Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2025eko abuztuaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3538

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen eta lotutako azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita, Side Recovery Systems SLUk sustatuta, Balmasedako (Bizkaia) udal-mugartean.

AURREKARIAK

2024ko apirilaren 26an, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen «El Haya 1 Parke Eolikoa eta El Haya 2 Parke Eolikoa eta ebakuazio-azpiegitura» izeneko proiektua eta bere ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Izapide horri dagokion iragarkia 2024ko maiatzaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (90. zenbakia) eta 2024ko maiatzaren 15eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (93. zenbakia) argitaratu zen. Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegazioak jaso zirela adierazi zuen organo substantiboak.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta espedientean jasota dago kontsultaren emaitza.

2024ko abenduaren 20an, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren eskabidea jaso zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, non eskatzen baitzen El Haya 1 Parke Eolikoa eta El Haya 2 Parke Eolikoa eta ebakuazio-azpiegitura proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko Balmasedako (Bizkaia) udal-mugartean.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu da:

– El Haya I eta El Haya II parke eolikoen aurreproiektuak. (Engineering R3D, 2023ko ekaina).

– El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen ingurumen-inpaktuaren azterketa. (ARC, Ingurumen Aholkularitza, 2024ko otsaila).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaren epea, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza (kontsultatu diren Administrazio publikoetako organismoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari dagokionez egindako oharrak).

Espedientean jasota dagoen dokumentazioa aztertu ondoren, egiaztatu da dokumentu horien artean, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzaren (Natura Ondarearen Zerbitzua) txostena dagoela, 2024ko abuztuaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluan aurreikusia.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, jarduketa osagarri bat egitea erabaki zen; zehazki, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Zentralari txosten bat eskatzea, egiaztatzeko foru-organoek Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluaren babesean emandako txostenak lotesleak diren organo honentzat, ingurumen-ebaluazioaren arloan dituen eskumenak baliatzean. Horrez gain, erabaki zen Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak El Haya 1 eta 2 parke eolikoen eta lotutako azpiegituren proiekturako egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera ebazteko epea etetea, aurreko apartatuan adierazitako txostena lortu bitartean.

2025eko martxoaren 12an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak dokumentu hau jaso zuen: «Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluan xedatutakoa betez emandako txostenek izaera loteslea izateari edo ez izateari buruzko lege-iritzia». Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez, amaitutzat eman ziren jarduketa osagarriak, eta erabaki zen etena kentzea Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen eta lotutako azpiegituren proiekturako egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera ebazteko epeari.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 87. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, erabaki zen sustatzaileari (Side Recovery Systems SLU) zazpi eguneko epea ematea Eusko Jaurlaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak 2025eko martxoaren 12an emandako txostenari buruz egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Ebazpen hori 2025eko apirilaren 4an jakinarazi zitzaion sustatzaileari.

Entzunaldi-izapide horren esparruan, Side Recovery Systems SLU sustatzaileak alegazioen idazki bat igorri zuen 2025eko apirilaren 12an, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzaren txostenaren edukiarekin lotuta, eta, beraz, organismo horretara helarazi ziren, baliozta zitzan. 2025eko maiatzaren 15ean, Bizkaiko Foru Aldundiak (Natura Ondarearen Zerbitzua) sustatzailearen alegazioen inguruko txostena igorri zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko oinarriak ezartzea, ingurumen-babesaren maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren eta legearen II. eranskinean zehaztuta dauden plan, programa eta proiektuak jarri behar dira dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren mende. El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen eta ebakuazio-azpiegituraren proiektua aipatutako arauaren II.D eranskineko D.3 taldeko 3.j epigrafean sartuta dago.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta aukera eman die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei prozeduran parte hartzeko.

Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planak honako hau dio 6. artikuluko 1. apartatuan, «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa» izenekoan:

«Baldin eta plan, programa edo proiektu batek zuzeneko edo zeharkako eragina izan badezake Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan edo ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoetan eta, bakarka edo beste batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezake espezie horien babesean eta haiek lehengoratzeko aukeretan, lurralde historiko bakoitzean Baterako Kudeaketa Plana aplikatzeko eskumena duen sailak txosten bat egingo du nahitaez, ebaluatzeko nolako eragina izango duen plan, programa edo proiektuak Kudeaketa Planaren helburuetan. Txostena loteslea izango da».

Horretarako, espedientean Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena dago jasota. Honako hau dio:

«Txosten hau Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritako nahitaezko txosten loteslea da (83/2015 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onesten duena), Balmasedako El Haya I eta El Haya II parke eolikoen proiektuari dagokionez».

«Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari dagokionez, Natura Ondarearen Zerbitzu honek jakinarazten du parke eolikoko aerosorgailuak sai zuriarentzat kritikoak diren hainbat eremuren inguruan kokatzeak zuzeneko eragin negatibo eta onartezina izango duela Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dagoen eta habitat-aldaketekiko kaltebera den espezie horretan. Beraz, inpaktu kritikotzat hartu behar da eragin hori, ezin daitekeena zuzendu obran zehar edo parke eolikoaren funtzionamendu-aldian zehar hartu litezkeen neurrien bidez, ez eta konpentsatu ere, konpentsazio-neurri alternatiboak ezarriz».

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du, organo horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Side Recovery Systems SLUk Balmasedako (Bizkaia) udal-mugartean sustatutako El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen eta lotutako azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren kontrako txostena ematea, jarraian egindako analisiaren arabera eta azaltzen diren alderdi eta arrazoiak direla kausa:

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta dago, eta oso-osorik Balmasedako udalerrian kokaturiko jarduketa hauek biltzen ditu:

– El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoak, bi dorre meteorologiko, sarbideak eta lurpeko erdi-tentsioko barne-azpiegitura elektrikoa (30 kV).

– Parke eoliko bakoitzetik sekzionamendu-zentrorainoko aireko eta lurpeko ebakuazio-linea, 30 kV-ekoa. Gutxi gorabehera lehenengo 1.000 m-ak lurpean egiten ditu, beste 175,5 m airean, eta sekzionamendu-zentrorainoko azken 12 m-ak lurrazpian.

– Sekzionamendu-zentroa, teleaginduz jardungo duena. Enpresa banatzailearekin partekatuko da, zeinak baimena eman duen sarera konektatzeko.

– Lurperatutako konexio-linea, 30 kV-ekoa eta 29 m-koa, sekzionamendu-zentrotik Balmasedako sarearekiko konexio-punturaino (3. linea – La Jara-Fabio Murga, 30 kV-ekoa).

1.– Proiektuaren kokapena eta deskribapena

Proiektuaren sustatzailea Side Recovery Systems SLU da.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da.

Proiektuaren helburua Balmasedako udal-mugartean bi parke eoliko (El Haya 1 Parke Eolikoa eta El Haya 2 Parke Eolikoa, guztira 14,6 MW-eko potentzia instalatuarekin) eta lotutako azpiegiturak abian jartzea da.

El Haya 1 parke eolikoak 4,35 MW-eko potentzia unitarioko bi errota ditu; El Haya 2 parke eolikoak, berriz, 2,95 MW-eko potentzia unitarioko bi errota ditu. Aerosorgailuak Balmasedako udalerriaren mendebaldean kokatuko lirateke, Burgosko probintziarekiko mugaren ondoan, NW-SE noranzkoan dauden gailurren segida batek osatutako lerroaren gainean lerrokadura bat osatuz. Gailur horiek SE eremuan lortzen dute gehieneko altitudea (Gueci eta Sabugal mendiak 657 eta 654 m-koak dira, hurrenez hurren). Aerosorgailuak dauden kota 610-640 m-ko garaieran dago, eta lau makinen arteko distantzia 545, 488 eta 519 m-koa da, hurrenez hurren.

Taula honetan, aerosorgailuen UTM koordenatuak daude zehaztuta:

(Ikus .PDF)

Sarbideez eta barne-bideez gain, lotutako azpiegiturak ere biltzen ditu proiektuak. Ebakuazio-azpiegitura berbera da bi parkeentzat: HY2-02 aerosorgailua H2 dorre meteorologikoarekin lotzen duen bidetik abiatzen da, eta Salinillas eremurantz jaisten. Eremu horretan sekzionamendu-zentroa eraikitzea dago aurreikusita, BI-636 errepidearen ondoan, eta hortik Balmasedako La Jara transformazio-azpiestazioko (30 kV) 3. lineara lotuko da (La Jara-Fabio Murga, 30 kV-ekoa), bertan eman baita konexio-puntua.

Laburbilduz, parke eolikoak honako osagai eta jarduketa hauek eskatzen ditu:

a) Aerosorgailuak.

Proposatutako aerosorgailu-ereduak hauek dira:

– El Haya 1 parke eolikoa: 4,35 MW-eko potentzia unitarioko, 119 m-ko abatz-altuerako eta 162 m-ko errotore-diametroko bi aerosorgailu, 79,2 m-ko luzera eta 19.000 m2 inguruko ekortze-azalera duten hiru palarekin.

– El Haya 2 parke eolikoa: 2,95 MW-eko potentzia unitarioko, 119 m-ko abatz-altuerako eta 162 m-ko errotore-diametroko bi errota, 79,2 m-ko luzera eta 19.000 m2 inguruko ekortze-azalera duten hiru palarekin.

b) Zimenduak eta muntatze-plataformak.

Aerosorgailu bakoitzaren zimenduak kono-enbor formako geometria du, 24 m-ko diametroa, eta oinarritik guztira 4 m-ko altuera.

Muntatze-plataformek aerosorgailuaren fabrikatzailearen gomendioekin bat datozen dimentsioak dituzte. Diseinuan, eta gauzagarria izanez gero betiere, jatorrizko lurraren kotaren gainean kokatzen da plataforma, gainazaleko uraren hustuketa bermatzeko. Aerosorgailua eraiki ondoren mantentzen den azalera bakarra da hori, aerosorgailuaren beraren azalerarekin batera.

Plataforma osagarri bat dago, 90 x 16 m-ko dimentsioak dituena, osagaiak muntatu eta bildu ahal izateko.

c) Neurketa-dorreak.

Bi estazio anemometriko daude aurreikusita, parke bakoitzeko bat, 119 m-ko altuerako metalezko dorre baten gainean muntatutako kalitate handiko sentsore meteorologikoekin hornituta.

Taula honetan, neurketa-dorreen UTM koordenatuak daude adierazita:

(Ikus .PDF)

d) Aldi baterako bilketa-gunea eta obra-kanpamentua.

Bilketa eta obra-kanpamentu partekatuko gune bat zehaztu da bi parkeetarako, 8,4 ha ingurukoa, HY2-02ren hegoaldean 700 m baino apur bat gehiagora kokatua. Gune horrek bat egiten du iraganean zabortegi-jarduera jasan zuelako lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten edo jasan dituzten kokalekuen inbentarioan sartuta dagoen lurzoru batekin (48090-00016 kodea).

e) Sarbideak eta barne-bideak.

Proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako deskribapenaren arabera, aerosorgailuetara «El Peñueco kalea» izeneko bidetik iristen da, zeina BI-636 errepidearen 34+310 KPtik 460 m ingurura dagoen, Balmasedako udalerrian.

Aerosorgailuen lerrorako eta erroten arteko komunikazio-bideetarako sarbide espezifikoek zabalera egokia izan behar dute, kamioiak eta garabiak joan-etorrian ibili ahal izateko. Ahal den neurrian, lehendik dauden bideak aprobetxatuko dira (5.223,89 m El Haya 1en kasuan, eta 5.708,96 m El Haya 2ren kasuan); 2.171,72 m bide berri sortuko dira El Haya 1en, eta 1.824,16 m bide berri El Haya 2n.

Bideak egokitu egin behar dira, parkea eraikitzeko fasean garabien pisuari eusteko eta garraioen etengabeko joan-etorriaren kariaz haien erresistentzia bermatzeko. Gutxienez 6 m-ko zabalera dute; neurketa-dorreetara jotzeko bidearen kasuan, gutxienez 4 m-koa. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, bidearen zabalera handitu egin daiteke, garraio berezien zabalgunea eta lurgaina kontuan hartuta.

Hala parkeko barne-bideak nola muntatze-plataformak jariatzeak drainatzen laguntzeko diseinatu dira.

f) Aireko eta lurpeko El Haya 1 eta El Haya 2 ebakuazio-linea.

Parkeak sortutako elektrizitatea 30 kV-eko lurpeko zirkuituen bidez eroaten da, aerosorgailuen konexio-bidearekiko paraleloan, HY1-02 eta HY2-01 lotzen dituen tartea izan ezik, horien artean ez baitago konexio-biderik.

Ebakuazio-linearen lehenengo tartea lurperatua da –pisten eta suebakien azpitik doa nagusiki–; HY2-02ren eta H2 neurketa-dorrearen artean kokatutako puntu batetik abiatzen da, eta 1.095 km inguruko luzera du. Zanga ireki ahal izateko, beharrezkoa da sasiak kentzea eta lurra induskatzea.

(X: 482719; Y: 4780787) puntuan kokatutako kutxatila batetik aurrera, airez igarotzen da 175,5 m-tan, eta ibai-sarea zeharkatzen du, 1. euskarritik (aireko eta lurpeko elkargunea) 2. euskarrira (aireko eta lurpeko elkargunea). Euskarriak jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremutik kanpo daude, eta saretazkoak dira, metalikoak, 30 kV-eko bi zirkuitu instalatzeko diseinatuak. Ondoren, lurpeko kanalizazio bat dago, 12 m-koa, 2. euskarritik sekzionamendu-zentro berriraino doana, aireko eta lurpeko elkargunearekin.

g) Sekzionamendu-zentro partekatu berria, lehendik dagoen sarearekin lotzeko lurpeko linea eta konexio-puntua.

Enpresa banatzailearekin partekatutako sekzionamendu-zentro berri bat eraikitzea aurreikusten da, fisikoki bereizita izango dituen bi barne-espaziorekin: bata, konpainiaren zatiari dagokiona; bestea, sustatzailearen zati partikularrari dagokiona.

Zentro horren zati partikularrera El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen 30 kV-eko ebakuazio-linea iristen da, eta konpainiaren gunetik lurpeko linea berri bat abiatzen da, 29 m-ko luzera duena, La Jara transformazio-azpiestazioko (30 kV) 3. lineara arte (La Jara-Fabio Murga, 30 kV-ekoa), non sarera konektatzeko puntua eman den.

h) Gauzatzeko epea.

Parke bakoitza 209 eguneko epean gauzatuko dela aurreikusten da.

2.– Proiektuaren inguruneko ingurumen-elementu esanguratsuak.

Eusko Jaurlaritzako garai hartako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» azterlanaren eta geoEuskadi atarian eskuragarri dagoen haren kartografiaren arabera, proposatutako aerosorgailuak horrelako azpiegiturak instalatzeari begira sentikortasun handikoak diren guneetan daude kokatuta, hegaztiak linea elektrikoen aurrean babesteko gune batean daudelako, eta kiropteroentzat lehentasunezko babeslekua den Balmasedako San Severino elizatik gertu. HAY1-01 aerosorgailua, nahiz eta sentikortasun handiko gune batean egon, horrelako azpiegiturak instalatzeari dagokionez sentikortasun goreneko gune batetik oso hurbil dago.

2.1.– Biodibertsitatea: fauna eta flora.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (IIA) 2022ko azarotik 2023ko abendura bitartean abifaunari dagokionez egindako azterketa bat biltzen du, eta aerosorgailuen eremuan urteko ziklo batean zehar begiztatutako hegaztiei buruzko datuak ematen ditu. Aldi horretan, 86 espezie desberdinetako 3.678 abifauna-banako behatu dira guztira proiektuaren ingurunean. Azterketak aberastasun espezifikoaren 10,35 balioa kalkulatu du Margalef indizetik abiatuta. Balio horrek oso biodibertsitate-balio handia duten komunitateak adierazten ditu. Shannon-Wiener-en biodibertsitate-indizea ere kalkulatu da, eta 3,24 nits/ind-eko dibertsitatea lortu da, dibertsitate ertain-handiaren erakusle.

Behaketa-puntuen kopurua eta banaketa aldatu egin dira azterketan zehar; hala, hasieran 20 minutuko asteroko bisitak zeuzkaten 6 puntu izatetik, 2023ko apiriletik aurrera astean 1,5 bisita jasotzen zituzten 9 puntu izatera igaro zen. 9 puntu horietatik, P01 soilik dago lerrokaduraren inguru hurbilean, HY1-01 aerosorgailuaren hegoaldean, 246 m-ra; alabaina, 2023ko apiriletik aurrera, aerosorgailu horren hego-mendebaldean kokatu da, 732 m-ra. Gainerako behaketa-puntuak urrun daude 2023ko apiriletik aurrera, lerrokaduratik 1 eta 5 km arteko distantziara: P02 HY1-01en iparraldean, 1,1 km-ra; P03 HY1-02ren ipar-ekialdean, 1,24 km-ra; P04 HY2-02tik 745 m-ra; P05 HY2-02ren iparraldean, 2,6 km-ra; P06 HY2-02ren ipar-ekialdean, 2,36 km-ra; P07 HY2-02ren hego-ekialdean, 1,37 km-ra; P08 HY1-02ren ipar-ekialdean, 5,42 km-ra, eta P09 HY2-02ren ipar-ekialdean, 4,8 km-ra.

Espezie ugarienen artean, sai arrea (Gyps fulvus) dago, 831 erregistrorekin. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (aurrerantzean, EMEK), interes bereziko espezietzat jotzen da, eta Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Estatuko Zerrendan (aurrerantzean, LESRPE) sartuta dago. Hegaldi-kontzentraziorik handienak HY1-01 aerosorgailuaren ingurunean eta HY2-02 aerosorgailuaren hego-mendebaldean daude. Azterketak adierazitakoaren arabera, 831 aldiz begiztatu den arren, kalkulatutako arrisku-tasa % 18,31koa da, haren jarduera nagusia zikleo-hegaldiak direlako, aerosorgailuen gainetik dauden altueretan. Hala ere, aurrerago hauxe adierazten da gune orokorraren erabilera orokorraren balorazioan: «aire-espazioa arrisku-altueran erabiltzeari dagokionez, berriro ere kontzentrazio handiko bi foku errepikatzen dira aztergai den eremuaren hegoaldean, batik bat sai arrea dela-eta».

Miru gorria (Milvus milvus) 33 aldiz begiztatu da. Galzoriko espeziea da EMEKen eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (aurrerantzean, EMESPK). Kontzentrazio handieneko Kernel eremuak bat datoz lerrokaduratik urrun dauden behaketa-puntuekin. Kasu honetan, azpimarratzekoa da talka-arriskua duten altuerako hegaldien tasa % 33,33koa dela eta 33 begiztatze egin direla. Jarraian, miru beltza (Milvus migrans) dago, LESRPEn jasoa, % 29,17ko arrisku-tasarekin eta 24 begiztatzerekin.

Sai zuriaren (Neophron percnopterus) 6 begiztatze bakarrik kontabilizatu dira. Azterketak hiru gune desberdinetan kokatzen ditu sai zuriaren kasuan erregistratutako arrisku-altuerako hegaldiak. Guztietan nagusia, >% 80ko kontzentrazioak dituena, azterketa-eremuaren mendebaldean dago, HY1-01 aerosorgailuaren iparraldera 1 km-tik gorako distantziara. Bigarren fokua aerosorgailuen ezarpen-eremuaren iparraldean dago, 4 km baino gehiagora. Kasu horretan ere, lerrokaduratik urrun dauden behaketa-puntuetan erregistratu dira kontzentraziorik handienak. Azkenik, hirugarren fokua HY2-02 aerosorgailuaren hegoalderantz dago, 1,5 km-ra.

Arrano txikiak, bestalde –zeina LESRPEn sartuta dagoen eta arraroa den EMEKen arabera–, % 33,33ko tasa du. Nolanahi ere, urteko ziklo batean hiru aldiz baino ez da ikusi; horregatik, talka-arrisku erreala minimoa dela adierazten du azterketak.

Azterketak arrisku-altueran dagoen aire-espazioaren erabileraren balorazio orokorra egiten du, eta honako hau adierazten du: «Aztertutako eremuaren barruan, hegaldi-kontzentraziorik handienak hegoaldean gertatzen direla ikusten da, eta iparraldean foku txiki bat dagoela. Kontzentrazio nagusiak (>% 80) sai arrearenak dira batez ere, eta nagusiki bi gunetan daude fokalizatuta: haietako handiena HY1-01 aerosorgailuaren inguruan dago –eta, hain zuzen ere, gune hori da azterketa-eremu osoan kontzentrazio handiena duena–; kontzentrazio handiena duen bigarren fokua, berriz, HY2-02 aerosorgailuaren hegoaldera dago».

Abifaunarentzako balorazio global gisa, proiektuak fauna-talde horri sortu ahal izango dizkion inpaktu potentzialen analisia egin ondoren, azterketak ondorioztatzen du El Haya I eta El Haya II parke eolikoen proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik.

IIAk adierazten duenez, abifaunarentzako intereseko guneei buruzko datuak ere hartu ziren landa-jardunaldietan, proiektuaren 2 km-ko erradioan, eta ez da identifikatu abifaunaren habiak egiteko eremurik, etzalekurik nahiz pausalekurik, ez eta kiropteroen presentzia duen eraikinik ere. Protokoloek ezartzen dutenez, abifauna aztertzeko erradioak 25 km-koa izan behar luke nekrofagoentzat; 5 eta 15 km artekoa arrano handientzat, hegazti urtarrentzat eta beste planeatzaile batzuentzat; eta 5 eta 10 km artekoa kiropteroentzat.

Abifaunarentzat interesekoak diren eremuei dagokienez, kontuan hartu behar da, halaber, IIAk adierazten duen bezala, kokalekutik hurbilen dauden Natura 2000 Sareko guneen artean Ordunte KBEa (ES2130002) dagoela, parke eolikotik 1 km-ra gutxi gorabehera. Guneko funtsezko elementuen artean, hegazti harkaiztarrak daude. Armañón parke natural eta KBEak (ES2130001), 7 km-ra dagoenak, hegazti harkaiztarrak ere baditu bere funtsezko elementuen artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko leku garrantzitsuenetako bat da kiropteroentzat. IIAk, bestalde, honako hauek ere aipatzen ditu: Kostaldeko Ekialdeko Mendia IBA, 5,70 km-ra, zeinak «sai zuria (Neophron percnopterus) hartzen duen hazkuntza-garaian, eta sai arrea (Gyps fulvus) modu iraunkorrean», eta Soba-Castro Valnera-Ordunte IBA, 9 km-ra, zeinak «sai zuriaren (Neophron percnopterus) bikote habiagile batzuk hartzen dituen, eta horrek kontserbazio-balio handia ematen dio leku honi». Aipatutako guneetan, beraz, hegaztiek habiak egiteko lurraldeak eta etzalekuak daude, baita kiroptero mehatxatuen babeslekuak ere.

Datu horiekin bat etorriz, parke eolikoa proiektatzen den sektorea 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan sartuta dago. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen.

Batasunaren Interesekoak diren EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planak (Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsia) bere I. eranskinean deskribatutako hegaztiei egiten die bereziki erreferentzia: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea edo sai arrunta (Gyps fulvus).

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak espedienteari erantsitako txostenetan adierazten duen bezala, Natura Ondarearen Zerbitzuak, duela 25 urtetik hona, jarraipen zehatza egiten du, urtero, Bizkaiko sai zurien populazioari, habia egiteko lekuei eta etzalekuei dagokienez, eta, beraz, haien eremu kritikoei eta babes-perimetroei dagokienez. Horren inguruan urtero egiten diren txostenak erabakigarriak dira Enkarterrik espeziea kontserbatzeari begira duen garrantzia ikusarazteko. Organismo horrek emandako datuen arabera, sai zurien populazio-gune handi bat dago oraindik ere Enkarterriko eskualdean, Europari dagokionez espeziearen dentsitate handienetako batekin. Enkarterriko hamar bikoteak EAEko populazioaren bostena dira, eta, ale kopuruari dagokionez, Kantauriko erlaitzeko etzalekurik handiena dago eskualde horretan. Bizkaiko Foru Aldundiak bere txostenean emandako datuen arabera, planteatutako lau aerosorgailuak eta beren sarbide-bideak espeziearentzat kritikoak diren guneetatik 1 km baino gutxiagora daude kokatuta. Parke eolikoaren inguruan, gainera, interes bereziko hiru eremu daude, eta nekrofagoen elikadurarako hainbat babes-eremu:

– ES2130002 Ordunte, HY1-01 aerosorgailuaren mendebaldean, 1 km baino apur bat gehiagora.

– ES2130001 Armañón, aerosorgailuen ipar-mendebaldean, 7 km ingurura.

– Meatzaldea, aerosorgailuen ekialdean, 12 km baino zertxobait gehiagora.

Txostenak, bestalde, adierazten du Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean jasotakoaren arabera (12.4 artikulua), hegaztiek aerosorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskua saihesteko, ahal dela ez da instalatuko zentral eolikorik Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoentzako interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzarentzat edota sai zuriarentzat kritikoak diren eremuen inguruko 10 km-ko erradioan.

Kiropteroei dagokienez, zortzi hilabetez aztertu ondoren, esan daiteke guztizko 7.196 deiak erregistroen batez besteko baliotzat hartu daitezkeela, batik bat Pipistrellus pipistrellus eta Pipistrellus kuhlii espezieek ordezkatuta, biak ala biak Estatuan zerrendatuta daudela. IIAk adierazten duenez, dei kopuruak ez du erakusten fauna-talde hori benetan ugaria denik aztergai den eremuan, baina, edonola ere, El Haya I eta El Haya II parke eolikoen inguruan haien aberastasuna urria dela islatzen du. Kiropteroetarako balorazio global gisa, proiektuak fauna-talde horri eragin ahal izango lizkiokeen inpaktuak aztertu ondoren, El Haya I eta El Haya II parke eolikoen proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste da.

Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatua, onesteke dagoena) dokumentu teknikoarekin bat etorriz, HY2-02 aerosorgailuaren ekialdera 2,5 km ingurura, Balmasedako San Severino elizaren lehentasunezko babeslekua dago, non Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus euryale eta Myotis emarginatus espezieak dauden, hirurak Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (EMEK) sartuta daudela. Azpimarratzekoa da Rhinolophus euryale espeziea galzorian dagoela, eta, aipatutako planaren arabera, espezie horren hiru ugaltze-kolonia soilik ezagutzen direla gaur egun EAEn, eta horietatik bi Enkarterrin daudela. Balmasedako San Severino eliza espezie horiek hazteko babesleku gisa identifikatu da.

Egindako laginketatik lortutako informazioaren arabera, ondorioztatu da Pipistrellus pipistrellus, Pipistrellus kuhlii, Nyctalus leisleri eta Eptesicus serotinus (interes bereziko) espezieak direla proiektatutako parke eolikoak ezartzearen ondorioz inpaktu-arrisku handiena dutenak, eta ekainean detektatu da kiroptero-jarduera handiena.

Bestalde, proiektatutako sarbidearen hainbat zati, bai eta aireko linearen zati bat ere, bat datoz bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremua (IBE) osatzen duten errekekin, espezie horren Bizkaiko Kudeaketa Planean xedatutakoaren arabera. Espezie hori «galzorian» dagoen espezie gisa katalogatuta dago EMEKen eta EMESPKen.

Intereseko landare-formazioei dagokienez, sustatzaileak emandako datuen arabera, sarbideen eta ebakuazio-linearen (lurpeko zatia) egokitzapenek etengabeko eragina izango dute 1.056 m2-tan, eta aldi baterako eragina 6.599 m2-tan, «Ulex, sp espezieak menderatutako txilardi atlantikoa» 4030 Batasunaren intereseko habitatean (BIH). Era berean, sarbidea hasierako zatian egokitzean, 127 m2-tan eragin iraunkorra eta 375 m2-tan aldi baterako eragina aurreikusten dira «Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieen harizti iberiarrak» 9240 BIHan. Gailur-lerroaren iparraldeko aldean, baso misto atlantikoa eta aerosorgailuak kokatuko diren gailur-eremuak nagusitzen dira; gailur-lerroaren hegoaldean, berriz, espezie aloktonoen baso-ustiapenak dira nagusi, eta pista, suebaki nahiz matarrasa-mozketa ugari daude.

Katalogatutako florari dagokionez, gorosti-ale bat bakarrik identifikatu da, HAYA 1 neurketa-dorrearen iparraldean.

2.2.– Gune babestuak, igarobide ekologikoak eta natura-intereseko beste gune batzuk.

Bi parke eolikoak eta haiei lotutako azpiegiturak EAEko naturagune babestuen saretik kanpo daude kokatuta. Kokalekutik hurbilen dauden naturagune babestuak honako hauek dira:

– Mena Haraneko Basoak KBEa (ES4120049), hego-mendebaldean, 715 m-ra.

– Ordunte KBEa (ES2130002), zeina, aldi berean, EAEko azpiegitura berdearen sareko biodibertsitatearen erreserba den, ipar-mendebaldean 1 km-ra.

– Armañón KBEa (ES2130001), zeina, aldi berean, EAEko azpiegitura berdearen sareko parke naturala eta biodibertsitatearen erreserba den. Ipar-mendebaldean dago, 7 km ingurura.

LAGetan definitutako EAEko azpiegitura berdeari dagokionez, El Haya 1 parke eolikoko bi aerosorgailuak eta parke horretako dorre meteorologikoa nahiz lotutako instalazioak (kanalizazioak, barne-bidea) Ordunteko Mendiak funtzio anitzeko natura-intereseko eremuan daude. Era berean, EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearen azterlanaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2005), gailur-lerroko Kolitza mendia eta Los Tueros mendiaren iparraldeko aldea lotura-eremu dira Ordunteko Mendien eta iparraldean nahiz hegoaldean kokatutako beste naturagune batzuen artean. «El Haya 2»ko dorre meteorologikoa eta ebakuazio-linearen azken tartea aipatutako Igarobideen Sareko «Gorbeia - Arkamu-Gibillo-Arrastaria – Ordunte» eskualde-garrantzia duen lotura-igarobidean daude, espezie autoktonoen baso-masak konifero-sailekin tartekatuta dauzkatelako.

2.3.– Geomorfologia eta paisaia.

Paisaiari dagokionez, proiektuaren eremua bat dator Balmaseda-Zallako (Enkarterri) Lurralde Plan Partzialeko (LPP) Paisaia-interes Bereziko Eremu (PIBE) hauekin:

– Hirigunea:

Cadagua bailararen hondoa. Bat dator sarbidearekin.

– Balio naturala duten eremuak:

Pandozales hariztia. Bat dator aerosorgailuekin eta barne-bideetako batzuekin eta haien arteko konexio-lerroarekin.

2.4.– Hidrologia eta hidrogeologia.

Hidrologiari dagokionez, aztergai den eremua Cadagua ibaiaren Unitate Hidrologikoaren esparruan dago. Emandako informazioaren arabera, parkerako sarbideek zazpi erreka zeharkatzen dituzte mazela ertaineko eremuetan, eta ebakuazio-linea elektrikoak erreka bat zeharkatzen du. Ur-ibilgu horiek guztiak Cadagua ibaira iristen dira, eta bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremutzat jotzen dira. Espezie hori «Galzoriko espezie» gisa dago katalogatuta. Sarbideei dagokienez, lehendik dauden bideak aprobetxatuko dira ur-ibilguak zeharkatzeko.

Bestalde, interes hidrogeologikoa duten zenbait eremu identifikatu dira jarduketa-eremuan, alubioi-kolubial deposituekin lotuta, porositateagatiko iragazkortasun handia eta lurpeko uren kutsadurarekiko kalteberatasun «ertaina» dutela.

Eremuaren ezaugarri hidrogeologikoak direla-eta, ur-puntu ugari daude; kasu gehienetan, ibai-sareari lotuta. Dena den, indusketak edo lur-mugimenduak egitea aurreikusten den eremutik urrun samar daudenez, hasiera batean ez dirudi horietan eraginik izango denik.

2.5.– Kultura-ondarea.

Kultura-ondareari dagokionez, eremuko ondare arkeologikoaren azterketa bat egin da, informazio historikoa zein prospekzio arkeologikoaren bidezkoa bilduz. Ez da identifikatu ondare arkeologikoko ondasunak daudela edo lurpeko egiturak azaleratu direla pentsarazten duen elementurik.

3.– Jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako Administrazio publikoei nahiz pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzen laburpena.

Ebazpen honen I. eranskinean, jendaurreko informazioaren izapideen eta ukitutako Administrazio publikoei nahiz pertsona interesdunei 2024ko apirilean hasitako kontsulten emaitza laburbiltzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Espedientean, sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkeztutako dokumentuak daude jasota, baita ukitutako Administrazio publikoen txostenak nola hartu diren kontuan deskribatzen duten dokumentuak ere.

Espedienteari erantsitako txosten batzuen arabera, ingurumenaren ikuspegitik bateraezinak dira El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoen proiektua eta ebakuazio-eremuko linea elektrikoa, gune horretan handia delako sai zuriaren lurraldeen dentsitatea –espezie hori kaltebera da EMEKen eta EMESPKren arabera– eta beste espezie batzuen fluxu handia dagoelako; espezie horietako batzuk ere galzorian daude katalogatuta (miru gorria), edo interes berezikotzat jotzen dira (miru beltza, sai arrea, etab.), eta haien kontserbazio-egoera arriskuan jar daiteke parke eolikoa instalatuz gero. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak bere txostenean adierazten duenez, abifaunaren eta kiropteroen azterlanetan emandako informazioarekin «ezin da ziurtatu El Haya I eta El Haya II parke eolikoek ez dutenik eragin nabarmenik sortuko Armañón KBEan eta Ordunte KBEan funtsezko elementuak diren espezieetan».

Jasotako txostenen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren nahitaezko txosten loteslea ere badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluari dagokiona. Hona hemen txosten horren argudio eta ondorio nagusiak:

Txosten hau Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritako nahitaezko txosten loteslea da (83/2015 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onesten duena), Balmasedako El Haya I eta II parke eolikoen proiektuari dagokionez.

Neophron percnopterus espeziearen kontserbazio-egoera ez da ona. Espeziearen banaketa-eremua murrizten ari da Europan, eta hainbat herrialdetan desagertu ere egin da. Europar Batasuneko estatu kideetako populazioak gainbeheran daude, edo, kasurik onenean, egonkor, eta ezin da ziurtatu espeziearen populazio-dinamika negatiboa etorkizunean alderantzikatu egingo denik.

Enkarterriko sai zuriaren etzalekua espeziearen etzaleku komunal nagusietako bat da. Kantauriko erlaitzeko etzaleku garrantzitsuena izango da seguruenik, eta Europako garrantzitsuenetako bat.

El Haya I eta II parke eolikoak sari zuria kontserbatzeko eremu kritiko batetik edo batzuetatik 10 km baino gutxiagora kokatuko lirateke, eta eremu hori iberiar penintsulako garrantzi eta dentsitate handienetakoa da sai zuriarentzat, aipatutako etzaleku handia barne dela; beraz, espeziea kontserbatzeari begira garrantzi handia du nazioartean. Kokapen horrek kalte larria eragingo lioke Neophron percnopterus espezieari; hortaz, ondoriozta daiteke oso litekeena dela espeziearen kontserbazio-egoerak okerrera egitea, habia egiteko lekuak uztearen eta lurraldeak galtzearen ondorioz txikitu egingo litzatekeelako haren banaketa naturalaren eremua.

Txosten honetan aipatzen diren parke eolikoen kokapenak argi eta garbi talka egiten du Eusko Jaurlaritzak aldeztutako eta Bizkaian Bizkaiko Foru Aldundiaren foru-dekretu bidez onetsitako Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planarekin (Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onesten duena).

Sari zuria kalteberatzat deklaratuta dago Espainiako Estatuan eta EAEn, eta bere populazio-joera gainbeheran dago Europan. Enkarterri, baina, oinarrizko zutabeetako bat da haren populazioari eusteko, eta, horrenbestez, horrekin bateraezina da El Haya I eta II parke eolikoak Enkarterrin kokatzea; hots, sai zuriaren biziraupenerako eta ugalketarako EAEko onena eta Europar Batasuneko onenetakoa den habitataren barruan.

El Haya 1 eta 2 parke eolikoak Enkarterrin instalatzeak –«sai zuriarentzat benetako santutegia» den eskualdean, alegia– eragin zuzen eta onartezina izango luke Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dagoen eta habitat-aldaketekiko kaltebera den espezie horrentzat. Eragin horrek inpaktu kritikoa izango luke espeziearentzat, ezin zuzenduzkoa obran zehar edo parke eolikoaren funtzionamendu-aldian ezar litezkeen neurrien bidez, eta konpentsazio-neurri alternatiboen bidez konpentsaezina.

Espezie mehatxatuak kudeatzeko eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak, nahitaezko txosten lotesle honen bidez, EAEn Industriaren arloan eskumena duen organoari jakinarazten dio biodibertsitatea zaintzea ez dela bateragarria Enkarterriko Balmaseda udalerrian El Haya I eta II parke eolikoen proiektuaren aurreko administrazio-baimena ematearekin, parke eoliko horiek eraikitzeak eta funtzionamenduan jartzeak ez baitute bermatzen ingurumena babesteko baldintzak behar bezala beteko direnik (24/2013 Legearen 53.4.b artikulua). Izan ere, «proiektu horrek kalte onartezinak eragingo lizkioke Neophron percnopterus espezieari, daukan mehatxu-mailarekin, eta, beraz, ez da bateragarria sai zuria babestearekin, modu nabarmenean okerrera egingo lukeelako Europar Batasunean duen kontserbazio-egoerak».

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia Industria Administrazioaren Bizkaiko Ordezkaritzari eta Side Recovery Systems, SLU sustatzaileari jakinaraztea.

Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, baina horrek ez dituela baztertzen proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean egoki diren errekurtsoak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

ERANSKINA
Jendaurreko informazioaren eta ukitutako Administrazio publikoei nahiz pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza
(Ikus .PDF)

Jendaurreko informazio- eta kontsulta-aldietan, kontsultei erantzuteko 13 txosten jaso dira, bai eta partikularren hainbat alegazio ere.


Azterketa dokumentala