
159. zk., 2025eko abuztuaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (337 KB - 15 orri.)
- EPUB (345 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3651
AGINDUA, 2025eko uztailaren 21ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena. Honen bidez, laguntzen deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan berdintasun-planak garatzeko, berdintasun-batzordeen gaikuntzaren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoak dauka lan-arloko legeria betearazteko eskumena, bere gain hartuz lan-harremanen inguruan Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak; halaber, badu, Estatuaren goi-ikuskaritzarekin batera, lanari buruzko legeak betearazteko zerbitzuak eratzeko, zuzentzeko eta babesteko ahalmena, langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala bultzatuz lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen sozialari egokitzeko.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak 13.1 artikuluan xedatzen duenez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak garatu beharreko egitekoen artean daude enpresei eta langileei, entitateei eta organismoei laguntza teknikoa ematea lan-agintaritzaren funtzioak gauzatzearen barruan, eta gizarte-eragileen giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, eragile horiek gizartearen garapen ekonomikoari eta ongizateari egiten dioten ekarpena indartuko duten prestakuntza-planen bidez.
Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46. artikulua aldatu zuenetik, enpresen eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko ahalegin handiagoa egin da berdintasun-planen negoziazioan eta, hala badagokio, akordioetan, eta, gainera, hitzarmen kolektiboaren antzeko izaera konbentzionala eman zaie.
Lege hori urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren bidez garatu da (901/2020 Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena). Bada, dekretu horrek berdintasun-planak indartu ditu, berdintasun-batzordeen bidez (berdintasun-planak negoziatzeko batzordeak), eta 6. artikuluan honako eskumen hauek eman dizkie:
a) Diagnostikoa negoziatzea eta prestatzea, bai eta berdintasun-plana osatuko duten neurriak negoziatzea ere.
b) Diagnostikoaren emaitzen txostena egitea.
c) Diagnostikotik eratorritako lehentasunezko neurriak, haien aplikazio-eremua, haiek ezartzeko behar diren baliabide material eta giza baliabideak identifikatzea, bai eta pertsona edo organo arduradunak ere; era berean, jardueren kronograma eranstea.
d) Enpresan berdintasun-planaren ezarpena bultzatzea.
e) Ezarritako berdintasun-planeko neurrien betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren neurketa-adierazleak eta informazioa biltzeko tresnak zehaztea.
f) Aplikatu beharreko araudiak eta hitzarmen kolektiboak esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak, edo batzordeak berak erabakitzen dituenak; besteak beste, onartutako berdintasun-plana lan-agintaritza eskudunari bidaltzea, hura erregistratu, gordailutu eta argitaratzeko.
Gainera, artikulu horren arabera, negoziazio-batzordearen ardura izango da langileak informatu eta sentsibilizatzeko lehenengo ekintzak bultzatzea.
Batzordea modu paritarioan osatuko dute, 901/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresaren eta langileen ordezkariek; azken horiek enpresa-batzordeko kideak izango dira, hala badagokio langileen ordezkariak, edo, halakorik egonez gero, sindikatu-atalak, batzordeko kideen gehiengoa ordezkatzen badute. Adierazitako legezko ordezkaritzarik ez duten enpresetan ere negoziazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori osatuko dute, alde batetik, enpresaren ordezkaritzak eta, bestetik, langileen ordezkaritza batek. Langileen ordezkaritza hori eratuko dute ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresaren sektorean ordezkaritza duten sindikatuek; aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordean parte hartzeko legitimazioa izango dute sindikatuok.
Lege-testu horrek, hasierako berdintasun-planak erregistratzeaz gain, zenbait betebehar ezartzen ditu, hala nola berdintasun-planean aurreikusitako neurrien jarraipena eta ebaluazioa egitea aldizka, berdintasun-planaren jarduketen egutegian edo berdintasun-planaren jarraipenaz arduratzen den batzordearen osaera eta eginkizunak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Era berean, zehaztu da gutxienez ebaluazio bat egingo dela tartean eta beste bat amaieran, bai eta jarraipen-batzordeak hala erabakitzen duenean ere.
Gainera, planen indarraldia ezin izango da lau urtetik gorakoa izan.
Hori dela eta, aurtengo urtea funtsezkoa izango da plan berrien negoziazioei ekiteko behar diren ebaluazio guztiak egiteko.
Beraz, ordezkaritza handieneko sindikatuek, epe labur eta ertainean, barne-gaikuntza handiko prozesuak garatu beharko dituzte, eta, ahal den neurrian, kanpoko laguntza-baliabideak eta -egiturak izan beharko dituzte berdintasun-planen eta -neurrien jarraipena eta ebaluazioa egiteko; izan ere, ordezkaritza handieneko sindikatuei betebehar gehigarri bat ematen zaie, jarraipen-batzordeetara jo behar dutelako, eta langileen legezko ordezkaritzarik ez izan arren berdintasun-plan bat izatera behartuta dauden enpresei dei egin behar dietelako.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean aurrekontu-kreditu nahikoa dago agindu honetan aurreikusitako laguntzen deialdia finantzatzeko.
Xedapen honen bidez deitutako dirulaguntza-lerroa Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren aginduan aurreikusita dago (agindu horren bidez, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen da). Agindu hori 2025eko otsailaren 14an sinatu zen digitalki, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagokion gunean argitaratu zen, www.euskadi.eus webgunean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta manu horretan adierazitako edukiarekin.
Horrenbestez, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2025erako, berdintasun-batzordeak gaituz Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan berdintasun-planak garatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak, hainbanaketako norgehiagoka-prozeduraren bidez (agindu honen I. eranskinean jasota daude).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzak hauen mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 21a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez, 2025eko ekitaldian gizarte-eragileak trebatzeko jarduerak egiteko emango dituen laguntzen deialdia egitea; Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten enpresetan ezarri beharreko berdintasun-planak egiteko, negoziatzeko eta, hala badagokio, adosteko trebatuko dira gizarte-eragileok.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kredituaren kontura finantzatuko da, hau da, ehun eta hirurogeita hamar mila (170.000) euro.
2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:
a) Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako berdintasun-batzordeen bidez berdintasun-planen negoziazioan eta prestaketan parte hartzen duten pertsonak gaitzea, genero-berdintasuneko adituek emandako aholkularitzaren, kontsulten ebazpenaren, emaitzen ebaluazioaren eta laguntzaren bitartez (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
b) Sentsibilizazio- eta dibulgazio-ekintzak garatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan genero-berdintasunari buruzko araudia betetzearen kultura zabaltzeko.
c) Berdintasun-planak hobeto landu eta negoziatzeko material aproposak prestatzea edo argitalpen egokiak editatzea.
2.– Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen proiektuek 2025ean hasi behar dute, eta 2025eko abenduaren 31 baino lehenago amaiturik egon behar dute.
3.– Erakunde onuradunek baliabide propioekin edo hirugarrenak azpikontratatuta egin ahal izango dute dirulaguntzaren xede den jarduera, % 100era arte, plangintza- eta koordinazio-eginkizunak izan ezik, horiek baliabide propioekin gauzatu beharko baititu onuradunak. Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizuna, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren aurrean, eta ziurtatu beharko du onuradunak eta azpikontratistak behar bezala garatzen dituztela jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunak.
Diruz lagundutako jarduera hirugarren batekin egiteko ituna Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da. Kasu honetan, lege honen 30.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.
3. oinarria.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak hartzeko beharrezkoa izango da Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako erakunde sindikalak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatuta badaude, eta, gainera, indarreko legeriaren arabera ordezkaritza handia badute.
2.– Agindu honen ondorioetarako, erakundeak lurraldez gaindikoak direla ulertuko da haien eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, eta sektorez gaindikoak direla ulertuko da jarduera-sektore edo -adar bat baino gehiago biltzen dituztenean.
4. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13 artikuluaren arabera, ezin izango dira agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradun izan egoera hauetako batean dauden erakunde sindikalak:
a) Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortuta egotea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortuta egotea.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako moduan.
e) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.
f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorrita (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
g) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
h) LGTBIfobiaz jokatu izana, edo hura bultzatu edo sustatu izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota urratu izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
j) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
5. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Laguntzak emateko deialdi honetako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz egingo dira.
2.– Eskabidea eskuratu eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da; zehazki, helbide honetara:
https://www.euskadi.eus/servicios/1220802
Kanal elektronikoaren bidezko izapideei buruzko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
3.– Espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire Karpeta» atalean egongo da eskuragarri (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta), eta haren bidez egingo dira errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honen eraginpean dauden eskabidea aurkeztu ondorengo gainerako kudeaketak.
4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahalko dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.
3.– Eskaerak aurkezteak deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzea dakar.
7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea egiteko, inprimaki elektronikoa bete beharko da. Haren konfigurazioa eta edukia agindu honen II. eranskinean zehazten dira, eta eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1220802
2.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean adierazitako eskakizunak ere betetzen dituztela. Nolanahi ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapen- eta ziurtatze-lanak egin ahal izango ditu baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta pertsona edo erakunde interesdunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek honako hauek jaso behar ditu, nahitaez:
– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapena deskribatzeko egutegia.
– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.
– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Espedientea kudeatzen duen organoak zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Hala ere, entitate eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun izaten jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.
8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, errekerimendua egingo zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean hutsa zuzendu dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritako ondorioak izango ditu.
9. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak.
Aurrekoa aintzat hartuta, 7. artikuluan aipatutako memoriari diruz lagundu beharreko programarekin edo jarduerarekin lotutako ohiko gastuen eta funtzionamendu-gastuen zerrenda erantsi beharko zaio (kontuan izan behar da erosketa-kostuak ezin duela merkatuko balioa gainditu –nominak, fakturak, etab.–), eta haien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bai eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten KLZ eta LIZ agiriak ere (lehen, TC kotizazio-buletinak).
10. oinarria.– Dirulaguntza erabakitzeko irizpideak.
Dirulaguntzak emateko prozedura hainbanaketa bidezko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 19.2 artikuluarekin bat.
11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honek emandako dirulaguntza bateragarria da beste administrazio edo erakunde batzuetatik –publikoak edo pribatuak– lor daitezkeen bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta artikulu honen 1. zenbakian deskribatutako jardunak finantzatzea xede badute.
2.– Nolanahi ere, laguntzen guztizkoaren batura ezin izango da inola ere jarduketen kostu erreala baino handiagoa izan, hau da, ezin izango da jarduera horien gainfinantzaketarik egon; kasu horretan, dirulaguntza honen zenbatekoa murriztu egingo da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak emandako ebazpen bakar baten bidez eman eta ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunen izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen sozietatearen izenaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denez geroztik. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.
13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntzen ordainketa zatitu egingo da, sistema honen arabera:
a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 60 guztira, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:
a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, harekiko zer desbideratze izan diren azalduko da.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.
3.– Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.
4.– Aurreko puntuan aipatutako agiriak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 31n bukatuko da.
5.– Entitate eskatzaileek Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, baldin eta aldeko ebazpena eman bada.
Alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, eta zehazki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebeharrak. Horietako batzuk dira:
a) Dirulaguntza ematen duen organoari prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.
b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da, baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Era berean, erakunde onuradunek hartu beharreko zabalkunde-neurriak hartuko dituzte agindu honen kargupeko jarduerek finantzaketa publikoa jaso dutela behar bezala jakinarazteko jendaurrean. Dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko, nahitaez aurkeztu beharko da justifikazio-memoria, eta hor esplizituki jaso beharko dira betebehar hau betetzeko hartu diren neurriak.
c) Dirulaguntzak zertan eta zelan erabili diren ziurtatu beharko dute harreman-bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.
15. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo aldi berean xede berarekin beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edo xede bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie.
Agindu hau aldatu ahal izango da, baldin eta gerora sortutako edo aurreikusi ezin diren inguruabarrek dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badituzte, betiere emandako dirulaguntzaren izaera edo helburuak indargabetzen ez badituzte, aldaketak hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez badie eta aldaketa-eskaera jarduera egiteko epea amaitu baino lehen aurkezten bada. Kasu horretan, jarduketa-plana aldatzeko proposamena hori justifikatzen duten inguruabarrak agertu eta berehala jakinarazi beharko zaio organo kudeatzaileari, eta dirulaguntza ematen duen organoak onartu beharko du.
16. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta aplikagarriak diren gainerako xedapenetan ezarritako arauak, aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, dirulaguntza galdu egingo da eta ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, erakunde onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta erakunde onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.
3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, zeinak zehatu ahal izango baitira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zehapenen bidez zigortuko dira eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoen bidez.
17. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
1) Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horrez gain, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
2) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
3) Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da.
4) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
18. oinarria.– Datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa) bat etorriz, deialdi horretako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Prestakuntza-planetarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua enpresa-elkarteei eta erakunde sindikalei beren jarduera-eremuetako berezko gaietan giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko ematen zaizkien dirulaguntzak izapidetzea eta kudeatzea da, eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da tratamenduaren arduraduna. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (19/1977 Legea, apirilaren 1ekoa, Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea arautzen duena eta 11/1985 Lege Organikoa, abuztuaren 2koa, Sindikatu Askatasunari buruzkoa). Interesdunek beren datuak begiratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea daukate, baita datuon tratamendua mugatzekoa edo aurkaratzekoa ere, tratamenduaren arduradunaren aurrean.
RSS