Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2025eko irailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3817

EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokiona.

AURREKARIAK

2025eko apirilaren 30ean, Bilboko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion has zedila Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokiona. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 16an, eta espedientean jasota dago emaitza.

Halaber, espedientea osatzen duen dokumentazioa eskuragarri egon zen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko webgunean interesdun orok aukera izan zezan egokitzat jotzen zituen ingurumen-oharrak egiteko.

Erantzuna emateko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin bat.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluko kasuen artean dago, IIB eranskinaren 3. apartatuarekin bat datorrelako: Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta II.A eranskinaren 6. eta 7. apartatuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten planak eta programak.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokion Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Erreferentziako hirigintza-plangintza orokorra Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra da (aurrerantzean, HAPO), zeina 2022ko martxoaren 31n onartu baitzen behin betiko. Eremuaren zehaztapen bereziak «IB.02. Alde Zaharra» areari dagokion fitxan jasotzen dira, 2.2. dokumentuan jasoa, Hirigintza-eremuetako hirigintza-arau partikularrak. Zehazki, Bilboko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezia (aurrerantzean, BPB) finkatzen da, eta bertan ezartzen dira antolamendu xehatua zehazteko araubidea eta katalogazio-baldintzak.

«Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokion Bilboko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketa puntualaren» helburu bakarra udal-jabetzako lurzatiaren ekipamendu-erabilera aldatzea da, irakaskuntza-ekipamendua izatetik kokapenik gabeko komunitate-ekipamendura, «Beste ekipamendu batzuk», publikoa eta tokikoa, bertan dagoen eraikina finkatuz eta gaur egun duen babes-maila berarekin. Maila xehatuko gainerako zehaztapenak mantendu egingo dira.

Erabilera-aldaketak eragindako eraikina berrerabiltzea ahalbidetzen du, eta bertan BPBren 8. artikuluan zehaztutako erabilerak garatu daitezke (gehienez hamar «egoera» edo erabilera desberdin jasotzen ditu), ekipamendu-lurzatien erabilera-araubidearen 20. artikuluak ezarritako mugak kontuan hartuta.

Hirigintzaren aldetik, Planaren irismena aipatutako eraikinari erabilera bat ematearekin eta bizia ematearekin lotuta dago. Beraz, irismen arauemailea du, eta ez fisiko-lurraldekoa.

Eremua 661,31 m2-ko hiri-lurzati bat da, eta haren gainean eraikin bat dago, «Ollerietako Eskola» zaharrekin identifikatzen dena, zeinak ia osorik okupatzen baitu. Hasiera batean, eraikin hori garbitegi gisa erabili zuten beheko solairuan, eta gaueko aterpe gisa goiko bi solairuetan.

Eraikina indarrean dagoen «babes integraleko» BPBan jasota dago (zaharberritze zientifikoko jarduketak baino ezin dira baimendu).

Bai HAPOk eta BPBk ekipamendu-lurzatien erabilerak jasotzen dituzte, eta erabileren arteko aldaketa ahalbidetzen dute, antolamendu xehatua aldatu gabe. Hala ere, irakaskuntza-ekipamendua salbuespena da, eta erabilera aldatzeko, beharrezkoa da lurzatiaren antolamendu xehatua aldatzea, eta horrek justifikatzen du lagundutako aldaketa puntuala idaztea. Gainerakoan, Planean planteatutako proposamena bat dator HAPOn jasotako egiturazko antolamenduarekin, bai eta eremurako aurreikusitako irizpide eta helburuekin ere.

Hala, HAPOri dagokionez, proposamenak errespetatu egiten du proposatutako kalifikazio orokorra, «A/IB.02 bizitegi-eremua», eta lehendik dagoen eraikina finkatuta mantentzen du, eraikigarritasun fisikoa eta hirigintzakoa aldatu gabe. Bestalde, ekipamendu-lurzatiei buruzko HAPOren zehaztapenak errespetatzen dira.

BPBri dagokionez, bertan araututako erabilera xehatuak errespetatzen dira, eta lurzatiari 7. artikuluan araututako «beste ekipamendu batzuk» ekipamendu generikoaren erabilera esleitzen zaio, ekipamendu-lurzatien erabilera bakoitzaren arautzea bere horretan mantenduz; era berean, ez da aldatzen hiri-lurzoru finkatua (ez da aurreikusten eraikigarritasuna handitzea, ezta jarduketari lotutako urbanizazio berririk ere); gainera, indarrean dagoen babes-araubide berari eusten zaio (babes integrala), BPBk eraikin horietarako zehazten duen erregulazioarekin.

Behin Planaren behin betiko onarpena lortutakoan, ezarri beharreko balizko erabileraren bateragarritasunari buruzko aurretiazko azterlan bat egingo litzateke, baita eraikina erabilera horretara egokitzeko beharrezkoak diren jarduketen proiektua ere.

Aztertutako alternatibak:

Bi alternatiba aurkeztu dira: 0 alternatiba («Ez jardutea»), hau da, aipatutako eraikina abandonatzeko arriskuan egotea, eta horrek eraikina hondatzea ekartzea, eta, kasurik muturrekoenean, kultura-ondarea galtzea, gerora sortutako aurri-egoera baten ondorioz; eta 1 alternatiba, hau da, dagokion eraikina berrerabiltzea ahalbidetuko lukeen aldaketa puntuala, bertan BPBren 8. artikuluan ezarritako erabileretariko edozein garatuz.

1 alternatiba hautatzea justifikatzen da, eraikinari erabilera bat ematen zaiolako, kultura-ondarearen kontserbazioa bermatzen duelako, hiri-inguruneko erabileren mistotasuna sustatzen duelako, mugikortasun jasangarria ahalbidetzen duelako (garraio kolektiboa), energia-efizientzia hobetzen duelako, energia berriztagarriak erabiltzen dituelako eta berotegi-efektuko gasak murrizten dituelako.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne: Plana bat dator HAPOren zehaztapenekin, proposatutako kalifikazio orokorra errespetatzen du («A/IB.02 bizitegi-eremua»), lehendik dagoen eraikina finkatuta mantentzen du, alde zaharrean dagoen eraikigarritasun fisikoa eta hirigintzakoa aldatu gabe, eta ez du eraginik HAPOn aurreikusitako baldintzatzaile gainjarrietan. BPBri dagokionez, bertan araututako erabilera xehatuak errespetatzen dira, hiri-lurzoru finkatua aldatu gabe mantentzen da, eraikinaren indarreko babes-araubide bera mantentzen da (babes integrala), bai eta BPBk eraikin horietarako zehazten duen erregulazioa ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak, eta energia berriztagarrien erabilera eta berotegi-efektuko gasen murrizketa sar daitezke Planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: kultura-ondarea, uholde-arriskua, urak, zarata, aire kutsadura, hondakinak, isurketak, segurtasuna eta osasuna, eta ingurumena.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean plana garatzean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, ez dago zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Geologiaren ikuspegitik, aztertutako lurraldea euskal-kantauriar arroaren barruan dago, eta, zehazkiago, Euskal Arku izeneko eremuan. Geomorfologikoki, erreferentzia-eremua «Sistema Morfodinamiko Antropogeniko» baten parte da, eta giza ekintzak okupatutako eta eraldatutako eremu edo zonei egiten die erreferentzia. Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik.

Aldaketa puntualaren eremua Nerbioi itsasadarraren eskuinaldean dago (Bilboko itsasadarretik 50 metro baino gutxiagora), ES111T068010 Nerbioi barne-trantsizioko ur-masa, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Ibaizabal Unitate Hidrologikoan sartua (erkidego barruko arroen eremua). Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasunaren lerrotik kanpo dago, eta, gaur egun, haren mugaketa izapidetze-egoeran dago. Lurpeko urei dagokienez, erreferentziako eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean geratzen da, Gallarta-Galdames sektorean, eta interes hidrogeologikoko eremu batean dago.

Landaredi potentziala «Harizti azidofiloak eta harizti/baso misto atlantikoak» osatuko lukete. Gaur egun, landaredia «Landaredi erruderal nitrofiloa» unitatean dago, Euskadiko DEAk emandako «Landarediaren mapa»-ren arabera (1/10.000 eskalan), eta eremu humanizatuenetako berezko landaredia da. Eunis Habitaten Mapak J.1 kodeko habitataren («Dentsitate handiko eraikuntzak») presentzia irudikatzen du. Faunari dagokionez, hiriguneei eta giza inguruneei lotutako fauna dago.

Aldaketa puntualaren eremua ez dator bat Naturagune Babestuen Euskal Sareko elementuekin, ez Natura 2000 Sareko espazioekin, ezta EAEko azpiegitura berdeko elementuekin ere.

Euskal kultura-ondareko elementuei dagokienez, eraikina «Beste batzuk» atalaren barruan sailkatutako ondasun bat da, eta bertan sartuta daude hainbat inbentario, katalogo eta abarretan agertzen diren aitortu gabeko ondasunak. Zehazki, Ollerietako Eskola Taldea da. Eraikin hori 2022ko ekainean onartutako Bilboko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziaren barruan dago zerrendatuta, eta «babes integraleko» gisa katalogatuta dago.

Arriskuei dagokienez, uholde-arriskuari hain zuzen, aipatu behar da eremua partzialki bat datorrela ES017-BIZ-IBA-01 Bilbao\Erandio uholde-arrisku handiko eremuarekin (UAHE) eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanarekin, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo geratzen delarik. Hala, Planaren aldaketak Plan Hidrologikoaren araudia bete beharko du uholde-arriskuari dagokionez.

Eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko ezein lurzatiren kokaleku.

«Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideko eta Trenbideko Salgai Arriskutsuen Garraioan Istripuak izateko Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdi Plan Berezia»-ren arabera (Eusko Jaurlaritza. 2001), eta eremua BI-20 errepidetik hurbil dagoenez (oso arrisku txikiarekin), bere erasan-zerrendan 100 metroko tartea dago.

Zaratari dagokionez, Bilboko HAPOren zonakatze akustikoko planoaren arabera (2022), eremua «A) Bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-esparru/-sektore» gisa sailkatutako sektore batean dago, udalak 2018ko ekainean onartutako «Hiri-eremuko babes akustiko bereziko eremuan» integratuta baitago.

Ez da identifikatu arrisku handirik sismikotasunak, suteak, higadurak, akuiferoen kalteberatasunak, salgai arriskutsuen garraioak edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen gertutasunak eraginda.

Aurrekoa ikusita, oro har, ez da uste paisaian eta ingurune natural, landatar edo soziokulturalean eragin nabarmenik sor daitekeenik.

Kultura-ondareari dagokionez, kontuan hartuta BPBk eraikina «babes integralarekin» katalogatzen duela, Planetik eratorritako jarduketek honen 2. kapituluan araututako babes-araubidea bete beharko dute (35-39 artikuluak).

Bestalde, obra-fasean, eraikina egokitzeko egin beharreko lanetan erabilitako makinek ingurumenean eragina izan dezaketela uste da (zarata-mailak handitzea, airearen kalitatea murriztea, irisgarritasuna mugatzea, etab.).

Ustiapen-fasean, lurzatia 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuaren eraginpean dago, eta, beraz, Plana garatzearen ondoriozko jarduketek arlo horri buruzko araudiko zehaztapenak bete beharko dituzte.

Indarrean dagoen legeria betetzen bada eta, bereziki, kultura-ondareari, uholde-arriskuari, urei, zaratari, atmosferaren kutsadurari, hondakinei, isurketei, osasun eta segurtasunari eta ingurumenari dagokionez, afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, prebentzio- eta babes-neurrien eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

C) Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokion Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoa jasotzen duen ebazpenean ezarritakoaren arabera betearaziko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Oro har, Planetik eratorritako jarduketek honako hauek bete beharko dituzte:

– 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.

– BPBren zehaztapenak eta, batez ere, babes bereziko eraikinetarako eta babes integraleko eraikinetarako eraikinak kontserbatzeko ordenantzari buruzko 8. eta 20. artikuluetan eta 2. kapituluan araututakoa. Alde horretatik, eraikina osorik kontserbatu beharko da, eta zaharberritze zientifikoko metodoekin baino ez da aldatuko.

Eraikinean egiten den edozein esku-hartzek eraikinaren balio formalak, tipologikoak eta egiturazkoak errespetatu beharko ditu.

Diseinuari dagokionez, jatorrizkoa mantendu beharko da. Sarbide nagusiaren birkonfigurazioa birpentsatuko da, kaxaren materiala hain oldarkorra izan ez dadin (beira proposatzen da), eta sarbideko hormaren goiko aldean metalezko hesi bat jarriko da, elementua arintzeko.

Bestalde, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren baten zantzua izan daitekeena aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, hark erabakiko duelarik zer neurri hartu.

Uholde-arriskuari buruzko neurriak:

Planetik eratortzen diren jarduketek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideekin (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen plan hidrologiko hori, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceuta, Melilla, Segura eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Mińo-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako espainiar alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak); era berean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudia.

Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta egongo dira obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara egindako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla obra-etxolak eta obrako materialak eta hondakinak aldi baterako biltzeko eremuak. Ahal den neurrian, uholde-arriskua duten eremuak saihestuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa hondakinen sorreran egitea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaio.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak modu argi, irakurgarri eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubetatan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

– Lurzoruen eta uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean istripuzko isurien eragina saihesteko (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurrak kendu eta kudeatzea, eta abar).

Egin beharreko jarduketak tamaina txikikoak direla eta, ez da beharrezkotzat jotzen obra-eremuan makinen mantentze-lanak egitea (depositua betetzea, lubrifikatzaileak aldatzea, etab.). Hala ere, hori egitea ezinbestekoa bada, plataforma iragazgaitz baten gainean egingo da, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izan beharko du, bereziki olio erabiliak biltzeko, urak kutsatu ez daitezen.

Biltzeko zonak eta instalazio osagarriak gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, uholde-arriskuko eremuetatik kanpo.

– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabilitako makineriak aire zabalean erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara egokitu behar du; eta, bereziki, eta hala badagokio, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua– eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia- eta efizientzia-aurrezpena indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

i) Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

ii) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

iii) Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

iv) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

vi) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta sustatzaileak berak planteatutakoak hartuta, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokion Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntualak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak eragingo dituenik, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egitea.

Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraziko zaio ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Atxuri kaleko 45.eko eraikinari dagokion Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (BPB) aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala