Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3564

AGINDUA, 2025eko uztailaren 2koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosako barruti judizialetako Bulego Judizialetan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostu-zerrenda.

Urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak, Justiziaren Zerbitzu Publikoaren efizientziaren arloko neurriei buruzkoak, eraldaketa garrantzitsua bultzatzen du antolaketa judizial tradizionalaren ereduan. Besteak beste, lehen auzialdi judizialeko konfigurazioa aldatzen du; izan ere, pertsona bakarreko epaitegien eredutik kide anitzeko antolakuntzara igarotzen da, horretarako auzialdiko auzitegiak sortuz, eta haiei lagunduko dieten bulego judizial berriak eratuz.

1/2025 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegiak modu mailakatuan eratuko direla. Horren ildotik, adierazten du ezen, lehenengo fasean, 2025eko uztailaren 1ean, beste epaitegi motarik ez dagoen barruti judizialetan, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak Arlo Zibil eta Instrukzioko Atal Bakar bihurtuko direla, eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak, berriz, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Atal bihurtuko direla.

1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du Bulego Judiziala eta auzialdiko auzitegiak aldi berean ezarriko direla, legean bertan ezarritako baldintzetan. Eta, horretarako, aurreikusten du justiziaren arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek, nork bere eremuan, bulego horietako bakoitzaren lanpostu-zerrendak egin beharko dituztela, aurrez erakunde sindikalekin negoziatuta, gerora onartu ahal izateko, eta, horren ondoren, lanpostuak bete beharko dituztela.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 522. artikuluak, erredakzio berrian, xedatzen du eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek, sindikatuekin negoziatu ondoren, nork bere jardun-eremuko bulego judizialetako lanpostuak ordenatzeko lanpostu-zerrendak egin eta onartuko dituztela, eskumen hori esleituta duen aginte-zentroko titularraren ebazpen bidez, eta eskatzen du, zerrenda horiek onartu aurretik, Justizia Ministerioari jakinarazi beharko dizkiotela.

Antolaketa-eredu berri horren hedapena errazteko, 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialak aukera duela Bulego Judizialaren eta hango lanpostu-zerrenden egiturari buruzko erreferentzia-ereduak egiteko eta onartzeko; hori horrela, hartzen den erabakiak garapena ahalbidetuko duela justizia-arloan eskumena duen administrazio bakoitzeko agintaritza eskudunaren ebazpen baten bidez.

Aurreko xedapenarekin bat etorriz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak agindu bat onartu du, Euskadiko Auzialdiko Auzitegietako eta Bulego Judizialeko diseinua eta egitura zehazten dituena, oinarritzat hartuta Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialak Bulego Judizialerako eta lanpostu-zerrendetarako onartutako erreferentzia-ereduak.

Horren guztiaren ondorioz, agindu honen xedea da bulego judizialetako lanpostu-zerrenda onartzea, barruti judizialetan hedatuko dena, zeinak, uztailaren 1ean eratuko baitira auzialdiko auzitegietan, 1/2025 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera.

Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan, horrek eragiten die Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosako barruti judizialei.

Azaldutakoagatik, ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, legez aurreikusitako eskakizunak bete ondoren, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak esleitutako eskumenei jarraiki, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosako barruti judizialetako bulego judizialetako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen lanpostu-zerrenda. Eranskinean jasota daude.

Bigarrena.– Agindu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Hala ere, ebazpen honetan jasotako bulego judizialak 2025eko uztailaren 1ean jarriko dira martxan, edota egun horretan egokituko dute beren egungo egitura eranskineko lanpostu-zerrendetara.

Ebazpen honek ondorioak sortu orduko, langileak lanpostu berrietara egokitzeko prozesuak egingo dira.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala