
168. zk., 2025eko irailaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3760
AGINDUA, 2025eko uztailaren 24koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Noa-Bijou izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2024ko azaroaren 15ean, Fundación Noa-Bijou fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan.
Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.
Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, eta honela dio hitzez hitz:
1.– Animaliak defendatu eta babestea, animalien ongizaterako zentro bat sortuz, gune zoologiko gisa funtzionatuko duena etxeko animaliei zein basa-faunari arreta emateko.
2.– Ingurumena defendatu, babestu eta sustatzea, baliabide naturalen zentzuzko erabilera sustatuz, uraren kontsumo arduratsua sustatuz, eta energia garbi eta berriztagarrien, birziklatzearen eta abarren erabilera sustatuz.
3.– Lehen sektorearen sustapen jasangarria, nekazaritza ekologikoa eta abeltzaintza jasangarria sustatuz.
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.100 euroko diruzko ekarpena da.
Jarduteko lurralde-eremua, nagusiki, Bizkaiko Lurralde Historikoa izango da, baina lurralde horretaz gain etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko edo Espainiako Estatuko beste lurralde historiko batzuetara ere zabaldu ahal izango da.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru kidek osatuko dutela.
Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta zuzenketetan jasota daude:
● Presidentea: Sonia Martinez Echebarria andrea.
● Idazkaria: Francisco Javier Sáez de Buruaga Loreto jauna.
● Diruzaina: David Martinez Echevarria jauna.
Lehenengo patronatu hori epe mugagaberako izendatu da, fundazioaren estatutuetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Patronatuko kideak kargutik kentzea eta kide berriak izendatzea estatutuen 9. eta 10. artikuluetan arautzen da.
2025eko uztailaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskribatzeko eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena egin zuen, aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2025eko uztailaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Noa-Bijou izeneko fundazioaren eraketa, F-509 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Francisco Regalado Marichalar notarioaren aurrean 2024ko ekainaren 27an emandako eskritura publikoan ezarritako moduan eta bat etorriz 2024ko urriaren 22an nahiz 2025eko maiatzaren 22an egindako zuzenketekin (protokolo-zenbakia: 689.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 24a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS