Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2025eko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3579

AGINDUA, 2025eko uztailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, Erasmus+ programaren barruan Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako ka1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak Erasmus+ programaren 2025. ekitaldirako proposamenen deialdia argitaratu zuen, 2024ko azaroaren 19ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean - EAC/A08/2024 (C/2024/6983). Erasmus + programa hori 2021-2027 aldian aplikatuko da.

Erasmus+ programa askotariko sektoretan banatzen da. Gure dirulaguntza-deialdian, Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Sailaren euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, haren berri emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez onetsi ziren–, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.

Laguntza hauek honako arau hauetan xedatutakoaren mende daude:

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako oinarrizko erregulazioa.

Era berean, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Hezkuntzako sailburuaren agindua argitaratzea, Erasmus+ programaren barruan Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturterako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA, HEZKUNTZAKO SAILBURUAREN 2025EKO UZTAILAREN 8KO AGINDUARENA, ERASMUS+ PROGRAMAREN BARRUAN LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE ETA IKASLEENTZAKO KA1 MUGIKORTASUN-EKINTZAK ANTOLATU ETA GARATZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENARENA
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Erasmus+ Programaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egitea, irakasle eta ikasleen ikaskuntza-arrazoiengatiko mugikortasunetarako, betiere 2025-2026 ikasturtean garatzen badira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasle edo irakasleek izan beharko dute mugikortasun horien azken hartzaileak.

Laguntza honek 2025-2026 ikasturtean garatuko diren mugikortasunei dagozkien proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.

2.– Mugikortasun hauek kofinantzatu ahal izango dira:

1.– Goi-mailako Lanbide Heziketako KA1 proiektuak: ikasleen eta irakasleen mugikortasunak.

2.– Lanbide Heziketako gainerako KA1 proiektuak, goi-mailakoak ez direnak: soilik irakasleen mugikortasunak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara, guztira, 500.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:

– Egiaztatzen badute Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutela jarduera ekonomikoa.

– Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita badituzte.

– Erasmus+ Programako KA1 proiektuetan parte hartzen badute Lanbide Heziketaren eremuan.

2.– Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:

– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.

– Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea).

Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea, eta/edo egiaztatzea neurriak ezarri direla sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legeriak ezarritako baldintzetan.

Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du eragin sexuan oinarritutako bereizkeriarik.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, betekizun hori betetzen dela, eta, horretarako, ez du erakundearen baimenik beharko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz.

Erakunde eskatzaileak uko egin ahal izango dio egiaztapen automatiko horri. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

– Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Beteta izatea eska daitekeen beste edozein betebehar eta eskakizun, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakunde eskatzaileak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Ea beste laguntzarik edo baliabiderik eskatu eta, hala badagokio, lortu dituen helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

– Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen duten pertsonek ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzako edo Espainiako Gobernuko beste dirulaguntzarik proiektu honetarako.

– Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak kofinantzatzeko aginduan ezarritakoari, ERASMUS+ programaren esparruaren barruan.

– Ezagutzen eta onartzen dituela deialdiaren oinarri guztiak, eta konpromisoa hartzen duela haren xedeak betetzeko, baldin eta laguntza ematen bazaio.

– Konpromisoa hartzen du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako enpresen deslokalizaziorik ez egiteko.

– Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Badituela hori egiaztatzen duten agiriak. Erakunde eskatzaileak administrazioaren esku jarriko dituela aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.

– Konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean.

– Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ebazpenean kontuan hartutako ezer aldatzen bada.

– Egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, bai eta harekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.

Erakunde onuradunak artikulu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.

4. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Proiektu hauetan parte hartzen dutenek ezin izango dute jaso beste laguntzarik, norbanako modura, xede bererako Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde eskatzaileek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:

– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, haren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097419

– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; horretarako, ordezkaria inskribatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan.

2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako dokumentazio hau aurkeztuko beharko da (egoitza elektronikoan dago eskuragarri, PDF betegarri formatuan):

– Formulario normalizatua. «Proiektua identifikatzea» (II. eranskina).

– Formulario normalizatua. «Eskatutako laguntza kalkulatzea» (III. eranskina).

– SEPIE Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari egindako eskabidea. Dagoeneko onartuta dauden proiektuen kasuan, SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena, aurkeztu beharko da (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste).

3.– Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan organo kudeatzaileak eskura edo egiazta ditzan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei.

4.– Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak sortu ahal izango ditu.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zehaztuko du zenbatekoa den dirulaguntza, eta honela esleituko du:

a) Zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da IV. eranskinean zehaztutako laguntza-taula.

b) 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.

c) Europako Erkidegoko finantzaketa oro har ez denez iritsiko ekintzaren aurrekontuaren % 100era, deialdi honen bitartez eskuratzen diren dirulaguntzek edota beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lortzen direnek balioko dute Erkidegoko finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontu-portzentajea estaltzeko.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea, edo, bestela, ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak emango ditu.

2.– Ebazpena jakinarazteko, ebazpen hori argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Ebazpena argitaratzeko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde eskatzaileei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

3.– Epea amaitu eta erakunde eskatzaileari ebazpenik jakinarazi ezean, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.

4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza sailburuaren aurrean. Errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa da, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da (lehena 2025eko ekitaldian eta azkena 2026an):

a) Laguntzaren guztizkoaren % 40`proiektu bakoitzerako, emandako laguntza onartu eta gero.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, egindako mugikortasunen arabera, 11. artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso eta egiaztatu ondoren.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du erakunde onuradunak.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

11. artikulua.– Amaierako justifikazio-dokumentazioa.

Diruz lagundutako proiektuan planifikatutako mugikortasun guztiak amaitu ondoren, erakunde onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztuko du, gehienez ere hilabeteko epearen barruan:

– Egindako mugikortasunen azken laburpena, V. eranskinaren arabera.

– Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, VI. eranskinaren arabera.

– Eskaera egitean ezin izan bada aurkeztu SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste), une horretan emango da.

V. eta VI. eranskinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097419

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean erakunde onuradunek onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

b) Zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.

c) Publikotasun egokia ematea diruz lagundutako proiektuen finantzaketa publikoari, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatuaren arabera.

d) Beren eginkizunetan dihardutela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen duten deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.

e) Jakinaraztea ea dirulaguntzarik edo laguntzarik, estatukorik nahiz nazioartekorik, jaso den xede bererako beste administrazioren batetik edo erakunde publiko zein pribaturen batetik.

f) Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapen-lanak onartzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan adierazitakoa betetzea.

13. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan baina ulertzen bada haren xedea bete dela, eta, hala dagokionean, baldin eta dirulaguntzarik edo laguntzarik lortzen bada beste erakunde publiko edo pribaturen batetik.

Halakoetan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, berriz, doitu egingo dira eman diren dirulaguntzen zenbatekoak.

2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:

– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuak.

– Ez betetzea agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak eta betebeharrak.

– Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein bete ezean.

3.– Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakunde onuradunak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta.

Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza:

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

– Laguntza onartzen duen ebazpena.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.

– Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak edota interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

1.– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

2.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

1.– Europar Batasuneko organoak.

2.– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

3.– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

4.– Europako Batzordea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

– Araudia:

Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala