Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2025eko irailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3857

AGINDUA, 2025eko uztailaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, arlo sanitarioko profesionalak 2025ean prestatzeko bekak eta laguntzak emateko oinarriak ezartzeko eta deialdia egiteko dena.

Osasun Sailaren helburuetako bat da osasun-zerbitzuen kalitatea hobetzea, kolektibo sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez. Horretarako, epe ertain eta luzeko estrategia bat planteatu du, EAEko sistema sanitarioko langileek praktika profesionalean duten gaikuntza areagotzeko.

Horrela, prestakuntzaren bidez, kualifikazio optimoa bermatzen du, eta langileen garapen profesionala sendotzen du.

Beka eta laguntza horiek emanez, sustatu nahi da bi helburu hauek betetzea: batetik, zentro nazionaletan eta atzerrikoetan graduondoko prestakuntza-jarduerak egitea, arlo jakin batzuetan gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratuta daudenak, eta Osasun Sailak estrategikotzat jotzen dituenak bere helburuak betetzeko; bestetik, atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko, osasunaren zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutza eta trebetasunak areagotzeko.

Dirulaguntza lerro hori Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduan dago jasota. Agindu horren bidez, Osasun Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen da (BAS 2025). eta Euskadi.eus webgunean argitaratu da, Euskal Administrazioaren Interneteko atarian: https://www.euskadi.eus/administrazioaren-iragarkia/agindua-2024ko-otsailaren-7koa-osasuneko-sailburuarena-zeinaren-bidez-onartzen-baitira-osasun-sailaren-2024-2028-aldirako-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-eta-2024ko-ekitaldirako-dirulaguntzen-urteko-plana/web01-tramite/eu/

Deialdi hau eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak emandako oinarrizko arauen arabera arautuko dira.

Agindu honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.

Horregatik guztiagatik, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2025ean osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, agindu honen eranskinean ezarritako moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 16a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da bekak eta laguntzak emateko oinarriak ezartzea eta deialdia egitea osasun-arloan 2025ean hasiko diren profesionalak prestatzeko, modalitate hauetakoren batean:

a) Estatuko unibertsitate-ikastegiek edo Osasun Ministerioaren mendeko osasun-institutuek, edo autonomia-erkidegoen mendeko osasun-eskolek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza-jarduerak soilik bideratu beharko dira gaitasun aurreratuak eskuratzera honako arlo eta ikasgai hauetan:

– Kudeaketa sanitarioa eta plangintza asistentziala.

Osasun-kostuen eta ospitale-kostuen kontrolari eta kudeaketari buruzko prestakuntza, osasun-marketina, giza baliabideen kudeaketa, zerbitzuen plangintza estrategikoa eta operatiboa, produktibitatearen hobekuntza, kalitatearen kudeaketa, arreta soziosanitarioa, osasun-langileen arriskuen kudeaketa, osasun-sistemaren antolamendu-egiturak, osasun-kudeaketako politikak, zainketen kudeaketa, asistentzia-integrazioa, osasun-zerbitzuen ikuskapena eta osasun-kudeaketan informazioaren teknologiak aplikatzea.

– Osasun publikoa.

Gaitasunak garatzea haurren obesitatea eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak prebenitzeko, estatistika eta epidemiologia bezalako tresna metodologikoak erabiltzea, esku-hartzeak planifikatzea eta ebaluatzea (premia aztertzea, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea), adierazleak erabiltzea eta interpretatzea, gaixotasunak prebenitzeko, sustatzeko eta haietatik babesteko estrategiak diseinatzea, eta biztanleen osasuna sustatzea.

– Zainketa aringarriak eta bizitzaren amaierako arreta.

Zainketa aringarrien eta bizitzaren amaierako arretaren alderdi kultural, sanitario, psikosozial, legal eta etikoei buruzko prestakuntza; zerbitzu espezializatuen kudeaketa; sintomen kontrola; erabakiak hartzen laguntzea; eta arlo horretako ikerketa bultzatzea.

– Familia eta komunitateko medikuntza.

Prestakuntza-ekintzak, familia- eta komunitate-medikuntzaren garapena sustatzeko eta bultzatzeko, osasun-arretaren ardatz egituratzaile gisa.

– Osasun mentala.

Osasun mentala sustatzea eta nahasmendu mentalak prebenitzea Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren esparruan (2023-2028), arreta berezia eskainiz osasunaren zeharkakotasunari politika publiko guztietan. (Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia 2023-2028 – Osasuna politika guztietan – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus).

– Suizidioaren prebentzioa.

Euskadiko Suizidioa Prebenitzeko Planaren helburuekin eta ekintza-ildoekin bat datorren prestakuntza, detekzio goiztiarra, esku-hartzea eta sektore arteko laguntza barne. (Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia – Osasuna politika guztietan – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus).

– Euskadiko Onkologia Plana 2024-2030.

Euskadiko Plan Onkologikoa ezartzera eta hedatzera bideratutako prestakuntza, arreta berezia jarriz arreta integralean, pertsonalizatuan eta minbizia duten pertsonentzako balioan oinarrituta.

– Gaixotasun neurodegeneratiboak.

Alzheimerra, parkinsona eta beste parkinsonismo batzuk, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza modu integralean lantzea, bai alderdi klinikotik, bai antolakuntzakotik eta zaintzaileei laguntzeko ikuspegitik.

– Gaixotasun arraroak.

Berariazko gaikuntza prebalentzia txikiko gaixotasunen maneiuan, diagnostikoan, jarraipenean eta asistentzia-koordinazioan, patologia horiek eskatzen dituzten alderdi klinikoak, sozialak eta antolakuntzakoak barne.

– Generoa eta osasuna.

Genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza, osasun-laguntzari, plangintzari eta zerbitzuen kudeaketari aplikatuta, bai eta osasunari eta generoari buruzko ikerketa-proiektuen diseinuan eta ebaluazioan ere. Osasun-eremuan, genero-indarkeria detektatzeko eta hari heltzeko gaikuntza barne hartzen da.

– Gaixotasun kardiobaskularrak.

Patologia kardiobaskularren (adibidez, kardiopatia iskemikoa eta iktusa) prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena eguneratzea, Osasun Sailaren estrategia espezifikoekin bat etorriz.

– Zahartzea eta kronikotasuna.

Zahartze aktiboari, adinekoen arretari eta gaixotasun kroniko konplexuen kudeaketari modu integralean heltzeko prestakuntza, ingurune soziosanitario koordinatu batean.

– Bioetika.

Bioetikaren printzipioei eta esparruei buruzko prestakuntza, erabaki klinikoak hartzeari, osasun-plangintzari, ikerketa biomedikoari eta laguntza-harremanari aplikatuta.

b) Atzerriko unibertsitate-zentroetan emandako graduondoko ikastaroak egitea, gaitasun aurreratuak eskuratzeko 1. artikulu honetako a) modalitatean aipatutako arloetan.

c) Atzerriko zentro sanitarioetan edo ikerketa sanitarioko zentroetan, prestakuntza-egonaldiak egitea, osasun-zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutzak eta trebetasunak areagotzera bideratutako prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko.

2.– Diruz lagundutako graduondoko ikastaroen karga akademikoa bat etorriko da egindako ikasturteari dagokion programan jasotako ECTS kredituekin. Ikastaroak bideratu daitezke titulu ofizialak zein propioak lortzera.

3.– a) eta b) modalitateetatik kanpo geratzen dira ikerketarekin lotutako ikastaroak, berariaz jasota ez dauden arloetan.

4.– Prestakuntza-modalitate guztietan, deialdi honetatik kanpo geratzen dira doktoretza-programak.

5.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

Beka eta laguntzen onuradun izan daitezke baldintza hauek betetzen dituzten osasun-arloko pertsona fisiko profesionalak:

a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulua izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, bekarako edo laguntzarako eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik.

c) 1. artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat egitea.

d) Ez egotea egoiliar-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.

e) Eskabidea aurkezteko egunean, eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, prestakuntza-jarduera egiteko, lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du eskabidearekin batera; baimen horretan adieraziko da zer egokitzapen-maila duen (altua, ertaina edo txikia) prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak, eskatzailearen jarduera profesionalarekiko. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada edo eskatzaileak bere kontura egiten badu lan.

Inor ezingo da laguntza hauen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gorabeheraren batean badago; aurrerantzean, DAE.

3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.

1.– 2025. urtean, 180.000 euro bideratuko dira bekak eta laguntzak finantzatzera; haietatik, 108.000 euro 2025eko ekitaldiari dagozkio, eta 72.000 euro, berriz, 2026ko ekitaldiari.

2.– Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka eta laguntzok.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kategoria hauetan multzokatzen dira:

a) Beka: otordu-gastuak hartzen ditu barnean, hala atzerriko unibertsitateetan ematen diren graduondoko ikastaroetakoak, nola atzerriko osasun-zentroetako edo ikerketa sanitarioko zentroetako prestakuntza-egonaldietakoak. Barnean hartzen du, halaber, prestakuntza-egonaldietan onuradunarekin bizi diren adingabeko seme-alabek sortutako gastuak ordaintzeko laguntza-osagarria –bidaia izan ezik–, etenik gabeko 3 hilabete baino gehiago emanez gero egonaldian.

b) Laguntza: bidaia-gastuak, tasa akademikoak eta ostatua hartzen ditu barnean.

2.– Laguntzen onuradunak izan daitezke, soilik, prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten duten pertsonak, eta laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenek.

3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak:

a) Joan-etorrien kasuan, ostatu-gastuak: 1.000 euro hilean, jardueraren aldia hilabetetik beherakoa bada, proportzionalki doituko da.

b) Tasa akademikoak: 8.000 euro.

c) Bidaia-gastuak: edozein garraiobide erabiltzeagatik ordaindutako zenbatekoa, 2.000 euro.

d) Laguntza-osagarria: 300 euro hilean, seme-alaba bakoitzeko.

e) Otordu-gastuak: soilik atzerriko prestakuntza-ikastaro eta -egonaldietarako, 1.1 artikuluko b) eta c) modalitateetarako, eta hilean 500 euro; jarduera-aldia hilabetetik beherakoa bada, proportzioan doituko da.

Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoen batura ezin izango da inola ere 10.000 eurotik gorakoa izan.

4.– Beka edo laguntza gehienez ikasturte baterako emango da. Diruz lagundu beharreko graduondoko ikastaroetan, egindako ikasturte akademikoari dagokion prestakuntza-programan jasotako ETCS kreditu guztiak gainditu beharko dira. Diruz lagunduko den gutxieneko graduondoko ikastaroa adituarena izango da, eta, gutxienez, 15 ECTS kreditukoa izan beharko da. Egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planak ikasturte bat baino gehiago irauten badu, laguntza hurrengo urtean eskatu ahal izango da, eta eskaera dagokion deialdian ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko da berriro.

5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.

1.– Norgehiagoka-prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.

2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.

3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:

a) Egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek lanbide-jarduerarekin duten erlazioa; edo, langabezian badago, eskatzaileak egin dituen ikasketekin duten erlazioa (30 puntu gehienez):

– 30 puntu emango dira, baldin eta eskatzailearen lanpostuari esleitutako eginkizunak orain edo etorkizunean hobetzea bada prestakuntza-ekintzaren helburua.

– 15 puntu emango dira, prestakuntza-ekintzaren helburua lana bilatzen eta, lanbidearen garapenean eta sustapenean laguntzea bada, hau da, gaitasuna eta garapen profesionala ematea eskatzailearen lanpostua ez den beste baten zereginak bete ahal izateko.

b) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20 puntu gehienez):

b.1.– Graduondoko ikastaroetan parte hartzea atzerriko unibertsitateetan: kontuan hartuta unibertsitateak zer toki duen Academic Ranking of World Universities-ARWU sailkapenaren azken argitalpenean: https://www.shanghairanking.com/rankings/arwu/2024

– lehenengo 100 postuen artean badago: 20 puntu.

– 101. eta 200. postuen artean badago: 15 puntu.

– 201. eta 300. postuen artean badago: 10 puntu.

– 301. eta 500. postuen artean badago: 5 puntu.

– ez bada sailkapenean agertzen: 0 puntu.

b.2.– Estatuko unibertsitateek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea:

– Euskal Herriko Unibertsitatea: 20 puntu.

– Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitateak: 17 puntu.

– Estatuko gainerako unibertsitateak, kontuan hartuta unibertsitateak zer maila duen BBVA-IVIE Fundazioaren Espainiako unibertsitateen U sailkapenaren edizio eguneratuenean (https://www.u-ranking.es/informe):

– lehenengo 4 mailak: 15 puntu.

– 5., 6. eta 7. mailak: 11 puntu.

– 8., 9. eta 10. mailak: 8 puntu.

– 11. maila: 5 puntu.

– ez bada sailkapenean agertzen: 0 puntu.

b.3.– Atzerriko osasun-zentroetan edo osasun-ikerketako zentroetan egindako prestakuntza-egonaldiak:

– Scimago Institutions Rankings-en edizio eguneratuenean, unibertsitateak duen mailaren arabera (ikerketarekin lotutako erakunde akademikoen ranking bat da, adierazle baten arabera sailkatua. Adierazle horrek ikerketa, berrikuntza eta inpaktu sozialaren emaitzetan oinarritutako hiru indize konbinatzen ditu https://www.scimagoir.com/rankings.php?ranking=Overall&area=2700):

– lehenengo kuartila: 20 puntu.

– bigarren kuartila: 15 puntu.

– hirugarren kuartila: 10 puntu.

– laugarren kuartila: 5 puntu.

– ez bada sailkapenean agertzen: 0 puntu.

c) Euskadiko sistema sanitarioarekin, eskatzaileak duen lan-harremanaren berri, eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen diren arteko aldian (10 puntu gehienez):

– Langile finkoa izatea Euskadiko Sistema Sanitario Publikoan, edo espezialitatea -egoiliar gisa- amaitua izatea agindu hau argitaratu aurreko 2 urteetan: 10 puntu.

– Bitarteko langilea: 5 puntu.

– Behin-behinekoa, ordezkoa, norberaren kontura lan egiten duten pertsonak, sektore pribatuko soldatapekoak eta langabezian daudenak: 2 puntu.

6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea, diru-zenbatekoak zehaztea eta ebazpena proposatzea.

1.– Balorazio Batzorde bat sortu da, eta haren ardura izango da prozesu osoaren funtzionamendu egokia zaintzea eta prozesu hori bultzatzea. Batzorde horri dagozkio espedienteak baloratzeari buruzko eginkizunak, bai eta prozeduran zehar sortzen diren zalantzak argitzeko behar diren neurri guztiak hartzea ere. Balorazio Batzordeari dagokio, halaber, sor daitezkeen gorabeherak kontuan eta aintzat hartzea, eta, horretarako, oinarrien interpretazioari eta gauzatzeari buruzko erabaki arrazoitua emango du, eta oinarri horietan aurreikusi gabeko guztia ordeztuko du, indarrean dagoen objektibotasunean, inpartzialtasunean eta legezkotasunean oinarritutako irizpideen arabera.

Batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren zuzendaria (Gonzalo Tamayo Medel).

b) Bokalak:

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria (Maite Martínez de Albéniz Zabaleta).

Ordezkoa: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ospitale Arreta Koordinatzeko zuzendariordea (Koldo Berganzo Corrales).

– Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko arduraduna (Ion Etxeberria Bidondo).

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboko burua (Iker Ormaetxea Saenz de Buruaga).

c) Idazkaritza: Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko teknikaria (Miren Gixane Dañobeitia Olaeta).

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen, 8.5 artikulua).

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileek, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan, idatziz sustatu ahal izango dute Balorazio Batzordeko kidearen edo kideen errekusazioa, baldin eta uste badute 23.2 artikuluan tasatutako kausaren batean sartuta daudela, egikaritzaren oinarri diren kausak adierazita.

2.– Bi fasetan egingo da eskabideak ebaluatzeko eta zenbateko indibidualak zehazteko prozesua:

a) Lehenengo fasea: programa honen azken hiru (3) deialdietan bekarik edo laguntzarik lortu ez duten pertsonek aurkeztutako eskaerei dagozkien zenbatekoak ebaluatu eta finkatuko dira.

Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu eta gainerako baldintzak bete dituzten eskabide guztiei erantzuteko, apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan, zuzkidura ekonomikoa eskabideen artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.

b) Bigarren fasea: lehen faseko laguntzei buruz egindako ebaluazioaren emaitzak aurrekontua agortzea eragin ez badu, gainerako eskaerei dagozkien zenbatekoak ebaluatu eta finkatuko dira.

Soberako zenbatekoa, lehenengo fasea egin ondoren, ez bada nahikoa bigarren fase honetako eskabide guztiei erantzuteko, gutxieneko puntuazioa lortuta eta eskatutako gainerako baldintzak beteta, apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan eskaera horien artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean, eta hainbanaketa horrek ez die eragingo lehen fasean kalkulatutako laguntzei.

3.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak:

a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzenketa egiteko eskaria egitea 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.

c) 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.

d) Kanpoan uztea 30 puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.

e) Gutxienez 30 puntu lortu dituzten eskabideei dagokien diruz lagungarria den gastua kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua bat etorriko da 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin.

f) Zenbatekoak zehaztea, diruz lagun daitekeen gastuari ehuneko hauek aplikatuz:

– % 100: 50 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak.

– % 90: 41 eta 49 puntu artean lortu dituzten eskabideak.

– % 80: 30 eta 40 puntu artean lortu dituzten eskabideak.

4.– Zenbatekoak zehaztu ondoren, organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legearen 21.3 artikulua). Organo horrek, gainera, proposamenarekin batera, txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan jaso bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako pertsonek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela (DAE Legearen 21.3 artikulua).

Ebazpen-proposamenak eduki hau izan beharko du gutxienez:

a) Dirulaguntzak ematea: onuradunaren identitatea, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera, lehiaketan lortutako guztizko puntuazioa eta ebaluazio-irizpide bakoitzak lortutako puntuazioen banakapena, eta dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa.

b) Dirulaguntzak ukatzea: eskatzailearen identitatea, dirulaguntza zer prestakuntza-jardueratarako eskatzen den eta zergatik ez den ematen.

c) Eskabideak artxibatzea: eskatzailearen identitatea, dirulaguntza zer prestakuntza-jardueratarako eskatzen den eta artxibatzeko arrazoia (atzera egitea, uko egitea, prozeduratik baztertzea lehiatzeko baldintzak ez betetzeagatik, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezarritako beste edozein arrazoi prozesal).

7. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, zeinak 6.4 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko baititu. Ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpena argitaratzeko epea 3 hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Aipatutako epea igaro eta gero ez bada ebazpenik argitaratu, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Uko egitea.

Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek idazki bat aurkeztu beharko dute Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren Zuzendaritzan, 10.3 artikuluan aurreikusitako eran, 10 eguneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari epearen barruan, ulertuko da onartu egin duela, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dituen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluarekin.

9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.

1.– Bekak ez dira bateragarriak jarduera bera finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzekin.

2.– Laguntzak, ordea, bateragarriak dira jarduera bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin; baina, jarduerak sortzen dituen gastuak guztizko zenbatekoak gainditzen baditu, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da emandako laguntzaren zenbatekoa. Era berean, onuradunak konpromisoa hartu beharko du finantzaketa bikoizturik ez izateko.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden eredu normalizatuak beteko dira –https://www.euskadi.eus/servicios/0086112 web-orrian–, eta, horrekin batera, prestakuntza-egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-plana bidali beharko da, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.

Hauek dira web-orrian eskura dauden agiri normalizatuak:

a) Eskabide-eredua, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako hau egiaztatzen duena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluen arabera:

– Xede eta helburu berarekin dirulaguntzarik jasotzen ari den edo ez, edozein administrazio publiko edo erakunde pribaturen eskutik.

– Ez duela ordaintzeke dirulaguntzak itzultzeko betebeharrik.

– Beste administrazio publiko zein pribaturen bati laguntza eskatu dion eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.

– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei dedikazio egokia eskaintzeko, ordaindutako lana edo beste edozein egiteko duelako.

– Aipatutako betebeharrak betetzen jarraituko duela, aitortza edo ariketa horri dagokion aldian, eta baldintzen edozein aldaketa jakinaraziko zaiola Administrazioari, baldintzak osorik ez betetzea eta hirugarrenen eskubideak kaltetzea saihesteko.

– Adostasuna: baimena ematen diola deialdia egin duen organo kudeatzaileari, administrazio eskudunean egiaztatzeko eta ziurtatzeko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla. Aurka eginez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.

b) Prestakuntza-planaren datuen inprimakia (II. eranskina).

c) Eskatzailearen curriculuma, azalpen-memoria bat barnean hartuko duena, non zehaztuko baita zer erlazio duten egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek eskatzailearen jarduera profesionalarekin edo, eskatzailea langabezian badago, egin dituen ikasketekin (III. eranskina).

2.– Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa:

a) Matrikula-inprimakia, 2025-2026 ikasturtekoa, non kreditu guztiak eta matrikularen kostua jasoko baitira.

b) Ikasketa-plana.

c) Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena ere aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada edo eskatzaileak bere kontura egiten badu lan.

3.– Prestakuntza-jarduera baterako baino gehiagorako dirulaguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.

4.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0086112

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Interesdunek ordezkari bidez jardun ahal izango dute. Zuzenbidean baliozkoa den eta ordezkaritza dagoela sinesgarritasunez egiaztatzen duen edozein bitartekoren bidez gauzatu beharko da ordezkaritza. Beste batzuk alde batera utzi gabe, baliozkoak izango dira Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/023 Dekretuaren 78.3 artikuluan zerrendatutako bitartekoak. Akreditazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu nahi izanez gero: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da (1), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, 10 egun baliodunak emango zaizkio interesdunari akatsak zuzendu ditzan, eta, zuzendu ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela jakinaraziko zaio ebazpen bidez.

11. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gastuak egiaztatuko dira jatorrizko fakturak eta merkataritza-trafikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako frogagiri baliokideak aurkeztuz, eta gastuak faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira.

Jarduerak finantzatzeko, dirulaguntzaz gainera norberaren funtsak edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuk jaso badira, justifikazioan egiaztatu beharko da zein diren funts horien zenbatekoak, jatorria eta nola aplikatu diren diruz lagundutako jardueretan.

Jarduera gauzatu dela eta funtsak hura finantzatzeko erabili direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren Zuzendaritzan, beken zein laguntzen kasuan:

– Gastuen zerrenda, dagozkien fakturak eta bakoitzaren ordainagiriak barne.

– Gogobetetze-mailaren galdetegia, IV. eranskinean zehazten dena.

– Zentroak emandako titulua edo ziurtagiria, gainditutako ECTS kredituen guztizko kopurua jasotzen duena; kreditu horiek bat etorri beharko dute dagokion prestakuntza-programan ikasturte batean ezarritako irakastorduen kredituekin. Prestakuntza-egonaldien kasuan, ebaluazio-zentroak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

2.– Justifikazio-agiriak hilabeteko epean aurkeztuko dira, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epea amaitzen denetik aurrera.

Epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta onuradunek epea amaitu baino lehen eskatzen badute. Osasuneko Sailburuordetzak baimena eman dezake justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatzeko, betiere epearen erdia gainditzen ez bada eta hirugarrenaren eskubideei kalterik egiten ez bazaie (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikulua).

Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzulketa eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean ezarritako gainerako erantzukizunak eskatuko dira. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen IV. tituluaren arabera dagozkion zehapenetatik.

12. artikulua.– Ordainketa.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan agertu beharko du.

Onuradunek esteka honetan kontsultatu, aldatu eta alta eman ahal izango diete banku-datuei: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) 8. artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da zenbatekoaren % 60.

b) 11.1 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da gainerako zenbatekoa (% 40). Ordainketa hori 2026ko ekitaldian egingo da.

Ordaindutako zenbatekoei indarrean dagoen zerga-araudiak ezarritako atxikipena aplikatuko zaie, hala dagokionean.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Dirulaguntza emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egiteko, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren Zuzendaritzaren baimena beharko da.

b) Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, eta Osasun Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

c) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa, haien eginkizunetan dihardutela.

e) Helburu bererako lortutako edozein motatako dirulaguntzak aitortzea.

f) Eranskin honetako 2. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Baldin eta dirulaguntzaren onuraduna badagi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetako batean, edo betetzen ez badu agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galduta duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean eta dagozkien berandutze-interesak itzuli behar dituela. Betebehar horrek ez du zerikusirik izango eska daitezkeen zehapenekin.

Dirulaguntzen Araubideari buruzko Legearen 41. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak izango du eskumena onuradunari dirulaguntzak itzul ditzala eskatzeko, III. tituluan araututako prozeduraren ebazpenaren bidez, baldin eta lege horren 36. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada jasotako zenbatekoak itzultzeko.

Erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa da.

15. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Datu pertsonalak «Irakaskuntzaren eta garapen profesionalaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendurako erabiliko direla jakinarazten da, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hona tratamendu horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Sailaren Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioren Zuzendaritza.

Helburua: arlo sanitarioko irakaskuntzaren eta garapen profesionalaren arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoko misio bat betetzeko edo tratamenduaren erantzuleari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legea).

Hartzaileak: arlo horretan eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahalko zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1714?locale=eu

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala