Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2025eko irailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3856

AGINDUA, 2025eko irailaren 2koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Irungo udalerrian, Larzabalen, 43 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoa jarraituko du (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu, III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak arautzekoa) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; dekretu horrek kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetza ezarri zuen, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatu zituen.

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Irungo Udaleko alkate-lehendakariak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten 2010eko martxoaren 22an, Irungo udalerrian zuzkidura-bizitokiak sustatzeko programa bat egikaritzeko, zehazki 6.1.01 Larzabal eremuan. Aipatu hitzarmenaren bosgarren atalean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du Irungo Udala izan dadin sustapen honetako udal interesdun bakarra, udal horretako herritarrak izango direlarik lehentasunezko hartzaileak. Hitzarmen hori aplikatuko da Larzabalgo 43 zuzkidura-bizitokiko sustapen honetan.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu Irungo udalerriko Larzabaleko araubide autonomikoko 43 zuzkidura-bizitokiak, eta hura da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB3-0365/11-AA-000 da.

Laugarrena.– Esleituko diren 43 zuzkidura-bizitoki horietako 1 logela bakarrekoa da, 55,20 m2-ko azalera dauka eta mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat egokituta dago. Gainerako 42 zuzkidura-bizitokietatik, 38 bizitoki logela bakarrakoak dira eta 42,04 m2 eta 42,49 m2 bitarteko azalera dute eta 4 bizitoki 2 logelakoak dira eta 53,48 m2-ko azalera dute. Zuzkidura-bizitoki horiek guztiak seigarren ebazpen-zatian zehazten diren kupoetan banatuko dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari dagokio agindu hau ematea, araudi hauetan ezarritakoak ahalbideturik: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua) –hirugarren xedapen gehigarria, zehazki–; eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.

Bigarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

Hirugarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.3 artikuluaren arabera, zuzkidura-bizitokien helburua da aldi baterako bizitokia ematea etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dauzkatenei, hala nola gazteei, migratu duten pertsonei, etxebizitza partekatua erabiltzeko eskubidea galdu duten pertsona banandu edo dibortziatuei, hirigintzako eragiketak direla-eta beste bizitoki baten zain daudenei eta antzeko beste pertsona batzuei. Erabili ahal izango dira, halaber, aldi baterako bizitokia emateko bai birgizarteratzen ari diren pertsonei, bai babes berezia behar dutenei, hala nola genero-indarkeria jasan duten emakumeei, adinekoei, etxegabeei, desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektuala dutenei eta antzeko egoeretan dauden beste batzuei.

Laugarrena.– 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokien ezaugarriak arautzen ditu, eta honako hau ezartzen du: bizitokiak hilabeteka eskuratuko dira, gehienez urtebeterako, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da, gehienez lau alditan. Bizitoki horien truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari dagokionez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoa aplikatuko da, hau da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluan araututako prozedura, kontuan izanda abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak titulu hori aldatu zuela alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokionez.

Bosgarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoak, bere azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. Kapitulua, zeinak arautzen baitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Txertatu berri den 47. bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaituak, 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra.

Seigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzak eta, horrela erabakitzen bada, zuzkidura-bizitokiak 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera esleituko direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, etxebizitza-eskatzaileek erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa sustapeneko etxebizitzek edo zuzkidura-bizitokiek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela (edo espazio ireki) bateko etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei; 2 logelako etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Zortzigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Bederatzigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.

Hamargarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatu bat gehitzen dio, zeinak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten baitie.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Irunen, Larzabalen, Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko 43 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari, erabilera lagatzeko erregimenean. Espediente zenbakia: EB3-0365/11-AA-000.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da. Sarbidea hilabeteka emango da, eta gehienez urtebeterako eskuratu ahal izango da bizitokia, nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den, gehienez lau alditan.

Hirugarrena.– Hileko kanona Babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2022ko ekainaren 30eko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon hori ezin izango da izan esleipendunen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiagokoa.

Laugarrena.– Alde batetik, Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 3 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Bosgarrena.– 43 zuzkidura-bizitoki horien esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan dauden pertsonek edo bizikidetza-unitateek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Irungo udalerrian. Mugikortasun murriztua duten pertsonek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskaera-udalerria.

b) Etxebiden izena emanda duen titularretako bat, gutxienez, Irungo udalerrian erroldatuta egotea agindu hau argitaratzen den datan. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar udalerri honetan erroldatuta daudenik, parte hartu ahal izateko.

c) Agindu hau argitaratzen den egunean 36 urte baino gutxiago izatea. Izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea.

d) 2024. urteko errenta-aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 45.022,57 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea. Ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edo etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek. Alokairua eskuratzeko, diru-sarrera konputagarrien jasotzaile gisa hartuko dira gaitasuna judizialki aldatu ez zaien bizikidetza-unitateko kide adinez nagusi guztiak.

e) Bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ez izatea ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera edo gozamen-eskubiderik, Agindua argitaratzen den egunean. Dena dela, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, zeina urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi baitzuen.

f) Bizikidetza-unitateak ez izatea 3 kide baino gehiago.

Seigarrena.– Agindu honetako bosgarren ebazpen-zatian aipatutako eskabideen artean esleitu beharreko 43 zuzkidura-bizitoki horietatik, kupo hauek gordeko dira:

a) Zuzkidura-bizitoki 1, mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten 36 urtetik beherako pertsonentzat egokitua.

Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

b) 42 zuzkidura-bizitokiak gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:

– 4 etxebizitza eleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 9,52) gutxienez titularreko bat 36 urtetik beherakoa izanik, etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen artean.

– 7 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 16,67) gutxienez titularretako bat 36 urtetik beherako izanik, etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.

– 31 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 73,81) gutxienez titular bat 36 urtetik beherakoa duten gainontzeko pertsonen artean.

Egokitu gabeko zuzkidura-bizitokiren bat esleitu gabe geratzen bada, egokitu gabeko beste kupoko eskatzaileen artean esleituko da. Zuzkidura bizitoki egokituak balira esleitu gabeak, bigarren esleipenen prozeduraren arabera esleituko dira.

Zazpigarrena.– Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek, sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute 2025eko irailaren 16tik eta urriaren 6ra bitartean (biak barne), hauetako bide batetik:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean Zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.

– Postaz: dokumentazioa bidali Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia, Gipuzkoa. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

Zortzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren bertsio eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan kontuan hartuko dira 47 bis artikuluan aipatutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatzetik datorrena.

Agindu honen argitaratze-data kontuan hartuta kalkulatuko da baremazioa. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenago sartu zena aukeratuko da.

Bederatzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, onartutako eskaerek honako lerro hauetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.389,82 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, 9 puntu 10.389,83 eta 17.316,37 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, 8 puntu 17.316,38 eta 28.860,62 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei eta 5 puntu 28.860,63 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko zuzkidura-bizitokien logela kopurua hartuko da kontua.

Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako zuzkidura-bizitokiak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko inskripzioan, alokairuko eskatzaile gisa: 1 puntu emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonak badira, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamargarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak gehienez bi kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie, eta bi logelako zuzkidura-bizitokiak gehienez hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, betiere etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari eta gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz.

Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, zenbat kupo dauden, hainbat itxarote-zerrenda egingo dira, zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenentzat. Itxarote-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko dira etxebizitzak.

Hamabigarrena.– Esleipendunen zerrendak, egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta itxarote-zerrendak toki honetan argitaratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 2a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala