
173. zk., 2025eko irailaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 2 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3834
EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 19koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2025eko martxoaren 12ko Ebazpena, emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, haien deialdia egiten eta argitaratzen dituena.
Emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programan, aurreikusi baino askoz eskaera gutxiago jaso dira. Ondorioz, espero zena baino txikiagoa izan da laguntza-programaren aurrekontu-betearazpena. Alde horretatik, nabarmendu beharra dago ezen, laguntza-eskabidea erregistratzeko, beharrezkoa dela laguntza-programan ibilgailu berriaren erosketa eta ibilgailu zaharraren txatar bihurtzea justifikatze aldera eskatzen den dokumentazio administratibo eta tekniko-ekonomiko guztia lortzea.
Aurrekoari gehitu behar zaio Moves III programaren 2025erako deialdia espero baino lehenago egin dela, eta programa horrek dirulaguntza handiagoa ematen diela emisio gutxiagoko ibilgailuen programan jasotako ibilgailu batzuei (ibilgailu elektriko hutsei eta elektriko entxufagarriei), emisio gutxiagoko programaren kalterako.
Hala, gomendagarritzat eta justifikatutzat jotzen da 2025eko martxoaren 12ko Ebazpenaren bidez onartutako 3. oinarria aldatzea hasieran aurreikusitako laguntza-eskaerak aurkezteko epea luzatzeko, programak jarraipena izan dezan eta maila handiagoan bete daitezen EEEren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburuak.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2025eko martxoaren 12ko Ebazpena aldatzea –emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, haien deialdia egiten eta argitaratzen dituena–.
3. oinarriaren («Aurrekontu-zuzkidura eta eskabideak aurkezteko epea») bigarren apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:
«3.2.– Laguntza-programa honetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egun baliodunean, 08:00etan, eta amaituko da laguntza-programan horretarako bideratutako aurrekontua agortzen denean.
Nolanahi ere, aurrekontu erabilgarria gorabehera, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2025eko urriaren 15ean amaituko da, deialdian aurrekontu erabilgarria baldin badago ere. Indarraldia amaitzean, ez da eskaera gehiago onartuko.
EEEko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da aurrekontu erabilgarria agortzearen berri, bai EHAAn, bai EEEren interneteko helbide honetan: www.eve.eus».
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke EEEko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Efikazia.
Ebazpen honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Bilbao, 2025eko abuztuaren 19a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS