Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2025eko irailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3738

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 29koa, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariarena, zeinaren bidez tokiko bizikidetzaren esparruko Elkarrekin Bonu Programaren 2025erako deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonu Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, hiru laguntza-ildo biltzen dira dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.

2025eko ekitaldirako funts bakarra sortu da, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak egindako ekarpenekin bakarrik eratu dena.

Programa honetarako, aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025erako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonu Programa Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subv_25/eu_def/adjuntos/JGE_Aldirako-Dirulaguntzak2025-208.pdf

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren bigarren paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247.zb.) deialdi hau lege horretan xedatutakoari lotuta dago.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Elkarrekin Bonu Programaren 2025. urterako deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritza, Justizia eta Giza Eskubideen Saila.

– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/144400-capa2-eu.shtml 

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa: www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, hartarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko. Isiltasunak ez du administrazioa salbuesten dagokion prozedura esanbidez ebaztetik, eta isiltasunaren aurreko legitimazioa gertatzen da administrazio-errekurtsoa jarri ahal izateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak honako hauei lotuta daude: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonu Programa arautzen duena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako erregulazioa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 29a.

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria,

AINHOA ZUGASTI BILBAO.

ERANSKINA
ELKARREKIN BONU PROGRAMAREN TOKIKO BIZIKIDETZAREN ESPARRUKO DEIALDIA

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonu Programaren 2025eko deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Bonuak eskatzeko arrazoi diren proiektuak 2025eko uztailaren 1etik 2025eko abenduaren 15era bitartean garatu ahal izango dira.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2025eko diru-zuzkidura 75.000 eurokoa da hiru lurralde historikoentzat, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonu Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6.1. artikuluetan ezarritako baldintzak bete, baita Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1. paragrafotik 4.era bitartekoetan ezarritakoak ere.

2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen erakunde hartzaileak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Bonuak direla eta, erakunde hartzaileek honako zenbateko hauek metatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:

– 5.000 euro, 15.000 biztanletik beherako udaletan.

– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.

– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.

4.– Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (UE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024311

Eskabidearen ondorengo izapideak —jakinarazpenak eta justifikazioak barne— bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki, eta horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2025eko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hori gertatuz gero, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, non ordura arte ebazteke zeuden dirulaguntza guztiak ukatuko baitira, eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa agortzen denean eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendariaren ebazpen bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, erantzukizuneko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Ainhoia Zugasti Bilbao, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria, batzordeburu.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaritzaren teknikaria, idazkari.

– Nora Onaindia Leturiondo, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaritzaren teknikaria, batzordekide.

10. artikulua.– Emateko prozedura.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek, eta Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordeak ebatziko ditu.

11. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2025eko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Erakunde onuradunek dokumentazio hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.


Azterketa dokumentala