Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2025eko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3705

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 28koa, Hizkuntza Politikako sailburuordearena eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zinpeko itzultzaile- nahiz interprete-lanetarako gaikuntza lortzeko probetarako deialdia egiten duena.

Kultura sailburuaren apirilaren 21eko 88/2009 Dekretuaren bidez arautu zen zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko gaikuntza profesionala.

Dekretu horren 4. artikuluan adierazitakoaren arabera, hizkuntza-politikan eskuduna den organoak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) egingo dute probetarako deialdi bateratua.

IVAP erakundearen egitura eta egitekoak arautzen dituen maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 17.3.e) artikuluan adierazitakoaren arabera, IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak zerbitzu hau eskainiko du: euskaratik beste hizkuntza batzuetara edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko gaikuntza profesionala lortzeko prozesuak kudeatzea, eta, horrekin batera, lanbide horretako gaikuntza duten profesionalen erregistroa kudeatzea.

Hori dela eta, 88/2009 eta 133/2021 Dekretuei jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUGU:

Lehenengoa.– Itzultzaile- nahiz interprete-lanetarako gaikuntza lortzeko probetarako deia egitea, ondorengo hizkuntza-pareetarako:

a) Euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara.

b) Euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara.

c) Euskara-ingelesa eta ingelesa-euskara.

Bigarrena.– Deialdiaren oinarriak onartzea eta argitaratzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean daude.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 28a.

Hizkuntza Politikako sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
ZINPEKO ITZULTZAILE- NAHIZ INTERPRETE-LANETARAKO GAIKUNTZA LORTZEKO PROBETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Parte-hartzaileen betekizunak.

Probetan parte hartzeko beharrezkoa da:

– Adinez nagusi izatea.

– Gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa- edo gradua edukitzea, edo baliokidea den beste tituluren bat. Atzerriko tituluren baten jabe izanez gero, homologatutakoa izan beharko du.

Interesdunek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri honetan ezarritako betekizunak.

Deialdian parte hartzeko betekizunak betetzen dituztela alegatu behar dute izangaiek eskabidean.

IVAPek betekizunak egiaztatuko ditu; horretarako, egin beharreko kontsultak egingo ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataforman, edo ziurtagiriak ematen dituen erakundean, kasuaren arabera.

Eskaera guztien inguruan egingo da kontsulta, non eta izangaia ez den aurka agertzen. Hori izango da salbuespen bakarra eta, halakoetan, aurka egiteko arrazoiak eman beharko ditu izangaiak, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak erabakiko du arrazoiok aintzat hartu ala ez. Aintzat hartuz gero, izangaiak berak aurkeztu beharko ditu, nahitaez, kontsultatu beharreko agiriak.

Egin beharreko kontsultak eginda, alegatutako betekizuna ezin bada egiaztatu, izangaiari eskatuko zaio berak aurkezteko betekizunei dagokien egiaztatze-agiria.

2.– Deialdiaren proben egitura, eta probak egitetik salbuetsita egotea.

Deialdian bi proba orokor egin beharko dira (zuzenbideko proba eta euskarako proba) eta bi proba espezifiko (zinpeko itzulpen-proba, eta zinpeko interpretazio-proba, hala badagokio).

Proba guztiak baztertzaileak izango dira; hortaz, proba bat egiteko, beharrezkoa izango da aurrekoak gaindituta izatea, edo horietatik salbuetsita egotea.

2.1.– Zuzenbide-probatik salbuetsita egotea.

Zuzenbideko probatik salbuetsita egongo dira Zuzenbidean lizentziatuak edo gradu-mailako titulazioaren jabe direnak. Atzerriko tituluren baten jabe izanez gero, homologatutakoa izan beharko du.

Izangaiek, deialdiko proba honetatik salbuetsita egotekotan, salbuespena alegatu beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean.

IVAPek egiaztatuko du ea salbuetsita egoteko lizentziatura edo gradu mailako titulazioaren jabe diren; horretarako, egin beharreko kontsultak egingo ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataforman, edo ziurtagiriak ematen dituen erakundean, kasuaren arabera.

Egin beharreko kontsultak eginda, alegatutako betekizuna ezin bada egiaztatu, izangaiari eskatuko zaio berak aurkezteko betekizunei dagokien egiaztatze-agiria.

2.2.– Euskara-probatik salbuetsita egotea.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maila egiaztatzeko proba egingo da. Proba hau egitetik salbuetsita egongo dira honakoak:

– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiriren bat dutenak.

– Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatuak direnak edo gradu mailako titulazioaren jabe direnak, baldin eta lizentziatura edo gradu horretako hizkuntza-pareko hizkuntzetako bat euskara bada.

Izangaiek, deialdiko proba honetatik salbuetsita egotekotan, salbuespena alegatu beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean.

IVAPek egiaztatuko du ea salbuetsita egoteko eskatzen den lizentziatura edo gradu mailako titulazioaren jabe diren; horretarako, egin beharreko kontsultak egingo ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataforman, edo ziurtagiriak ematen dituen erakundean, kasuaren arabera.

Eskaera guztien inguruan egingo da kontsulta, non eta izangaia ez den aurka agertzen. Hori izango da salbuespen bakarra eta, halakoetan, aurka egiteko arrazoiak eman beharko ditu, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak erabakiko du arrazoiok aintzat hartu ala ez. Aintzat hartuz gero, izangaiak berak aurkeztu beharko ditu, nahitaez, kontsultatu beharreko agiriak.

Egin beharreko kontsultak eginda, alegatutako betekizuna ezin bada egiaztatu, izangaiari eskatuko zaio berak ekartzeko betekizunei dagokien egiaztatze-agiria.

Salbuetsita izateko, euskara-probako idatzizko azterketa egin aurreko egunean izangai bakoitzak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota dituen titulu eta ziurtagiriak hartuko dira aintzakotzat.

2.3.– Zinpeko interpretazio-proba espezifikoa egiteko betekizunak, eta salbuetsi ezina izatea.

Proba honetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da, deialdi hau baino lehenago, dagokion hizkuntza-paretarako zinpeko itzultzaile-lanetarako gaikuntza aitortuta izatea; edo, deialdi honen barruan aurreko hiru probak gaindituta izatea, edo horietatik salbuetsita egotea.

Inor ez dago salbuetsita proba hau egitetik.

3.– Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 8an hasi eta irailaren 26an bukatuko da, egun biak barne.

4.– Eskabideak aurkezteko era.

Ahal dela, eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira. Horretarako, formulario elektronikoa bete behar da helbide elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/web01-sedeform/eu/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1240401&tipoPresentacion=1&language=eu

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bitartekoren baten bidez identifikatu behar dira izangaiak. Onartutako ziurtagiriak ikusteko:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Hala ere, 5. oinarrian adierazitako IVAPeko egoitzetan ere aurkez daiteke eskabidea.

Eskabidean, izangaiek honako hauek adieraziko dituzte:

a) Datu pertsonalak: prozesua zuzen kudeatzeko beharrezkoak.

b) Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa, informazioen inguruko iragarkien eta argitalpenen abisuak jasotzeko.

c) Zein deialditan nahi duten parte hartu: zinpeko itzultzaile-gaikuntza lortzekoan, zinpeko interprete-gaikuntza lortzekoan edo bietan. Era berean, zehaztu beharko dute zein hizkuntza paretarako aurkezten diren (euskara-gaztelania / euskara-frantsesa / euskara-ingelesa).

d) Probaren denborari eta baliabideei dagokienez, egokitzapenik edo doikuntzarik beharko duten.

e) Eskatutako titulazioa.

f) Deialdiko derrigorrezko probaren bat egitetik salbuetsita egotea eskatu duten.

5.– Deialdiaren izapideak, informazioak eta iragarpenak argitaratzeko lekuak eta argitalpen horien abisuak.

Prozesu honetan argitaratuko diren izapide, informazio eta iragarki guztiak honako helbide honetan argitaratuko dira:

https://www.ivap.euskadi.eus/zinpeko-itzultzaile-interpreteak-informazio-orokorra/webivap00-a3izozinpeko/eu/

Hautaketa-prozesuak aurrera egin ahala, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da aurrerabidearekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Abisu bat bidaliko zaie mugikorreko zenbaki bat edo posta elektronikoko helbide bat eman duten izangaiei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.

Informazio hori, halaber, IVAPen bulegoetan egongo da eskuragarri, helbide hauetan:

– Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia (Lakua). Donostia kalea 1.

– Bilbao: Rekalde zumarkalea 18.

– Donostia: San Bartolome kalea 28.

6.– Izangaiek bere egoera kontsultatzeko eta idazkiak aurkezteko helbidea.

Interesdun bakoitzak https://euskadi.eus egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko du bere eskabidearen egoera, eta deialdiaren aurrerabidea. Hemen: Nire karpeta – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus. Helbide horretan agertuko da behin-behinean onartuta ala baztertuta dagoen, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia zein izan den.

Deialdiak aurrera egin ahala, idazkiak eta dokumentuak elektronikoki aurkezteko, 6. oinarri honetan aipatutako helbidea baliatu behar da.

Halere, badago aurrez aurre aurkezterik ere, 5. oinarrian adierazitako IVAPeko egoitzetan.

7.– Deialdian parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hilabeteko epean, IVAPeko zuzendariak ebazpena emango du, eta, hor, agindua emango da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitara daitezen, 5. oinarrian adierazitako lekuetan. Onartutakoen zerrendetan adieraziko da zein izangai dauden onartuta zinpeko itzultzaile edo/eta interprete aritzeko gaikuntza-probatarako, eta probaren bat egiteko salbuetsita dauden. Baztertutakoen zerrenda, berriz, adieraziko da zein izangai geratu diren baztertuak, eta zer arrazoirengatik baztertu diren.

10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabideetako akatsak zuzentzeko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, IVAPeko zuzendariak ebazpena emango du, 5. oinarrian adierazitako lekuetan, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak argitara emateko.

8.– Probak: orokorrak eta espezifikoak.

Zinpeko itzultzaile-lanerako gaikuntza lortzeko, 3 proba egin eta gainditu behar dira: deialdi honetako proba orokor bi (zuzenbideko proba eta euskarako proba) eta proba espezifiko bat (zinpeko itzulpen-proba). Hiru proba horiek, izangaia ez badago proba egitetik salbuetsita, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira; hau da, hirurak gainditu beharko dira zinpeko itzultzaile lanetarako gaikuntza lortzeko.

Zinpeko interprete-lanerako gaikuntza lortzeko, 4 proba egin eta gainditu behar dira: deialdi honetako proba orokor biak (zuzenbide proba eta euskara proba) eta proba espezifiko bi (zinpeko itzulpen-proba eta zinpeko interpretazio-proba); betiere, izangaia ez badago deialdi honetako probak egitetik salbuetsita, edo deialdi hau baino lehenagotik, dagokion hizkuntza-paretarako zinpeko itzultzaile-lanetarako gaikuntza aitortuta badauka.

8.1.– Lehenengo proba: zuzenbideko proba (proba orokorra).

Azterketa test modukoa izango da: erantzun anitzeko hainbat galdera.

Azterketaren edukia deialdiaren oinarrien eranskinean jasota dagoen gai-zerrendara egokituta egongo da.

8.2.– Bigarren proba: zinpeko itzulpen-proba espezifikoa.

8.2.1.– Euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako zinpeko itzultzaile izateko gaikuntza lortzeko proben kasuan:

a) Gaztelaniatik euskarara: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

b) Euskaratik gaztelaniara: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

8.2.2.– Euskaratik frantseserako eta frantsesetik euskararako zinpeko itzultzaile izateko gaikuntza lortzeko proben kasuan:

a) Frantsesetik euskarara: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

b) Euskaratik frantsesera: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

8.2.3.– Euskaratik ingeleserako eta ingelesetik euskararako zinpeko itzultzaile izateko gaikuntza lortzeko proben kasuan:

a) Ingelesetik euskarara: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

b) Euskaratik ingelesera: ordu eta erdian bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

Bigarren proba egiteko, izangaiek aurreko proba, zuzenbidekoa, gaindituta izan behar dute, edo horretatik salbuetsita egon.

8.3.– Hirugarren proba: euskarako proba, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 mailari dagokiona.

Proba hau egiteko, izangaiak aurreko proba biak gaindituta izan behar ditu edo horietatik salbuetsita egon behar du.

8.4.– Laugarren proba: zinpeko interpretazio-proba espezifikoa.

Interpretazioko proba egiteko moduan izatekotan, izangaiek.

– Deialdi honetan aipatutako aurreko hiru probak gaindituta izan beharko dituzte, edo horietatik baten bat egitetik salbuetsita egon, edo

– Dagokion hizkuntza-paretarako zinpeko itzultzaile-lanetarako gaikuntza eduki behar dute, deialdia baino lehenagotik.

Interpretazio-proba: bi mintzaldiren aldibereko interpretazioa egitea, gaikuntza lortzeko aukeratutako hizkuntza-parean ala -pareetan:

– Bat euskaratik gaztelaniara eta bestea gaztelaniatik euskarara.

– Bat euskaratik frantsesera eta bestea frantsesetik euskarara.

– Bat euskaratik ingelesera eta bestea ingelesetik euskarara.

Gehienez ere, hamabosna minutukoa izango da mintzaldi bakoitza.

Aldibereko proba hau interpretazio-kabinan egingo da eta grabatu egingo da.

9.– Proben eguna, lekua eta orduak.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzeaz bat emango da azterketen berri: noiz eta non egingo diren.

10.– Epaimahaia.

10.1.– Osaera.

a) Presidentea: Joseba Lozano Santos, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan hizkuntza normalizatzeko zuzendaria (titularra). Miren Josune Irabien Marigorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria (ordezkoa).

b) Presidenteordea: Miren Edurne Ramón Olano, IVAPeko Euskarako zuzendariordea (titularra). Carmen Beltrán de Lubiano González de Durana, IVAPeko Itzultzaileen zerbitzu ofizialeko itzultzailea (ordezkoa).

c) Idazkaria: Oihana Lertxundi Egurbide, IVAPeko Itzultzaileen Zerbitzu ofizialeko itzultzaile-interpretea (titularra). Rafael Elizondo Saiz, IVAPeko Itzultzaileen Zerbitzu ofizialeko itzultzailea (ordezkoa).

d) Euskal Herriko Unibertsitatearen proposamenez izendatutako ordezkaria: Ana Isabel Morales Carro (titularra), eta Irune Payros Agirre (ordezkoa); lege, administrazio edo ekonomia arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren adituak.

e) Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) proposamenez izendatutako ordezkaria: Itziar Otegi Aranburu (titularra) eta Iñaki Friera Urbistondo (ordezkoa); lege, administrazio edo ekonomia arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren adituak.

f) Euskaltzaindiaren proposamenez izendatutako ordezkaria: Gotzon Lobera Revilla, Euskaltzain urgazlea (titularra); eta Paskual Rekalde Irigoien, Euskaltzain osoa (ordezkoa).

g) Bokalak:

g.1.– Maite Imaz Leunda.

g.2.– José Luis Larrañaga Ibeas.

g.3.– Aritz Branton Langloise.

g.4.– Leire Mendiboure Garaiar.

g.5.– Diana Elizabeth Draper Tobin.

g.6.– Irati Fernandez Arbelaitz.

10.2.– Epaimahaiaren egitekoak.

a) Euskarari, zuzenbideari eta itzulpenari edo interpretazioari buruzko probak diseinatzea, lantzea, kudeatzea, zuzentzea eta baloratzea.

b) Emaitzak onartzea.

c) Berrikusketa-eskaerak erabakitzea.

10.3.– Epaimahaiaren funtzionamendua.

Epaimahaiaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) ezarritakoari lotuta egongo da.

Era berean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Betiere, presidenteak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia, hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago. Epaimahaia eratzeko, beharrezkoa izango da presidentea eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez bokalen erdiak bertaratzea.

Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa, Idazkariak izan ezik.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengo bidez hartuko dira. Presidentearen kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

Presidentea (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

Idazkariaren, edo haren ordezkoaren, kargua hutsik badago, bertaratu ez delako, gaixo dagoelako edo idazkariari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako arrazoiren bat dagoelako, epaimahaikideen gehiengoaren erabakiz aukeratuko den epaimahaikideak beteko du haien kargua.

Epaimahaiak autonomia funtzional erabatekoa izango du. Bere ardurapean izango du prozeduraren gardentasuna eta objektibotasuna, proben eduki eta konfidentzialtasuna eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzea.

Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

Presidenteak behar diren neurriak hartuko ditu proben edukia isilpean gordetzen dela ziurtatzeko, bai eta azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den inork ez jakiteko ere.

Epaimahaiko kideek dietak edota konpentsazioak jasotzeko eskubidea izango dute organo horretan parte hartzeagatik izandako gastuengatik. Ordainketa horiek Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan eta indarrean den bestelako araudian ezarritakoaren arabera egingo dira. Ekainaren 13ko 121/2006 Dekretu horrek hirugarrenez aldatu zuen otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua.

11.– Proben emaitzak.

Proben behin-behineko emaitzak 5. oinarrian aipatzen den eran argitaratuko dira, eta 5 egun baliodun emango dira erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, proben behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

Argitalpenen berri izateko (azterketak egiteko egun, toki eta ordua nahiz probaren emaitzak), argitalpen-abisua jasoko dute, SMS bidez edo e-mailez, abisutarako e-maila edo telefono zenbakia eman duten izangaiek.

Interesdun bakoitzak egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko du berari zuzendutako jakinarazpena.

12.– Deialdi honetako behin betiko egintzen aurkako errekurtsoak.

IVAPeko zuzendariak deialdi honetan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratzeko emandako ebazpenak ez duenez amaituko administrazio-bidea, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke ebazpen horren aurka.

Era berean, deialdi honetako behin betiko emaitzak argitaratzeko Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendariak emandako ebazpenak ez duenez amaituko administrazio-bidea, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke ebazpen horren aurka.

Gora jotzeko errekurtso horiek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera jarriko dira. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta ebazpena eman duen organoari aurkeztuko zaizkio edo, bestela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzibidera jotzeko aukera irekiko da.

Errekurtso bata zein bestea, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira.

13.– Izendapenak eta erregistroa.

Deialdiaren behin betiko emaitzen arabera, zinpeko itzultzaile- nahiz interprete-lanetarako gaikuntza lortu duten izangaiek dagokien izendapena eta agiria jasoko dituzte. Gaikuntzaren agiria egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean izango dute eskuragarri.

IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak kudeatzen duen erregistro ofizialean jasoko dira deialdi honetan lortutako zinpeko itzultzaile- nahiz interprete-gaikuntzako izendapenak.

14.– Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Zinpeko itzultzaile eta interpreteen gaikuntza.

Arduraduna: IVAP.

Helburua: kudeatzea euskarazko zinpeko itzultzaile edo interprete aritzeko egin behar den lanbide-habilitazioko prozedura.

Legitimazioa:

Interesdunaren adostasuna (RGPD artículo 6.1.a)).

Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko (RGPD artículo 6.1.c)).

Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko (RGPD artículo 6.1.e).

Hartzaileak:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Zinpeko itzultzaile edo interpreteak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/175700-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ZINPEKO ITZULTZAILE- NAHIZ INTERPRETE-LANETARAKO GAIKUNTZA LORTZEKO PROBETARAKO DEIALDIAREN OINARRIEN ERANSKINA
ZUZENBIDE PROBAREN GAI-ZERRENDA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala