile-lerroak ezerezteko edo ordezteko, ez eta epe luzeko finantzaketak aldez aurretik ezerezteko ere.

2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, Elkargi EBS-k, hitzarmen honetako zazpigarren klausulan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu, ahal den neurrian pertsona edo entitate/enpresa eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.

Laugarrena.– Maileguen ezaugarriak.

a) Hauek izango dira finantzaketa-eragiketen ezaugarriak:

Tresna: Mailegu amortizagarria.

Gehieneko interes-tasak: sei hilabeterako euriborra, gehi % 0,75gehieneko diferentziala. Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

Euribor indizearen balioa zerotik beherakoa bada, interes-aldi bakoitzean aplikatu beharreko tasa zehatza jakiteko egin behar diren kalkuluen ondorioetarako, hitzarmen honetan adierazitakoaren arabera, euribor zero (0,0) dela ulertuko da.

Mailegu-eragiketen epeak. Bost urte gehienez, eta aukerako bi gabealdi gehienez.

Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Interes-tipoa sei hilean behin berrikusiko da.

Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango finantza erakundeari emateko. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezereztu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

b) Honako hauen artean egongo da maileguen zenbatekoa:

1) 100.000 euro eta 1.500.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat eta enpresa handi hautagarrientzat.

2) 30.000 euro eta 120.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

c) Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

Bosgarrena.– Elkargi, EBS Sozietateak eman beharreko abalen ezaugarriak eta izapidetze-prozedura.

Hitzarmen honen babesean emango ditu Elkargi, EBS sozietateak abalak; horretarako, alabaina, betekizun eta baldintza hauek bete beharko dira:

1.– Elkargi, EBS sozietateak emandako finantza-abalek onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, hirugarren klausulan definitutako beharrizanak estaltzeko erabili diren mailegu-eragiketetatik eratorri badira. Abal horiek maileguen printzipala eta, hala badagokio, ordainketa-interesak bermatuko dituzte; inola ere ez dute komisiorik eta inolako gasturik bermatuko, ezta berandutze-interesik ere, baldin eta mailegu-hartzaileak ordaintzen ez dituen kuotak Elkargi EBSk ordaintzen baditu ez ordaintzea gertatu denetik 90 egun igaro baino lehen.

2.– Hauek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

– Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: Formalizatutako abalaren % 0,5, eta behin bakarrik, eragiketa formalizatzen den unean.

– Abalaren komisioa: % 0,75 urtean.

Abalatutako bazkide parte-hartzaileek urte bakoitzean bermatutako gehieneko saldoaren % 0,75 ordaindu beharko diote Elkargi, EBS sozietateari, emandako bermeagatiko abalaren edo arriskuaren urteko komisio gisa, fidantzak irauten duen aldi osoan. Urteko gehieneko saldo hori mailegu bermatuaren kontratuan ezarritako amortizazio-koadroaren arabera zehaztuko da.

Abalaren komisioa aldez aurretik likidatu eta ordaindu beharko da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean, abalatutako mailegu bakoitzean data horretan amortizatzeke dagoen saldoaren gainean. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urteari dagokion abalaren komisioa urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan kalkulatu eta likidatuko da, gehieneko saldoaren arabera. Eragiketa bakoitza formalizatzen den urteari dagokion abalaren komisioa formalizatu den unean ordaindu beharko dute enpresa eta pertsona onuradunek.

Salbuespenez, finantzaketa-eragiketaren printzipalaren zenbatekoa 100.000,00 eurora bitartekoa denean, Elkargi EBSk, eragiketa formalizatzen den egunean, zera kalkulatu eta likidatuko du: abalaren bizitza balioetsi osoari dagokion abal-komisio metatua. Abalatutako maileguaren urteko indarraldia hastean amortizatu gabe dagoen kapitalari dagokionez kalkulatuko da komisio hori, maileguaren amortizazio-taulari jarraituz.

– Elkargi EBSren partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea, abalatutako eragiketaren zenbatekoaren % 4ko balioan. Partaidetza sozial guztiak ordainduko dira eta, hala badagokio, partaidetza sozial bat gorantz biribilduko da; partaidetza horiek itzulgarriak izango dira eragiketa erregulartasunez ezerezten denean.

– Ez da aplikatuko bestelako komisio edo gastu gehigarririk.

3.– Elkargi, EBS sozietateak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Elkargi, EBS sozietateak bere gain hartzen du konpromisoa idatziz jakinarazteko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak kontrabermatutako abal-eragiketa baten enpresa edo pertsona onuradunari jasotako laguntzaren zenbatekoa (dirulaguntzaren baliokide gordinean adierazia) eta haren «minimis» izaera, dagozkion araudiak berariaz aipatuz.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak birfidantzatuko du, kobraezinak partzialki estaliz, Elkargi, EBS sozietateak bere gain hartutako arriskua, hitzarmen honen esparruan bere bazkideei emandako bermeen ondoriozkoa, hurrengo klausulan ezarritakoaren arabera.

Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren birfidantzamendua.

Birfidantzamendu honen barruan sartzen dira Elkargi EBSk izapidetu eta aztertu ostean gauzatu diren abal-eragiketa guztiak, baldin eta Euskal Enpresa Sektorean nazioarteko muga-zergak direla-eta sortutako eragin ekonomikoari erantzuteko asmoz finantzatzeko laguntza-programa honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ados dagoela agertu beharko du, agiri honen zazpigarren klausulako C) 6. atalean aurreikusitakoaren arabera.

Abal-eragiketen birfidantzamendurako hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

1.– Hitzarmen honen babesean Elkargi, EBS sozietateak emandako edo emango dituen abal-eragiketak Cersaren birfidantzamenduari lotuko zaizkio. Cersak eragiketen arriskuaren ehuneko jakin bat hartuko du bere gain, Elkargi, EBS sozietatearekin 2025eko otsailaren 14an izenpetutako hitzarmenean ezarrita dagoen gehieneko mugara arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak modu ezeztaezinean onartuko du eta solidarioki birfidantzatuko du Cersak bere gain hartzen ez duen arriskuaren zatia, gehienez ere baterako % 80ra arte; beraz, Cersaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren birfidantzamenduaren baturak arriskuaren % 80 estaliko du. Elkargi, EBS sozietateak arriskuaren gainerako % 20 hartuko du bere gain zuzenean.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak onartu egingo ditu abala jaso duten kideek Elkargi, EBS sozietatearekin hartutako betebeharrak, hau da, kide horiek abal-eragiketen ondorioz eta horiek indarrean egon diren bitartean sozietatearekin dituzten betebeharrak hartuko ditu. Betetze horren irismena aurreko atalean dago zehaztuta. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak hartu duen birfidantzamenduko betebehar hori solidarioa da; ondorioz, Elkargi, EBS sozietateak hori betearazteko, ez da behar zordun diren kideen ondasunen eskusioa.

2.– Klausula honetako lehenengo puntuan ezarri den birfidantzamendu solidarioaren hedadura printzipalaren zenbatekoari aplikatuko zaio, eta kideak abala exekutatzeagatik Elkargi, EBS sozietateari zor dizkion interesetan sei hilabetetan gehienez ere.

3.– Elkargi, EBS sozietateak egindako edozein berreskuratze, horren arrazoia birfidantzatutako abal-eragiketen ondoriozko obligazioak badira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari egotziko zaio, kasuan kasu onartu duen birfidantzamenduko ehunekoan, klausula honetako 1. atalean ezarritakoaren arabera. Era berean, abala jaso duen kideari dagokionez zorra berreskuratzeko aktibo higigarriak eta higiezinak adjudikatu badira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak kasuan kasu onartu duen birfidantzamenduko ehunekoa jasoko du, klausula honetako 1. atalean ezarritakoaren arabera, egiten den unean, aktibo horiek salduta lortutako prezioaren gainean.

CERSAren birfidantzamendua dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta Elkargi, EBS sozietatearen artean sinatuko den urteroko birfidantzamendu arrunteko hitzarmenean ezarritako prozedura eta gainerakoen arabera egin eta jarraituko dira berreskuratzeagatiko likidazioak.

Zazpigarrena.– Izapidetzeko prozedura.

A) Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek eta enpresa handi hautagarriek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.

b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.

c) Eskabidean jasotzen diren datuak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P formularioa). Gainbegiratze-bisitan egiaztatu ahal izango dira datuok, eta hauek dira:

– 2024ko ekitaldiko abenduaren 31n plantillan zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

– Fakturazio-zifra 2024ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Urteko balantze orokorraren zifra 2024ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea enpresa txiki edo ertaina ez den enpresa batek edo batzuek batera.

Sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko neurriak badituen edo lantzen ari den adierazi; gainera, baldin eta enpresa sinatzaileak 50 pertsona edo gehiago baditu plantillan, emakumeen eta gizonen berdintasun-planik baduen adierazi, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legeriak ezarritako baldintzetan.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

e) Foru-aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

f) 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietako sozietateen gaineko zerga (2024ko sozietateen gaineko zerga aurkezteko data iritsi ez bada, 2024ko behin-behineko kontuak izango dira baliozkoak), eta 2025eko behin-behineko kontuak.

g) Enpresa-talde bateko kide izanez gero, taldeko auditoria bateratua eta taldea osatzen duten gainerako enpresen sozietateen gaineko zergak.

h) Zirkulatzailea finantzatzeko beharren deskribapen-memoria, enpresak egina, eta esparru berriaren arabera egindako kuantifikazioa.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren arabera.

b) Eskabidean jasotzen diren datuak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A formularioa).

c) Foru-aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

e) 2023ko PFEZaren aitorpena eta 2024ko diru-sarrera eta gastuen exekuzioa.

Zirkulatzailea finantzatzeko beharren deskribapen-memoria, enpresak egina, eta esparru berriaren arabera egindako kuantifikazioa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

3.– Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa eta bai penala.

4.– Edonola ere, Ogasun eta Finantza Sailak eta Elkargi EBSk aurkeztu den eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten informazio osagarria galdegin ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

B) Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiriak Elkargi, EBS sozietateari bidali behar zaizkio, bide telematikoz. Horretarako, eskabide-orria eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dira, hitzarmen honen II. eranskineko ereduekin bat etorriz.

Eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, pertsona edo entitate eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarrean dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

2.– Interesdunek atari honetan eskuratu ahal izango dute eskabideak aurkeztearekin zerikusia duen informazio guztia: www.euskadi.eus. Bestalde, eskabideak orrialde honetan aurkeztuko dira: https://www.elkargionline.com/

3.– Hitzarmena gauzatzean eskura daitezkeen datu pertsonalak hitzarmenean ezarritako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Finantzaketarako laguntzak tratamendu-jardueraren parte dira (ID 1350), eta tratamenduaren arduraduna Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritza da.

Hitzarmena hauek aintzat hartuta gauzatuko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Elkargi EBS izango da hitzarmena egikaritu bitartean eskuratzen dituen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta datu pertsonalen babeserako araudian xedatuta dagoena aplikatuko zaio. Hitzarmen honen III. eranskineko datuen konfidentzialtasun- eta tratamendu-kontratua sinatuko da.

C) Eskabideak aztertzea eta Abala Baimentzeko Agiria formalizatzea.

1.– Elkargi EBSren ardura izango da aurkezten dituzten eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik. Finantzaketa-laguntzaren eskaera noiz aurkeztu den, hurrenkera horri jarraituko zaio ebaluazioa egiteko garaian.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo klausula honen A) apartatuan zehaztutako agiri guztiak ez bazaizkio erantsi, Elkargi EBSk errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskabidean atzera egin duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

3.– Elkargi EBSk Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko dio onartu ez diren eskabideen zerrenda, eskabidea ez onartzeko arrazoia adierazita. Hori ez da eragozpen izango Ogasun eta Finantza Sailak Elkargi EBSri eska diezaion egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria.

4.– Elkargi, EBS sozietateak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Nolanahi ere, Elkargi EBSk, abal-eragiketak burutzean bere jardunbideak aplika ditzakeen arren, konpromisoa hartzen du abala eskatu duten pertsona edo enpresei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.

5.– Elkargi EBSk, eskabidea aztertu ostean, Abala Baimentzeko Agiriaren proposamena egingo du, hala badagokio, eta hitzarmen honen IV. eranskinean azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

6.– Elkargi EBSk abal-eskaerei buruzko erabakia jakinaraziko dio Finantza Politika eta Aurrekontuen Sailburuordetzari, eta, ondoren, Sailburuordetzak Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko administrazio-ebazpena emango du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta.

Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, Sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak Elkargi EBSri jakinaraziko zaizkio, eta hark, berriz, pertsona edo erakunde eskatzaileari jakinaraziko dizkio, dagozkion ondorioetarako.

7.– Elkargi EBSk formalizatutako eta ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ogasun eta Finantza Sailari, hark eskatzen dizkion aldizkakotasun, betekizun eta ereduak erabiliz.

8.– Hitzarmen honetatik kanpo geratuko dira, programa hau onuradun posibleen premiazko finantzaketa-beharrizanei erantzuteko antolatu denez, «Abala baimentzeko agiria» egin eta gehienez hiru hilabeteko epean formalizatu ez diren eragiketak.

9.– Elkargi EBSk ekitaldi-itxieran eta estatistika-helburuekin, jakinaraziko du zenbat enpresa diren abalaren onuradun, enpresen langile-egiturari eta zuzendaritza-organoei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita, bai eta berdintasun-planak onartuta dituzten enpresei buruzko informazioa ere.

10.– EAEko Administrazioaren, Elkargi EBSren eta finantza-erakunde laguntzaileen artean egiten diren komunikazioak hitzarmen honen V. eranskinean aurreikusitako prozeduraren bidez gauzatuko dira.

D) Mailegu-eragiketak formalizatzea.

Elkargi EBSk bermearen xede den mailegu-eragiketarako «Abala Baimentzeko Agiria» eman ondoren eta agiri hori enpresa edo pertsona eskatzaileak hautatu duen finantza-erakunde laguntzaileari igorri ondoren, azken horrek eragiketa aztertuko du, dagokion autonomia-eremuko barne-prozeduren arabera, eta, gero, hala badagokio, enpresa edo pertsona eskatzailearekin eragiketa formalizatuko du, agirian jasotako baldintzen arabera.

Elkargi EBSk enpresa edo pertsona eskatzaileari jakinarazi beharko dio abala onartu den ala ez. Hala ere, eta programaren kudeaketa errazteko, Elkargi EBSk finantza-erakundeei egiten dien aurretiazko jakinarazpena egin ahal izango da Elkargi EBSk dagokion aldian baimendutako abal-baimenak finantza-erakunde bakoitzerako taldekatuz, betiere F4 dokumentuan jasotako oinarrizko datuak adierazita.

E) Finantzaketa-lerroa ahitzea.

1.– Hitzarmen honetan aurreikusita dauden bermeak 2025eko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dira. Edonola ere, laguntzak emateari utziko zaio hitzarmenaren bidez onartutako finantzaketa-eragiketak 100 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean.

2.– Ogasun eta Finantza Sailak horren berri emango du, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez; ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaie.

3.– Hasierako zenbatekoa agortuz gero, Ogasun eta Finantzetako sailburuari ahalmena ematen zaio finantzaketa-programaren zenbatekoa beste 350 milioi eurora arte handitzeko. Horren berri agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lankidetzako erakundeei jakinarazteaz gainera.

F) Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.

Ogasun eta Finantza Sailak jasoko ditu finantza-laguntzaren programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek Elkargi EBSren edo finantza-erakundearen jokabidea dela-eta egindako erreklamazioak, eta Elkargi EBSri edo kasuan kasuko finantza-erakunde laguntzaileari entzun ostean bideratuko dira. Aurkeztutako erreklamazioak Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez ebatziko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen hau aplikatuko zaie 2025eko abenduaren 31ra arte nazioarteko muga-zergen egoera berriak eragindako inpaktu ekonomikoari erantzuteko Euskal Enpresa Sektoreari finantza-laguntza emateko programa garatzeko haren babesean baimendutako abal-eragiketa berriei, salbu eta finantzaketa-lerroaren gehieneko zenbatekoa (450.000.000) euro, hala badagokio, handitzearen ondoren, data hori baino lehen agortzen bada; kasu horretan, amaitutzat emango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak nahikoa aurrerapenarekin jakinaraziko dio Elkargi, EBSri emateke dagoen zenbatekoa zein den, finantzaketa-lerroa agortu baino lehen, egoera hori gertatzear balego.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak hitzarmen honetan hartu dituen birfidantzamendurako betebeharrek bere horretan jarraituko dute bermatutako abal-eragiketak erabat iraungi arte.

Bederatzigarrena.– Bateragarritasunak.

Hala dagokionean, eragiketek estatuko minimis laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).

Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, erakunde publiko zein pribatutatik datozen laguntzekin; betiere, pilaketak edo batuketak ez badakar laguntza-intentsitate bat, kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritakoa baino handiagoa.

Hitzarmen honen bidez onuradun diren pertsona edo erakundeek beti jakinarazi beharko diote Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

Hitzarmen honetatik kanpo geratuko dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoetan ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten enpresa edo banakako enpresari eta profesional autonomoen aldeko berme-eragiketak.

2.– Taldeko kaudimengabezia-prozedura batean dauden enpresak edo indarrean dauden lehiaketa-arauen bertutez hartzekodunek eskatuta taldeko kaudimengabezia-prozeduraren batean egoteko betebeharrak biltzen dituztenak.

Hala ere, finantzaketa-lerroari heldu ahal izango diote konkurtso-prozedura batean egon diren eta hartzekodunekin hitzarmen bat sinatuta duten enpresek, baldin eta hitzarmen horretan jasotako ordainketak eta betebeharrak egunean badituzte.

Hamargarrena.– Ikuskapena eta betebehar formalak.

1.– Finantza-laguntzaren programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta Elkargi EBSk onartu beharko dituzte Ogasun eta Finantza Sailak mailegu-eragiketa formalizatu eta gero egiten dituen egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduketak.

2.– Administrazio-jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada okerra edo faltsua dela enpresa edo pertsona onuradunak eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edukia eta, beraz, a posteriori frogatzen bada ez dituela betetzen onuradun izateko baldintzak, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzak administrazio-ebazpena emango du, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko entzunaldi-izapidea egin ondoren; halaber, deklaratuko du, hala badagokio, ez direla efikazak ez adierazpena bera, ez eta Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko ebazpena –zazpigarren klausulako C) 6n aipatua–, eta horren berri emango die alderdi interesdun guztiei; hau da, onuradunari, elkar bermatzeko sozietateari eta finantza-erakundeari.

3.– Ez-betetze horrek edo beste edozein ez-betetzek berekin ekarriko du enpresa edo pertsona onuradunak maileguaren zenbatekoa aldez aurretik itzuli beharra, bai eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko Administrazioari, administrazio horren konturako dirulaguntza gordin baliokide inplizitua itzuli beharra ere, legezko interesak barne. Betebehar hori bete ezean, Elkargi EBSren abala betearazteko eskumena izango du finantza-erakundeak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta entitate onuradunari entzun ondoren, enpresa edo pertsona onuradunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

5.– Elkargi, EBSk hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, hitzarmena baliogabetu egingo da. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak beste legezko jarduketa administratibo batzuk egin ahal izango ditu.

Hitzarmen honetan jasotako eragiketak izapidetzean gorabeheraren bat gertatuz gero, Elkargi, EBSk horien berri eman beharko dio Ogasun eta Finantza Sailari.

Nolanahi ere, Ogasun eta Finantza Sailak hitzarmena modu egokian kudeatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izango dio Elkargi, EBSri.

6.– Finantza Politika eta Aurrekontuen Sailburuordetzak finantza-laguntzaren programaren aldizkako jarraipena egingo du, bai eta programa horretan lortutako emaitzen ebaluazioa ere, ezarritako neurriek programaren helburua bete ote duten egiaztatzeko, esan nahi baita euskal enpresa-ehunari beharrezko likidezia ematea, nazioarteko muga-zergen testuinguru berriak jarduera ekonomikoan duen eragina arintzeko.

Hitzarmen honen arabera beste organo batzuei emandako eskudantziak ezertan eragotzi gabe, Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritza arduratuko da programaren administrazio-kudeaketaz.

Hamaikagarrena.– Bestelako xedapenak.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren ardura izango da hitzarmen hau aplikatu, bere segimendua egin eta interpretatzea.

Eta aipaturiko guztiarekin ados daudela erakusteko, Hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte.

Egoitza elektronikoa, 2025eko ekainaren 26a.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean.

NOËL D´ANJOU OLAIZOLA.

Elkargi, Elkarrekiko Garantia Elkartearen izenean.
Ahalordez, ZENÓN VÁZQUEZ IRIZAR.
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala