
152. zk., 2025eko abuztuaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (302 KB - 28 orri.)
- EPUB (837 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3544
AGINDUA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) laguntzen deialdia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua eta horrekin bat datozen xedapenak indargabetzen dira (MAE Erregelamendua).
Arrantza Politika Erkideak (APE) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduan du oinarria. Erregelamendu horrek Kontseiluaren 1954/2003 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen ditu, eta Kontseiluaren 2371/2002 (EE) eta 639/2004 (EE) erregelamenduak eta Kontseiluaren 2004/585/EE Erabakia indargabetzen ditu.
APEk xedatzen du Merkatu Antolakunde Erkide (MAE) bat sortzea arrantzako eta akuikulturako produktuetarako. Hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan zehazten da. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua indargabetzen da. Erregelamenduaren 28. artikuluan araututa daude ekoizleen elkarte orok, gutxienez, merkaturatzen dituen espezie nagusietarako, agintaritza eskudunei aurkeztu behar dizkien ekoizpen- eta merkaturatze-planak, eta 6. apartatuan, aldiz, ezartzen da ekoizleen elkarteek finantza-laguntza jaso ahal izango dutela ekoizpen- eta merkaturatze-planak prestatu eta gauzatzeko, bat etorriz Batasunaren etorkizuneko lege-egintza batekin, zeinak ezarriko baititu 2014-2020 aldirako arrantza- eta itsas politikarako finantza-laguntzaren baldintzak.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduak Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa (EIAAF) ezartzen du, eta 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatzen du, aurreko Europako Itsas eta Arrantza Funtsa (EIAF) ordeztuz, eta 2021-2027 aldirako Batasunaren lau lehentasunak jasotzen ditu. Lehentasun horiek helburu dute arrantzaren, akuikulturaren eta horrekin lotutako beste jarduera batzuen garapen jasangarrirako helburua betetzea, eta, aldi berean, helburu espezifikoetan banatzen dira. Era berean, 26. artikuluan, ekoizleen erakunde aitortuei eta haien elkarteei laguntzeko aukera xedatzen du, MAEren helburuak lortzen laguntzeko.
APEk eta MAEk funtsezko zeregina ematen diete arrantza- eta akuikultura-sektoreetako erakunde profesionalei Europako Erkidegoko politikak aplikatzeko eta helburuak lortzeko. Erakunde horiek hauek osatzen dituzte: arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeak (AEE), arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeen elkarteak (AEEE) eta arrantzako lanbide arteko erakundeek (ALE).
Espainian, ekainaren 24ko 277/2016 Errege Dekretuan jasotako erregulazioa aipatu behar da. Dekretu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko erakunde profesionalak arautzen dira, eta uztailaren 18ko 664/2023 Errege Dekretuak aldatu du.
Era berean, kontuan hartu behar da urriaren 17ko 786/2023 Errege Dekretua, zeinak xedapen hauek aldatzen baititu: azaroaren 3ko 956/2017 Errege Dekretua, Arrantza- eta akuikultura-sektoreko erakunde profesionalentzako laguntzen esparru arautzailea –laguntzok Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren baterako finantzaketa dute– eta estatuko oinarri arautzaileak ezartzen dituena; maiatzaren 29ko 418/2015 Errege Dekretua, arrantza-produktuen lehen salmenta arautzen duena, eta ekainaren 24ko 277/2016 Errege Dekretua, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko erakunde profesionalak arautzen dituena.
Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) laguntzen deialdia egiten da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua eta horrekin bat datozen xedapenak indargabetzen dira (MAE Erregelamendua).
Aurrekari gisa, aipatu behar da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Agindua (2024ko ekainaren 26ko EHAA, 125. zk.), zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) laguntzen deialdia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua eta horrekin bat datozen xedapenak indargabetzen dira (MAE Erregelamendua).
Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude, zeina 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen; hemen argitaratu zen:
Eta laguntza horien bidez, arrantza- eta akuikultura-ekoizleen erakundeen (AEE) egiturak indartu nahi dira, dauden baliabideen kudeaketa jasangarria lortzeko.
Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera ematen da, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan bildutako oinarrizko erregulazioan xedatutakoaren arabera ere.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak, sailburuen eskumena da haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea, besteak beste. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Xedea.
Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) laguntzen deialdiaren oinarriak onartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua eta horrekin bat datozen xedapenak indargabetzen dira (MAE Erregelamendua), agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Deialdia.
Hau da agindu honen xedea:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) laguntzen deialdia egitea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean Merkatu Antolakunde Erkidea ezartzen da, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dira, eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua eta horrekin bat datozen xedapenak indargabetzen dira (MAE Erregelamendua), agindu honen eranskinetan jasotzen direnak.
b) Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutako laguntzak lortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakunde (AEE) guztiek bete beharreko eskakizunak eta finantzaketarako gehieneko zenbatekoak ezartzea. Erregelamendu horren bidez, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen da, eta 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatzen da, ekoizpen- eta merkaturatze-planei dagokienez, eta erakunde profesionalak berregituratu ondoren sendotzeari dagokionez.
2. oinarria.– Laguntza-motak.
Laguntza mota hauek ezarri dira egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE):
a) Arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) dirulaguntzak, ekoizpen- eta merkaturatze-planak (EMP) prestatu eta gauzatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera.
b) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzako (AEE) dirulaguntzak, berregituratu ondoren sendotzera bideratuta daudenak.
3. oinarria.– Finantzaketa.
Deialdi honen zenbatekoa 3.000.000,00 eurokoa izango da 2025ean. Funts horietatik 2.100.000,00 euro (% 70) Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (EIAAF) dagozkio, eta 900.000,00 euro (% 30) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei.
Deialdi honen barruan emango diren laguntzen guztizko kopuruak ezingo du gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, guztizko zenbateko hori agortutakoan, ezin izango da laguntza gehiagorik eman, eta hortik aurrera baliorik gabe geratuko da agindu hau. Guztizko diru-kopuru hori agortzen bada, Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.
4. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.
1.– Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluarekin, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:
a) Epai irmo bidez zehatuta egotea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin, edo zehapena jaso izana prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.
d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.
e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
f) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
g) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapenen bat izatea. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.
h) Zehatuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
l) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa ez adieraztea.
2.– 1. apartatuko b), d), e), f) eta j) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.
3.– 1.e) apartatuan jasotako debekua Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
4.– Artikulu honetako 1. apartatuko a), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
5.– Artikulu honetako 1.c) apartatuan jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
6.– Entitate eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. apartatuan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.
5. oinarria.– Onuradunen eskakizun orokorrak eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Dirulaguntzen eskatzaileek, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeek (AEE), honako eskakizun orokor hauek izango dituzte, hargatik eragotzi gabe agindu honetako laguntza motetan agertzen diren gainerako eskakizun espezifikoak:
a) Deialdiak adierazten duen metodologiara egokitzea, eragiketaren kostuak eta dirulaguntza ordaintzeko baldintzak zehazteko.
b) Eragiketa ezarritako epean egitea.
c) Finantza-informazioa eta informazio gehigarria gordetzea, jakinaraztea eta, hala eskatzen bada, ematea, bai eta dokumentazioa mantentzea eta eskuragarri izatea ere.
d) Laguntza onartzea, eta horrek eragiketen zerrenda publiko batean sartzea dakar.
e) Onuradun izaten jarraitzea, EIAAF Erregelamenduaren 11. artikuluan eta Batzordearen 2014ko abenduaren 17ko 2015/288 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan xedatutako onargarritasun-eskakizunak betez.
f) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 65. eta 82. artikuluetan xedatutakoa betetzea. Erregelamendu horren bitartez, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dira, bai eta funts horietarako eta honako hauetarako finantza-arauak ere: Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtsa, Barne Segurtasuneko Funtsa eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresna (XKE Erregelamendua).
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoa betetzea. Era berean, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikulua betetzeko, egiaztatu beharko da eskatzaileak bete dituela, artikulu horretan xedatutako baldintzetan, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
h) Deialdian ezarritako administrazio- eta finantza-gaitasunaren gaineko bermea betetzea, hala badagokio.
i) Organo eskudunen kontrol-jarduketei men egitea.
j) Proiektuari lotutako adierazleak betetzea eta eguneratzea, deialdian adierazitakoaren arabera.
k) Kontabilitate bereizia izatea, edo finantzatu beharreko eragiketekin lotutako transakzioen kontabilitate-kode egokia izatea, EIAAFk eta alderdi autonomikoak batera finantzatutako gastu publikoa bereiztea ahalbidetuko duena.
l) Dagozkion eta deialdian azaltzen diren erantzukizunak bere gain hartzea.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira XKE Erregelamenduaren 63.2 eta 63.6 artikuluetan aipatutako gastuak, III. eranskinean jasotakoak.
6. oinarria.– Ekoizpen- eta merkaturatze-planetarako laguntzetarako eskakizun espezifikoak eta kalkulua.
1.– EIAAF Erregelamenduaren 26. artikuluan adierazitako laguntzak jasotzeko, hautagarritzat joko dira benetan gauzatutako neurrien zenbatekoak, baldin eta aldez aurretik EMPn onartu badira eta, ondoren, Arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko erakunde profesionalak arautzen dituen ekainaren 24ko 277/2016 Errege Dekretuaren 15. artikuluan araututako urteko txostenetan onartu badira, eta behar bezala justifikatuta badaude, agindu honen eranskinetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Emandako laguntzak ezin izango du gainditu AEEk merkaturatutako ekoizpenaren urteko batez besteko balioaren % 12, dagokion urteko EMP onartzeko ebazpena eman aurreko hiru ekitaldi fiskaletan zehar.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako ekoizpena kalkulatzeko, kontuan hartuko da AEEko kide bakoitzak merkaturatutako ekoizpenaren balioaren batura.
Emaitza hori OPPES aplikazioarekin edo beste iturri ofizial batzuekin alderatuko da, eta, bat etortzen ez bada, azken horien balioa hartuko da kontuan.
4.– EMPen kasuan, EMPren zenbateko onartuaren % 35eko aurrerakina emango da. Aurrerakina eman ondoren, ez da EMPen aldaketarik onartuko, ez emango den laguntza handitzea dakartenik, ez laguntzaren zenbatekoa ekoizpen- eta merkaturatze-plana onartu ondoren aurreikusitako gastuen guztizko zenbatekoaren % 50 baino gutxitzea dakartenik, laguntza emateko ebazpena eman baino lehen. Aurrerakin hori eskatu ahal izango du eskatzaileak, diruz lagundutako jarduketak egin ahal izateko aurrerakin hori behar duela arrazoituta. Dirulaguntza eskatzen dutenek, oinarrietan aurreikusten den aurretiazko ordainketa eskatzeko asmoa baldin badute eta dirulaguntza hori 180.000 eurotik gorakoa bada, eskabidea egitean, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, abala eratzeko konpromisoa hartuko dute. Gainerako ordainketa gastu guztiak justifikatu ondoren egingo da, organo kudeatzaileak behar diren egiaztapen guztiak egin ondoren.
5.– EMPa eta, hala badagokio, urteko txosten bakoitza prestatuz gero, urtero diruz lagundu daitezkeen gastuak ezingo dira 5.000 eurotik gorakoak izan dokumentu bakoitzeko. Ondorio horietarako, urteko EMPen eta urte anitzeko EMPen lehen urteko kuotaren berrikuspenak ez dira diruz lagundu behar diren dokumentu gehigarritzat hartuko.
6.– EMPak aplikatzeari dagokionez, neurriek izaera ekonomikoa dutenean, diruz lagundu ahal izango dira, bai proiektuaren titularraren jarduerak, bai agindu honen eranskinetan adierazitako proiektua kudeatzeko jarduerak, baldin eta EMPa onartzeko ebazpenean eta urteko txostenean hala jaso bada.
7.– EMPan onartutako eta ondoren urteko txostenean gauzatutako eta justifikatutako neurriek behar den kalitate teknikoa izan beharko dute.
8.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio.
7. oinarria.– Ekoizpen- eta merkaturatze-planen azpikontratazioari buruzko arauak.
1.– Diruz lagundutako jarduketaren parte diren EMPen jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta dagokion AEEak zuzenean egin ezin baditu.
2.– Azpikontratatutako jardueraren aurrekontu osoa parte-hartzaile horren aurrekontuaren % 100era iritsi ahal izango da, eta azpikontratazioa egiteko baldintza izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.3 artikuluan xedatutako kasuetan, kontratua idatziz egitea eta organo kudeatzaileak aldez aurretik baimena ematea.
Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
3.– Ezin izango da azpikontratatu entitateko kide diren edo hari lotuta dauden erakunde onuradun berberekin, ez berregituratze-prozesuan parte hartzen duten erakundeak direnean, ez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluan zehaztutako kasuetan.
4.– Onuradun bakoitzaren erantzukizuna da aplikatu behar diren kontratazio publikoko arauak betetzen direla bermatzea. Kasu guztietan, gardentasunaren, diskriminaziorik ezaren eta berdintasunaren oinarrizko printzipioak bete behar dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera.
Ezin da onuradunen artean kontraturik egin EMPan jasotako neurri bat gauzatzeko, eta proiektuaren onuradun den entitateren bateko langileak ere ezin dira kontratatu, kanpoko profesionalen zerbitzu-emaile eta aholkulari gisa. Lotutako enpresek esku hartzen badute EMPko neurri bat gauzatzeko, ezingo dute hornitzaile edo zerbitzu-emaile gisa parte hartu, edo haien jarduera ezingo da diruz lagundu.
Zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, lotutako entitatetzat hartzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.
b) Enpresa batek beste enpresa baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo atzera botatzeko eskubidea du.
c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.
d) Enpresa bat bestearen akziodun edo bazkidea da eta, berak bakarrik kontrolatzen du bere akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akziodun edo bazkide batzuekin egindako akordio baten bidez.
Ulertuko da ez dagoela eragin dominatzailerik inbertitzaileek ez dutenean enpresa horren kudeaketan zuzeneko edo zeharkako inplikaziorik, hargatik eragotzi gabe akziodun gisa dagozkien eskubideak.
Era berean, enpresa lotutzat hartuko dira harreman horietako bat pertsona fisiko baten edo ados jarritako pertsona fisikoen talde baten bidez duten enpresak, baldin eta enpresa horiek beren jarduera edo jardueraren zati bat erreferentziazko merkatu berean edo alboko merkatuetan egiten badute. Alboko merkatu deritzo kasuan kasuko merkatuko posizioaren justu aurrekoan edo justu atzekoan dagoen produktu edo zerbitzu baten merkatuari.
5.– Ondasun higiezinen kasuan, funtzionario batek ez hasteko akta egin beharko du –betiere, dagokion AEEak eskatuta– obra hasi aurretik. Akta hori eskatu ezean, neurria ez da diruz lagunduko.
6.– Ondasun higiezinak sortzen dituzten edo haiei eragiten dieten obren kasuan, funtzionario batek ez hasteko akta egin beharko du –betiere, dagokion AEEak eskatuta– obra hasi aurretik. Akta hori eskatu ezean, neurria ez da diruz lagunduko.
8. oinarria.– Arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeak (AEE) berregituratu ondoren sendotzera bideratutako laguntzen eskakizun espezifikoak eta gastu hautagarriak.
1.– Definizioak:
a) AEEa berregituratzea: AEE baten bat egitea edo zatitzea, administrazio eskudunaren aldez aurreko baimenarekin.
b) AEEen bat-egitea: bi AEE edo gehiago elkartzen diren prozesua, AEE berri bat sortuz.
c) AEEa zatitzea: AEE bat bi AEE edo gehiagotan banatzeko prozesua.
2.– Arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeen (AEE) kudeaketa-gastuen % 75eko laguntza eman ahal izango da aitorpen-dataren ondorengo bost ekitaldi fiskaletan, urriaren 17ko 786/2023 Errege Dekretuaren artikulu bakarreko 8. apartatuan xedatutakoaren arabera; errege-dekretu horrek azaroaren 3ko 956/2017 Errege Dekretua aldatzen du, Arrantza- eta akuikultura-sektoreko erakunde profesionalentzako laguntzen esparru arautzailea –Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren baterako finantzaketa dute laguntzek– ezartzen duena.
3.– Aipatutako kudeaketa-gastuak erakunde profesionalak benetan ordaindutako eraketa- eta funtzionamendu-gastuak izango dira, eta honako errubrika hauei dagozkienak:
a) Erakundea eratzeko prestakuntza-lanek eragindako gastuak eta eraketa-akta eta estatutuak egiteko gastuak, beharrezkoak balira MAEn jasotako arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeak (AEE) arautzen dituen araudira egokitzeko, bai eta estatutuak aldatzetik eta lotutako administrazio-gastuetatik eratorritako gastuak ere. Gastua justifikatzen duten fakturak onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
b) Langile-gastuak (soldatak, prestakuntza-gastuak, gizarte-kotizazioak). EMPen neurriei egozten ez zaizkien langile-gastuak hartuko dira kontuan.
c) AEEaren funtzionamendua hobetzeko kontratatutako zerbitzuengatiko edo aholkularitza teknikoagatiko ordainsariak. Ez dira sartuko EMPa gauzatzearekin eta prestatzearekin lotutako lanak.
d) Zeharkako gastuak. Honako kategoria hauetako egiaztagiriak aurkeztuta egiaztatutako zenbatekoa ordainduko da:
1) Hornidurak (ura, argia, telefonoa, gasa).
2) Bulegoko materialaren eta amortizazioaren gastuak, edo bulegoko ekipamendua alokatzearen ondoriozkoak.
3) Erakundeen langile-garraioko bitartekoek sortutako gastuak.
4) Alokairu-gastuak edo, erosiz gero, benetan ordaindutako interesengatiko gastuak, eta arrantzako edo akuikulturako ekoizleen erakundearen (AEE) administrazio-funtzionamendura bideratutako eraikinak okupatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.
5) Langileen garraioari, administrazio-lokalei eta horien ekipamenduari lotutako aseguru-gastuak.
e) Ekoizpen- eta merkaturatze-planak egiteko kanpo-finantzaketarako behar diren abalak lortzearekin lotutako gastuak.
4.– Froga-balioa duten merkataritza- eta kontabilitate-agiriak erabili beharko dira artikulu honetako 3. apartatuaren arabera definitutako kudeaketa-gastuen zenbatekoa zehazteko.
5.– Erakunde profesional eta urte bakoitzeko laguntzak ezingo du gainditu erakunde profesionalak laguntza eskatu aurreko hiru ekitaldi fiskaletan merkaturatutako ekoizpenaren batez besteko balioaren % 1, gehienez 100.000 euro. Urte batean emandako laguntza ez bada iritsi urtean gehienez jaso beharreko kopurura, hurrengo deialdian gehieneko muga handitu ahal izango da, jaso beharreko urteko gehieneko laguntzaren eta emandako laguntzaren arteko aldearen arabera, betiere gehitu beharreko zenbateko horrek ez badu gainditzen ezarritako urteko mugaren % 30. Handitze hori aurreko urtearekiko bakarrik aplikatu ahal izango da, eta ezin izango da hurrengo urteetan metatu.
6.– AEE berriaren ekoizpena kalkulatzeko, kontuan hartuko da AEE berriko kide bakoitzak merkaturatutako ekoizpenaren balioaren batura.
7.– Bat egiteko edo zatitzeko prozesuetatik eratorritako AEEak berregituratzen diren kasuetan, kasu bakoitzean eskumena duen administrazioaren aitorpen-ebazpen berriek eragindako erakundeen kudeaketa-gastuak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
8.– Arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakunde (AEE) gisa aitortzeko eskabideak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, eta, gutxienez, agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Eratze-eskritura edo, hala badagokio, dagokion elkarteen erregistroan sartu izanaren ziurtagiria edo nortasun juridikoa eskuratu izana egiaztatzen duen beste edozein agiri, AEEaren izenean eta hura ordezkatuz jardungo duten pertsonen izenak adierazita.
b) Kide ekoizle bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, idatziz. Bertan adierazi beharko da kide horiek bat egin nahi dutela eta erakundearen estatutuak ezagutzen dituztela. Bestela, NANaren kopia aurkeztu beharko da, edo, atzerritarren kasuan, nortasun-agiri baliokidea.
c) Ekoizpen-unitateen zerrenda.
d) Kide bakoitzaren azken hiru ekitaldi fiskaletako espezieko ekoizpena, tonatan eta eurotan adierazita.
e) MAEren Erregelamendura egokitutako estatutuak, bereziki haren 14. eta 17. artikuluetara.
f) Gauzatu nahi diren jardueren justifikazio-memoria, MAEren Erregelamenduaren 7. eta 8. artikuluetako helburu eta neurrietara egokitua, bai eta jarduera horiek gauzatzeko egitura eta langileak ere.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskaera aurkezteko unean, agindu honetako eskakizun guztiak betetzen dituela eta aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.
9.– Berregituraketak antolaketa berri bat emango die AEEei, jarduera eraginkorragoa eta errentagarriagoa izan dadin, ekoizpena merkatuaren eskakizunetara egokituz eta arrantza-politika erkidearen helburuak betetzen lagunduz.
Berrantolaketa- eta berregokitze-neurriak ekarri behar ditu, AEEak merkatuaren baldintza aldakorretara moldatzeko eta egokitzeko aukera izan dezan. Ez dute ekintza puntualak izan behar, baizik eta jarduera iraunkorrak, arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeen (AEE) barne-egiturari eragiten diotenak.
10.– Berregituraketa berregituraketa-planari jarraikiz egin behar da, zeina aurretiaz onartu beharko baitu Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak.
Plan horrek hasierako abiapuntuko egoera azaldu beharko du, bazkideen, ekoizpen-bitartekoen eta berregituraketarekin lortu nahi diren helburuen deskribapen xehatua eginez. Helburu horiek MAEn xedatutakoarekin bat etorri beharko dute.
Berregituraketa-plana Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaio, eta zuzendaritza horrek proposamenaren bideragarritasuna aztertuko du.
11.– Administrazio eskudunak berregituraketa-ebazpena ematen duen urteko abenduaren 31n amaituko dira berregituraketa-prozesuen mende dauden AEEen EMPak, urtekoak zein urte anitzekoak.
Berregituratutako AEEek EMP berri bat aurkeztu beharko diote Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari. Berregituraketa eraginkorra burutu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean plan berria.
12.– Berregituratutako AEEek berregituratu aurretik onartu ziren EMPen urteko txostenak aurkeztu beharko dizkiote Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari (txosten horien indarraldia berregituraketa gauzatzen den urtean amaituko da), baita berregituraketa-prozesuaren ondorioz desagertutako AEEen izenean ere, eta berriak berregituraketa horren jatorrizko AEEen betebeharretan subrogatuko dira.
13.– Ezin izango da sendotze-laguntzarik jaso sorkuntzarako laguntzak jaso diren urteetan.
9. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den eta baterako finantzaketa.
1.– Oro har, laguntza publikoaren zenbatekoa % 75ekoa izango da ekoizpen- eta merkaturatze-planetarako laguntzetarako eta sendotze-laguntzetarako, besteak beste, honako neurri hauek barne hartuta:
– Prestakuntza-neurriak.
– Dibulgazio-mintegiak eta -jardunaldiak.
– Inbertsio materialak.
– Higiezinei eragiten dieten obrak.
– Osagai berritzailerik ez duten inbertsioak instalatzea.
– Sustatzeko eta gizarteari jakinarazteko ekintzak.
– Arrantza kudeatzeko planak.
– AEEko kideei lege-laguntza ematea.
– Behatzaile elektronikoak eskuratzea eta instalatzea.
– Behatzaileak ontziratzea.
2.– Hala ere, EMPtarako laguntzen kasuan, neurri bakoitzaren eremuan % 75etik gorako zenbatekoa jaso dezaketen gastuak daude, honako arau hauen arabera:
a) Laguntzaren % 100erainoko zenbatekoa jasoko dute 1. apartatuan ezarritakoez bestelako neurriek, baldin eta, onuradun kolektiboaren eskakizunak betetzeaz eta interes kolektibokoak izateaz gain, honako irizpide hauetako bat betetzen badute:
• Ezaugarri berritzaileak: produktu, zerbitzu edo prozesu berri bat edo nabarmen hobetutako bat sartzea dakarten neurriak, barnean hartzen dituztenak, horietara mugatu ez arren, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuak eta enpresa-praktikak antolatzeko metodo berriak, besteak beste, arrantza- eta akuikultura-sektoreek MAEren eta APEren helburuak lortzeko dituzten erronkak konpontzen laguntzeko.
• Neurri hauen emaitzak publikoki eskuratzeko bermea (sarbide mugagabea duten web-orrien edo hainbat argitalpenen bidez): arrantza-jarduera eta akuikultura jasangarria sustatzea; nahi ez diren harrapaketak murriztea; legez kanpoko, deklaratu eta arautu gabeko arrantzaren aurka borrokatzea; trazabilitatea hobetzea edo ingurumen-inpaktua murriztea.
b) Era berean, laguntzaren % 100 jaso ahal izango dute arrantza-aparailuen neurri edo espezieen araberako hautakortasuna hobetzera bideratutako neurriek.
% 100eko laguntza hori lortzeko, azterlan bat egin beharko da, lortutako emaitzak aztertzeko eta neurri horrek hautakortasuna hobetzen lagundu duela frogatzeko. Azterketaren emaitzak onak ez badira, hau da, ez bada frogatu hautakortasuna hobetzen lagundu duela, neurri horren zenbatekoaren % 75eko laguntza aplikatuko da. Azterketa honako kategoria hauetako batean sartzen den entitate batek egin beharko du:
1) Ikerketako erakunde publikoak.
2) Unibertsitate publikoak.
3) I+G+b jarduerak egiten dituzten sektore publiko autonomikoko entitate publiko instrumentalak.
4) Erkidego-mailako teknologia-zentroak eta berrikuntza teknologikorako laguntza-zentroak.
c) Laguntzaren % 100 jaso ahal izango dute itsasbazterreko artisau-arrantzarekin zerikusia duten neurriek (arrantza- eta prestakuntza-planak barne), baldin eta AEEko ontzien % 100ek 12 metro baino gutxiagoko luzera badute eta arraste-arrantza egiten ez badute, eta neurri horiek ez badira honako hauei buruzkoak: dibulgazio-mintegiak eta -jardunaldiak, higiezinei eragiten dieten obrak, osagai berritzailerik ez duten inbertsioak instalatzea, sustatzeko eta gizarteari jakinarazteko ekintzak, behatzaileak ontziratzea edo behatzaile elektronikoak eskuratzea eta instalatzea, eta AEEko kideei lege-laguntza ematea.
d) 1380/2013 (EB) Erregelamenduaren 15. artikuluan aipatzen den lehorreratzeko betebeharra betetzen dela kontrolatzeko erabiltzen diren urrutiko jarraipen elektronikoko nahitaezko sistemetarako beharrezkoak diren osagaiak eskuratu, instalatu eta ontzi barruan kudeatzeko jarduerek % 85era arteko laguntza jaso ahal izango dute, indarrean dagoen arrantza-kontroleko araubidearen garapena eta aplikazioa hobetzera bideratuta badaude.
3.– Emandako laguntza publiko osotik, EIAAFk guztizko zenbatekoaren % 70 finantzatuko du, eta gainerako % 30a ekarpen autonomikoari dagokio.
10. oinarria.– Eskabidea.
Agindu hau indarrean jartzen den egunean hasiko da agindu honetan araututako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, eta 2025eko irailaren 30era arte luzatuko da.
Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, eta bertan egongo da eskuragarri eskabide-inprimakia, bai eta eskabideak telematikoki aurkezteko eta justifikatzeko informazioa ere: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230282 (Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Katalogoko prozeduraren kodea). Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.
Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
Eskabidearen ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bitartez egin eta jakinaraziko dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
11. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
2.– Deialdi honetan xedatutako laguntzak ordenan adjudikatuko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaileei, espedientea osorik beteta dagoen egunaren arabera, lehiaketa-teknikara jo gabe, adierazitako ehunekoak aplikatuz, laguntza motaren arabera, eta laguntza horiei lotutako kredituaren saldo erabilgarririk badago.
3.– Eskabideen balorazioan edo prozeduraren ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko, ez dute prozeduran parte hartuko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan adierazitako egoeraren batean daudenek, eta horren berri emango diote beren nagusi hurrenari.
12. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.
1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, espedientea ikusita, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie soilik prozeduran agertzen direnean edo interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak ez diren beste batzuk kontuan hartzen direnean. Jakinarazpenean, hala badagokio, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako kasutik kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoarekin.
13. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.
1.– Alegazioak aztertuta, halakorik balego, eta hurrengo apartatuetan xedatutakoa egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du. Bertan adieraziko dira eskatzaileen zerrenda, xedea, eman beharreko zenbatekoa eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan adierazitako gainerako elementuak.
2.– Eskatzaileek, behin betiko ebazpen-proposamena eman aurretik, dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da (2023ko otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.). Era berean, zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFZa ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek eskakizun guztiak betetzen dituztela.
4.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz.
5.– Ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio ebazpenaren behin betiko proposamena.
6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde, Administrazioaren aurrean.
14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Ebazpenaren behi betiko proposamena onartuta, Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuari helaraziko zaio, eta hark prozeduraren ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren (FEMPA) kontura emango da laguntza.
2.– Ebazpenaren gutxieneko edukia:
a) Entitate onuradunaren identitatea, diruz lagundutako proiektua adierazita.
b) Diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoa.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) kontura diruz lagundutako zenbatekoa.
d) Aurreikusitako jarduketak gauzatzeko epea; betiere, 2025. urtean hasi eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen amaituko dira.
e) Hala badagokio, eskabidea ukatzeko arrazoia.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin. Dena den, interesdun guztiei banaka jakinaraziko zaie ebazpena osorik; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin.
5.– Eskabide bakoitza osorik aurkeztu eta gehienez sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena, eta, epea igarota berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko dute interesdunek, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin.
6.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 15ean amaituko da beranduenez.
15. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ildo horretatik, onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio guztia ematea, betiere erakunde horiek laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.
2.– Eman zaien dirulaguntza onartuko dute. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunek behar den bezala jakinarazi beharko dute publikoak direla edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketa finantzatzeko jaso dituzten dirulaguntzak, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
16. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie onuradunei, diruz lagundu daitekeen egitatearen frogagiriak behar bezala aurkeztu ondoren, gehienez hiru hilabeteko epean, dagokion laguntzaren aldeko ebazpena ematen denetik aurrera, eta, betiere, 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen.
2.– Onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.
17. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen arauan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betetzen badira. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutako eskakizunak bete beharko dira.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat) eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioarekin.
3.– Baldin eta itzulketa-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.
19. oinarria.– Bateragarritasuna.
Agindu honek ezartzen dituen laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta emandako dirulaguntzen zenbatekoen baturak ez baditu gainditzen agindu honetan ezarritako laguntza-ehunekoak. Mugak gainditzen baditu, berriz, Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez txikitu egingo da emandako laguntza.
RSS