Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3560

140/2025 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez, alde batetik, partzialki indargabetzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko Dekretua, eta, bestetik, indargabetzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika eta Tolosako bulego judizialetako lanpostu-zerrendak onartzeko Dekretua, eta, azkenik, partzialki indargabetzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Bake-Epaitegietako lanpostu-zerrendak onartzeko Dekretua.

Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak aldatu egiten du I. tituluan Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Justizia Administrazioaren antolamendua berritzeko.

Lege organikoak dakartzan aldaketak hainbat esparrutan zertzen dira. Aldaketa horietako batek, alde batetik, lehen auzialdi judizialaren konfigurazioan du eragina, pertsona bakarreko epaitegi izatetik eta kide anitzeko antolakunde izatera igarotzen baita, auzialdiko auzitegiak sortuta; bestetik, eragina du, halaber, bake-epaitegietan, udalerriko justizia-bulego bihurtzen baitira, eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei ere eragiten die, udalerrietako justizia-bulegoen elkarte bihurtzen baitira.

Bestalde, apirilaren 28ko 6/2021 Lege Organikoa –Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea aldatzen duen apirilaren 28ko 6/2021 Legearen osagarria, zeinaren bidez aldatzen baita Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa– aldaketa-eragilea izan da hauxe ezarrita: «Erregistro Zibilaren Bulegoa unitate bat da, bulego judizialean integratuta ez badago ere, Justizia Administrazioaren antolaketaren eremuan eratzen dena, aipatutako zerbitzu publikoa eramateaz arduratzeko, Erregistro Zibilaren Legean eta Erregistro Zibilaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; zeregin hori betetzeko, Justizia Ministerioari lotzen zaio funtzionalki, Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez».

1/2025 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegiak modu mailakatuan eratuko direla, eta adierazten du ezen, uztailaren 1ean, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak, beste mota bateko epaitegirik ez dagoen barruti judizialetan, atal zibil eta instrukzioko atal bakar eta emakumeen indarkeriaren arloko atal bihurtuko direla, hurrenez hurren.

Era berean, 1/2025 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegi bakoitzerako aurreikusitako eratze-datan bihurtuko direla bake-epaitegiak justizia-bulego udalerrietan, eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteak justizia-bulegoen elkarte udalerrietan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, bi xedapenek zuzeneko eragina dute Amurrio, Tolosa, Azpeitia, Bergara, Irun, Durango, Gernika-Lumo, Balmaseda eta Getxoko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegietan eta barruti judizial horietako bake-epaitegietan eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteetan.

6/1985 Lege Organikoaren 436. artikuluak, idazkera berrian, ezartzen du bulego judizialaren jarduera –prozesu-legeak aplikatuz zehazten dena– zerbitzu komunen bidez egingo dela. Zerbitzu horien barnean izapidetze-zerbitzu komunak sartuko dira, eta, hala badagokio, xedatzen diren beste zerbitzu komun batzuk. Zerbitzu horietan sartuko dira beren zereginak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak. Eta, gainera, xedatzen du bulego judizialak diseinu malgua izango duela. Bakoitzaren neurria eta antolamendua, haren jardueraren arabera erabakiko du horretarako eskumena duen administrazio publikoak.

Era berean, 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak agintzen du ezen bulego judiziala eta auzialdiko auzitegiak aldi berean ezarriko direla, legean bertan xedatutako baldintzen arabera, eta, helburu hori betetzeko, justiziaren arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek bulego horietako bakoitzeko lanpostu-zerrendak egin beharko dituztela, eta, sindikatuekin negoziatu ondoren, onartu. Ondoren, lanpostu horiek bete beharko dituzte.

Lanpostu-zerrendak Justizia Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna gisa eratzen dira, eta, 1/2025 Lege Organikoak egindako aldaketen ondoren, zerrenda horiek berriro egin eta onartu behar ditu arlo horretan eskumenak dituen administrazioak. Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioen antolamendua egiteko, lanpostu-zerrendak baliatuko dira; zerrendok onartu eta, betiere, publiko egingo dira, 6/1985 Lege Organikoaren 521. artikuluan xedatzen den bezala.

Lanpostu-zerrenda berriak onartzeko tresna juridikoari dagokionez, 6/1985 Lege Organikoaren 522. artikuluak, berrikuntza gisa, eskatzen du bere jarduketa-eremuko lanpostu-zerrenden onarpena gauzatu dadila horretarako eskumena duen zuzendaritza-zentroko titularrak emandako ebazpenaren bidez.

Horren guztiaren ondorioz, eta aipatutako lege-aldaketak gauzatzeko, hauxe da dekretu honen xedea:

– Partzialki indargabetzea uztailaren 20ko 202/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena, Amurrio, Azpeitia, Eibar, Getxo eta Irungo barruti judizialetarako dauden xedapenei dagokienez. Eibarren indarrean jarraituko du dekretuak, harik eta barruti judizial horretan bulego judiziala ezarri arte.

– Indargabetzea martxoaren 29ko 68/2011 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika eta Tolosako bulego judizialetako lanpostu-zerrendak onartzeko dena.

– Partzialki indargabetzea uztailaren 26ko 179/2011 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko bake-epaitegietako lanpostu-zerrendak onartzeko dena, Amurrio, Azpeitia, Getxo, Irun, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika eta Tolosako barruti judizialetako bake-epaitegiei eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei dagokienez. Vitoria-Gasteiz, Barakaldo, Bilbo, Eibar eta Donostiako barruti judizialetan indarrean jarraituko du dekretuak, harik eta barruti judizial horietan bulego judiziala ezarri arte.

Hori dela-eta, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez –hala xedatzen du-eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuaren 4. artikuluak–, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Partzialki indargabetzea uztailaren 20ko 202/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena.

Zehazki, Amurrio, Azpeitia, Getxo eta Irungo barruti judizialei buruzko xedapenei bakarrik eragingo die indargabetzeak; Eibarren indarrean jarraituko du, harik eta barruti judizial horretan bulego judizial berria ezarri arte.

Bigarren artikulua.– Indargabetzea martxoaren 29ko 68/2011 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika eta Tolosako bulego judizialetako lanpostu-zerrendak onartzeko dena.

Hirugarren artikulua.– Partzialki indargabetzea uztailaren 26ko 179/2011 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko bake-epaitegietako lanpostu-zerrendak onartzeko dena, Amurrio, Azpeitia, Getxo, Irun, Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika-Lumo eta Tolosako barruti judizialetako bake-epaitegiei eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei buruzko xedapenei dagokienez.

Aitzitik, dekretuak indarrean jarraituko du Vitoria-Gasteiz, Barakaldo, Bilbo, Eibar eta Donostiari buruzko xedapenei dagokienez, harik eta barruti judizial horietan bulego judiziala ezarri arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 1ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala