Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

159. zk., 2025eko abuztuaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3642

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta Gobernu Taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko dena.

UPV/EHUko Estatutuetan, 180. artikuluan, jasota dago errektoreak ebazpen bat emango duela, argitaratu egingo dena, bere eskumenak taldekideei eskuordetzeko, eta, era berean, ebazpen horretan argi eta garbi adieraziko duela zein errektoreordek egingo dion ordezkoa kanpoan edo gaixorik dagoenean.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez errektorearen eskumenak eskuordetu ziren eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehaztu. Ebazpen hori 2025eko otsailaren 19ko aldizkari ofizialean dago argitaratuta.

Efizientzia hobetze aldera, beharrezko ikusi da gobernu taldearen funtzionamendu arloen banaketa egokitzea eta, horregatik, unibertsitatearen Estatutuetako 178. eta 180. artikuluek ematen dizkidaten eskumenen babesean, estatutu horietako 183. artikuluan xedatutakoarekin lotuta, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 8. eta 9. artikuluetan zehaztutakoarekin bat etorrita, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea UPV/EHUko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpeneko I. eranskina (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko erabakia), ebazpen honen I. eranskinean adierazitako moduan.

Bigarrena.– Aldatzea UPV/EHUko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpeneko II. eranskina (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena), ebazpen honen II. eranskinean adierazitako moduan.

Hirugarrena.– Baimena ematea idazkari nagusiari ebazpen bat eman dezan, batuko dituena 2025eko urtarrilaren 30eko ebazpena eta ebazpen honen bidez egiten diren aldaketak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Leioa, 2025eko uztailaren 10a.

Errektorea,

JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.

I. ERANSKINA

Aldatzea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpeneko I. eranskina (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena).

1.– Hirugarren atalak, eskumenak eskuordetzeari buruzkoak, honako hau dio 2. azpiatalean: «Gainera, beren beregi esleitzen zaizkio Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeari errektorearen eskumenak komunikazioaren arloan». Azpiatal hori aldatu egin da eta aurrerantzean honela geratuko da:

«Gainera, beren beregi esleitzen zaizkio Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeari errektorearen eskumenak komunikazioaren arloan, bai eta Odontologia Klinika zerbitzuaren kudeaketa ere. Klinika hori Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzari atxikita egongo da.»

2.– Bigarren atalean, gobernu taldeko kideen eskumenei buruzkoan, 2. azpiataleko h) letra honela geratuko da aurrerantzean:

h) Campusean unibertsitate giroa osotasunean bizi ahal izatea erraztuko duten laguntza zerbitzuak diseinatu eta gestionatzea (Estatutuetako 154. artikulua), arreta berezia eskainita premia bereziak dauzkaten pertsonei eta unibertsitateko kide guztien ongizateari. Horretarako, arreta psikosozial osorako zerbitzu bat jarriko da abian, premia bereziak dauzkaten unibertsitateko kideei zuzendua (desgaitasunak, biolentzia, arazo sozialak eta familiarrak, psikologikoak, ekonomikoak).

3.– Hirugarren atalean, eskumenak eskuordetzeari buruzkoan, kendu egin dira 4. azpiataleko a) letratik d) letrara artekoak. Letra horiek honela geratuko dira aurrerantzean:

«a) Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako Errektoreordetzarekin batera prestatuko den unibertsitatearen plan estrategikoa koordinatzea.

b) Ekonomia eta finantza politika koordinatzea, gerentearekin elkarlanean.

c) UPV/EHUren jarduera ekonomikorako ildo orokorrak ezartzea, Gerentziarekin koordinatuta eta Gobernu Kontseiluak emandako irizpideak aintzat hartuta.

d) Errektorea ordezkatzea ekonomiaren eta aurrekontuen arloko gaiei lotutako unibertsitateko barne organoetan.

e) Oro har, gobernu taldearen egitura osatzen duten arloen jarduera koordinatzea, hargatik eragotzi gabe taldeko gainerako kideen espezifikoak.»

4.– Ulertu beharko da Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordetzaren aipamen guztiak dagozkiela Ikasleen eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari. Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari buruzko aipamenak desagertu egingo dira.

II. ERANSKINA

Aldatzea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpeneko II. eranskina (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena).

1.– Hirugarren atalean, transferentzia eta nazioartekotzeari buruzkoan, eginkizun eta gai gehiago sartu dira 3.1 azpiatalean, j) letratik l) letrara artekoak hain zuzen ere. Hau da letra horien edukia:

«j) Ikerketa eta dibulgazio zientifikoa gizarteari helarazteko estrategia, UPV/EHUren lidergoa aitortuz, campusekin eta ikerketaren, harreman instituzionalen eta kulturaren alorrekin koordinatuta.

k) Zientzia Astea antolatzea eta egitea, bai eta ezagutza zabaltzeko beste antzeko jarduera batzuk ere, hala nola, Europako Ikertzaileen Gaua, ikerketaren eta transferentziaren alorrekin koordinatuta.

l) Kultura zientifikoa sustatzea, Kultura Zientifikoko Katedrarekin koordinatuta.»

2.– Seigarren atalaren izena («Ikasleak eta Partaidetza») honela geratuko da aurrerantzean:

«Ikasleak eta Konpromiso Soziala».

3.– Seigarren atalean, ikasleei eta partaidetzari buruzkoan, eginkizun eta gai gehiago sartu dira 6.1 azpiatalean, j) letra hain zuzen ere. Hau da letra horren edukia:

«j) Konpromiso sozialarekin eta garapen jasangarrirako helburuekin lotuta dauden proiektu estrategikoak planifikatu, aurrera eraman eta ebaluatzea, errektorearekin eta Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako Errektoreordetzarekin koordinatuta.»

4.– Seigarren atalean, ikasleei eta partaidetzari buruzkoan, 6.3 azpiatala sartu da. Hau da azpiatal horren edukia:

«6.3.– Konpromiso soziala.

a) UPV/EHUn giza eskubideak bultzatzea, kasuan kasuko instantziekin koordinatuta.

b) Garapenerako lankidetza programak eta ekintzak, ekintza solidarioak eta boluntariotza garatzea.»

5.– Bederatzigarren atala, koordinazio eta konpromiso sozialari buruzkoa, edukirik gabe geratu da.

6.– Ulertu beharko da Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordetzaren aipamen guztiak dagozkiela Ikasleen eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari.


Azterketa dokumentala