
166. zk., 2025eko irailaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (265 KB - 23 orri.)
- EPUB (395 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3734
EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 18koa, HABEko zuzendariarena, 2025-2026 ikasturtean, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, dirulaguntzak emateko oinarriak onartzen dituena.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, HABE erakundeak dirulaguntzak emango dizkie Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, helduen euskalduntzegintzan egindako jarduera finantzatzeko. Dirulaguntza horiek HABEk ezarritako helburuak lortzera bideratuta egongo dira.
Ildo horretatik, 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zituen 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (PES 2025-2028 Plana) eta 2025. urteko Dirulaguntzen Urteko Plana (PAS 2025). Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Urteko Planean ezartzen denez, hizkuntza politikaren arloan helburu estrategikotzat hartzen da helduen euskalduntzea bultzatzea, besteak beste, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen bidez. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beraren webgunean argitaratuak daude biak ala biak: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. // PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak – Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila – Euskadi.eus
Bestalde, Gobernu Programak jasotzen ditu XIII. legegintzaldian herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko Jaurlaritzak bultzatu beharreko ekimenak. 43. konpromisoan, euskararen ezagutza handitzea eta ingurune guztietan euskararen erabilera sustatzea ezartzen da helburu nagusitzat. Konpromiso horren bosgarren ekimenean aurreikusten da helduei euskara irakasteko sistema finantzatzeko laguntza ematea, euskaltegietarako ohiko finantzaketa-deialdien bidez.
Bidezkoa da, beraz, 2025-2026 ikasturterako udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea, finantzaketa-moduluak ezartzea, eta dirulaguntza horien esleipenerako oinarriak onartzea.
Horretarako, HABEren arau organikoak onartu dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak emandako eskumena baliatuta, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz, bai eta Dirulaguntza Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003) eta hura garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak xedatutakoa oinarri izanik,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– 2025-2026 ikasturterako udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea, bai eta dirulaguntza horiek arautuko dituzten oinarriak onartzea ere.
Bigarrena.– Jakinarazten zaie interesdunei, administrazio-bidea agortzen duen ebazpen honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dutela HABEko zuzendari nagusiaren aurrean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; edo, bestela, auzi-errekurtso administratiboa aurkeztu ahal izango dutela Donostia-San Sebastiángo Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Donostia, 2025eko abuztuaren 18a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
OINARRIAK
1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Ebazpen honen helburua da 2025-2026 ikasturtean udal euskaltegiek euskara-ikastaroengatik jasoko dituzten dirulaguntzen esleipen-baldintzak eta izapidetze-prozedura arautzea.
2.– HABEren urteko aurrekontuan aurreikusitako funtsen kontura, 14.135.000 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratuko da. Zenbateko horrek deialdi honen bidez emango diren laguntza guztien gehieneko muga ezarriko du.
3.– Aurreikusitako diru-kopurua eskatutako finantzaketa-behar guztiak estaltzeko nahikoa ez bada, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta onuradun bakoitzak jaso beharko lukeen zenbatekoa kontuan izanda.
4.– Hala ere, eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, eta esleipen-ebazpena eman aurretik, 2. atalean ezarritako zuzkidura ekonomikoa gehitu ahal izango da, gehienez ere % 20raino. Aldaketa hori HABEko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu beharko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu.
2. oinarria.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honen bidez deitutako dirulaguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatuta dauden erakundeak izan daitezke, betiere oinarri honetako 2. atalean ezarritako baldintzak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen badituzte.
2.– Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:
2.1.– Baldintza orokorrak.
a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta bertan jasotako datuak eguneratuta izatea.
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluak aurreikusitako onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duten egoeretan ez egotea. Besteak beste, jasotako dirulaguntzaren bat itzultzeko obligazioa dutenek ordainketa egunean izan beharko dute.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du dirulaguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela. Honetarako, aintzat hartuko da honakoa: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
c) Dirulaguntza-eskaera behar bezala betetzea, deialdiaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera, eta eskabidearekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiri guztiak zuzen betetzea eta aurkeztea.
d) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea. Ondorioz, dirulaguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian jarri herritarrentzat laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urratzen duten edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
e) Ezingo dira deialdi honen onuradun izan: laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dieten legezko debekuren batean dauden erakundeak, edo zigorrik jasota duten erakundeak, kasuan kasuko epea amaitu arte, eta bereziki: sexu-bereizkeriagatik zigortutako erakundeak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz.
2.2.– Beste baldintzak.
a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) uneoro aplikatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera (EHAA, 2015eko uztailaren 31a, 144. zk.).
b) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua betetzea, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena.
c) Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako hurrengo baldintzak betetzea: irakaskuntza lokalak, irakasleak eta material didaktikoa.
Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute, edo maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren arabera.
d) Ikasleek matrikula finantza-entitate baten bitartez ordaindu beharko dute, eta gutxienez zenbateko osoaren herena, ikaslea ikastaroan hasi eta 10 laneguneko epean. Salbuespena izango dira matrikula erakunde publiko batek ordaintzen dien ikasleak.
e) Udalek edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek ikasleen matrikulen transferentzien ordain-agiriak gorde beharko dituzte.
f) HABEko zuzendariak 2025-2026 ikasturterako ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Halaber, euskaltegiek helduen euskalduntze-jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.
g) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.
h) Euskaltegiek diruz lagungarria den jarduerari buruzko informazioa bidali beharko dute HABEra, honek adierazitako euskarri eta epeen arabera, eta, bereziki, honako hauek:
– Euskaltegiaren oinarrizko informazioa (aurreko ikasturtearekiko aldaketarik egonez gero).
– Euskaltegiaren barruko karguak (aldaketarik bada).
– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztien jarduera eta titulazioarekin.
– Ikasle guztiak, bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak: matrikula-ordainketak, ikasketan emandako denbora eta aprobetxamendua.
– Ikastalde bakoitzaren ezaugarriak: maila, ordutegia, egutegia, eta abar.
3. oinarria.– Eskabideen aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Udalek edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek dirulaguntza-eskaerak, izapideak eta beharrezko dokumentazioa bide elektronikoaren bidez soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10462010
2.– Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Era berean, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2025eko azaroaren 3ra arte.
5.– Aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauek dira:
a) Pertsonalaren fitxa: udal euskaltegiko langileriaren informazio zehatza, lanpostuen izaera eta egoera, langileen zerrenda, eta bereziki zehaztu behar dira karrerako funtzionarioei edo kontratupeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-datak eta hirurteko kopuruak.
b) 2025-2026 ikasturterako plana, euskaltegiak ikasturte horretan garatuko dituen jardueren aurreikuspenarekin.
c) Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du erakunde eskatzaileak berariaz eta formalki onartzen dituela deialdi honetan ezarritako baldintzak.
4. oinarria.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak eta hutsuneak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak direla, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, eta hala jakinaraziko zaiola aurrez, ebazpen baten bidez.
Epe horretan zuzenketarik egiten ez bada, interesdunak bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horren gaineko ebazpena emango da.
5. oinarria.– Dirulaguntzen esleipen-prozedura eta organo kudeatzailea.
1.– Dirulaguntzen esleipena-prozedura ez da lehia printzipioaren arabera izapidetuko, baizik eta esleipen jarraituaren arabera. Hau da, oinarri hauetako betekizunak zein baldintzak betetzen dituzten eskabide-egile guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak, aurrekontu-partidako zenbatekoa agortu arte.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea HABEko Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren ardura izango da.
6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
HABEk euskaltegi onuradun bakoitzari esleituko dion dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira pertsonal-beharrak eta pertsonal horri aplikatu beharreko soldata- eta antzinatasun-baremoak, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:
1.– Deialdi honen I. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko beharrezkoak diren irakasleak babestuko dizkio HABEk 2025-2026 ikasturtean udal euskaltegi bakoitzari. Horrez gain, dagokion zuzendari, idazkari akademiko eta bulegoko pertsonala ere aurreikusiko dira.
Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea izango da irakasle erdi, eta kalkulua horretara hurbileneko zenbaki oso batera biribilduko da.
Euskaltegi bakoitzari dagokion pertsonal kopurua kalkulatzeko, HABEk ondorengo metodologia jarraituko du:
a) Lehenik, ikasteredu bakoitzean batu egingo dira ondorengo kontzeptuak:
– Aurrez aurreko ikastereduan batu egingo dira honako kontzeptuak:
• 2025eko urrian hasi eta onartutako talde-orduak (hau da, 2025-2026 ikasturtekoak), alde batetik, eta bestetik,
• 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean emandako talde ordu «onartuak» (hau da, 2024-2025 ikasturtekoak), baita 2024-2025 ikasturtean diruz lagundu ez diren baina benetan eman diren eta diruz lagungarriak behar zuten talde-ordu onartuak.
– Autoikaskuntza ikastereduan honako kontzeptuak batuko dira:
• 2025eko urrian hasitako matrikulen ordu teorikoak batuko dira. 2024-2025 ikasturteko ordu errealak baino gehiago badira 2024-2025 ikasturteko ordu teorikoen eta errealen arteko aldearen proportzio berean doituko dira, deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera; gutxiago badira, ez da doikuntzarik egingo, baina gehienez ere aurreko urteko ordu errealak izango dira aintzat hartutakoak.
• horrez gain, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean egindako matrikulen ordu teorikoak ere gehituko dira, dagokion doikuntzarekin.
– Jardun biko ereduan:
• Aurrez aurreko talde-orduak: aurrez aurreko ikastereduaren metodologiari jarraikiz batuko dira.
• Tutoretza-ordu teorikoak: autoikaskuntza ikastereduaren metodologiari jarraikiz batuko dira.
b) Bigarrenik, guztirako ordu kopurua zatituko da irakasleek urteko eman beharreko 735 eskola-orduekin, hau da, 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruarekin.
2.– Diruz lagunduko diren langileen kostuak kalkulatzeko ondoko taulan ageri diren baremoak erabiliko dira:
(Ikus .PDF)
Nolanahi ere, 2025 eta 2026ko ordainsarien finantzaketarako euskaltegi bakoitzari aitortzen zaion dirulaguntzaren % 2a baldintza etengarripean emango da. Baldintza hori izango da Eusko Jaurlaritzak erabaki bidez onartzea enplegatu publikoen ordainsarien % 2ko igoera 2025–2026 ikasturtea amaitu baino lehen. Dirulaguntza-zati horren behin betiko aitorpena aipatutako baldintza hori betetzearen menpe geldituko da, eta bere ordainketa, baldintza berberaren menpe egonik, dirulaguntzaren kitapenarekin batera gauzatuko da bidezkoa suertatzen bada.
Dirulaguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.
7. oinarria.– Dirulaguntzaren esleipen-ebazpena.
1.– HABEko zuzendariaren Ebazpenaren bidez erabakiko da onuradun bakoitzari, deialdi honetako 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, zenbat pertsona onartzen zaion eta, ondorioz, dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.
Jakinarazten zaie interesdunei, administrazio-bidea agortzen duen ebazpen honen esleipen-ebazpenaren aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dutela HABEko zuzendariaren aurrean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; edo, bestela, auzi-errekurtso administratiboa aurkeztu ahal izango dutela Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
2.– Dirulaguntzen aitortzeari edo, hala badagokio, ezeztapenari buruzko ebazpena 2025eko abenduaren 19a baino lehen jakinaraziko da «Nire karpeta»-ren bidez.
3.– Izapidetzea elektronikoa denez, jakinarazpena egindakotzat joko da udal euskaltegiak hura elektronikoki sinatzen duenean. Hala ere, hamar egun natural igaro eta jakinarazpena ireki ez bada, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak bere horretan aurrera egingo du.
4.– Udal edo udal erakundeen menpeko euskaltegi bakoitzari egindako jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da dirulaguntzen esleipen-ebazpena.
8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna eta gainfinantzaketa.
1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Onuradunak konpromisoa hartzen du gainfinantzaketa ez gertatzeko, eta hori saihesteko beharrezko neurriak hartuko dituela, 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, 9.4 h) artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Gainfinantzaketa gertatzen bada, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.
9. oinarria.– Dirulaguntzen jarraipena eta ikusketak.
1.– HABEko Ikuskatzailetza arloko langile baimenduek ikuskapenak egin ahal izango dituzte, udal euskaltegiak emandako datuak egiaztatzeko helburuarekin. Horretarako, eska diezaiekete euskaltegietako arduradunei, eskolak emateko erabiltzen diren lokalen inguruko informazioa, baita jardun, ikasle, ikastalde, irakasle, gainerako langile eta material didaktikoari buruzkoa ere.
2.– Ikusketan bertan jasotako informazioa ikusketa-akta batean jasoko da, eta akta hori HABEko ikuskatzaileak eta euskaltegiaren arduradunak sinatuko dute. Ondoren, ikuskatzaileak informazio gehigarria eskatu ahal izango dio euskaltegiari, eta honek hamar laneguneko epea izango du informazio hori aurkezteko.
3.– HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEko zuzendariari helaraziko dio akta, besterik ezean, aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak erabaki ditzan.
4.– Ikuskapen baten ondorioz, ikuskatzaileak ez betetze-bat jasoko balu, HABEko zuzendariak, behin betiko erabakia hartu baino lehen, ikusketa-akta helarazi beharko dio euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunari, eta honek hamar laneguneko epea izango du alegazioak egiteko.
10. oinarria.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira. Dirulaguntzaren esleipen-ebazpena ematearekin batera, hurrengo ordainketa hauek egingo dira:
a) Lehen ordainketa (% 12): Esleitutako dirulaguntza osoaren % 12, 2025eko abenduan ordainduko da.
b) Bigarren ordainketa (% 38): Esleitutako dirulaguntza osoaren % 38, 2026ko otsailean ordainduko da.
c) Hirugarren ordainketa (% 40): Esleitutako dirulaguntza osoaren % 40, 2026ko apiriletik aurrera ordainduko da, betiere udal euskaltegiek 2025eko urria eta abendua bitarteko gastuen zuri-agiriak aurkeztu, eta HABEk horiek aztertu eta onartu ondoren.
d) Laugarren ordainketa (% 10): Gainerako % 10a (esleitutako dirulaguntza osoaren azken zatia) 2025-2026 ikasturte akademiko osoari dagozkion gastuen zuri-agiriak jaso ondoren ordainduko da, HABEk egiaztapenak egin eta dirulaguntzaren kitapena burutu ondoren.
2.– Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du.
Alta emateko edo datuak aldatzeko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikoa erabili beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
11. oinarria.– Zuriketa.
1.– Euskaltegietako langileen ordainsari gordinak udal kontu-hartzailearen ziurtagiri baten bidez zurituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen (DAEL) 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Halaber, lehen zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2025. urtean izan dituen sarrerak eta gastuak, atalez atal zehaztuta, aurkeztu beharko ditu, izapidetze elektronikoko «Sarrerak-Irteerak» izeneko formularioaren bidez.
Azken zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2025-2026 ikasturteko Memoria aurkeztu beharko du.
Gastuak ez zuritzeak dirulaguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, gainera, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak honako hauek izango dira:
a) 2026ko otsailaren 20a: 2025eko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak, eta 2025eko behin betiko aurrekontu zehatza egiaztatzeko ziurtagiria aurkezteko epea.
b) 2026ko urriaren 16a: 2026ko urtarriletik iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak, eta 2025-2026 ikasturteko Memoria aurkezteko epea.
12. oinarria.– Dirulaguntzaren kitapena.
Ikasturte akademikoa amaitu ondoren, dirulaguntzaren kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:
1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso eta egiaztatu ondoren, HABEko zuzendariak kitapen-ebazpena emango du, esleipen ebazpenean onartutako laguntza-kopuruak doituz, hala dagokionean.
Kitapenerako oinarri hartuko dira udal euskaltegiek HABEra bidalitako datuak, matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoaren («Q87») bidez jasotakoak.
Aipatutako doikuntza, ondoren zehaztutako irizpideak aplikatuz egingo da:
1.1.– Orduen doikuntza.
Aurrez aurreko talde-orduak, autoikaskuntzako ikaslearen matrikula-orduak, jardun biko talde-orduak eta tutoretza-orduak dirulaguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako dirulaguntza proportzio berean doituko da.
Doikuntza horretatik kanpo geldituko dira 2024-2025 ikasturtean diruz lagundu ez diren baina eman diren talde-ordu onartuak.
1.2.– Pertsonal gastuak.
2025 eta 2026rako egindako igoera aurreikuspena (zeina, 6.2 oinarriaren baitan, % 2koa den) ez bada osorik betetzen, dagokion onartutako dirulaguntza proportzioan murriztuko da.
1.3.– Kostu errealen muga.
Aitortutako dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu jarduerak sortutako kostu errealen diru-kopurua; hala gertatuz gero, dirulaguntza kostu errealera doituko da.
2.– Dirulaguntzaren kontura emandako aurrerakinak estaltzeko dokumentazio frogagarria nahikoa ez bada, erakunde onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli beharko du, HABEk egindako jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordainketa edo itzulketa hori izango da emandako dirulaguntzaren behin betiko kitapena.
13. oinarria.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan araututako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
2.– HABEren aurrean egiaztatzea dirulaguntza-emate hori edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla, eta jarduera bera aurrera eraman dela.
3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazio oro ematea, deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko duten eginkizuna betetzeko. Era berean, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, baliabide ekonomikoak edo bestelakoak jaso izana jakinarazi beharko zaio HABEri. Halaber, dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoera objektibo edo subjektiboan aldaketarik geratzen bada, horren berri eman beharko zaio HABEri.
4.– Aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 27. artikuluan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duenari jarraikiz.
Horretarako, dirulaguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo guztiek HABEk emandako babesaren berri eman beharko dute egitasmoaren argitalpen edo euskarri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatuak eta «HABEk diruz lagundua» esaldia agerian jarriz.
14. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.
Edozein kasutan, deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 44.artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako arau-hauste eta ez-betetzeen erregimenaren menpeko.
Dirua organo emaileari berreskuratzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi izango da.
Ez-betetze kasuetan, dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko prozedura abian jarriko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legean 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
15. oinarria.– Datuen tratamendua.
Erakunde onuradunek, dirulaguntza-deialdi honetan, HABEri bidalitako datu pertsonalak honako tratamendu-jardueretarako erabiliko dira: «Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa».
Tratamendu hau abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera egingo da, ondoren zehazten diren helburuetarako:
– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.
– HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa.
– Udal euskaltegietako ikasleen kudeaketa: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.
Datuen tratamenduaren arduradun administratiboa HABEko zuzendaria izango da.
Datuen tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak betetzeko, interes publikokoa den jarduera sustatzeko, edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak egikaritzeko.
Interesdunek izango dute beren datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, baita tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan. Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskuragarri dute helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa
I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2025-2026 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko bete beharreko irizpideak, HABEren dirulaguntzen deialdian partaide izateko:
1.– Ikasturtea.
1.1.– Ikasturtea 2025eko urriaren 1ean hasi eta 2026ko irailaren 30ean amaituko da, helduen euskalduntzearen antolaketaren barruan ezarritako egutegia kontuan hartuta.
1.2.– HABEk diruz lagunduak izateko, taldeen gutxieneko ikasle-kopurua, ikastaro bakoitzaren hasieran taldeak eratzeko garaian eta talde bakoitza kokatua dagoen herriaren biztanleria-kopuruaren arabera, ondorengoa izango da:
(Ikus .PDF)
Barnetegi erako ikastaroek, edozein herritan antolatuta egonik ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietako taldeekin parekotasuna izango dute.
Dena den, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere dirulaguntzen xede izan litezke salbuespen gisa, 2025eko urrian hasi eta aurrez aurre ikastereduan onartutako talde-orduen arabera, beti ere, 6. Oinarrian ezarritakoari jarraiki. Era honetako hondar-taldeek, 2025eko urrian hasi eta aurrez aurreko ikastereduan onartutako talde-orduen % 5a baino gutxiago izan behar dute. Talde horietan ikasle-kopurua dagokiena baino 1 gutxiagokoa izango da.
1.3.– Talde batek gutxieneko ikasle-kopurua betetzen badu irailean, hasierako itxiera eman beharko zaio matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoaren bidez. Taldea, beraz, eratutako moduan aitortuko da.
1.4.– Diruz lagunduko diren orduak honako epeari dagozkio: taldeak gutxieneko ikasle-kopurua betetzen den egunetik eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.
1.5.– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak bi ikasturtetan banatuko dira: lehenengo ikasturtea irailaren 30era artekoa izango da, eta bigarrena, urriaren 1etik aurrerakoa.
1.6.– Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEko zuzendariak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bidez jakinaraziko ditu honakoa hauek: batetik, urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, eta bestetik, azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak.
2.– Aurrez aurreko ikasteredua.
Aurrez aurreko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean, ikasgela batean, aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen talde egonkorra.
Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1. atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betetzen badira, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean emandako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio, eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa ez da izango talde horretan emandako orduen kopurua baino handiagoa.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatutako ikastaroek honako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte:
2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak.
a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 7 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatu beharko dituzte.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo-ikastaroak:
– A1 mailan, gutxienez 125 irakastordu jarraian eta
– A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan, gutxienez 165 irakastordu jarraian.
2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak.
a) Udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu jarraian eta zatikatu gabe.
b) Udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak, eta egunean gehienez 8 irakastordu.
c) Salbuespenezko ikastaro trinkoak (B1, B2, C1 eta C2 mailetan), zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin:
c.1.– Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.2.– Uda-ikastaroak barnetegian: aste beteko ikastaroak, egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.3).–Salbuespenezko ikastaro trinko hauek ikasturtean zehar ere antolatu ahal izango dira. Honelako ikastaroak onartzeko euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 3 asteko aurreikuspenez, eta HABEren Ikuskatzailetzaren aldeko txostena jasotzea ezinbestekoa izango da.
c.1. c.2. eta c.3. azpiatal hauetako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute.
2.3.– Maila burutzeko ikastaroak.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak ezarritako A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroek honako baldintzak bete beharko dituzte:
a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroek: gutxienez 60 irakastordu izan beharko dituzte, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikasle guztien abiapuntua A1A0 izango da, gutxienez, taldea sortzeko behar den gutxieneko ikasle kopururaino.
b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroek: gutxienez 120 irakastordu izan beharko dituzte, era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
2.4.– Orduen zenbaketa.
Aurreko ataletan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduen araberakoa izango da, atsedenaldiak kanpo utzita.
3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikasteredua.
Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan, oinarria ikaslea bera da. Dirulaguntzei dagokienez, esleipenerako oinarria ikasleak egindako matrikula izango da, zuriketa eta kitapena atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera egingo da.
Autoikaskuntza burutzeko, euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabil ditzakete, eta ikaskuntza hiru ataletan banatuko da:
a) Ikasleak bakarkako lana egiteko saioak.
Atal honetan sartuko dira ikasleak bakarka egindako saioak. Halaber, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek hala erabakiz gero, ikasleen arteko interakzioa bultzatuz trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin taldean egindako jarduerak ere bilduko dira. Jarduera horietan parte hartzen duten ikasleei taldean emandako orduak banaka zenbatuko zaizkie. Dirulaguntzetarako kasu guztietan, bakarkako saioen orduak gehienez 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.
b) Mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioak.
Saio mota hauetan euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleak taldean elkartzeko saioak antolatzen saiatuko dira. Saio hauetan parte hartu duten ikasle bakoitzari ordu horiek zenbatuko zaizkio. Irakasleari, berriz, saio hauetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako, mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioetako ordu horiek 3.2 azpiataleko irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.
c) Tutoretza-saioak.
Tutoretza-saioak ikasle bakoitzarekin burutzen dira. Ikasleari saio horietako orduak zenbatuko zaizkio eta irakasleari, tutoretza-saioetan ikasleekin emandako orduak. Dirulaguntzetarako, tutoretza-ordu horiek 3.2 azpiatalean ezarritako irizpideen arabera hartuko dira kontuan, gehienez.
3.1.– Ikastaro-moduluak.
Udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek honako moduluak antolatu ahal izango dituzte:
a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 7-9 hilabeteko iraupena izango du, bakarkako lanaren, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta. Ikastaroen hasiera hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila edo martxoa. Ikasle bakoitzak matrikula bakarra egin ahal izango du ikasturtean zehar.
b) 75 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 3 hilabeteko iraupena izango du, bakarkako lanaren, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta. Ikastaroen hasiera hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina edo uztaila. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,40 izango da.
c) 25 eskola-orduko matrikula bakoitza udako ikastaro berezietarako izango da. Ikastaro hauek bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuko dira, uztailetik irailera bitartean, eta B1, B2, C1 eta C2 mailetan eskainiko dira, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako denean. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,13 gisa zenbatuko da.
Udako autoikaskuntzako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute, eta ikasleek ondoko baldintza bete beharko dute: ikaslearen abiapuntua lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila edukitzea.
d) A1 maila lortzea helburu duten ikastaroetan 120 eskola-orduko matrikulak onartuko dira. Ikastaroek gutxienez lau hilabeteko iraupena izan beharko dute. Ikastaro horiek banakako lan-saioetan, elkarrizketa-saioetan eta tutoretza-saioetan banatuta antolatuko dira. Ikastaroen hasiera-data honako hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza edo ekaina. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarreko 0,63 gisa zenbatuko da.
3.2.– Bestelako baldintzak.
Ikasleak bakarlanean emandako orduak astean gehienez 10 ordu onartuko dira dirulaguntzetarako. Hortaz, diruz lagun daitezkeen gehieneko orduak honako hauen batura izango da:
– ikasleak parte hartu duen mintzamena edo ikasleen arteko elkarreragina lantzeko saioak,
– tutoretza-saioak, eta
– bakarlanean emandako orduak (betiere, asteko 10 ordura arte).
Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, mintzamena edo interakzioa lantzekoa izan behar du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetan, diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez izan beharko du mintzakoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa.
Mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak aurrez aurre edo IKT bidez (bideokonferentziaz) egingo dira, eta gutxienez saio bakoitzean bi ikaslek parte hartu beharko dute. Kasu bietan, aurrez aurreko edo bideokonferentziaz eginiko mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak ikastaroaren zehar indarrean egongo diren asteko egun eta ordutegi zehatzetan burutuko dira.
Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 ordu bakoitzeko gehienez 30 minutu aitortuko dira diruz laguntzeko. Tutoretza-saioak aurrez aurre zein IKT bidezko bideokonferentziaz egingo dira.
HABEko teknikariek dirulaguntzen onuradunen plataformetarako sarbidea izango dute edozein unetan, jardueren egiaztapenerako.
Udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegien irakasle baten oinarrizko dedikazioa honakoaren arabera ezarriko da:
– Une berean hasieratik amaierara, autoikaskuntzako 40 matrikula osatzen dituzten ikasleen tutoretza oinarritzat hartuko da (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak barne), eta horren arabera neurtuko da bakoitzaren dedikazioa.
– Halaber, autoikaskuntza-ereduan, ikasle bakoitzaren jarduna kontabilizatzerakoan (ikasle/orduak), honako jarduera motak aplikatuko dira: bakarkako jarduna, mintza-saioak eta tutoretza-saioak. Eman eta gauzatu ez diren orduak ez zaizkio ikasleari emandako ordu gisa aitortuko, eta ez dira dirulaguntzan kontabilizatuko, ezta HABEren datu-basean erregistratuko.
IKT bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka bermatu beharko da, 179/2003 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa oinarri hartuta. Artikulu horretan gutxieneko baldintza gisa adierazten da «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».
4.– Jardun biko ikasteredua.
Jardun biko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean, ikasgela batean, aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroari dagozkion taldeko jarduerak burutzen dituen taldea, eta horrekin batera, ikasle bakoitzak bakarka burutu behar duen jardunarekin eta ikasleen tutoretza-saioekin osatzen den ikasteredua da.
4.1.– Dirulaguntzaren esleipena.
Dirulaguntzaren esleipenerako, deialdi honen I. eranskinaren 1. atalean ezarritako gutxieneko ikasle-kopuruak betetzen badira, honako hauek hartuko dira kontuan:
– taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak eta
– tutoretza-saioetako orduak, gehienez atal honetako 4.2.c) azpiataleko irizpidearen arabera.
Kitapenean, berriz, taldearen aurrez aurreko jardunean burututako orduak eta ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan, gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera.
Irakasleari honako hauek aitortuko zaizkio:
– Batetik, taldean aurrez aurreko jardunean emandako orduak, eta taldean aurrez aurrean aritutako irakasle guztien orduen batuketa ez da inoiz izango talde horretan emandako ordu kopurua baino handiagoa.
– Bestetik, ikasleekin burututako tutoretza-saioetako orduak, gehienez atal honetako 4.2.c) azpiataleko irizpidearen arabera.
4.2.– Ikastaroaren egitura eta gutxieneko iraupena.
Jardun biko ikastereduaren baitan, HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaroek, gutxienez hiru hilabeteko iraupena izan beharko dute, honako hiru jardun-motatan banatuta:
a) Aurrez aurreko jarduna: gutxienez 40 irakastordu eta gehienez 180 irakastordu.
b) Bakarkako jardun tutorizatua: gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopuru bera. Atal hau ez da diruz lagunduko.
c) Tutoretza-saioak: aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre edo bideokonferentziaz egin ahal izango dira.
5.– Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza.
Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntzaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean IKTen bidezko plataformak erabiliz taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.
5.1.– Ikastaro-moduluak.
Aurrez aurreko ikastereduan onartzen diren guztiak erabili ahal izango dira.
5.2.– Bestelako baldintzak.
5.2.1.– Urrutiko aurrez aurreko saioetan, ikastaro-moduluaren ordu guztiak emango dira, eta ikastaldearen jarduerak ordutegi zehatzetan eta ikasle guztiekin batera burutu beharko dira. Saio horiek, gainera, eskola-egun bakoitzean, gutxienez 40 minutuko iraupena izan beharko dute.
5.2.2.– Urrutiko aurrez aurreko saioak edozein e-learning edo b-learning plataformaren bidez egin ahal izango dira, hala nola GoToWebinar, Zoom, Jitsi, Microsoft Teams edo Moodle/MoodleCloud erabiliz.
5.2.3.– Ebaluazioak e-learning edo b-learning plataformen bidez burutuko dira, hala nola Google Forms, Questbase edo Socrative erabiliz.
5.2.4.– HABEko teknikariek, edozein unetan, plataforma horietara sarbidea izango dute, bertan gauzatzen den jarduera ikusteko.
5.2.5.– Era honetan antolatuko diren ikastaldeei 70 kolektiboa esleituko zaie, Q87 izeneko aplikazioan matrikulazioaren jarraipena egiteko.
6.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.
6.1.– AISA ikastaroak.
AISA ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarekin lankidetzan antolatutako ikastaro bereziak dira, etorkinentzako euskara hurbiltzeko prestakuntza gisa. Ikastaro hauen iraupena 60 irakastordukoa izango da.
Euskaltegiek ikastaroak hasi baino lehen bideratu beharko dute eskaria, eta ikastaroa bukatutakoan, ebaluazio-fitxa osatua helarazi beharko diote HABEri. Ikastaro hauen ikastaldeei «61 kolektiboa» jarriko zaie Q87 izeneko aplikazioan.
Jarduera behar bezala burutu dela egiaztatu ondoren, HABEk 400 euroko matrikularen osagarria ordainduko dio euskaltegiari, ikastaro bakoitzeko.
6.2.– Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak.
Dendaketan eta ostalaritzan espezializatutako ikastaro berezi hauek 60 irakastorduko iraupena izango dute. Euskaltegiek, ikastaroak hasi aurretik, eskaria bideratu beharko dute, eta ikastaroa amaitutakoan, ebaluazio-fitxa osatua bidali beharko diote HABEri. Ikastaro hauen ikastaldeei 63 eta 62 kolektiboa jarriko zaie, hurrenez hurren, Q87 izeneko aplikazioan.
6.3.– Bestelako ikastaroak, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburuarekin.
Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa (Aroa), LanHitz edo, gutxienez, udal-mailako, erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortu eta txertatutako ikastaro bereziak antolatu ahal izango dituzte. Ikastaro horien iraupena gutxienez 60 irakastordukoa izan beharko da. Ikastaro hauen ikastaldeei 81 kolektiboa jarriko zaie, Q87 izeneko aplikazioan.
Kasu bakoitzean, eskaerarekin batera, dagokion erakundeak egindako edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskabidean, ikastaro bereziaren bidez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko ditu euskaltegiak. Halako ikastaroen eskaerak hamar eguneko epean ezezko erantzunik jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.
6.4.– Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak.
6.4.1.– Euskaltegietan, aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira. Ikastaro horiek egunean 6-8 ordu bitarteko irakastorduko saioak izango dituzte, eta gutxienez 30 irakastorduko iraupena bete beharko dute.
6.4.2.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko ikastaro bereziak: Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi-ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira. Ikastaro hauek ere egunean 6-8 ordu bitarteko irakastorduko saioak izango dituzte, eta gutxienez 30 irakastorduko iraupena izan beharko dute.
7.– Malgutasuna.
Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastaro batzuk eskaintzeko asmoa badu, eskabide arrazoitua aurkeztu beharko dio HABEko zuzendariari, gutxienez ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago.
HABEren Zuzendaritzak ebatziko du eskabidea, helduen euskalduntzearen sustapena eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezarritako lehentasunak kontuan hartuta. Erabakia ezezkoa balitz, ikastaroa HABEren finantzaketatik kanpo geldituko dela ulertuko da.
RSS