
153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 11 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3561
AGINDUA, 2025eko uztailaren 2koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez Auzialdiko Auzitegietarako Bulego Judizialaren diseinua eta egitura ezartzen baitira. Horiek 2025eko uztailaren 1ean eratu behar dira, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak xedatzen duenari jarraikiz.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez antolamendu-egitura berria ezarri zen, Bulego Judizial Berria izenekoa, epaileen eta auzitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria emateko eta laguntzeko tresna izan behar zena. Egitura berrian bi motatako unitateak izango ziren: Zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak eta Zerbitzu prozesal erkideak.
Orduan indarrean zegoen Botere Judizialaren Lege Organikoak 436. eta 438. artikuluetan onartzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena zuela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, bai eta EAEko barruti judizialetako Zerbitzu prozesal erkideak diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko ere. Eskumen horretaz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak Bulego Judiziala ezarri zuen hamalau barruti judizialetako hamahirutan, pixkanaka. Horretarako, barruti judizial bakoitzean Zerbitzu prozesal erkideak sortzeko agindua eman behar izan zen, eta dekretuen bidez bulego judizialetako lanpostuen zerrendak onetsi ziren.
Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak aldaketa esanguratsua eragin du antolamendu judizialean. Izan ere, Auzialdiko Auzitegiak sortzeari esker kide anitzeko antolamendura pasatu da, eta horren arabera bulego judizial berriak zerbitzu erkideetan zehazten eta egituratzen dira, eta euskarria eta laguntza ematen dizkiote auzitegien jurisdikzio-jarduerari.
6/1985 Lege Organikoak 436.2 artikuluan onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, eta 437.3 eta 438. artikuluetan onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Izapidetze-zerbitzu erkideak diseinatzeko eta antolatzeko eta Euskadiko Bulego Judizialetako beste zerbitzu erkide batzuk diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko.
Lege organiko horretan arautzen den antolamendu-eredu berria pixkanaka eta mailaka ezarriko da.
Hain zuzen ere, lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen da noiz eratuko diren Auzialdiko Auzitegiak barruti judizial bakoitzean bertako epaitegi-moten arabera: 2025eko uztailaren 1ean, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak atal zibil eta instrukzio bakarreko atal bihurtuko dira eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak emakumeen aurkako indarkeriaren atal, bestelako epaitegirik ez dagoen barruti judizialetan.
Halaber, bosgarren xedapen iragankorrean adierazten da bulego judiziala Auzialdiko Auzitegiekin batera ezarriko dela, eta seigarren xedapen iragankorrean xedatzen da udalerrietako Bake-epaitegiak Justizia Bulego bihurtuko direla Auzialdiko Auzitegia eratzen den egun berean.
Antolamendu-eredu berrira egokitutako Bulego Judizialaren hedapena errazteko, aurrean aipatutako bosgarren xedapen iragankorrean ezartzen da Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialak Bulego Judizialaren egiturari eta bertako lanpostuen zerrendari buruzko erreferentziako ereduak prestatu eta onetsi ahal dituela, eta onespenean gaikuntza eman dezakeela justiziaren arloko eskumena daukan administrazio bakoitzeko agintaritzak ebazpen baten bidez haren garapenari ekin ahal izateko. Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialaren 2022ko ekainaren 23ko bilkuran onetsi zen.
Horrenbestez, azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2025eko uztailaren 1ean eratu behar diren barruti judizialetako Auzialdiko Auzitegietako Bulego Judizialen egitura onestea: diseinua, dimentsioa eta antolamendua.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau barruti judizial hauetako Auzialdiko Auzitegiei laguntza ematen dieten Bulego Judizialei aplikatuko zaie: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika, Getxo, Irun eta Tolosa.
3. artikulua.– Bulego Judizialaren egituraren alderdi orokorrak.
Bulego Judizialaren jarduera –prozesu-legeak aplikatuz zehazten dena– zerbitzu erkideen bidez egingo da. Zerbitzu horien barnean hauek daude: izapidetze-zerbitzu erkideak eta, behar denean, zereginak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak biltzen dituzten beste zerbitzu erkide batzuk (geroago zehaztuko dira).
Zerbitzu erkideak arloka eta taldeka egituratu ahal izango dira hauetan ezartzen denarekin bat etorriz: 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, botere judizialarena, 436. eta 437. artikuluak; 1451/2005 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako arautegia onesten duena, 39 bis artikulua; Bulego Judizialaren eta bertako Lanpostuen Zerrendari buruzko erreferentziako ereduak.
Bulego Judizialaren tipologia eta egitura zehazteko, eta 2025eko uztailaren 1ean barruti judizialetan eratu behar diren auzialdiko auzitegietako bulego judizialetan Justizia Administrazioaren zerbitzuan ariko diren funtzionarioen erkidegoetako langileen eginkizunak zehazteko, uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, lantoki bakoitzeko lanpostuen zerrendan eta Agindu honetan ezartzen dena aplikatuko da.
Nolanahi ere, bulegoetako jarduera gobernu-idazkariek onetsiko dituzten jarduketa-protokoloei jarraikiz egingo da. Protokolo horiek abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoaren arabera onetsiko dira.
4. artikulua.– Bulego Judizialaren unitateak.
Agindu honetan aipatzen diren Bulego Judizialen egituran zerbitzu hauek izango dira: Izapidetze-zerbitzu erkidea eta Zerbitzu erkide orokorra.
II. KAPITULUA
IZAPIDETZE-ZERBITZU ERKIDEA
5. artikulua.– Izapidetze-zerbitzu erkidea.
Izapidetze-zerbitzu erkideak Bulego Judizialeko prozedurak fase guztietan antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren lan guztiak egiten ditu.
Izapidetze-zerbitzu erkide bakoitzean egongo diren lanpostuak lanpostuen zerrendan zehaztuko dira. Lanpostu horietan Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioek soilik jardun ahal izango dute:
a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.
b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
Izapidetze-zerbitzu erkide bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta beraren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzuko lanpostuetan aritzen diren Justizia Administrazioaren letraduak eta langileak.
Izapidetze-zerbitzu erkide bakoitzean arlo bakarra egongo da (zibila eta instrukzioa), eta horren barruan emakumeen aurkako indarkerian ariko den talde bat egongo da, zeinak genero-indarkeriaren inguruko eskumen esklusiboa (baina ez baztergarria) daukan plaza judizialari esleitutako auziak izapidetzearekin bateragarriak diren arlo zibileko eta zigor-arloko eginkizunak edukiko baititu.
6. artikulua.– Izapidetze-zerbitzu erkideak egingo dituen zerbitzuak.
Deklarazio-fasean, Izapidetze-zerbitzu erkideak honako zerbitzu hauek egingo ditu prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko, Bulego Judizialeko Zerbitzu erkide orokorrarekin koordinatuta:
a) Jurisdikzio-ordena guztietako prozedurak hasteko idazkiak onartuko ditu, prozedurei buruzko legeei jarraikiz.
b) Behar denean, prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio hura banaketa bidez esleitu zaion epaileari edo magistratuari, onartzea edo ez onartzea erabaki dezan.
c) Epaileei eta magistratuei beren eskumeneko jarduketak egiten lagunduko die, bai eta ebazpenak prestatzen ere.
d) Guardia-zerbitzua egingo du jurisdikzio-ordena guztietan.
e) Deklarazio-fasean, prozedura antolatu, kudeatu eta izapidetuko du.
f) Errekurtsoak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.
g) Irmotasunak, errekurtsoak eta artxibatzeak kontrolatuko ditu.
h) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.
i) Judizioen, ikustaldien eta agerraldien daten agenda kudeatu eta koordinatuko du.
j) Zitazio, epatze eta epe prozesalen kontrola eta jarraipena egingo du.
k) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.
l) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzeko.
m) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
n) Aplikatu beharreko araudian ezartzen den beste edozein zerbitzu, bai eta jarduketa-protokoloetan eta antolamendu-dokumentazioan zehazten diren beste guztiak ere, Izapidetze-zerbitzu erkidearen izaerarekin bat etorriz gero.
