
174. zk., 2025eko irailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 3 orri.)
- EPUB (151 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3858
EBAZPENA, 2025eko irailaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Trenbide Sareko Amorebieta-Bermeo adarrean dauden elementu geoteknikoak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2025eko ekainaren 20ko Ebazpenaren bidez, «Euskal Trenbide Sareko Amorebieta-Bermeo adarrean dauden elementu geoteknikoak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko uztailaren 10ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (130. zk.).
Proiektuaren helburu nagusia da lineako dozenaka ezpondatan eta betegarri batean indartze-jarduketak definitzea eta diseinatzea, haien ezaugarrien, kontserbazio-egoeraren eta hautemandako arazoen arabera.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Euskal Trenbide Sareko Amorebieta-Bermeo adarrean dauden elementu geoteknikoak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Amorebieta-Etxanoko, Busturiako eta Bermeoko udaletxeetako iragarki-oholetan ere jarriko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 3a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS