Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2025eko abuztuaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3674

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Basauriko (Bizkaia) Azbarren Poligonoko Cervantes hiribidearen 33. zenbakiko hiri-lurzoru industrial finkatuan jarduketa bakartu berri bat (A.A.08) xedatzeko.

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 10ean, Basauriko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura has zedin, Basauriko (Bizkaia) Azbarren industrialdeko Cervantes hiribidearen 33. zenbakiko hiri-lurzoru industrial finkatuan jarduketa bakartu berri bat (A.A.8) xedatzeko (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Era berean, espedientea osatzen duen dokumentazioa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean egon zen eskuragarri, interesdun orok izan zezan egokitzat jotzen zituen ingurumen-oharrak egiteko aukera.

Erantzuna emateko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin bat.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plan Berezia bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluarekin, non ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen baitira; zehazki, c) letran: Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Basauriko (Bizkaia) Azbarren industrialdeko Cervantes hiribidearen 33. zenbakiko hiri-lurzoru industrial finkatuan jarduketa bakartu berri bat (A.A.8) xedatzeko, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planak A.A.08 izeneko jarduketa isolatu bat definitzea proposatzen du, Cervantes hiribideko, 33. zenbakian, 444 m2-ko azalerarekin, non hirigintza-parametroak industria-ingurune finkatuaren hirigintza-konfiguraziora egokitzen baitira; ondorioz, ezarritako lerrokaduratzat definitzen dira eraikin mugakidean daudenak, fatxada nagusia eta atzealdea kontuan hartuta, eta eraiki beharreko gehieneko bolumena bat dator nabe mugakideen egungo altuerarekin.

Basauriko udalerrian indarrean dagoen plangintza 2020ko abenduaren 29an behin betiko onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) da (2021eko urtarrilaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 16. zk.). Planaren eremua hiri-lurzoru industrial finkatuaren barruan kokatzen da. «0» Industria Eremurako, HAPOak honela definitzen du eraikuntza-bolumena: lurzatiaren m2 bakoitzeko, 6 m3 eraikin (6 m3/m2).

Planarekin, A.A.08 berriaren hirigintza-parametroek aurreko HAPOan zehaztutakoei eutsiko diete, eta indarrean daudenak aldatuko dituzte; horrela, eraikitako ingurunearen hiri-konfiguraziora egokituko dira, eta, beraz:

– Lurzatiaren azalera: 444 m2

– Eraikinaren gehieneko okupazio-azalera: 444 m2.

– Eraikigarritasuna: 515 m2 (t).

– Kalerako lerrokadura: bi fatxadetarako dagoena.

– Gehieneko altuera: alboko eraikinaren erlaitzarekiko jarraitutasuna.

Ingurumen dokumentuak 0 aukera edo «esku ez hartzearena» jasotzen du. Hori bat dator indarrean dagoen HAPOarekin, «0» industria-eremua hiri-lurzoru industrial finkatu gisa definitzen baitu, eta lurzatiaren m2 bakoitzeko 6 m3-ko eraikin-bolumena ezartzen (6m3/m2). Hautabide horrek ez du aukerarik ematen mehelinen artean dagoen orube hutsa errematatzeko, ezta etxadiko eraikuntza fatxadaren jarraitutasunarekin finkatzeko ere, lerrokadurari zein altuerari dagokienez.

1. hautabideak, hau da, «hartutako irtenbideak», parametroak egokitzen ditu industria-ingurune finkatuaren hirigintza-konfiguraziora, ezarritako lerrokadura gisa definituz eraikin mugakidean dauden lerrokadurak, bi fatxada nagusietatik eta atzealdetik. Horren arabera, eraikitzeko gehieneko bolumena bat dator nabe mugakideen egungo altuerarekin.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera. Irizten zaio Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko berezitasunik.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne. Ingurumen-dokumentu estrategikoak oro har aztertzen du plana bateragarria den Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialarekin eta EAEko ibaien eta erreken ertzak eta nekazaritza eta basogintza antolatzeko lurralde-plan sektorialekin. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin. Ondorioztatu da Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko egokia dela eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloari dagokion Europar Batasuneko edo Espainiako legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak hiri-lurzoru industrial finkatuko 444 m2-ko eremua antolatzen du, eraikitako bi industria-naberen artean eta ingurune guztiz urbanizatu batean (Azbarrengo industrialdea).

Eremua Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean dago. Litologikoki, aipatutako ibaiko alubioi-deposituek osatzen dute, eta iragazkortasun ertaina dute porositatearen arabera.

Eremua Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoaren (UH) eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren (ES017) Ibaizabal IV (ES068MAR002850) ur-masaren isuri-arroan kokatzen da, zehazki, erkidego arteko arroen eskumen-eremuan. Eremuan ez dago ur-ibilgurik, eta gertuen dagoen ibilgua, Ibaizabal ibaia, 135 m-ra baino gehiagora dago, iparralderantz. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren (ES017MSBT017-006) eta Kuaternario Balmaseda-Elorrio sektorearen gainean dago, eta ez dator bat interes hidrogeologikoko eremuekin.

Eremuan ez da hautematen ingurumen-balio nabarmenik. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.

Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremua dentsitate handiko herri eta hirietako eraikuntzen gainean dago, eta ez dago Batasunaren intereseko habitatik.

Planaren eremuan ez da identifikatzen fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planen xede den eremurik.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator hiriguneetan bizitzera egokitutako espezieekin.

Bisoi europarra Bizkaian kudeatzeko planari dagokionez, Ibaizabal ibaia, Basauri udalerrian, «hobetu beharreko tartea» da; eta, bestalde, ezkerraldeko landaredia, Azbarren industrialdearen parean, Batasunaren intereseko habitata da (91E0*, ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra).

Eremua Basauriko ikus-arroari dagokio; eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da, oso arrunta eta oso paisaia-balio txikikoa. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSan.

Planaren xede den lurzatian ez dago eraikitako kultura-ondareko elementu babesturik, ez eta arkeologikorik ere.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan adierazten da eremu akustiko industrial batean (b mota) eta trantsizio akustikoko eremu batean dagoela, industrialde baten eta bizitegi-eremu baten artean, zehazkiago. Gainera, Basauriko zarata-maparen arabera, eremuan 4 metroko altueran dauden soinu-mailak 55-60 dB-koak (A) dira egun- eta arratsalde-aldietan, eta < 50dBkoak (A) gauekoetan. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira b motako eremu akustikoetan garapen berriak egiteko (70 dB (A) egun- eta arratsalde-aldietarako eta 60 dB (A) gau-aldietarako). Bestalde, industria-eraikina denez, ez du kalitate akustikoko helbururik barruko espaziorako, eta, beraz, DB-HRren eskakizunak baino ez dituzte bete behar.

Kontuan izan behar da eremutik 45 m hegoaldera ADIFen Bilbo-Santander trenbidea eta ETSko linea bat igarotzen direla.

Aurkeztutako dokumentazioaren barruan ez dago inpaktu akustikoari buruzko azterlanik.

Arriskuei dagokienez, eremuaren ezaugarri batzuk bat datoz lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruei buruz Ihobek duen inbentarioan jasotako industria-motako kokaleku batekin (48015-00007). Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lurzatiak 2013. urtera arteko lurzoruaren kalitatearen adierazpena du, lurzatiaren gainean garatutako jarduera historikoei dagokienez. Alde horretatik, kontuan izan behar da Planaren xede den lurzatiak ez duela jarduerarik izan, Geoeuskadiren ortoargazki historikoen arabera. Nolanahi ere, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, eremua bat dator Ibaizabal ibaiaren 500 urteko errepikatze-denborako orbanarekin, eta Basauri (ES017-BIZ-12-1) uholde-arrisku handiko eremuan sartzen da.

Bestalde, ez da arrisku handirik identifikatu sismikotasunaren, higaduraren, baso-sutearen, salgai arriskutsuen garraioaren edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondorioz. Eremuan oso txikia da akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna, eta ez dator bat interes hidrogeologikoko eremuekin.

Aurrekoa ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude eraikuntza berriaren eraikuntza-obrekin eta urbanizazio-obra osagarriekin: lurzorua okupatzea, lur-mugimenduak, materialen garraioa, materialak eta hondakinak aldi baterako biltegiratzea, ustekabeko isurketak, ibilgailuen zirkulazioa areagotzea, uraren eta energiaren kontsumoa, emisio atmosferiko eta akustikoengatiko eragozpenak, etab.

Indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, afekzioak txikiak izango direla aurreikusten da, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta leheneratzeko modukoak.

Kontuan harturik hori guztia, eremuaren egungo egoera, Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuko direla, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu nabarmenik izatea.

3.– Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, jarraian aipatzen diren babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira ebazpen honetan, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoa jasotzen duen ebazpenean ezarritakoaren arabera betearaziko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

Planak esplizituki jasoko du Eraikuntza-/Urbanizazio-proiektuak leheneratze-proiektu bat izango duela, zeinak proiektua egikaritzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko baititu, eta proiektua egikaritzeko behar adinako xehetasun-mailarekin garatuko ditu jarduketak, aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizazioari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuko da fatxadan erabiliko den isolamendua, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.

Bibrazioei buruzko neurriak.

Kontuan hartuko da ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 42. artikuluarekin bat etorriz, etorkizuneko hirigintza-garapenetan trenbidetik 75 metrora baino gutxiagora eraikinak egiten badira, bibrazio-mailen ebaluazioa ere jaso beharko dela eragin akustikoari buruzko azterketan, garapenak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela egiaztatzeko eta, beharrezkoak izanez gero, zuzenketa-neurriak ezartzeko. Bibrazioen aurkako elementuak jarri behar baldin badira, horien ezaugarriak zehazteko, neurketa-kanpaina bat egingo da eraikinaren zimendu-kotan, zimendu mota proiektatu ondoren, eta bibrazioen kontrako elementu horiek lortu behar duten gutxieneko indargabetzea ezarriko da, guztia ere legeriak ezarritako kalitate akustikoaren helburua betetzen dela bermatzeko.

Landarediari eragiten dioten neurriak:

Planak esplizituki jasoko ditu ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako prebentzio-neurriak eta landaredia lehengoratzeko neurriak, lurzatia garatzeko baldintzatzaile gisa.

Planak espezie inbaditzaileen kontrola jaso beharko du: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko. Ildo horretan, ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta egongo dira obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabilitako makineriak aire zabalean erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara egokitu behar du; eta, bereziki, eta hala badagokio, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua– eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.

– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

– Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/eu/argitalpenak) jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

a) Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

b) Energia. Iturri ez-berriztagarrietatik etorritako energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea.

c) Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

e) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

f) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Basauriko (Bizkaia) Azbarren industrialdeko Cervantes hiribidearen 33. zenbakiko hiri-lurzoru industrial finkatuan jarduketa bakartu berri bat (A.A.8) xedatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Basauriko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek galdu egingo du indarra eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada onartzen Basauriko (Bizkaia) Azbarren industrialdeko Cervantes hiribidearen 33. zenbakiko hiri-lurzoru industrial finkatuan jarduketa bakartu berri bat (A.A.8) xedatzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala