
173. zk., 2025eko irailaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (274 KB - 27 orri.)
- EPUB (363 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3833
EBAZPENA, 2025eko irailaren 5ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2025eko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratzeko dena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2025eko irailaren 4ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2025eko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia bera onartu ditu. Hori guztia Lanbideren estatutuen 14.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoarekin bat (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituena).
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2025eko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2025eko irailaren 4ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak oinarri arautzaileak eta laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea, oinarri arautzaileak eta deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 5a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2025EKO DIRULAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DEIALDIA
Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea ekintzailetza prozesuaren fase guztietan.
Euskal gizarteak badaki ekintzaileak zer garrantzitsuak diren, haien laneko etorkizun propioa diseinatu eta sortzearen aldeko apustua egiten baitute, eta, aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen baitituzte.
Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.
Ideia sortzeaz bat hasten da ekintzailetzaren bidea; ideia hori egoki balioetsi eta ondu ondoren, eta sustatzaileak behar duen prestakuntza eta laguntza jasota, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, zeinak sendotzeko aldi bat beharko baitu ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.
Negozio-ideia sistematikoki sortu, aztertu eta egituratzeko lehenengo fasean, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea ibilbide horretan, haren ideia baliozkotzeko edo birmoldatzeko. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak bereganatuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jarduketen bitartez. Era berean, enpresa-jarduera hasteko beharrezko jarduketak bultzatzen dituzten laguntza- eta tutoretza-jarduerak funtsezko puntu kritiko bat dira ibilbide horretan, eta horrek lagundu egiten du, halaber, sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.
Gainera, jarraipena ematen zaio jarduera norberaren konturako langile gisa hasteko aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituztenentzako laguntza-lerroari, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten ezarpenaren lehen faseetan.
Azkenik, laguntza eman nahi zaie, orobat, enpresa-jarduerari berriki ekinik, gutxieneko errentagarritasun bat bermatzeko bultzada ekonomiko bat behar duten pertsonei, proiektua finkatze aldera.
Europa 2030 Estrategiaren lehentasunetako bat da Europa adimentsuago batean oinarritutako kohesio-politika eta eskualde-garapena, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzaren bidez.
Eurostat erakundeak 2024ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,85ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2024ko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 9,58ko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 45,04koa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 70,95ekoa da.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak; horien erakusgarri dira Eustatek 2024ko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuak: emakumezkoen enplegu-tasa gizonezkoena baino 5 puntu txikiagoa da (emakumezkoen enplegu-tasa % 68,23koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,68koa); 30 urtetik beherakoen kasuan, diferentzia 4,04 puntukoa da (emakumeen enplegu-tasa % 42,95ekoa izanik eta gizonezkoena % 46,99koa). Horrek agerian uzten du lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan badagoela arrakala bat, urtetik urtera pixkanaka murrizten ari dena, baina desagerrarazi beharrekoa dena.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Plana bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, hala agintzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan. Deialdia 1.10 gako estrategikoan kokatzen da: «Ingurunean sustraituta dauden enpresa-ekimenak babestea»
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren Administrazio Kontseiluak, 2025eko irailaren 4ko bilkuran, ekintzaileentzako 2025eko ekitaldirako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu zituen, ondorengoaren arabera:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2025eko ekitaldian eman beharreko laguntza ekonomikoak arautzea eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartzea, hiru dirulaguntza-lerroren bidez:
a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonentzako laguntzak, enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen esklusiboki aritzeko, tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, bai eta enpresa- edo negozio-proiektua abian jartzeko behar diren jarduketak garatzeko ere (enpresa-ideia bat garatzeko eta jarduera berriak abian jartzeko laguntzak).
b) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (proiektua ezartzeko laguntzak).
c) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko emandako laguntzak. (enpresa-jarduerak sendotzeko laguntzak).
2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) apartatuetan aipatzen diren laguntzen onuradun diren ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-entitate laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.900.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.500.000 euro 2025. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.400.000 euro, 2026. urteko konpromiso-kredituari, hala aurreikusita baitago 3211 aurrekontuaren erabilera izeneko programan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa; zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza-lerroen artean banatzekoa da, honela:
a) Enpresa-ideia bat garatzeko eta jarduera berriak abiarazteko laguntzak, II. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 625.000 euro; horietatik, 375.000 euro 2025eko ordainketa-krediturako dira, eta, 250.000 euro, 2026ko konpromiso-krediturako.
Honela banatuko da zenbateko hori:
– 343.750 euro –206.250 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 137.500 euro, 2026ko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 281.250 euro –168.750 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 112.500 euro, 2026ko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
b) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak, III. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 900.000 euro, 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
c) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak, 2.000.000 euro; horietatik, 1.000.000 euro 2025eko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.000.000 euro, 2026ko konpromiso-krediturako.
d) Entitate laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 375.000 euro; horietatik, 225.000 euro, 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 150.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari.
3.– Dirulaguntza-lerroak finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, a), c), eta d) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.
3. artikulua.– Entitate laguntzaileak.
1.– Deialdi honetako II. kapituluan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek eta horien mendeko entitateek egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena jaso badute entitate laguntzaile gisa jarduteko.
2.– Nolanahi ere, sustatzaileei laguntza edo tutoretza emateko entitate laguntzaile gisa jardun ahal izateko, baldintza izango da hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:
– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea ekintzaileei laguntzeko lanetan.
– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran gutxienez kontratupeko teknikari bat badute, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena eta urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua duena autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.
3.– Entitate horiek, sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte.
4.– Entitate laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute ekintzaileak hautatu eta haiei laguntza/tutoretza emateagatik, baldin eta ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Zenbateko horiek 1.000 eurokoak izango dira tutoretzapeko pertsona bakoitzeko.
Laguntza horiei deialdi honen V. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, salbu prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 20. artikuluan xedatutakoa (artikulu horretan bertan berariaz arautzen baitira) eta 21. artikuluko 2, 3, 4, eta 5. puntuetan xedatutakoa.
5.– Programa honetan entitate laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102120 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Ekintzailetza-proiektua, hauek jasoko dituena: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.
– Entitate eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.
– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8.– Laguntza emateko prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta entitate laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta –mota zehaztuz– eta dagokien dirulaguntza emango zaie.
Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honetako laguntza estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.
Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski entitate laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, entitate laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua murriztuko da, prozedura honen arabera:
– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:
(Ikus .PDF)
– Oraindik ere baliabideak nahikoa ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.
10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz (http:/www.lanbide.euskadi.eus). Gainera, EHAAn jakinaraziko da laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak zein diren, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona artatuko duen ere.
Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren eta adinaren arabera banakatuta, bai eta entitate laguntzaileari zenbateko dirulaguntza emango zaion ere pertsona horiek hautatzeagatik eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik.
Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.
Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten entitateak, bai eta entitate bakoitzak zenbat pertsona artatuko dituen ere.
11.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.
2025eko azaroaren 14ra arteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena sinatu eta biharamunetik aurrera, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.
13.– Hautaketa-prozesuan, entitateak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:
a) 30 urtetik beherako pertsonak.
b) 45 urtetik gorako pertsonak.
c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.
14.– Entitate laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:
Bi zatitan ordainduko da:
– Pertsona bakoitzeko 600 euroko lehen ordainketa bat, 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Ordainketa aurreratu hori Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.
– Pertsona bakoitzeko 400 euroko bigarren ordainketa bat, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Entitate laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan deialdi honen 8. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.
II. KAPITULUA
ENPRESA-IDEIA BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN
4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduna.
1.– 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileek kapitulu honen babespeko dirulaguntza jaso ahal izango dute, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edo enpresa- nahiz negozio-proiektua martxan jartzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako entitateren baten laguntza edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduketek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez eta bost hilabete iraungo dute gehienez.
3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.
Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:
a) Langabea izatea eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean, eta baita eszedentzian dauden pertsonak ere.
b) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.
c) Ideia bat izatea edozein jarduera-arlotan enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko, eta enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea. Plan hori dagokion erakunde laguntzaileak baliozkotuko du laguntza-fasean.
d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitateren batek ekintzailetzari aholkularitza eta laguntza emateko prozesu batean sartuta egotea.
e) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea (Lanbidek ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak).
f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.
2.– Laguntza horien onuradunak izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu behar dituzte:
a) Esklusiboki beren enpresa-ideia aztertzen eta garatzen jardutea, bai eta enpresa edo negozioa abian jartzen ere.
b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek enpresa-ideia bat sortzeko eta garatzeko nahiz enpresa edo negozioa abiarazteko zehazten dituzten aholkularitza- eta laguntza-jarduketa guztietara joatea.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik aurrera. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.
Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.
d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
e) Ez jasotzea beste inolako laguntzarik helburu bererako.
6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.euskadi.eus/servicios/1102120 web-orrian egongo da eskuragarri), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako entitate laguntzaileen bitartez, betiere entitate horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Entitate horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) NANaren fotokopia.
b) Dagokion enplegu-zerbitzu publikoan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, oinarri erregulatzaileen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 60, 2025eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.
– Bigarren ordainketa: gainerako % 40, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, entitate laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria pertsonal eta indibidualizatua, gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, entitate laguntzaileak egiaztatu beharko du 5.2 artikuluaren a) apartatuan jasotako betekizunak betetzen direla.
III. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK
9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:
a) Eraikuntza-lanak (arkitektoaren azterlan teknikoa barne), lokalak erostea izan ezik.
b) Makinak.
c) Instalazioak.
d) Tresnak.
e) Altzariak.
f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.
g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.
Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:
● Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.
● Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.
● Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.
● Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.
● Lanbideari lotutako joan-etorrietan merkataritza-ordezkari edo -agenteek erabilitakoak.
● Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.
● Salmenta ibiltariko ibilgailuak.
h) Frankizia-kontratuak.
i) Aplikazio informatikoak.
j) Merkataritza-funtsa.
k) Eskualdatze-eskubideak.
2.– Onuradunak egingo dituen inbertsio diruz lagungarriak –aurreko paragrafoan adierazitakoak– gutxienez 5.000 eurokoak izan behar dira, eta 2025eko urtarrilaren 1etik dirulaguntza eskatu den egunera bitartean egindakoak.
3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
5.– Halaber, egindako inbertsioak ez dira diruz lagunduko, baldin eta 2. mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko harremana badago zerbitzuaren saltzailearekin edo hornitzailearekin, edo pertsona hori bazkidea edo partaidea bada dirulaguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridikoarena.
10. artikulua.– Onuradunak.
1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:
a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.
2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:
a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2025eko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2025eko urriaren 31.
c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
d) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.
e) Dirulaguntza-lerro horren beraren onuradun izan ez izana aurreko deialdietan.
f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.
3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.
12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102122 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.
d) Inbertsioen plana, diruz lagundu daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.
e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 9.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.
3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 11.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da.
5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.
13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.
Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, alegia, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak.
IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK
14. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastu hauek ordaintzeko:
a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbidek edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.
b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: Publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.
c) Web-orrien diseinua eta web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate bannerrak beste enpresa baten web-orrian, web-orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa eta Facebook-eko sustapen-zerbitzuen kostua.
d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.
e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.
f) Negozio-lokalen edo jarduera garatzeko lekuen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak ere deialditik kanpo geratuko dira, salbu eta errentamendu-kontratua onuradunaren izenean badago, eta erabilera indibidualeko espazio bat badago negozioa garatzeko, hori kontratuan jasota egonda.
2.– Diruz lagundutako aldia:
a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza eskatzen denetik zenbatzen hasita. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.
b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza eskatu den egunetik zenbatzen hasita.
3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein entitate edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.
4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.
15. artikulua.– Onuradunak.
1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:
a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.
2.– Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:
a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2024ko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2025eko urriaren 31.
c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
d) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.
e) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.
3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 14.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Era berean, onuradunak alta emanda egon beharko du EJZn eta autonomoen araubide berezian, norberaren konturako kasuan kasuko araubide berezian edo dagokion mutualitate profesionalean, b) letran adierazitako kolektiboren baten barruan, diruz lagundutako aldia amaitu arte.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.
17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102121 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.
3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:
a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza ematea onartu ostean, 2025eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.
b) Bigarren ordainketa: 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 50. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurreikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dira.
2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, alegia, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak.
3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.
4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.
5.– Egindako gastuaren justifikagiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 14.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako 10 hilabeteko aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.
V. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
19. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren pertsonak eta entitateak.
1.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra jaso izana, edo zigorra jaso izana prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.
c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, eta baldintza hori betetzen jarraitzea, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza guztiz justifikatu arte.
3.4 artikuluan araututako dirulaguntzetan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
f) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
g) Zehapen administratibo edo penalen bat jasoa izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.
h) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausaren bat edukitzea, hauek barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.
i) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez, beharrezko neurri zuzentzaileak gauzatu eta dagokion zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasunen bat duten pertsonei lanpostuak gordetzeko legezko kuota ez betetzea edo, hori egin ezean, hori betetzeko bestelako neurriak hartzea.
k) Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa ez adieraztea, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.
2.– Artikulu honetan aurreikusitako baldintzak, 1.e) apartatuko bigarren paragrafoan adierazitakoak izan ezik, eskabide-orriaren parte den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
3.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.
Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena:
– https://www.euskadi.eus/servicios/1102120: erakunde kolaboratzaileentzako laguntzak.
– https://www.euskadi.eus/servicios/1102122: proiektua ezartzeko laguntzak.
– https://www.euskadi.eus/servicios/1102121: proiektu bat sendotzea.
4.– III. eta IV. kapituluetan araututa dauden dirulaguntzen lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik bada, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.
20. artikulua.– Kudeaketarako organo eskudunak, emateko prozedura, epeak, errekurtsoak eta publizitatea.
1.– 3. artikuluari eta II. kapituluari dagokienez (lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozeduraren bidez izapidetuko dira), prozedura kudeatzeko organo eskuduna Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia.
2.– III. eta IV. kapituluei dagokienez (ondoz ondoko lehia-prozeduraren arabera izapidetuko dira), prozedura kudeatzeko organoa Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da, eta ebazpena emateko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osorik dagoen unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.
3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.
4.– III. eta IV. kapituluetan xedatutakoaz bat aurkeztutako eskabideen inguruan administrazio eta zerbitzu orokorretako zuzendariak emandako ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Bestalde, 3. artikuluan eta II. kapituluan ezarritakoaren arabera aurkeztutako eskabideei buruz zuzendari nagusiak emandako ebazpenek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta, ebazpen horien aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez (3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan) eta administrazio eta zerbitzu orokorretako zuzendariaren ebazpen bidez (III. eta IV. kapituluaren kasuan), deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren pertsonen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– 3. artikuluan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek 8. artikuluaren azken paragrafoan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Era berean, artatutako pertsonen eta entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren informazioa eman beharko dute, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.
2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren xehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote entitate laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu den egunetik hasita. Entitate laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.
Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 8. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako epean (3 hilabete, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitzen den egunetik aurrera), onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.
3.– Deialdi honen IV. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 18. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.
4.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.
5.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein dokumenturen kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-entitateak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako gastuak frogatzeko fakturak eta dokumentuak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako (zergak kanpo).
22. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:
– III. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon beharko dute, eta 10.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik hasita (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
– V. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon, hamar hilabetez gutxienez, dirulaguntza eskatzen den egunetik hasita.
– Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.
– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa eman beharko diete: entitate laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.
– Gertaeraren batek funtsean eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
– Entitate onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 27. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
23. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, betiere. Gutxieneko baldintza horiek artikulu hauetan jasota daude: II. kapituluko laguntzen kasuan, 5. artikuluan; III. kapitulukoetan, 10. artikuluan; eta IV. kapitulukoetan, 15. artikuluan. Era berean, 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileentzako laguntzetarako, 3.2 artikuluan jasota daude gutxieneko baldintzak.
Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.
24. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo entitate publikok zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako emandako dirulaguntza edo laguntzekin.
III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira bata bestearekin, eta ez dira bateragarriak beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuk kontzeptu bererako emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin, edo autoenplegua sustatzea helburu dutenekin, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.
25. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak (3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan; eta administrazioaren eta zerbitzu orokorren zuzendariak, III. eta IV. kapituluen kasuan), dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.
2.– II. kapituluan aipatutako laguntza edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:
a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.
b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta hiru hilabeteko laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, jasotako zenbatekoaren 2/3 itzuli beharko dira II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko da.
Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, ulertuko da dirulaguntza ez dagoela justifikatuta mantentzen den zenbatekoarekiko, eta 21.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.
3.– II. kapituluan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 27 egun baino gehiagotan (hurrenez hurren), dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.
4.– Baldin eta III. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 10.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 22. artikuluan adierazitako 2 urteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Hala ere, betebehar horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denborarekiko proportzioan.
5.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 22. artikuluan adierazitako 10 hilabeteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.
6.– Zenbateko horiek zuzenbide Publikoaren sarreratzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.
26. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak, 3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan, eta Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak, III. eta IV. kapituluen kasuan, prozedura hasi eta ebatziko dute. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enpresa eta Ekintzailetzako Zuzendaritzak pertsona interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak.
2.– Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, 3. artikuluaren eta II. kapituluaren kasuan, eta erakunde bereko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariaren ebazpen baten bidez, III. eta IV. kapituluei dagokienez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.
3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.
27. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, baita iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
28. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
Deialdi honen III. eta IV. kapituluetan jasotako dirulaguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende egongo dira.
29. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
RSS