Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2025eko irailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3823

166/2025 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzekoa, eta organo horren antolaketa eta funtzionamendua ezartzekoa.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez dago arauturik nola sortu, ezabatu eta aldatuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak, eta han bertan dago zehazturik orobat zein diren sail horien funtzioak eta jardun-esparruak ere. Bada, dekretu horren bidez, besteak beste, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila sortu zen, eta, bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, sail horretan bi atal hauek egongo dira: Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza, eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza. Bestalde, sail horren egitura honako dekretu honetan zehaztu da: 438/2024 Dekretua, urtarrilaren 11koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren egitura organiko eta funtzional berri horrek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoa (BEOa) sortzea eskatzen du, bai eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere; hori guztia bat etorriz Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan ezarritakoarekin.

Horretarako idatzi dugu dekretu hau, eta, indarrean jartzen denean, indargabetu egingo da uztailaren 27ko 188/2021 Dekretua, egungo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskumenekoak izatera igaro diren gaiei dagokienez (188/2021 Dekretuaren bidez sortu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Estatistika Organo Berezia eta ezarri zen haren antolaketa eta funtzionamendua); hori guztia, aurrera eramaten ari diren estatistika-jarduketen jarraitutasuna bermatze aldera.

Sailaren BEO berri hau Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean (hemendik aurrera, 4/1986 Legea) ezarritakoaren babesean arautzen da; zehazki, lege horren 26. artikuluak aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko jarduna berariazko estatistika-organo bat eratuta daukaten Jaurlaritzako sailek gauzatuko dutela, besteak beste.

Halaber, eta lege-aurreikuspen horien barruan, BEO berriaren antolamendu eta funtzionamenduak ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren (180/1993 Dekretua, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituena) aginduak betetzen ditu halako organoen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari dagokionez; izan ere, dekretuaren aginduen arabera eratzen direnak soilik hartuko dira berariazko estatistika-organotzat.

Betekizun formalei dagokienez, dekretu horrek (ekainaren 22ko 180/1993 Dekretua, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituena) ezartzen du berariazko estatistika-organoak dekretu bidez sortuko direla, eta kide bakarreko organo gisa eratuko direla, goi-kargudun baten edo sailean koordinazio-eginkizunak betetzen dituen edozein organoren mende. Kasu honetan, berariazko estatistika-organoa kabineteko zuzendariaren mende egongo da, kargudun horrek betetzen baititu aipatutako koordinazio-arloko eskakizunak.

Azkenik, eta prozedurari dagokionez, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa bete da, eta, gainera, Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostena eskatu da, bat etorriz Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan aurreikusitakoarekin.

Ondorioz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeari kontsulta egin ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abuztuaren 28ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoa (BEOa) sortzea, bai eta organo horren antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere, bat etorriz Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan ezarritakoarekin.

2. artikulua.– Egitura organikoa.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak izaera organiko propioa du, pertsona bakarrekoa, eta zerbitzu-arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularraren mende dago zuzenean.

3. artikulua.– Eskumenak.

1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoa I. motakoa izango da bere eskumenekin lotutako ondorioetarako. Hori dela eta, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak mota horretako berariazko estatistika-organoei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalmenak izango ditu, eta, nolanahi ere, honako hauek:

a) Sailaren estatistika-plana lantzea, Euskal Estatistika Planaren proiektuaren oinarri izango dena.

b) Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan jardutea Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak egiteko.

c) Urteko estatistika-programetan jasotako estatistikak edo estatistika-faseak lantzea, programa horietan zehazten den moduan.

d) Estatistika propioak lantzea; hau da, Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-programetan sartuta ez daudenak, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

e) Beste organismo batzuekiko harremana, artikulu honetako c) eta d) apartatuetatik eratorritako funtzio estatistikoen ondorioz, betiere apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1.c) eta d) artikuluan ezarritakoa betez.

f) Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9. artikulutik 16. artikulura bitartean adierazitako baldintzetan.

g) Artikulu honetako d) apartatuan aipatutako estatistiken emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, bai eta urteko estatistika-programetan zehazten direnak ere, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari horien edukiaren berri eman ondoren.

h) Bere sektore-eremuko fitxategi-direktorio estatistikoak egiten eta eguneratzen parte hartzea, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

i) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak interesgarritzat jotzen dituen proiektuak egitea, bereziki zerbitzu, azterlan eta analisi sektorialak eta azpisektorialak, ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako esparruaren arabera.

2.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak bere eskumenak baliatuko ditu, bai sail horretako organoen estatistika-beharrei dagokienez, bai eta, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeaz gain, sail horrek atxikita dituen ente instituzionalei dagokienez ere, eta kontuan hartu gabe estatistikak datu estatistikoetatik edo administrazio-datuetatik abiatuta egin behar diren.

3.– Aurrekoa gorabehera, organo eta ente instituzional horiek berariazko estatistika-organoari emango diote organo horrek bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen informazioa. Gainera, organo horrekin lankidetzan arituko dira agintzen zaizkien azterlanak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatzen eta egiten, baldin eta haien eskumeneko gaietan eragina badute.

4. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko bere jarduna beteko du; hau da, estatistikari buruzko legeria beteko du beste organo eta ente batzuekin (sailekoak eta hari atxikitakoak barne) dituen harremanetan, eta, bereziki, sekretu estatistikoari buruzko legeria.

2.– Bere jardunean, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak barne-antolaketa zehaztu beharko du, sailaren egitura organikoa eta funtzionala arautzeko dekretuan adierazitako jardun-arloei modu funtzionalean erantzun ahal izateko.

5. artikulua.– Administrazio-errekurtsoak.

1.– Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen saileko titularrak izango du eskumena Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoak aztertzeko eta ebazteko.

2.– Errekurtso horiek ebatzi aurretik, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak nahitaezko txostena egin beharko du.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Jardueraren jarraitutasuna.

Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu edo aldatzeak eta horien egitekoak eta jardun-arloak ezartzeak eragina badu Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardueran, inplikatutako sailek, ados jarrita, beharrezko neurri iragankorrak ezarri ahal izango dituzte, organo horrek Euskal Estatistika Planaren edo urteko estatistika-programen esparruan aurrera daraman estatistika-jarduerak jarraitutasuna duela bermatzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sailaren Estatistika Plana.

Sailaren berariazko estatistika-plan bat onartzen ez den bitartean, plan horrekin parekatuko da une bakoitzean indarrean dauden plan eta programetan (Euskal Estatistika Plana edo urteko estatistika-programak) sartutako estatistika-eragiketen multzoa, baldin eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoak parte hartzen badu.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Inskripzioa.

1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berariazko Estatistika Organoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatzen denean, hari atxikita geratuko dira orain arte Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailean egin izan diren estatistika-lan guztiak.

2.– Atxikipen horrek berekin ekarriko du, halaber, une horretan estatistika-lan horri atxikitako baliabide eta bitartekoena.

3.– Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo da atxikipena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Indargabetzea.

Dekretu hau indarrean sartzen denean, indargabetuta geratuko da uztailaren 27ko 188/2021 Dekretua, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskumenekoak izatera igaro diren gaiei dagokienez (188/2021 Dekretuaren bidez sortu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Berariazko Estatistika Organoa eta ezarri zen haren antolaketa eta funtzionamendua).

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abuztuaren 28an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala