
153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (145 KB - 5 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3557
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko Kapitanena baserria azpieremuaren Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2025eko apirilaren 22an, Durangoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Durangoko Kapitanena baserria azpieremuaren Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz egina dago, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.
21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2025eko maiatzaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Durangoko Kapitanena baserria azpieremuaren Hiri Berrikuntzako Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, eta egindako kontsulten emaitza kontuan hartuta eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Durangoko Kapitanena baserria azpieremuko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburu nagusia indarrean dagoen antolamendua birkonfiguratzea da, elkarte -, kultura - eta aisialdi-erabileretarako ekipamendu berri bat gaitzeko. Ildo honetan, hiri-ingurunean aurkitzen den Kapitanena baserria birgaitzea proposatzen da, higiezinaren kontserbazioa eta balioan jartzea bermatuz.
Antolamendu xehatu berriak proposatzen du aldatuko den eremua eraikuntza isolatuko bizitegi-zonakatze izatetik tokiko ekipamendurako zuzkidura-zonakatze izatera igarotzea, eta proposatzen du, halaber, Kapitanena baserria dagoen lursailaren mugetara egokitutako gehieneko lerrokadurak definitzea.
Kapitanena baserriaren konfigurazio bolumetriko tradizionala mantentzeko eta etorkizuneko ekipamenduaren irisgarritasuna eta balioaniztasuna bermatzeko, baserriaren beheko solairuaren azalera handitzea planteatu da. Ekipamendu hori inguru hurbilean era harmonikoan integratuko dela bermatu nahi da.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak:
Planaren aplikazio-eremuan aurreikusitako jarduerak dira zonari ekipamendu berri bat ematea, elkarteen, kulturaren eta aisialdiaren arloko erabileretarako. Horretarako, hiri-ingurunean dagoen Kapitanena baserria birgaitzea proposatzen da, higiezinaren kontserbazioa eta balio-ematea bermatuz.
Hautaturiko alternatibak baserria birgaitzea planteatzen du, jatorrizko kokapenari eutsita, baina beheko solairuaren okupazioa handituz, garaieran handitzeko beharrik ez izateko; horrek irisgarritasuna erraztuko luke eta eraikinak inguruarekin duen harremana zainduko luke.
2.– Eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
PERUren eremua Kapitanena baserria dagoen lursailera mugatzen da. Kapitanena baserria San Fausto auzoan dago, Durangoko udal-barrutiko Faustebide kaleko 26. zenbakian, hain zuzen ere, eta inguruan dauden hormek mugatzen dute. Zehazki, udalerriaren ekialdeko muturrean dago, Abadiñoko mugatik 5 metro eskasera. Gutxi gorabehera, 1.343 m2-ko azalera du.
Hiri-ingurunean nahiko antropizatuta dagoen eremua denez, ez da ingurumen-baliorik nabarmentzen. Gaur egungo landaredia landaretza erruderal-nitrofiloa da, eta hiri-lorategiak eta pikondo batek (Ficus carica) osatzen dute. Halaber, azterketaren xede den eremuan espero diren fauna-komunitateak hiri-habitateko espezieak dira.
3.– Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak.
Inpaktu nagusiak Planaren garapenak proiektuaren fasean sortutakoak izango dira. Besteak beste, obra-fasean, inpaktuak sor daitezke landaretzan belar-sastrakak garbitzean, airearen kutsaduran eta zaratan, makinek eraginda, edo hondakinen sorreran, obraren garapenak berak eraginda, eta hura lortzeko erabilitako bitartekoetan eta baliabideetan.
Ustiapen-fasean, Planaren garapenak eragindako inpaktuak eremuan jarduera handitzearen ondorio izango dira; handiagoak izango baitira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta sortutako hondakin kopurua.
4.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremua antolatzeko planetan jasotakoaren arabera gauzatuko dira:
Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko babes-neurri eta neurri zuzentzaileak:
Historia- eta kultura-ondarearen babesa.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak aurkeztutako txostenaren arabera, gomendatzen da Planean planteatutako zabalkuntza bateragarria izatea zonaren ezaugarri estetikoekin eta ingurumen-balioekin, eta San Fausto auzoko etxebizitza-multzoari balioa ematen laguntzea. Besteak beste, irizpide hauek hartzea gomendatzen da: eraikin berriek ez lukete bolumetrikoki nagusi izan behar, haien materialek eta teknikek interes kulturaleko eraikin edo multzoak errespetatu beharko lituzkete eta haiekin kromatikoki bateragarriak izan beharko lukete.
– Gainera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari berehala jakinarazi beharko zaio proiektuaren aldaketa oro.
Lurzorua eta lurpeko urak babestea.
– Hirigintza-garapen berriak zoladura-azalera edo okupazio-azalera iragazgaitza murriztu beharko du, eta behar-beharrezkora mugatu, eta drainatze jasangarriko sistemak txertatu beharko dira. Ildo horretan, hirigintza-proiektuek urbanizatu beharreko lurzoruen espazio libreen akabera iragazkorren ehunekoa zein den adierazi beharko dute (Plan Hidrologikoaren 48. artikulua).
– Horrela, bada, Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Biltegi, instalazio osagarri edo makineria parkeak behin-behinean iragazgaitzak diren azaleretan kokatuko dira, eta horien egoera lehengoratu egingo da, ahal den neurrian, lurrak iragazteko duen ahalmena ez murrizteko.
Hondakinak sortzea eta kudeatzea.
– Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren – Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena– 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
– Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eraikingintzako jasangarritasuna.
Aurreikusitako jarduerarako beharrezko zerbitzuak izatea ahalbidetuko duten eraikinen eraikingintza jasangarriago egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihobek argitaratutako Eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Durangoko (Bizkaia) Kapitanena baserria azpieremuaren Hiri Berrikuntzako Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Durangoko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Durangoko Kapitanena baserria azpieremuaren Hiri Berrikuntzako Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS