
159. zk., 2025eko abuztuaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (289 KB - 14 orri.)
- EPUB (341 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3656
AGINDUA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2025ean Irale programan irakasle liberatuak dituzten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntza-deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 legeak eta maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuek, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzari, Batxilergoari eta Oinarrizko Hezkuntzari eragiten diotenek, oinarrizko xedetzat dute irakasleen hizkuntza-gaitasuna indartzea.
17/2023 legeak oinarrizko balioak zehazten ditu IV. tituluan; esaterako, hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du. III. kapituluak aztertzen du nola indartu irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza.
Bide beretik, 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan, curriculumaren oinarrien eta ikasleen konpetentzien arloarekin batera, Pedagogia eta Kudeaketa-autonomiari propio eskaintzen zaio kapitulu bat. 77/2023 dekretuko 20. artikuluan esaterako, «Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza, koordinazioa eta ebaluazioa» zehazten direnean, irakasleen prestakuntzaren helburu nagusiak finkatzen dira. Definitzen da zer konpetentzia-profil izan behar duten irakasleek beren funtzioen berezko erantzukizunak, hau da, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin loturiko erantzukizunak betetzeko egokia.
Bada, testuinguru horretan kokatzen da Irale programa, prestakuntza-arloko eragile gisa. Euskalduntze programekin batera, Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Nagusiki, ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, baliagarri izan daitezke ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei, nahiz hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuei erantzuteko.
Programa hau gauzatzeko, Hezkuntza Sailburuordetzak argitaratu du zer prozedura erabiliko dituen 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetarako Irale programaren ikastaroak egiteko plazak esleitzeko, hurrenez hurren, 2024ko apirilaren 22ko eta 2025eko apirilaren 16ko aginduen bidez. Aginduotako I. eranskinetan zehazten da zein diren ikastaro hauen hartzaileak, ikastetxe pribatuetako irakasleek deialdian eskaintzen diren irakastordu barneko hainbat ikastaro egiteko aukera dutelarik. Ikastaro horietako batzuetan dedikazioa osoa izanik, langileak liberatu behar dira. Horiek horrela, deialdia hau da ikastetxe pribatuetako liberazio horien ordezkatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko.
Dirulaguntzen deialdi hau sartuta dago Hezkuntza Sailaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan; zehazki, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua Zuzendaritzaren 4715 programan, irakasleak euskaraz prestatzeko helburu estrategikoarekin.
Dirulaguntza deialdi honen oinarriak honako lege eta dekretu hauek dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen eta dirulaguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea 2025ean Irale programan irakasle liberatuak dituzten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen oinarriak; agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea eta ezartzea zer oinarrik arautuko duten deialdia, diruz laguntzeko 2025ean Irale Programako ikastaroetan, eskola-ordutegiaren barruan, aritutako irakasleen ordezkatzeak eragindako gastuak.
2. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera.
1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren ikastaroak U2, U3, 3000, 4000, 5000, R300, R400, R600 eta R900 ikastaroak dira, honako bi agindu hauen bidez deituak: Hezkuntzako sailburuaren 2024ko apirilaren 22ko Agindua, zeinaren bidez deitzen baitira Irale programaren 2024ko udako eta 2024-2025 ikasturteko ikastaroak, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (EHAA, 2024-05-10, 91. zk.), eta Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 16ko Agindua, zeinaren bidez deitzen baitira Irale programaren 2025eko udako eta 2025-2026 ikasturteko ikastaroak, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (EHAA, maiatzaren 6koa, 83. zenbakia).
2.– Dirulaguntzaren xede-jarduera da 2025ean ikastaro horiek egingo dituzten irakasleen lanaldi-liberazioen ordezkapenak egiteko langileak kontratatzea.
3.– Ondorio horietarako, liberaziotzat hartuko da lanik ez egitea ikastaroa egiten den hilabeteetan, lan-eskubideak murriztu gabe, soldata barne; eta ikastaroa egintzat hartuko da baldin eta ikastaroaren deialdian ezarritako baldintzak betetzen badira.
4.– 6. oinarrian ezartzen da zer baldintza bete behar duten kontratatutako langileek ordezkapena egiteko.
3. oinarria.– Kreditu erabilgarria.
1.– Dirulaguntzak emateko, 1.433.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorren kontura.
4. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Hurrengo taulan finkatutako zenbatekoen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, ordezkapen-aldiaren eta emandako irakasmailaren arabera. Honako arau hauek aplikatuko dira:
a) % 100ari dagokion zutabeak finkatzen du zein diren erreferentziazko gehieneko zenbatekoak.
b) Taulako zenbatekoak finkatu dira irakasleko eta liberazio-aldi bakoitzerako zenbateko oso bezala.
c) Zenbatekoa aldi osorako gehienekoa da; liberazioa edo ordezkapena aldi osoa baino txikiagoa bada, dagokion zenbateko proportzionala aplikatuko da.
d) Zenbatekoak lanaldi osoan ordezkatutako irakasle baten kasurako finkatuta daude. Ordezkatutako irakasleak lanaldi partziala badu, kalkulua dagokion proportzioan egingo da.
e) Dirulaguntzan, ez dira sartzen ordezkatutako irakaslearen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak.
(Ikus .PDF)
2.– Aurreko taulan zehaztutako zenbatekoen % 100 ordainduta, dirulaguntza hauetarako aurrekontua gaindituko balitz, eskabide bakoitzari esleituko zaion ehunekoa gutxituko da aurrekontura egokitzeko beharrezkoa den kopuruan.
5. oinarria.– Erakunde onuradunak, baldintzak eta horien egiaztapena.
1.– Deialdi honetan parte hartu eta dirulaguntza jaso ahal izango dute hezkuntza-ituna duten ikastetxeetako titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta aldi berean betetzen badituzte jarraian adierazitako baldintza espezifiko eta orokorrak.
2.– Honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Hezkuntza-ituna izatea 1. oinarrian aurreikusitako ikastaroa egiteko aldirako eta ikasturtean onartutako irakasleek emandako irakasmaila eta irakaskuntzetarako.
b) Ikastaroan onartutako irakasleak beren lanalditik liberatu izana.
c) Kontratatuta izatea onartutako irakasleen ordezkapen osoa, lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen bereko irakasleekin.
3.– Erakunde eskatzaileek eta onuradunek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte dirulaguntzen arloan:
a) Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez. Baldintza horiek eskatzen dira bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko harik eta dirulaguntzaren likidatu arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira ordainketak egiten direnean.
Organo kudeatzaileak modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du ea egunean dauden zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik beharko; bat etorriz, betiere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023 otsailaren 13ko Aginduarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin.
Zentro onuradunak berariaz egin diezaioke uko baimen horri. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.
b) Jakinaraztea ea eskatu eta, hala badagokio, lortu duten xede bera duten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik, eta, lortu badute, adieraztea zein den zenbatekoa eta erakunde emailearen izena. Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzarik jasoz gero, gainfinantzaketarik ez gertatzea.
c) Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
d) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutako baldintzetan.
e) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 2. apartatutik 5.era bitartean (biak barne) jasotako inguruabar eta debekuetako batean ere.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikuluan jasotakoa gogoan, ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
g) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, ezta bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea ere, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasoa.
h) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen direla dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
4.– Arestian aipatutako betekizunok egiaztatuko dira eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Entitate onuradunak dokumentazioa edukiko du, egiaztatzen duena betetzen duela apartatu honetan adierazitakoa, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.
5.– Honela egiaztatuko da ea betetzen diren aurreko 2. apartatuko b) eta c) letretan jasotako betekizun espezifikoak:
a) Eskabidearekin batera egiaztatuko dira deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bukatuta dauden liberazioak eta ordezkapenak, ordezkoaren kontratuaren kopia erantsita.
b) 14. oinarrian xedatutako moduan egiaztatuko dira deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bukatu ez diren liberazioak eta ordezkapenak.
6. oinarria.– Ordezko irakasleak.
Ordezko irakasleak kontratatzeko, arau hauek bete beharko dira:
a) Kontratazioa legeria eta hitzarmen kolektibo aplikagarriaren araberakoa izango da.
b) Ordezko irakasleek bete behar dituzte irakaskuntzak emateko baldintzak, eta ordezkatutako irakasleen lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen berarekin arituko dira.
c) Irakasle liberatu bakoitza irakasle batekin edo batzuekin ordezkatu ahal izango da, baina ordezkapenaren indarraldia ez da izango ikastaroa egiteko aldia baino luzeagoa eta, ondorioz, ezta liberazio-aldia baino luzeagoa ere.
d) Ordezkapena bitarteko kontratu bidez egingo da, salbu erlijioko irakasleak ordezkatzeko edo ondorengo kasu hauetarako, kasu horietan ordezkapena plantillako langile mugagabeekin egin ahal izango baita:
– Ordezkapenari dagokion ikasturtean ikastetxeko gela-kopurua murriztu denean aurreko ikasturtearekiko, baina irakasle kopurua mantenduta.
– Ikastetxeak, ordezkapena egiteko, ikastetxeko irakasleen lanaldi partziala handiagotzen duenean.
e) Ikasketariak liberazioa hasi eta dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen badu, ikastetxera bueltatu beharko du. Horren ondorioz, eten egingo dira ordezkoaren kontratua eta dagokion ordainketa.
7. oinarria.– Deialdiaren instrukzio-organoa eta dirulaguntzen kudeatzailea.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuari dagokio deialdi hau bideratzea eta emandako dirulaguntzak kudeatzea.
8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.
1.– Ikastetxeko pertsona fisiko edo juridiko titularrak aurkeztuko du eskabidea, elektronikoki, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabidea egiteko informazioa eta ondorengo izapideetarako sarbidea eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, horren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/irale-pribatuak/web01-tramite/eu
Eskabide bakarra beteko da ikastetxeko titular bakoitzeko, eta bertan zerrendatuko dira ikastetxean ordezkapenaren xede diren irakasleak eta horien ordezko irakasleak.
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak (sarbidea, izapidetzea eta jarraipena) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
9. oinarria.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete edo eskatutako dokumentazioren bat ez badago erantsita, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
2.– Errekerimendua elektronikoki jakinaraziko da, eskatzailearen «Nire karpeta» atalaren bidez. Zuzendaritza kudeatzaileak jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango ditu eskabidean horretarako adierazitako posta edo gailu elektronikora, baina jakinarazpen horrek ez du jakinarazpen-ondoriorik izango.
10. oinarria.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak behin-behineko ebazpena onartuko du. Ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa, eta hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak ere bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorreko zenbakietara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenerako baliorik izango.
2.– Behin-behineko ebazpenean honako hauek bereiziko dira:
a) Baldintzak ez betetzeagatik onartu ez diren eskabideak. Ondorio horietarako, eskatutako ordezkapenen zati bati edo guztiei buruzkoa izan daiteke ez onartzea, eta ebazpenean adieraziko da bete ez den betekizuna.
b) Emandako dirulaguntzak, baldintzak betetzen dituztenen artean, dirulaguntza jaso duten ikastetxeak adieraziko dira, bai eta bakoitzari emandako zenbatekoa ere.
11. oinarria.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Hezkuntza sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, ez onartzeko, emateko eta ukatzeko ebazpenen bidez. Ebazpen horietan, zuzendaritza instrukzio-egileak onartutako behin betiko ebazpena jasoko da.
2.– Prozeduraren ebazpena honako egutegi honen araberakoa izango da:
a) 2025eko urriaren 31 baino lehen, 2025eko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
b) 2025eko abenduaren 31 baino lehen, 2025eko irailetik abendura bitarteko liberazioei dagozkien ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
3.– Ebazpen horiek elektronikoki jakinaraziko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa, eta, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorreko zenbakietara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenerako baliorik izango.
4.– Gardentasunaren ondorioetarako, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
12. oinarria.– Dirulaguntza jaso duten erakundeen betebeharrak.
Hauek dira dirulaguntzen erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta 15 eguneko epean idatziz uko egiten ez bazaio, onartu egin dela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Deialdi honetan irakasleak liberatzeari eta ordezkatzeari buruz ezarritakoa betetzea, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren gainerako baldintzak ere.
d) Jarduera eta gastua bete direla justifikatzea, 14. oinarrian adierazitakoaren arabera.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.
f) Xede berbera duten bestelako dirulaguntzak edo laguntzak, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotakoak, jakinaraztea.
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
13. oinarria.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan ezarritakoa gogoan. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
14. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa.
Honela egingo da jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa:
a) 2025eko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, dirulaguntza-eskabideari erantsi beharko zaio ordezko irakaslearen kontratuaren kopia.
b) 2025eko irailetik abendura bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, aurkeztu beharko zaio ordezko irakaslearen kontratuaren kopia, ikasturtea hasi eta 15 egun balioduneko epean.
15. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Ordezkatutako irakaslearen liberazio-aldia amaitu ondoren ordainduko dira dirulaguntzak, betiere ordezkapena eta gastua aurreko oinarrian adierazitako moduan justifikatu badira.
16. oinarria.– Laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –besteak beste, ordezkatutako irakasleen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak eta ezarritako mugak urratuz beste laguntza edo dirulaguntza batzuk aldi berean lortzea–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
17. oinarria.– Ez betetzea, ordaintzeko eskubidea galtzea, eta dirua itzultzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, aitortzeko prozedura bete ondoren, galdu egingo da, galdu egingo da jasotako dirulaguntzatik ordaindu gabe geratzen den dirulaguntza-zatia jasotzeko eskubidea, hori aitortzeko prozedura bete ondoren, eta itzuli beharko dira hala jasotako zatia nola berandutze-interesak, dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea erabakitzen den egunera arte sortuak. Horretarako, Hezkuntza Sailak dagozkion egiaztapenak egiteko ahalmena izango du.
2.– Onuradunak dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
18. oinarria.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko dirulaguntzak.
Arduraduna: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Hezkuntza Saila.
Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila, ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko; era berean, informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere badituzu.
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
Tratamendu Jardueren Erregistroa (TJE):
https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1718?locale=eu
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
RSS