Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2025eko irailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
3860

EBAZPENA, 2025eko irailaren 8koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2025eko urritik 2026ko irailera euskara-ikastaroak emateagatik Centros Vascos-Euskal Etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzetarako deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartua.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.a) letrak xedatzen du hau dela aipatutako institutuaren helburua: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz». Ildo horretan, eginkizun hau esleitzen dio EEIri aipatutako legearen 4.1.f) artikuluak: «Erakundearen helburuak betetzera bideratutako jarduerak garatzen laguntzen duten dirulaguntzak ematea».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen duenez, institutu horren eskumenekoa da euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber xedatu du dekretu horrek, 19. artikuluaren 3.b) letran, institutuaren eginkizunetako bat dela munduan zehar euskara darabilten gizataldeetan euskararen jakintza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bitartez. Era berean, Dekretu horren 19.2.k) eta 19.3.k) artikuluek EEIren egitekotzat ezartzen dute «Euskal kulturaren sustapen unibertsalera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen esleipena kudeatzea» eta «Euskararen sustapen unibertsalera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen esleipena kudeatzea».

Hori dela eta, EEIri dagozkion jardun-eremuekin bat etorriz, egokitzat jo da munduko Euskal Etxeetan euskara-eskolak sustatzeko dirulaguntzak esleitzeko prozedura arautzea.

Dirulaguntza horiek zein horiek emateko oinarrizko irizpideak Zuzendaritza Kontseiluak onartu zituen 2025eko martxoaren 19an, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2025erako Dirulaguntzen Urteko Planean aurreikusita daude, biak ala biak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartuak (aipatutako sailaren webgunean argitaratuta daude: DPE 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. // DUP 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak.-Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila-Euskadi.eus) eta EAEtik kanpo euskara eta euskal kultura sustatzeko helburu estrategikoaren barruan daude.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da argitaratzea 2025eko urritik 2026ko irailera bitartean euskara-ikastaroak emateagatik Euskal Etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzetarako deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartua.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetarako 320.000 euro bideratuko dira, EEIren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik, eta honela banatuko dira:

1.– 95.000 euro, 2025eko urritik abendura egingo den irakas-jarduera babesteko.

2.– 225.000 euro, 2026ko urtarriletik irailera egingo den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak Euskal Etxeek eta Euskal Etxeen Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte (Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal gizatalde eta euskal etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek ezarritako definizioen arabera), baldintza hauek betetzen badituzte betiere:

1.– Baldintza orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondorioak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23. artikuluarekin bat (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua).

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da, oro har.

e) Baldintza horiek guztiak nahitaezkoak dira dirulaguntzen onuradun izateko eta hala izaten jarraitzeko, jasotako dirulaguntza likidatu arte.

2.– Baldintza akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferentea (2015eko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.).

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldeak osatzeko, gutxienez sei ikasle beharko dira, eta taldeen batezbestekoa gutxienez zortzi ikaslekoa izango da.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetan deitutako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskineko eredu normalizatua erabiliz nahiz www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz aurkeztuko dira, EEIren zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta helbide honetara igorriko dira: Andre Zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Deialdi honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren ordu/taldeen proposamena xehe jasoko da eskabideetan. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskabideek bereizi egin beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten ordu/taldeak, hau da, urritik abendura eta urtarriletik irailera emango dituzten ordu/taldeak, hurrenez hurren.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabideekin batera:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez dagoela ez zigor-, ez administrazio-bidean zigortuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak berariaz aipatuta, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera (III. eranskina).

3.2.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatuko duena beste administrazio publiko edo entitate pribatuetatik jaso dituen laguntzak edo dirulaguntzak bateragarriak direla (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non deklaratuko baita Euskal Etxea ez duela abian dirulaguntzak edo bestelako laguntzak itzultzeko edo horien ondoriozko zehapenak ezartzeko hasi eta oraindik amaitu gabe dagoen ezein prozedurarik, eta, hala badagokio, amaituta dauden prozedurei dagokienez, obligazioak ordainduta dituela (IV. eranskina).

3.4.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, de minimis laguntzak jasotzeari buruzkoa, hala badagokio (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat, interesdunak ez daude beharturik administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok eginak diren dokumentuak aurkeztera. Horrela, Administrazioak kontsultatu eta eskuratu ahalko ditu horiek, interesdunak horren aurka egin ezean. Aurka eginez gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu agiriak.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen hutsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo hark forma-akatsak dituela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartaraziko zaio ezen epe hori igarota zuzenketarik egin ez badu ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdua duela, betiere aurretiaz ebazpen bat eman eta gero.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei emango zaizkien dirulaguntzetarako, 15,00 euroko ordu/talde modulua aplikatuko da.

Deialdi honen 2. artikuluan ezarritako zenbatekoa ez bada nahikoa eskabide guztien beharrei erantzuteko, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura erabiliko da; EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea, EEIren zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da, beranduenez.

2.– Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat.

3.– Ebazteko epea igaro eta gero jakinarazpenik egin ez izanak eskubidea emango die interesatuei dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko, Dirulaguntzaren Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Dirulaguntza likidatzea.

Ikasturteko behin betiko datu errealei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso eta gero egiaztatzen bada ez dela eman aurreikusitako ordu/talde kopurua, edota ez bada justifikatzen emandako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, EEIren zuzendariak likidazio-ebazpena emango du, eta onartutako laguntzen zenbatekoak doituko ditu, proportzionaltasun-printzipioaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntza-ebazpena eman ondoren, 2025eko urritik abendura arte aurreikusita dauden ordu/taldeei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2026ko martxotik aurrera, behin 2025eko urritik abendura bitartean emandako ordu/taldeei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso, aztertu eta horiek nahikotzat eta egokitzat jotzen direnean, 2026ko urtarriletik irailera bitarteko eperako onartutako dirulaguntzaren % 60 ordainduko zaie onuradunei.

3.– Dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa, hala badagokio, EEIren zuzendariak egindako likidazio-ebazpenean zehaztuko da, eta entitate onuradunak egin dituen jarduera guztiak behar bezala justifikatu eta agiriak bidali ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen arabera ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek ematen dituen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuz gero edo finantzaketa publikorako ezarrita dagoen gehieneko ehunekoa gaindituz gero, murriztu egingo da laguntza dagokion kopurura doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzultzeko betebeharra ezarrita duten beste laguntza batzuekin batera gertatzen bada, lagundutako jardueraren kostuaren ehunekoarekiko proportzionala izango da itzuli beharreko kopurua.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunek dirulaguntzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute; horretarako, II. eranskinean jasota dagoen justifikazio-eredu normalizatua erabiliko dute, edo www.etxepare.eus (https://www.etxepare.eus) web-orrian dirulaguntza justifikatzeko dagoen eredua, informazio hau bilduta:

a) Delako epealdian benetan emandako ordu/taldeen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako jarduerek eragindako gastuen ziurtagiria; gastuak beren izaeraren arabera sailkatuta agertuko dira: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioa, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, baldin eta gastu horiek zuzenean jarduerari egotz badakizkioke, betiere dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoarekin bat. Ziurtagiri horrek adierazi beharko du gastu bakoitzetik zer ehuneko egotzi behar zaien euskara-ikastaroei. Nolanahi ere, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak osorik egotziko dira.

c) Dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukearen balioaren ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentziatzat.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala justifikatutzat jotzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Benetan emandako eta ziurtatutako ordu/talde kopurua deialdiaren ebazpenean zehaztutakoa beste izatea gutxienez.

b) Justifikatutako gastuen baturak dirulaguntzaren zenbatekoa egitea gutxienez, betiere deialdi honen 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Entitate onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko bidali dituzten gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordeko dituzte, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea. Egiaztagiriak onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dituzte datu hauek: gastuaren kontzeptua eta denbora-aldia, eta dokumentua eman duen entitatearen edo organismoaren izena eta jaso duenarena.

4.– Justifikatu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, datu hori lortzea ezinezkoa denean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentzia gisa.

5.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Agiri horiek epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2025eko urritik abendura artekoak, 2026ko otsailaren 15a baino lehen.

b) 2026ko urtarriletik irailera artekoak, 2026ko urriaren 15a baino lehen.

13. artikulua.– Entitate onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakinerako erabiltzea.

b) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen babesean jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza justifikatzeko bidalitako gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordetzea, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea.

d) Dirulaguntza publikoak jaso direla aditzera ematea; horretarako, Etxepare Euskal Institutuaren logoa jarri beharko da deialdi honen helburuarekin zerikusia duten jarduera guztietan, arloari dagokionez indarrean dauden legeen arabera.

e) Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat deialdi honetan adierazitakoez bestelako jardueretan erabiltzea.

b) Deialdi honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Etxepare Euskal Institutuari, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduan adierazitakoaren arabera arautuko dira (EBAO, L 2831, 2023-12-23koa); erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Dirulaguntza hauek de minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 baino handiagoa izango aurreko hiru urteetan. Muga hori gainditzen ez duten dirulaguntzek ez dute merkataritza eraldatzen, ezta lehia-baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis dirulaguntzen berri eman beharko du, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeren eta egiaztatu behar baita de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen adierazitako erregelamenduak xedatutako gehieneko muga.

Betekizun horretatik salbuetsita daude egoitza soziala Europar Batasunetik kanpo duten eskatzaileak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa:

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak:

• Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

• Foru-Ogasunak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

(https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio gehigarria: Hurrengo web helbidean aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

(https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml).

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016__0679-_eu.pdf

(https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD_2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa

www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E-pdf

(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-16673-E.pdf).

ID: 0573

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2025eko irailaren 8a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala