Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2025eko irailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3750

EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 28koa, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena, Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu- eta antolaketa-araubideari buruzko dekretu-proiektuaren entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egiteko dena.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu- eta antolaketa-araubideari buruzko dekretu-proiektua egin du. Proiektua Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean ezarritakoaren arabera izapidetu behar da.

Legeak agindutakoari jarraituz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, 2025eko ekainaren 27an, dekretu-proiektu hori egiteko prozedurari hasiera emateko agindua onartu zuen. Era berean, 2025eko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez dekretu-proiektuaren testuari aldez aurreko onarpena eman zitzaion.

6/2022 Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, entzunaldi eta informazio publikoko izapideak beti egin behar dira herritarren eskubide edo interes legitimoak zuzenean ukitzen badira, eta, betiere, artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-arrazoiren bat ematen ez bada.

Horiek horrela, Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu- eta antolaketa-araubideari buruzko dekretu-proiektuaren entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egingo dira, eta hilabeteko epea emango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko otsailaren 11ko 38/2025 Dekretuaren 6.1.a) artikuluak ematen didan eskudantzia baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu- eta antolaketa-araubideari buruzko dekretu-proiektuaren entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egitea, hilabetez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutako ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, dekretu-proiektuaren testua eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Hirugarrena.– Alegazioak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/helbidean, eta aurrez aurre, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua I eraikina, 8. solairua), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan ere, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari zuzenduta.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 28a.

Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria,

CLARA NAVAS ROMANO.


Azterketa dokumentala