
153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (433 KB - 36 orri.)
- EPUB (2108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3562
AGINDUA, 2025eko uztailaren 2koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita udalerrietako Justizia-bulegoetan eta Justizia-bulegoen elkarteetan Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostuen zerrenda.
Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak eraldaketa garrantzitsua sustatzen du ohiko antolamendu judizialaren ereduan, eta, helburu hori lortzeko, besteak beste, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen du.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 439 ter artikulu berriak honela definitzen ditu udalerrietako justizia-bulegoak: unitate horiek, bulego judizialaren egituran sartuta ez badaude ere, Justizia Administrazioaren antolaketaren eremuan eratzen dira, kasuan kasuko udalerriko herritarrei zerbitzuak emateko.
Lege organiko horrek, halaber, lehen auzialdi judiziala erreformatzen du: pertsona bakarreko epaitegien eredutik kide anitzeko antolakuntzara igarotzen da, auzialdiko auzitegi berrien bidez. Lege horren lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegi horiek apurka-apurka eratuko direla, aurrez ezarritako ordena baten arabera. EAEren kasuan, hauek dira kontuan hartu beharreko epeak:
1. 2025eko uztailaren 1ean, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak Atal Zibil eta Instrukzio Bakarreko Atal eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atal bihurtuko dira hurrenez hurren, beste epaitegi mota batzuk ez dauden barruti judizialetan.
2. 2025eko abenduaren 31n, gainerako epaitegiak dagozkien ataletan aldatuko dira, aipatutako legean aurreikusitakoaren arabera.
1/2025 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak ezartzen duenez, alde batetik, auzialdiko auzitegi bakoitza eratzeko aurreikusitako egunean, kasuan kasuko barruti judizialeko bake-epaitegiak udalerrietako justizia-bulego bihurtuko dira, eta bake-epaitegien idazkaritzen elkarteak, berriz, udalerrietako justizia-bulegoen elkarte; bestetik, bake-epaitegi horietan edo bake-epaitegien idazkaritzen elkarteetan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak dagokien justizia-bulegoko lanpostu-zerrendan sartuko dira. Zerrenda hori onartu egin beharko da, negoziazio sindikalaren bidez, gehienez hiru hilabeteko epean, lege organikoa indarrean jartzen denetik hasita.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 522. artikuluak, idazketa berrian, ezartzen du eskumenak bereganatuta dauzkaten autonomia-erkidegoek, erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, udalerrietako justizia-bulegoetako lanpostuen zerrendak prestatu eta onartuko dituztela eskumen hori esleitua duen zuzendaritza-zentroko titularraren ebazpen baten bidez (zeinek bere jardun-eremuari dagozkion zerrendak); artikulu horrek ezartzen duenez, gainera, lanpostu-zerrendak onartu aurretik, Justizia Ministerioari jakinarazi beharko dizkiote.
Horren guztiaren ondorioz, agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan udalerrietako justizia-bulegoetako nahiz justizia-bulegoen elkarteetako Justizia Administrazioko langileen lanpostu-zerrendak onartzea.
Azaldutakoa aintzat hartuta, ordezkaritza handieneko erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, legez aurreikusitako eskakizunak beteta, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako justizia-bulegoetan nahiz justizia-bulegoen elkarteetan Justizia Administrazioko langile direnen lanpostu-zerrendak onartzea.
Bigarrena.– Martxan jartzeko data hauek ezartzea:
Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Irun eta Tolosako barruti judizialetako justizia-bulegoak nahiz justizia-bulegoen elkarteak 2025eko uztailaren 1ean jarriko dira martxan edo egokituko dute egungo egitura lanpostu-zerrenda horretara.
Barakaldo, Bilbao, Donostia, Eibar eta Vitoria-Gasteizko barruti judizialetako udalerrietako justizia-bulegoak eta justizia-bulegoen elkarteak lanpostu-zerrenda horretara egokituko dira, barruti judizial horietan bulego judiziala ezartzen den egun berean.
Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Ebazpen honek ondorioak izan ondoren, langileak lanpostu berrietara egokitzeko prozesuak egingo dira.
Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS