
167. zk., 2025eko irailaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (420 KB - 56 orri.)
- EPUB (2604 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3747
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita eta ingurumen-baimen bakarra ematen baitzaio material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegi-instalazioari, Barbachano SLk sustatuta, Arritugane errepidea z.g. (Artebakarra gaina) helbidean, Mungiako udal-mugartean (Bizkaia).
AURREKARIAK
2013ko urtarrilaren 21ean, Mungiako Udalak obra-lizentzia eman zion Barbachano SL enpresari, Mungiako Artebakarra parajean 239 eta 240 lurzatietan betelan bat egiteko, 49.543 m2-ko azaleran lur naturaleko indusketetatik etorritako lur eta arroken 484.297 m3 baino bolumen txikiagorako.
2018ko maiatzaren 3an, Mungiako Udalak jarduera-lizentzia eman zion Barbachano SLri, Artebakarran egin beharreko lur eta arroken betelana handitzeko, Mungiako 19. poligonoko 186, 239 eta 240 lurzatietan.
2018ko maiatzaren 29an, Mungiako Udalak obra-lizentzia eman zion Barbachano SLri, Artebakarrako 19. poligonoko 186, 239 eta 240 lurzatietan lur eta arroken betelana handitzeko.
2019ko irailaren 20an eta 2020ko ekainaren 25ean, Uraren Euskal Agentziak eta Mungiako Udalak Barbachano SLren aldeko txostena egin zuten, betelana bigarren aldiz handitzeko, eta Mungiako Udalak betelan osoari buruzko obra- eta jarduera-proiektu bat aurkezteko eskatu zion Barbachano SLri.
2021eko abenduaren 31n, abenduaren 9ko 10/2021 Legea argitaratu zen, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
2024ko martxoaren 4an, 2024ko urriaren 3an, 2024ko azaroaren 13an eta 2024ko abenduaren 13an, Barbachano SLk ingurumen-baimen bakarraren eskabidea egin zuen, Mungiako (Bizkaia) udal-mugartean egungo lur eta arroken betelan baimenduaren bigarren handitzea egiteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
– Eskabidea.
– Memoria teknikoa.
– Planoak.
– Dokumentazio sektoriala: airea, urak, zarata, hondakinak, lurzoruak.
– Laburpen ez-teknikoa.
– Ingurumen-dokumentua.
– Erantzukizunpeko adierazpena.
– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura taxutu beharrez, 2025eko urtarrilaren 8an hasiera eman zitzaion tartean ziren Administrazio publikoei eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz interesa duten pertsonei kontsultak egiteko izapideari. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatutakoan, zenbait organismoren txostenak jaso ziren, eta haien emaitza espedientean dago jasota.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua ezartzea da.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta ezabatu egiten ditu jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridiko eta administratiboak. Era horretan, Administrazioak esku hartzeko sistema berri bat ezartzen da legearen I.B eranskinean jasotako jarduera eta instalazioetarako, ingurumen-inpaktuei aurrea hartzeko neurri guztiak bilduko dituen administrazio-ebazpen bakarreko prozedura bakarra egon dadin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-baimen bakarraren mende egongo da I.B eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten titulartasun publikoko edo pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, baimen hori instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da beti, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie II. eranskinean zerrendatutako proiektuei; haien artean daude, II.E eranskineko E9 9.c.) taldean Ibaietatik, lehorretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lehorreko instalazioak, hektarea bat edo azalera handiagoa hartzen badute.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen bigarren xedapen iragankorrak araua indarrean jartzerako bazeuden jarduerek jarraitu beharreko prozedura eta epeak arautzen ditu, arau horretan jasotako baimen-araubide berriaren mende jarri behar baitira.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz, instalazioek beren ingurumen-titulu gaitzailean jasota ez dauden aldaketak egin badituzte, titulu horiei dagokienez egindako aldaketen azalpen-memoria bat bidali beharko da, ingurumen-organoak erabaki dezan instalazio horrek ingurumen-baimen bakarra lortzeko prozedura izapidetu behar duen.
Ingurumen-baimen bakarraren bitartez, egintza bakarrean bilduko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz egindako administrazio-prozedura bakarrean, hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurien baimenak eta atmosferara eginiko isurpenen baimenak, eta dagozkien isurpenen muga-balioak ezarriko dira, aplikatzekoa den araudi sektorialak xedaturikoaren arabera.
Barbachano SLren kasuan, baimen horiek, ingurumenaren arloko beste zehaztapen batzuez gain, honako baimen hauek behar dituzte: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeari buruzkoa, hondakinak sortzeari buruzkoa, eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste Administrazio eta organismo eskudun batzuek ere nahitaezko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.
Instalazioaren balizko gai kutsagarrien emisioen muga-balioak nahiz instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk ezartze aldera, eta ingurumena oro har ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egiterakoan kontuan hartu dira teknika erabilgarri onenen erabilera, baita aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak ere.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23. artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bakarraren eraginpean dagoenean, bateratu egingo dira bi araubideei dagozkien administrazio-prozedurak. Gainera, ingurumen-inpaktuaren txostenaren edukia ingurumen-baimen bakarraren parte izango da, eta administrazio-egintza berean egingo dira bi adierazpen horiek.
Ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktuari buruzko jarduerak ingurumen-baimen bakarraren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen inpaktu guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den zehazteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik. Ebazpen honetan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozesu horren emaitza jasotzen da, ingurumen-inpaktuaren txostenaren formulazioaren bidez, bigarren eta hirugarren apartatuetan. Txosten horretan zehazten denez, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurri guztiak eta ingurumen-inpaktuaren txostenean bertan adierazitakoak gauzatuz gero, ez da aurreikusten proiektuak ingurumenean eragin negatibo nabarmenik eragingo duenik. Hori dela-eta, ez da beharrezkotzat jotzen Mungiako (Bizkaia) Artebakarra gaineko egungo betelanaren bigarren handitzea egiteko proiektuari dagokionez ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, laugarren xedapen iragankorrean, baimenen eta komunikazioen araubide iragankorra jasotzen du, eta hau zehazten du: «autonomia-erkidegoek lege honetan ezarritakora egokituko dituzte lehendik dauden instalazioen eta jardueren baimenak eta komunikazioak, edo legea indarrean jarri aurretik aurkeztutako eskaerak eta komunikazioak, legea indarrean jarri eta hiru urteko epean».
Horregatik, eguneratu egin behar da hondakinak kudeatzeko baimena, eta arau horretara egokitu.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluak, «Ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren edukia» izenekoak, honako hau ezartzen du bigarren apartatuan:
«2.– Ingurumen-baimen bakarrak honako hau jasoko du, gutxienez:
a) Substantzia kutsakorretarako isurpenen mugako balioak eta, hala badagokio, lurzorua eta lurpeko urak babestea bermatzen duten preskripzioak.
b) Instalazioak sortutako hondakinen kudeaketarako erabiliko diren prozedura eta metodoak, hondakinen kudeaketarako hierarkia kontuan izanda.
c) Hala badagokio, erkidego arteko edo mugaz gaindiko distantzia luzeko edo mugaz gaindiko eremuetan ondorio negatiboa duen kutsadura minimizatzea bermatzen duten preskripzioak.
d) Isurpen eta hondakinak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurketa-metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.
e) Ingurumenari eragin diezaioketen eta normalak ez diren egoeretako ustiapen-baldintzei buruzko neurriak, hala nola abian jartzea eta geratzea, ihesak, funtzionamendu-akatsak eta aldi baterako geldialdiak.
f) Instalazioaren itxiera egiteko baldintzak.
g) Aplika daitekeen legedi sektorialak ezarritako edozein neurri edo baldintza, edo Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak arrazoituta emandakoak.»
Horrela, bada, bidezkoa da baimenaren edukian jasotzea beste hainbat alderdi ere, instalazioa gaitzen duten tituluak ematen dituen arautu ez dituen arren, gaur egun Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak ezartzen duen ingurumen-baimen bakarraren edukiko parte direnak.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita ezabatzea arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barbachano SLri (egoitza soziala: Diputazio kalea 6, 1. esk., 48009 Bilbo – Bizkaia; IFK: B95382461) ingurumen-baimen bakarra ematea, Arritugane errepidea z.g. (Artebakarra gaina) 48100 Mungia (Bizkaia) helbidean material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegia instalatzeko, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Bigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Barbachano SLk Mungiako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegiaren jarduerarako, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Hirugarrena.– Zehaztea bigarren puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez diren heinean–, ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Barbachano SLk Mungiako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegi-instalaziorako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta.
Laugarrena.– Ez-funtsezko aldaketatzat hartzea Barbachano SLk jakinarazitako lur eta arroketako egungo betelan baimendua bigarrenez handitzeko proiektua, material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegiaren jardueran.
Bosgarrena.– Ebazpen honen eranskinetan zehazten diren baldintzak eta eskakizunak ezartzea Barbachano SLk Mungiako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegiaren instalazioa egokitzeko obretarako, ustiapenerako eta jarduteari uzteko.
Baldintza orokorren eranskinean ezarritako eskakizunak alor horretarako xedapen orokorrak onestu bitartean egongo dira indarrean.
Seigarrena.– AAU01161 erregistro-kodea eta NIMA 4820215440 esleitzea Barbachano SLk Mungiako (Bizkaia) Arritugane errepidea z.g. (Artebakarra gaina) helbidean ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 510583, Y: 4.796.933.
Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen bakar honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.
Zortzigarrena.– Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko aurretiazko baimen sektorialak indarrik gabe uztea, hala badagokio. Era berean, ebazpen honen berri emango zaie baimen honetan gehituta geratu diren gainerako lizentzia edo baimenetako organo eskudunei, ondorio egokiak izan ditzaten.
Bederatzigarrena.– Barbachano SLri eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, honako kontu hauei:
Sei hilabeteko epean, honako hauek aurkeztu beharko dira:
– Lurpeko urak kontrolatzeko piezometroak egitea, horien exekuzioaren deskribapen zehatza (planoan behin betiko sakonera eta kokapena jasoz) eta lehenengo buletin analitikoa igortzea.
– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena eguneratzea, Lurzorua-BP atalean adierazitakoaren arabera.
Instalazioa egokitzeko jarduketak amaitutakoan, instalazioak hondakinak isurtzeko jarduerari ekiteko gaituta daudenean, eta hasiera eman aurretik:
– Proiektuaren egokitzapena, BO-Obrak ataleko baldintzak barne.
– Mungiako Udalak 2024ko abuztuaren 7an egindako txostenean adierazitako eskabideak aurkeztu izanaren justifikazioa (basogintzaren arloko organo eskudunaren baimena, AESAren baimena, errepideak, jabari publiko hidraulikoko obrei buruzkoa).
– Finantza-azterketa eguneratzea, baimen honetan ezarritako eskakizunak kontuan hartuta.
– Hondakinen kudeaketa-BP atalean aipatutako fidantza aurkeztea.
– Hondakinen kudeaketa-BP atalean zehaztutako erantzukizun zibileko asegurua (600.000 euro), 646/2020 EDren arabera.
Dokumentazio hori aurkeztutakoan, orduan jarriko da martxan jarduketa. Nolanahi ere, Administrazio publikoek beren eskumenen arloetan egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-gaitasunak baliatu ahal izango dituzte.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.
Eskatutako dokumentazio hori guztia «Nire Karpeta» atalaren bidez aurkeztuko da, AAU01161_SOL_2024_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Hamargarrena.– Hiru urtekoa da ebazpen honetan baimendutako aldaketaren jarduera hasteko epea.
Hamaikagarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 46. artikuluan (funtsezko aldaketak) edo 47. artikuluan (ez-funtsezko aldaketak) ezarritakoaren ondorioetarako, artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko dokumentazioaren kasuan, ingurumen-organoak aztertu eta kalifikatu egingo du eskatutako aldaketa, eta funtsezkoa den edo ez ebatziko du.
Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamabigarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Barbachano SLk aldaketa horien berri emango du.
Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bakarraren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.
Aurrekoa gorabehera, ebazpen honetan hondakinak tratatzeko jarduerari buruz jasotako baldintzen indarraldia automatikoki berrituko da zortzi urtean behin, agintari eskudunek aldeko ikuskapena egin ondoren. Era berean, atmosfera kutsa dezaketen jarduera gisa baimena behar duten jardueren baldintzen indarraldia automatikoki berrituko dira zortzi urtean behin.
Ingurumen-baimen bakarraren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako emisioen muga-balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.
b) Isurtzeak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili beharra dagoenean.
d) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lortu litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra dagoenean; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen denean.
h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera, aldaketa beharrezkoa dela ondorioztatzen denean.
i) Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 261. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako arrazoien arabera, isurtzeko baimena berrikusi eta ezeztatu ahal izango da.
Ingurumen-baimen bakarra berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamalaugarrena.– Organo honi jakinarazi beharko zaio instalazioak aldi baterako edo behin betiko utzi direla edo itxi egin direla, hartutako edo hartuko diren neurriak eta denbora-sekuentzia zehaztuz, kutsadura-arrisku oro saihesteko.
Ulertuko da jarduera behin betiko utzi dela, baldin eta urtebeteko epean ez badu jarduera garatzen, eta titularrak ez badio organo honi komunikazio frogagarririk bidaltzen, egoera horren arrazoiak behar bezala azaltzeko.
Hamabosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, ebazpen honen xede den material natural induskatuetarako hondakin geldoen zabortegiaren jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, Barbachano SLk aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onets dezan.
Kasu horretan, hondakinak kudeatzeko jarduera bat izanik, titulartasuna hirugarren baten alde transmititzeko, aldez aurretik egiaztatu beharko da, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitaren bidez.
Hamaseigarrena.– Ingurumen-baimen bakar honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluaren arabera, eta aipatutako legearen 108. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.
Hamazazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:
– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen bederatzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Ebazpen honetan baimendutako jarduera ez bada hasten hiru urteko epean, ebazpen honen hamargarren apartatuan adierazitakoaren arabera, eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Urtebeteko epean ez badu jarduera garatzen, eta titularraren komunikazio frogagarririk bidaltzen ez bazaio baimena eman duen Administrazioari, egoera horren arrazoiak behar bezala azaltzeko.
Hemezortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Barbachano SLri, Mungiako Udalari, ingurumen-baimen bakarra emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hemeretzigarrena.– Agintzea ingurumen-baimen bakar hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hogeigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 1a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS