
164. zk., 2025eko irailaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 3 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3706
AGINDUA, 2025eko uztailaren 24koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Jose Zugasti Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2025eko otsailaren 4an, Fundación Jose Zugasti Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan.
Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.
Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, eta honela dio hitzez hitz:
1.– José Zugasti eskultore eta diziplina anitzeko artistaren lan artistiko eta intelektuala, bere edozein motatako ondasun eta eskubideak, bere proiektu eta obra artistikoak erakutsi, zabaldu eta babestea, eta arte ederrei egiten dien ekarpenaren aintzatespen unibertsala areagotzea.
2.– Arte garaikidearen ondarea gordetzea, sustatzea, erakustea eta, oro har, zabaltzea fundazioak duen eskultorearen obran.
3.– Fundazioaren edozein euskarritan dauden funts bilibliografikoak eta dokumentalak katalogatu, gorde eta handitzea.
4.– José Zugasti jaunaren arte garaikideko ondare artistikoa sustatzea, zabaltzea eta horri prestigioa ematea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Estatuan eta beste edozeinetan defendatzea.
5.– Artistaren obraren eta metalen edo, oro har, artearen aplikazioen azterketen arteko harremanak kontuan hartzen dituzten erakusketak, azterlanak eta ekimenak sustatzea.
6.– Ideiak, proiektuak, jarduerak eta beste fundazio, erakunde eta museo batzuekin lankidetzak egitea eta ideiak trukatzea sustatzea, baterako proiektuak eta jarduerak antolatzean.
7.– Jarduera intelektual eta sortzailea nahiz pentsamendu kritikoa sustatzea, hala nola ikerketa artistikoa eta sormena; horretarako, kongresuak, foroak, tailerrak, jardunaldiak eta genero horretako edozein ekimen antolatuko dira, fundazioaren kultura-jarduerak zabaltzeko.
8.– Fundazioaren jarduera publikoa, kulturala eta ekonomikoa kudeatzea, bai eta funts artistikoak, bibliografikoak eta dokumentalak ere.
9.– Gure gazteen hezkuntza-lanean laguntzea, artearekiko eta kulturarekiko interesa modu ludiko edo gogoetatsuan sustatuko duen hezkuntza-programa baten bidez, integratzailea eta interaktiboa izan dadin.
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 eurokoa da, eta hasierako ekarpena % 25ekoa da, hau da, 7.500 euro. Fundatzaileek diru-ekarpen bidez ordaindu dute zenbateko hori, eta gainerakoa hurrengo bost urteetan emateko geratu da.
Jarduteko lurralde-eremua, nagusiki, Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, eta haren eragina Estatuko lurralde osora eta beste edozein estatutara heda daiteke.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru pertsonak eta gehienez hogei pertsonak osatuko dutela.
Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran jasota daude.
– Lehendakaria: María Yolanda Bernardo Córdoba-Samaniego andrea.
– Lehendakariordea: Pagari Borja Zugasti Bernardo jauna.
– Idazkaria: Nora Pilar Zugasti Bernardo andrea.
– Bokala: Andrés Zugasti Bernardo jauna.
Patronatuko kide sortzaileen agintaldiaren iraupena biziartekoa izango da, eta horien ordezkapena estatutuetako 11. artikuluaren mende egongo da.
2025eko uztailaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskribatzeko eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena egin zuen, aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2025eko uztailaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Jose Zugasti Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa, F-508 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Donostiako notario Jose Gabriel González Botías jaunaren aurrean Donostian, 2025eko urtarrilaren 24an, emandako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 111) ezarritakoaren arabera eta bat etorriz 2025eko maiatzaren 19an eta uztailaren 3an egindako zuzenketekin.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 24a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS