Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2025eko irailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
3773

EBAZPENA, 2025eko irailaren 1ekoa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baitira garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka, 2025erako.

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuak (2017ko martxoaren 24ko EHAA, 59. zk.) garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak arautzen ditu. Dekretu horren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2025eko beken deialdia egin behar da.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2025eko martxoaren 14ko bileran, erabaki zuen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea aurtengo beken deialdia eta horiek emateko oinarrizko irizpideak onartzea.

Lankidetzaren arloko profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eta 2025-2026ko Bi Urteko Jarduera Planaren barruan sartzen da (Kontseilu Errektoreak onartuak, 2025eko urtarrilaren 22ko eta martxoaren 14ko bileretan). Dirulaguntzen Plan Estrategikoak lehentasunezko arloen artean du agenteak indartzea. Hala, beka-deialdiak helburu hori lortzen lagunduko du, gazteei garapenerako lankidetzaren arloan espezializatzeko aukera emanez.

Beka-deialdia, gainera, bat dator eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak 2025-2026ko Bi Urteko Planean jasotako azken helburuekin.

Bai Dirulaguntzen Pan Estrategikoa eta bai 2025-2026ko Bi Urteko Plana eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren webgunean argitaratuta daude (www.elankidetza.euskadi.eus), «Nor gara?» atalean, «Plangintzan».

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera, I. eranskinean jasotako oinarri arautzaileak onartzea, eta garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia egitea 2025erako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluarekin bat etorriz, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2025erako beketarako deialdia egiten duen ebazpen hau osorik argitaratu behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietarako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak xedatutako arau orokorrak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 1a.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNÁNDEZ.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Deialdi honen xedea da garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka ematea 2025erako. Beka horiek arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren hitzaurrean adierazitakoaren arabera, beken helburua da gazte profesionalek garapenerako lankidetzaren eremuan dituzten gaitasunak, ezagutzak, prestakuntza eta espezializazioa garatzen laguntzea. Prestakuntza hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren aretoetan emango da.

2.– Hauek izango dira beka bakoitzaren espezializazio- eta prestakuntza-eremuak:

a) Giza eskubideak defendatzen dituzten komunitate, antolakunde eta pertsonak babestea. Hau da, ezagutza sortzea; babesaren gaineko ekimenei laguntza ematea, eta babes eta eragin politikoaren alde komunikatzea.

b) Ekintza humanitarioa. Antolakunde humanitarioak indartzea; krisi humanitarioak jasan dituzten komunitateak eta pertsonak babestea; euskal herritarrak sentsibilizatzea; eta agenteak koordinatzea.

c) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta komunikazioa. Prestakuntza eman eta gaitasunak sortzea; heziketaren arloan eragiteko eta komunikatzeko zereginak betetzea; erakundearteko eremua koordinatzea; eta ikaskuntzaren kultura sustatzea.

d) Garapenerako lankidetzan aritzea Afrikan. Afrikako kontinentean garapenerako lankidetzan jarduteko gaitasun espezializatuak sortzea eta horretarako prestakuntza ematea.

2. oinarria.– Onuradunak.

Beken onuradun izan daitezke Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako inguruabarretan ez dauden eskatzaileak, baldin eta laguntza hauek arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 2. artikuluko betekizunak betetzen badituzte:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

b) Unibertsitate-ikasketen titulu ofiziala izatea.

c) Gehienez 28 urte izatea 2025eko urtarrilaren 1ean.

d) Gutxienez urtebeteko esperientzia izatea garapenerako lankidetzan edo garapenerako hezkuntzan; ahal dela, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde batean.

e) Aurrez ez izatea beka hauen onuradun edo unibertsitate-ikasketadunei bideratutako garapenerako lankidetzaren alorreko beste prestakuntza-beka batzuen onuradun, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

Beka hauek bateraezinak dira edozein lan ordaindu egitearekin eta garapenerako lankidetzaren eremuan unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonei zuzendutako bestelako prestakuntza-bekak jasotzearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.

3. oinarria.– Zuzkidura ekonomikoa eta beken zenbatekoa.

1.– Gehienez 90.600,00 eurokoa da iragarritako beka-programaren zuzkidura ekonomikoa.

2.– Onuradun bakoitzak hogeita bi mila (22.000,00) euroko beka jasoko du gehienez (zenbateko gordina); zenbateko horrek barnean hartzen du bekaren onuradunak Gizarte Segurantzari kotizazioengatik ordaindu behar dion zatia. Honela ordainduko da beka:

– Espezializazio- eta prestakuntza-aldiaren lehenengo hamaika hilabeteetan, 1.666 euroko zenbateko gordina jasoko dute hilean, eta azkeneko hilabetean, berriz, 1.674 euro kobratuko dituzte; hau da, guztira 20.000,00 euro.

– Gainerako bi mila (2.000,00) euroak honetara bideratuko dira: martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 14.2.c) artikuluan aipatzen den planean sartuta egonik, onuradunek eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren esparrutik kanpora garatu behar dituzten espezializazio- eta prestakuntza-jardueretara. Ordainketa egingo da bekadunaren gainbegiraleak prestakuntza- eta espezializazio-jarduera bakoitza onartu ondoren –onuradunak proposatzen duenean egitea jarduera hori–, dagokion faktura aurkeztuta, eta bi mila (2.000,00) euro gordineko mugarekin.

3.– PFEZari eta Gizarte Segurantzari dagozkien araubideen mende egongo dira jasotako zenbatekoak, hala dagokionean.

4.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ordainduko ditu beken onuradunei eragiten dien Gizarte Segurantzako araubide berezia aplikatuz dagozkion kopuruak; aurreikuspenen arabera, 2.600 euro.

4. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (izapideak, laguntzak eta dirulaguntzak atalean), eskuragarri dagoen inprimaki-eredu normalizatua erabiliz. Eskabidea telematikoki bete beharko da, oso-osorik.

3.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, «Deialdiak» atalean.

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

5.– Eskabidean eskatzailearen sinadura elektroniko aitortua agertuko da. Hala ere, eskatzaileak ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduera guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko du:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko dena.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Beka-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira (gaztelaniaz edo euskaraz).

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar berekin.

5. oinarria.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eredu normalizatuko eskabide-inprimakia osorik bete behar da telematikoki, eta eskatzailearen datu pertsonalak eta eskatu diren beka-espezialitateak jasoko dira bertan.

2.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat ere barne hartuko du, non eskatzaileak onartuko baitu bekaren onuradun izateko eskakizun hauek betetzen dituela:

a) Xede eta helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo jaso ez izana beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batetik.

b) Laguntza eskuratzeko baldintzak betetzea eta hori horrela dela egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea, baita eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agiri guztietan jasotako datuen ziurtasuna eta zehaztasuna bermatzea ere.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penalik ez izatea. Zehazki, ez izatea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, salbu eta zehapenean ezarritako aldia igaro bada.

d) Ez egotea zenbait legek (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea) jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da), eta hitzematea betebehar hori betetzen jarraituko duela, harik eta emandako laguntza osoa justifikatu arte.

f) Ez izatea zehapenik ezarrita Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

3.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Garapenerako lankidetzaren edo garapenerako hezkuntzaren eremuan gutxienez urtebeteko esperientzia edukitzea egiaztatzen duten agiriak. Baldintza hori egiaztatzeko, lan-bizitzaren kopia digitalizatua aurkez daiteke, edo, bestela, langile edo boluntario gisa aritutako entitatearen ziurtagiria. Entitatearen ziurtagiria baliatuz gero, zehatz adierazi beharko da eskatzaileak hilean zenbat ordu lan egin dituen edo zenbat ordu aritu den boluntario gisa.

Ez da inoiz kontuan hartuko eskatzaileak beka-eskabide normalizatuko dagokion apartatuan adierazi duen garapenerako lankidetza edo hezkuntzaren arloko esperientzia baino aldi luzeagoa.

b) Justifikazio-agiriak, 7. oinarrian ezarritako gainerako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: egindako lanak eta argitalpenak, ikasketak edo ikastaroak, eta ingelesaren edo frantsesaren ezagutzaren egiaztagiriak.

Garapenerako lankidetza edo hezkuntzaren eremuko ikastaroen egiaztagiriek datu hauek bildu behar dituzte: ikastaroaren izenburua, ikastaroa eman duen entitatea, ikastaroaren datak eta zenbat ordu izan diren.

Eskatzaileak ez badu eskabidean baimenik ematen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak zenbait alderdi egiazta ditzan, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

NANaren kopia digitalizatua.

Euskal Autonomia Erkidegoko erroldaren kopia digitalizatua, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa.

Unibertsitate-tituluaren kopia digitalizatua.

Euskararen ezagutza egiaztatzen duen tituluaren kopia digitalizatua.

Ez da nahitaezkoa izango eskaera honekin lotutako dokumentazioa berriz aurkeztea, baldin eta aurretik entregatu bada eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzian eta indarrean jarraitzen badu; eskatzaileak, betiere, zer espedienteren barruan entregatu zen zehaztu beharko du.

6. oinarria.– Hautaketa-batzordea.

1.– Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9. artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

Alazne Camiña Izkara andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburua izango da.

Santiago Ramírez Cameno jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekide eta idazkari jardungo du.

Mónica Fernández Vidal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekide jardungo du.

2.– Hautaketa-batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, hauek izango dira ordezkoak:

– Batzordeburua: Iker Del Río Lahidalga jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: María Pilar Díez Arregui andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

– Batzordekidea: Maite Garmendia Eguinoa andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

7. oinarria.– Balorazio-irizpideak:

Balorazio-irizpideak martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira:

1.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren gaineko ezagutza akademikoak, 20 puntu gehienez.

2.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren arloko ibilbide profesionala, 20 puntu gehienez. Lan ordaindua eta boluntario-lana berdin baloratuko dira; bata zein bestea egiaztatzeko, lan-bizitzaren ziurtagiria edo lana edo boluntariotza egin den entitatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, non jasoko baita eskatzaileak hilean zenbat ordu lan egin dituen edo zenbat ordu aritu den boluntario gisa. Balorazio-irizpide gisa puntuak jaso ahal izateko (martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 10.2 artikulua), hilean gutxienez zortzi orduz aritu behar izan da lanean edo boluntario gisa. Behin egiaztaturik hileko gutxieneko ordu kopuru hori betetzen dela, hilabeteko esperientzia zenbatuko da.

Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren edo lankidetzaren eremuan soldatapeko langile gisa edo boluntario gisa aritzeagatik izandako ibilbide profesionala baloratzeko, ez da inoiz hilean 0,4 puntu baino gehiago esleituko, nahiz eta egiaztatu hil berean hainbat antolakundetan aldi berean aritu izana –dela langile gisa, dela boluntario gisa–.

3.– Eskatzailearen profil akademiko-profesionalaren egokitasuna 25 punturekin baloratuko da gehienez: eskatu duen bekaren –edo beken– espezializazio-eremuetan izandako esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak hartuko dira aintzat.

4.– Euskaraz jakiteagatik 15 puntu emango dira gehienez, irizpide hauen arabera:

B1: 5 puntu.

B2: 10 puntu.

C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

5.– Atzerriko hizkuntzengatik 20 puntu emango dira gehienez. Ingelesa eta frantsesa baloratuko dira; honela:

B1: 5 puntu.

B2: 10 puntu.

C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

8. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

Balorazio-batzordeak eskabideen azterketa teknikoa eta balorazioa egingo ditu, eta, ondoren, txostena idatziko du, ebaluazioaren emaitza jasotzeko.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak ere txostena idatziko du, non adieraziko baita eskura dagoen dokumentazioaren arabera ondoriozta daitekeela onuradunek betetzen dituztela laguntza jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak; halaber, deialdia ebazteko proposamena egingo du zerbitzu horrek.

Ez bada kontuan hartu behar interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik, ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

Ezin bada ofizioz egiaztatu erantzukizunpeko adierazpenean jasota dauden zenbait alderdi egiazkoak direla, organo kudeatzaileak hamar egun balioduneko epea emango die laguntzaren onuradun izateko proposatu diren pertsonei, agiri bidez berrets ditzaten alderdi horiek.

Epea igaro eta agiriak aurkeztu ez badira, ukatu egingo da eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera ebazpena eman eta gero.

9. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, ebazpen-proposamena aztertu ondoren, dagokion ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Deialdiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik egin ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute beka-eskaera, hargatik eragotzi gabe eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak berariaz ebazteko duen betebeharra.


Azterketa dokumentala