
174. zk., 2025eko irailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3852
1402/2025 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Administrazioko Azpitaldeko buruaren lanpostu bat izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan, Ondarretako Osasun Zentroan.
Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Ondarretako Osasun Zentroko Administrazioko Azpitaldeko buruaren lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskabideak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek:
a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.
b) C2/D2 lanbide-taldeko titulua edukitzea.
c) Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/D2 lanbide-taldean.
d) 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data: 2016-12-03).
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
a) Pertsona-taldeak antolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna.
b) Kudeaketa-tresnei buruzko ezagutza (SAP, karteldegiak, Osakidetzakoa...).
c) Osabide AP eta eOsabide laguntza-aplikazioen agenden eta erabiltzaileen kudeaketari buruzko ezagutza eta esperientzia.
d) Ofimatikako ezagutza erabiltzaile-mailan: Posta elektronikoa eta Office aurreratua.
e) Administrazio-arloko prozesuetan inplikatutako aplikazioak ezagutzea: BakQ, eSapu, OpenScape Telefonia, Txandaka, Eskabide...
f) Lantaldeetan eta hobekuntza-taldeetan parte hartu izana.
g) Esperientzia izatea irakasle gisa administrazio-arloetako eta beste prozesu batzuetako prestakuntzan.
h) Administrazio-arloko zerbitzu-zorroari buruzko ezagutzak: izapide kliniko administratiboak, osasun-aseguramendua eta -txartela, herritarrentzako informazioa, dokumentazio klinikoa, kexak eta erreklamazioak, Osasun Karpeta, etab.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Begiristain dk. pasealekua z.g., 20014 Donostia / San Sebastián). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Interesdunek Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Begiristain dk. pasealekua z.g., 20014 Donostia / San Sebastián), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia / San Sebastián, 2025eko abuztuaren 12a.
Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea.
EB (1297/2025 Ebazpena, uztailaren 24koa).
Zuzendari medikoa,
SARA ARÉVALO LOBERA.
RSS