
164. zk., 2025eko irailaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 12 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3709
AGINDUA, 2025eko uztailaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zientzietako espezialitateetan egoiliarren prestakuntza-aldian dauden profesionalen 2025eko ekitaldiko kanpoko errotazioetarako laguntzen oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.
Osasun Sailaren eskumenen artean, Euskadiko osasun-sistemaren plangintza profesionala egitea dago, Euskal Autonomia Erkidegoko egungo zein etorkizuneko osasun-sistemak behar dituen lanbideak modu egokian erabiltzeko aukera izateko asmoz.
Horretarako, osasunaren arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzendu, planifikatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.
183/2008 eta 1146/2006 errege-dekretuek espezialisten egoitza-sistemaren bidezko prestakuntzari buruzko erreferentzia-esparrua errazten dute (183/2008 Errege Dekretua, otsailaren 8koa, Osasun Zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituena eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren zenbait alderdi garatzen dituena, eta 1146/2006 Errege Dekretua, urriaren 6koa, Osasun Zientzietako espezialistak prestatzeko egoiliarren lan-harreman berezia arautzen duena).
Arlo horretan, laguntza-programa honen bidez, Osasun Sailak lortu nahi du EAEko pertsonal egoiliarraren prestakuntza-programan laguntzea, esperientzia eta gaitasun berriak eskuratu ahal izan ditzaten estatuko eta nazioarteko osasun-zentroetan, egoitzan ezarritako prestakuntza-ibilbidearen arabera jasotako prestakuntza osatzeko.
Dirulaguntza lerro hori jasota dago Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduan. Agindu horren bidez, Osasun Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen da (BAS 2025). Euskadi.eus atarian dago argitaratuta, Euskal Administrazioaren Euskadi.eus atarian, url honetan: https://www.euskadi.eus/administrazioaren-iragarkia/agindua-2024ko-otsailaren-7koa-osasuneko-sailburuarena-zeinaren-bidez-onartzen-baitira-osasun-sailaren-2024-2028-aldirako-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-eta-2024ko-ekitaldirako-dirulaguntzen-urteko-plana/web01-tramite/eu/
Agindu honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2025erako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-zientzietako espezialitateetako egoiliarren prestakuntza-aldian dauden profesionalen kanpoko errotazioetarako, agindu honen eranskinean ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.
Agindu honen xedea da EAEko egoiliarrentzat 2025ean hasitako kanpoko errotazioak egiteko laguntzen deialdia egitea.
Kanpoko errotazioek Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzaren baimena izan beharko dute, otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez garatzen baitira Osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituen eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren alderdi jakin batzuk.
Laguntzen helburua da EAEko edozein zentro akreditatutako egoiliarren mugikortasuna erraztea eta sustatzea joan daitezen, edo Espainiako zentro horien prestakuntza hobetzen laguntzen duten zentroetara, edo atzerrian egiaztatutako edo ospe handiko zentroetara.
Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako aldi baterako lekualdatzeei eta egonaldi laburrei lotutako gastuen zati bat finantzatzen lagunduko dute.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta organo kudeatzailea.
1.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa 100.000,00 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz. Zenbateko horretatik, 50.000,00 euro 2025eko ekitaldiari dagozkio, eta 50.000,00 euro 2026ko ekitaldiari.
2.– Osasun Saileko Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak kudeatuko du laguntzak emateko prozedura.
3. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.
Laguntza hauek jasotzeko, baldintza hauek bete behar dira:
1.– Osasun-zientzietako espezialista izateko prestakuntza jasotzen aritzea zentro akreditatuetako egoitza-sistemaren bidez, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 20.3.f) artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.
2.– Urteko azken ebaluazioan kalifikazio positiboa lortu izana.
3.– Kanpoko errotazioa 2025ean hastea.
4.– Aurten laguntza eskatuta ez izatea kanpoko beste errotazio baterako.
5.– Egoitza-aldian Osasun Sailak 2024an proposatutako gogobetetze-inkesta bete izana.
6.– Ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gorabeheraren bat dutenak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Argi eta garbi deialdiaren xedearekin bat datozen gastuak lagundu ahal izango dira diruz. Zehazki, joan-etorrien gastuak (errotazioaren hasieran eta amaieran), ostatua eta izena emateko edo prestakuntza jasotzeko destinoko zentroari ordaindutako zenbatekoak.
Errotazio osoa prestakuntza-programaren indarraldian egin beharko da.
Laguntza ematen bada eta errotazioa laguntzen emakida argitaratu baino lehenagoko data baterako eskatu bada, betiere errotazioa 2025ean hasi bada, errotazioak ondorio ekonomiko-administratiboak izan ditzake atzeraeraginezko ondorioekin, baldin eta onuradunek behar bezala egiaztatzen badute eskatutako aldian hasi direla edo bertan egon direla.
Kanpoko errotazioa baimendutakoa ez den beste aldi batean egiteak laguntza jasotzeko eskubidea emango du, baldin eta emandako aldiaren aldaketa aldez aurretik eskatu bada eta Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzak onartu badu.
Errotazioa eteten bada hasi eta gerora sortutako zirkunstantziengatik eta destinoko zentroko jardueren etenaldia amaitu ondoren berrabiarazten bada, etete hori justifikatu egin beharko da. Egonaldia hasitakoan, aparteko neurrien ondorioz eten egiten bada eta etenaldiak amaitu ondoren egonaldia berriz hastea ezinezkoa bada, justifikatutzat joko da egonaldia ez egitea.
Laguntzaren zenbatekoa proportzionala izango da eskatutako eta baimendutako kanpoko errotazioaren iraupenarekiko. Kanpoko errotazioa luzatzeak ez du eskubiderik emango emandako zenbatekoa handitzeko.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus/servicios/1248402), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 c) artikuluan eta Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hau da web-orrian eskura dagoen agiri normalizatua:
Eskabide-eredua eta, harekin batera, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak eskatu bezala, hau egiaztatuko duena:
– Ea xede eta helburu berarekin laguntzarik jasotzen ari den edo ez administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.
– Ez duela ordaintzeke laguntzak itzultzeko betebeharrik.
– Ea beste administrazio publiko zein pribaturen bati laguntza eskatu dion eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.
– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez duela legezko debekurik laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko, espresuki aipatuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
– Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik dedikazio egokia eskaintzeko diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei, ordaindutako lana duelako edo beste edozein egiteko duelako.
– Jarraituko duela aipatutako betebeharrak betetzen aitortza edo ariketa horri dagokion aldian, eta Administrazioari jakinaraziko zaiola baldintzarik aldatzen bada, saihesteko baldintzak osorik ez betetzea eta hirugarrenen eskubideak kaltetzea.
– Adostasuna: baimena ematen diola deialdia egin duen organo kudeatzaileari, administrazio eskudunean egiaztatzeko eta ziurtatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Aurka eginez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ditzakete eskabidea eta eskatzen zaien gainerako dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatzen den bezala.
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikotik egin beharrekoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Interesduna ez bada jakinarazpenaren edukira sartzen hura argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, jakinarazpena ezetsi egin dela iritziko zaio, indarrean dagoen araudian aurreikusitako ondorioekin.
Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
3.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
3.1.– Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariaren ebazpenaren kopia, laguntzaren xede den kanpo-errotazioa baimentzen duena.
Oraindik ebazpen hori ez baduzu, honako hau aurkeztu behar duzu:
a) Egoiliarraren tutore nagusiaren proposamena, helburuak eta errotazioaren iraupena zehaztuta. Proposamena jatorrizko zentroko irakaskuntza-batzordeari aurkeztuko zaio, eta memoria bat izango du, honako atal hauekin:
– Zer gaitasun lortu nahi diren.
– Zentroa aukeratu izanaren justifikazioa.
– Aurreikusitako lan-plana.
– Errotazioaren hasiera- eta amaiera-datak.
b) Jatorrizko zentroko irakaskuntza-batzordearen aldeko txostena, ikasketaburuak sinatua.
c) Jatorrizko zentroko gerentziak ordainsari guztiak –kanpoko errotazioan etengabeko arretatik eratorritakoak barne– ordaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela zehazten duen dokumentua.
d) Destinoko zentroko irakaskuntza-batzordearen aldeko txostena, ikasketaburuak sinatuta. Eskatutako errotazioa egiten bada irakaskuntzarako akreditatu gabeko zentro batean, ikastetxeko zuzendaritzak sinatu beharko du onarpen-gutuna.
Ez dute balio izango mezu elektronikoek, faxek eta erakundeen jatorrizko sinadura, logotipoa eta zigilua ez dituzten bestelako dokumentuek.
3.2.– Egindako kanpoko errotazioaren gastuen egiaztagiriak. Errotazioa oraindik egin ez bada, lekualdatze- eta ostatu-gastuetarako erreserben aurrekontu banakatua aurkeztu beharko da, bai eta destinoko zentroak eskatutako eta ordaindu beharreko zenbatekoak ere.
3.3.– Errotazioaren ebaluazio-txostena, ordurako halakorik badu.
Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak eskabidea aztertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du.
4.– Eskabideak zuzentzea.
Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada aurkezten adierazitako dokumentazio guztia, eskatzaileari hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskabideari uko egin diola.
6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira.
2.– Baztertu egingo dira ebaluazio negatiboa duten kanpoko errotazioak.
3.– Irizpide eta baremo hauen arabera ebaluatuko dira eskabideak:
a) Ebaluatutako egoitza-urteetako noten batezbestekoagatik: 10 puntura arte (batezbesteko altuena da puntuaziorik handiena emango duena).
Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak egiaztatuko du hori, Prestakuntzako Espezialisten Erregistro Nazionalaren bidez (METIS).
b) 5 puntu emango dira laguntzaren xede den errotazioetako prestakuntza-jarduera bideratuta badago honako arlo eta ikasgai hauetan gaitasunak eskuratzera:
1.– Kudeaketa sanitarioa eta plangintza asistentziala.
Osasun- eta ospitale-kostuen kontrolari eta kudeaketari buruzko prestakuntza, osasun-marketina, giza baliabideen kudeaketa, zerbitzuen plangintza estrategikoa eta operatiboa, produktibitatearen hobekuntza, kalitatearen kudeaketa, arreta soziosanitarioa, osasun-langileen arriskuen kudeaketa, osasun-sistemaren antolamendu-egiturak, osasun-kudeaketako politikak, zainketen kudeaketa, asistentzia-integrazioa, osasun-zerbitzuen ikuskapena eta osasun-kudeaketan informazioaren teknologiak aplikatzea.
2.– Osasun publikoa.
Gaitasunak garatzea haurren obesitatea eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak prebenitzeko, estatistika eta epidemiologia bezalako tresna metodologikoak erabiltzea, esku-hartzeak planifikatzea eta ebaluatzea (premia, eskaintza eta eskaria aztertzea, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea), adierazleak erabiltzea eta interpretatzea, gaixotasunak prebenitzeko, sustatzeko eta gaixotasunetatik babesteko estrategiak diseinatzea, eta osasuna sustatzea populazio-mailan.– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; alderdi horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
3.– Zainketa aringarriak eta bizitzaren amaierako arreta.
Bizitzaren amaierako arretaren eta zainketa aringarrien alderdi kultural, sanitario, psikosozial, legal eta etikoei buruzko prestakuntza; zerbitzu espezializatuen kudeaketa; sintomen kontrola; erabakiak hartzen laguntzea; eta arlo horretako ikerketa bultzatzea.
4.– Familia eta komunitateko medikuntza.
Prestakuntza-ekintzak, familia- eta komunitate-medikuntzaren garapena sustatu eta bultzatzeko, osasun-arretaren ardatz egituratzaile gisa.
5.– Osasun mentala.
Osasun mentala sustatzea eta nahasmendu mentalak prebenitzea Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren (2023-2028) esparruan, osasunaren zeharkakotasunari arreta berezia eskainiz politika publiko guztietan. Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia 2023-2028 – Osasuna politika guztietan – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – euskadi.eus
6.– Suizidioaren prebentzioa.