Betearazpen-fasean, Izapidetze-zerbitzu erkideak honako zerbitzu hauek egingo ditu laguntza ematen dien organo judizialen arabera, Bulego Judizialeko Zerbitzu erkide orokorrarekin koordinatuta:
1.– Jurisdikzio zibilean eta penalean:
a) Jurisdikzio-ordena guztietan, betearazpen-prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio epaileari edo auzitegiari, onartzeko baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren eta prozedurari buruzko legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.
b) Organo judizialaren titularrak betearazpen-demanda aztertu ondoren agerian utzitako zuzendu beharreko gorabeherak izapidetu eta ebatziko ditu, eta hura onartu aurreko arazo prozesalak ere bai.
c) Epaileei eta magistratuei betearazpen-prozesuak hasteko idazkiak onartzeko edo ez onartzeko ebazpenak egiten lagunduko die, eta beren eskumeneko gainerako jarduketa guztiak egiten ere bai.
d) Prozedura-legeen arabera bidezkoa den kasuetan, betearazpen-neurrien dekretua emango du, eta erabakitako neurriak betearazteko izapideak egingo ditu.
e) Behin-behineko betearazpena hasteko hasierako eskabideak izapidetuko ditu, eta behar denean kudeatu ere bai.
f) Ebazpen judizialak betearaztean gertatzen diren gorabehera prozesalak izapidetuko ditu.
g) Betearazpen-prozesuetan ematen diren ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak eta horien gorabeherak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.
h) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzeko.
i) Diruzkoak ez diren betearazpenetan, enkante judizialera ez jotzeko neurriak ezartzeko behar diren izapideak egingo ditu; errekerimenduari jaramon egiten ez zaion kasuetan, betearazleak eskatzen dituen bidezko jarduketak egingo ditu.
j) Betearazpen-prozesuetako daten, zitazioen, epatzeen eta epeen eta horien gorabeheren kontrola eta jarraipena egingo du.
k) Inaktibo dauden betearazpenak kontrolatuko ditu, bulkada judiziala emateko edo behin-behinean edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko.
l) Betearazpen-prozesuetako judizioen, ikustaldien eta agerraldien datak eta horien gorabeherak kudeatu eta koordinatuko ditu agenda informatiko baten bitartez.
m) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.
n) Betearazpen-prozesuetako gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.
o) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
p) Antolamendu-arauetan eta jarduketa-protokoloetan zehazten diren gainerako zerbitzu guztiak.
2.– Jurisdikzio penalean, aurrekoez gainera hauek ere egingo ditu:
a) Betearazpen-fasean ematen diren espetxean sartzeko manamenduak eta bilatzeko eta harrapatzeko aginduak izapidetuko ditu.
b) Prozesu penaletan ematen diren aske uzteko manamenduak eta eskubideak eta askatasunak kentzeko edo murrizteko neurriak azkentzeko manamenduak izapidetuko ditu.
c) Zigorren etendurak eta indultuak izapidetuko ditu.
d) Zigor-metaketak izapidetuko ditu.
e) Eskubideak kentzeko zigorrak betearazteko izapideak egingo ditu.
f) Kondenak likidatzeko eta zigorrak ordezteko izapideak egingo ditu.
g) Denetariko diru-erantzukizunak betearazteko behar diren jarduketak eta lortzen den dirua legez ezarrita dagoen helburuetarako erabiltzeko behar direnak izapidetuko ditu.
h) Baimen ofizialen atxikipenak eta horien ondoriozko komunikazioak izapidetuko ditu.
i) Betearazpen-prozesuak izapidetzeko behar diren kontsultak egingo ditu erregistro publikoetan, eta horietan idatzoharrak eta eguneratzeak egingo ditu, eta komunikazioak bidaliko dizkie, prozedurei buruzko legeetan eta administrazio-legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.
j) Bulego Judizialeko Zerbitzu erkide orokorrarekin koordinatuta egin beharreko gainerako betearazte-lan guztiak.
7. artikulua.– Izapidetze-zerbitzu erkideko langileen eginkizunak.
7.1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:
a) Izapidetze-zerbitzu erkidearen zuzendaritza. Izapidetze-zerbitzu erkideko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta bere mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko Letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan aritzen diren langileak ere. Besteak beste, zuzendaritzako Justizia Administrazioko letraduak koordinatzea izango du zuzendariak eginkizun, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
Gainera, auzitegiko lehendakariarekin koordinazio-eskumenak hartuko ditu bere gain, bai eta gainerako zerbitzu erkideekin koordinatzekoa ere, Bulego Judizialaren funtzionamendu onerako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 437.5 artikuluan aurreikusi bezala.
b) Izapidetze-zerbitzu erkidearen Kudeatzailea. Kudeatzaile arduradunek, Izapidetze-zerbitzu erkideko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuko langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, zuzenean, jarduteko protokoloetan zehazten diren talde funtzionalekin koordinatuta zein zuzendariek ematen dituzten jarraibideen bidez.
Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu eremu prozesalean.
7.2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den Izapidetze-zerbitzu erkidearen berezko gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
III. KAPITULUA
ZERBITZU ERKIDE OROKORRA
8. artikulua.– Zerbitzu erkide orokorra.
Zerbitzu erkide orokorrak Izapidetze-zerbitzu erkideari berariaz esleitu gabeko lan zentralizatuak eta zeharkakoak egiten ditu.
Zerbitzu erkide orokor bakoitza lanpostu-zerrendan zehaztutako lanpostuek osatuko dute. Lanpostu horietan Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioek soilik jardun ahal izango dute:
a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.
b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
d) Laguntza Judizialeko Kidegoa.
Zerbitzu erkide orokor bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren Letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta beraren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzuko lanpostuetan aritzen Justizia Administrazioaren Letraduak eta langileak.
9. artikulua.– Zerbitzu erkide orokorrak egingo dituen zerbitzuak.
Zerbitzu erkide orokorrak honako zerbitzu orokor eta zeharkako zerbitzu hauek egingo ditu:
1.– Erregistroko eta banaketako zerbitzuak:
a) Denetariko prozedurak hasteko idazkiak jasoko ditu, erregistratuko ditu eta zerbitzua ematen dien organo judizialen artean banatuko ditu, banaketa-arauetan ezartzen denari jarraikiz.
b) Bere eremuko organo judizialei bidaltzen zaizkien izapide-idazkiak eta bestelako agiriak jasoko ditu, eta lehenengo tratamendua emango die.
c) Dokumentazio-lanak egingo ditu (batez ere aurkezteko eta pertsonatzeko eginbideak eta hartu-agiriak bidaliko ditu), eta antzeko beste zerbitzu batzuk egingo ditu.
d) Banaketari buruzko gobernu-erabakiak prestatzen eta idazten lagunduko du.
e) Guardia-zerbitzua erregistratzen lagunduko du.
f) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
2.– Komunikazio-egintzen eta betearazpen-egintzen inguruko zerbitzuak.
a) Organo judizialek beren udalerrian eta barruti judizialeko gainerako herrietan egin beharreko komunikazio-egintzak eta betearazpen materialeko egintzak egingo dituzte. Salbuespena: ez dituzte egingo barruti judizialeko udalerrietako justizia-bulegoek edo justizia-bulegoen elkartzeek egin beharreko komunikazio-egintzak, horietan Justizia Administrazioko langileak ari direnean lanean, horrelakoetan bulego horiek zuzenean egin behar baitituzte komunikazio-egintzak.
b) Posta jaso eta banatuko du. Gainera, irteera-postako gutun-azalak bilduko ditu, eta zerrendak prestatuko ditu, gero baliabide elektronikoen bidez bidaltzeko egoitzan erabiltzen den posta-zerbitzura edo mezularitza-zerbitzura.
c) Balizak erabiliko ditu dokumentazioa Justizia Administrazioaren beste bulego edo zerbitzu batzuetara bidaltzeko eta haiek bidaltzen dutena jasotzeko.
d) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
3.– Laguntza judiziala emateko eta eskatzeko zerbitzuak:
a) Lankidetza judizialaren eskabideak eta estatuko zein atzerriko lankidetza judizialaren eskabideak jasoko ditu, eta itzuli arte izapidetuko ditu.
b) Behar denean, eskabideak gaiaren arabera eskumena daukan zerbitzu erkidera bidaliko ditu.
c) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
4.– Herritarren, profesionalen eta auzilarien arretarako zerbitzuak:
a) Denetariko komunikazio-kanaletatik (bertaratuta, telefonoz, paperean edo formatu elektronikoan) jasotzen diren informazio orokorraren eskaerez arduratuko da.
b) Prozesu bateko alderdi diren pertsonek eta haien ordezkariek, haien ordezkaritzan edo defentsan aritzen diren profesionalek eta pertsona interesdunek prozesu judizialei buruzko informazioa eskuratzeko aurkezten dituzten eskaerez arduratuko da, eskatzaileak informazioa eskuratzeko interes legitimoa daukala ebatziz gero.
c) Barruti judizialeko zerbitzu erkideen lanaren inguruko kexak, erreklamazioak, salaketak eta iradokizunak jasoko ditu, edukiaren arabera bideratuko ditu eta bidezko izapideak egingo ditu, Botere Judizialaren Lege Organikoan eta horren garapen-arauetan ezartzen denarekin bat etorriz.
d) Delituen biktimen informazio-eskaerez arduratuko da, barruti judizialeko edo probintziako Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin koordinatuta.
e) Gatazkak konpontzeko baliabide egokiei buruzko informazio-eskaerez arduratuko da, prestazio-administrazio eskudunarekin koordinatuta.
f) Justizia Administrazioarekin lotutako administrazio-zerbitzuak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 quater artikuluan arautzen direnak.
g) Aurrekoen antzeko beste zerbitzu oro.
5.– Zeharkako zerbitzuak edo zerbitzu orokorrak:
a) Laguntza judizialeko zerbitzu orokorreko langileek Bulego Judizialaren jardunari laguntzeko zerbitzua. Halaber emango diote laguntza barruti judizialeko Erregistro Zibilaren bulegoari, bidezko jarduketa-protokoloan ezartzen denari jarraikiz.
b) Bisita-aretoak eta erabilera anitzeko gelak kudeatuko ditu.
c) Kudeaketa-artxiboa: bere jardun-eremuko organo judizialen prozedura judizialak eta prozeduretako konbikzio-piezak eta gauzak jaso, gorde, sailkatu eta bidaliko ditu.
d) Prozedura judiziala hasi aurretik egindako gordailu eta kontsignazio judizialak kudeatuko ditu, eta bidezko manamenduak eta transferentziak bidaliko ditu, aplikatu beharreko araudiarekin eta hartzen diren erabakiekin bat etorriz.
e) Prozedura Zibilaren Legearen 341. artikuluan aipatzen diren peritu judizialen zerrendak prestatuko ditu, eta barruti judizialeko organoek egiten dituzten esleipenen jarraipena egingo du.
f) Laguntza emango dio Zinpekoen Epaimahaiaren bulegoari.
g) Gobernu-laguntza: laguntza emango die zerbitzuan ari den auzialdiko auzitegietako lehendakariei esleituta dituzten gobernu-eginkizunetan.
h) Bulego fiskalarekin koordinatuko da.
i) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
j) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
10. artikulua.– Zerbitzu erkide orokorreko langileen eginkizunak.
10.1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:
a) Zerbitzu erkide orokorreko zuzendaritza. Izapidetze-zerbitzu erkideko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta bere mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko Letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan aritzen diren langileak ere. Bere eginkizunetan, zerbitzuko zuzendariak bertan diharduten Justizia Administrazioaren koordinatuko ditu Letraduak, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
b) Zerbitzu erkide orokorraren kudeatzailea. Kudeatzaile arduradunek, Zerbitzuko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuko langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, zuzenean, jarduteko protokoloetan zehazten diren talde funtzionalekin koordinatuta zein zuzendariek ematen dituzten jarraibideen bidez.
Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu eremu prozesalean.
10.2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den izapidetze-zerbitzu erkidearen berezko gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
c) Zerbitzu Erkide Orokorreko Laguntza Judizialeko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek zerbitzuan ari diren organo judizialei eta bulego judizialei lagunduko diete, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 478. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Besteak beste, kidego horretako langileek genero-indarkeriaren biktimei lagunduko diete eraikinaren barruan, eta laguntza emango diote guardia-zerbitzuari, indarreko araudian ezartzen denarekin bat etorriz; horretarako, zerbitzu erkide orokorretik koordinatuko dituzte lanpostuen zerrendan «Guardiak» zehaztapena ezarrita duten lanpostuetako langileen artean.
IV. KAPITULUA.
ZERBITZU ERKIDEEN ANTOLAMENDUARI BURUZKO XEDAPEN KOMUNAK
11. artikulua.– Lantaldeen eraketa, antolamendua eta jarduna: araubidea.
Lantaldeen eraketa berariaz islatu daiteke antolamendu-egituran. Lantaldeak ez badira berariaz islatzen egituran, jarduketa-protokoloetan zehaztuko da zenbat kide izango diren taldeetan eta zertan jardungo duten, betiere atxikita dauden zerbitzu erkidearen berezko gaietan.
V. KAPITULUA
BULEGO JUDIZIALEKO UNITATEETAKO ZEHARKAKO ZERBITZUAK
12. artikulua.– Guardia-zerbitzua.
Guardia-zerbitzuan Justizia Administrazioaren letraduak ariko dira, eta beren kopurua arlo honetako araudian ezartzen dena izango da. Barruti judizial bakoitzean errotazio-txanda bat ezarri beharko da.
Horretarako, urtero, izapidetze-zerbitzu erkideko zuzendariak Bulego Judizialeko langileen guardien egutegia prestatu eta onetsiko du, eta gero zerbitzu hori eman behar duten langileei jakinaraziko zaie behar besteko aurrerapenarekin.
Bulego Judizial bakoitzeko lanpostuen zerrendan guardia-zerbitzuan nortzuek jardun behar duten zehaztuko da.
13. artikulua.– Koordinazioa bulego fiskalarekin.
Bulego judizial bakoitzeko jarduketa-protokoloak gobernu idazkariak onetsiko ditu, abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoan xedatzen denari jarraikiz. Protokolo horietan bulego fiskalekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko mekanismoak ezarri beharko dira, batez ere datak ezartzeari dagokionez.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute bulego fiskaleko zuzendariarekin batera.
Horretarako, eta bulego judizialaren ezaugarrien arabera, egiteko hori, beste batzuekin batera, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute bidezko bulego fiskalekin.
14. artikulua.– Udaletako Justizia Bulegoekiko koordinazioa.
Bulego Judizial bakoitzeko jardun-protokoloetan udalerrietako justizia-bulegoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko mekanismoak ezarriko dira, komunikazio-egintzak behar bezala egiteko. Horiei esker udalerriko biztanleek bideokonferentziaz esku hartu ahal izango dute, eta bulegoek esleituta dituzten gainerako zerbitzuak eskainiko dituzte.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute udalerrietako Justizia Bulegoetako idazkariekin, Justizia Ministerioaren Lurralde Kudeatzailetzarekin eta zerbitzuak emateko bulego horiek baliatzen dituzten beste administrazio eta erakunde batzuekin.
Horretarako, zehazten den bulego judizialeko unitatean, eta bulego judizialaren ezaugarrien arabera, egiteko hori Justizia Administrazioaren letradu bati edo batzuei edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute udalerrietako Justizia Bulegoekin.
15. artikulua.– Gatazkak ebazteko baliabide egokien taldeekiko koordinazioa.
Bulego Judizialetako jardun-protokoloetan gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzuak egiten dituzten unitateekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko mekanismoak ezarriko dira.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute Bulego Judizialaren barruan gatazkak ebazteko baliabide egokiei buruzko informazioa emateko zerbitzuan ari diren langileekin batera.
Horretarako, Bulego Judizialaren tamainaren arabera, egiteko hori Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzua ematen duten administrazio-unitateekin.
16. artikulua.– Ordutegi berezia.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak 500. artikuluaren 5. apartatuan xedatzen duenaren arabera, lanpostuen zerrendetan ordutegi bereziak ezarri ahal izango dira zerbitzu erkide baten ezaugarrietarako onuragarriak direnean.
17. artikulua.– Dedikazio berezia.
Lanpostu-zerrendetako lanpostu batzuk dedikazio berezikoak izan ahalko dira, ardura berezikoak direlako. Horrelako lanpostuetan asteko lanaldia 40 ordukoa izango da, indarreko araudian ezartzen denari jarraikiz.
18. artikulua.– Gobernu-eginkizunetarako lanpostuak.
Auzialdiko auzitegietako lehendakariei Zerbitzu erkide orokorrak emango die gobernu-laguntza.
Zerbitzu erkide orokorreko zuzendariak berak zehazten dituen funtzionarioei esleituko die egiteko hori.
19. artikulua.– Erregistro Zibilaren bulegoak.
Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko Erregistro Zibilaren bulegoak antolatuko ditu (lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu), eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.
20. artikulua.– Udalerrietako Justizia Bulegoak.
Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko udalerrietako Justizia Bulegoak antolatuko ditu (lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu), eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.
21. artikulua.– Estatistikak eta txostenak.
Agindu honetan aipatzen diren zerbitzu erkideetako bakoitzean ari diren langileek baliagarri dauden kudeaketa- eta informazio-sistemek behar dituzten datuak sartu eta eguneratu beharko dituzte, datuak modu automatizatuan bildu ahal izateko, estatistika judizialen araudian ezartzen diren ondorioetarako eta BJLOaren 461. artikuluan aipatzen den datu-ustiapenerako.
Horretarako, zerbitzu erkide bakoitzeko langileek aintzat hartu beharko dituzte berariaz ematen diren jarraibideak eta gidalerroak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak. Nolanahi ere, Auzitegietako Bulego Judizialak eratzen direnetik aurrera hasiko da aplikatzen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Administrazio-errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS