
175. zk., 2025eko irailaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3874
731/2025 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Barrualdeko Eskualdeko erizaintzako gainbegiralearen lanpostu bat izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Barrualdeko Eskualdeko erizaintzako gainbegiralearen lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
b) B1 lanbide-taldeko titulua edukitzea.
c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.
d) 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data: 2008-06-01).
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea Erizaintzako Unitateen kudeaketan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea Psikiatriako Unitateetan, eta osasun mentaleko pazienteekiko tratuan eta arretan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea taldeen antolakuntzan eta lidergoan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea ebidentzian eta ikerketan oinarritutako praktikan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea erizaintzako metodologian eta taxonomietan.
– Ezagutza izatea eta aditua izatea historia digitalarekin lotutako programa asistentzial hauetan: Osanaia, Osabide Global, eOsabide, Global Clinic eta abar.
– SAP-Gizabide aplikazio informatikoari buruzko ezagutza izatea.
– Erabiltzaile mailako informatikako ezagutza izatea Word eta Excel programetan.
– Esperientzia izatea proiektuen lidergoan.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Maria Díaz Haroko kalea, 48010 Bilbao). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu: Erizaintzako zuzendaria, eremu komunitarioko erizaintzako ondokoa eta Langileen zuzendaria (azken horrek idazkari gisa jardungo du, eta hitza eta botoa izango ditu).
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake Batzordeak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2025eko irailaren 1a.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentea,
ARATXU LOZANO OTERO.
RSS