
159. zk., 2025eko abuztuaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 15 orri.)
- EPUB (318 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3654
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 8koa, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetako prestakuntza-beka baten oinarriak eta deialdia.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen bidez, Lehiaren Euskal Agintaritza sortu zen, administrazio-izaerako organismo autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikirik, eta esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko berezko nortasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoarekin.
Lehiaren Euskal Agintaritzak (aurrerantzean, LEA) merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea du helburu, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Horretarako, zenbait eskumen baliatzen ditu; hain zuzen ere, zehatzeko, sustatzeko, aurkaratzeko, irizpenak emateko, kontsultatzeko eta arbitratzeko eskumenak.
LEAk jasotzen dituen eskabideei erantzuteko –bai LEArekin harremanetan jartzen diren unibertsitate-ikasleen eta graduatu berrien zuzeneko eskaeren bidez, bai zenbait unibertsitatetatik jasotako proposamenen bitartez– eta goi-mailako ikasketak amaitu berri dituztenen lehiaren arloko prestakuntza-praktikak sustatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea betez, Lehiaren Euskal Kontseiluak, 2025eko urtarrilaren 30eko bilkuran, Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2025eko Dirulaguntzen Plana onetsi zuen, nahitaezko aurretiazko urrats gisa. Plana, aldi berean, 2025-2028 aldirako LEAren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta lehiaren arloko gaietarako dirulaguntzen ildoa jasotzen du bere indarraldi osorako.
Azaldutako guztia dela-eta, eta azken urteetako deialdien emaitza onak ikusita, LEAk egokitzat jo du beste deialdi publiko bat egitea, bere egoitzan prestakuntza-praktikak egitera bideratutako beka bat emateko; hala, goi-mailako unibertsitate-titulua lortu berri dutela beren prestakuntza teoriko-praktikoan sakondu nahi dutenek LEAren berezko eginkizunetan jarduteko aukera izango dute.
LEAren baliabide ekonomiko eta teknikoak mugatuak direnez, lehiaketa-emakidaren prozedurari jarraituko dio bekaduna hautatzeko prozesuak, non jasotako eskabideak deialdian aurrez ezarritako balorazio-irizpideak aintzakotzat harturik erkatuko diren.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horren xede diren dirulaguntzak besteak beste publikotasun-printzipioaren arabera kudeatu eta emango dira. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetako prestakuntza-beka baten oinarri arautzaileak eta deialdia onestea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da organo beraren aurrean, hilabeteko epean, edota zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira zenbatzen.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2025eko uztailaren 8a.
Lehendakaria,
AINARA HERCE SAN MARTÍN.
I. ERANSKINA
LEHIAREN EUSKAL AGINTARITZAREN JARDUKETA-EREMUETAKO PRESTAKUNTZA-BEKA BATEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea goi-mailako unibertsitate-titulua duen pertsona bati (graduatua, lizentziaduna edo titulazio baliokidea duena) beka bat ematea da, baldin eta bere lanbide-heziketa Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA) jarduketa-eremuetako gaietan osatu eta garatu nahi badu, organismo horren egoitzan gehienez hamar hilabeteko epean prestakuntza-praktikak eginez.
2. artikulua.– Bekaren ezaugarriak eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Bekari esker, adjudikaziodunak prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko du LEAren berezko jarduketa-eremuetan, besteak beste zehapen-espedienteak izapidetzen eta lehia sustatzeko txostenak egiten.
Horretarako, bekadunak LEAren langileekin batera esku hartu ahal izango du lehia-espedienteen dokumentazioa analizatzen, jurisprudentzia bildu eta aztertzen, datuak jaso eta haien analisia egiten, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak prestatzen eta araudiaren interpretazioa egiten. Era berean, hainbat eratako espedienteak izapidetzen lagundu ahal izango du (hala nola administrazioko zehapen-espedienteak, aurkaratzekoak eta bide judizialean defendatzekoak). Gainera, prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldi eta jardueretara joan ahal izango du.
2.– Beka emateak ez du sortzen inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik LEArekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, prestakuntzakoa den aldetik. Ordaintzen den zenbatekoa ez da hartuko ordainsaritzat, prestakuntzarako laguntzatzat baizik.
3.– Deialdi honen xede den beka lehiazko konkurrentziaren prozeduraren bidez adjudikatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitako lehiaketaren bidez. Prozeduran, aurkeztutako eskabideak elkarren artean alderatuko dira lehentasun bat ezartzeko, oinarri hauetako 8. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Balorazio-faseetan gutxieneko puntuazioa gainditu eta puntuaziorik altuena lortzen duen hautagaiari adjudikatuko zaio beka.
4.– Deialdiko beka-programaren kreditua orotara 11.800 eurokoa da. 2025erako, 3.500 eurokoa izango da ordainketa-kreditua, LEAren gastuen aurrekontukoa (4. kapitulua, 6115 programa), eta 8.300 euroko konpromiso-kreditua izango da 2026rako.
Hilean 1.100 euro ordainduko zaizkio adjudikaziodunari. Ordainketa guztiak gordinak izango dira, eta bekaren jasotzaileak ordaindu beharreko gizarte- eta zerga-kotizazioen atxikipenen mende egongo dira, indarrean dauden arauek ezarritako baldintzetan. Bekaduna Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuko da.
5.– Bekak gehienez hamar hilabeteko iraupena izango du, adjudikazio-ebazpenean zehaztuko den hasiera-egunetik aurrera, eta ezingo da 2026ko uztailaren 30etik aurrera luzatu.
Adjudikaziodunak LEAren bulegoetan egin beharko du prestakuntza, beka eman ondotik bi alderdiek adosten duten ordutegiaren arabera. Astean 30 ordu izango dira, astelehenetik ostiralera, lan-ordutegian.
6.– Oinarri hauen babespean ematen den bekaz gozatzea bateraezina da helburu bererako beste inolako laguntza edo dirulaguntza jasotzearekin. Era berean, bateraezina izango da deialdi hau argitaratu aurreko urtean eta deialdiak irauten duen aldi osoan LEAk esleituta dituen eginkizunekin zuzeneko harremana duen edo izan dezakeen edozein lanbide-jarduerarekin.
Prestakuntza-aldian zehar gertatutako inguruabarrengatik adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, jakinaren gainean ipini beharko da LEA, eta aukeretako bati uko egitea erabaki beharko du bekadunak.
7.– Adjudikazioduna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erantzukizun zibilaren eta istripuen polizaren barruan bilduta egongo da beka indarrean den bitartean.
3. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.
1.– Deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek kanal presentziala edota bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Kanal presentziala aukeratuz gero, eskabidea –inprimatuta, datatuta eta sinatuta– eta eskatutako dokumentazioa Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusira igorri beharko dira (LEA, Ercilla kalea 4, 2. solairua, 48009 Bilbao). Eskabide-eredu normalizatua II. eranskinean dago jasota.
Eskabideak Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa telematikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/).
Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin nahi dituzten interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» baliatuz: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Eskabidea eredu normalizatuaren bidez egingo da, behar bezala beteta. Egoitza elektronikoko helbide honetan dago eredua eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
Identifikatzeko eta eskabideak sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak baliatuko dira, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
5.– Eskatzaileak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango du eskabidea elektronikoki. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango du ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
6.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
Lehiaren arloko prestakuntza-beka jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisikoei zuzenduta dago, eta nahitaezkoa izango da pertsona horiek eskakizun hauek betetzea, bai bekaren onuradun izateko, bai likidazioa egin arte bekari eusteko:
a) Zuzenbidearen, Ekonomiaren edo Enpresaren arloetako graduko unibertsitate-titulua, lizentzia edo baliokidea izatea, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean unibertsitate-titulua lortu zenetik sei urte baino gehiago igaro ez izana.
Kasu guztietan ere, atzerrian edo estatuz kanpoko Espainiako zentroetan lortutako tituluek baliokidetuta edo aitortuta egon beharko dute.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea auzotasun administratiboa, beka-deialdiaren data baino lehenagotik.
c) Ez jaso izana dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.
d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, berariaz kontuan harturik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
f) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako legezko debekuren baten eraginpean.
g) Aurretik Lehiaren Euskal Agintaritzak emandako prestakuntza-bekarik gozatu ez izana.
5. artikulua.– Eskatzailearen eskakizunak egiaztatzea.
1.– Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, beka jaso ahal izateko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko:
a) NAN, AIZ edo pasaportea.
b) Alegatutako merezimenduak zerrendatzen dituen curriculum vitaea.
c) Aipatutako arloetako baten unibertsitate-titulua edo hura emateko eskubideen ordainketarena, bai eta ziurtagiri akademiko pertsonalarena ere, unibertsitate-tituluari dagozkion irakasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak adierazita.
d) Graduondoko titulua (masterra, doktoregoa, espezialista edo baliokideak) eta hari dagozkion kalifikazioen eta irakasgaien ziurtagiria.
e) Alegatutako ikastaroen ziurtagiriak.
f) Alegatutako hizkuntzen maila egiaztatzen duen titulu ofiziala.
g) Aurreko puntuetan zerrendatu gabe egonik, curriculum vitaean alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.
2.– Bekaren eskatzaileek aurkeztu beharreko ziurtagiriek irakasgai bakoitzeko ordu edo kreditu kopurua eta landutako gai zehatzak jasoko dituzte, besteak beste.
3.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Administrazioak datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatu ahal izango du eskakizunak betetzen direla. Eskatzaileak uko egiten badio egiaztapen horri, hala adierazi beharko du eskabidean, eta berak aurkeztu beharko ditu agiri horiek.
Nortasun-, bizileku- eta titulazio-eskakizunen egiaztapena elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez lortu daiteke.
4.– Eskabide-orrian bertan jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskatzaileak hau adieraziko du:
a) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, betetzen dituela laguntzaren onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak, eta ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako debekuren baten eraginpean.
b) Egunean dagoela zerga-betebeharrekin eta Gizarte Segurantzarekikoekin, eta konpromisoa hartzen duela betebeharrak betetzen jarraitzeko laguntza erabat justifikatu arte, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
c) Ez dela gozatzen ari bateraezina den beste inolako laguntza instituzionalik.
d) Ez dela egiten ari LEAk esleituta dituen eginkizunekin zuzenean lotuta dagoen edo eginkizun horiek oztopa ditzakeen lanbide-jarduerarik, ez duela halakorik egin deialdi hau argitaratu aurreko urtean, eta konpromisoa hartzen duela dirulaguntza erabat justifikatu arte halakorik ez egiteko.
e) Ez duela LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu, eta ez dituela leheneratzeko terapiak sustatu edo egin (Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Aurkezturiko dokumentazioa osoa ez bada, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio dokumentazio osoa bidaltzeko. Epe hori ezin izango da luzatu, lehiazko konkurrentzia bidezko prozedura baita.
2.– Epe horretan –jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– ez baldin bada eskatutako dokumentazioa aurkeztu, ulertuko da eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.
7. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio Batzordeak aztertuko eta baloratuko ditu eskabideak, eta kide hauek izango ditu:
– Batzordeburua: Lehiaren Euskal Kontseiluko batzordekidea (Arantza González López). Ordezkoa: Lehiaren Kontseiluko batzordekidea (Enara Venturini Álvarez).
– Batzordekideak: lehiaren arloko hiru arduradun (Guillermo Aranzabe Pablos, Zorione Garitano Azkarraga eta Ibon Xabier Álvarez Casado). Ordezkoa: Jaione Aberasturi Erezuma
– Idazkaria: LEAren idazkari nagusia (Josu Aguirre Goitia), zeina hitzarekin baina botorik gabe arituko den.
2.– Balorazio Batzordeko kideren batek ezin badu parte hartu (postua hutsik dagoelako, kidea kanpoan edo gaixo dagoelako, edo legez zehaztutako beste edozein kausa dela-eta) eta haren ordezkorik izendatuta ez badago, LEAren lehendakariak izendatuko du haren ordezkoa.
8. artikulua.– Hautagaiak aukeratzea eta balorazio-irizpideak.
1.– Bekadunak bi fasetan hautatuko dira, irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Lehenengo fasea: 85 puntu.
Hauek izango dira balorazio-irizpideak:
1. Ikasketa-espedienteari 30 puntu emango zaizkio gehienez, eta prestakuntzarako sarbidea eman duen graduko unibertsitate-titulazio espezifikoan, lizentzian edo baliokidean lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan, honela:
– 10 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
– 15 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
– 20 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
– 25 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
– 30 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
2. LEAk betetzen dituen eginkizunekin lotura zuzena duen beste unibertsitate-gradu bat. 20 puntu, gehienez ere.
Zuzenbidean eta ekonomian/enpresan edo baliokideetan gradu bikoitza dutenei 20 puntu emango zaizkie.
3. Graduondoko ikastaroak, eta LEAren berezko arlo eta eginkizunekin lotutako beste prestakuntza-ikastaro eta merezimendu akademiko batzuk, bereziki Europako zuzenbidea, merkataritza-zuzenbidea, merkatuen erregulazioa, lehia, datuen bilketa eta analisia, analisi ekonomikoa eta abar: 20 puntu, gehienez ere. (LEAren eginkizunekin zerikusirik ez badute, ez dira baloratuko).
i) Graduondokoak: Gutxienez 450 orduko iraupena edo kreditu baliokideak (gehienez 15 puntu):
– 10 puntu, 450 eta 999 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.
– 15 puntu, mila ordutik gora edo kreditu baliokideak, bai eta datuen bilketari eta analisiari buruzko edozein ikastaro espezifiko ere.
ii) Hobekuntza- eta prestakuntza-ikastaroak (450 ordutik beherako graduondokoak barne) (gehienez 5 puntu):
– 2,5 puntu, 20 eta 49 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.
– 5 puntu, 50 ordutik gora edo kreditu baliokideak, bai eta datuen bilketari eta analisiari buruzko edozein ikastaro espezifiko ere.
4. Euskararen ezagutza. Gehienez 10 puntu, honela baloratuta:
i) C1 ALTE = EGA; IVAP 3HE; Hirugarren Maila HABE = 10 puntu.
ii) B2 ALTE = IVAP 2HE; Bigarren Maila HABE = 5 puntu.
iii) B1 ALTE = IVAP 1HE; Lehenengo Maila HABE = 2 puntu.
5. Ingelesez, frantsesez edo alemanez jakitea: Gehienez 5 puntu; Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailen arabera baloratuko dira, honela:
i) C1 edo maila altuagoa = 5 puntu.
ii) B2 = 3 puntu.
iii) B1 = 2 puntu.
Lehenengo fasean gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiak igaroko dira bigarren fasera.
b) Bigarren fasea: 15 puntu.
Elkarrizketa pertsonala, gaiaren inguruko prestakuntza egiaztatu ahal izateko. Gehienez 15 puntu emango dira.
Elkarrizketaren bidez, hautagaiek aukera izango dute lehiaren arloan duten kualifikazioari buruzko ikuspegi integralagoa eskaintzeko, bai eta gai horretan jasotako prestakuntza eta aurretiko esperientziaren inguruko alderdiak azaldu eta argitzeko ere, curriculumean agian behar bezala jaso gabe geratu direnak. Hautagaiei egiten zaizkien galderen helburua izango da lehiaren arloan aurretiazko prestakuntza eta interesa benetan dauzkatela egiaztatzea, eta, halaber, beren gaitasuna eta LEAn sartzeko motibazioa baloratzea. Elkarrizketa egitea errazteko, bitarteko telematikoak erabili ahal izango dira (bideokonferentzia, telefonoa, etab.).
Fase honetan gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak bekaren adjudikazio-prozesutik kanpo geratuko dira.
2.– Egindako balorazioa Idazkaritza Nagusiari –hau da, deialdia kudeatzen duen organoari– helaraziko dio Balorazio Batzordeak. Idazkaritza Nagusiak adjudikazio-proposamen bat egingo du, eta LEAren lehendakariari igorriko dio. Proposamenean, halaber, ukorik edo bestelako gorabeherarik gertatuz gero beka betetzeko deitu ahal izango zaien ordezkoen zerrenda jasoko da, Balorazio Batzordeak horretarako ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera. Ordezkotza hori hasiera batean izendatutako bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion denborarako izango da, betiere adjudikatu zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira.
3.– Deialdia hutsik geratu ahal izango da, baldin eta lehiakiderik ez badago edota hautagaiak ez badira eskatutako mailara iristen.
4.– LEAren lehendakariak, Idazkaritza Nagusiak egindako esleipen-proposamena ikusita, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez sei hilabeteko epean erabakiko du beka ematea, ebazpen baten bidez. Ebazpena EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten haren berri.
5.– Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, LEAren lehendakariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, prozeduraren gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, ulertuko da administrazio-isiltasunaren bidez ezetsi dela dirulaguntza emateko eskaera, eta dagokion errekurtsoa jarri ahal izango da.
7.– Bekari uko eginez gero, baliatu ez den beka-zatiak galdu egingo ditu eskubide ekonomikoak. Ukoa ez da onartuko, baldin eta deialdiaren esparruan ez-betetzea deklaratzeko prozedura hasi dela jakinarazi ondoren aurkeztu bada, eta prozedurak bere bidea jarraituko du, ebazpena eman arte.
9. artikulua.– Bekadunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 27. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu; zehazki, hauek:
1.– Emandako beka onartzea. Alde horretatik, idazki bat bidali beharko du adjudikazio-ebazpena jakinarazten zaionetik zazpi eguneko epean, esanez beka onartzen duela eta bere egiten dituela beka jasotzetik eratorritako betebeharrak. Beka onartzeak esan nahi du onartzen direla deialdi honetako oinarriak.
2.– Deialdian eta dirulaguntzak arautzen dituen araudi aplikagarrian ezarritako eskakizunak betetzea.
3.– Prestakuntza-jarduerak tutoreak emandako jarraibideen arabera egitea, ahalik eta probetxu handiena ateratzen ahaleginduz.
Prestakuntza-aldiaren azken astean, txosten bat aurkeztu beharko du, LEAn gauzaturiko prestakuntza-lanaren alderdi esanguratsuenak zehaztuz.
4.– Ezarritako ordutegiak betetzea eta bere eskura jarritako bitartekoak (ekipamenduak eta instalazioak) ondo erabiltzea.
5.– Prestakuntza-aldian ezagututako gai, gertaera, txosten edo bestelako informazioei dagokienez konfidentzialtasuna gordetzea. Horretarako, dagokion dokumentua sinatu beharko da. (IV. eranskina).
6.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
7.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta izapidetzea. Eskakizun hori nahitaezkoa izango da deialdia ebazteko eta ordainketak eta hirugarrenen datuen alta/aldaketa egiteko – Eusko Jaurlaritza.
8.– Beka lortzeko ezarritako eskakizunak beka likidatu arte betetzea.
10. artikulua.– Bekadunaren eskubideak.
1.– Onuradunak hilabetea amaitu ondoren jasoko du bekaren hileko zenbatekoa. Prestakuntza-aldia hilabetetik beherakoa bada, benetako prestakuntza-egunen arabera kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa.
2.– Bekadunak LEAko langileen laguntza jasoko du prestakuntza-aldian. Horretarako, plantillako pertsona batek tutoretza-lanak egingo ditu eta gidatu egingo du egin beharreko lanetan.
3.– Prestakuntza zuzen aprobetxatzen duen bekadunak alderdi hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko du.
11. artikulua.– Ez-betetzeak.
Baldin eta egiaztatzen bada beka emateko kontuan hartutako baldintzetako bat edo batzuk ez direla bete, jasotako zenbateko osoak gehi zenbateko horiei aplikatzekoak zaizkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, dagozkion gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Zehazkiago, aipatutako legearen 16.3 eta 36.1 artikuluetan jasotako gertakari eta egoerak izango dira dirua itzularazteko arrazoi.
12. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoari jarraituko zaio emandako bekarengatik jasotako zenbatekoa itzultzeko prozedurari dagokionez.
13. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Lehiaren alorreko bekak» izeneko artxibo batean sartuko dira beren tratamendurako. Tratamendu horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta, bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena (III. eranskina).
Esteka honetan informazio gehiago eskuratu dezakezue: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/
Datu horiek LEAk botere publikoak egikarituz misio bat betetzean sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Interesdunek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa-eta-segurtasun-politika/web01-sede/eu/
Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, salbu eta lege-betebeharren batek lagatzeko agindua ematen badu, eta ez zaizkie hirugarren herrialdeei transferituko.
RSS