Euskadiko Suizidioa Prebenitzeko Planaren helburuekin eta ekintza-ildoekin bat datorren prestakuntza, detekzio goiztiarra, esku-hartzea eta sektore arteko laguntza barne. Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia – Osasuna politika guztietan – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – euskadi.eus
7.– Euskadiko Onkologia Plana 2024-2030.
Euskadiko Plan Onkologikoa ezartzera eta hedatzera bideratutako prestakuntza, arreta berezia jarriz arreta integralean, pertsonalizatuan eta minbizia duten pertsonentzako balioan oinarrituta.
8.– Gaixotasun neurodegeneratiboak.
Alzheimerra, parkinsona eta beste parkinsonismo batzuk, alboko esklerosi amiotrofikoa eta esklerosi anizkoitza modu integralean lantzea, bai alderdi klinikotik, bai antolakuntzakotik eta zaintzaileei laguntzeko ikuspegitik.
9.– Gaixotasun arraroak.
Berariazko gaikuntza prebalentzia txikiko gaixotasunen maneiuan, diagnostikoan, jarraipenean eta asistentzia-koordinazioan, patologia horiek eskatzen dituzten alderdi klinikoak, sozialak eta antolakuntzakoak barne.
10.– Generoa eta Osasuna.
Genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza, osasun-laguntzari, zerbitzuen plangintzari eta kudeaketari aplikatua, bai eta osasunari eta generoari buruzko ikerketa-proiektuen diseinuan eta ebaluazioan ere. Osasun-eremuan genero-indarkeria detektatzeko eta hari heltzeko gaikuntza barne hartzen da.
11.– Gaixotasun kardiobaskularrak.
Patologia kardiobaskularren (adibidez, kardiopatia iskemikoa eta iktusa) prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena eguneratzea, Osasun Sailaren estrategia espezifikoekin bat etorriz.
12.– Zahartzea eta kronikotasuna.
Zahartze aktiboari, adinekoen arretari eta gaixotasun kroniko konplexuen kudeaketari modu integralean heltzeko prestakuntza, ingurune soziosanitario koordinatu batean. Gaixotasun arraroak: prebalentzia dela-eta, gaixotasun ezohikoak, minoritarioak edo arraroak direnak.
13.– Bioetika. Bioetikaren printzipioei eta esparruei buruzko prestakuntza, erabaki klinikoak hartzeari, osasun-plangintzari, ikerketa biomedikoari eta laguntza-harremanari aplikatuta.
Gutxienez zazpi (7) puntu lortzen ez dituzten eskabideak ukatu egingo dira.
7. artikulua.– Zenbatekoak zehaztea.
Laguntza osagarriaren zenbatekoa destinoaren (Espainia eta beste batzuk) eta kanpoko errotazioaren iraupenaren araberakoa izango da. Gehieneko zenbatekoa 1.260,00 eurokoa izango da Espainiatik kanpo egiten diren eta lau hilabete irauten duten errotazioetarako.
Eskuratu ahal izango den zenbatekoa progresibotasun-irizpidearen arabera kalkulatuko da, kanpoko errotazioaren iraupenaren eta hura egiteko lekuaren arabera. Portzentajezko igoera lehen hilerako adierazitako kopuruari aplikatzen zaio. Iraupena taulan adierazitakoa baino txikiagoa bada, zenbatekoa proportzioan doituko da. Legediak ezartzen dituen PFEZ atxikipenen mende egongo dira laguntzak.
Emandako laguntzaren zenbateko osoa globala da, diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzerako esleipenik gabe, eta onuradunak jaso dezakeen gehieneko muga da.
Aurreko artikuluan adierazitako irizpide eta baremoen arabera lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira laguntzak, handienetik txikienera, harik eta laguntza guztietarako ezarritako gehieneko kreditua erabat ahitu arte.
(Ikus .PDF)
8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Laguntzak jasotzea bateragarria da errotazio bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin, baina guztizko zenbatekoak gainditzen baditu jarduerak sortzen dituen gastuak, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, soberakina den beste. Era berean, onuradunak konpromisoa hartu beharko du gainfinantzaketarik ez izateko.
9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, eta haren ardura izango da prozesu osoaren funtzionamendu egokia zaintzea eta prozesu hori bultzatzea. Batzorde horri dagozkio espedienteak baloratzeari buruzko eginkizunak, bai eta prozeduran zehar sortzen diren zalantzak argitzeko behar diren neurri guztiak hartzea ere. Balorazio Batzordeari dagokio, halaber, kontuan hartzea eta aztertzea zer gorabehera sortzen diren, eta haiei buruz erabaki arrazoituak hartzea oinarriak interpretatuz eta baliatuz, eta haietan aurreikusi gabeko guztian, haiek ordeztuz objektibotasunean, inpartzialtasunean eta indarrean dagoen legedian oinarritutako irizpideen arabera.
2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:
a) Batzordeburua: Gonzalo Tamayo Medel jauna (Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria).
b) Kideak:
Ion Etxeberria Bidondo (Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko arduraduna).
Virginia Eguren Egiguren (Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko kanpoko errotazioko espedienteen izapidegilea).
c) Idazkaritza:
Gixane Dañobeitia Olaeta (Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko teknikaria).
3.– Batzordeak, laguntzak emateko jarritako balorazio-irizpideak aplikatuz, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duena.
Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikulua), eta honako hauek zehaztu beharko ditu eskabide bakoitzari dagokionez:
a) Ematea: nor den onuraduna, kanpoko zer errotaziotarako eskatu den dirulaguntza, eta zein den dirulaguntzaren zenbatekoa.
b) Ez ematea: nor den eskatzailea, kanpoko zer errotaziotarako eskatu den dirulaguntza, eta zergatik ez den ematen dirulaguntza ez emateko arrazoia.
c) Eskabideak artxibatzea, eskatzaileek atzera egin dutelako edo bikoiztutako edo oker aurkeztutako eskabideak direlako: nor den eskatzaile, kanpoko zer errotaziotarako eskatu den dirulaguntza, eta zergatik artxibatu den.
Organo horrek, gainera, proposamenarekin batera txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan jasoko da bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako entitateek betetzen dituztela laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikulua).
4.– Dirulaguntzen prozeduran, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen dutenak interes-gatazkarik ez dutenak izateko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikulua).
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura. Ebazpen horretan, gutxienez, 9.3 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko dira; ebazpena, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
2.– Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea hiru (3) hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpena argitaratu ez bada, interesdunek pentsatu behar dute beren eskabidea ezetsi egin dela.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete (1) igaro baino lehen.
4.– Laguntza emateko ebazpena emateko, kanpoko errotazioaren ebaluazio positiboa izan behar du, baina, ebaluazioa negatiboa bada, laguntza errebokatuko da eta laguntza itzuli beharko da.
11. artikulua.– Uko egitea.
Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek idazki bat aurkeztu beharko dute Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzan, 5.2 artikuluan aurreikusitako moduan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hamar (10) egun igaro baino lehen.
Dirulaguntzari ez bazaio uko egiten epe barruan, esan nahiko du onuradunak dirulaguntza onartu duela, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2b) artikuluaren arabera.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek bete beharko dituzte indarrean dauden legezko eta erregelamenduzko arauek eta agindu honetako edozein artikuluk ezartzen dituzten betebeharrak, eta konpromiso hauek hartzen dituzte:
a) Diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egitearen ondoriozko hedapen-dokumentu edo -ekintza orotan adieraztea laguntza jaso dutela.
b) Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzari baimena ematea diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabil ditzan hedapen eta komunikazio korporatiboko planak egiteko, eta parte hartzea ondorioak zabaltzeko antolatzen dituen ekitaldietan.
2.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte, eta, zehazki, hauek:
a) Laguntza emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egiteko, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzaren baimena beharko da.
b) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, eta Osasun Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
c) Dirulaguntza zer xederako eman den, horretarako erabiltzea.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, zer informazio eskatzen duten deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.
e) Helburu bererako jasotako edozein motatako laguntza deklaratzea.
f) Eranskin honetako 3. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea.
13. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Justifikatzeko jarduera egin dela eta hura finantzatzeko funtsak aplikatu direla, dokumentu hauek aurkeztu beharko zaizkio Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzari:
a) Gastuen zerrenda, dagozkien faktura eta ordainagiriekin batera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, gastuak jatorrizko fakturen bidez eta froga-balio baliokidea duten eta merkataritza-trafikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatu behar dira, eta faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu daitezke. Gainera, kanpoko errotazioak dirulaguntzarekin finantzatzeaz gain funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, justifikazioan egiaztatu beharko da zein den funts horien zenbatekoa eta jatorria, eta diruz lagundutako jarduerarako erabili direla.
b) Egindako errotazioaren ebaluazio-txostena.
2.– Justifikazio-dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztu behar da, errotazioa amaitzen denetik zenbatzen hasita (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.4 artikulua).
Epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta onuradunek luzatzea eskatzen badute epea amaitu baino lehen. Osasun Sailburuordetzak onartu ahal izango du luza dadila justifikazioa aurkezteko ezarritako epea, baldin eta luzapenak epearen erdia gainditzen ez badu eta horrekin hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari dokumentazioa aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun baino lehen aurkez dezala, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, eta epe hori ezin izango da luzatu.
Justifikazioa ez bada aurkezten atal honetan ezarritako epean, dirua itzultzeko eskatuko da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako gainerako erantzukizunak eskatuko dira.
Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du salbuetsiko onuraduna dagozkion zehapenetatik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera.
14. artikulua.– Ordainketa.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Fidantzak Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan agertu beharko du.
Onuradunek esteka honetan kontsultatu, aldatu eta sartu ditzakete banku-datuak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) 11. artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 j) artikuluari jarraituz, laguntzaren % 50 aldez aurretik ordaintzeko salbuespena egin ahal izango da, eta hori justifikatuta dago onuradunek kanpoko errotazioa hasi aurreko gastuei aurre egin behar izaten dietelako maiz.
b) Gainerako zenbatekoa (% 50) 13.1 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da.
Ordaindutako zenbatekoei, hala dagokienean, indarrean dagoen zerga-araudiak ezarritako atxikipena aplikatuko zaie.
Eskabidea egiteko unean kanpoko errotazioa egin izana justifikatu ezin izan duten onuradunek egindako errotazioaren ebaluazio-txostena aurkeztu beharko dute. Errotazioa egokia ez bada edo eskatutakoa baino iraupen laburragoa badu, itzuli egin beharko da bidegabe jasotako zenbatekoa eta ordaindu dagozkion interesak.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
Laguntza hauek jaso dituzten egoiliarrek uko egiten badiote osasun-prestakuntza espezializatuko plazari, diziplina-erantzukizuna dakarten hutsegiterik egiten badute –Osasun-zientzietako espezialistak prestatzeko egoitzako lan-harreman berezia arautzen duen urriaren 6ko 1146/2006 Errege Dekretuaren 12.etik 16.era bitarteko artikuluen arabera– eta ez badute betetzen agindu honen 12.1 artikuluan ezarritako betebeharra, itzuli beharko dituzte sail honek egoitza-aldi osoan kanpoko errotazioak egiteko eman dizkien zenbateko guztiak.
Dirua itzultzeko arrazoiei, horretara behartuta dauden pertsonei, itzulketa-prozedurari eta preskripzio-epeari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko III. tituluan xedatutakoa beteko da, 35. artikulutik 43.era bitartekoetan ezarritakoa, dirulaguntzak emateko egintzen berrikuspenari buruzko guztia jasotzen baitu.
16. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.
(EB) 2016/679 Erregelamendua, 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez ([EB] 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa [Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra]; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa), jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, eta tratamendu-jarduera horrek ezaugarri hauek dituela:
Arduraduna: Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritza; Osasun Saila.
Helburua: eskabideak kudeatzea eta irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean misio bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskubidea dago datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurkaratzeko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml
RSS