Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2025eko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3578

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ordiziako (Gipuzkoa) AIU 22 San Juan Plan Partzialaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 6an, Ordiziako Udalak Ordiziako AIU 22 San Juan Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskatu zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Plan Partzialaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko maiatzaren 23an, eta espedientean jasota dago emaitza.

Bestalde, espedientea osatzen duen dokumentazioa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean egon zen eskuragarri, interesdun orok izan zezan egokitzat jotzen zituen ingurumen-oharrak egiteko aukera.

Erantzuna emateko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin bat etorriz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Bertan, ingurumen-organoak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dien planak eta programak ezartzen dira, zehazki, a) apartatuan («Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programetan aldaketa txikiak egitean») eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinean, 2. apartatuan. II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera. Halaber, ziurtatzen da ez dela Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean («Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duen plan edo proiektu batek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategiko arrunta noiz behar duen erabakitzeko irizpideak») agertzen den irizpide bakar bat ere aplikatu behar.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Ordiziako AIU 22 San Juan Plan Partzialaren Aldaketaren» ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

2005eko urtarrilaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onetsi zuen AIU 22 Plan Partzialaren (108.413 m2) antolamendu xehatuko dokumentua. Dokumentuak hirigintza-parametro hauek ezarri zituen: 574 etxebizitza, 69.760 m2-ko bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna eta 1.052 aparkaleku.

«AIU 22» izeneko eremua San Juan auzoan dago, Ordiziako udalerriko hiri-lurzoruan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Udal-mugarteko ekialdeko erdialdean hasten da, Itsasondoko mugan, eta hiriko hirigunearen iparraldeko ertza osatzen du.

Gaur egun, eremuak exekuzio-maila handia du, urbanizazioa erabat exekutatuta dago, eta eraikinen zati handi bat beteta dago. Hala ere, honako lurzati hauek exekuzio zain geratzen dira, gutxi gorabehera 6.500 m2-ko azalera dutenak:

– a.20.5

– a.40.6.1, a.40.6.2 eta a.40.7

Deskonpentsazio bat dago errealitate soziodemografikoaren eta urbanistikoaren artean, eta gaur egun indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako etxebizitza kopuruak ez dio behar bezala erantzuten egungo errealitateari. Etxebizitza-tipologia dibertsifikatu egin behar da tamainari eta programari dagokienez. Horregatik, aldaketa honekin, oraindik exekutatzeko dauden a.40 tipologiako lurzatietako etxebizitzen batez besteko tamaina 86,76 m2-koa izango litzateke. Gainera, a.40.7 eta a.40.6 lurzatiak alokairurako etxebizitza babestuetarako izango dira.

Plan Partzialaren aldaketaren helburuak hauek dira, besteak beste:

– Indarrean dagoen Plan Partzialean aurreikusitako etxebizitza kopurua handitzea (40 etxebizitza gehitzea exekutatzeko dauden lurzatietan, aurreikusitako gehieneko hirigintza-eraikigarritasuna handitu gabe). Etxebizitzak honela banatuko dira:

a.40.6.1 lurzatia: 60 etxebizitza (indarrean dagoen Plan Partziala: 50 etxebizitza).

a.40.6.2 lurzatia: 50 etxebizitza (indarrean dagoen Plan Partziala: 40 etxebizitza).

a.40.7 lurzatia: 80 etxebizitza (indarrean dagoen Plan Partziala: 30/30 etxebizitza).

– a.20.5 lurzatiko aparkalekuen kopurua eta sestra-kotak egokitzea, lurzati pribatuko aparkalekuen estandarra betetzeko. Hasieran aurreikusitako 1.052tik 997ra murriztuko lirateke.

– Zenbait lurzatitan hirigintza-parametroak aldatzea, orientazioari eta eguzkitzeari buruzko arau-eskakizun berrietara egokitzeko, hirigintza-parametro batzuk malgutuz, aurreikusitako etorkizuneko sustapenak exekutatzea bideragarriagoa izan dadin.

AIU 22 Plan Partzialaren aldaketan aurreikusten den garapena zuzeneko lizentzia izango da, dena ia urbanizatuta baitago, eta berehala aplikatuko da indarrean sartzen denetik aurrera. Hala ere, agian xehetasun-azterketa idatziko da a.40.7 lurzatiarentzat.

Ingurumen-dokumentuak bi alternatiba jasotzen ditu:

0. alternatiba: zehazten du ez direla aldatzen indarrean dagoen Plan Partzialean aurreikusitako parametroak; beraz, ez du aukerarik ematen etxebizitzen kopurua eta ezaugarriak handitzeko, ez eta horien berrantolamendua eta eguzkitzea hobetzeko ere.

1. alternatiba: etxebizitza-kopurua handitzean datza, lurzoruaren aprobetxamendu hobea lortuz okupazio-azalera handitu gabe; egungo antolamendua hobetzen du, diseinua berrantolatuz eguzkitze hobearen irizpideei egokitzeko; eta aparkaleku-plazen kopurua doitzen du.

Plan Partzialaren azken aldaketa honetan, 1. alternatiba hautatu da, etxebizitza publikoaren premietara eta gizarte-aldaketetara ondoen egokitzen dena delako.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean plana garatzean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, ez dago zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Ordizia Gipuzkoako Lurralde Historikoaren hegoaldeko erdialdean dago. Udal-mugartearen azalera 5,68 km2-koa da, eta Oria ibaiaren haranaren berezko erliebe irregularra du ezaugarri. Kotarik baxuenak Oria ibaiaren inguruan daude (130 m); altuenak, berriz, inguruko mendien hegaletan daude, hala nola Urresparatz mendiarenean (790 m).

Eremua San Juan auzoan dago, hiri-lurzoruan, eta Zeberioena, Intxauzar eta Filipinak kaleek mugatutako etxe-uhartean dago. Planak eragindako lurzatiek etxe-uharte horren zati txiki bat hartzen dute, eta 6.500 m2-ko azalera dute gutxi gorabehera. Lau lurzatiz osatutako eremu etena da: a.40.6.1 lurzatia, a.40.6.2 lurzatia, a.40.7 lurzatia eta a.20.5. lurzatia.

Klimari dagokionez, Ordiziako udal-mugarteak urtaro lehorrik gabeko klima ozeanikoa du, klima atlantikoa ere esaten zaiona, eta prezipitazio ugari ditu urte osoan zehar banatuta.

Litologiari dagokionez, bai eremua eta bai ingurunea alubioi-metakinetan (ekialdean) eta tuparrietan eta kareharri tupatsuetan (mendebaldean) daude kokatuta. Eremua kategoria honetan sailkatzen da: porositatearen bidezko iragazkortasun ertaina (ekialdean) eta pitzaduren bidezko iragazkortasun txikia (mendebaldean). Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, eremuak kalteberatasun txikia eta oso txikia du. Eremuan ez dago geologia-interesdun punturik edo eremurik.

Hidrologia aintzat hartuta, ez dago ibai-ibilgurik eremu espezifikoaren barruan. Hala ere, sektorearen iparraldeko mugan, Itsasondorekiko mugan, izenik gabeko erreka txiki bat igarotzen da; Uraren Euskal Agentziak (URA) 4. hierarkian kategorizatuta dauka. Goragoko mailako ibilgu hurbilena Oria ibaia da; 150 m ingurura dago ipar-ekialderantz. Ibai horren ertzetan, zuhaitz-oin batzuk eta landare erruderalen espezie batzuk aurkitu daitezke, ibaia bideratuta baitago neurri batean.

Aztertutako lurzatietan, landaredia erruderala da. Hala ere, Habitaten eta Landarediaren mapak adierazten du Quercus robur nagusi den baso azidofiloa dagoela a.40.6.1 eta a.40.6.2 lurzatien hegoaldean; baina haren hedadura oso txikia da, eta erabat urbanizatuta eta eraldatuta dagoen ingurune batean kokatuta dago. Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (6510) daude eremuaren iparraldean.

Aztergai den eremuan eta inguruan dagoen fauna hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntei dagokie. Ingurunean ez da identifikatu fauna-espezie mehatxaturik edo inbaditzailerik.

Paisaiari dagokionez, Ordiziako ikuseremuari dagokion zona urbanizatu batean dago eremua. Eusko Jaurlaritzaren Paisaiaren Kartografiaren arabera, lurzatiak «Belardi eta labore atlantikoak nagusi diren nekazaritza, ibai-ingurunean» paisaia-unitatearen barruan kokatzen dira, eta mendebaldeko sektore txiki bat «Hiritarra ingurune antropogenikoan» unitatean; azken hori hobeto egokitzen zaio San Juan sektorearen egungo errealitateari.

Inguru horretan, ondare-elementu batzuk daude. Garrantzitsuena Donejakue bidea da, zeina Kultura Ondasun Kalifikatua baita Monumentu Multzoaren kategorian (2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa); iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du eremua. Euskal Kultura Ondarearen Informazio Sistemak (Ondarea) sektorearen barruan agertzen diren 6 elementu eraiki identifikatzen ditu: Ordiziako udal-hilerria (19), Kapera (19-1), Zubizarreta kapera (19-2) eta Ondarra Familiaren Panteoia (19-3), hilerriarekin erlazionatuak; Cary villa (170) eta Esnetegi Industriala (169). Gainera, mendebaldean, baina San Juan sektoretik kanpo, XVI. mendeko Zabale baserria dago, Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren barruan kalifikatua.

Lurzoruei dagokienez, azterketa-eremuaren barruan lurzoru kutsatu industrialen kokaleku bat dago (20076-00001), 338 m2-ko azalera duena. Gaur egun, etxebizitza-bloke bat dago haren gainean. Kokaleku hori a.20.5. lurzatitik 55 metro ingurura dago.

Salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, eremua A-1 errepidearen mendebaldean geratzen da. Sektore osoa bide-azpiegitura horretatik 600 metroko eragin-bandaren pean dago; baldintza txarretan istripurik gertatuz gero esku hartu beharreko eremuan, alegia. Gainera, a.40.6/1 lurzatia 200 metroko bandaren barruan geratzen da. Salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, egoera berbera da, Madril-Irun trenbidea A-1 errepidearen paraleloan doanez. Beraz, 600 metroko eragin-bandaren barruan geratzen da sektore osoa, eta a.40.6 lurzatiak (1 eta 2) 200 metroko bandaren barruan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da identifikatu suteek, sismikotasunak, higadurak, akuiferoen kalteberatasunak, edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen gertutasunak eragindako arrisku handirik.

Adierazi behar da aldaketak eragindako lurzatiek ez dutela uholde-arrisku nabarmenik. Hala ere, AIU22 «San Juan» sektorearen ekialdeko eremuan, Oria ibaiaren ibilgutik gertu, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago, eta hego-ekialdean, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretakoa (ARPSIS-ES017-GIP-14-1).

Zaratari dagokionez, bizitegiko A area baten barruan dago eremua. Beraz, hauek dira bete beharreko Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH): egunez eta arratsaldez, KAH mailak 60 dB(A)-koak izatea, eta, gauez, 50 dB(A)-koak. Plan Partzialaren aldaketan dauden lurzatietan, gaur egun betetzen dira KAHak, a.40.6/1 lurzatian izan ezik, gauez ez baititu betetzen. Izan ere, Gipuzkoako errepideen foru-sareko zarata-maparen eta udalerriko zarata-maparen arabera, gaur egun 50-55 dB(A) bitarteko mailan dago, hots, KAHek garapen berrietako A tipologiarako ezartzen dituzten 50 dB(A)-tik gora. Hala ere, fatxaden mapan ez da gatazka hori detektatu.

Plana garatzeak eragin ditzakeen ondorioak obrak gauzatzeko eta eraikin berriak eraikitzeko faseari lotuta egongo dira nagusiki, eta, hori dela bide, eraispenak egingo dira, lurzorua okupatuko da, lurrak mugituko dira, materiala garraiatuko da, materialak eta hondakinak aldi baterako biltegiratuko dira, zimendu-hondarrak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) erretiratuko dira, urbanizazioa berrezarriko da, istripuz isurketak gertatu ahal izango dira, errepideko zirkulazioa areagotuko da, ura eta energia kontsumituko dira, emisio atmosferiko eta akustikoek eragozpenak eragingo dizkiete herritarrei, eta abar. Hori guztia hiri-eremu batean gertatuko da.

Indarrean dagoen legeria betetzen bada –eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eraginak txikiak izango direla aurreikusten da, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta leheneratzeko modukoak.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

C) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ordiziako AIU 22 San Juan Plan Partzialaren Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira; eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, Eraikingintza-proiektuetan behar bezala justifikatuko da fatxadan erabiliko den isolamendua, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.

EAEko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinean definitutako Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) betetzen direla egiaztatzeko, KAHak gainditzen diren lursailean (a.40.6/2) inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, eta behar diren neurriak ezarri beharko dira KAHak betetzeko, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Planaren area akustikorako kalitate akustikoko helburuak bete ezean, beharrezkoa da Babes Akustiko Bereziko Eremutzat (aurrerantzean BABE) deklaratzea, etorkizuneko garapena gauzatu aurretik. Deklarazio horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta ondorengoetan adierazitakoarekin. BABE adierazpen horretan jasotako Eremuko plana, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.

Eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren kalitate-helburuak betetzen ez badira –eta soilik kasu horretan–, toki-administrazioak eremu hori Egoera Akustiko Bereziko Eremu gisa deklaratuko du, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak definituko dira.

Bestalde, Planak ziurtatu beharko du, etorkizuneko hirigintza-garapenaren inpaktu akustikoaren azterketaren esparruan, neurri zuzentzaileak ezarri direla, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluko zehaztapenei jarraituz.

Neurri horiek, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluari jarraikiz, honako hauek zehaztu beharko dituzte:

• Neurri espezifikoak, exekuzio-epeak eta exekuzio-arduraduna, 31.etik 34.era arteko artikuluetan jasotako kalitate akustikoko helburuak lortzeko. Neurri horiek teknikoki zein ekonomikoki egokiak izan beharko dute eremu akustikoen kanpoaldea babesteko –leihodun fatxada guztietan, sentikorrak diren eraikinen altuera guztietan, bai eta eraiki gabeko lurzoruen gainean, atari zabalean, lurretik 2 metroko altueran–.

Kalitate akustikoko helburuak iristeko ezarri beharreko neurriak teknikoki edo ekonomikoki gehiegizkoak izateagatik kanpoaldea ezin badaiteke babestu eta horretarako nahikoa arrazoi badago, orduan, neurri gehigarriak hartuko dira eraikuntzen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko.

Horretarako, Inpaktu akustikoaren azterketak barnean hartuko ditu zarataren mapak eta ebaluazio akustikoak, inguruaren eragin akustiko globala aurreikusteko aukera emango dutenak. Helburu zehatz horretarako, Azterketa Akustikoa elementu hauekin osatu beharko da:

○ Kanpoaldeko zarata totalaren mapak, 2 metroko altueran, gaur egungo egoeran, eguneko hiru aldietan.

○ Trenbide-ardatzetik 75 metro baino gutxiagora eraikinak eraikitzea aurreikusten denez, azterketa akustikoak bibrazio-mailen ebaluazioa jaso beharko du, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko.

○ Kanpoaldeko zarata totalaren mapak, 2 metroko altueran, etorkizuneko egoeran, eguneko hiru aldietan, eta eraikin sentikorretan leihodun fatxada guztietako soinu-mailen emaitzen irudikapena, altuera guztietan eta aztertutako eguneko hiru aldietarako.

Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.

– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

– Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak.

Planak jasoko du urbanizazio-proiektuan «Leheneratze-proiektu» bat sartu behar dela, proiektua exekutatzeak ukitu dituen eremu guztiak barnean hartzen dituena. Proiektu horretan, leheneratze-lanak zehaztuko dira, behar bezala exekutatu ahal izateko behar den xehetasun-mailarekin (erabili beharreko espezieak, ereiteen eta/edo hidroereiteen dosiak, landaketa-dentsitateak, landareen aurkezpena, etab.), planoa eta aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Eremuko landaredi potentzialeko berezko espezieak erabiltzea lehenetsiko da, eta landareztatze-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar.

– Ur-baliabideen gaineko eraginei buruzko neurriak.

• Eremuaren iparraldeko ibilgu izengabeari buruzko azterlan hidraulikoa egingo da, ezaugarri hidrauliko xehatua lortzeko eta horri buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko.

• Hirigintza-izapideen ondorengo faseetan, neurri zuzentzaileak eta/edo konpentsatzaileak definituko dira, txosten honetako 3.1 apartatuan jasotako neurriak kontuan hartuta, eta PParen hirigintza-dokumentuetan txertatu beharko dira.

• Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 48. artikuluan eta JPHEren 126 ter artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hirigintza-garapen berrietan azalera zolatua eta iragazgaitza minimizatu beharko da. Horretarako, drainatze jasangarriko hiri-sistemak (SUDak) ezarri beharko dira, eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko jariatze-uren gehikuntza konpentsatzeko.

• Izenik gabeko errekaren ertzak kaltetuko balira, inguruko paisaia- eta landare-diseinuak ingurumena leheneratzeko irizpideetara egokitu beharko dira, eta lehentasuna eman beharko zaio belar-espezieak ereiteari eta haltzadi kantauriarraren berezko ibar-espezieak landatzeari, tokiko jatorrizko landareak lehenetsiz. Kanpoan utziko dira espezie inbaditzaileak, eta ezabatu egingo dira gaur egun daudenak.

• «San Juan» PParen aldaketaren eremuaren barruko lurzati bat kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioaren barruan dagoenez (a.20.5. lurzatitik 55 metrora), jarduketa berriek Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko dute, bereziki 22. eta 23. artikuluei dagokienez, informatzeko betebeharrari buruz eta lurzoruaren kalitatearen adierazpena beharrezkotzat jotzen den kasuak aintzat hartuta.

• Eremuan sortutako hondakin-urak saneamenduko udal-sarera konektatu beharko dira, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatutako Gaikaoko (Legorreta) hondakin-uren araztegian tratamendua bermatuz.

• Hirigintza-izapidearen ondorengo faseetan, elementu hauek sartu beharko dira, ezinbestekoak direnez plangintza behar bezala ebaluatzeko uren gaien ikuspegitik:

○ Proposatutako etxebizitzak eraikitzearen ondorioz sortutako ur-baliabidearen eskari berriaren estimazioa, baliabidea nahikoa den ala ez erabaki ahal izan dezan CHCk, Uren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluaren arabera.

○ Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren txostena, ur-hornidurako eta saneamenduko azpiegituren nahikotasuna eta ahalmena egiaztatzen dituena, urbanizazio berriak dituen premiak betetzeko.

○ Proiektatutako hornidura- eta saneamendu-sareen irudikapen kartografikoa egitea hirigintza-dokumentuan.

– Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du etorkizuneko urbanizazio-proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balioestea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak eta trenbidea).

Merkantzia arriskutsuen errepide- eta trenbide-garraioan istripuak izateko arriskua dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Plan Berezian ezarritakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta egongo dira obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, induskatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

• Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; uretara ezer isurtzea eragoztea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jarduerak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetatik eratorritakoak barnean direla.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

Hondakinak ezabatzea erabakitzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

• Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/eu/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

○ Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

○ Energia. Iturri ez-berriztagarrietatik etorritako energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea.

○ Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

○ Ur grisak. Ur grisen sorrera murriztea.

○ Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

○ Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ordiziako AIU 22 San Juan Plan Partzialaren Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Ordiziako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, Ordiziako AIU 22 San Juan Plan Partzialaren Aldaketa onesten ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala