Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2025eko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3556

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena, Bess Development 4 SL enpresak sustatua, Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko sistema egikaritzeko Proiekturako.

AURREKARIAK

2025eko martxoaren 21ean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko sistema egikaritzeko proiekturako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: «Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion, edo, hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen diren txostenean.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko sistema egikaritzeko proiekturako, Bess Development 4 SL enpresak sustatua, honako baldintza hauek betetzekotan:

A. Proiektuaren xedea Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko sistema egikaritzea da.

B. Ebazpen honen bidez, Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko sistema egikaritzeko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, eta proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da energia biltegiratzeko planta bat eraikitzea, gaitasun instalatua guztira 66,88 Mwh-koa izanik, horretarako «stand alone» bateriak erabilita (hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe), eta ebakuazio-azpiegitura konexio-punturaino lotuta (Asua TAko Asua-Galdakao bitarteko 62. linea (30 kV), Iberdrola), hartara energia bildu ahal izateko bertan, geroago, beharrezkoa denean, sarera isur dadin 30 kV-ko lurpeko linea baten bidez.

Egungo banaketa-sarearekiko lotura Asua-Galdakao I 62. linean egingo da (30 kV). Horretarako, beharrezkoa izango da linea horretan teleaginduko sekzionamendu-zentro bat jartzea, sarrera/irteera baten bidez.

Bateriak-inbertsorea-transformadorea multzoak eratutako bi potentzia-blokek osatuko dute proiektua. Bloke bakoitzak guztira 8 bateria-edukiontzi, 2 inbertsore eta transformadore bat izango ditu.

Instalazioak honako hauek izango ditu, guztira: 16 bateria-edukiontzi, 4,39 MP potentzia nominaleko 4 inbertsore (17,56 guztira), 2 transformadore bakoitza 8,78 MVAko gehieneko potentzia duen transformadore batek eta 690 v/30 kV transformazio-harremanak osatua, 30 kV-ko ebakuazio-linea bat biltegiratze-plantaren eta sekzionamendu-zentroaren artean, teleaginduko sekzionamendu-zentro bat, zeinak beharrezko elementuak eduki beharko baititu (telekudeaketako ekipoa, komunikazioak, elikadura, babesa, kableak eta abar) automatizazioa eta urrutiko eragiketa ahalbidetu ahal izateko I-DEren Eragiketa Bulegotik, eta plantako zerbitzu osagarriak, eragiketa modu jarraituan eta seguruan egin ahal izateko.

Edukiontzien bateriak kanpoko kabinen barruko rack-etan instalatuko dira, eta argiztapen-sistema bat, suteak detektatzeko sistema bat eta itzaltze automatikoko sistema bat izango dituzte, bai eta hozte-ekipo bat ere.

Bateria bidez energia biltegiratzeko sistema Lezamako (Bizkaia) 1007. poligonoko 12003 lurzatian kokatuko da; guztira, 0,25 ha-ko azalera du.

Bateriak biltegiratzeko instalazioek 232,69 metro luzeko perimetro-hesia izango dute, 2.500,98 m2-ko azalera mugatuz. Hesia 2,20 metroko garaierakoa izango da, 232,69 metro linealeko perimetro zenbatetsia izango du, zutoinak 48 mm-ko diametrokoak eta metaliko galbanizatuak izango dira, sarea metaliko galbanizatua izango da, 45x45x2,7 mm-koa, eta galbanizatutako alanbre arantzaduna (4/14/18) instalatuko da goiko aldean.

Potentzia-blokeak hormigoizko lauza baten gainean jarriko dira, lurraren gaineko egiturazko esfortzuak barreiatzeko behar den gainazala erabilita.

Biltegiratze-plantarako sarbidea lurzatiak mugakide duen udal-kaletik egingo da, egungo baldintzetan ahalik eta inpaktu txikiena eraginez.

Era berean, barne-bide berri bat egingo da, edukiontzi eta transformadore-eta inbertsore-bloke bakoitzera sartzeko.

Proiektua gauzatzeko sei hilabeteko epea aurreikusten da.

Azkenik, kontuan hartuta energia bateriekin biltegiratzeko jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dela, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, jarduera berriaren sustatzaileak lurzoruaren egoerari buruzko txosten bat bidali beharko du, erakunde egiaztatu batek egina, jarduera horrek duen funtsezko baimenaren edo jakinarazpenaren esparruan, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruari buruzko neurriak sartu ahal izan ditzan.

2.– Proiektuaren kokapena.

Jarduketa-eremua Euskal-Kantabriar arroa izenez ezagutzen den eskualde geologikoaren barruan dago, Iberiar Plakaren iparraldean (jatorri mesozoikokoa), Hegoaldeko Jabari Hidrogeologiko Antiklinorioaren gainean, Kantauri Ekialdeko demarkazioan. Eremu horrek Arabako Plataformaren-Bilboko Antiklinorioaren jabariko eremuaren iparraldeko erdia eta Euskal Arkuaren hegoaldeko zatia hartzen ditu.

Proiektuak ez dio eragiten EAEko ibai-sareko ezein elementuri. Hurbilen dauden errekak Astobitza (ekialdetik 90 metro baino gehiagora) eta Eguzkitza (mendebaldetik 100 metro baino gehiagora) dira.

Eremu Babestuen Erregistroak ez du elementu aipagarririk identifikatzen jarduketa-eremuaren inguruan, eta, lurpeko uren kalteberatasunari dagokionez, garapen-eremua kalteberatasun nabarmenik gabeko eremu batean dago.

Bestalde, instalazioak ez du eraginik EAEko Geodibertsitate Estrategiaren arabera katalogatutako Interes Geologikoko Lekuetan (IGL).

Linea instalatzeko proiektatutako zangak aldi baterako eragiten die 0,1024 ha-ri «balio agrologiko handiko» gisa kalifikatutako lurzoruan, eta 0,1897 ha-ri «Trantsizioko landa-paisaia» gisa kalifikatutako lurzoruan, Euskadiko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) arabera. Hala ere, energia biltegiratzeko instalazioak berak ez du eraginik LPS honetan kalifikatutako lurzoruetan, lurzoru industrialaren gainean baitago.

Habitaten gaineko eragina kartografia erabiliz baloratu da. Guztira, zortzi zehaztu dira:

(Ikus .PDF)

Proiektuaren eragin-eremuan, 6510 «Sega-belardiak» Batasunaren Intereseko Habitatak (BIH) identifikatu dira, Eusko Jaurlaritzan eskuragarri dagoen kartografiaren arabera. Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (Habitatei buruzko Zuzentaraua) I. eranskinean jasotakoak dira.

Eusko Jaurlaritzaren kartografiaren arabera, proiektuaren ebakuazio-linea hartzeko zangak BIH horren 0,1069 ha-ko azalerari eragiten dio. Azalera hori berez txikiagoa da, ebakuazio-linea horren trazadura bide baten bidez proiektatu baita, habitat naturalen gaineko eragina murrizteko.

Batasunaren intereseko habitat horren kontserbazio-egoera EAEn, 2013-2018 aldian, desegokitzat jo da (U1).

EUNIS eta EAEko Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera, habitat horrek 43.963,4846 ha-ko azalera hartzen du guztira EAEko lurralde osoan. Proiektuak BIH horretan % 0,0002ko eragina izango duela kalkulatzen da.

EAEko landaredi baskularraren zerrenda gorrian sartutako espezieen banaketa adierazten duen kartografiaren arabera, proiektua kokatuta dagoen 1x1 km-ko laukietan ez dago mehatxatutako flora-espezierik.

Fauna aztertzeko, «Lurreko Espezieen Espainiako Inbentarioa» kontsultatu da. Inbentario hori Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egin du, eta Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Espainiako Inbentarioa garatzeko apirilaren 20ko 556/2011 Errege Dekretuaren bidez arautu da. Inbentario horretan, Espainiako lurreko faunaren eta floraren banaketa, ugaritasuna eta kontserbazio-egoera jasotzen dira. Jarduketa-eremua 30TVN19 gisa identifikatutako laukian dago, baina 30TWN18 errepidetik hurbil.

Aipatutako bi laukietan, Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean jasota dauden 11 fauna-espezie identifikatu dira: 4 ornogabe, 2 arrain, 2 narrasti eta 3 ugaztun; horietako bat lehentasunezko espezietzat jotzen da (bisoi europarra: Mustela lutreola).

Era berean, aztertutako bi laukietan aipatutako 9 hegazti-espezie sartu dira Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean.

Erkidego-mailan, ibai-karramarro arrunta, miru gorria, usapal europarra eta bisoi europarra Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko «Galtzeko arriskuan» kategorian sartutako espezieak dira.

Bestalde, proiektuak ez du eraginik EAEn deklaratutako interes bereziko eremuetan. Energia biltegiratzeko planta ezartzen den eremutik gertu dauden errekak bisoi europarraren Bizkaiko Interes Bereziko Eremuan daude. Eremu hori Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan onartu zen, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espezie gisa. Nolanahi ere, erreka horiek proiektuaren eragin-eremutik 50 metrora baino gehiagora daude.

Era berean, proiektu honek erasandako inguruan ez da aipatzen «babes-eremurik», Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak zedarritzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira– argitaratzen dira.

Bestalde, energia biltegiratzeko instalazioaren jarduketa-eremua eta lotutako azpiegiturak ez daude EAEko naturagune babestu izendatutako eremuetan.

Natura 2000 Sareari dagokionez, instalazioak ez dio eragiten deklaratutako ezein guneri, ez eta haren babes-eremu periferikoei ere. EAEko azpiegitura berdearen sarean ere ez daude sartuta honako hauek: biodibertsitate-erreserbak (naturagune babestu guztiak eta Natura 2000 Sareko espazioak barne), EAEko korridore ekologikoen sarea, lurrazaleko ur-masak eta hezeguneak, eta kostaldea, itsaso eta lehorraren arteko jabari publiko gisa eta haren babes-zortasun gisa ulertuta.

Kokalekuaren ipar-ekialdean, Asua ibaiaren zati bat dago, «ibaiak eta trantsizioko ur-masak» kategoriaren barruan.

GeoEuskadin eskuragarri dagoen informazioaren arabera, proiektuaren jarduketa-eremua EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko paisaia-unitateen gainean dago: «Nekazaritzako eta basogintzako mosaikoa ibai-eremuan» (biltegiratze-instalazioa, ebakuazio-linea eta sekzionamendu-zentroa), «Nekazaritzakoa, belardiak eta labore atlantikoak nagusi dituena ibai-jabarian» (ebakuazio-linea) eta «Industriala jabari antropogenikoan» (ebakuazio-linea).

Instalazioa kokatuta dagoen paisaia industriala da, eta industria-jarduera biltzen duten poligono trinkoak ditu.

Proiektuaren eremuan ez da aipatzen EAEko kultura-ondareko elementurik, eta hurbilen dagoena Lezamako dorretxea da, ebakuazio-lineatik 30 metro baino gehiagora eta energia biltegiratzeko instalaziotik 200 metro baino gehiagora.

Bestalde, aztertutako eremuan ez da ibilbide berderik edo ibilbide luzeko edo laburreko bidezidorrik aipatzen.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektua gauzatzearen ondorioz aurreikusitako inpaktu nagusiei dagokienez, obra-fasean eta eraispen-fasean, airearen kalitatearen gaineko eragina, kutsadura akustikoa eta lurzoruaren ezaugarri fisikoen aldaketa nabarmentzen dira.

Habitaten eta landarediaren gaineko inpaktuei dagokienez, adierazi behar da proiektuak, eta, zehazki, ebakuazio-linea instalatzeko zangaren zati batek, Batasunaren Intereseko 6510 Habitataren (BIH) 0,1069 ha-ri (sega-belardiak) eragingo diola, eta haren kontserbazio-egoera txarra dela EAEn.

Faunaren, lan-eremuaren eta inguruen gaineko inpaktuei dagokienez, Hegaztiei eta Habitatei buruzko Zuzentarauen I. eta II. eranskinetan jasotako zenbait espezie aipatzen dira, hurrenez hurren, bai eta Mehatxatutako fauna- eta flora-espezieen EAEko eta Estatuko katalogoetako «Galtzeko arriskuan» eta «Kaltebera» kategoriak ere.

Obrak egiteko eta eraisteko fasean, faunari eragozpenak eragitea aurreikusten da, batez ere arrazoi hauengatik: (a) habitatak galtzea; (b) langileak eta makinak egoteagatik ohituretan eragozpenak sortzea, eta (c) harrapatzeak eragindako heriotzak.

Obrak egiteko eta instalazioa eraisteko fasean, inpaktu negatiboa sortu ahal izango da, lehendik dagoen habitata galtzeagatik. Inpaktu hori atzeraezina izango da ustiapen-fasean, instalazioaren okupazioa dela eta; hala ere, eraispen-fasearen ondoren, inpaktu hori leheneratu ahal izango da.

Ustiapen-fasean, ibilgailuen trafikoak eta instalazioak mantentzeko lan-kontratudun langileak egoteak ere eragozpenak eragin diezazkioke faunari, baina gutxienekoak izatea aurreikusten dira, mantentze-lanak puntualak baitira.

Obrak egiteko eta eraisteko fasean, paisaiaren gaineko inpaktuak sortuko dira. Ustiapen-faseari dagokionez, obrak egitura iraunkor batzuk sortuko ditu.

Azkenik, adierazi behar da aurkeztutako dokumentazioak babes- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dituela, sor daitezkeen inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko. Era berean, ingurumena zaintzeko plan bat gehitu da, zenbait alderdiri buruzko aldizkako kontrolak egiteko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Oro har, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen du proiektuaren ingurumen-inpaktu globala, eta ez du hauteman inpaktu larri edo kritikorik. Gainera, inpaktu bateragarriak minimizatzeko neurriak aplikatzeko aukera dago.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama energia biltegiratzeko sistema egikaritzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile-kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Pertsonen osasuna babesteko neurriak.

– Proiektuaren alderdi guztien garapena bateragarria izan behar da inguruko biztanleriaren ongizatea eta osasuna babestearekin, eta aplikagarri zaion araudi juridiko eta/edo administrazio-xedapen orori heldu behar dio.

– Etxebizitzak dituzten eremuak eremu garrantzitsutzat sartu beharko dira, eta ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak aztertu, Planaren ekintza garrantzitsuenak edo esanguratsuenak adierazita (eragin-eremuko biztanleengan duten eragin negatibo/positiboaren arabera). Deskribatu egin beharko dira zaratak, airerako emisioek, eremu elektromagnetikoek eta abarrek eragindako populazioa eta eragin horien aurreko zuzenketa-neurriak, eta identifikatu eraikin kalteberak (ikastetxeak, osasun-zentroak eta zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, aire zabaleko jolas-eremuak, eta abar). Berariaz baloratuko da ea kaltetuta gerta daitezkeen lurrazaleko eta/edo lurpeko harguneak eta giza kontsumorako ur-hornidurak dauden.

– Azterketa-eremuan sortzen den soinu-inpaktuaren modelizazio bat egin beharko da, biztanleria kontuan hartuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoa betetzeko beharra gogoan izanda.

– Era berean, proiektuaren alderdi guztien garapena bateragarria izan behar da inguruko biztanleriaren ongizatea eta osasuna babestearekin, eta aplikagarri zaion araudi juridiko eta/edo administrazio-xedapen orori heldu behar dio.

Babes zibilera bideratutako neurriak.

– Sismoen aurkako Eraikuntza Araua hartu beharko da kontuan eraikuntza berrietarako: zati orokorra eta eraikuntza (NCSR-02), irailaren 27ko 997/2002 Errege Dekretuak onartua.

– Aztergai dugun lurzatiaren kasuan, salgai arriskutsuak ibil daitezkeen bideak N-637 eta BI-737 dira. Kartografiatutako arrisku ertaina eta oso txikia dute, hurrenez hurren.

– 600 metroko lerro bat marraztu da aztertutako azpiegituraren alde banatan, eta hori izango litzateke baldintza txarretan istripurik gertatuz gero esku hartu beharreko eremua.

– Lanen plangintzan zein gauzatze-fasean, baso-suteen arriskua kontuan hartu beharko da, eta hori saihesteko neurri egokiak hartu, ebakuazio-linearako ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-jarduketen barruan. Era berean, sektoreko araudi aplikagarriaren zortasunak errespetatu beharko dira.

– Kontuan hartu behar da, Eusko Jaurlaritzaren EAEko Uholdeak Prebenitzeko Plan Integralaren azterketa plubiometrikoaren arabera (1992), azterlanaren eremuko prezipitazio-isomaximoak 200 mm/egun eta 225 mm/egun artekoak direla 500 urteko errepikatze-denborarako. Horrek berekin dakar drainatze-obren diseinuan aintzat hartu beharko direla prezipitazio horiek, baita dagozkien itzulketa-emariak ere.

– Baloratu beharko da ea Bess biltegiratze energetikoaren jarduerari Autobabeserako Euskal Araua aplikatzen zaion (Zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/210 Dekretuan arautua, 21/2019 Dekretuak aldatua), arau horretan ezarritako eskakizunak betetzeko.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Jarduketak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da tokiko espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da.

– Instalazioaren perimetro hesitu osoaren inguruan ingurumen-dokumentuan proposatutako landare-pantaila jartzeak, instalazioa estaltzeaz gain, faunak hesiekin talka ez egiteko, korridore ekologikoak sortzeko eta fauna-espezieen presentzia bultzatzeko habitat aproposak sortzeko helburua izango du.

– Lur-mugimenduak minimizatuko dira, eta lanak materialak pilatzeko eremuen azalera murrizteko moduan planifikatuko dira, eta horiek energia metatzeko instalazioaren mugaketaren barruan kokatuko dira, alboko eremurik okupatu gabe.

– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, hormigoizko plataformak eta instalazioetara sartzeko bidearen zoladurak egiteak eragindako eremuetan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta lehengoratze-lanetan berrerabiliko da.

– Instalazioaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Hesia tinkatze bidez finkatuko da. Behealdean, sare-argi zabala jarriko da, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz eta 50 metroan behin katazuloak egokituz.

– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.

– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira.

– Hesiaren ikusgarritasuna hobetzeko eta, hala, hegaztiek hesiarekin talka egitea murrizteko, landare-pantailaz gain, hesiaren hainbat mailatan poliestirenozko plaka txikiak jartzea gomendatzen da.

– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.

– Ustiapen-fasean, proiektua ezartzeko lurzatien barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eta, ahal dela, lan hori larratzearen bidez egingo da. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.

Lurzoruak babesteko neurriak.

– Bideak eta pistak balizatuko dira, ibilgailuak baimendutako eremuetatik kanpo ibiltzea saihesteko.

– Aldi baterako biltegiratzeko edo hondakinak biltzeko puntuak, makineria-parkeak, garbiketa-puntuak, hormigoi-makinak, landare-lurren aldi baterako pilaketak eta abar kokatzeko zuinketek ingurumen-agenteen ikuskapena izango dute, jarraibide espezifiko egokiak emateko.

– Saihestu egingo da lurra nibelatzea eta profil edafikoa aldatzea, bai eta lurzorua eraldatzea ere.

– Jarduketa-eremuetatik kanpo lurzorua trinkotzea saihestuko da, higadura murrizteko.

– Lurzoruaren jatorrizko landare-geruza zainduko da, bideragarria den guztietan, landaretza azkarrago lehengoratzea erraztuko duen geruza emankor bat gainazalean mantentzeko, hartara epe laburrean balizko higadura kontrolatuz.

– Hondeatutako lurra 1,5 m-tik beherako altuera duten soketan pilatuko da, trinkotu ez dadin. Ahalik eta denbora gutxien egon beharko da pilatuta.

– Instalazio osagarrietarako eta makineria-parkeetarako lursailek iragazgaiztuta egon beharko dute.

– Hondakinak lurzoruan ez metatzeko moduan kudeatzea gomendatzen da.

– Istripuzko jario edo isurketetarako jarduketa-protokolo bat egongo da.

– Obra-fasean lurzorua kutsatuta dagoela adierazten duten aztarnak antzemanez gero, berehala jakinaraziko zaie Udalari eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari.

– Makineria astunak lurzorua trinkotu duen eta landaredia leheneratzea zaildu duen eremuetan lurra landu edo azaletik aratuko da. Horrela, lurzorua aireztatzea eta haren egitura hobetzea lortuko da.

– Obrak amaitu ondoren, biltegiratutako landare-lurra erabiliko da induskatutako zangak betetzeko, betiere erauzketaren alderantzizko ordenari jarraituz, profil edafikoari eragin gabe.

– Landaretzaren berroneratze naturalerako gaitasuna bultzatuko da, prozesu edafogenikoak bizkortzeko eta landare-estalkia lurzoruan dagoen hazi-bankutik bertatik leheneratzeko.

– Eremutik kanpoko ekarpenak egin behar badira, kanpoko espezie nitrofiloak ugaritzea eragin dezakeen hazirik ez dagoela bermatuko duen eremu batetik etorri beharko dute.

– Lurzorua ustekabean kutsatuko balitz, kendu eta kudeatzaile baimenduari eramango litzaizkioke, kutsadura-motaren arabera.

– Obrako instalazio osagarriak lanak amaitu ondoren kenduko dira.

– Erakunde egiaztatu batek lurzoruaren egoerari buruzko txostena egin eta izapidetu beharko du, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eskatzen den bezala; izan ere, garatu nahi den jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago.

– Lurzorua kutsa dezakeen instalazio bati dagokion proiektu bat denez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera, eta uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatuko da. Gainera, atxikipen-sistema egokiak izan beharko dira, egiten diren balizko isurketek jabari publiko hidraulikoan eraginik ez dutela ziurtatzeko.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Neurriak ezarri beharko dira iragazketak eragindako kutsadura saihesteko, eta, bereziki, proiektuaren faseetan hondakinak, olioak eta erregaiak maneiatzea saihesteko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketatik datorren ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik.

– Gogorarazten da ez dagoela baimenduta ingurune hidrikoa kutsa dezaketen substantziak zuzenean edo zeharka isurtzea, ez jabari publiko hidraulikora, ez lurrera, Uraren Euskal Agentzia honen nahitaezko baimenik gabe.

– Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren –zeinak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen baitu– 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluaren arabera, biltegiratze energetikoko instalazioak zarata-foku berriei aplikatu beharreko zarataren muga-balioak beteko ditu, I. eranskineko 2. zatian jasotakoak.

Landa-ingurunea babesteko neurriak.

– Proiektuak nekazaritzaren sektorean izango duen eragina ebaluatu behar da, eta eragina jasan dezaketen nekazaritza-ustiapenetan izango duen eragina aztertu.

– Belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Hala badagokio, eragindako laborantzak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin.

– Itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) eta eragindako laborantzak ordeztu behar dira.

Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

– Funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin-mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua beteko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioak beteko dira; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua beteko dira. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Ahalik eta gehien minimizatu beharko da Lezamako dorrearen gaineko zuzeneko inpaktua.

– Obrak amaitu ondoren, inguruko espazioa gaur egun dagoen bezala geratu beharko da: egindako jarduketen ebidentziarik gabe eta ikusizko inpaktu negatiboa sortuko duen elementu osagarririk gabe.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

Garbitzea eta obra amaitzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

Jarduera uztea.

Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Oro har, kutsagarria izan daitekeen edozein elementu desmuntatu eta kenduko da, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaio, indarrean dagoen legeriaren arabera dagokion tratamendua egin dezan, eta eraisteko prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratuko dira.

Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Lurzorua kutsatu dezakeen jarduera bat denez, hura amaitzean, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Lezaman (Bizkaia) Bess Lezama biltegiratze energetikoko proiektua (Bess Development 4 SLk sustatutakoa) egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala