Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2025eko irailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3815

EBAZPENA, 2025eko irailaren 3koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baitira 2025-2026 ikasturtean A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Bestalde, XIII. legegintzaldi honetako gobernu-programaren 43. konpromisoaren 1. ekinbidea hau da: «Edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukera eskaintzeko prozesuari ekitea, pixkanaka, maila guztietan, A1etik C2ra».

Ildo horretatik, 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2025eko otsailaren 27ko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Sailaren webgunean kontsulta daitekeenak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du.

Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu zituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025-2026 ikasturtean A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu eta deialdia egitea.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2025eko irailaren 3a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da 2025-2026 ikasturtean A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak eta esleipen-prozedura onartzea.

2.– Dirulaguntza hauen xedea da A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei laguntza eskaintzea 2025-2026 ikasturteko ikastaroen matrikula-prezioan Ebazpen honetako baldintzei jarraikiz.

3.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2025-2026 ikasturtean 4.860.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Honela banatuko da kopuru hori:

– 2025ean hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat: 3.024.650 euro.

– 2026an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat: 1.835.350 euro.

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, % 80eraino handitu ahal izango da, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-partiden izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori dirulaguntzen esleipen-ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketa HABEko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu eta EHAAn argitaratu beharko da.

4.– HABEk dirulaguntza honen bitartez ikasle bakoitzari ikastaro bakarra ordainduko dio eta ikasleek muga batzuk izango dituzte:

a) Euskaltegi pribatuetan eta udal-euskaltegi publikoetan aurrez aurreko eta jardun biko taldeetan ari diren ikasleek ordu-muga batzuk izango dituzte:

– A1 mailako ikasleek 200 orduko muga izango dute.

– A2 mailako ikasleek 330 orduko muga izango dute, bi azpimailetan banatuta: 165 ordu A1A1 azpimaila abiapuntu dutenentzat eta 165 ordu A2A1 azpimaila abiapuntu dutenentzat.

– C1C1 helburu-maila duten ikasleek 350 orduko muga izango dute eta, oro har, C1B2 abiapuntua izango dute. B2B2 abiapuntua izan ahalko du ikasleak gutxienez 330 orduko ikastaroan matrikulatuz gero.

b) Autoikaskuntzako ikasleek jasoko dituzten dirulaguntzek diru-muga batzuk izango dituzte:

– A1 mailako ikasleek gehienez 455 euro jasoko dituzte.

– A2 mailako ikasleek, gehienez 750 euro jasoko dituzte bi azpimailetan banatuta: 375 euro A1A1 azpimaila abiapuntu dutenentzat eta 375 euro A2A1 azpimaila abiapuntu dutenentzat.

– C1C1 helburu-maila duten ikasleek 750 euroko muga izango dute.

5.– Eskaerak segidako lehiaketaren araubidea erabiliz emango dira. Kreditua agortuko balitz, une horretan bertan amaituko litzateke eskaerak egiteko epea. Funtsak agortzen direnean, EHAAn argitaratuko den HABEko zuzendariaren Ebazpen baten bidez jakinaraziko da, eta horrek berarekin ekarriko du dirulaguntza berriak bertan behera uztea. 2025ari dagokiona agortzen bada, 10.2 oinarriaren arabera jokatuko da.

Bigarren oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) A1 mailako ikasleen kasuan, A1 mailako ikastaro batean A0A0 edo A1A0 abiapuntu-mailarekin matrikulatu izana; A2 mailako ikasleen kasuan, A2 mailako ikastaro batean A1A1 edo A2A1 abiapuntu-mailarekin matrikulatu izana, eta C1 mailako ikasleen kasuan, C1C1 helburu-mailarekin eta abiapuntu-maila jakin batekin matrikulatu izana.

HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean aurrez aurreko ikastaroren batean edota autoikaskuntzako nahiz jardun biko ikastereduko ikastaroren batean matrikulatu izana 2025-2026 ikasturtean, eta aldez aurretik, A1 edo C1 mailako ikasleei, hurrenez hurren, bideratutako dirulaguntza-lerroan parte hartu ez izana. Era berean, ezin izango dute parte hartu deialdi honetan 2024-2025ean A2A2 azpimaila lortu dutenek, ezta matrikula egiteko unean A1 edo A2 egiaztatua dutenek ere.

Horrez gain, eta C1 mailako ikasleen kasuan bakarrik, 16-18 urte bitarteko adina eduki beharko dute, eta deialdi honen ondoriotarako, jarraian adierazitako urte tarteetan jaiotakoak izan daitezke onuradun:

– 2025. urtean: 2007., 2008. eta 2009. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

– 2026. urtean: 2008., 2009. eta 2010. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

b) Matrikularen ordainketa: onuradun izateko baldintzak betetzen dituen eskari-egileak, matrikularen ordainketa partzial gisa, 0,60 euro ordaindu beharko dizkio euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuari, aukeratutako ikastaroaren ordu bakoitzagatik.

Eskari-egilearen inguruabar pertsonalak tarteko eta euskaltegiak hala ziurtatuta, ordaindu beharreko zenbatekoa orduko 0,60 euro baino baxuagoa bada, baldintza betetzat emango da, baldin eta eskaera-egileak ordaindu badu kasuan kasuko egoeraren ondorioz ordaindu behar duen zenbatekoa. Azken aukera hau, edonola ere, betekizuna betetzat jotzera soilik bideratzen da eta ez du dirulaguntzaren kopurua areagotuko.

c) Ikastaroen moduluak: ikasleak matrikula egiteko hautatzen duen ikastaroak nahitaez bete beharko ditu HABEko zuzendariak 2022ko abuztuaren 31n onartu zituen Ebazpenetako I. eranskinean ezarritako moduluen baldintzak, baita 2023ko abuztuaren 31ko Ebazpeneko I. eranskinekoak eta 2023ko azaroaren 17koak ere, bai euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek antolatutako ikastaroetan, bai udalen edo udal-erakundeen mendeko euskaltegiek antolatutako ikastaroetan ere. 2025-2026 ikasturterako HABEko zuzendariak onartzen dituen ebazpenetan aldaketarik badago ikastaroen moduluetan, aldaketa horiek aintzat izango dira ikastaroak antolatzerakoan.

d) Ikastaroan, gutxienez, HEOCaren A1, A2 edo C1 komunikagaitasun-mailetako trebetasunetako batean azpimaila bat aurrera egitea eta ikastaroan emandako orduen % 75era joatea. Trebetasunen bat aurreratu izana euskaltegiko zuzendariaren adierazpen baten bidez jasoko da.

Aipatutako aurrerapena lortu ezean edo ikastaroan emandako orduen % 75era joan ezean, ehuneko horretara heltzeko bete gabeko zatiari dagokion matrikularen diru-kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri «dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean, 20/2023 Legean aurreikusitako moduan. Asistentzia hori bete den neurtzeko, izena eman dutenetik ikastaroa amaitu arteko ordu guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta ikastaroan jarraitzea ezinezkoa egiten duen egoeraren bat ez badago (lan berri batekin bateraezintasuna, osasun-arrazoiak...). Horrelakoetan baja izan arteko orduak hartuko dira aintzat asistentzia-kalkuluak egiteko.

e) Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

f) Zigor eta administrazio arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne, betiere martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta bereziki, zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Horretarako, ikasleak eskari-formularioaren baitan erantzukizunpeko adierazpena egingo du, adieraziz egunean dituela zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak eta konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzen jarraitzeko diruz lagundutako ikastaroaren iraupena bukatu arte. Betiere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzearekin loturikoak ere betetzen direla egiaztatzeari buruzko Aginduaren 8. artikuluaren gerizpean.

h) Zigor penalik edo administratiborik ez izatea LGTBIfobia egiteagatik, bultzatzeagatik edo sustatzeagatik, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoak eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan ezartzen duen bezala.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

Hirugarren oinarria.– Dirulaguntzarako eskariak (I. eranskina) aurkeztea.

1.– Eskari-egileak eskabide-formularioa (I. eranskina) bete beharko du erakunde laguntzaile gisa hautatzen duen euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan. Formulario hori betetzen lagunduko diote euskaltegietako langileek. Eskabide-formulario horretan honakoak jasoko dira:

– Eskari-egilearen datuak eta NANa; eskari-egilea adin txikikoa bada, aitak, amak edo tutoreak sinatu behar du.

– Matrikularen prezioa edo zenbateko osoa (ikasleak ordaindu behar duen diru-kopurua kendu gabe).

– Eskari-egilearen izenpea edo sinadura (eskuzkoa edo elektronikoa). Eskari-egilea adin txikikoa bada, aitak, amak edo tutoreak sinatu behar du.

Eskari-formularioa euskaltegietan eskuratu ahalko du ikasleak zuzenean edo modu elektronikoan.

2.– Eskari-formularioarekin batera honako agiri hau aurkeztu behar du eskari-egileak: ikasleak ordaindu beharko duen ikastaroaren matrikula-zatiari dagokion ordainagiria. Matrikularen ordainketa ikastetxearen bitartez ala euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentro homologatuak egindako banku-kargua dela medio gauzatzen den kasuetan, legezko froga-balioa duten bestelako dokumentu kontableak aurkeztu eta txertatu beharko dituzte erakunde horiek HABEren Q87 izeneko sistema informatikoan.

Ikaslea matrikulatzen den unean, euskaltegiak ziurtatu egin beharko du, HABEk eskainitako datu-basea erabiliz, ikasle horrek ez duela aldez aurretik dirulaguntza-lerro honetan laguntzarik eskuratu.

3.– Dirulaguntzaren eskari-formularioa eta arestian aipatutako agiria ikaslea matrikulatuko den euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan aurkeztuko ditu eskari-egileak.

Laugarren oinarria.– Dirulaguntza-eskaria aurkezteko epea.

Eskari-egileak egin nahi duen ikastaroan matrikula egiten duenean aurkeztu beharko du dirulaguntza-eskaria.

Bosgarren oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Eskari-egileak aurkeztutako eskari-formularioan okerren bat badago edo agiriren bat ekarri ez badu, hala jakinaraziko zaio eskari-egileari, eta 10 eguneko epea emango zaio okerrak zuzen ditzan. Akatsak zuzendu ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da eta horrelaxe jasoko da bederatzigarren oinarrian aipatutako ebazpenean.

Seigarren oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitateari eta Ikuskatzailetzari dagokie deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

Zazpigarren oinarria.– Erakunde laguntzaileak.

1.– HABEko euskaltegien erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak izenda daitezke erakunde laguntzaile, aldez aurretik, horretarako eskaria eginez gero (II. eranskina) eta hitzarmena (III. eranskina) izenpetuz gero, eta betiere, zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak egunean edukiz gero.

2.– Deialdi honen babesean erakunde laguntzaileek eskainiko dituzten ikastaroek ondoren zehaztutako matrikula-prezioak izan ditzakete:

a) Aurrez aurreko ereduan:

– Udal-euskaltegi publikoen kasuan, udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle/orduko).

– Euskaltegi pribatuen aurrez aurreko ikastereduan matrikula-prezioa euskaltegi bakoitzak duen ikasle/orduko tasa izango da. Prezio horiek ezin izango dira ezaugarri bereko ikastaroetakoak baino garestiagoak izan.

b) Autoikaskuntza ikastereduan ikasten duten ikasleek ordainduko duten matrikula, gehienez, ikasteredu honetako gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina izango da.

– Udal-euskaltegi publikoen kasuan, udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle/orduko).

– Euskaltegi pribatuen autoikaskuntza-ikastereduan eta autoikaskuntza-zentro homologatuen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten matrikula, gehienez, gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina izango da.

Autoikaskuntzako ikasleek, gehienez, lehenengo oinarrian ezarritako dirulaguntza jasoko dute.

3.– Erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko dute HABErekin, non arautuko baitira erakunde laguntzaileek bere gain harturiko baldintza eta betekizunak. Horretarako, deialdi honetako II. eta III. eranskinak beteta aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko erregistro bidez.

4.– Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta matrikulatu diren euskara-ikasleen dirulaguntza-eskaerak kudeatu eta izapidetuko dituzte erakunde laguntzaileek. Deialdi honen hirugarren oinarriko dokumentazioa jaso eta baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, dagokion dirulaguntza aplikatuko dute matrikulan. Dirulaguntza-eskabidearen formulario-inprimakia (I. eranskina) eskatzaileak sinatu beharko du, eta adin txikikoa izanez gero, baita haren tutoreak ere, eskuz edo elektronikoki. Ondoren, jasotako eskabide-formularioak eta ordainagiriak (edo honen ordez, legezko froga-balioa duten bestelako dokumentu kontableak) HABEri igorriko dizkiote erakunde laguntzaileek Q87 aplikazio edo programa informatikoaren bidez, ondoren ezarritako epeetan.

– 2025eko azaroaren 14a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena abenduaren 19a baino lehen gauzatu ahal izateko).

– 2026ko apirilaren 17a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena maiatzaren 22a baino lehen gauzatu ahal izateko).

– 2026ko irailaren 15a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena urriaren 23a baino lehen gauzatu ahal izateko).

Halaber, aipatutako data horietarako (2025eko azaroaren 14a, 2026ko apirilaren 17a eta irailaren 15a) euskaltegi bakoitzak, arduradunak sinatuta, epe horretan dirulaguntza eskatu duten ikasleen zerrenda bidaliko dio HABEri. Zerrenda horretan ondoko hauek agertuko dira: ikaslearen izen-abizenak, NANa, ikastaroaren truke ikasleak ordaindu beharko lukeena (udal-euskaltegietan, udalak onartutako prezio publikoen arabera), ikasleak ordaindu duen kopurua, eta ikasleak HABEtik jaso beharko lukeen dirulaguntza.

Horrez gain, euskaltegiko zuzendariak zerrenda bat osatuko du. Bertan trebetasunen batean aurrerapena lortu duten ikasleak azalduko dira. Horretarako bi epe izango dira:

– 2026ko uztailaren 17rako, 2025eko urritik 2026ko ekainera arte aritutako ikasleen zerrenda.

– 2026ko urriaren 16rako, 2026ko uztailetik irailera arte aritutako ikasleen zerrenda.

Ez da onartuko epe horiek igaro ondoren bidaltzen den aurretiazko matrikularik. Halakoetan, euskaltegiaren edota euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuaren kontura izango da matrikula horri dagokion dirulaguntza, eta ezingo zaio kostu hori ikasleari jasanarazi.

5.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, erakunde laguntzaile izendatzeko egintza eman aurretik. Betetze horri eutsi beharko zaio lankidetza zehazteko sinatzen den hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

HABEk, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, dokumentu horiek zuzenean eskatuko dizkie organo eskudunei. Erakunde interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

6.– Erakunde laguntzaileek ezin izango dute zehapen penal edo administratiborik jaso LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzeagatik, bihurketa-terapiak sustatu edo egiteagatik, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan ezartzen den bezala.

Zortzigarren oinarria.– Ikastaroen dirulaguntza.

Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ezarria duen matrikula-prezio osoari 2. oinarriaren 1.b) atalean ezarritako 0,60 euro/orduko diru-kopurua kenduko zaio (ikaslearen aurretiazko ekarpena), kontuan hartuta matrikula-prezioak 7.2 oinarrian aurreikusitako mugen barruan ezarri behar direla. Ikasleak matrikulatzeko unean ikastaro bera egiteagatik beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, HABEren dirulaguntza kopuru berean gutxituko da.

Barnetegiek antolatutako ikastaroen prezioan ez dira sartuko pentsio-gastuak.

Bederatzigarren oinarria.– Ikasleen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.

1.– Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak euskara-ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu eskabide-formularioan zehaztutako zenbatekoari jarraikiz (3. oinarriaren 1. puntua), zazpigarren oinarriaren 2. puntuan jasotako prezio-mugen baitan dauden matrikula-prezioak oinarritzat hartuz eta erakunde laguntzaileek onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Ebazpenak epe hauetan eman eta jakinaraziko ditu HABEko zuzendariak:

2025. urtean abiatutako ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak 2025eko abenduaren 19a baino lehen ebatziko dira. Horretarako, zazpigarren oinarriaren 4. atalean ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda HABEren Q87 sistema informatikoan.

2025. urtean hasitako ikastaroetan beranduago matrikulatu diren ikasle berrien dirulaguntza-eskariak eta 2026. urtean zehar abiatu diren ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak 2026. urtean ebatziko dira, zazpigarren oinarriaren 4. atalean adierazitako egunetan (hau da, maiatzaren 22an eta urriaren 23an). Horretarako, laugarren oinarrian ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda datuak HABEren sistema informatikoan (Q87).

Ebazpen hauek interesdunei jakinaraziko zaizkie Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa eta Q87ko aplikazioan ikasle bakoitzaren esparruan argitara emanez. Emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, HABEren webgunean argitaratuko da (www.habe.euskadi.eus).

2.– Dirulaguntzaren esleipen-ebazpenean eskari-egileari eman zaion dirulaguntza-kopurua zehaztu behar da eta arrazoituta adierazi behar da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, hala gertatuz gero.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web-orrian argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta interesdunek horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Hamargarren oinarria.– Matrikula-dirulaguntzaren kudeaketa ekonomikoa.

1.– Ikasleak egindako matrikula bakoitzagatik ikastaroa eman duen erakunde laguntzaileak jasoko du zuzenean HABEtik matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatia, ikasle onuradunaren kontura eta haren izenean.

2.– Lehenengo oinarrian ezarritako zuzkidura, edo, hala badagokio, oinarri horretan aurreikusitako gehikuntzaren ondoriozkoa, ez bada nahikoa 2025eko azaroaren 14an egindako eskabideei dagozkien laguntza guztiei erantzuteko, hala ezin direnak 2026an esleituko dira, lehenengo oinarrian jasotako zuzkiduraren kontura edo, hala badagokio, oinarri horretan aurreikusitako gehikuntzaren ondoriozkoaren kontura.

Ordainketa hori ikasleek HABErekin edo Eusko Jaurlaritzarekin egiteke dituzten prozedura betearazleen ondorioz konpentsatzen bada, HABEk egoera horren berri emango dio eragindako euskaltegiari eta konpentsatutako kopurua ikasleari ordaindu beharreko guztizko kopurutik kenduko da eta ikasleak euskaltegiari ordaindu beharko dio.

Laguntza-eskaria aurkezteak euskaltegiari egoera horren berri ematea onartzea dakar.

Euskaltegi eta autoikaskuntza-zentro homologatuek HABEtik hiru alditan jasoko dituzte ikasleen matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatiaren zenbatekoak, ikasleen kontura eta haien izenean, 7.4 oinarrian zehaztutako epeetan, betiere 9. oinarrian adierazitako dirulaguntza esleitzeko ebazpenak eman eta jarraian. Horietako ordainketa bakoitza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez.

Hamaikagarren oinarria.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, 2024-2025 ikasturtean euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duen HABEko zuzendariaren 2025eko ekainaren 17ko Ebazpenaren bidez egindako deialdiaren babesean aitor daitezkeenak barne, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, baldin eta deialdi honen xede den gaiari atxikitzen bazaio.

Dirulaguntza-deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar ikasle den eskari-egileak berariaz ontzat eman dituela oinarri hauek, eta baimena ematen diola batetik, HABEri, gainfinantzaketa hori egon den ziurtatzeko beharrezkoa den informazioa eska diezaien gainerako administrazio publikoei, eta bestetik, azken hauei, informazioa HABEri emateko ere.

Hamabigarren oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

– Errendimendu akademikoari buruz ikasleak konpromisoa hartuko du matrikulatu den ikastaroko klaseetara joateko eta bertaratzeko, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan, bigarren oinarriaren d) atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Gutxieneko bertaratze hau bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru-kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «aitortutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Halaber, ikasleak ikastaroa amaitu aurretik baja emanez gero, ikastaroa amaitu arteko gutxieneko bertaratzearen baldintza bete gabe, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru-kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «aitortutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean.

– Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeei eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzari men egin beharko dio, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurriei ere men egin beharko die.

– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

– Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

– Era berean eskari-egileak baimena ematen dio HABEri bere datu akademikoak euskaltegiei emateko deialdi honen kudeaketa bideratzeko.

– Oinarri honetako d) eta e) letretan aipatutako jakinarazpenak jakinarazi beharreko gertaera jakin bezain laster egin beharko dira, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.

Hamahirugarren oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta horiek ebatzi ondoren kanpoko beste dirulaguntzarik eskuratzeak HABEri horren berri ematea ekarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntza aldatzea ere, betiere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan, edo onuradun izateko baldintzak mantendu ez diren proportzioan.

Hamalaugarren oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEko zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita horien tratamendua mugatzeko nahiz horien aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek beren datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala