Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3563

AGINDUA, 2025eko uztailaren 2koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Erregistro Zibileko bulego orokorretan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostu-zerrendak, barruti judizial hauetan: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosa.

Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legeak eta arlo horretan gerora egindako lege-aldaketek berekin ekarri dute Erregistro Zibilaren eredu desjudizializatu bat ezartzea, baina, antolamenduari dagokionez, Justizia Administrazioaren barruan txertatua.

Hala, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 bis artikuluak ezartzen duenez, Erregistro Zibilaren bulegotzat hartzen da, bulego judizialean integratuta egon gabe, Justizia Administrazioaren antolamendu-eremuan eratzen den unitatea, zerbitzu publiko hori eramateaz arduratzen dena, Erregistro Zibilaren Legean eta Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Zeregin hori garatzeko, funtzionalki Justizia Ministerioari atxikitzen zaio, Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez.

Artikulu horrek ezartzen du, gainera, Erregistro Zibilaren bulego horietako lanpostuak Justizia Administrazioko langileek beteko dituztela, baldin eta kasuan kasuko lanpostu-zerrendan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte. Lanpostu horiek zehaztea eskumenak bereganatuta dauzkaten autonomia-erkidegoei dagokie, bakoitzari bere eremuan.

Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du Justizia Administrazioko langileek baino ezin izango dituztela bete Erregistro Zibilaren bulegoetako lanpostuak, eta dagozkien lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera antolatuko direla.

Halaber, ezartzen du Erregistro Zibilaren bulegoetarako beharrezkoak diren Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak eta langileen dotazioak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan aurreikusitako prozeduraren bidez zehaztuko direla. Prozedura horrek ezartzen du nola antolatu eta integratu bulego judizialak osatzen dituzten unitateak.

Bestalde, kontuan hartu behar da Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organiko berriak eraldaketa garrantzitsua sustatzen duela antolaketa judizial tradizionalaren ereduan. Horrela, besteak beste, lehen auzialdi judizialaren konfigurazioa aldatzen du: izan ere, pertsona bakarreko epaitegien eredutik kide anitzeko antolakuntzara igarotzen da, auzialdiko auzitegiak sortuz; bada, bulego judizial berriek auzitegi horiei lagundu behar diete.

1/2025 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegiak apurka-apurka eratuko direla. Hala, adierazten du lehen fasean, 2025eko uztailaren 1ean, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak Atal Zibil eta Instrukzio Bakarreko Atal eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atal bihurtuko direla hurrenez hurren, beste epaitegi mota batzuk ez dauden barruti judizialetan.

Kontuan hartuta ezen, aipatutako lege-aldaketen ondorioz, Erregistro Zibilaren bulego orokorren dotazioa bulego judizialetatik kenduko dela, komenigarritzat jo da aldi berean onartzea eta indarrean jartzea bulego judizial berrien eta Erregistro Zibilaren bulego nagusien lanpostu-zerrendak, bai eta lanpostu berrietara egokitzeko prozesuak ere.

Horren guztiaren ondorioz, agindu honen xedea da Erregistro Zibilaren bulego orokorretan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostu-zerrenda onartzea, hain zuzen ere 1/2025 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera uztailaren 1ean auzialdiko auzitegiak eratuko diren barruti judizialetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoan, zehazki barruti judizial hauetarako: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosa.

Azaldutakoa aintzat hartuta, ordezkaritza handieneko erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, legez aurreikusitako eskakizunak beteta, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Erregistro Zibilaren bulego nagusietan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostu-zerrenda onartzea, barruti judizial hauetan: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosa.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hala ere, ebazpen honetan jasotako bulego judizialak 2025eko uztailaren 1ean jarriko dira martxan, edo egun horretan egokituko dute egungo egitura eranskineko lanpostu-zerrendetara.

Ebazpen honek ondorioak izan ondoren, langileak lanpostu berrietara egokitzeko prozesuak egingo dira.

Hirugarrena.– Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala