
151. zk., 2025eko abuztuaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (541 KB - 77 orri.)
- EPUB (202 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3513
1/2025 FORU ARAUA, maiatzaren 9koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onestekoa.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «1/2025 Foru Araua, maiatzaren 9koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onestekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2025eko maiatzaren 9a.
Gipuzkoako diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAŃAGA.
HITZAURREA
Legegintzaldia hasi zenean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 2023ko irailaren 20ko osoko bilkuran, honako hau erabaki zuten aho batez: Foru Gobernuari eskatzea 2014an eta 2018an egindako zerga erreformen ebaluazioa amaitu dezala, ebaluazio hori Zergen Koordinaziorako Organoarekin eta hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusiekin partekatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu dezala ebaluazio hori, eta egoki irizten diren aldaketak egin ditzala gure fiskalitatearen izaera justu, progresibo, ekitatibo eta solidarioa ziurtatzeko, betiere, zerbitzu publikoak indartzea, ekintzailetzari, PYMEei eta kalitatezko enplegua sortzen duen ekonomiari laguntzea, eta gizarte desberdintasunak eta aztarna ekologikoa murrizteko baldintzak sortzea helburu jarrita, atzean inor utzi gabe.
Ebaluazioa aurkeztu ondoren, 2023ko azaroaren 7an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak erreforma fiskalari buruzko ponentzia bat sortzea erabaki zuen. Ponentziaren lanak 2024ko lehen partean egin ziren, 60tik gora adituk, gizarte eragilek eta hainbat erakundek hartu ahal izan dute parte lan horietan, eta 1.000 proposamen zehatz baino gehiago aurkeztu dira.
Ponentziaren lanen ondorioz, 2024ko uztailaren 15ean, babes handiarekin gainera, onespena eman zitzaion Ondorioen Txostenari, non Lurralde Historikoak dituen erronka nagusiak identifikatzeaz gain, garatu beharreko zerga erreformaren ildo nagusiak ere zehazten baitira. Ondorio horiek partekatuak izan dira, Euskadiko Zergen Koordinaziorako Organoaren bidez, Araba eta Bizkaiko lurralde historikoekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta foru arau aurreproiektu honen abiapuntua izan dira.
Ponentziari esker, identifikatu ahal izan da zeintzuk diren Gipuzkoak dituen erronkak eta beharrak: kontziliazio eta berdintasun neurriak bultzatzea gizarte justuagoa eta zainketetan kezkatuagoa egituratzeko; etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egitea, gazteenen kasuan bereziki; erronka demografikoak eta biztanleriaren zahartzeak dakartzaten zailtasunei aurre egiteko politikak artikulatzea; fiskalitate berdearekin lotutako neurriak ezartzea larrialdi klimatikoari aurre egiteak beharrezkoa duen trantsizio energetikoa bultzatzeko; edo zerga sistema erreformatzea, sistema fiskalaren progresibitatea eta produkzio sarearen bultzada uztartzeko.
Erronka eta premia horiek ez dira Gipuzkoarenak bakarrik, Euskadi osoarenak baizik, eta herrialdeko eremu instituzional guztien arreta behar dute. Hori dela eta, modu koordinatuan egin da lana, identifikatutako erronka eta behar horiei eman beharreko erantzun normatiboa zerga politikatik artikulatzeko.
Foru arau hori aurreko lan horien emaitza da, eta bi titulutan banatzen da: lehenengoak 6 kapitulu eta 17 artikulu ditu, denak ere zerga erreformari eskainiak. II. titulua 8 artikuluz osatuta dago eta zerga arloko beste neurri batzuei buruz ari da. Bertan era askotako aldaketa jasotzen dira, urte bakoitzean onesten diren foru arau tributarioek ezartzen dutenaren ildotik.
I. tituluari dagokionez, kapitulu bakoitzean, identifikatutako erronka nagusiak jorratzen dira 6 bloketan bilduta, eta lurralde historikoek arautu ditzaketen zerga figuretan eragiten duten neurriak jasotzen dira bertan.
Lehen kapituluak familiarekin, berdintasunarekin, kontziliazioarekin, emakumearekin eta gazteekin lotutako erronkei aurre egiteko neurriak biltzen ditu. Bigarren kapituluan, etxebizitzaren eskurapenarekin zerikusia duten neurriak proposatzen dira. Hirugarrenean heltzen zaie borondatezko gizarte aurreikuspenaren erreforma helburu dutenei. Laugarrenean, fiskalitate berdearekin lotutako neurriak artikulatzen dira. Bosgarrenean, progresibitatea indartzeko neurriak sartzen dira, eta, azkenik, seigarrenean, produkzio sarea babestu eta bultzatzeko neurriak jorratzen dira.
I. kapituluan, «Familia, Berdintasuna, Kontziliazioa, Emakumea eta Gazteria» izenekoan, nobedade nagusiak dira familia unitatearen kontzeptua aldatzen dela; diskriminazio positiboko neurriak sartzen direla emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko; kenkari berriak sortzen direla bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko; eta araubide berezi berri bat ezartzen dela gazteei laguntzeko, hori guztia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren barruan.
Familia unitatearen kontzeptu berria errealitate eta premia sozial berrietara egokitzen da, eta ikusgarritasun eta protagonismo handiagoa ematen die guraso bakarreko familiei, haien tratamendu fiskala bi gurasok osatutako familiarenarekin berdintzen baita. Gainera, beste familia unitate mota bat sortzen da, etxeko indarkeriaren eta genero indarkeriaren biktima direnak gehiago babesteko.
Emakumeei zuzendutako diskriminazio positiboko neurriei dagokienez, nabarmendu behar da proposatutako neurriek emakumeak arlo ekonomikoan duen presentzia indartzea dutela helburu. Hala, jarduera ekonomikoen etekin garbia kalkulatzean, emakume ekintzaileei 100eko 15era igotzen zaie aplika dezaketen murrizketa. Ildo horri jarraituz, eta emakumeek enpresa proiektu berrietan duten presentzia inbertitzailea indartzeko asmoz, haientzat 5 puntu portzentual igotzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru arauaren 89 bis eta 89 ter artikuluetan izaera orokorrez aurreikusita dauden kenkarien portzentajeak, Nabarmendu behar da pizgarri horietan emakumeen aldeko diskriminazio positiboa sartzeak jarraipena ematen diola 2016an Gipuzkoako Lurralde Historikoan hasitako bideari, langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeari dagokionez, ahaztu gabe diskriminazio hori entitateak eratzeko kasuetarako ere zabaldu zela geroago.
Bestalde, hiru kenkari berri sortzen dira bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea errazteko. Lehenengoa adingabeak eta desgaitasun edo mendekotasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik aplikatzen da, eta familiaren barruan zainketei ematen zaien babes publikoa aitortu eta indartzea du helburu. Bigarren kenkariak lana eta familia uztartzea eta zainketetan erantzunkidetasuna bultzatzea du xede. Hirugarren kenkaria berritzaileagoa da, adingabeak zaindu ondoren emakumea lan merkatura itzultzeagatik aplikatzen da, eta haren xedea da pizgarri bat sortzea adingabeak zaintzeari begira lan ibilbidea beren borondatez etetea erabakitzen duten emakumeak lan merkatura itzuli daitezen zaintzako lehen urteak behin igaro ondoren. Azkenik, beste kenkari bat sortzen da diru-sarrera gutxi dituzten alargunei zuzendua.
Kapitulu honek ere araubide berezi bat jasotzen du 36 urtetik beherakoentzat, eta haren helburua da gazteei laguntzea kenkari nagusiak gal ez ditzaten. Horrekin, babes gehiago eman nahi zaie gazteei, bai eta ahalbidetu ere beren kuota osoa nahikoa ez izateagatik kenkari jakin batzuk aplikatu ezin izan dituztenean hurrengo 5 zergaldietan aplikatzeko aukera izan dezatela. Esandako neurri hau ondorengo ahaideengatik eta ohiko etxebizitza eskuratzeagatik araututako kenkariei aplikatzen zaie.
Orobat, araubide bera zabaltzen da ohiko etxebizitza errenta hartzeagatik zergadun orok aplika dezakeen kenkarira, kenkari hori gal ez dadin.
I. kapituluan aurreikusitako neurri nagusiekin amaitzeko, bereziki aipatzekoa da sozietateen gaineko zergan sartzen den kenkari berria, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriak ezartzeagatik aplikatuko dena. Neurriaren helburua da entitate enplegatzaileak inplikatzea enplegatuen kontziliazioa erraz dezaten, eta, horretarako, fiskalki laguntzen zaie lege esparruan ezarrita dauden nahitaezko gutxienekoetatik harago doazen kontziliazio neurriak ezartzen dituzten entitateei.
Foru arauaren II. kapituluan etxebizitzaren erronkari heltzen zaio, bai errentamenduaren ikuspegitik, bai erosketaren ikuspegitik, eta bertan jasotzen diren neurriek gazteei irmoki laguntzea dute helburu, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituen kolektiboetako bat den aldetik. Era berean, babesa indartzen da genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktima diren pertsonentzat.
Etxebizitza errentamendu erregimenaren bidez eskuratzea errazteko, erregulazioa ezartzen da bi ikuspuntu kontuan hartuta: errentatzailearena eta errentariarena.
Errentatzailearenarekin hasita, sartzen diren aldaketen helburua da hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatura iristeko bideak sustatzea, errentarien etxebizitza premia handiari erantzuteko. Horretarako, 100eko 30era igotzen da hobari orokorra, eta hiru kasutan 100eko 70eko hobari gehitua ezartzen da: etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren «Bizigune» programaren esparruan errentan emateko jartzen direnean; errentan emandako etxebizitzak bizitegi merkatuko eremu tentsionatu izendatutako zonetan daudenean eta haien alokairuaren errenta erreferentziazko indizeei dagozkien zenbatekoek mugatzen dutenean; eta errentan emandako etxebizitzak eremu ez-tentsionatuetan egonik haien alokairuaren errenta erreferentziazko indizeen edo bitartekaritza publikoko prezioen arabera ezartzen denean. Ohiko etxebizitzaren alokairu egonkorrera bideratutako etxebizitza horiek babesteko eskema osatzeko, kenkari bat ezartzen da errentan emandako etxebizitza birgaitzeko jarduketa babestuak egiteagatik.
Errentariaren ikuspegitik, kenkariaren portzentajea eta haren gehieneko zenbatekoa handitzen dira premia gehien duten kolektiboen kasuan, eta kolektibo horiek dira familia ugariak, guraso bakarreko familiak, gazteak, desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonak eta etxeko indarkeriaren eta genero indarkeriaren biktimak.
Ohiko etxebizitzaren eskurapenari dagokionez, hainbat neurri ezartzen dira ohiko etxebizitzaren erosketan laguntzeko, gazteengan arreta berezia jarriz.
36 urtetik beherako pertsonen kasuan, 10 urtera arte luzatzen da etxebizitza kontuetan gordailututako zenbatekoak erabiltzeko epea, eta kenkariaren portzentajea eta zenbatekoa igo egiten dira. Gainera, I. kapituluan aurreikusitako araubide bereziaren elementu erantsi gisa, desagertzen da kenkariak eskurapenaren urterako zeukan gehieneko muga. Kolektibo horri etxebizitza arloan laguntzeko eskema osatze aldera, ezartzen da 30.000 euroko edo hortik beherako dohaintzek murriztapen bat izango dutela oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren zerga oinarrian, eta horren helburua da gazteek senideen laguntza ekonomikoarekin eskuratu ahal izatea ohiko etxebizitza, dohaintza jasotzen duenarentzat eragin tributariorik izan gabe.
Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga ere aldatzen da 100eko 2,5eko tasa murriztuaren aplikazioa malgutzeko; izan ere, orain posible egiten da tasa murriztu hori behin baino gehiagotan aplikatzea, betiere baldin eta eskuratzaileak ez badu jabetzan beste etxebizitza bat aurrez erositako etxebizitza kokatuta dagoen udalerri berean edo, bertan beste etxebizitza bat edukita ere, hura eskualdatzen badu berria erosi denetik hasi eta bi urteko epean.
Azkenik, ohiko etxebizitza eskuratzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, eta ohiko etxebizitza alokatzeak dakarren kenkarian bezala, ahalmen ekonomikoari buruzko atalase bat ezartzen da, zeinetik aurrera zergadunak ezingo baititu kenkari horiek baliatu.
III. kapituluan, borondatezko gizarte aurreikuspenaren fiskalitatearen erreforma esanguratsu bati heltzen zaio. Neurriek eragina dute bai ekarpenaren unean, enpleguko borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak (BGAEak) indartzen direlako, bai prestazioa jasotzeko unean, errenta moduan jasotzen diren prestazioen fiskalitatea hobetzen delako. Hori guztia prestazioak pentsio publikoen benetako osagarri bat izan daitezen.
Aldaketek enpleguko borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen tradizioa indartzea dute helburu, ezarpen handia baitute lurraldean, baina beharrezkotzat jotzen da tradizio hori bultzatzea arlo horretan erreferente bat diren Europako herrialdeetara hurbiltzeko eta enpresa txikien eta mikroenpresen eremuan ere ezartzea bultzatzeko. Gainera, garrantzia ematen zaio langileak goiz atxikitzea entitate horietara, eta, horretarako, kenkariak handitzen dira partaideak 36 urte baino gutxiago dituenean.
Oro har, foru arau honen III. kapitulua 2025eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Hala ere, gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren prestazioei emango zaien tratamendu berriak beharrezko egiten du egokitzea entitate ordaintzaileek Administrazioari zerga ondorioak dituen informazioa emateko aplikatzen diren prozedurak. Hortaz, egokitzapen horiek errazte aldera, egoki iritzi da gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren prestazioen zerga tratamendua arautzen duten xedapenak 2026ko urtarrilaren 1ean jartzea indarrean;, izan ere, horrekin lortuko da jasotzen den informazioak beharrezko baldintzak betetzea tributua behar bezala kudeatzeko.
Lehentasunezko enpleguko BGAEei dagokienez, horiek zabaltzearen aldeko apustu irmoa egiten dela azpimarratu beharra dago. Horretarako, kenkariak gehitzen dira langileentzat eta entitate enplegatzailearentzat bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta bai sozietateen gaineko zergan. Puntu honetan azpimarratu behar da partaideen kopurua handitzea ez ezik ekarpenen eta kontribuzioen zenbatekoak gora egitea ere lortu nahi dela. Horretarako, aplikatu beharreko kenkariaren portzentajea zehazteko garaian, entitate enplegatzaileak egiten duen ahalegina izango da abiapuntua, urtean ordaintzen dituen soldata gordin guztiak hartuko baitira kontuan. Ekarpen eta kontribuzioen portzentajea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da kenkariaren portzentajea.
Lau kenkari tarte artikulatzen dira, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, langileentzat, bai sozietateen gaineko zergan, entitate enplegatzailearentzat. Tarte bakoitza ekarpenen tarte bati dagokio, eta nabarmendu behar da tarterik txikienak 2025-2029 bitarteko zergaldietara mugatutako indarraldia duela. 2030eko ekitalditik aurrera, kenkarirako eskubidea emango duten gutxieneko ekarpen eta kontribuzioen baturak entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 3 izan behar du gutxienez. Bestalde, kenkariaren gehieneko portzentajera iritsi ahal izateko, baldintza hauetako bat bete beharko da: ekarpen eta kontribuzio guztien zenbatekoa 100eko 8koa edo handiagoa izatea edo ekarpenak 36 urtetik beherako pertsonek egitea edo haien aldeko kontribuzioak izatea.
Lehentasunezkoak ez diren enpleguko BGAEei dagokienez, kenkariak ezartzen dira bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan norberaren konturako langileek egiten dituzten ekarpenetarako, eta bai sozietateen gaineko zergan entitate enplegatzaileek egiten dituztenetarako. Aipatu behar da entitate enplegatzailearen kasuan, bi kenkari tarte ezartzen direla, eta lehenengoak 2026-2029 zergaldietan bakarrik izango duela indarraldia. Bestalde, norberaren konturako langileen edo langile autonomoen ekarpenetarako, bi kenkari portzentaje ezartzen dira, eta handitutako portzentajea 36 urtetik beherakoek edo lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planei egindakoei dagokie.
Azkenik, III. kapituluarekin amaitzeko, aipatzekoak dira prestazioen tributazioarekin lotuta sartzen diren aldaketak. Puntu honetan, proposatutako aldaketek sustatu nahi dute prestazioak errenta moduan jasotzea, eta, horretarako, haien tributazioa hobetzen da. Era berean, kapital moduan jasotzen diren prestazioei dagokienez, aldatzen da zerga oinarri orokorrean integratzen diren ekarpen eta kontribuzioei dagokien prestazioaren zatiari aplikatuko zaion integrazio portzentajea (100eko 60tik 100eko 70era pasatzen da), eta ekarpen eta kontribuzio horiengatik sortutako etekinei dagokien prestazioaren 100eko 100 aurrezpenaren zerga oinarrian sartuko da.
Errenta moduan jasotzen diren prestazioen kasuan, errenta jasotzen duenak gehienez ere 100eko 40raino izango du salbuetsia lortzen duen errentagarritasuna. Salbuespen hori aplikatzeko ezinbesteko baldintza bat ezartzen da: eratutako errentak gutxienez 15 urteko iraupena izatea, iraupen hori baita legeria substantiboak prestazioa errenta finantzario gisa jasotzeko ezartzen duen gutxieneko epealdia.
Aurreko guztia hala izanik ere, eta nahiz eta, arestian adierazi den bezala, aurrezpen produktu baten errentagarritasunaren izaera intrinsekoak berekin ekarri errentagarritasun hori kapital etekintzat hartzea, ez da ahaztu behar orain arte ez zela bereizketarik egiten, prestazioen tratamenduari dagokionez, ekarpenen eta kontribuzioen itzulketaren eta aurrezpen produktuaren errentagarritasunaren artean; izan ere, orain arte horrek guztiak lan etekin moduan tributatzen zuen zergaren zerga oinarri orokorrean. Aurrekotik ondorioztatzen da ezen entitate ordaintzaileek, zenbait kasutan, ez dutela behar den informazioa prestazioaren zati bakoitzari tratamendu fiskal diferentziatua emateko. Horren ondorioz, entitate horiek eman beharreko informazioak duen gabezia arintzeko, ezinbestekotzat jotzen da kalkulu metodo osagarri bat arautzea produktuaren errentagarritasun positiboa zehazteko.
Sartzen den berrogeita bigarren xedapen gehigarri berriak informazioan dagoen hutsunea bete nahi du. Zehazki, errentagarritasun positiboa zehazteko erregela bat ezartzen du, zeina aplikatuko baita baldin eta behartutako entitateak ez badio informaziorik eman Zerga Administrazioari produktuaren errentagarritasunari buruz edo, kasua bada, jasotzaileak gizarte aurreikuspeneko sisteman duen antzinatasunari buruz. Horrela, zirkunstantzia horiek gertatzen badira, aipatutako errentagarritasun positiboa kalkulatzeko, 100eko 1eko portzentajea aplikatuko zaio prestazioak jasotzen dituen pertsonaren antzinatasun urte bakoitzeko jasotako prestazioaren zenbatekoari, 100eko 35eko mugarekin. Era berean, behartutako entitateek ez badute jasotzaileak gizarte aurreikuspeneko sisteman duen antzinatasunari buruzko informazioa, errentagarritasuna kalkulatuko da jasotako prestazioaren zenbatekoari 100eko 25eko portzentajea aplikatuta.
IV. kapituluak fiskalitate berdeari buruzko neurriak jorratzen ditu. Kapitulu honetan, zenbait neurri ezartzen dira, gaur egun murgilduta gauden trantsizio energetikoa gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak bultzatzeko, 2035. urteari begira.
Horretarako, pizgarriak aurreikusten dira bai mugikortasun jasangarriaren, etxebizitzen birgaitze energetikoaren, enpresa jardueren ingurumen inpaktua murrizteko enpresa inbertsio eta ikerketa sustatzearen eremuan eta bai lurraldeko udalen eremuan. Hori horrela, udal zergetan hobarien katalogoa handitzea ahalbidetzen da, ekonomia zirkularrarekin eta hondakinen balorizazioarekin lotutako jarduerak txertatuta.
Azpimarratu behar da, ezarritako denbora horizontearekin eta pizgarri fiskalen aldizkako ebaluazioaren beharrarekin bat etorriz, neurriek 2025-2035 bitarteko indarraldia izango dutela.
Mugikortasun jasangarriaren eremuan, ingurumena errespetatzen duten ibilgailuak sustatzearen aldeko apustu irmoa egiten da. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, lehenik eta behin, murriztapen handiagotu bat ezartzen da ingurumena errespetatzen duen ibilgailu bat entregatzean edo erabiltzean egotzi beharreko gauzazko errentaren zehaztapenean, eta, bigarrenik, 100eko 5eko kenkari berri bat sartzen da partikularrek ibilgailu horiek erosteagatik. Kenkari hori 100eko 10ekoa izango da zergadunak bere titulartasuneko ibilgailu bat txatar bihurtu duenean. Gainera, 100eko 15eko kenkaria ezartzen da haiek kargatzeko puntuak instalatzeko.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zein sozietateen gaineko zergan, ibilgailuen amortizazio kontzeptuan 30.000 eurora arteko gastu kengarriaren erreferentzia balioa eguneratzeaz gain, 40.000 eurora arteko balio handiagotu bat ezartzen da ingurumena errespetatzen duten ibilgailuentzat.
Azkenik, sozietateen gaineko zergan, aurreko neurriei bizikletetan inbertitzeagatiko kenkari berri bat gehitu zaie. Neurriaren helburua da erakunde enplegu emaileek bizikletak langileen eskura jar ditzaten bultzatzea, azken urteotan egindako ohitura aldaketa indartzeko. Aldaketa horren ondorioz, nabarmen handitu da bizikletaren erabilera, hiri garraiobide alternatibo eta ingurumenaren aldetik jasangarri gisa.
Etxebizitzen birgaitze energetikoari dagokionez, etxebizitzen birgaitze energetikoa xede duten jarduketentzako kenkari berri bat sortu da. Puntu honetan, adierazi behar da jarduketa babestuen eremuak energia berriztagarriak erabiltzea ahalbidetzen duten sorkuntza ekipoak instalatzea eta etxebizitzen energia efizientzia hobetzea ahalbidetzen duten eraikinak birgaitzea hartzen dituela barnean. Horrela, kontsumitutako energiaren jatorriaren aldaketa sustatzeaz gain, beharrezko energia kantitatea murriztu nahi da.
Azkenik, IV. kapitulua amaitzeko, sozietateen gaineko zergan proposatutako neurriak nabarmendu behar dira, beren jardueren ingurumen inpaktu negatiboa murrizten duten proiektuetan ikerketa eta enpresa inbertsioa bultzatzeko. Gai horri dagokionez, 100eko 35eko kenkari bat sartu da zergadunek egindako jardueren ingurumen inpaktu negatiboa nabarmen murrizteari soilik lotutako ikerketa eta garapen jardueretarako; gainera, ingurumen inpaktu negatibo hori murrizten duten inbertsioetarako kenkaria handitu da.
V. kapituluak progresibitate neurriak biltzen ditu. Neurri horiei dagokienez, nabarmendu behar dugu hainbat esparrutako neurriak sartzen direla.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, zergaren progresibitatea eta gaitasun ekonomiko txikiagoa duten pertsonen babesa indartzeko neurriak sartzen dira.
Progresibotasunari dagokionez, gogorarazi behar da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren funtsezko ezaugarria dela pertsonak zergapetzen direla beren gaitasun ekonomikoaren arabera, eta, beraz, karga tributarioa progresiboa dela zergadunen errenta handitu ahala. Modu korrelatiboan, gaitasun ekonomikoa mugatua duten pertsonentzat, zerga diseinatuta dago karga tributarioa jaisteko.
Helburu horri dagokionez, foru arauak hiru neurri garrantzitsu ditu. Aurrenik, 20.000 euroraino igotzen da zerga autolikidatu behar ez izateko ezartzen den zenbatekoa, eta horrekin nabarmen gainditzen da lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa. Koherentziaz, 23.000 eurotik beherako lan errenten hobaria handitzen da. Errenta txikiagokoei zerga honen betebehar formal eta materialak murriztea da bi neurri horien helburua.
Nabarmendu beharreko beste neurri bat proposatutako aurrezpenaren tarifa berria da, zerga karga progresibotasun printzipiora hurbildu nahi duena, aurreztaile txikiek jasaten dutena murriztuz eta aurrezpenaren errenta handienak jasaten dituena handituz. Horretarako, aurretik zeuden aurrezte eskalaren bost tarteak birdiseinatu dira eta beste lau gehitu dira, eskalaren gehieneko tasa 100eko 28ra igoz.
VI. kapituluak produkzio sarea babesteko eta bultzatzeko neurriak jasotzen ditu. Zehazki, sozietateen gaineko zergaren eremuan, mikroenpresei eta enpresa txikiei lagundu nahi dieten bi neurri azpimarratu behar dira. Alde batetik, mikroenpresen gutxipena 100eko 15era igotzen da, haien dimentsio txikiaren berezko zailtasunak arintzen laguntzeko. Bestetik, mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan bertan behera uzten da zerga oinarri negatiboen aplikazioak daukan muga, neurri horrek eragin diezaiekeen kalte finantzarioa ezabatzeko. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan bezala, aldatu egiten da ondare sozietateei aplikatu beharreko eskala, sozietate horiek zerga hartan zuten tratamendu bera izan dezaten. Azkenik, nabarmendu behar da gutxieneko tasa efektiboa 100eko 19ra igotzen dela, aurreko ekitaldiarekin alderatuta batez besteko plantilla mugagabea mantentzen ez duten eta zergaldian inbertsiorik egiten ez duten enpresa handi eta ertainentzat.
Ekonomia sozialaren eremuan, Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua aldatzen da, erabilera lagapeneko erregimeneko etxebizitza kooperatibak bereziki babestutzat hartzeko, horrek dakarren aldeko zerga tratamendua zerga hedatzeko eta horien hedapena indartzeko.
Azkenik, enpresa ondorengotzaren eta langileek enpresan duten partaidetzaren eremuan, hobetu egiten da enpresa ondorengotzaren mekanismoa, malgutu egiten baita eskualdatzaileak zerga onurari heltzeko zuzendaritza eginkizunak berehala uzteko beharkizuna. Aldaketa horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eragiten die, eta aukera ematen du eginkizun horiek eskualdaketa egin eta bi urteko epean uzteko. Horrela, enpresa zuzendaritzan segida ordenatua errazten da eta horrekin arrakasta izateko aukerak areagotzen dira. Gainera, langileei enpresak eskualdatzen zaizkien kasuetarako, argitzen da ezen lanaren ekarpenari buruz eta langileek enpresan parte hartzeari buruz aipatzen diren beharkizunak langileei ere aplikatzen zaizkiela.
II. tituluaren edukiari dagokionez, aurreratu den bezala, hainbat motatako aldaketak sartzen ditu, honako hauei eragiten dietenak: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga, kooperatiben araubide fiskala, irabazi asmorik gabeko entitateen araubide fiskala eta mezenasgorako pizgarri fiskalak, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga, eta, azkenik, Zergen Foru Arau Orokorra. Neurri hauek, erreformak jorratutako erronkak alde batera utzita, Gipuzkoako zerga sistema eguneratzen jarraitzeko beharrari erantzuten diote, zerga araudiaren aplikazio praktikoak beharrezkotzat jo dituen hobekuntzak eta doikuntzak sartuz.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eragiten dioten aldaketei dagokienez, lehenik eta behin, adierazi behar da artikuluak bi ordinal dituela, ekartzen dituzten aldaketen eragin dataren arabera bereizita: lehenengoak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ditu ondorioak, eta bigarrenak 2025eko apirilaren 3tik aurrera. Bigarren ordinal horretan jasotzen diren neurriak Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientziarako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikotik datoz. Lege hori berriki onartu da, eta 2025eko apirilaren 3an jarriko da indarrean.
Lehen ordinalak dakarren aurreneko neurriak ezartzen du ezen 65 urtetik gorako zergadunek biziraupen prestazioengatik kapital edo erreskate moduan jasotzen dituzten etekinak salbuetsita geratzen direla, 240.000 euroko mugarekin, etekin horiek bizitza aseguruen kontratuetatik eratorriak badira eta 6 hilabeteko epean beren aldeko biziarteko errenta aseguratu bat eratzeko erabiltzen badira.
Jarduera ekonomikoen etekinekin lotuta, zehaztapen bat egiten da integrazio portzentaje murriztuen aplikazioari dagokionez, eta helburua da argitzea zein kasutan ez diren izango aplikagarriak portzentaje horiek. Jarduera ekonomikoaren garapenak berak horrelako etekinak modu erregular edo ohikoan lortzea sartzen da kasu horien artean.
Gainera, etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatuan zehazteko garaian, amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik eta gastu justifikagaitzengatik oro har aplika daitezkeen gutxipen portzentajeak 100eko 10, 100eko 15 eta 100eko 20 izango dira, diru-sarreren eta gastuen arteko diferentziaren arabera.
Kapital higigarriaren etekinen esparruan, argitzen da ezen etekin horiek partaidetzen, akzioen edo bestelako eskubide ekonomikoen ondorio badira eta entitate partaidetuen, haien kudeaketa entitateen edo taldeko entitateen administratzaileek, kudeatzailek edo enplegatuek lortzen badituzte, epeak zergadunari eta partaidetzen, akzioen edo eskubideen jabetza duten bitarteko entitateei exijituko zaizkiela zergadunek ez dutenean zuzenean parte hartzen entitate jakin batzuetan.
Ondare irabazi eta galerei dagokienez, eta ezarritako salbuespen berriarekin koherentzia mantentze aldera, ezartzen da ezen 65 urtetik gorako zergadunek ondare elementuak eskualdatzeagatik agerian jartzen diren ondare irabaziak salbuetsita geratzen direla, 240.000 euroko mugarekin, betiere baldin eta eskualdaketan lortutako zenbateko osoa euren alde aseguratutako biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzen bada sei hilabeteko epean. Esan beharra dago salbuespen horren muga batera aplikatuko dela 65 urtetik gorako zergadunek bizirauteko prestazioengatik kapital edo erreskate moduan jasotzen dituzten etekinei aplikatzen zaien zenbateko bereko mugarekin, baldintza izanik, betiere, etekin horiek bizitza aseguruen kontratuetatik eratortzea eta lortutako zenbatekoa biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzea. Gainera, ondare aldaketen esparruan, ezartzen da ezen ondare irabaziak lortzen badira aurreko une batean zergadunaren ohiko etxebizitza izan den etxebizitza familiarra eskualdatzeagatik, irabazi horiek salbuetsita geratzen direla baldin eta zergadunak bertan bizitzeari utzi behar izan badio senar-emazteak banantzeko edo izatezko bikotea desegiteko prozedura batean epaileak hala erabakitzeagatik.
Sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide fundatzaileek aplikagarri duten araubide berezian, argitzen da araubide hori bateraezina dela lekualdatutako pertsonen araubide bereziarekin eta jarduera ekonomikoak sustatzeko aurreikusita dauden kenkariekin. Era berean, sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide fundatzaileen araubidea zabaldu egiten zaie entitatea eratu eta 6 hilabeteko epean partaidetzak harpidetzen dituzten zergadunei, betiere arauan aurreikusita dauden gainerako baldintzak eta beharkizunak betetzen badira.
Hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik aplikatzen den kenkarian 7 urtetik 10 urtera igotzen da entitate bat sorrera berrikotzat hartzeko epea.
Lehen ordinal horretan nabarmendu daitekeen azken berritasun gisa, aipatzekoa da lan etekinen barruan arautzen direla gauzazko ordainsariak baloratzeko proposamenak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 86. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eta, horretarako, proposamen horiek izapidetu eta onesteko prozeduraren oinarriak ezartzen dira; hori guztia zergaren foru arauaren 107. artikuluan egiten da (atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa nola kalkulatu arautzen da bertan).
Bigarren ordinalean errenta salbuetsi hauek berrikusten dira: (i) gurasoengandik urteko mantenurako jasotzen diren kopuruak, eta helburua da argitzea kopuru horiek salbuetsita egongo direla Kode Zibilaren 90. artikuluan aipatzen diren hitzarmen erregulatzaileetan finkatu badira eta hitzarmen horiek Justizia Administrazioko letraduaren aurrean, notarioak egindako eskritura publikoan edo legez egokia den edozein bitarteko erabilita formalizatu badira; (ii) langileak kaleratze edo kargugabetzeagatik jasotzen diren kalte-ordainak (hemen argitu nahi izan da lan arloko bide judizialera jo aurretik zerbitzu administratiboarekin adostutako kalte-ordainak ez direla itun, hitzarmen edo kontratu batetik eratorriak); eta (iii) kalte pertsonalek eragindako erantzukizun zibilaren ondorioz jasotzen diren kalte-ordainak, legez edo judizialki aitortutako zenbatekoan; azken kasu horretan, helburua da salbuespena aplikatu ahal izatea, zenbatekoa legeek edo epailek finkatu gabe ere, kalte-ordaina kalte fisiko edo psikikoak eragin dituen kausatzailearen aseguru entitateak ordaintzen duenean bitartekaritza akordio bat betez edo gatazkak konpontzeko legez egokia den beste edozein bitartekori jarraituta.
Urteko mantenurako kopuruen salbuespenaren erregulazioa aldatzera eraman duten arrazoi berberengatik aldaketak sartzen dira bai ondorengo ahaideen kenkarian eta bai urteko mantenurako kopuruak ordaintzeagatik aplikatzen den kenkarian, zeina foru arau honen I. tituluko I. kapituluan aldatzen baita.
Sozietateen gaineko zergan, ustiapen ekonomikoaren kontzeptua pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aurreikusitako baldintzetara egokitzen da. Horrela, langile bakarra eskatuko da higiezinen errentamendu eta salerosketa jardueretarako. Aldaketa horrek eragina du bai mikroenpresaren eta enpresa txiki eta ertainaren kontzeptuan, eta bai ondare sozietatearen kontzeptuan.
Ondorio horietarako, mikroenpresa, enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, ezinbesteko baldintza da ustiapen ekonomiko bat egitea, eta baldintza hori betetzat jotzen da ekitaldiko diru-sarreren gutxienez % 85 enpresa edo lanbide jardueretatik eratorritako errentak badira. Idazketa berriarekin, errentak etortzen badira laga diren ondasun higiezinetatik edo haien gaineko eskubide errealen eraketatik, bai eta aktibo korrontetzat hartzen direnetatik ere, konputagarriak izango dira, ondorio horietarako, baldin eta higiezinak errentamendu edo salerosketa jarduera ekonomiko bati atxikita badaude, eta jarduera horretan soldatapeko langile bat baldin badago kontratatuta, lanaldi osoan eta jarduera horri soilik emanda, foru arau honetan ere aldatzen den hamargarren xedapen gehigarrian adierazitako terminoetan.
Sozietate bat ondare sozietatetzat hartzeko bete behar diren baldintzetako bat da zergaldiko laurogeita hamar egunetan gutxienez haren aktiboaren erdia baino gehiago baloreek osatzea edo jarduera ekonomikoei atxikita ez egotea. Aldaketa honekin moderatu nahi da ondasun higiezinak atxikitako elementutzat ez hartzeko beharkizuna, horiek lagatzen, haien gainean eskubide errealak eratzen edo aktibo korrontetzat jotzen direnean.
Azkenik, aurrekoaren ondorioz, ondarearen gaineko zergaren 6. artikuluaren 6. apartatua aldatzen da, sozietateen gaineko zergaren aldaketa ondarearen gaineko zergan eskatzen diren baldintzekin lerrokatzeko, higiezinak jarduera ekonomiko bati atxikita daudela onartzeko.
Ondare sozietateekin ere lotuta, baina beste kontu baten inguruan jardunez, foru arauan txertatzen da 179/2023 Foru Aginduaren indarrez jada ezaguna den interpretazioa, hain zuzen ere, apirilaren 28ko 179/2023 Foru Aginduak sub-holding egiturei ondaretasun eratorriaren araua sozietateen gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan aplikatzeari buruz onetsitakoa.
Finantza merkataritzako funtsaren zerga tratamenduari dagokionez, hobekuntza tekniko bat sartzen da arauaren zentzua argitzeko, eta zergapetu gabeko egoerak eragin ditzaketen interpretazio okerrak saihestea du helburu.
Dibidenduei eta mozkin partaidetzei zergapetze bikoitza ez aplikatzeak diru-sarreretan dakarren zuzenketan, zehaztapen bat egiten da zergaren foru arauaren 33.1 artikuluko c) letraren ondorioetarako egin behar den analisiarekin lotuta, analisi horren zergatia denean zuzenean partaidetuta dagoen filialak, aldi berean, bigarren edo hurrengo maila bateko konpainiek banatutako dibidenduak edo gainbalioak lortzen dituela. Zehaztapen horren bitartez, ahalbidetzen da apartatu horretako a) letran aurreikusitako partaidetza portzentajea ez izatea exijigarria, zergadunak zeharka partaidetutako entitateak beharrezko baldintzak betetzen baditu zuzenean partaidetutako entitatearekin merkataritza talde bereko kide izateko, eta harekin kontabilitate egoera orri kontsolidatuak formulatzen baditu. Zentzu berean, zehaztapen hori zergaren foru arauaren 13.4 artikuluari dagokionez ere egiten da.
Ikerketa eta garapen proiektuetan edo berrikuntza teknologikokoetan parte hartzeari dagokionez, bertan behera uzten da proiektuko ezarrita dagoen finantzaketa muga.
Ikus-entzunezko lanak eta arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunak finantzatzeagatik 66 ter artikuluan aurreikusten den kenkariari dagokionez, komenigarri ikusi da gehieneko epe bera arautzea exijitzen den komunikazioa Zerga Administrazioari aurkezteko. Finantzaketa kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu eta hurrengo hilabetean amaituko da, beranduenik, epe hori.
Azkenik, Espainiako interes ekonomikoko taldeen zerga araubide bereziari dagokionez, ezartzen da ezen ikus-entzunezko lanak ekoizteagatik eta arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunengatik aplikatzen diren kenkariak ez direla bazkideen likidazioan sartuko egindako ekarpenak ezaugarri bereziak dituzten ondare tresna gisa kalifikatu behar badira. Ez-integrazio hori ikerketa eta garapen jarduerak eta berrikuntza teknologikokoak egiteagatik aplikatzen den kenkarirako aurreikusitakoarekin parekatzen da.
Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, foru arauaren xedea da ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik konturako ordainketak egitera behartutakoak zergaren aplikazio eremu subjektiboan sartzea, ordainketa horiek Gipuzkoako Foru Aldundian egin behar badira Ekonomia Itunaren 23. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Ondarearen gaineko zergaren berrikuntza gisa, esan beharra dago zergadun ez-egoiliarren ordezkaritza arautzen duen artikulua aldatzen dela araudia Europar Batasunaren ordenamendura egokitzeko. Helburua da egoitza Europar Batasuneko estatu kide batean edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean duten zergadunak ez egotea behartuta pertsona bat izendatzera zerga horrekiko betebeharretan ordezkari moduan jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean, baldin eta estatu horrekin zerga informazioa trukatzeko eta zerga-bilketan elkarri laguntzeko araudia izenpetu bada.
Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan edukirik gabe uzten da Kooperatiben Zerga Erregimenaren Aholku Batzordea arautzen duen artikulua, funtzionaltasun eskasa duelako, eta fiskalki babestutako kooperatiba izateari uzteko arrazoien artean, zabaldu egiten da kooperatiben erreferentziazko erregulazioa, araubide hori aplikatzeko eskubidea izateko baldintza jakin batzuen ondorioetarako.
Irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalen zerga araubidean, ezabatu egiten da lehentasunezko jardueren zerrenda urtero ezartzeko obligazioa, jarduera horiek urte anitzeko maiztasunez ezartzea ahalbidetzeko.
Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, izaera tekniko hutseko bi aldaketa sartzen dira.
Azkenik, zergen foru arau orokorra ere aldatzen da, hainbat alderditatik. Horietako batek arauaren aplikazio eremuarekin du zerikusia, eta haren helburua da xedatzea Zerga Administrazioak beste estatu batzuei edo nazioarteko edo nazioz gaindiko entitateei elkarlaguntzari buruzko esparruan ematen dien laguntza araudi horretan ezarritako mugen mende egongo dela.
Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko entitateen oinordekoei dagokienez, ezartzen da egiaztapen eta ikerketa jarduketetatik ondorioztatzen den likidazioa espedientean agertzen diren interesdun guztiei jakinarazi beharko zaiela.
Zerga betebeharren ez-betetze nabarmenak dauden kasuei publizitatea emateari dagokionez, esaten da zerga zorrak eta zehapenak irmoak izan behar direla, hala bide administratiboan nola auzibidean, Auzitegi Gorenak defendatutakoaren ildotik.
Foru araua hiru xedapen gehigarrik, xedapen indargabetzaile batek eta bi azken xedapenek osatzen dute.
I. TITULUA
ZERGA ERREFORMA
I. KAPITULUA
FAMILIA, BERDINTASUNA, KONTZILIAZIOA, EMAKUMEA ETA GAZTERIA
1. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 16. artikuluari f) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«f) Telelanaren modalitatean jarduteagatik langileak jasandako gastuak konpentsatzeko haren esku jarritako zenbatekoak, salbu Hitzarmen Kolektibo bidez unean-unean ezartzen diren kopuruak gainditzen ez dituztenak gastu horien merkatuko balioaren mugaraino.»
Bi.– 17. artikuluko 2. apartatuari j) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«j) Enplegatzaileak bere lan jarduera telelanaren modalitatean garatzeko beharrezkoak diren ekipo, tresna eta bitartekoak entregatzea, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.»
Hiru.– 25. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:
«5.– Jarduera ekonomiko bat hasten duten zergadunek 100eko 10 murriztu ahal izango dute jarduera horren etekin garbi positiboa, gizonak direnean eta 100eko 15 emakumeak direnean, kasua bada aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatu ondoren, etekin hori positiboa den lehen zergaldian eta hurrengoan, betiere baldin eta etekin garbi positibo hori lortzen den lehen zergaldia jarduera hasi eta lehen bost zergaldien barruan badago.
Ondorio horietarako, ulertuko da jarduera ekonomiko bat ez dela egiten hasi zergadunak lehendik garatu badu jarduera hori dela zuzenean dela zeharka. Zergadunak jarduera bera egiten duela joko da egiten duen jarduera hori jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetako talde berean sailkatuta ageri bada.
Murriztapen hau ez da aplikatuko zergaldian, baldin eta hasitako jarduera ekonomikotik eratorritako diru-sarreren 100eko 50 baino gehiago beste pertsona edo entitate batetik badatoz eta, hain zuzen ere, jarduera hasi aurreko urtean zergadunak pertsona edo entitate horretatik lortu baditu lan etekinak.»
Lau.– 73. artikulua honela geratzen da idatzita:
«73. artikulua.– Murriztapena batera tributatzeagatik.
Foru arau honen 96. artikuluan xedatutakoari jarraituz batera tributatzea aukeratzen den kasuetan, zerga oinarri orokorra 4.800 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.»
Bost.– 80. artikulua honela geratzen da idatzita:
«80. artikulua.– Kenkaria ondorengo ahaideen urteko mantenua ordaintzeagatik.
Zergadunak, epailearen erabakiz, behartuta badaude bigarren gradura bitarteko ondorengo ahaideen urteko mantenua bere osoan ordaintzera, eskubidea izango dute kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoen 100eko 15eko kenkaria aplikatzeko. Kenkariak muga hau izango du ondorengo ahaide bakoitzeko: aurreko artikuluko 1. apartatuan ondorengo ahaide bakoitzarentzat ezarritako kenkariari dagokion zenbatekoaren 100eko 30.»
Sei.– 83 bis artikulua gehitzen da, eduki honekin:
«83 bis artikulua.– Kenkaria adingabeak eta mendekotasun edo desgaitasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik.
1.– Zergadunek Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian afiliatutako pertsonak kontratatzen badituzte mugagabeko eran, pertsona jakin batzuk zaintzeko, kontratazio horretan ordaindutako zenbatekoengatik 250 euroko kenkaria aplikatu ahal izango dute zergaldi bakoitzeko.
Kenkari hau aplikatzeko eskubidea bi zergadunek edo gehiagok dutenean, haren zenbatekoa zati berdinetan hainbanatuko da.
2.– Kenkaria aplikagarria izango da zirkunstantzia hauetakoren bat betetzen denean:
a) Zergaduna 12 urtetik beherako pertsona batekin edo gehiagorekin bizitzea, pertsona horiek zergadunaren ondorengo ahaideak, adoptatuak, etxean hartutakoak edo tutoretzapekoak izatea, eta foru arau honen 79. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak (bizikidetza eta errentari buruzkoak) betetzea.
b) Zergadunarekin bigarren gradura bitarteko ondorengo ahaide bat edo gehiago bizitzea, baita adoptatuak, etxean hartutakoak, tutoretzapekoak edo bigarren gradura bitarteko lerro zuzenean dauden aurreko ahaideak ere (odolkidetasunezkoak, ezkontza bidezkoak edo adoptatuak azken horiek), pertsona horiek 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna edukitzea edo mendekotasun graduetako bat aitortuta izatea mendekotasun egoera baloratzeko baremoa onesten duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera (autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarri zuen baremo hori), eta foru arau honen 79. eta 81. artikuluetan, hurrenez hurren, ondorengo eta aurreko ahaideengatik aurreikusten diren kenkariak aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak (bizikidetza eta errentari buruzkoak) betetzea.
c) Zergadunak edo haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak aurreko b) letran aipatutako mendekotasun edo desgaitasun graduren bat aitortuta izatea.
3.– Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Kontratazioagatik zenbatekoak ordaintzen dituen zergadunetako bat alta emanda egotea Gizarte Segurantzan familia etxe bateko enplegatzaile gisa, zergadun horrek pertsona bat edo gehiago kontratatzea mugagabeko eran, eta haiengatik Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian kotizatzea kenkaria aplikatu nahi den zergaldian.
Ondorio horietarako, aurreko baldintza betetzat joko da kontratazioa etxean laguntza eta zaintza pertsonaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen bitartez formalizatzen denean.
Kontratazioa egiten den edo lan harremana amaitzen den zergaldian, kontratuak 183 egun iraungo du gutxienez.
b) Zergadunek eta, hala badagokio, haien ezkontideek edo izatezko bikotekideek jarduerak garatzea beren zein besteren kontura, eta haiengatik lanaren edo jarduera ekonomikoen etekinak jasotzea zergaldian, salbu eta foru arau honen 82. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen desgaitasun edo mendekotasun graduren bat aitortuta badute.
4.– Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako kenkariaren zenbatekoa 500 eurokoa izango da zergaldi bakoitzeko, zaintzailea aurreko 2. apartatuko b) eta c) letretan aipatzen diren pertsonak zaintzen dituen profesionaltzat hartuta dagoenean, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.»
Zazpi.– 83 ter artikulua gehitzen da, eduki honekin:
«83 ter artikulua.– Kenkaria lan-, enpresa- edo lanbide-jarduera geldiarazteagatik, eteteagatik edo murrizteagatik, ondorengo ahaide edo adoptatu adingabeak zaintzeko.
1.– Gizonezkoak diren zergadunek, 4 urtetik beherako seme-alabak edo adoptatuak zaintze aldera, beren lan, enpresa edo lanbide jarduera eten edo uzten badute, 200 eurora bitarteko kenkaria aplikatu ahal izango dute jarduera eten edo utzi den urte bakoitzeko, adingabeak jaio eta zaintzeagatik legez aitortu eta emandako baimen ordainduak amaitzen direnetik aurrera, artikulu honetan ezarritako terminoetan.
Era berean, esandako kenkaria aplikatu ahal izango da zergadunak bere lan jarduerarekin jarraitzen duenean baina lanaldia murriztuta aurreko paragrafoan aipatutako pertsonetako edozein zaintzeko. Murriztapen horrek berekin ekarri behar du lanaldi osoari dagokion denboraren 100eko 67 lan egitea gehienez, betiere lanaldi osoa legez ezarritako lanaldiaren 100eko 50 baino txikiagoa ez bada. Kasu horietan, apartatu honetako lehen paragrafoan aurreikusitako kenkaria hainbanatu egingo da lanaldia murrizten den portzentajearen arabera.
Kenkari hori % 50 handituko da erditze edo adopzio anizkoitzen kasuan.
Kenkari hau aplikatzeko eskubidea bi gizonek dutenean, zenbatekoa zati berdinetan hainbanatuko da.
2.– Kenkaria aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da jaiotza izan edo adopzioa formalizatu aurreko lehen 18 hilabeteetatik 9tan gutxienez Gizarte Segurantzan alta emanda egon izana besteren zein norberaren konturako langile gisa, kooperatibako bazkide langile gisa edo funtzionario gisa.
3.– Jarduera urtearen zati batean bakarrik egon bada etenda edo geldiarazita, edo lanaldia urtearen parte batean soilik murriztu bada, kenkariaren zenbatekoa zati horrek urte osoan hartzen duen egun kopuruarekiko proportzionala izango da.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzea bateraezina izango da 83 bis artikuluan aurreikusitako kenkariaren aplikazioarekin, egun berdinetan zaintzen den adingabe berberari dagokionez.
5.– Artikulu honen ondorioetarako, ondorengo ahaideekin parekatuko dira tutoretzagatik, harrera iraunkorragatik edo adopzio helburuko zaintzagatik zergadunarekin lotuta dauden pertsonak, modalitate horiek adingabeak babesteko eskumena duen entitate publikoaren aurrean formalizatu badira.»
Zortzi.– 83 quater artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:
«83 quater artikulua.– Kenkaria adingabeak zaindu ondoren lan merkatura berriro itzultzeagatik.
1.– Emakumeak diren zergadunek, adingabeko ondorengo ahaideak edo adoptatuak zaintze aldera, beren lan jarduna, enpresariala edo profesionala eten edo utzi badute eta horren ondoren lan merkatura berriro itzultzen badira, lan merkatura bueltatzen diren ekitaldian 1.500 euroko kenkaria aplikatu ahal izango dute lana etendako edo utzitako urte bakoitzeko, adingabeak jaio eta zaintzeagatik legez aitortu eta emandako baimen ordainduak amaitzen direnetik adingabeak hiru urte bete arte edo, lehenago bada, emakumea berriro laneratu arte.
Erditze edo adopzio anizkoitzen kasuan, kenkari hori 100eko 50 handituko da.
2.– Kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Jaiotza izan edo adopzioa formalizatu aurreko lehen 18 hilabeteen barruan, Gizarte Segurantzan alta emanda egon izana besteren zein norberaren konturako langile gisa, kooperatibako bazkide langile gisa edo funtzionario gisa, 9 hilabetez gutxienez.
b) Jaiotzagatik eta adingabeen zaintzagatik emandako eta legez aitortutako baimen ordainduak amaitu ondorengo lehen 12 hilabeteetan gutxienez, ordaindutako jarduerarik egin ez izana.
c) Lan merkatura itzultzea aurreko b) letran ezarritako 12 hilabeteko gutxieneko epea amaitzen denetik kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen adingabeak hiru urte bete ondorengo 12 hilabeteak igaro bitarteko epean.
Ondorio horietarako, ulertuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batzuetan enplegu eta zerbitzu eskatzaile gisa izena emandako emakumeak ere lan merkatura itzuli direla, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
3.– Aurreko apartatuko b) letran aipatzen den baldintza betetzat joko da, halaber, zergadunak bere lan jarduerarekin jarraitu badu letra horretan aipatzen den epean, epe horretan lanaldi murriztuaren modalitate bati heldu badio, eta modalitate horrek gehienez ere bere lanpostuaren lanaldi osoari dagokion denboraren 100eko 67 lan egitea badakar.
Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ulertuko da zergaduna lan merkatura itzuli dela aurreko apartatuko c) letran esandakoaren arabera, egiten duen lanaldia haren lanpostuari dagokion lanaldi osoaren 100eko 85ekoa denean gutxienez.
Kasu horietan, 1. apartatuan aurreikusitako kenkaria hainbanatu egingo da lanaldiari aplikatzen zaion murriztapen portzentajeren arabera.
4.– Jarduera urte naturalaren zati batean bakarrik eten edo utzi bada, kenkariaren zenbatekoa zati horrek urte natural osoan hartzen duen egun kopuruarekiko proportzionala izango da.
Kenkarirako eskubidea sortzen duen adingabearekin guraso edo adoptatzaile emakumezko bat baino gehiago bizi bada, kenkaria erdibana egingo da horietako bakoitzaren autolikidazioan.
5.– Lan merkatura itzultzeko zergaldian kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatu gabe geratzen diren kenkariak ondoko bost zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira ekitaldi bakoitzean zilegi den gehieneko zenbatekoan, eta ezingo dira bost urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
6.– Artikulu honen ondorioetarako, ondorengo ahaideekin parekatuko dira tutoretzagatik, harrera iraunkorragatik edo adopzio helburuko zaintzagatik zergadunarekin lotuta dauden pertsonak, modalitate horiek adingabeak babesteko eskumena duen entitate publikoaren aurrean formalizatu badira.»
Bederatzi.– 89 bis.1 artikuluko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«1.– Zergadunek zilegi izango dute kasuan kasuko zergaldian ordaindutako kopuruen 100eko 20ko kenkaria aplikatzea, gizonak badira, edo 100eko 25 kentzea, emakumeen kasuan, enpresa berrien edo sortu berrien akzio edo partaidetzak harpidetzeagatik, hurrengo 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa betetzen denean; kapitalari aldi baterako ekarpena egiteaz gainera, posible dute beren ezagutza enpresarial eta profesional egokiak ere jartzea haien inbertsioa jasotzen duen entitatea garatzeko.»
Hamar.– 89 ter artikuluko 1. eta 2. apartatuen lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«1.– Zergadunek zilegi izango dute 100eko 30eko kenkaria aplikatzea, gizonak badira, eta 100eko 35 kentzea, emakumeen kasuan, sorrera berriko entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetzeko zergaldian ordaindutako zenbatekoengatik, entitate horiek apartatu honetan eta hurrengo 4. eta 5. apartatuetan xedatutakoa betetzen badute.»
«2.– Zergadunek zilegi izango dute 100eko 15eko kenkaria aplikatzea, gizonak badira, eta 100eko 20 kentzea, emakumeen kasuan, hazkunde prozesuan dauden entitateen akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetzeko zergaldian ordaindutako zenbatekoengatik, entitate horiek apartatu honetan eta hurrengo 4. eta 5. apartatuetan xedatutakoa betetzen badute.»
Hamaika.– VII bis kapitulu berria gehitzen zaio VII. tituluari, eduki honekin:
«VII bis Kapitulua.
Zergadunek kenkari jakin batzuk aplikatzeko araubide berezia.
92 bis artikulua.– Zergadunek kenkari jakin batzuk aplikatzeko araubide berezia.
1.– Zergadunek zilegi izango dute foru arau honen 86. artikuluan aipatzen diren kenkariei dagozkien zenbatekoak kentzea, baldin eta horiek aplikatzeko eskubidea sortu zen zergaldian ezin izan badituzte kendu kuota osoa nahikoa ez izateagatik. Nahitaezkoa izango da, betiere, kenkari horiek sortu ziren zergaldirako ezarri ziren portzentajeak, mugak eta gainerako beharkizunak errespetatzea.
Horrez gain, 36 urtetik beherako zergadunek zilegi izango dute foru arau honen 79. eta 87. artikuluetan aipatzen diren kenkariei dagozkien zenbatekoak kentzea, baldin eta horiek aplikatzeko eskubidea sortu zen zergaldian ezin izan badituzte kendu kuota osoa nahikoa ez izateagatik. Nahitaezkoa izango da, betiere, kenkari horiek sortu ziren zergaldirako ezarri ziren portzentajeak, mugak eta gainerako beharkizunak errespetatzea.
Aurreko paragrafoetan aipatu diren aplikatu gabeko kenkariak kasuan kasuko kenkariaren zenbatekoa agortu arte kendu ahal izango dira sorburu duten zergaldiaren hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldien autolikidazioetan, eta zenbatekoak ezin izango dira, inola ere, bost urteko epe horretatik kanpo kendu geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuta.
79. eta 87. artikuluen babesean sortutako kenkarien kasuan, halaber, ezinbesteko baldintza izango da kendu gabeko zenbatekoak aplikatuko diren zergaldiko zergaren sortzapen egunean zergadunak 36 urte baino gutxiago izatea.
2.– Aurreko 1. apartatuan xedatutakoa kuota osoa nahikoa den lehen zergaldian aplikatuko da, baina betiere egin gabeko kenkariak osorik edo partez aplikatuko diren zergaldian kontzeptu horiengatik sortu diren kenkariak aplikatu aurretik.»
Hamabi.– 96. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Ondorengo artikuluan aipatutakoen arteko edozein modalitatetako familia unitateko kide diren pertsona fisikoek aukera dute, edozein zergalditan, zerga honetan batera tributatzeko, haren arau orokorrei jarraituz eta titulu honetan jasotako xedapen bereziak aintzat hartuta, betiere familiako kide guztiak zerga honen zergadun badira.
Familia unitateko kideak lurralde desberdinetan bizi eta batera tributatzea aukeratzen badute, foru arau honen 2. artikuluko 1. zenbakiaren a) letran xedatutakoa aplikatuko da.»
Hamahiru.– 97. artikulua honela geratzen da idatzita:
«97. artikulua.– Familia unitatea. Modalitateak.
1.– Familia unitatea osatzen dute:
A) Legez bananduta ez dauden ezkontideek, izatezko bikotekideek, eta, egonez gero:
a) Adingabeko seme-alabek, gurasoen edo adoptatzaileen baimenarekin haiengandik independenteki bizi direnak izan ezik.
b) Adin nagusiko seme-alabek, baldin eta, Kode Zibilaren XI. tituluan xedatutakoaren esparruan, ordezkaritza ahalmena duen kuradoretzapean badaude, eta kuradoretza hori gurasoen edo adoptatzaileen esku badago.
c) Harrera iraunkorragatik edo adopzio helburuko zaintzagatik zergadunarekin lotuta dauden adingabeek, lotura hori adingabeak babesteko eskumena duten entitate publikoen aurrean formalizatuta badago.
B) Familia unitatea ere izango da guraso, adoptatzaile edo hartzaile bakar batek eta aurreko A) letrako a), b) eta c) letretan aipatzen diren pertsonek osatutakoa.
C) Familia unitatea ere izan daiteke zergadunek eta aurreko A) letrako a), b) eta c) letretan aipatzen diren pertsonek osatutakoa, haien zaintza etxeko indarkeriagatik edo genero indarkeriagatik esleitua badute, eta esandako indarkeria erregelamenduz ezarriko den eran frogatuta badago. Ondorio horietarako, ez da kontuan hartuko zaintzapean hartzen diren pertsonen mendekotasun ekonomikoa, hurrengo D) letran aipatzen dena.
D) Orobat, legezko banantze kasuetan, ezkontza bidezko loturarik edo izatezko bikoterik ez dagoenean, edo propio ebazpen judizial bat eman den kasuetan, familia unitatea osatuko dute gurasoak, adoptatzaileak edo hartzaileak eta, harengandik bakarrik mendekotasun ekonomikoa edukita, aurreko A) letrako a), b) eta c) letretan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek.
Kontrako frogarik ezean, presuntzioa egingo da seme-alaben, adoptatuen eta etxean hartutakoen mantenu ekonomikoa bi gurasoek, adoptatzaileek edo hartzaileek ordaintzen dutela.
Ondorio horietarako, honako hauek ez dira hartuko guraso, adoptatzaile edo hartzaile bakar baten mantenu ekonomiko esklusiboaren frogatzat: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa banakako modalitatean aurkeztea; pertsona horietako batek mantenu ekonomiko horretan ez duela parte hartzen dioen zinpeko aitorpena aurkeztea; pertsonetako bati modu artifiziotsuan esleitzea gastuak; haietako bati guraso ahala kentzea; haietako bat familia unitateko gainerako kideekin ez bizitzea; edo pertsonetako batek, konkurtso legeriaren arabera, zorrak izatea eta haiengatik mantenuan ezin laguntzea.
Erregelamendu bidez, bestelako kasuak ezarri ahal izango dira aurreko paragrafoan aurreikusitakoez gain.
Aurrekoa gorabehera, letra honetan aipatzen diren kasuetan, agintari judizial eskudunak xedatutakoari jarraituko zaio, eta aipatutako mantenu ekonomiko esklusiboa benetakoa eta eraginkorra dela frogatu beharko da.
2.– Inor ezingo da bi familia unitateko kide izan aldi berean.
3.– Urte bakoitzeko abenduaren 31ko egoera kontuan izanik zehaztuko da zeintzuk diren familia unitateko kideak.
Urtean zehar familia unitateko kideren bat hiltzen bada, familia unitateko gainerako kideek batera aitortzea aukeratu dezakete eta beren autolikidazioan hildakoaren errentak sartu. Gainera, hildakoak foru arau honetan aipatutako kenkarietarako eskubidea sortu badu, autolikidazioan kenkari horiek ere sartu ditzakete, haien zenbatekoa egun horretara arte proportzionalki murriztu gabe.»
Hamalau.– 98.2 artikuluari g) eta h) letrak gehitzen zaizkio, eduki honekin:
«g) Foru arau honen 92 bis artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuetan, aplikatu gabeko kenkariak aplikatuko diren zergaldian batera aitortzea aukeratzen bada eta kenkari horiek aplikatzeko eskubidea hainbat pertsonak badute, batzuk 36 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, 92 bis artikulu horren 1. apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.
Familia unitateko kide diren zergadunek banaka aitortu badute aurreko zergaldietan eta zergaldi horietan kenkariak sortu badituzte, geroko zergaldietara eraman daitezkeen kenkariak baterako tributazioan aplikatu ahal izango dira jatorrizko zergaldiko mugak, portzentajeak eta beharkizun berberak errespetatuz.
Gerora banaka aitortzen bada, foru arau honen 92 bis artikuluan xedatutakoaren arabera aplika daitezkeen kenkariak horiek aplikatzeko eskubidea sortu duten zergadunek egin ahal izango dituzte, eta, horrelakoetan, hurrengo paragrafoan aplikatu gabeko kenkarietarako aipatzen den banaketa erregela izango da aplikagarria, hala badagokio.
Kenkariak baterako modalitatean tributatu zen zergaldian sortu badira eta zergaldi horretan ezin izan badira aplikatu kuota osoa nahikoa ez izateagatik, geroko aitorpen indibidualaren ondorioetarako, zergadun bakoitzak eskubidea izango du berak sortu duen baina aplikatu gabe geratu den kenkariaren zenbatekoa aplikatzeko. Familia unitateko kide bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazterik ez dagoenean, zenbateko hori zati berdinetan banatuko da familia unitateko adin nagusiko kideen artean.
h) Baterako tributazioa aukeratzen den kasuetan, aplikagarriak izango dira, kenkari bakoitzean ezartzen diren baldintzetan, kenkari horiek sortzen diren ondoko zergaldi jarraituetan gauzatzeko ahalmena ezartzen zaien foru arau honetako kuota osoaren kenkariak, baldin eta familia unitatea osatzen duten zergadunek kuota nahikoa ez izateagatik haiek ez badituzte aplikatu zergak banaka ordaindu dituzten aurreko zergaldietan, betiere jatorrizko zergaldiko muga, portzentaje eta betekizun berberak errespetatuz.
Kenkari horiek sortu dituzten zergadunek bakarrik aplikatu ahal izango dituzte, ondorengo banakako tributazioaren kasuan. Familia unitateko kide bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztu ezin denean, zenbateko hori zati berdinetan banatuko da familia unitateko adin nagusiko kideen artean.»
Hamabost.– 100. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Aurreko apartatuan jasotako kasuan, zergaldia amaitu egingo da, eta zerga sortzapena heriotzaren egunean gertatuko da, foru arau honen 97. artikuluko 3. apartatuan batera aitortzea aukeratzen den kasuetarako xedatutakoa eragotzi gabe; kasu horretan, eta baterako aitorpena aukeratzearen eta bidezko murriztapena aplikatzearen ondoriotarako soil-soilik, heriotza abenduaren 31n gertatu dela joko da.»
Hamasei.– 82 bis artikulua gehitzen da, honela dioena:
«82 bis artikulua.– Kenkaria alargun izateagatik.
1.– Zergadun alargun bakoitzeko 200 euroko kenkaria aplikatuko da.
Kenkari hau aplikatu ahal izateko, zergadunaren zerga oinarriak 20.000 eurokoa edo txikiagoa izan behar du.
2.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten zergadunek 200 euroko kenkaria aplikatuko dute, betiere zerga oinarria 20.000 euro gutxituta ateratzen den zenbatekoa bider 0,0200 eginez ematen dena kenduta.
3.– Artikulu honen ondorioetarako, zerga oinarritzat hartuko da foru arau honen 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako zerga oinarri orokorra eta aurrezpenarena batuta ateratzen den zenbatekoa. Zerga oinarri orokorrak saldo negatiboa ematen badu, zero konputatuko da aipatutako baturaren ondorioetarako.
4.– Kenkari hori bateraezina da foru arau honen 83. artikuluan aurreikusitako kenkariarekin.»
2. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 66 quater artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:
«66 quater artikulua.– Kenkaria bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak ezartzeagatik.
1.– Zergadunek kenkari bat aplikatu ahal izango dute kuota likidoan langileen bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurri berriak ezartzeagatik, hurrengo apartatuetan aurreikusten diren baldintzetan.
2.– Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurritzat hartuko dira honako hauek:
a) Ordutegiak malgutzeko neurriak.
b) Lanaldi jarraituaren modalitatean jarduteko aukera ezartzea lehenago lanaldia zatituta zeukaten lanpostuetarako.
c) Telelanaren modalitatean jarduteko aukera ezarri edo zabaltzea.
d) Lanaldia murrizteko edo eszedentzia eskatzeko kasu berriak eratzea.
e) Doako haurtzaindegi zerbitzu bat jartzea langileen eskura, zuzenean edo hirugarrenen bitartez.
f) Enplegatuak beren bizilekutik lantokira joatea errazten duten neurriak ezartzea.
3.– Artikulu honetan aipatzen den kenkariaren zenbatekoa portzentaje hauen araberakoa izango da:
a) Zergadunaren kuota likidoaren 100eko 5, aurreko apartatuko a) eta f) letren bitartean aipatutako neurrietako bat jasotzen duen Kontziliazio Plan bat ezartzen den ekitaldian, 2.500 euroko mugarekin.
b) Zergadunaren kuota likidoaren 100eko 15, plantillaren gutxienez heren bat aurreko apartatuko a) eta f) letren bitartean aipatutako neurrietako batera biltzen den lehen ekitaldian, Kontziliazio Planarekin bat, 7.500 euroko mugarekin.
Foru arau honen 13. artikuluan aipatzen diren mikroenpresek eta enpresa txikiek 5 puntu portzentual gehituko dituzte apartatu honetako a) eta b) letretan ezarritako portzentajeak.
4.– Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko ezartzen diren neurri berriak zergadunaren Kontziliazio Planean jasota egotea, aplikatzekoa den lege esparruan ezartzen diren nahitaezko gutxienekoak gainditzea eta aplikagarri zaizkien langile guztientzat eskura egotea.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, zergadunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, erregelamenduz ezarriko den eran.
5.– Erregelamendu bidez zehaztuko da zer baldintza eta beharkizun bete beharko diren kenkari hau aplikatzeko, entitatearen tipologiaren arabera desberdinak izan litezkeenak.»
Bi.– 66 quinquies artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:
«66 quinquies artikulua.– Kenkaria emakumeen eta 36 urtetik beherakoen enplegua sortzeagatik.
1.– Zergaldian kontratu mugagabearekin kontratatzen den emakume edo 36 urtetik beherako pertsona bakoitzeko, hurrengo apartatuan ezarritako zenbatekoa kendu ahal izango da kuota likidotik, artikulu honetan aurreikusitako baldintzetan.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den kenkaria urteko soldata gordinaren 100eko 35ekoa izango da kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata izango da muga.
Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, kenkariaren zenbatekoa eta hura aplikatzeko muga langileak lanaldi osoarekiko egiten duen lanaldiaren proportzioan joango dira.
3.– Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatzeko, bi baldintza hauek bete behar dira: kontratazioaren unean kenkarirako eskubidea sortzen duen pertsonaren soldatak gutxienez 100eko 10ean gainditzea lanbide arteko gutxieneko soldata, eta kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu ondorengo 3 urteetan bukatzen den zergaldian haren soldatak gutxienez 100eko 70ean gainditzea une horretan indarrean dagoen gutxieneko soldata profesionala.
Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak langileak lanaldi osoarekiko egiten duen lanaldiaren proportzioan bete beharko dira.
4.– Aurreko apartatuan ezarritako kenkaria aplikatzeko, bi baldintza hauek bete behar dira: kontratazioa egiten den zergaldiaren amaieran lan kontratu mugagabea duten langileen kopurua ez murriztea hurrengo lehen hiru urteetan amaitzen diren zergaldietan, eta langile kopuru hori kenkaria sortu den zergaldiaren hasierakoa baino handiagoa izatea, kenkarirako eskubidea ematen duten kontratuen kopuru berean gutxienez.
5.– Lan harremana eten edo lanaldia murrizten bada Langileen Estatutuko 47. artikuluan jasotakoaren arabera, ezarritako baldintzak betetzeko unea atzeratu egingo da harik eta lan harremana eteteak edo lanaldia murrizteak ondorioak izateari uzten dion arte.
Lan kontratu mugagabea duten langileen murrizketa konputatu gabe utziko da, baita ere, baldin eta, lan harreman bakoitza amaitu eta bi hilabeteko epean, enpresak berriz ere langile kopuru bera kontratatzen badu.
6.– Ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zergadunak kenkaritik ondorioztatzen den kuota gehi berandutze interesak sartu beharko ditu ez-betetzea gertatzen den zergaldiko autolikidazioan.
7.– Kenkarirako eskubidea ematen duen kontratua formalizatu den zergaldia bukatu ondorengo hiru urteetan hasitako zergaldietan zergapekoak lan kontratu berri bat formalizatzen badu, kontratu horrek kenkarirako eskubidea sortzeko baldintzak betetzen baditu eta hura beharrezkoa bada aurreko ekitaldi batean sortutako kenkarirako eskubidea finkatzeko, orduan lan kontratu horrek ez du kenkarirako eskubiderik sortuko aipatutako eskubidea finkatzeko beharrezkoa den zatian. Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, foru arau honen 66.1 artikuluko hirugarren paragrafoan eta artikulu honetan jasotako kenkarietarako eskubidea sortu duten kontratuak batera tratatuko dira.
8.– Kenkari honetarako eskubidea frogatzeari begira, foru arau honen 66. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritakoa aplikatuko da.»
II. KAPITULUA
ETXEBIZITZA
3. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 32. artikulua honela geratzen da idatzita:
«32. artikulua.– Gastu kengarriak eta hobaria.
1.– Kapital higiezinaren etekinak hurrengo 2., 3. eta 4. apartatuetan aipatutakoez bestelako etxebizitzetatik badatoz, eta, betiere, etxebizitzan jarduera ekonomiko bat egiten ez bada, 100eko 20ko hobaria aplikatuko da higiezin bakoitzagatik lortutako etekin osoen gainean.
Era berean, kengarriak izango dira, bakar-bakarrik, etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen interesak, eta gainerako finantzaketa gastuak. Ondorio horietarako, ordaindutako kopuruetatik kendu egingo da zergadunak, aipatutako kontzeptuak ordaintzeko, bere kasuan jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa, betiere baldin eta, zerga honen araudia aplikatuta, dirulaguntza horiek salbuetsita badaude.
Hobariaren eta gastu kengarrien baturak ezingo du berekin ekarri, ondasun higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
2.– Kapital higiezinaren etekinak Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluko etxebizitza errentamendutik badatoz, higiezin bakoitzeko lortutako etekin osoen gainean 100eko 30eko hobaria aplikatuko da.
Era berean, honako hauek bakarrik izango dira kengarriak:
a) Etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen interesak, eta gainerako finantzaketa gastuak. Ondorio horietarako, ordaindutako kopuruetatik kendu egingo da zergadunak, aipatutako kontzeptuak ordaintzeko, bere kasuan jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa, betiere baldin eta, zerga honen araudia aplikatuta, dirulaguntza horiek salbuetsita badaude.
b) Errentamendua dela-eta zergadunak jaso behar dituen errenten ordainketarik eza osorik edo partez estaltzeko kreditu aseguruengatik ordaindutako primen zenbatekoa, 300 euroko mugarekin.
Hobariaren eta gastu kengarrien baturak ezingo du berekin ekarri, ondasun higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
3.– Kapital higiezinaren etekinak Eusko Jaurlaritzaren programen ondorioz lortzen badira, horien esparrua izanik Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuaren bidez araututako «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programa, «ASAP» Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako Bitartekaritza Programa (Eusko Jaurlaritzaren irailaren 17ko 144/2019 Dekretuaren bidez arautua), edo autonomia erkidegoan, foru lurraldean edo udaletan abian jarritako antzeko beste etxebizitza plan eta programa batzuk, etxebizitzak programa horietarako errentan eman edo lagatzeagatik higiezin bakoitzeko lortzen diren etekin osoen gainean 100eko 70eko hobaria aplikatuko da.
Era berean, kengarriak izango dira, bakar-bakarrik, etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen interesak, eta gainerako finantzaketa gastuak. Ondorio horietarako, ordaindutako kopuruetatik kendu egingo da zergadunak, aipatutako kontzeptuak ordaintzeko, bere kasuan jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa, betiere baldin eta, zerga honen araudia aplikatuta, dirulaguntza horiek salbuetsita badaude.
Hobariaren eta gastu kengarrien baturak ezingo du berekin ekarri, ondasun higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
4.– Kapital higiezinaren etekinak Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluko etxebizitza errentamendutik badatoz, etxebizitza hori bizitegi merkatuko eremu tentsionatu izendatutako zona batean kokatuta badago eta alokairuaren errenta erreferentziazko indizeei dagozkien zenbatekoek mugatzen badute, higiezin bakoitzagatik lortutako etekin osoen gainean 100eko 70eko hobaria aplikatuko da.
Hobari hori bera aplikatuko da kapital higiezinaren etekinak Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluko etxebizitza errentamendutik datozenean, baldin eta errentatzaileak bere borondatez ezartzen badu alokairuaren errenta erreferentziazko indizeekin edo bitartekaritza publikoko prezioekin bat datozen zenbatekoen arabera.
Era berean, apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, honako hauek bakarrik izango dira kengarriak:
a) Etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen interesak, eta gainerako finantzaketa gastuak. Ondorio horietarako, ordaindutako kopuruetatik kendu egingo da zergadunak, aipatutako kontzeptuak ordaintzeko, bere kasuan jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa, betiere baldin eta, zerga honen araudia aplikatuta, dirulaguntza horiek salbuetsita badaude.
b) Errentamendua dela-eta zergadunak jaso behar dituen errenten ordainketarik eza osorik edo partez estaltzeko kreditu aseguruengatik ordaindutako primen zenbatekoa, 300 euroko mugarekin.
Hobariaren eta gastu kengarrien baturak ezingo du berekin ekarri, ondasun higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
5.– Aurreko apartatuetan aipatu gabeko kapital higiezinaren etekinetan, etekin osotik gastu kengarri hauek kendu beharko dira:
a) Etekinak lortzeko beharrezkoak diren gastuak, barruan sartuta etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak erosi, birgaitu edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen interesak, eta gainerako finantzaketa gastuak.
b) Etekinen iturri diren ondasunetan erabilerak edo denbora igarotzeak eragindako narriaduraren zenbatekoa, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.
Etekinak erabilera edo gozamen eskubide edo ahalmenen titulartasunetik datozenean, ordaindutako eskurapen balioen zati proportzionala izango da kengarria, balio-galera kontzeptuagatik, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.
Gastu kengarrien baturak ezingo du berekin ekarri, higiezin bakoitzeko, etekin garbia negatiboa izatea.»
Bi.– 49. artikulua honela geratzen da idatzita:
«49. artikulua.– Berrinbertsioa ohiko etxebizitza eskualdatzen den kasuetan.
1.– Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik lortzen diren ondare irabaziak zergapetu gabe gera daitezke, baldin eta etxebizitzaren aldaketa justifikatzen duen zirkunstantziaren bat betetzen dela frogatu eta eskualdaketa horretan lortutako zenbatekoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
Etxebizitza aldatzea justifikatzen duten zirkunstantziak honako hauek izango dira: eskualdatutako etxebizitza ez izatea egokia zergadunaren edo harekin bizi direnen beharrizan familiarretarako; lantokia lekuz aldatzea edo lehen enplegu edo enplegu berria lortzea; ezkontzea edo izatezko bikotea eratzea, bai eta senar-emazteak banantzea edo izatezko bikotea desegitea ere; etxebizitza ordaintzea eragozten duten arazo ekonomikoak izatea edo antzeko beste inguruabar batzuk gertatzea.
Erregelamenduz beste zirkunstantzia batzuk ezarri ahal zango dira aurreko paragrafoan zerrendatutakoez aparte.
Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, beharrezkoa izango da zergadunak jabetza osoa izatea bi etxebizitzen gainean, eta izaera hori ez da hutsalduko jabetza hori beste titularkide batzuekin partekatu arren.
2.– Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari ondare irabazian dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe.
3.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa berdin aplikatuko da ondare irabaziak aurreko une batean zergadunarentzat ohiko etxebizitza izan den etxebizitza familiarra eskualdatzeagatik lortu direnean, baldin eta, senar-emazteak banantzeko edo izatezko bikotea desegiteko prozedura batean epaileak hala erabakita, zergadun horrek bertan bizitzeari utzi badio.
Erregelamenduz bestelako beharkizunak ezarri ahal izango dira apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko.»
Hiru.– 63. artikuluko a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Foru arau honen 32. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuan aipatzen diren etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekinak.»
Lau.– VII. tituluko IV. kapituluaren izena honela geratzen da idatzita:
«Kenkariak etxebizitzarengatik»
Bost.– 86. artikulua honela geratzen da idatzita:
«86. artikulua.– Kenkaria ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik.
1.– Artikulu honen 2. apartatuan aipatutako kolektiboetan sartzen ez diren zergadunek diru kopuruak ordaintzen badituzte zergaldian zehar beren ohiko etxebizitza errentan hartzeko, zergaldian ordaindutako zenbatekoen 100eko 20ko kenkaria aplikatu ahal izango dute aitorpenean, 1.600 euroko mugarekin urtean.
2.– Honako hauek 100eko 35eko kenkaria aplikatu ahal izango dute zergaldian ordaindutako zenbatekoengatik, 2.800 euroko mugarekin urtean:
a) Familia ugariaren titularrak diren zergadunak;
b) Foru arau honen 97.1 artikuluko B) eta C) letretan aipatzen den familia unitate bateko kide diren zergadunak;
c) 36 urte baino gutxiago dituzten zergadunak;
d) 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten zergadunak edo mendekotasun graduren bat aitortuta daukatenak (mendekotasun hori autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako baremoaren arabera aitortu behar zaie, mendekotasun egoera baloratzeko baremoa onesten duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituta), bai eta haiekin modu jarraituan eta iraunkorrean urte natural osoan bizi direnak ere, pertsona horien heriotza kasuetan izan ezik;
e) Etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren biktimatzat hartzen diren zergadunak, indarkeria hori erregelamenduz ezarriko den eran frogatuta badago.
3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako kenkaria kalkulatzeko, ordaindutako kopuruetatik kendu egingo da zergadunak, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko, bere kasuan jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa, betiere zerga honen araudia aplikatuta salbuetsita badaude.
4.– Kapitulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko 2. apartatuan aipatutako egoerak zehazteko, zergaren sortzapen datan dagoen egoerari erreparatuko zaio, artikulu honen 2. apartatuko d) letran aipatzen den bizikidetza betekizuna alde batera utzi gabe.
5.– Batera tributatzea aukeratzen bada eta kenkari honetarako eskubidea duten pertsonak bat baino gehiago badira, horietako batzuk aurreko 2. apartatuko kenkari portzentaje gehitua aplikatzeko baldintzak betez eta beste batzuk baldintza horiek bete gabe, apartatu horretan aurreikusitako portzentajea eta muga aplikatuko dira.
6.– Epailearen erabakiz ezarri bada familiaren etxebizitzaren alokairua ordaintzeko betebeharra zergadunari bakarrik dagokiola, zergadun horrek izango du eskubidea bere autolikidazioan artikulu honetan aipatzen den kenkaria aplikatzeko. Betebehar hori bi zergadunei badagokie, kenkaria bien artean hainbanatuko da, eta bakoitzak bere autolikidazioan aplikatuko du dagokion proportzioan, artikulu honen 1. apartatuan eta 2. apartatuko lehen paragrafoan ezarritako portzentajea eta muga errespetatuz.
7.– Aurreko apartatuetan xedatutakoaren ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoekin parekatuko dira etxebizitza kooperatibetako edo antzeko elkarte motetako bazkideek edo irabazi asmorik gabeko elkarteetako kideek erabilera lagatzeko araubidean dauden ohiko etxebizitzengatik ordaintzen dituzten kanonak edo errenta sozialak, betiere baldin eta haietan ez badira ematen ostalaritzako industriari dagozkion zerbitzu osagarriak, hala nola jatetxe zerbitzuak, garbiketakoak, arropa garbitzekoak edo antzeko beste batzuk, gizarte edo osasun laguntzako zerbitzuak barne.
Hala ere, ez dira parekatuko ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoekin honako hauek: erabilera lagatzeko araubidean dauden ohiko etxebizitzengatik ordaindutako kanonak edo errenta sozialak, erosteko aukera eskubide bat edo jabetza transferitzeko klausula bat dakartenean, eta etxebizitza kooperatibetako edo bestelako elkarte motetako bazkideek edo irabazi asmorik gabeko elkarteetako kideek ordaintzen dituztenak, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituztenean.
Babes publikoko etxebizitzen sustapenak administrazio publiko baten jabetzako lurren gaineko azalera eskubidea eratuz egiten direnean, erabilera eskubidearen izaera mugagabea betetzat joko da bazkideen erabilera eskubidearen iraupena aipatutako azalera eskubidearen iraupenarekin bat datorrenean.
8.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, beharrezkoa izango da zergadunaren oinarri likidagarri orokorra eta, kasua bada, aurrezpenaren oinarri likidagarria 68.000 eurokoa edo txikiagoa izatea.»
Sei.– 87. artikuluan 4. apartatua, 5. apartatuko b) letra eta 7. apartatua aldatzen dira, eta 10. apartatu bat gehitzen da, jarraian zehazten den eran:
«4.– Zergadunak 36 urte baino gutxiago baditu, berezitasun hauek aplikatuko dira:
a) Aurreko 1. apartatuan ezarritako portzentajeak 100eko 23koak izango dira.
b) Aurreko 2. apartatuan urterako ezarritako gehieneko kenkaria 1.955 eurokoa izango da. Hala ere, ohiko etxebizitzaren erosketa formalizatzen den zergaldian ez da aplikatuko urterako ezarritako gehieneko kenkaria.
Aurreko letretan xedatutakoa, salbu eta b) letraren azken tartekia, foru arau honen 86. artikuluko 2. apartatuaren a), b), d) eta e) letretan aipatzen diren zergadunek aplikatuko dute, artikulu honen 5.apartatuko b) letran aipatzen diren kasuetan izan ezik.
Batera tributatzea aukeratzen bada eta kenkari honetarako eskubidea duten pertsonak bat baino gehiago badira, horietako batzuk apartatu honetako kenkari portzentaje gehituak aplikatzeko baldintzak betez eta beste batzuk baldintza horiek bete gabe, apartatu honetan aurreikusitako portzentajeak eta mugak aplikatuko dira.»
«b) Kreditu entitateetan gordailutzen diren kopuruak, erregelamenduz ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betetzen dituzten kontuetan sartutakoak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira.
Zergaldi bakoitzean kenkaria izan duten eta gordailutu diren zenbatekoak honako epe honetan erabili beharko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako xederako: kenkariaren xede diren gordailuei dagokien zergaren sortzapenetik 6 urte betetzen diren zergaldia amaitu baino lehen.
Hala ere, aurreko paragrafoan aurreikusitako epea 10 urtekoa izango da, kontua ireki den urteko zergaren sortzapen egunean titularrak 36 urte baino gutxiago dituenean.
Kontuan gordailutzen diren zenbatekoek ez dute kenkarirako eskubiderik emango kontua ireki den zergaldiari dagokion zergaren sortzapen datatik 6 urte edo, kasua bada, 10 urte igaro badira.
Kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak osorik sartzen badira berriro kreditu entitate berean edo beste batean zergaren sortzapena gertatu aurretik, ulertuko da horiek erabiltzeko beharkizuna ez dela bete gabe geratu.
Zergaduna letra honetako bigarren eta hirugarren paragrafoetan aipatutako epeak amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza kontuko kopuruak ohiko etxebizitzaren erosketan edo birgaikuntzan erabiltzeko beharkizuna ez da urratutzat hartuko.
Letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailututako zenbatekoek kenkarirako eskubidea sortu badute lehendik, ez dira izango berriz ere kengarriak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzen direnean.»
«7.– Epailearen erabakiz ezarri bada zergadunari bakarrik dagokiola aurreko 1. apartatuan aipatutako diru kopuruetako bat ordaintzea familia etxebizitzagatik, zergadun horrek izango du artikulu honetan aipatzen den kenkaria bere autolikidazioan aplikatzeko eskubidea. Betebehar hori bi zergadunei badagokie, kenkaria bien artean hainbanatuko da, eta bakoitzak bere autolikidazioan aplikatuko du dagokion proportzioan, aurreko 1., 2. edo, kasua bada, 4. apartatuetan ezarritako portzentajeak eta muga errespetatuz.»
«10.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, beharrezkoa izango da zergadunaren oinarri likidagarri orokorra eta, kasua bada, aurrezpenaren oinarri likidagarria, 68.000 eurokoa edo txikiagoa izatea.»
Zazpi.– 87 bis artikulua honela geratzen da idatzita:
«87 bis artikulua.– Kenkaria birgaiketa babestuagatik.
Kapital higiezinaren etekin garbia foru arau honen 32. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera zehazten duten zergadunek 100eko 18ko kenkaria aplikatu ahal izango dute errentan emandako etxebizitza birgaitzeko ordaindutako zenbatekoengatik, 3.000 euroko mugarekin urtean.
Ondorio horietarako, birgaiketatzat hartuko dira errentan emandako etxebizitzan jabeak egindako obrak, baldin eta obra horiek jarduketa babestutzat kalifikatzen edo deklaratzen dituen ebazpena eman bada Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, xedatutakoaren arabera, edo, hala badagokio, babesteko moduko jarduketatzat kalifikatu badira abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuarekin edo hura ordezten duten antzeko arauekin bat etorriz.
Era berean birgaiketatzat hartuko da artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatzen den errentan emandako etxebizitzan egiten diren egokitzapen lanak eta instalazioak, eta eraikinak finka urbanotik bide publikora igarotzeko dituen elementu komunak aldatzea, hala nola eskailerak, igogailuak, korridoreak, atariak edo bestelako elementu arkitektonikoak, edo desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen komunikazio sentsorialaren oztopoak gainditzeko edo haien segurtasuna areagotzeko balio duten dispositibo elektronikoak jartzea, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.»
Zortzi.– 98.2 artikuluko e) letra honela geratzen da idatzita:
«e) Foru arau honen 87. artikuluko 3. apartatuan aipatzen den 36.000 euroko kopurua banaka aplikatuko da zergadun bakoitzeko. Hala ere, foru arau honen 87. artikuluko 2. eta 4. apartatuetan urterako aipatzen den gehieneko kenkaria ezingo da izan 1.530 eta 1.955 eurotik gorakoa, hurrenez hurren, familia unitateko kide kopurua edozein dela ere, salbu eta foru arau honen 97. artikuluko 1. apartatuaren A) letran aipatzen diren familia unitateek batera aitortzen badute, horrelakoetan muga horiek bi halakoak izango baitira.»
Bederatzi.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita hemeretzigarrena, honela dioena:
«Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria.– Ohiko etxebizitza erostera bideratutako kontuetan gordailututako zenbatekoak gauzatzeko epea luzatzea, kontu hori ireki den zergaldian zergadunak 36 urte baino gutxiago dituenean.
Etxebizitza kontua ireki den urteko zergaldiari dagokion zergaren sortzapenaren egunean zergadunak 36 urte baino gutxiago baditu, eta 2024ko abenduaren 31n ez bada amaitu foru arau honen 87. artikuluko 5. apartatuaren b) letraren lehen paragrafoan –data horretan daukan idazketari jarraituta– aipatzen den 6 urteko epea, zergaldi bakoitzean gordailututako zenbatekoak ohiko etxebizitzaren erosketara bideratzeko epea 10 urtekoa izango da.
Aurreko paragrafoan ezarritako terminoetan etxebizitza kontuan sartzen diren kopuruek foru arau honen 87. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea emango dute.»
4. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketak sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 32. artikuluko 2. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:
«2.– Aurreko apartatuan aipatutako entitatearen diru-sarreren artean baldin badaude Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 32. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan aipatzen diren higiezinetatik datozen kapital higiezinaren etekinak, ondare sozietateek esandako apartatuetan xedatutakoa aplikatu ahal izango dute errenta horiei dagokienez.
Orobat, entitatearen diru-sarreren artean baldin badaude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 32. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren ondasun higiezinak erabili eta gozatzeko eskubideak laga edo eratzeak ekarritako etekinak, kengarritzat hartu ahal izango dute higiezin bakoitzetik eratorritako diru-sarrera osoen 100eko 10eko zenbatekoa eta etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo haien gaineko erabilera edo gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitu diren besteren kapitalen interesak. Nolanahi ere, bi zenbateko kengarri horien baturak ezin izango du berekin ekarri, higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
Entitatearen diru-sarreren artean gorago aipatutako foru arauaren 32. artikuluko 5. apartatuko ondasun higiezinak erabili eta gozatzeko eskubideak laga edo eratzeak ekarritako etekinak dauden kasuetan, kengarritzat hartu ahal izango dute higiezin bakoitzetik eratorritako diru-sarrera osoen 100eko 30eko zenbatekoa eta etekinen iturri diren ondasunak, eskubideak edo haien gaineko erabilera edo gozamen ahalmenak eskuratu, birgaitu edo hobetzeko inbertitu diren besteren kapitalen interesak. Nolanahi ere, bi zenbateko kengarri horien baturak ezin izango du berekin ekarri, higiezin bakoitzerako, etekin garbia negatiboa izatea.
Entitatearen diru-sarreren artean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 34. artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren dibidenduak eta mozkin partaidetzak badaude, ondare sozietateek foru arau horren 9. artikuluko 24. zenbakian xedatutakoa aplikatu ahal izango dute errenta horiei dagokienez.
Hala eta guztiz ere, ondare sozietateek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 66. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko aukera izango dute.»
5. artikulua.– Aldatzea martxoaren 10eko 2/2022 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena.
45 bis artikulu bat gehitzen zaio Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Foru Arauari, eduki honekin:
«45 bis artikulua.– Murriztapena 36 urtetik beherakoek ohiko etxebizitza eskuratzeko dohaintzak egiteagatik.
1.– 36 urtetik beherako zergadunen alde ezkontideak, izatezko bikotekideak, aurreko edo ondorengo ahaideek edo hirugarren gradura bitarteko alboko ahaideek eskudirutan egindako dohaintzak, izan ahaidetasuna odolkidetasunagatik, ezkontzagatik, izatezko bikotearen eraketak ekarritako harremanarengatik, adopzioagatik edo harrera iraunkorragatik, 100eko 100eko murriztapena izango dute zerga oinarrian, betiere dohaintza hartzaileak ohiko etxebizitza bat jabetzan eskuratzeko egiten badira.
Jasotako dohaintzen gehieneko zenbatekoa, dohaintza hartzaile bakoitzari artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko eskubidea ematen diona, 30.000 eurokoa izango da.
Artikulu honetan aipatzen den murriztapena aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Zerga honen autolikidazioa aurkeztea foru arau honen 69.1 artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusitako epean, eta hari dokumentu publiko edo pribatu bat eranstea bertan espresuki adierazita dohaintzan emandako zenbatekoa dohaintza hartzailearen ohiko etxebizitza erosteko ematen dela. Horrekin batera, eskualdaketaren frogagiria ere aurkeztu beharko da.
b) Dohaintza hartzaileak 2 urteko epean eskuratu behar du etxebizitza, dohaintzaren egunetik zenbatzen hasita, edo, ondoz ondoko dohaintzak egonez gero, lehen dohaintzaren egunetik hasita.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluko 8. apartatuan eta haren erregelamenduzko garapenean ezarritako baldintzak betetzen dituena.
2.– Aurreko apartatuan jasotako beharkizunak betetzen ez badira, zergadunak hasieran aurkeztutakoaren osagarri den autolikidazio bat aurkeztu beharko du, ez-betetzea gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean, betiere egindako murriztapenaren ondorioz ordaindu ez den zerga eta dagozkion berandutze interesak barnean sartuta.»
6. artikulua.– Aldatzea abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena.
Aldatu egiten dira 11.1 artikuluaren b) eta c) letrak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan, eta honela geratzen dira idatzita:
«b) Aurreko letran xedatua aintzat harturik ere, etxebizitzen eskualdaketa orokorrak, ondorengo letran aipatutakoak izan ezik, 100eko 4 tasaren arabera zergapetuko dira, elkarrekin eskualdatzen diren eta eraikin berean dauden gehienez ere bi unitateko garaje plazak eta eranskinak barne. Ondorio horietarako, negozioetarako lokalak ez dira etxebizitzaren eranskintzat hartuko, etxebizitzarekin batera eskualdatu arren.
Era berean, 100eko 4ko tasa aplikatuko da aurreko paragrafoak aipatzen dituen ondasunen gaineko eskubide errealak eratzen eta lagatzen direnean, bermeko eskubide errealen kasuan izan ezik.
Letra honetan aurreikusitako zerga tasa aplikatzeko, ezinbestekoa izango da zergaduna ez izatea 5 etxebizitza baino gehiagoren titularra, 100eko 50etik gorako portzentajean etxebizitza bakoitzeko. Zirkunstantzia hori frogatzeko, eskuratzaileak horri buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dio Zerga Administrazioari, erregelamenduz ezarriko diren terminoetan, betiere Zerga Administrazioak bidezkoak diren egiaztapenak egitea eragotzi gabe.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa betetzen ez bada, etxebizitzaren eskualdaketari 100eko 6ko zerga tasa aplikatuko zaio.
c) Aurreko bi letretan xedatutakoa gorabehera, etxebizitzak, eraikin berean dauden garaje plazak (bi unitate gehienez) eta dagozkion eranskinak batera eskualdatzen badira, eskualdaketa horri 100eko 2,5eko tasa aplikatuko zaio eskuratzailea familia ugariaren titular denean edo kasu hauetako bat gertatzen denean:
– Eskualdatutako etxebizitzaren azalera eraikia ez izatea 120 metro koadrotik edo 96 metro koadro erabilgarritik gorakoa.
– Familia bakarreko etxebizitzak eskualdatzen direnean, horien azalera eraikia 120 metro koadrotik gorakoa ez denean edo 96 metro koadro erabilgarri baino gehiago ez dituztenean, eta lursailaren azalera, eraikinak hartzen duena barne, 300 metro koadro baino gehiagokoa ez denean. Familia bakarreko etxebizitzatzat hartuko da sarrera independentea duena, bai bakartua, binakakoa, atxikia edo ilaran antolatua izan.
Azalera eraikitzat hartuko da fatxaden lerro perimetralen (kanpoko zein barrukoen) eta mehelinetako ardatzen artean dagoena.
Estalita dauden hegalkinak, balkoiak edo terrazak azalera eraikiaren parte izango dira alboetatik hormek mugatzen dituztenean; bestela, azaleraren 100eko 50 baino ez da konputatuko, modu berean neurtua.
Letra honetan aurreikusitako ondorioetarako, negozioetarako lokalak ez dira etxebizitzen eranskintzat hartuko, etxebizitzarekin batera eskualdatu arren.
100eko 2,5eko tasa aplikatzeko, ondoko beharkizunak bete beharko dira:
a') Eskuratzaileak ezin du eduki jabetzan beste etxebizitza bat 100eko 25etik gorako portzentajean, eskuratu nahi den etxebizitza kokatuta dagoen udalerri berean.
Beharkizun hori ez da urratutzat joko jabea beste etxebizitza baten titularra denean, betiere etxebizitza hori bi urteko epean eskualdatzen bada, c) letra honetan jasotako tasan tributatu duen etxebizitza eskuratu duenetik aurrera. Adierazitako bi urteko epean etxebizitza eskualdatzen ez bada, 100eko 2,5eko tasa aplikatzeko eskubidea galduko da, eta zerga egoera erregularizatu beharko da, dagozkion berandutze interesak barnean sartuta.
b') Etxebizitza eskuratzailearen ohiko etxebizitza gisa erabiltzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan eta hura garatzeko xedapenetan aurreikusitakoaren terminoetan.
Etxebizitza ohikotzat hartzeko foru arau horretan aurreikusitako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetze hori gertatu eta hogeita hamar eguneko epean subjektu pasiboak autolikidazio osagarri bat aurkeztu beharko du lehendik aurkeztutakoa osatzeko, bidezkoak diren berandutze interesak sartuta.
Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergapekoa pertsona fisikoa bada eta jarduera ekonomiko bati atxikita ez dagoen lokal bat egokitzen bada etxebizitza gisa erabiltzeko, Zerga Administrazioak, zergapekoak aurrez eskaturik, bi kopuru hauen arteko aldea itzuliko du: batetik, zerga dela-eta benetan ordaindutako zenbatekoa, eta, bestetik, eskuratutako higiezinari b) eta c) letretan adierazitakoen artean dagokion tasa aplikatzetik ateratzen dena. Nolanahi ere, tasa hori aplikatzeko ezartzen diren baldintzez gainera, zergapekoak eskurapena egin denetik 18 hilabete igaro baino lehen frogatu behar du etxebizitza gisa erabiliko duen lokalerako lehen erabilera edo okupaziorako lizentzia jaso duela. Itzulketa horrek ez du berandutze interesik sortuko.»
III. KAPITULUA
GIZARTE AURREIKUSPENA
7. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 39. Zenbaki bat gehitzen zaio 9. artikuluari, honela dioena:
«39.– Foru arau honen 18. artikuluko a) letran jasotako prestazioak, 1., 2. eta 4. zenbakietan aurreikusitakoak izan ezik, gizarte aurreikuspeneko mutualitateek norberaren konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzako araubide bereziaren sistema alternatibo gisa jarduten dutenean, bai eta 6. zenbakian aurreikusitakoak ere, foru arau honetako 37.e) artikuluan aipatzen diren etekinei dagokien zatian. Ezinbesteko baldintza da prestazio horiek errenta moduan jasotzea foru arau honen 19.2 artikuluko b) letraren laugarren eta bosgarren paragrafoetan eta 70. artikuluan aurreikusitako kontingentzia eta egoerengatik.
Zenbaki honetan jasotakoa aplikatzeko, beharrezkoa izango da errenta moduan aitortutako prestazioa biziartekoa izatea edo, aldi baterako errenta bat izanez gero, gutxienez 15 urte irautea eta zenbateko konstante bat edukitzea, arrazoi tekniko edo finantzarioengatik zenbatekoetan izan daitezkeen aldaketak eragotzi gabe.
Salbuespenak ezin izango du gainditu errenta moduan jasotako prestazioaren zenbatekoaren 100eko 40.»
Bi.– 18. artikuluko a) letraren sarrera honela geratzen da idatzita:
«a) Honako prestazio hauek, foru arau honetan beste kalifikazio bat ematen zaienean izan ezik:»
Hiru.– 19. artikuluaren 2. apartatuko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Foru arau honen 18. artikuluko a) letran aurreikusitako prestazioen kasuan, 6. zenbakikoak kanpoan utzita, kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gorabehera, kapital moduan jasotako zenbatekoa ez badagokie foru arau honetako 37. artikuluaren e) letran jasotako etekinei, zenbateko hori 100eko 70ean integratuko da kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere lehenengo ekarpenetik bi urte baino gehiago igaro badira. Prestazioak baliaezintasun edo mendekotasunagatik jasotzen badira, ez da exijituko bi urteko epea betetzea.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko 18.a) artikuluko 1., 2. eta 4. zenbakietan aurreikusitako prestazioei, horiek kapital moduan jasotzen direnean eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateek, horrelako kasuetan, norberaren konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen bereziaren sistema alternatibo gisa jarduten dutenean. Horrelako kasuetan, aurreko a) letran jasotakoaren arabera tributatuko da.
Letra honetan ezarritako tratamendua berdin aplikatuko zaie Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 8. artikuluko 8. apartatuan aurreikusten dituen kasuetan jasotzen diren zenbatekoei.
Letra honetan aurreikusten den 100eko 70eko integrazio portzentajea aplikagarria izango zaio, era berean, estalitako kontingentziak ez diren beste arrazoi batzuengatik edo Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 8. artikuluko 8. apartatuan aurreikusten dituenak ez bezalako egoerengatik jasotzen den lehen zenbatekoari.
Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehen zenbatekotzat.»
Lau.– 37. artikuluari e) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«e) Foru arau honen 18. artikuluko a) letran aurreikusitako prestazioak jasotzean gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenetatik eta kontribuzio enpresarialetatik zuzenean etorrita agerian jartzen diren etekin positiboak, 1., 2. eta 4. zenbakietan aurreikusitakoena kanpoan utzita, gizarte aurreikuspeneko mutualitateek norberaren konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzako erregimen bereziaren sistema alternatibo gisa jarduten dutenean. 6. zenbakiko prestazioak ere kanpoan uzten dira.
Ondorio horietarako, etekintzat hartuko da zergadunaren eskubide ekonomikoek eta egindako ekarpen eta kontribuzioek aurreko paragrafoan aipatutako prestazioak jasotzeko unean elkarren artean duten diferentzia positiboa.»
Bost.– 39. artikuluaren 3. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«3.– Hala ere, foru arau honen 37. artikuluko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako etekinetatik datorren etekin garbia bi urtetik gorako epean sortu bada eta aldian-aldian edo behin eta berriz ez bada lortu, 100eko 60an integratuko da. Integrazio portzentajea 100eko 50ekoa izango da sorreraldia bost urtetik gorakoa bada eta etekinak denbora zehar modu irregular nabarmenean lortutakotzat erregelamenduz kalifikatzen direnean.»
Sei.– 63. artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Foru arau honen 34., 35. eta 36. artikuluetan eta 37. artikuluko e) letran aurreikusitako kapital higigarriaren etekinak. Hala ere, erregelamenduz ezartzen diren kasuetan izan ezik, 35. artikuluan aurreikusitako kapital higigarriaren etekinak ––zergadunarekin lotuta dauden entitateetatik datozenean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan jasotako zentzuan––, eta foru arau honen 54. artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen direnak, errenta orokorraren parte izango dira.»
Zazpi.– 70. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Zergadunak osorik edo zati batean erabiltzen baditu artikulu honetan aurreikusitako gizarte aurreikuspeneko sistema desberdinetatik ondorioztatzen diren eskubide kontsolidatu zein ekonomikoak, eta hori egiten badu aurrekusita dauden kasuak gertatzen ez direnean (pentsio plan edo funtsen araudian jasotakoak, borondatezko edo nahitaezko baja kasuak, edo entitatea desegin eta likidatzean), behartuta egongo da zerga oinarri orokorrean bidegabe egindako murriztapenak itzultzera, bidezko autolikidazio osagarrien bitartez, berandutze interesak ere sartuta.
Jasotzen diren kopuruek egindako ekarpenen zenbatekoa gainditzen badute, sustatzaileak egotzitako kontribuzioak barne, lan etekin gisa tributatuko dute jasotzen diren zergaldian, foru arau honen 37. artikuluko e) letran xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.
Aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoak errenta moduan jasotzen badira, foru arau honen 9. artikuluko 39. zenbakian xedatutakoa ez da aplikatuko.»
Zortzi.– 71. artikuluko 1. eta 4. apartatuak honela geratzen da idatzita:
«1.– Berariazko araudian jasotako muga finantzarioak alde batera utzi gabe, gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpen eta kontribuzioengatik aplika daitezkeen murrizpenek muga hauek izango dituzte:
a) 5.000 euro urtean, bazkide, partaide, mutualista eta aseguratuek aurreko artikuluan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenen baturarako (sistema horiek ez dute izan behar hurrengo letretan aipatzen direnak).
b) 8.000 euro urtean, bazkide babesleek, aurreko artikuluko 1. apartatuaren 2. eta 3. zenbakietan aipatzen diren enpleguko pentsio planen sustatzaileek, enpresen gizarte aurreikuspeneko tresna gisa jarduten duten mutualitateek, eta enpresen gizarte aurreikuspeneko planetan edo mendekotasun aseguru kolektiboetan hartzaile direnek bazkide, partaide, aseguratu edo mutualisten alde egin eta haiei egotzitako kontribuzio enpresarialen baturarako, bai eta bazkide, partaide, aseguratu edo mutualista horiek gizarte aurreikuspeneko sistema horietara egindako ekarpenen baturarako ere, ekarpen horiek negoziazio kolektiboan adostutakoak izan, sozietate kooperatibo eta laboraletako bazkide langileen edo lan bazkideen kasuan planaren erregelamendutik eratorriak izan edo langileak hartutako erabaki baten ondorio izan.
Profesionalak edo banakako enpresaburuak gizarte aurreikuspeneko plan edo mutualitateei, aurreko artikuluaren 1. apartatuko 2. eta 3. zenbakietan aipatutako enpleguko pentsio planei, enpresen gizarte aurreikuspeneko planei edo mendekotasun aseguru kolektiboei egindako ekarpen propioak muga horren barruan sartuko dira, baldin eta enpresaburua edo profesionala, aldi berean, haren sustatzaile eta partaide, edo mutualista, hartzaile edo bazkide babesle eta onuradun bada, betiere ekarpen horiek proportzionaltasun maila bat dutenean profesionalak edo banakako enpresaburuak bere kargura dituen langileen alde egiten dituen ekarpenekiko, kontuan hartuta soldataren portzentaje bat, proportzio ekonomiko bat edo antzeko beste inguruabar batzuk.
Aurreko paragrafoaren arabera gizarte aurreikuspeneko planei egindako ekarpen horiek erregelamenduz ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
c) 4.000 euro urtean, enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenen baturarako, baldin eta sistema horietan partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak badira.
Ulertuko da beren kargura langilerik ez duten norberaren konturako langileek edo autonomoek enpleguko aurreikuspen sistemei egindako ekarpenak muga horren barruan daudela.
Ez dira c) letra honetan jasotako mugaren barruan sartuko kooperatibetako eta lan sozietateetako bazkide langileek edo lan bazkideek egindako ekarpenak.
d) 1. apartatu honen aurreko a), b) eta c) letretan jasotakoa gorabehera, eta betiere letra horietan ezarritako mugak errespetatuta, gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik eta enpresen kontribuzioengatik aplika daitezkeen murrizpenek 10.000 euroko baterako muga izango dute urtean, eta enplegu sistemetara egindakoei emango zaie lehentasuna.»
«4.– Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, zergaldi berean ekarpenak eta kontribuzio enpresarialak daudenean, aurrenik enplegu sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioei dagokien murriztapena aplikatuko da, eta gero enplegukoak ez diren sistemei egindako ekarpenena; nolanahi ere, 1. apartatuko a), b), eta c) eta d) letretan ezarritako mugak beti izango dira aplikagarriak.»
Bederatzi.– VII. tituluari VI bis kapitulua gehitzen zaio, eduki honekin:
«VI bis kapitulua.
Kenkariak gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik.
90 bis artikulua. Kenkaria borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan sartuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindako ekarpenengatik.
1.– Zergadunek ekarpenak egiten badizkiete borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei, kenkari bat aplikatu ahal izango dute zergaren kuota osoan, baldintza hauekin:
a) Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 3koa edo handiagoa eta 100eko 5etik beherakoa denean, kenkaria 100eko 15ekoa izango da.
b) Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 5ekoa edo handiagoa eta 100eko 8tik beherakoa denean, kenkaria 100eko 20koa izango da.
c) Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 8koa edo handiagoa denean, edo zergaren sortzapen datan zergadunak 36 urte baino gutxiago dituenean, kenkaria 100eko 25ekoa izango da.
2.– Kenkariaren oinarria hauxe izango da: zergadunak negoziazio kolektiboaren ondorioz egindako ekarpenen batura, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute foru arau honetan aurreikusitako terminoetan.
3.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira.
Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
4.– Aurreko 3. apartatuan xedatutakoa kuota osoa nahikoa den lehen zergaldian aplikatuko da, baina betiere egin gabeko kenkariak osorik edo partez aplikatuko diren zergaldian kontzeptu horiengatik sortutako kenkaria aplikatu aurretik.»
«90 ter artikulua.– Kenkaria enpleguko gizarte aurreikuspen sistemei egindako ekarpenengatik, sistema horietan partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean edo ekarpenak egiten dituztenak beren kargura langilerik ez duten langile autonomoak direnean.
1.– Zergadunek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenengatik, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoengatik ere, 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango da zergaren kuota osoan, sistema horien partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako portzentajea 100eko 15ekoa izango da ekarpenak egiten dituen pertsonak 36 urte baino gutxiago baditu zergaren sortzapenaren egunean edo ekarpenak borondatezko aurreikuspeneko entitateetan sartutako lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindakoak badira.
Aurreko paragrafoetan jasotako kenkaria aplikatuko da, halaber, beren kargura langilerik ez duten norberaren konturako langileek edo autonomoek enpleguko aurreikuspen sistemetarako egindako ekarpenak direnean.
2.– Kenkariaren oinarria zergadunak egindako ekarpenen batura izango da, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute foru arau honetan aurreikusitako terminoetan.
3.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira.
Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
4.– Aurreko 3. apartatuan xedatutakoa kuota osoa nahikoa den lehen zergaldian aplikatuko da, baina betiere egin gabeko kenkariak osorik edo partez aplikatuko diren zergaldian kontzeptu horiengatik sortutako kenkaria aplikatu aurretik.»
Hamar.– 104.1 artikuluari m) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«m) 19.2 artikuluko b) letran aurreikusitako araubidearen aplikazioa, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketa (hogeita hamaseigarren xedapen iragankorrean jasotakoa) aintzat hartuta.»
Hamaika.– Hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarriaren c) letra honela geratzen da idatzita:
«c) Zergadunak pentsio plan eta funtsen araudian zehaztutakoez bestelako kasuetan baliatzen baditu, osorik edo partez, banakako pentsioen produktu paneuroparrei egindako ekarpenetatik eratorritako eskubide ekonomikoak, behartuta egongo da zerga oinarrian bidegabe aplikatutako murriztapenak itzultzera, bidezko autolikidazio osagarrien bitartez, berandutze interesak sartuta.
Jasotzen diren kopuruek egindako ekarpenen zenbatekoa gainditzen badute, lan etekin gisa tributatuko dute jasotzen diren zergaldian, foru arau honen 37. artikuluko e) letran xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.
Aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoak errenta moduan jasotzen badira, foru arau honen 9. artikuluko 38. zenbakian xedatutakoa ez da aplikatuko.»
Hamabi.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, berrogeigarrena, honela dioena:
«Berrogeigarren xedapen gehigarria. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan sartuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindako ekarpenak.
1.– 2025etik 2029ra bitarteko zergaldietan ondorioak izateko, zergadunek ekarpenak egin badituzte, negoziazio kolektiboaren ondorioz borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planetara, eta horiek zerga oinarri orokorra murriztu badute, ekarpen horiek eskubidea emango dute zergaren kuota osoan 100eko 10eko kenkaria aplikatzeko, baldin eta ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordinaren 100eko 3 baino txikiagoa bada.
2.– Kenkariaren oinarria hauxe izango da: zergadunak negoziazio kolektiboaren ondorioz egindako ekarpenen batura, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute foru arau honetan aurreikusitako terminoetan.
3.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira.
Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
Aurreko 3. apartatuan xedatutakoa kuota osoa nahikoa den lehen zergaldian aplikatuko da, baina betiere egin gabeko kenkariak osorik edo partez aplikatuko diren zergaldian kontzeptu horiengatik sortutako kenkaria aplikatu aurretik.»
Hamahiru.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, berrogeita batgarrena, honela dioena:
«Berrogeita batgarren xedapen gehigarria. Enpleguko aurreikuspen sistemei egindako ekarpenen araubidea, sistema horiek borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratutako lehentasunezko aurreikuspen planak ez direnean.
Foru arau honen 90 bis artikuluan, 90 ter artikuluan eta berrogeigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa aplikagarria izango zaie borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratutako lehentasunezko aurreikuspen planak ez diren enpleguko aurreikuspen sistemetara egindako ekarpenei, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoei ere, baldin eta, sistema horien zehaztapenekin bat etorriz, ekarpen horietan betetzen badira borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko aurreikuspen planetarako ezarritako araudian jasotzen diren beharkizunak.»
Hamalau.– Berrogeita bigarren xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, honela dioena:
«Berrogeita bigarren xedapen gehigarria.– Gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenetatik eta kontribuzio enpresarialetatik zuzenean eratorritako etekin positiboak.
Aurreikuspen sistemari egindako lehen ekarpena 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen egin bada, eta behartutako entitateek oraindik ez badute ezagutzen gizarte aurreikuspeneko sistemetan integratutako eskubide ekonomikoen zein zati dagokion foru arau honen 37.e) artikuluan aipatzen den etekinari, eta, beraz, datu hori Zerga Administrazioaren esku jartzen ez badute, aipatutako etekina honako hau izango da: prestazioak jasotzen dituen pertsonak aurreikuspen sisteman duen antzinatasun urte bakoitzeko jasotako prestazioaren zenbatekoari 100eko 1eko portzentajea aplikatzearen emaitza, prestazio horien 100eko 35eko mugarekin.
Ondorio horietarako, prestazioak jasotzen dituen pertsonak aurreikuspen sisteman zein antzinatasun duen zehazteko, prestazioa errenta moduan jasotzeko eskubidea aitortu arte igarotako urte kopurua konputatuko da.
Behartutako entitateek ez badute ezagutzen zein antzinatasun duen jasotzaileak gizarte aurreikuspeneko sisteman, eta, beraz, datu hori ezin badute jarri Zerga Administrazioaren esku, xedapen gehigarri honetako aurreko paragrafoan aipatzen den etekina jasotako prestazioaren zenbatekoari 100eko 25eko portzentajea aplikatuta kalkulatuko da.
Erregelamenduz bestelako erregelak ezarri ahal izango dira xedapen gehigarri honetan xedatutakoa aplikatzeko.»
Hamabost.– Beste xedapen iragankor bat sartzen da testuan, hogeita hamaseigarrena, honela dioena:
«Hogeita hamaseigarren xedapen iragankorra.– Araubide iragankorra foru arau honen 18. artikuluko a) letran aipatzen diren prestazioak kapital moduan jasotzen diren kasurako, 6. zenbakian aurreikusitakoak kanpoan utzita.
Zergadunek zilegi izango dute foru arau honen 18. artikuluko a) letran aipatzen diren prestazioen zatiari 19. artikuluaren 2. apartatuko b) letran aurreikusitako araubidea aplikatzea 2025eko abenduaren 31n indarrean dagoen idazketaren arabera, baldin eta prestazio horiek, 6. zenbakian aurreikusitakoak kanpoan utzita, kapital moduan jaso badira eta 2026ko urtarrilaren 1 baino lehen egindako ekarpenetatik eta kontribuzio enpresarialetatik badatoz.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, foru arau honen 37. artikuluko e) letran eta 63. artikuluko b) letran xedatutakoa ez da aplikatuko.»
8. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 66 quinquies artikulua gehitzen da, eduki honekin:
«66 quinquies artikulua.– Kenkaria borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratutako lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei enpresek egindako kontribuzioengatik.
1.– Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei enpresek egindako kontribuzioek eskubidea emango dute zergaren kuota likidoan kenkari bat aplikatzeko, baldintza hauetan:
a) Enpresek egindako eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzio horiek entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 1,5ekoa edo handiagoa eta 100eko 2,5etik beherakoa bada, kenkaria 100eko 15ekoa izango da.
b) Enpresek egindako eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzio horiek entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 2,5ekoa edo handiagoa eta 100eko 4tik beherakoa bada, kenkaria 100eko 20koa izango da.
c) Enpresek egindako eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzio horiek entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako urteko soldata gordin osoaren 100eko 4koa edo handiagoa bada edo zergaren sortzapen datan 36 urte baino gutxiago dituzten pertsonen alde egindakoak badira, kenkaria 100eko 25ekoa izango da.
2.– Kenkariaren oinarria negoziazio kolektiboaren ondorioz egin eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzioen batura izango da.»
Bi.– 66 sexies artikulua gehitzen da, eduki honekin:
«66 sexies artikulua.– Kenkaria enpresek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako kontribuzioengatik.
1.– Enpresek foru arau honen 66 quinquies artikuluan aurreikusitakoez bestelako kontribuzioak egiten badituzte enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemetara, kontribuzio horiengatik 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango da zergaren kuota likidoan, betiere baldin eta haien zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 1,5ekoa edo handiagoa bada edo zergaren sortzapen egunean 36 urte baino gutxiago dituzten pertsonen alde egindakoak badira.
Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatuko zaie, baldintza berberetan, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenei, baldin eta, haien zehaztapenekin bat etorriz, aurreko paragrafoan jasotako aurreikuspen sistemei aplikatu beharreko araudian ezartzen diren beharkizunak betetzen badituzte.
2.– Kenkariaren oinarria negoziazio kolektiboaren ondorioz egin eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzioen batura izango da.»
Hiru.– Edukia ematen zaio 128.1 artikuluko u) letrari, eta honela geratzen da idatzita:
«u) Gizarte aurreikuspeneko planei hogeita bost eta hogeita seigarren xedapen gehigarrietan aurreikusitako kontribuzioengatik aplikatzen diren kenkariak.»
Lau.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita seigarrena, honela dioena:
«Hogeita seigarren xedapen gehigarria.– Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindako kontribuzioak.
1.– 2025eko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan ondorioak izateko, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindako kontribuzioak fiskalki egotzi bazaizkie langileei eta negoziazio kolektiboaren ondorio badira, eskubidea emango dute zergaren kuota likidoan 100eko 10eko kenkaria aplikatzeko, baldin eta enpresak egindako kontribuzio horiek entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 1,5etik beherakoak badira.
2.– Kenkariaren oinarria negoziazio kolektiboaren ondorioz egin eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzioen batura izango da.
3.– Kenkari honi foru arau honen 59. eta 67. artikuluetan ezarritako erregelak aplikatuko zaizkio.»
Bost.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita zazpigarrena, honela dioena:
«Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.– Enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako kontribuzioak.
1.– 2025eko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan ondorioak izateko, enpleguko gizarte aurreikuspeneko planei egindako kontribuzioak, foru arau honen 66 sexies artikuluan aipatutakoak, fiskalki egotzi bazaizkie langileei eta negoziazio kolektiboaren ondorio badira, eskubidea emango dute zergaren kuota likidoan 100eko 5eko kenkaria aplikatzeko, baldin eta enpresak egindako kontribuzio horiek entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 1,5etik beherakoak badira.
2.– Kenkariaren oinarria negoziazio kolektiboaren ondorioz egin eta langileei fiskalki egotzitako kontribuzioen batura izango da.
3.– Kenkari honi foru arau honen 59. eta 67. artikuluetan ezarritako erregelak aplikatuko zaizkio.»
Sei.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita zortzigarrena, honela dioena:
«Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria.– Enpleguko aurreikuspen sistemei egindako kontribuzioen araubidea, sistema horiek borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko aurreikuspen planak ez direnean.
Foru arau honen 66 quinquies artikuluan eta hogeita seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa aplikagarria izango zaie borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratutako lehentasunezko aurreikuspen planak ez diren enpleguko aurreikuspen sistemetara egindako kontribuzioei, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoei ere, baldin eta, sistema horien zehaztapenekin bat etorriz, kontribuzio horietan betetzen badira borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko aurreikuspen planetarako ezarritako araudian jasotzen diren beharkizunak.»
IV. KAPITULUA
FISKALITATE BERDEA
9. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025etik 2035era bitarteko zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 17. artikuluko 2. apartatuari k) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«k) Pertsona edo entitate enplegatzailearen jabetzako bizikletak erabiltzea langilea ohiko bizilekutik lantokira eta alderantziz joateko. Ondorio horietarako, haien barne sartzen dira motor elektrikoz lagundutako bizikleta pedaldunak, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 (EB) Erregelamenduan definituak.»
Bi.– 27. artikuluko 5. erregela bereziaren bigarren apartatua honela geratzen da idatzita:
«Bi.– Zergadunak modu sinesgarrian frogatzen duenean ibilgailua jarduera ekonomikoa garatzeko bakarrik erabiltzen duela, gastu horiek kengarriak izango dira urteko muga hauekin:
a) Oro har, bi zenbateko hauetatik txikiena: 6.000 euro, edo, errentamendu, lagapen edo balio galera kontzeptuengatik, zergadunak erabilitako amortizazio portzentajea bider 30.000 euro eginez ateratzen den zenbatekoa. Bateriako ibilgailu elektrikoen (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoen (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoen (FCV) eta erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoen (FCHV) kasuan, kopuru horiek 8.000 eta 40.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.
Jarduera garatzeko bakarrik erabiltzen den ibilgailua eskualdatzen denean edo aktibotik baja ematen zaionean, irabazia edo galera kalkulatuko da ibilgailuaren eskurapen prezioa edo produkzio kostua aintzat hartuta, baina, betiere aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera kendutako amortizazioak gutxitu ondoren eta, gainera, erregela hauek aplikatuta:
– Galera bat jartzen bada agerian, hura kengarria izango da, muga hau aplikatuta: ibilgailua eduki den denboran a) letra honen lehen paragrafoan jasotakoaren arabera kendutako kopuruak 30.000 edo 40.000 eurotik gutxituta ateratzen den zenbatekoa.
– Irabazi bat lortzen bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 40. artikuluko 9. apartatuan aurreikusitako zuzenketa monetarioa kalkulatzeko, ibilgailuaren eskurapen prezioa edo produkzio kostua hartuko da kontuan, 30.000 edo 40.000 euroko mugarekin, hala badagokio, bai eta a) letra honen lehen paragrafoan xedatutakoaren arabera kendutako amortizazioak ere. Horrela kalkulatutako zuzenketa monetarioak ezingo du gainditu eskualdaketa horretan lortutako irabaziaren muga.
b) 7.200 euro, ibilgailuen erabilerarekin zerikusia duten gainerako kontzeptuengatik.
Zergadunak ez badu ibilgailua erabili urtearen parte batean, zenbaki honetan adierazitako mugak erabilitako denboraren proportzioan kalkulatuko dira.»
Hiru.– 60. artikuluaren 2. apartatuko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Turismo ibilgailuak eta haien atoiak, motorrak, ziklomotorrak eta motozikletak, aireontziak eta aisiako edo ur kiroletako ontziak, denak ere ordaintzailearen jabetzakoak, erabili edo entregatzen diren kasuetan:
a`) Garraiobidearen entrega egiten bada, pertsona edo entitate ordaintzailearentzat izan duen eskurapen kostua hartuko da, eragiketa kargatzen duten tributuak barne.
b`) Garraiobidearen erabilera kasuan, aurreko paragrafoan aipatzen den kostuaren urteko 100eko 20 hartuko da.
Bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoak (FCV) edo erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoak (FCHV) badira, b´) letra honetan aurreikusitakotik ondorioztatzen den balorazioa 100eko 30 murriztu ahal izango da.
c´) Erabili ondoren entrega egiten bada, azken horren balorazioa aurreko erabileraren ondorioz ateratzen den balorazioa kontuan izanda egingo da.
Adierazitako garraiobideak ez badira ordaintzailearen jabetzakoak, horien erabileraren balorazioa ordaintzailearentzat dakarten kostua hartuko da kontuan, tributuak eta gastuak barne.
Aurreko kasuetako edozeinetan, ibilgailuaren erabilerak berezkoak dituen gastu guztiak, hala nola konponketak, erregaia, aparkaleku zerbitzua eta ordainpeko autobideak, pertsona edo entitate ordaintzaileak ordaintzen dituenean, harentzat dakarten kostua hartuko da.
Ibilgailua lanerako eta xede partikularretarako erabiltzen denean, gauzazko ordainsariaren balorazioa b) letra honetan ezarritako erregelak aplikatuta ateratzen denaren 100eko 50 izango da.»
Lau.– VII. tituluari VI ter kapitulua gehitzen zaio, eduki honekin:
«VI ter kapitulua.
Kenkariak mugikortasun jasangarriaren eta efizientzia eta trantsizio energetikoaren eremuan.
90 quater artikulua.– Kenkaria etxebizitzetako efizientzia energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak integratzeko obrengatik.
1.– Zergadunek 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute egiten dituzten obra eta/edo instalazioetan ordaindutako zenbatekoengatik, haien xedea honako hau denean:
– Berokuntza eta hozte eskaria murriztea beren ohiko etxebizitzan edo une horretan errentan emanda daukan bere titulartasuneko beste edozein etxebizitzatan, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzea beren ohiko etxebizitzan edo une horretan errentan emanda daukan bere titulartasuneko beste edozein etxebizitzatan, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Birgaitze energetikoko obrak egitea batez ere bizitegi erabilera duten eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko, baldin eta zergadunak bere jabetzako etxebizitza bat badu bertan, bere ohiko etxebizitza dena edo une horretan errentan emanda daukana, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Kenkari honen ondorioetarako, obra eta instalazio hauek bakarrik hartuko dira kontuan:
a) Energia berriztagarriak erabiltzea ahalbidetzen duten sorkuntzako ekipo hauen instalazioa:
a`) Eraikinaren edo etxebizitzaren eskari termikoa (berokuntza eta etxeko ur beroa) estaltzeko biomasako galdarak.
b´) Eraikinaren edo etxebizitzaren eskari termikoa (berokuntza eta etxeko ur beroa) estaltzeko aerotermia, hidrotermia eta geotermia sistemak.
c`) Eraikinaren edo etxebizitzaren autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoak, autokontsumo hori indibiduala izan zein partekatua izan.
d´) Eraikinaren edo etxebizitzaren etxeko ur beroaren eskaria estaltzeko eguzki instalazio termikoak.
Aurreko letretan aipatzen diren ekipoen instalazioarekin parekatuko da entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein tresna bazkide, akziodun, elkartu, partaide edo antzeko gisa eskuratzea, baldin eta entitate horien sozietate xede nagusia energia termikoa eta/edo elektrikoa sortzeko proiektuak gauzatzea bada, baliabide berriztagarrietatik abiatuta eta ekipo horietan inbertituta. Bi unetan harpidetu beharko dira adierazitako tresnak: entitatea eratzeko unean, edo, bestela, eraketa horren ondorengo bost urteetan egindako kapital zabalkuntza batean.
Zergadunaren zuzeneko edo zeharkako partaidetzak ezingo du gainditu entitatearen kapital sozialaren edo haren boto eskubideen 100eko 10. Zergaduna familia unitate batean integratuta dagoenean, muga hori aplikatzeko, familia unitateko kide guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.
b) Etxebizitzaren efizientzia energetikoa hobetzea helburu duten proiektuak, jarduketa indibidual edo kolektiboen bidez eraikin osoan egindakoak, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa gutxienez 100eko 30 murriztea dakartenak, edo etxebizitzaren edo eraikinaren kalifikazio energetikoa hobetzea eta "A" edo "B" motakoa lortzea xede duten proiektuak.
3.– Kenkariaren oinarrian artikulu honen 2. apartatuan aipatutako obra eta instalazioengatik ordaindutako zenbatekoak sartuko dira.
Ondorio horietarako, egindako obra eta instalazioengatik ordaindutako zenbatekotzat hartuko dira obrak gauzatzeko beharrezkoak gertatzen direnak, honako hauek ere barnean direla: ordainsari profesionalak, proiektu teknikoak idazteko kostuak, obren zuzendaritza, obrak edo instalazioak gauzatzeko kostua, ekipo eta materialetan egindako inbertsioa eta obrak garatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk, bai eta efizientzia energetikoren ziurtagiriak ematea ere. Halaber, kenkariaren oinarrian sartuko dira entitateen funts propioetan aurreko 2. apartatuaren a) letrako azken bi paragrafoetan aipatutako parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein tresna eskuratzeko ordaindutako kopuruak. Nolanahi ere, jatorri fosileko erregaiak erabiltzen dituzten instalazioetan ekipoak instalatu edo ordezteagatik izandako kostuak ez dira sartuko zenbateko horietan.
Obrak jabeen erkidego batek egindakoak badira, zergadun bakoitzaren kenkariaren oinarria kalkulatuko da jabeen erkidegoak ordaindutako zenbatekoei, aurreko paragrafoan aipatutakoei hain zuzen, zergadunak erkidego horretan duen partaidetza koefizientea aplikatuta.
Urteko gehieneko oinarri kengarria 20.000 eurokoa izango da.
Laguntza publikoen programa bati helduta dirulaguntzak jaso badira edo jasotzeko badaude, eta zerga honen araudia aplikatuta dirulaguntza horiek salbuestekoak badira, aurreko paragrafoetan aurreikusitakotik ondorioztatzen den oinarri kengarritik dirulaguntza horien zenbatekoa murriztuko da.
4.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira. Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
5.– Kenkari hori ez da bateragarria izango inbertitutako zenbateko berberei dagokienez foru arau honen 87. eta 87 bis artikuluetan aurreikusten diren kenkariekin.
6.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkariak aplikatu ahal izateko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Artikulu honen 2. apartatuko a) letran aipatzen diren sorkuntzako ekipoak instalatu badira, zergadunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du bertan zehatz-mehatz deskribatuta zer ekipo instalatu den, eta horri instalatzailearen ziurtagiria eta, kasua bada, organo eskudunaren aurrean erregistratu izanarena erantsiko zaio.
Eraikinaren edo etxebizitzaren autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoen kasuan, izan autokontsumo hori indibiduala izan partekatua, horrez gain, Instalazio Elektrikoaren Ziurtagiria (IEZ) ere aurkeztu beharko da, behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoarekin bat (edozein motatako instalazio elektrikoetan), enpresa instalatzaileak emana eta organo eskudunak izapidetua. Orobat, sorkuntzako elementuak abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, organo eskudunak zigilatua.
Entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein tresna eskuratzen diren kasuetan, entitate horien helburu nagusia bada artikulu honen 2.a) apartatuan aurreikusitako instalazioen bidez energia termikoa eta/edo elektrikoa sortzea baliabide berriztagarrietatik abiatuta, kenkarirako eskubidea frogatzeko, bai entitateak berak eta bai akzioak edo partaidetzak eskuratu dituen pertsonak ziurtagiri bat luzatu behar dute exijitutako baldintzak bete izanari buruz, eta, horrez gain, entitatearen eguzki instalazio fotovoltaikoak energia elektrikoaren autokontsumoko erregistro administratiboan inskribatu izanaren identifikazioa edo, kasua bada, gorago adierazitako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko dute.
b) Artikulu honen 2. apartatuko b) letran aurreikusitako proiektuen kasuan, etxebizitzaren edo eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria, proiektua gauzatu aurretik eta gauzatu ondoren teknikari eskudunek emana, letra horretan aurreikusitako beharkizunak betetzen direla frogatzeko.
Efizientzia energetikoaren ziurtagiriak errege dekretu honetan xedatutakoaren arabera egin eta erregistratu beharko dira: 390/2021 Errege Dekretua, ekainaren 1ekoa, eraikinen efizientzia energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onesten duena. Kenkari hau aplikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzearen ondorioetarako, obrak hasi aurretik emandako ziurtagiriak baliozkoak izango dira, baldin eta ziurtagiria eman denetik obrak hasi arte bi urteko epea igaro ez bada.
c) Artikulu honetan aurreikusitako obra eta instalazioetan inbertitutako kopuruei dagozkien fakturak.
Entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein tresna eskuratzen diren kasuetan, entitate horien helburu nagusia bada artikulu honen 2.a) apartatuan aurreikusitako instalazioen bidez energia termiko eta/edo elektrikoa sortzea baliabide berriztagarrietatik abiatuta, horiek harpidetzeko ordaindutako zenbatekoen frogagiriak aurkeztu beharko dira.
7.– Ez dute kenkari hau aplikatzeko eskubiderik emango ez artikulu honen 2. apartatuko a) letran aurreikusitako ekipo eta entitateetan jarduera ekonomikoak garatzeko inbertitutako zenbatekoek, ez jarduera ekonomikoei atxikitako zatian gauzatutako obrek ere.
8.– Artikulu honen 4. apartatuan ezarritakoa gorabehera, kenkaria aplikatuko da hura aplikatzeko ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen direla dagoeneko frogatu direnean, zergaldi hauetan:
– energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko ekipoak behin eskuratuta, bidezko ziurtagiriak lortu diren edo entitateen funts propioetako akzioak edo partaidetzak eskuratu diren zergaldian (azken hori artikulu honen 2. apartatuko a) letran aurreikusitako kasuetan);
– efizientzia energetikoaren ziurtagiria ematen den zergaldian, artikulu honen 2. apartatuko b) letran aurreikusitako kasuetan.
90 quinquies artikulua. Kenkaria ingurumena errespetatzen duten ibilgailu jakin batzuk eskuratzeagatik.
1.– Zergadunek ingurumena errespetatzen duen ibilgailu berri bat erosten badute, haren eskurapen balioaren 100eko 5 kendu ahal izango dute baldintza hauek betetzen baditu:
1.a Ibilgailuek kategoria hauetako batekoak izan behar dute:
a) M1 turismoak: gutxienez lau gurpil dituzten ibilgailu motordunak, bidaiariak garraiatzeko diseinatuak eta fabrikatuak, gidariaren eserlekuaz gain gehienez zortzi plaza dituztenak.
b) L6e kuadriziklo arinak: hutsean 425 kg-ko edo gutxiagoko masa duten kuadriziklo arinak, baterien masa sartu gabe, fabrikazioz, gehienez 45 km/h-ko abiadura edo handiagoa eta gehienez 6 kW-ko potentzia edo handiagoa dutenak.
c) L7e kuadriziklo astunak: lau gurpileko ibilgailuak, abiatzeko gertu daudenean 450 kg-ko masa edo txikiagoa dutenak (baterien masa sartu gabe) bidaiariak garraiatzeko direnean, eta 600 kg-koa edo txikiagoa dutenak salgaiak garraiatzeko direnean, kuadriziklo arintzat sailkatu ezin direnak.
d) L3e, L4e, L5e motozikletak: bi gurpileko edo, ibilgailuaren luzerako erdiko ardatzarekiko, hiru gurpil simetriko edo asimetrikoko ibilgailuak, 50 cm3-tik gorakoak edo 50 km/h-tik gorako abiadura dutenak, ibilgailuaren pisu gordina tona bat baino handiagoa ez denean.
2.a Ibilgailuen modeloek Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAEren) Ibilgailuen Basean agertu beharko dute, bai eta honako baldintza hauek bete ere:
a) M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, mota hauetakoren batekoak izatea exijituko da:
i) Bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), bakar-bakarrik motor elektrikoen bidez propultsatuak, energia osoa edo parte bat beren baterien elektrizitatetik hartzen dutenak, eta bateria horiek kargatzeko ibilgailuz kanpoko iturri bat darabiltenak, sare elektrikoa, esaterako.
ii) Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), bakar-bakarrik motor elektrikoen bidez propultsatuak, energia osoa edo parte bat beren baterien elektrizitatetik hartzen dutenak, bateria horiek kargatzeko ibilgailuz kanpoko iturri bat darabiltenak, eta haien kargarako ere gasolina edo gasoliozko barne errekuntzako motorra ere daramatenak.
iii) Erregai pilako ibilgailu elektrikoa (FCV): ibilgailu elektrikoa, barruan daukan hidrogenozko erregai pila batetik iristen zaion energia elektrikoa baino erabiltzen ez duena.
iv) Erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoa (FCHV): ibilgailu elektrikoa, erregai pilaz gainera bateria elektriko kargagarriak ere badituena.
b) L kategoriako ibilgailuen kasuan, baldintza hauek bete behar dira:
i) Motor elektrikoen bidez bakarrik propultsatuak izatea eta ibilgailu elektriko gisa homologatuta egotea.
ii) Motozikleta elektriko berriek (L3e, L4e eta L5e kategoriakoek) ezaugarri hauek eduki behar dituzte: litiozko bateriak eraman, motorraren potentzia 3 kW-koa edo handiagoa izan, eta gutxienez 70 km-ko autonomia eduki.
3.a Ibilgailuak ezin izango dira atxiki jarduera ekonomiko bati.
4.a Aurreneko matrikulazioa Espainian egina eduki behar dute, zergadunaren izenean.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako kenkaria eskurapen balioaren 100eko 10ekoa izango da zergadunak txatarrera eraman duenean bere titulartasuneko ibilgailua, erregelamenduz aurreikusitako baldintzetan.
3.– Kenkari horren oinarria ibilgailuaren eskurapen balioa izango da, eskurapenak sortutako gastu eta tributuak barne.
Kenkari honen gehieneko oinarria 10.000 eurokoa izango da L3e, L4e eta L5e motozikleten kasuan, eta 40.000 eurokoa gainerakoetan.
Laguntza publikoen programa bati helduta dirulaguntzak jaso badira edo jasotzeko badaude, eta zerga honen araudia aplikatuta dirulaguntza horiek salbuestekoak badira, aurreko paragrafoetan aurreikusitakotik ondorioztatzen den oinarritik dirulaguntza horien zenbatekoa murriztuko da.
Zergadunak aurreko 1. apartatuko ibilgailuetako baten erosketa bakar batengatik aplikatu ahal izango du apartatu honetan aurreikusitako kenkaria.
4.– Kenkari honen ondorioetarako, eskurapenarekin parekatuko da pertsona edo entitate errentatzaile batek aurreko 1. apartatuan aipatu diren ibilgailuetako bat jartzea zergadunaren esku, adostutako kuota batzuen truke, denbora jakin batean zehar.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, kenkariaren oinarria zergaldian ordaindutako kuota guztiek osatuko dute, betiere, aurreko 3. apartatuan aurreikusitako gehieneko oinarria kontuan hartuta.
5.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren ibilgailuak eskuratu ondoren horiek jarduera ekonomiko bati atxikitzen bazaizkio, egindako kenkarirako eskubidea galduko da, eta zergadunak bere egoera tributarioa erregularizatu beharko du atxikimendu hori egiten den ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze interesak ere sartuko dira.
90 sexies artikulua.– Kenkaria ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeagatik.
1.– Zergadunek errekarga puntuak instalatzen badituzte beren jabetzako finka batean edo jabe gisa partaidetza kuota bat esleitua duten garaje komunitarioan, horien helburua izanik beren ibilgailu elektrikoak eta xede partikularretarako erabilitakoak kargatzea, puntu horiek instalatzeko ordaindutako kopuruengatik 100eko 15 kendu ahal izango dute.
2.– Aurreko 1. apartatuan aipatzen den kenkariaren oinarriak 5.000 euroko gehieneko muga izango du zergadun eta instalazio bakoitzeko, eta esandako finkan edo garaje komunitarioan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuaren instalazioa amaitu eta abian jartzen den zergaldian aplikatuko da.
3.– Kenkariaren oinarria osatzen duten kopuruetatik kendu egingo dira zergadunak kontzeptu kengarri horrengatik jaso ditzakeen dirulaguntza salbuetsiak.»
Bost.– 104.1 artikuluari l) letra gehitzen zaio, eta honela dio:
«l) Ingurumena errespetatzen duten ibilgailu jakin batzuk erosteagatik eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeagatik aplikatzekoak diren kenkariak, 90 quinquies eta 90 sexies artikuluetan arautuak.»
Sei.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hamazazpigarrena, honela dioena:
«Hogeita hamazazpigarren xedapen iragankorra.– Ohiko etxebizitzan eguzki energia elektrikoa hornitzeko inbertsioengatik araututako kenkariari aplikatu beharreko araubide iragankorra.
1.– Errentariek, azpierrentariek eta usufruktudunek inbertsioak egiten badituzte 2025eko zergaldian, eta foru arau honen 87 bis artikuluan xedatutakoaren arabera (2024ko abenduaren 31n indarrean dagoen idazketa aintzat hartuta), inbertsio horiek kengarriak baldin baziren eguzki energia elektrikoa ohiko etxebizitzan hornitzeko egindako inbertsioengatik, artikulu horrek 2024ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketari jarraituta aplikatu ahal izango dute kenkaria.
2.– Zergadunek kenkarirako eskubidea sortu badute 87 bis artikuluak 2024ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketa aintzat hartuta, eta kenkariak aplikatzea ezinezko gertatu bazaie kuota osoa nahikoa ez izateagatik, hurrengo zergaldietan aplikatu ahal izango dute, artikulu horrek 2024ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketako baldintzetan.
3.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, foru arau honen 87 bis artikuluko 5. apartatuan aurreikusitako baldintzak, 2024ko abenduaren 31n indarrean dagoen idazketan jasotakoak, ez dira exijituko.»
10. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik 2035eko abenduaren 31ra arte hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek egiten dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen dira 21. artikuluko 1. eta 2. apartatuak:
«1.– Honako hauek askatasunez amortiza daitezke:
a) Ibilgetu materialeko eta ukiezineko elementuak, unitateko balioa 1.500 eurotik gorakoa ez bada, haien eskurapen eguna edozein dela ere.
b) Foru arau honetako 13. artikuluan aipatutako mikroenpresek eta enpresa txikiek erosten dituzten ibilgetu materialeko elementu berriak, betiere ondorengo letra eta apartatuetan jasotakoa eragotzi gabe, bai eta enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta zergaldian sinatutako obra kontratu baten bidez enkargatutakoak ere, baldin eta kontratua amaitzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen jartzen badira enpresaren esku.
c) Ibilgetu material eta ukiezineko elementuak, eraikinak izan ezik, ikerketa eta garapen jarduerei atxikita daudenean.
Eraikinak zati berdinetan amortizatu ahal izango dira, hamar urtetan zehar, eraikinok ikerketa eta garapen jarduerei atxikita dauden zatian.
d) Ibilgetu ukiezin moduan aktibatu diren ikerketa eta garapen gastuak, salbu amortizazio askatasuna duten elementuen amortizazioak.
e) Ibilgetu materialeko elementu berriak, baldin eta enpresaren jarduerak duen eragin kutsagarria murrizteari eta zuzentzeari lotuta badaude zuzenean.
f) Lurzoru kutsatuak garbitzearekin zuzenean lotuta dauden ibilgetu materialeko eta ukiezineko elementuak, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ofizialek onetsi dituzten proiektuetarako badira.
g) Foru arau honetako 13. artikuluan aipatzen diren mikroenpresek eta enpresa txikiek bateriako ibilgailu elektriko berriak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoak (FCV) eta erregai pilako elektriko hibridoak (FCHV) egiteko inbertsioak.
h) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura berrietan egiten diren inbertsioak, foru arau honetako 13. artikuluan aipatzen diren mikroenpresek eta enpresa txikiek eginak, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 13ko 2023/1804/EB Erregelamenduan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu hori ordezko erregaietarako azpiegitura bat ezartzeari buruzkoa da, eta 2014/94/EB Zuzentaraua indargabetzen du.
Zergadunak berak eskatu beharko du aurreko e) eta f) letretan aipatutako amortizazio askatasuna aplikatzeko, eta Zerga Administrazioak onartu beharko du, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, gaiaren arabera eskumena duten organoek txostena eman ondoren.
Apartatu honetan araututako amortizazio askatasuna aplikagarri zaien ondare elementuak funtzionatzen hasten diren egunetik hasita erabili ahal izango da, elementu horien balio bizitzan zehar. Balio bizitza zer den foru arau honetako 16. artikuluko 7. apartatuan zehaztu da.
2.– Foru arau honetako 13. artikuluan aipatutako enpresa ertainek erosten dituzten ibilgetu materialeko elementu berriak (artikulu honetako 4. apartatuko lehen eta bigarren paragrafoetan ezarritakoak izan ezik) foru arau honetako 17. artikuluko taulan ezarritako gehieneko amortizazio koefizientea 1,5ekin biderkatuta ateratzen den koefizientearen arabera amortizatu ahal izango dira funtzionatzen hasten direnetik aurrera, baita enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak, eta zergaldian sinatutako obra kontratuen bidez enkargatutakoak ere, baldin eta kontratua amaitzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen jartzen badira enpresaren esku.
Bereziki, bateriako ibilgailu elektriko berrietan (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoetan (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoetan (FCV), erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoetan (FCHV) eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura berrietan egiten diren inbertsioak, foru arau honetako 13. artikuluan aipatzen diren enpresa ertainek eginak, amortizatu ahal izango dira, foru arau honetako 17. artikuluan jasotzen den taularen arabera dagokion gehieneko amortizazio koefizientea 1,5ekin biderkatuta ateratzen den koefizientearen arabera, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 13ko 2023/1804/EB Erregelamenduan ezarritako definizioaren arabera (erregelamendu hori ordezko erregaientzako azpiegitura bat ezartzeari buruzkoa da, eta 2014/94/EB Zuzentaraua indargabetzen du).
Nolanahi ere, foru arau honetako 31. artikuluaren 3. apartatuan jasotako turismoko ibilgailu, atoi, ziklomotor eta motozikletei dagokienez, aurreko paragrafoetan aipatutako koefizientea inbertsioaren zenbatekoari aplikatuko zaio, behin, hala badagokio, xedapen horretan kontzeptu horrengatik aurreikusitako mugak aplikatu ondoren.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen dira 31.3 artikuluko a), b) eta c) letrak:
«a) Horiek erosi, errentan jarri, konpondu, mantendu eta balioa galtzearekin zerikusia duten gastuen eta haien erabilerari lotutako beste edozein gasturen 100eko 50 kendu ahal izango da, gehienezko muga hauekin ibilgailu eta urte bakoitzeko:
a’) Oro har, subjektu pasiboak erabilitako amortizazio ehunekoa bider 30.000 euro eginda ateratzen den zenbatekoaren 100eko 50aren edo 3.000 euroren artean txikiena den kopurua, errentamendua, lagapena edo balio galera dela eta. Bateriako ibilgailu elektrikoen (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoen (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoen (FCV) eta erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoen (FCHV) kasuan, kopuru horiek 4.000 eta 40.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.
Ibilgailu bat eskualdatzean edo aktibotik baja ematean, horretatik eratorritako errenta kalkulatzeko, ibilgailuaren erosketa prezioa edo produkzio kostua aintzat hartuko da, behin aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera kendutako amortizazioak gutxituta; gainera, erregela hauek aplikatuko dira.
– Galera bat agerian jartzen bada, hura kengarria izango da, muga hau ezarrita: 30.000 euroren edo, hala badagokio, 40.000 euroren 100eko 50etik a’) letra honek lehen paragrafoan jasotakoaren arabera ibilgailua eduki den denboran kendutako kopuruak gutxituta ateratzen den zenbatekoa. Kalkulu horretatik lortutako zenbatekoa 100eko 100ean izango da kengarria.
– Mozkinak lortzen badira, foru arau honetako 40. artikuluaren 9. apartatuan jasotako moneta zuzenketa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ibilgailuaren erosketa prezioa edo produkzio kostua, gehienez 30.000 euroren edo, hala badagokio, 40.000 euroren 100eko 50eraino eta a’) letra honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoari jarraikiz kendutako amortizazioak. Kalkulu horretatik lortutako zenbatekoa 100eko 100ean izango da kengarria, nahiz eta ezingo den izan eskualdaketarengatik lortutako errenta positiboak baino handiagoa.
b’) Oro har, ibilgailuaren erabilerarekin zerikusia duten gainerako kontzeptuengatik, 3.600 euro.
b) Modu sinesgarrian frogatzen denean ibilgailua jarduera ekonomiko bat egiteko baino ez dela erabiltzen, erabilera horretatik eratorritako gastuak kengarriak izango dira, gehienezko muga hauekin ibilgailu eta urte bakoitzeko:
a’) Oro har, zergadunak erabilitako amortizazio portzentajea 30.000 eurorekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoaren edo 6.000 euroren artean txikiena den kopurua, errentamendua, lagapena edo balio galera dela eta. Bateriako ibilgailu elektrikoen (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoen (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoen (FCV) eta erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoen (FCHV) kasuan, kopuru horiek 8.000 eta 40.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.
Jarduera ekonomikoari bakarrik atxikitako ibilgailu bat eskualdatzean edo aktibotik baja ematean, horretatik eratorritako errenta kalkulatzeko, ibilgailuaren erosketa prezioa edo produkzio kostua aintzat hartuko da, behin aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera kendutako amortizazioak gutxituta; gainera, erregela hauek aplikatuko dira:
– Galera bat agerian jartzen bada, hura kengarria izango da, muga hau ezarrita: 30.000 eurotik edo, hala badagokio, 40.000 eurotik a’) letra honetako lehenengo paragrafoan jasotakoaren arabera ibilgailua eduki den denboran kendutako kopuruak gutxituta ateratzen den zenbatekoa.
Mozkinak lortzen badira, foru arau honetako 40. artikuluaren 9. apartatuan jasotako moneta zuzenketa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira erosketa prezioa edo produkzio kostua, gehienez 30.000 euroraino edo, hala badagokio, 40.000 euroraino, eta a’) letra honetako lehenengo paragrafoari jarraituz kendutako amortizazioak. Horrela kalkulatutako moneta zuzenketaren zenbatekoa ezingo da izan eskualdaketarengatik lortutako errenta positiboak baino handiagoa.
b’) Ibilgailuaren erabilerarekin zerikusia duten gainerako kontzeptuengatik, 7.200 euro.
Halaber, b) letra honetan xedatutakoa aplikagarri izango da, era berean, baldin eta zergaren autolikidazioa aurkeztu aurretik garraio elementua erabiltzen duen pertsonari gauzazko ordainsari gisa dagozkion kopuruak egotzi badira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauaren 60. artikuluan jasotako arauei jarraikiz.
c) Kengarriak izango dira ordezkariek edo merkataritza agenteek joan-etorri profesionaletan darabiltzaten ibilgailuekin zerikusia duten gastuak, alegia, halakoak erostea, alokatzea, konpontzea, mantentze lanak egitea, balio galera edukitzea, galera gertatzea, moneta zuzenketa egitea eta haiek erabiltzearekin lotutako beste edozein gastu, 3. zenbaki honetako b) letraren a’) letrako mugekin
Edonola ere, foru arau honetako 42. artikuluan adierazten den bezala lotutako pertsona batek erabiltzen baditu ibilgailuak, 3. zenbaki honetako a) letran ezarritakoa aplikatuko da.»
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 62. artikuluko 4. apartatua:
«4.– Kenkari portzentajeak hauek izango dira:
a) Zergaldian ikerketa eta garapen jarduerak egiteagatik izandako gastuen 100eko 35, baldin eta gastu horiek foru arau honen 65. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako tipologiakoak badira eta zergadunek horiekin bilatzen duten helburu bakarra ingurumen inpaktu negatiboa nabarmen murriztea bada.
b) Zergaldian ikerketa eta garapen jarduerak egiteagatik izandako gainerako gastuen 100eko 30.
c) Ibilgetu material eta ukiezineko elementuetan egindako inbertsioen 100eko 10, higiezinak eta terrenoak kanpoan utzita, baldin eta bakar-bakarrik ikerketa eta garapen jarduerei atxikita badaude.
Apartatu honen a) eta b) letretan aipatutako gastuak aurreko bi urteetan izandako batez bestekoa baino handiagoak badira, honako hauek aplikatuko dira: aipatutako letretan jasotako portzentajea, batez besteko horretara iritsi arte, 100eko 55 batez besteko horretatik gorako soberakinari, aurreko a) letran aipatutako gastuak direnean; eta 100eko 50, b) letran aipatutako gastuak direnean.
Apartatu honen lehendabiziko bi letretan eta aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera egokia den kenkariaz gain, 100eko 20ko kenkari gehigarri bat egingo da zergaldiko gastu hauengatik.
a') Entitateko langileria gastuengatik, ikerketa eta garapen jarduerei oso-osorik lotutako ikertzaile kualifikatuei dagozkienean.
b’) Ikerketa eta garapen proiektuetan egindako gastuengatik, proiektua hauetako batekin kontratatuta egonez gero: unibertsitateak, ikerketako erakunde publikoak edo zentro teknologikoak eta teknologiaren berrikuntzarako zentroak (hala onartuta eta erregistratuta daudenak estatuko zentro teknologikoak eta teknologiaren berrikuntzarako zentroak arautu eta zentro horien erregistroa sortu duen abenduaren 19ko 2093/2008 Errege Dekretuaren arabera), eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen oinarriak eguneratzen dituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren bidez araututako Teknologiaren Euskal Sarean dauden entitateak.
c’) Foru arau honetako 13. artikuluan xedatutakoaren arabera mikroenpresatzat eta enpresa txikitzat hartzen diren enpresak kontratatzeko gastuengatik, baldin eta, foru arau honetako 65. artikuluaren 1. apartatuan jasotako tipologiei erantzunez, zergadunek egindako jardueren ingurumen inpaktu negatiboa nabarmen murrizten duten inbertsioei soilik lotutako ikerketa eta garapen jarduerak egiten badituzte.
d’) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluaren 1. apartatuko a) letran xedatutakoaren arabera enpresa berritzailetzat hartzen diren enpresen kontratazio gastuengatik.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen da 65. artikulua:
«65. artikulua.– Garapen iraunkorra, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra lortzera bideratutako proiektuetan egiten diren inbertsio eta gastuen kenkaria.
1.– Zergadunek gastu eta inbertsioen zenbatekoaren 100eko 35 kendu ahal izango dute kuota likidotik, gastu eta inbertsio horiek tipologia hauetakoak badira:
a) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, baldin eta energia berriztagarria sortzeko instalazioetan eginak badira.
b) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, baldin eta energetikoki efizienteak diren ekipamenduetan eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan energia berriztagarria kontsumitzen duten instalazioetan eginak badira.
c) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako gastu eta inbertsioak, baldin eta energetikoki efizienteak diren ekipamenduetan eta iturri berriztagarrietatik bakarrik energia errazago garraiatu eta banatzeko instalazioetan eginak badira.
d) Teknologia Garbien Euskal Zerrendako ekipamendu eta instalazioetan egindako inbertsioak.
e) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, baldin eta energetikoki efizienteak diren ekipamenduetan eta emisioak hartzeko instalazioetan eginak badira, haiek erabili, banatu, garraiatu, biltegiratu edo transmititzeko, eta haien xedea energia berriztagarriak sortzea edo prozesu berriztagarrietan erabiltzea bada.
f) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, baldin eta energetikoki efizienteak diren ekipamenduetan eta hondakinak murriztu, birziklatu eta balorizatzeko instalazioetan eginak badira, betiere ekonomia zirkularrari lagunduta.
2.– Zergadunek honako inbertsio hauen 100eko 15 kendu ahal izango dute kuota likidotik:
a) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ofizialek onarturiko proiektuak gauzatzeko ekitaldiaren barruan lur kutsatuak garbitzeko eta izandako gastuak.
b) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, badin eta aktibo horiek ondoren adierazten diren helburuetako bat edo batzuk dituzten proiektuak gauzatzean beharrezkoak badira.
a') Balorizazio materialik izan ezin duten hondakinak energetikoki balorizatzea.
b') Natura guneetako ingurumena leheneratzea, konpentsazio neurriak edo bestelako borondatezko ekintzak gauzatzearen ondorioz, naturan oinarritutako soluzioei (hala nola ekosistemak leheneratzea) arreta berezia jarrita.
Ondorio horietarako, ulertuko da jarduketak ez direla borondatezkoak administrazio ebazpen lotesle edo nahitaezko baten ondorio direnean. Nolanahi ere, administrazio ebazpenagatik nahitaezkoa den jarduketa gainditzen duten inbertsioen zatiak emango du kenkarirako eskubidea.
c’) Ur kontsumoa minimizatzea eta ura araztea.
d’) Egungo ekipamendu eta instalazioak energia eta baliabideen erabileran eraginkortasun handiagoa duten instalazioak ordeztea, eta teknika erabilgarri onenak dituzten ekipo eta instalazioak erostea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauak, Ganadua haztearen ondoriozko emisio industrialei buruzkoak, jasotakoaren arabera (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua).
e’) Mugikortasun eta garraio jasangarria, lehorreko garraioa izan ezik.
3.– Foru arau honetako 67. artikuluan xedatutakoa xedatuta ere, kenkariaren oinarritik gutxituko da kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsio eta gastuak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa.
4.– Artikulu honetako 1. apartatuko d) letran aipatzen den kenkaria zergadunak aplikatuko du. Zergadunak, zerga-administrazioak eskatuta, txosten arrazoitua aurkeztu beharko du, Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak edo hari atxikitako organismo edo erakunde batek emana, frogatzeko egindako inbertsioak Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak Teknologia Garbien Euskal Zerrenda onesteko emandako aginduan aipatzen diren ekipo osoei dagozkiela.
Artikulu honen 1. apartatuko a), b), c), e) eta f) letretan aipatzen diren kenkariak eta 2. apartatuko a) letra zergadunak aplikatu behar ditu, baina, zerga-administrazioak eskatuta, Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak edo hari atxikitako organismo edo erakunde batek emandako txosten arrazoitua aurkeztu beharko du, frogatzeko zergadunak egindako inbertsioek bete egiten dituztela letra horietan ezarritako motak eta xedeak.
Artikulu honen 2. apartatuko b) letran aipatzen den kenkaria zergadunak aplikatu behar du, baina, zerga-administrazioak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundian ingurumenaren arloan eskuduna den sailaren edo hari atxikitako organismo edo erakunde baten ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, ziurtatzeko zergadunak egindako inbertsioek bete egiten dituztela letra horretan ezarritako betekizunak.
5.– Foru arau honetako 67. artikuluko 5. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, iritziko da ez dagoela desatxikipenik artikulu honetan araututako kenkariaz baliatzen diren aktiboak, legeak hala aginduta, hirugarrenei lagatzen zaizkienean.
Era berean, finantza errentamenduko araubidean egindako inbertsioak ere kenkari honetaz baliatu ahal izango dira.
6.– 67. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen diren kenkariak bateraezinak izango dira euren artean. Era berean, elkarrekin bateraezinak izango dira artikulu honetako 1. apartatuan jasotako kenkari modalitateak eta 2. apartatuaren a) eta b) letretan jasotakoak.
7.– Erregelamendu bidez zehaztu ahal izango dira kenkari honen aplikazioa dakarten egitatezko kasuak, eta kenkari hau aplikatzeko prozedura arautuko da.»
Bost.– 66 septies artikulua gehitzen da. Hona hemen bere edukia:
«66 septies artikulua.– Kenkaria bizikletetan inbertitzeagatik eta haiek aparkatzeko egokitutako instalazioetan inbertitzeagatik.
1.– Entitateko langileak beren ohiko bizilekutik lantokira edo alderantziz lekualdatzeko bizikletetan egiten diren inbertsioek eskubidea emango dute kuota likidoan 100eko 10eko kenkaria egiteko, ondorengo apartatuetan jasotako baldintzetan.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, barnean hartzen dira pedalei eragiteko laguntza duten pedaldun bizikletak, motor elektriko osagarridunak, Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 168/2013/EB Erregelamenduan jasotako definizioaren eta ezaugarrien arabera.
Era berean, aurreko paragrafoetan aipatutako bizikletak aparkatzeko egokitutako instalazioetan egindako inbertsioek eskubidea emango dute instalazio horietarako ordaindutako zenbatekoen 100eko 10eko kuota likidoaren kenkaria egiteko, ondorengo apartatuetan jasotako moduan.
2.– Bizikleta bakoitzeko kenkariaren gehieneko oinarria, aurreko apartatuan adierazitakoak kontuan hartuta, honako hau izango da:
– Pedaldun bizikleta motor elektriko lagungarriz lagundutako pedalarekin: 3.000 euro.
– Beste bizikleta mota bat: 500 euro.
3.– Kenkari horren guztizko oinarriak ezin izango du gainditu zergaldi bakoitzeko 15.000 euroko muga, foru arau honen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera mikroenpresa eta enpresa txiki diren enpresentzat, eta 20.000 eurokoa gainerako entitateentzat.
Kenkariaren gehieneko oinarria 10.000 eurokoa izango da aurreko 1. apartatuan aipatutako bizikletak aparkatzeko instalazioetan egindako inbertsioen kasuan.
Foru arau honetako 67. artikuluan xedatutakoa xedatuta ere, kenkariaren oinarritik gutxituko da kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa.
4.– Artikulu honetan jasotako kenkaria baliatzeko, egindako inbertsioak ibilgetu materialaren barruan kontabilizatu beharko dira, gainerako ondare elementuetatik bereizita eta identifikatzeko aukera ematen duen epigrafe batean.»
Sei.– Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra gehitzen da, eduki honekin:
«Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra. Ikerketa eta garapen jarduerengatiko kenkaria aurreko urteekiko gehiegizko gastuetan aplikatzea.
2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan, foru arau honetako 62. artikuluaren 4. apartatuaren bigarren paragrafoan jasotako gehiegizko gastuaren kenkaria 100eko 50ekoa izango da, eta, hala badagokio, honako eragiketa honen ondoriozko gastuaren soberakinari aplikatuko zaio: 62. artikuluaren 4. apartatu horretan a) eta b) letretan jasotako gastuen baturaren eta aurreko bi urteetan ikerketa eta garapen jarduerak egitean egindako gastu guztien batez bestekoaren arteko diferentzia, barnean hartuta foru arau honetako 65. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitako tipologiei erantzuten dieten eta zergadunek egindako jardueren ingurumen inpaktu negatiboa nabarmen murrizten duten inbertsioei dagozkien gastuak.»
11. artikulua.– Aldatzea apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bategina onartzen duena.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, gidoi bat gehitzen zaio apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategineko 12.1 artikuluaren d) letrari. Hona hemen bere edukia:
«– Zuzenean ekonomia zirkularrarekin lotutako xedea duen jarduera ekonomiko bat egitea.
Horretarako, jarduera ekonomiko baten xedea zuzenean ekonomia zirkularrarekin lotuta dagoela ulertuko da jarduera ekonomikoaren helburua hondakinak balorizatzea bada.»
12. artikulua.– Aldatzea Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren uztailaren 5eko 15/1989 Foru Araua.
Aldaketa hauek sartzen dira Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauan:
Bat.– g) letra bat gehitzen zaio 5.1 artikuluari. Hona hemen bere edukia:
«g) 100eko 50erainoko hobari bat, zuzenean ekonomia zirkularrarekin lotutako xedea duen jarduera ekonomiko bat egiteko beharrezkoak diren eraikuntza, instalazio edo obren alde.
Horretarako, jarduera ekonomiko baten xedea zuzenean ekonomia zirkularrarekin lotuta dagoela ulertuko da jarduera ekonomikoaren helburua hondakinak balorizatzea bada.»
Bi.– Beste paragrafo bat, azken aurrekoa, gehitzen zaio 5. artikuluaren 2. apartatuari. Hona hemen bere edukia:
«Aurreko 1. apartatuaren g) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio aurreko 1. apartatuaren a), b), c), d) eta f) letretan aipatutako hobariak aplikatzetik ateratzen den kuotari.»
V. KAPITULUA
PROGRESIBITATEA ETA ABERASTASUNAREN BIRBANAKETA
13. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 9. artikuluko 5. zenbakiaren azken paragrafoa:
«Aurreko paragrafoetan aurreikusitako edozein kasutan gehieneko kopuru salbuetsia ezin izango da 183.600 euro baino gehiago izan. Muga hori bakarra izango da kaleratze edo kargugabetze bakoitzeko, edozein dela ere kalte-ordaina ordaintzeko modua.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 23. artikulua:
«23. artikulua.– Lan etekinaren hobaria.
1.– Lan etekin osoaren eta gastu kengarrien arteko diferentzia positiboak honako hobariak izango ditu:
a) Diferentzia 14.800 eurokoa edo txikiagoa bada, 8.000 euroko hobari bat egingo da.
b) Diferentzia 14.800,01 eta 23.000 euro bitartekoa bada, honako hobari hau aplikatuko da: 8.000 euro ken aipatutako diferentziari 14.800,01 euro gutxitu ondoren ateratzen den emaitza 0,6098rekin biderkatzetik ateratzen den zenbatekoa.
c) Diferentzia 23.000 eurotik gorakoa bada, 3.000 euroko hobari bat izango da.
2.– Zerga oinarrian lanetik ez datozen errentak konputatzen badira, eta horiek 7.500 eurotik gorakoak badira, hobaria 3.000 eurokoa izango da.
3.– Aurreko apartatuetan aipatu diren hobariak honela gehituko dira:
a) 100eko 100, desgaitasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa duten langile aktibo desgaituentzat.»
«b) 100eko 250, desgaitasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa duten langile aktibo desgaituentzat, baldin eta mugikortasun murriztuko gabezia egoeran badaude –mugikortasuna murriztuta dutela joko da Mugikortasun Jardueren Mugen azpibaremoan, desgaitasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsian, 100eko 25eko edo hortik gorako mugikortasun falta ematen zaienean–. Orobat, 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten langile aktibo desgaituentzat ere 100eko 250 gehituko da hobaria.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako hobaria aplikatzeak ezingo du ekarri lanaren etekin garbia negatiboa izatea.»
Hiru.– 76. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Aurrezpenaren oinarri likidagarriari ondorengo eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:
(Ikus .PDF)
»
Lau.– 101. artikulua honela geratzen da idatzita:
«101. artikulua.– Autolikidatzeko betebeharra.
1.– Zergadunak behartuta daude zerga honen autolikidazioa aurkeztu eta sinatzera, erregelamenduz ezarriko diren mugei eta baldintzei jarraituz.
2.– Hala ere, zergadunek ez dute autolikidazioa egin beharrik izango lortzen dituzten errentak honako hauek bakarrik direnean:
a) 20.000 eurora bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzen bada. Batera aitortzen den kasuetan, muga hori etekin mota hau lortzen duen zergadun bakoitzari dagokionez aplikatuko da.
b) Kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak, salbuetsitakoak barne bi kasuetan, batera hartuta urtean 1.600 eurotik gorakoak ez badira.
Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzak edo akzioak berreskuratu edo eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziei dagokienez, baldin eta haien atxikipen oinarria, erregelamenduz ezartzen denari jarraikiz, ez bada zehaztu behar zerga oinarrian integratu beharreko zenbatekoaren arabera.
3.– Salbuespen, hobari, murriztapen, kenkari edo beste edozein zerga onuraz gozatzeko ezarrita dauden baldintza, epe edo zirkunstantzietako bat betetzen ez duten zergadunek autolikidazioa aurkezteko obligazioa izango dute, baldin eta ez-betetze horrek berekin badakar Zerga Administrazioari zirkunstantzia horren berri ematea edo erregularizazio edo diru-sarreraren bat egin behar izatea.
4.– Zergadunek beraiei buruz eskatzen diren datu guztiak bete behar dituzte autolikidazioetan, eta finkatuta dauden edo finkatzen diren dokumentu eta frogagiriak erantsi ere bai.
5.– Kausatzailearen ondorengoak behartuta daude zerga honetan egin gabe geratu diren autolikidazioak aurkeztera eta sinatzera, zehapenak kanpoan utzita, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Zergadunek bizilekua aldatzen badute, Zerga Administrazioari horren berri eman behar diote, horrek zerga exijitzeko eskumenean aldaketak eragiten dituenean.
7.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak onetsiko ditu autolikidazio ereduak eta autolikidazioa egiteko modalitate sinplifikatu edo bereziak, eta berak ezarriko du horiek nola eta zein epetan aurkeztuko diren.
8.– Zerga honen autolikidazioak egiteko, Foru Aldundiak ezartzen dituen bitartekoak, prozesu informatikoak edo bestelako zerbitzuak erabili edo baliatu ahal izango dira, erregelamenduz ezarriko diren terminoetan.»
Bost.– Honela idatzita gelditzen da hemezortzigarren xedapen gehigarriko 8. apartatua:
«8.– Xedapen honetan aurreikusitako sariak ez dira integratuko zerga oinarrian, eta ez dira aintzat hartuko foru arau honetako 101. artikuluaren 2. apartatuaren b) letran xedatutakoaren ondorioetarako. Xedapen honetan jasotakoaren arabera egindako atxikipenek edo konturako sarrerek ez dute zergaren kuota likido osoa gutxituko, eta ez dira kontuan hartuko foru arau honetako 111. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.»
VI. KAPITULUA
PRODUKZIO SAREA BABESTEA ETA BULTZATZEA
14. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 28.1 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Aurreko letran aipatu diren sarrera eta gastuen arteko diferentzia kalkulatuko da, eta hortik ateratzen den emaitzari ondoren aipatzen diren portzentajeak kenduko zaizkio amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, foru arau honen 27. artikuluko 5. erregelaren bigarren apartatuko a) letran aipatzen diren errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik, eta gastu frogagaitzengatik:
– Aipatutako sarreren eta gastuen arteko diferentzia kalkulatzean 35.000 euroko magnitudea gainditzen ez duen zatiagatik, 100eko 20ko portzentajea.
– Aipatutako sarreren eta gastuen arteko diferentzia kalkulatzean 35.000 euroko magnitudea gainditzen duen eta gehienez 85.000 eurokoa den zatiagatik, 100eko 15eko portzentajea.
– Aipatutako sarreren eta gastuen arteko diferentzia kalkulatzean 85.000 euroko magnitudea gainditzen duen zatiagatik, 100eko 10eko portzentajea.»
Bi.– 41. artikuluaren 2. apartatuko c) letra eta artikulu horren d) letrako hirugarren, laugarren eta bosgarren beharkizunak honela geratzen dira idatzita:
«c) Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko bat apartatutik seira bitartean aipatzen diren enpresen edo entitateen akzio eta partaidetzen kosturik gabeko eskualdaketak direla-eta, eskualdatzailearen ezkontidearen, izatezko bikotearen edo aurreko, ondorengo edo laugarren mailarainoko alboko ahaideen aldekoak direnean, izan ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotearen eraketa, edo adopzioa, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Lehenengoa.– Eskualdatzaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon behar du, izan absolutua izan baliaezintasun handikoa
Bigarrena.– Eskualdatzaileak zuzendaritza lanak egin izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik utzi behar dio lan horiek egiteari eta haiek egiteagatik hartzen dituen ordainsariak jasotzeari, eskualdaketa egin denetik bi urteko epean.
Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide izate hutsa ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.
Hirugarrena.– Eskuratzaileak dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan mantendu behar du jaso duen enpresa edo akzio zein partaidetzak, non eta epe horren barruan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso prozedura baten ondorioz. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du egin inolako xedapen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapen balioa nabarmen murriztu dezakeenean.
Adierazitako mantentze epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze interesak ere sartuko dira.
Eskuratu ondoren zergadunak ondare elementuak atxiki badizkio jarduera ekonomiko bati, ezinbestekoa izango da elementu horiek etenik gabe egotea jarduerari atxikita eskualdaketa egin aurreko bost urteetan gutxienez.
c) letra honetan aurreikusitakoa gorabehera, akzioak eta partaidetzak eskualdatzen direnean, ondare irabazi edo galera bat egongo da jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkoak ez diren aktiboen balioak, jardueratik ondorioztatzen ez diren zorrekin gutxituak, eta entitatearen ondare garbiaren balioak elkarren artean duten proportzioari dagokion zatian. Hala badagokio, erregela horiek berak partaidetutako entitateen akzio eta partaidetzen balorazioan ere aplikatuko dira, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko. Aktibo bat jarduera ekonomiko bat garatzeko beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.
c) letra honetan jasotakoa eskualdaketa bakar bati aplikatuko zaio, zergaduna titular, akziodun edo partaide den entitate bakoitzeko.
Zergadunak c) letra honetan jasotako transmisioren bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso beharko ditu autolikidazioan.»
«Hirugarrena.– Aurreko bigarren baldintzan jasotako epean zehar, eskuratzaileek lanean jarraitu behar dute, langile gisa, entitatean edo taldeko entitateetan, edo, kasua bada, foru arau honen 24.1 artikuluan aipatzen den lan pertsonala jarraitu behar dute egiten enpresarentzat. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.
Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak ez dira bete gabetzat hartuko, bi kasu hauetan: eskualdaketa egin ondoren eta aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu baino lehen eskuratzaileak hiltzen direnean edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik enpresan edo entitatean lan egiteari uzten diotenean, eta, orobat, enpresa edo entitatea konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzen denean.
Laugarrena.– Aurreko bigarren beharkizunean aurreikusitako epean zehar, eskuratzaile bakoitzak enpresan edo entitatean zuzenean edo zeharka izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikotekidearena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta hirugarren gradura bitarteko albokoena, ezin da izan 100eko 40tik gorakoa. Entitatea talde bateko kide bada, aurreko baldintza taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.
Bosgarrena.– Eskualdatzaileak zuzendaritza funtzioak betetzea entitatean, eta haiengatik jasotzen dituen ordainsariak izatea bere jarduera ekonomikoengatik eta lan pertsonalarengatik lortzen dituen etekin guztien 100eko 50 baino handiagoak, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6.Bi.d) artikuluko lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat, eta, gainera, aurreko c) letrako bigarren beharkizunean ezarritakoari jarraituz, eskualdaketaren unetik aurrerako bi urteko epean zuzendaritza funtzio horiek egiteari uztea eta ordainsari gehiagorik ez jasotzea. Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide izate hutsa ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.»
Hiru.– f) letra bat gehitzen zaio 89.4 artikuluari. Hona hemen bere edukia:
«f) Kooperatiben kapital sozialari egindako ekarpenen kasuan, ekarpenek derrigorrezko izaera izan beharko dute, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean xedatutakoaren arabera.»
15. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 32. artikuluko 4. apartatua:
«4.– Foru arau honetako 13. artikuluko 1. apartatuan aipatutako mikroenpresek euren zerga oinarritik kendu ahal izango dute, beren tamainak eragiten dituen zailtasunen zerga konpentsazio gisa, honako eragiketa hauek egin aurretik zehaztutako beren zerga oinarri positiboaren 100eko 15:
– apartatu honetan jasotako zerga konpentsazioa egin aurretik;
– foru arau honen 48. artikuluan jasotako errenta positiboak sartu aurretik;
– foru arau honetako hogeigarren xedapen gehigarrian jasotako errentak sartu aurretik, eta;
– foru arau honetako 55. artikuluan jasotako zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurretik.
Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko, mikroenpresa ekonomia intereseko espainiar edo europar taldea denean edo aldi baterako enpresa elkartea denean, betiere VI. tituluko III. kapituluan jasotako araubide berezian zergapetuta badago.
Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzea bateraezina izango da titulu honetako V. kapituluan ezarritako zuzenketak egitearekin.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 55. artikuluko 1. apartatuaren lehen paragrafoa:
«1.– Likidatu edo autolikidatu diren zerga oinarri negatiboak hurrengo hogeita hamar urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako errenta positiboekin konpentsatu ahal izango dira, muga hau aplikatuta beti: konpentsazioa eginaurretik dagoen zerga oinarri positiboaren 100eko 50. Foru arau honen 13. artikuluan definitutako mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, muga hori ez da aplikatuko.»
Hiru.– 56. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta 7. apartatu bat gehitzen da, jarraian zehazten den eran:
«2.– Foru arau honetako 14. artikuluko ondare sozietateei eskala hau aplikatuko zaie:
(Ikus .PDF)
»
«7.– Artikulu honen 1. apartatuko a) eta c) letretan eta 6. apartatuan aurreikusitako zerga tasen arabera tributatzen duten zergadunek –foru arau honen 13. artikuluan definitutako enpresa ertainak alde batera utzita– zergaldian lortzen duten kontabilitate emaitza positiboak 100eko 35ean gainditzen badu aurreko hiru zergaldietako kontabilitate emaitza positiboen batez bestekoa erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, gehikuntza bat izango dute kuota osoan, portzentaje hauek aplikatuta kalkulatuko dena:
– Batez bestekoaren gainditze horregatik zerga oinarriak duen gehikuntzak 100eko 35ean gainditzen badu aurreko hiru zergaldietako kontabilitate emaitzen batez bestekoa eta haren 100eko 50ekoa edo txikiagoa bada, gehikuntzari kuota osoan dagokion zatiari 100eko 1eko tasa gehigarria aplikatuko zaio.
– Batez bestekoaren gainditze horregatik zerga oinarriak duen gehikuntzak 100eko 50ean gainditzen badu aurreko hiru zergaldietako kontabilitate emaitzen batez bestekoa eta haren 100eko 75ekoa edo txikiagoa bada, gehikuntzari kuota osoan dagokion zatiari 100eko 2ko tasa gehigarria aplikatuko zaio.
– Batez bestekoaren gainditze horregatik zerga oinarriak duen gehikuntzak 100eko 75etik gora gainditzen badu aurreko hiru zergaldietako kontabilitate emaitzen batez bestekoa eta haren 100eko 100ekoa edo txikiagoa bada, gehikuntzari kuota osoan dagokion zatiari 100eko 3ko tasa gehigarria aplikatuko zaio.
– Batez bestekoaren gainditze horregatik zerga oinarriak duen gehikuntzak 100eko 100etik gora gainditzen badu aurreko hiru zergaldietako kontabilitate emaitzen batez bestekoa, gehikuntzari kuota osoan dagokion zatiari 100eko 4ko tasa gehigarria aplikatuko zaio.»
Lau.– 59. artikuluaren 3. apartatua eta hurrengoak honela geratzen dira idatzita:
«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan eta 64 bis, 65. eta 66 bis artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 19 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da
Hala ere, kuota likidoa kenkariak aplikatuta murriztearen ondoriozko kuota efektiboa ezin da izan ondoko kasu hauetako ehunekoa baino gutxiago:
a) Enpresa txikiak edo mikroenpresak: zerga oinarriaren 100eko 15.
b) Foru arau honetako 56. artikuluko 3. apartatuan ezarritako karga tasa jasaten duten entitateak: zerga oinarriaren 100eko 11,75.
c) Foru arau honetako 56. artikuluko 6. apartatuan ezarritako karga tasa jasaten duten entitateak: zerga oinarriaren 100eko 20,25.
4.– Foru arau honen 56. artikuluko 1. apartatuko a) letran ezarritako karga tasaren arabera tributatzen duten entitateen kasuan, aurreko apartatuko lehen paragrafoan adierazitako portzentaje orokorra 100eko 17koa izango da, baldin eta, kontratatutako pertsonak edukita, entitate horiek lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzen badute aurreko ekitaldiarekin alderatuta, edo, bestela, foru arau honen 61etik 65era bitarteko artikuluetan aipatzen diren kenkarietarako eskubidea ematen duten inbertsioetako bat egiten badute zergaldian zehar.
Entitate horiek 100eko 15eko portzentajea aplikatuko dute bi zirkunstantzia hauetakoren bat betetzen denean:
a) Kontratatutako pertsonak edukita, lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzea aurreko ekitaldiarekin alderatuta eta, gainera, foru arau honen 61etik 65era bitarteko artikuluetan aipatzen diren kenkarietarako eskubidea ematen duten inbertsioetako bat egitea zergaldian.
b) Lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa handitzea aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
5.– 56. artikuluaren 1. apartatuko a) letran ezarritakoa ez den karga tasa baten arabera tributatzen duten entitateen kasuan, aurreko 3. apartatuan aipatutako portzentajeak 100eko 11, 100eko 13, 100eko 9,75 eta 100eko 18,25 izango dira, hurrenez hurren, baldin eta entitateak, kontratatutako pertsonak izanik, lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzen edo handitzen badu aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
6.– Aurreko hiru apartatuetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foru arau honetako 56. artikuluko 2., 4. eta 5. apartatuetan ezarritako karga tasetako bat jasaten duten entitateei.»
16. artikulua.– Aldatzea maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, honako aldaketa hauek egiten dira Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 10 bis artikulua:
«10 bis artikulua.– Etxebizitza kooperatibak.
1.– Bereziki babestutzat hartuko dira ondoko beharkizunak betetzen dituzten etxebizitza kooperatibak:
a) Bazkideek etxebizitza merkeak lortzeko helburua dutenak, dela jabetzan esleituta dela etxebizitza horien erabilera eta gozamena lagata.
Horretarako, etxebizitza merketzat hartuko dira 120 metro karratuko azalera eraikia edo 96 metro karratuko azalera erabilgarria edo txikiagoa duten etxebizitzak, haien eraikitze kostua, hari egotzi dakiokeen terrenoaren kostua gehituta, handiagoa ez izanik 1,8 koefizientea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan babes publikoko etxebizitzetarako finkatutako gehieneko prezioekin biderkatuta ateratzen den kopurua baino.
Dena den, ez dute babespeko izaera galduko negozio lokalak, zerbitzu osagarriak eta hirigintza obrak egiten dituztenean "babes publikoko etxebizitzei" buruzko legerian baimendutako mugen barruan, nahiz eta kooperatibek eraikitakoek izaera hori ez izan.
b) Kooperatiben xede diren etxebizitzak kooperatibetako bazkideen ohiko etxebizitza izateko erabiltzea, eta bazkideek jabetzaren esleipena edo erabilera eta gozamenaren lagapena jasotzen duen dokumentuan adieraztea zirkunstantzia hori. Hala ere, zilegi izango dute sustatzen diren etxebizitzak bazkide ez diren hirugarrenei ere besterentzea, hori sustapen kooperatiboa finantzatzeko beharrezkoa denean, Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 117. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.
Ondorio horietarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 87.8 artikuluan halakotzat hartutakoa.
c) Bazkideei jabetzako etxebizitzak eskaintzea helburu duten etxebizitza kooperatiben kasuan, kooperatiba ez desegitea eraikitako etxebizitzak esleitu edo eskualdatu ondorengo bost urteetan, salbu eta entitate sustatzaile gisa ezkutuan dauden akatsei erantzuteko jasotako berme epeak eta legezko epeak, esleipen edo eskualdaketa horren datatik zenbatzen hasita, edo entitate publikoekin sinatutako estatutuek edo lankidetza hitzarmenek epe luzeagoa ezartzen badute; kasu horretan, azken epe horiek bete beharko dira.
d) Kooperatibaren estatutuek espresuki jasotzea etxebizitza baten jabetzaren esleipenduna edo haren erabilera eta gozamenaren lagapen hartzailea den bazkidea behartuta dagoela zerga legerian ohiko etxebizitzatzat hartzeko finkatutako beharkizunak betetzera. Espresuki adierazi beharko da bazkideak betebehar hori ez konplitzeak berarekin ekarriko duela kooperatibari ordaindu beharra etxebizitzaren 100eko 10 baino txikiagoa izango ez den kalte-ordaina.
e) Bazkideei etxebizitzak lagapen bidez erabili eta gozatzea helburu duten etxebizitza kooperatiben kasuan, kooperatibak ez ematea bazkideari hotel industriari dagozkion zerbitzu osagarriak, hala nola jatetxea, garbiketa, arropa garbitzea edo antzekoak, edo gizarte edo osasun laguntzako zerbitzuak.
2.– Bereziki babestutako kooperatibatzat hartu dadin erabakigarria den beharkizuna egiaztatzeko eskubidearen preskripzio epea –etxebizitza bazkideen ohiko bizileku gisa erabiltzeari buruzko baldintza– urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 87.8 artikuluan aipatutako hiru urteko epea amaitzen denetik aurrera hasiko da.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 43. artikuluko 2. apartatua:
«2.– Sozietateen gaineko zergan, aplikaziozko zerga erregimena Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 7.etik 16. artikulura bitarteko artikuluetan ezarritakoa izango da.
Era berean, onura publikoko kooperatiben eta gizarte ekimeneko kooperatiben alde pertsona fisikoek eta juridikoek egindako emaitza eta ekarpenei, eta enpresa lankidetzako hitzarmenei foru arau horretako 19.etik 28.era bitarteko artikuluak aplikatuko zaizkie.»
17. artikulua.– Aldatzea martxoaren 10eko 2/2022 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena.
Aldatu egiten da Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren martxoaren 10eko 2/2022 Foru Arauaren 44.4 artikuluaren b) letra. Honela idatzita gelditzen da:
«b) Dohaintza emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, lan horiek egiteari eskualdaketaren unetik bi urteko epean uztea eta ordainsari gehiagorik ez jasotzea.»
II. TITULUA
ZERGA ARLOKO BESTE ALDAKETA BATZUK
18. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
Lehenengoa.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 9. artikuluko 7. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«7.– Aurreko zenbakian adierazitako kalte mota berdinengatik aseguru kontratuen bidez jasotzen diren zenbatekoak, 150.000 euroraino, kalteon eragilea edozein dela ere. Lesioak prestazioaren jasotzailea desgaitzen badu edozein lanbide edo jardueratan aritzeko, kopuru hori 200.000 eurokoa izango da, eta gainera, jasotzaileak beste pertsona baten laguntza behar badu eguneroko eginbehar oinarrizkoenetarako, orduan 300.000 eurokoa izango da muga.
Salbuespen hau ez zaie aplikatuko aseguru-kontratuetatik eratorritako hartukizunei, baldin eta ordaindutako primek edo kopuruek zerga-oinarri orokorra murrizteko eskubidea ematen badute, foru-arau honen 70. artikuluan xedatutakoaren arabera edo foru arau honen 27. artikuluaren 1. erregelan xedatutakoa aplikatzeagatik gastu kengarritzat hartzen direnak.»
Bi.– 9. artikuluari 38. zenbaki bat gehitzen zaio, eduki honekin:
«38.– 65 urtetik gorako zergadunek bizirauteko prestazioengatik kapital edo erreskate moduan jasotzen dituzten etekinak, bizitza aseguruen kontratuetatik eratorriak, betiere baldin eta lortutako zenbateko osoa beren alde aseguratutako biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzen bada sei hilabeteko epean, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan. Horri begira, biziarteko errentak eratzeko 240.000 euro bideratu ahal izango dira gehienez.
Zergadunak foru arau honen 42.1.f) artikuluan aurreikusitako salbuespena ere aplikatzen badu, aurreko paragrafoan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa 42.1.f) artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitakoarekin batera aplikatuko da.
Berrinbertitutako zenbatekoa jasotako prestazio osoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari kapital higigarriaren etekinean dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe.
Eratutako biziarteko errentatik ondorioztatzen diren eskubide ekonomikoak osorik edo partez aurreratzeak dagokion kapital higigarriaren etekina zergapetzea ekarriko du berekin.»
Hiru.– 25. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Jarduera ekonomikoaren etekin garbiak bi urtetik gorako sorreraldia duenean eta aldian-aldian edo behin eta berriz lortzen ez denean, 100eko 60 konputatuko da; portzentaje hori 100eko 50ekoa izango da sorreraldia 5 urtetik gorakoa denean edo etekina denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat erregelamenduz kalifikatzen denean.
Modu irregular nabarmenean lortutakoak diren edo ez alde batera utzita, aurreko paragrafoan adierazitako integrazio portzentajeak ez zaizkie inola ere aplikatuko honako hauei:
a) Jarduera ekonomikoetatik datozen etekinei, jarduera horietan aritzeak etekinak modu erregular edo ohikoan lortzea dakarrenean.
b) Jarduera ekonomikoetatik datozen etekinei, baldin eta, jarduera horiek globalki hartuta, haiekiko ez bada garrantzitsua funtsen aplikazioen eta lorpenen ziklo definituak egotea, eta etekina sortu duen inbertsioa egin denetik hura jaso arte bi edo bost urte baino gehiago igaro ez badira; hortaz, portzentaje horiek ezin izango zaizkie aplikatu diru-sarrerak sortzeko eragiketa jakin eta esklusiboei, modu bakartuan hartuak.
Kobrantza zatika egiten bada, sorreraldia zatikapenaren urte kopurua kontuan hartuta konputatuko da, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
Apartatu honetan aipatzen den etekin garbiaren zenbatekoa, zeinaren gainean aplikatuko baitira integrazio portzentajeak, ezingo da izan 300.000 eurotik gorakoa urtean. Kopuru horretatik gorakoa 100eko 100ean integratuko da.
Jasotako etekinei 100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak aplika dakizkienean, aurreko paragrafoan aurreikusitako 300.000 euroko muga konputatzeko, integrazio portzentajerik txikienak dituztenak hartuko dira kontuan lehen-lehenik.»
Lau.– 34.f) b´) artikuluko 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«2.a Partaidetzak, akzioak edo eskubideak bost urtez mantendu beharko dira gutxienez, salbu eta aldez aurretik likidatu, efekturik gabe geratu edo, entitate kudeatzailea aldatzeagatik, osorik edo partez galtzen badira, horrelakoetan, etenik gabe mantendu beharko baitira zirkunstantzia horiek gertatu arte.
Zergadunek ez badute zuzenean parte hartzen f) letra honetako a´) letran aipatzen diren entitateetan, aurreko paragrafoan xedatutako epeak exijituko zaizkie bai zergadunari eta bai f) letra honetan aurreikusitako etekinen iturri diren partaidetza, akzio edo eskubideen jabetza duten bitarteko entitateei.»
Bost.– 42. artikuluaren egungo edukia 1. apartatu gisa sartzen da, eta f) letra berri bat gehitzen da, eduki honekin:
«65 urtetik gorako zergadunek ondare elementuak eskualdatzeagatik lortzen dituzten ondare irabaziak, betiere baldin eta eskualdaketan lortutako zenbateko osoa bere alde aseguratutako biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzen bada sei hilabeteko epean, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan. Horri begira, biziarteko errentak eratzeko 240.000 euro bideratu ahal izango dira gehienez.
Zergadunak foru arau honen 9. artikuluko 38. zenbakian jasotako salbuespena ere aplikatzen badu, apartatu honetako lehen paragrafoan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa 9.39 artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitakoarekin batera aplikatuko da.
Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari ondare irabazian dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe.
Eratutako biziarteko errentatik ondorioztatzen diren eskubide ekonomikoak osorik edo partez aurreratzeak dagokion ondare irabazia zergapetzea ekarriko du berekin.»
Sei.– 42. artikuluari beste apartatu bat gehitzen zaio, 2.a, honela dioena:
«2.– Aurreko apartatuko b), c) eta e) letretan xedatutakoa berdin aplikatuko da ondare irabaziak aurreko une batean zergadunarentzat ohiko bizilekua izan den etxebizitza familiarra eskualdatzeagatik lortu direnean, betiere baldin eta, senar-emazteak banantzeko edo izatezko bikotea desegiteko prozedura batean epaileak hala erabakita, zergadun horrek bertan bizitzeari utzi badio.
Erregelamenduz bestelako beharkizunak ezarri ahal izango dira apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko.»
Zazpi.– 56 ter artikuluari beste bi apartatu gehitzen zaizkio, 4.a eta 5.a, eduki honekin:
«4.– Zergadunak artikulu honetan aurreikusitako araubide berezia edozein zergalditan aplikatzeak berekin ekarriko du ezin aplikatzea ez 56 bis artikuluan aurreikusitako araubide berezia eta ez foru arau honen VII. tituluko V. kapituluan aurreikusitako kenkariak, entitate berritzailea eratzeko unetik aurreko 1. apartatuan aurreikusitako epea amaitu arte inbertitutako kopuruengatik aplikagarriak.
5.– Artikulu honetan bazkide fundatzaileentzat aurreikusten den araubidea aplikatzekoa izango da, baita ere, sorrera berriko entitate berritzaileak eratu eta hurrengo sei hilabeteetan akzioak edo partaidetzak harpidetzen dituzten zergadunentzat, betiere araubide horretan exijitzen diren gainerako baldintzak eta beharkizunak betetzen badira.
Apartatu honetan aipatzen diren zergadunek araubide berezia aplikatzeko duten gehieneko epea entitatea eratzen den egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.»
Zortzi.– 60.2 artikuluko e) letraren azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 24ko 4/2023 Legearen 15. artikuluan aurreikusitakoa hartuko da publikoari eskainitako preziotzat, deskontu arruntak edo komunak kenduta. Deskontu arrunt edo komuntzat hartuko dira enpresako langileen pareko beste kolektibo batzuei eskaintzen zaizkienak, eta, orobat, promozio deskontu orokorrak izanik, gauza bidezko ordainketa egiteko unean indarrean daudenak edo, beste edozein kasutan, urtean 100eko 15eko portzentajea edo 1.000 euroko kopurua gainditzen ez dutenak.»
Bederatzi.– 89 ter artikuluaren 1. apartatuko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Entitate bat sorrera berrikoa izango da apartatu honetan aipatzen den harpidetza egin aurreko hamar urteen barruan eratu denean.
Bat egite eragiketak, zatiketak, aktiboen ekarpenak, aktibo eta pasibo osoaren lagapenak edo jarduera adarren ekarpenak egiten badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko VII. kapituluan ezartzen duen araubide berezira bilduta, eraketa datatzat entitate eskualdatzailearena hartuko da, eta, bat baino gehiago badaude, entitate zaharrenarena.
Interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa elkarteen kasuan, entitate horietan partaide zaharrena denarena hartuko da eraketa datatzat.»
Hamar.– 107. artikuluari 4. apartatu bat gehitzen zaio, eduki honekin:
«4.– Ordaintzen dituzten gauzazko lan etekinen ondorioz konturako sarrerak egitera behartuta dauden pertsonek edo entitateek zilegi izango dute Zerga Administrazioari eskatzea, konturako sarreraren zenbatekoa zehazteko ez beste ezertarako, gauzazko ordainsari horien aurretiazko balorazio erabaki bat har dezala, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 86. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Aurreko paragrafoan aipatzen den proposamena ezetsitzat jo ahal izango da 6 hilabeteko epea igarotzen bada eskaera aurkezten denetik edo, Zerga Administrazioak errekeritzen badu, hura zuzentzen denetik aurrera.
Erregelamenduz ezarri ahal izango da zein prozedurari jarraituko zaion apartatu honetan aipatzen diren aurretiazko balorazio erabakiak emateko.»
Hamaika.– Hamargarren xedapen gehigarriaren 6. eta 7. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«6.– Egoitza Espainian duten pertsona eta entitateek, bai eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateek Espainian dituzten establezimendu iraunkorrek ere, baldin eta hirugarrenen izenean gako kriptografiko pribatuak gordetzeko eta kriptoaktiboak mantendu, biltegiratu eta transferitzeko zerbitzuak ematen badituzte, izan zerbitzu horiek jarduera nagusitzat dituztela, izan beste jarduera bati lotuta ematen dituztela, informazioa eman beharko diote Zerga Administrazioari zaintzapean dituzten kriptoaktibo guztiei buruz, erregelamenduz ezarriko den eran. Informazio emate horretan, kriptoaktibo desberdin bakoitzeko saldoei buruzko informazioa jasoko da, eta, hala badagokio, legezko erabilerako diruari buruzkoa, bai eta saldo horien titularren edo onuradunen identifikazioa ere.
7.– Egoitza Espainian duten pertsona eta entitateek, bai eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateek Espainian dituzten establezimendu iraunkorrek ere, kriptoaktiboen eta legezko diruaren arteko truke zerbitzuak edo kriptoaktibo desberdinen artekoak egiten badituzte edo eragiketa horiek egiteko bitartekari gisa jarduten badute, edo hirugarrenen izenean gako kriptografiko pribatuak babesteko zerbitzuak ematen badituzte kriptoaktiboak mantendu, biltegiratu eta transferitzeko, behartuta egongo dira, erregelamenduz ezarriko den eran, Zerga Administrazioari informazioa ematera kriptoaktiboak eskuratu, eskualdatu, trukatu eta transferitzeko eragiketa guztiei buruz eta kriptoaktibo horietan egindako kobrantza eta ordainketei buruz, horietan esku hartzen badute edo bitartekari izan badira. Horretarako, esku hartzen duten subjektuen zerrenda aurkeztu beharko dute, bertan datu hauek ere adierazita: haien helbidea, identifikazio fiskaleko zenbakia, kriptoaktibo mota eta kopurua, prezioa eta eragiketaren data.
Espainian egoitza duten pertsonek eta entitateek, bai eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrek ere, kriptoaktibo berrien hasierako eskaintzak egiten badituzte, aurreko betebehar hori bera izango dute beste kriptoaktibo batzuen edo legezko diruaren truke egiten dituzten entregei dagokienez».
Hamabi.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, berrogeita hirugarrena, eduki honekin:
«Berrogeita hirugarren xedapen gehigarria. Ohiko etxebizitza alokatzeagatik araututako kenkaria ordaintzea kuota osoa nahikoa ez izateagatik eta Etxebizitza merkatuaren tentsionamendua.
1.– Ohiko etxebizitza alokatzeagatik araututako kenkaria ordaintzea kuota osoa nahikoa ez izateagatik.
2025etik 2029ra bitarteko zergaldietan, biak barne, foru arau honen 101. artikuluan xedatutakoaren arabera autolikidatzeko betebeharrik ez duten zergadunek autolikidazioa aurkezten badute eta hortik ateratzen den kuota osoa edo, kasua bada, egiten den behin-behineko likidaziotik ondorioztatzen dena ez bada nahikoa foru arau honen 86. artikuluan ohiko etxebizitza alokatzeagatik aurreikusitako kenkaria osorik edo partez aplikatzeko, aplikatu gabeko zenbatekoa kobratzeko eskubidea izango dute.
Hala behar denean, ordaintzen den zenbatekoa foru arau honen 92 bis artikuluan aipatzen diren kenkarietatik deskontatuko da.
Erregelamenduz arautuko da zer prozedurari jarraituko zaion eta zer baldintza bete beharko diren kenkari hau aplikatzeko, haren ordainketa jasotzeko eskubidea dagoen kasuetan.
2.– Etxebizitza merkatuaren tentsionamendua.
Foru arau honen 86. artikuluko 8. apartatuan eta 87. artikuluko 10. apartatuan aurreikusitako muga erregelamendu bidez aldatu ahal izango da, etxebizitzaren merkatuan tentsio egoerak gertatzen direnean.
Ondorio horietarako, ulertzen da etxebizitza merkatuaren tentsio egoera 2026tik 2030era bitartekoa dela, biak barne.»
Bigarrena.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 9. artikuluko 1., 5. eta 6. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:
«1.– Gurasoengandik jasotzen direnak, Kode Zibilaren 90. artikuluan aipatzen den hitzarmen erregulatzaileari edo autonomia erkidegoetako ordenamenduetan aurreikusitako hitzarmen baliokideari jarraituz jasotakoak direnean, betiere baldin eta hitzarmen hori agintaritza judizialak onartu badu, Justizia Administrazioko letraduaren aurrean formalizatu bada edo notarioaren aurrean egindako eskritura publikoan jasota badago, kontuan hartu gabe hitzarmen hori gatazkak konpontzeko legez egokia den beste edozein bitartekotatik datorren ala ez.
Gurasoengandik urteko mantenurako jasotzen diren kopuruak salbuetsita egongo dira, orobat, epaile batek agindutakoak badira aurreko paragrafoan ezarritakoez bestelako kasuetan.
Tratamendu bera emango zaie Elikagaien Ordainketa Bermatzeko Funtsetik jasotzen diren zenbatekoei ere (Elikagaien Ordainketa Bermatzeko Funtsaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko abenduaren 7ko 1618/07 Errege Dekretuak arautua da funts hori).»
«5.– Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginean, haren erregelamenduzko garapenean edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian derrigorrezko izaeraz ezarritako zenbatekoan; hitzarmen, itun edo kontratu bidez finkatutakoa ezingo da halakotzat hartu. Era berean, salbuetsita egongo dira bazkide langileak edo lan bazkideak Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 30. artikuluko 2. apartatua aplikatuta kooperatiban baja hartzeagatik jasotzen dituen kalte-ordainak, betiere lan arloko araudiak Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren c) letrako kargugabetze kasuetarako derrigorrezko izaeraz ezartzen duen zenbateko berean.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egiten diren kaleratze kolektiboen kasuan, edo kontratua Estatutu horren 52. artikuluko c) letran aurreikusitako arrazoiengatik iraungitzen denean, betiere bai kasu batean bai bestean arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak, produkziokoak edo ezinbestekoak badira, jasotako kalte-ordaina salbuetsita geratuko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeetarako nahitaez ezarritako mugak gainditzen ez dituen zatian.
Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoak aurreko paragrafoan adierazitako kaleratze kolektiboekin eta kausa objektiboek eragindako kaleratze edo kargugabetzeekin parekatuko dira, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 51. artikuluan aurreikusitako kausaren batean oinarrituta daudenean.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetako edozeinetan salbuetsi daitekeen gehieneko zenbatekoa ezingo da izan 183.600 euro baino handiagoa. Muga hori bakarra izango da langilearen kaleratze edo kargugabetze bakoitzeko, kalte-ordaina ordaintzeko era zeinahi dela ere.
5. zenbaki honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 63. artikuluan aipatzen den adiskidetze ekitaldian zerbitzu administratiboaren aurrean adosten diren kalte-ordainak ez dira hartuko hitzarmen, itun edo kontratu bidez ezarritako kalte-ordaintzat.»
«6.– Pertsonei eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik erantzukizun zibilaren ondorioz ematen diren kalte-ordainak, legez edo juridikoki onartzen den zenbatekoan.
Era berean, salbuetsita daude kalte berberen ondorioz erantzukizun zibilagatik jasotzen diren kalte-ordainak, aurreko paragrafoan aurreikusi gabeak, kaltea eragin duenaren aseguru entitateak ordaindutakoak, bitartekaritza akordio batetik edo gatazkak konpontzeko legez egoki den beste edozein bitartekotatik ondorioztatzen direnean, betiere baldin eta bitarteko horren bitartez lortutako akordioan hirugarren pertsona neutral batek esku hartu badu eta akordioa eskritura publikoan jaso bada. Zirkulazio istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistema jasandako kalteari aplikatuta ateratzen den zenbatekoraino egongo dira kalte-ordain horiek salbuetsita (Urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Ibilgailu Motordunen Zirkulazioaren inguruko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bateginaren eranskinean jasotzen da sistema hori).»
Bi.– 79. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:
«5.– Baldin eta foru arau honen 9. artikuluko 1. zenbakian aipatzen diren arrazoiengatik ondorengo ahaideen mantenu ekonomikoa ordaintzeko obligazioa badago, kenkaria ondorengo ahaidearen mantenu ekonomikoa ordaintzen duen gurasoaren autolikidazioan aplikatuko da karga hori berak bakarrik hartzen duenean bere gain; aldiz, mantenu ekonomiko hori bi gurasoei badagokie, kenkaria zati berdinetan aplikatuko da guraso bakoitzaren autolikidazioan. Apartatu honetan aipatzen diren kasuetan, agintari judizial eskudunak xedatutakoari erreparatuko zaio, eta mantenu ekonomiko hori benetan eta behar bezala egiten dela frogatu beharko da.»
Hiru.– 80. artikulua honela geratzen da idatzita:
«80. artikulua.– Kenkaria ondorengo ahaideen urteko mantenua ordaintzeagatik.
Zergadunak, epailearen erabakiz, behartuta badaude bigarren gradura bitarteko ondorengo ahaideen urteko mantenua bere osoan ordaintzera, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoen 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute. Kenkariak muga hau izango du ondorengo ahaide bakoitzeko: aurreko artikuluko 1. apartatuan ondorengo ahaide bakoitzarentzat ezarritako kenkariari dagokion zenbatekoaren 100eko 30.
Artikulu honetan aurreikusitakoa berdin aplikatuko da aurreko paragrafoan aipatutako urteko mantenuak Kode Zibilaren 90. artikuluan aipatzen den hitzarmen erregulatzaileari edo autonomia erkidegoetako ordenamenduetan aurreikusitako hitzarmen baliokideari jarraituz ordaintzen direnean, betiere baldin eta hitzarmen hori agintaritza judizialak onartu badu, Justizia Administrazioko letraduaren aurrean formalizatu bada edo notarioaren aurrean egindako eskritura publikoan jasota badago, kontuan hartu gabe hitzarmen hori gatazkak konpontzeko legez egoki den beste edozein bitartekotatik datorren ala ez.»
19. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.13.– artikuluaren 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Artikulu honen aurreko apartatuetako a) letran xedatutakoaren ondorioetarako, entitate batek ustiapen ekonomiko bat egiten duela joko da baldin eta ekitaldian lortzen dituen diru-sarreren 100eko 85, gutxienez, enpresa edo lanbide jardueretatik datozen errentak badira; horien artean ez dira inola ere konputatuko foru arau honen 48. artikuluak, entitate ez-egoiliarrek lortutako errenta positibo batzuk zerga oinarrian sartzeari begira, foru arau honen 48. artikuluko 2. apartatuaren a), b), d), e), f), g) eta h) letretan sartzen diren errenta motak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, errentak enpresa jardueretatik datozela joko da foru arau honen 48. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoarekin bat, foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuan ezarritako eran lotutako pertsona edo entitateekin egindako eragiketengatik sortu direnean edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz talde bat osatu duten entitateen arteko eragiketen ondorio direnean.
Apartatu honetan aipatutako diru-sarrerak konputatzeko, kontuan hartuko dira, baita ere, beste entitate batzuetako dibidenduak edo mozkin partaidetzak, baldin eta zergadunak zuzeneko eta zeharkako partaidetza bat badu entitate horietan, partaidetza horrek foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuko a) letran ezarritako portzentajea eta antzinatasuna betetzen baditu, eta aipatutako mozkinek eta entitateek apartatu honetan xedatutakoa betetzen badute. Entitate horietako partaidetza eskualdatzean lortutako errentak ere konputatuko dira, foru arau honen 34. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direnean. Aurrekoa gorabehera, foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuaren a) letran aurreikusitako partaidetza portzentajea ez da exijituko zergadunak eta berak zuzenean eta zeharka partaidetutako entitateek sozietate talde bereko kide izateko baldintzak betetzen dituztenean Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, horrez gain, kontabilitate egoera orri kontsolidatuak formulatzen dituztenean.
Orobat, enpresa jardueretatik eratorritako errentatzat hartuko dira foru arau honetako 77. artikuluan aipatzen diren arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsek lortutakoak, dibidendu eta mozkin partaidetzengatik, baloreen eskualdaketengatik, edo kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik sortu direnean. Horretarako, ezinbesteko baldintza da dibidenduak, mozkin partaidetzak eta balore eskualdaketak salbuetsita egotea artikulu horren arabera, eta aipatutako sozietateak edo funtsak bere jardueraren barruan lagatzea kapital propioak.
Errentak lortzen badira ondasun higiezinak laga edo haien gaineko eskubide errealak eratzeagatik, haien errentamendu edo azpierrentamendua edo haien gaineko erabilera edo gozamen eskubide errealen eraketa edo lagapena barne, izena edo izaera edozein dutela ere, edo errenta horiek aktibo korronteetatik ondorioztatzen badira, ez dira inoiz hartuko enpresa jardueretatik eratorritzat, salbu eta higiezinen errentamendu edo salerosketa jarduera ekonomiko bati atxikita badaude, zergari buruzko foru arauaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.»
Bi.– 13. artikuluaren 7. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«7.– Entitatea sozietate talde bateko kide bada Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, lehenago adierazitako magnitudeak talde horretako entitateen multzoari buruzkoak izango dira, egoitza non duen eta urteko kontu bateratuak formulatu behar dituen alde batera utzita.»
Hiru.– 14.2 artikuluaren b) letraren bigarren paragrafoa eta c) letra honela geratzen dira idatzita:
«Ondorio horietarako, apartatu honetako a) letraren azken bi marratxoetan aipatutako baloreetatik datozen dibidenduak eta partaidetza horien eskualdaketan lortutako gainbalioak enpresa edo lanbide jardueretatik etorritako etekinekin parekatuko dira, baldin eta entitate partaidetuak lortutako diru sarreren 100eko 80, gutxienez, jarduera ekonomikoetatik badatoz. Diru sarrera horiek konputatzeko, beste entitate batzuen dibidenduak edo mozkin partaidetzak hartuko dira kontuan, bai eta partaidetzen eskualdaketetan lortutako errentak ere, baldin eta zergadunak horien gaineko partaidetza zuzena edo zeharkakoa badu, eta, aldi berean, b) letra honetan aipatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte.»
«c) Era berean, ondasun higiezinak ez dira hartuko jarduera ekonomikoei atxikitako ondasuntzat, haien gaineko eskubide errealak laga edo eratu direnean, barruan sartuta haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, edozein izanda ere duten izena edo izaera, ezta aktibo korrontetzat jotzen direnak ere, salbu eta zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen bada:
– Ondasun horien gaineko eskubide errealak lagatzeko edo eratzeko eragiketa horiek foru arau honen 42. artikuluan aipatzen diren pertsona edo entitate lotuen alde egitea edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz osatutako talde bateko entitateen artean gauzatzea.
– Higiezinen errentamendu edo salerosketa ustiapen ekonomiko bati atxikita egotea, foru arau honen hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.»
Lau.– 24.1 artikuluko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Artikulu honetan araututako kenkaria zein oinarriren gainean aplikatu behar den zehazteari begira, zenbateko horretatik partaidetzaren aurreko edozein eskualdaketatan lortu diren errenten zenbatekoa kenduko da, betiere baldin eta errenta horiek ez badira modu efektiboan zergapetu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergagatik, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergagatik edo zerga horien berdina edo antzekoa den atzerriko beste zerga batengatik.»
Bost.– 33.1 artikuluko c) letraren hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Letra honetan aipatutako diru-sarrerak konputatzeko, kontuan hartuko dira, baita ere, beste entitate batzuen dibidenduak edo mozkin partaidetzak, baldin eta zergadunak zeharkako partaidetza bat badu entitate horietan, partaidetza horrek a) letran ezarritako portzentajea eta antzinatasuna betetzen baditu, eta aipatutako mozkinek eta entitateek apartatu honetako gainerako beharkizunak ere betetzen badituzte. Entitate horietako partaidetza eskualdatzean lortutako errentak ere konputu horretan sartuko dira, foru arau honen 34. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direnean. Aurrekoa gorabehera, a) letran aurreikusitako partaidetza portzentajea ez da exijituko baldin eta zergadunak zeharka partaidetutako entitateak Merkataritza Kodearen 42. artikuluko baldintzak betetzen baditu zuzenean partaidetutako entitatearekin sozietate talde bereko kide izateko, eta harekin kontabilitate egoera orri kontsolidatuak formulatzen baditu.»
Sei.– 33. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«Artikulu honetako aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen ez badira eta Espainiako lurraldean egoitza duten entitateetatik dibidenduak edo mozkin partaidetzak jasotzen badira dela zuzenean dela zeharka, 100eko 50ean integratuko dira zergadunaren zerga oinarrian, salbu eta aseguru orokorretako mutuek, gizarte aurreikuspeneko entitateek, elkarren bermerako sozietateek edo elkarteek banatutako dibidenduak badira, horrelakoetan dibidendu horiek ez baitira integratuko zerga oinarrian.»
Zazpi.– 59. artikuluaren 3. apartatuaren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan eta 64 bis, 65. eta 66 bis artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 17 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.»
Zortzi.– Edukirik gabe uzten da 64 bis artikuluko 5. apartatua.
Bederatzi.– 66 ter artikuluko 8. apartatua honela geratzen da idatzita:
«8.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkariari heldu nahi dioten zergadunek, finantzaketa kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu eta hurrengo hilabetean beranduenik, komunikazio bat aurkeztu beharko diote Zerga Administrazioari, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
Era berean, beharrezkoa izango da obraren izaera kulturala frogatzen duen ziurtagiria aurkeztea, erregelamenduz ezarriko den eran luzatua, eta halakorik oraindik eman ez bada, hura eskatu izanaren frogagiria.
Komunikazioarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:
a) Aurreko 3. apartatuan aipatutako finantzaketa kontratua.
b) Obraren izaera kulturala frogatzen duen ziurtagiria, erregelamenduz ezarriko den eran luzatua, eta halakorik oraindik eman ez bada, hura eskatu izanaren frogagiria.»
Hamar.– 73.1.b) artikuluko c´) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Nolanahi dela ere, foru arau honen 62. artikulutik 64.ra bitarteko artikuluetan eta 66 bis artikuluko lehen eta bigarren apartatuetan aurreikusitako kenkariak ez dira sartuko bazkideen likidazioan, baldin eta interes ekonomikoko taldeei egin dizkieten ekarpenak ezaugarri bereziak dituzten ondare tresna gisa kalifikatu behar badira kontabilitate irizpideen arabera.»
Hamaika.– Hamargarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:
«Hamargarren xedapen gehigarria.– Ustiapen ekonomikotzat hartzea.
Entitate batek ustiapen ekonomiko bat egiten duela ulertuko da produkzio bideak eta giza baliabideak, edo bietako bat bakarrik, bere kontura antolatzen dituenean ondasun edo zerbitzuen ekoizpenean edo banaketan esku hartzeko.
Dena den, foru arau honetan xedatutakoaren ondorioetarako, higiezinen errentamendua eta salerosketa ustiapen ekonomiko direla joko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 24. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako zirkunstantziak betetzen direnean, foru arau honek horretarako beste baldintza batzuk ezartzen dituen kasuetan izan ezik.»
Hamabi.– Hogeita hamahirugarren xedapen iragankorra gehitzen da, eduki honekin:
«Hogeita hamahirugarren xedapen iragankorra.– Kultura-arloko interes ekonomikoko taldeak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga-sistemaren erreforma eta beste zerga-aldaketa batzuk onartzen dituen maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Araua, kontabilitate-irizpideen arabera ezaugarri bereziak dituen ondare tresna gisa kalifikatu beharreko partaidetzen titular diren interes ekonomikoko taldetako bazkideei ez zaie aplikatuko foru-arau honen 73.1.b) artikuluaren c’) letraren bigarren paragrafoan 66 bis artikuluaren bat eta bi apartatuei dagokienez xedatutakoa, baldin eta ikus-entzunezkoen ekoizpena edo ikuskizunaren ekoizpena eta erakusketa foru arau hori onartu aurretik hasi badira.»
20. artikulua.– Aldatzea abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, e) letra gehitzen zaio Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 2.1 artikuluari, eduki honekin:
«e) Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren konturako ordainketak egitera behartuta daudenei, baldin eta konturako ordainketa horiek, Ekonomia Itunaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundian ingresatu behar badira.»
21. artikulua.– Aldatzea ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan:
Bat.– 5.Hamabi artikuluko hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Apartatu honetan xedatutakoa berdin aplikatuko zaie araubide berezi hau aukeratzen duen zergadunaren ezkontideari, izatezko bikotekideari eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 97. artikuluan aipatzen den familia unitateko kideei, baldin eta lekualdaketaren ondorioz Gipuzkoan kokatzen badute zerga egoitza eta Espainiako lurraldera etorri aurreko 5 urteetan bertan bizi izan ez badira.»
Bi.– 6. artikuluaren seigarren apartatuko a) eta b) letrak honela geratzen dira idatzita:
«a) Aurreko lehen apartatua aplikatuz salbuetsita dauden ondasun higiezinei, horiek hirugarrenei laga bazaizkie edo haien gainean eskubide errealak eratu badira, horren barruan sartuta ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea eta ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzea, izena eta izaera edozein dutela ere, salbu eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 24. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera higiezinak alokatzeko edo salerosteko jarduera ekonomiko bati atxikita badaude.
b) Ustiapen ekonomikoei atxiki gabeko ondasun higiezinetan partaidetzak duen balioaren zatiari. Era berean, salbuespena ez zaio aplikatuko aurreko bigarren apartatuan aipatzen diren partaidetzek foru arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan jasotakoaren arabera ondasun higiezinetan duten balioaren zatiari, higiezin horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean edo haien gainean eskubide errealak eratzen direnean, horren barruan sartuta ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea edo ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzea, izena edo izaera edozein dutela ere, salbu eta zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen bada:
– Ondasun higiezinak lagatzeko edo haien gaineko eskubide errealak eratzeko eragiketak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan aipatzen diren pertsona edo entitate lotuen alde egitea edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz osatutako talde bateko entitateen artean gauzatzea.
– Higiezinen errentamenduarekin edo salerosketarekin zerikusia duen ustiapen ekonomiko bati atxikita egotea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Partaidetzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko VIII. kapituluan jasotako araubide berezia aplikatzen duten entitateetan badaude, letra honetan jasotako salbuespena ez da aplikatuko foru arau horren 115. artikuluko 1. apartatuan aipatutako kasuetan.»
Hiru.– 8. artikuluko lehen apartatua honela geratzen da idatzita:
«Bat.– Zerga honen zergadunak ez badira egoiliar Europar Batasuneko beste estatu kide batean, zerga autolikidatzeko epea amaitu baino lehen, behartuta daude egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan duen pertsona fisiko edo juridiko bat izendatzera, zerga honekiko betebeharretan haien ordezkari jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean.
Europako Esparru Ekonomikokoak diren Europar Batasunetik kanpoko estatuen kasuan, aurrekoa ez da aplikatuko baldin eta haiekin zerga informazioa trukatzeko arloan eta zerga-bilketa gaietan elkarri laguntzeko araudia onartuta badago, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, jasotako terminoetan.
Betebehar hori bera zergadun egoiliarrek ere izango dute baldin eta, zerga egitatea behin gertatuta eta autolikidazioa aurkeztu baino lehen, Espainia uzten badute Europar Batasunetik kanpoko hirugarren estatu batera edo zerga arloko informazio trukean edo zerga-bilketan elkarri laguntzeko araudia onartua duen Europako Esparru Ekonomikotik kanpoko hirugarren herrialde batera joateko. Betebehar horretatik libratuko dira Espainiara autolikidazio hori aurkezteko epea amaitu baino lehen itzultzen badira.
Zerga Administrazioari izendapena komunikatzean, ordezkariaren berariazko onarpena erantsiko zaio.»
22. artikulua.– Aldatzea maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan:
Bat.– 3. artikulua edukirik gabe uzten da.
Bi.12.– artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 72. artikuluan ezarritako kontribuzioaren zenbatekoak edo, hala badagokio, Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 56. artikuluan aipatzen den funtsaren kopuruak artikulu horietan aurreikusita ez dauden helburuetarako aplikatzea.»
23. artikulua.– Aldatzea apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua, Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalei buruzkoa.
Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 29. artikuluko 1. apartatuaren lehen paragrafoari sarrera aldatzen zaio, eta honela uzten da idatzita:
«Gipuzkoako Foru Aldundiak mezenasgoko lehentasunezko jardueren zerrenda bat osatu ahal izango du interes orokorreko xedeen esparruan, bai eta entitate onuradunak zeintzuk izango diren zehaztu eta jarduera horiek betebeharreko baldintzak eta beharkizunak finkatu. Jarduera horiei onura fiskal hauek aplikatuko zaizkie:»
24. artikulua.– Aldatzea abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena.
Aldaketa hauek sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan:
Bat.41.I.B)– artikuluko 33. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«33.– Maileguen, kredituen edo zordunak dituen beste obligazio batzuen zenbatekoen kitak edo minorazioak jasotzen dituzten eskriturak, kita eta edo minorazio horiek Konkurtso Legearen testu bateginak, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, ezartzen dituen berregituratze planetan sartuta daudenean, betiere baldin eta kasu guztietan subjektu pasiboa zorduna bada.»
Bi.41.I.B)– artikuluko 46. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«46.– Egiten diren eskualdaketak eta gainerako egintzak eta kontratuak, baldin eta eskuratzaileak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritako beharkizunak betetzen dituen entitate bat izateaz gainera, xedapen hauek aplikatzen baditu: uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, Fundazioen eta Babes Jardueren Zerga Erregimenari buruzkoa; martxoaren 20ko 4/2019 Foru Araua, Bizkaiko Lurralde Historikoko irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalei buruzkoa; uztailaren 12ko 16/2004 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoa; abenduaren 23ko 49/2002 Legea, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalei buruzkoa, edo horien ordez xedatzen direnak. Barruan sartzen dira, orobat, lehen adierazitako 3/2004 Foru Arauaren 18. artikuluko i) letraren bigarren paragrafoan aipatzen diren organismo eta entitateei egiten zaizkien eskualdaketak eta bestelako egintzak eta kontratuak.»
25. artikulua.– Aldatzea martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:
Bat.– 3. apartatu bat gehitzen zaio 1. artikuluari, eduki honekin:
«3.– Zerga Administrazioak beste estatu batzuei edo nazioarteko edo nazioz gaindiko entitateei elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera ematen dien laguntza azken horretan ezarritako mugen mende egongo da.
Zehazki, Europar Batasuneko estatu kideen arteko elkarlaguntzaren esparruan, Zerga Administrazioak bi zuzentarau hauek bete beharko ditu bertan aurreikusitako betebehar prozesalak eta materialei dagokienez: Kontseiluaren 2010eko martxoaren 16ko 2010/24/EB Zuzentaraua, zerga, eskubide eta beste neurri batzuei dagozkien kredituak kobratzeko elkarlaguntzari buruzkoa, eta Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentaraua, fiskalitateren arloko lankidetza administratiboari buruzkoa, 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena.»
Bi.– 40. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:
«5.– Sozietatearen edo entitatearen nortasun juridikoa desegin edo iraungitzeko unean zerga zorra likidatu gabe egoteak ez du eragotziko sortutako zerga obligazioak oinordekoei exijitzea, eta jarduketak horietako edozeinekin egin ahal izango dira; horrelakoetan, jarduketa horietatik ondorioztatzen diren likidazioak espedientean agertzen diren interesdun guztiei jakinarazi beharko zaizkie.»
Hiru.– 92 ter artikuluko 1. apartatuari c) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«c) Zerga zorrak eta zehapenak irmoak direnean, hala bide administratibotik nola auzibidetik. Zerga zorrak eta zehapenak Ogasun Publikoaren aurkako delitu bati lotutako likidazioen ondorio badira, beharrezkoa izango da Ogasun Publikoaren aurkako delitua kondenatzen duen epai irmo bat egotea.»
Lau.– 175. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Zerga Administrazioa jakitun bada edo zantzuak baditu badaudela funtsak, baloreak, tituluak edo beste ondasun batzuk kreditu entitate bati, beste pertsona bati, ordainketa entitate bati, diru elektronikoko entitate bati edo erakunde gordailuzain bati entregatu edo konfiatu zaizkionak, horien enbargoa xedatu ahal izango du, bidezkoa den zenbatekoan, entitate horretan dauden ondasun edo eskubideen identifikazio datuak zertan zehaztu gabe.
Enbargoa egiteko unean pertsona edo entitate gordailuzainak emandako informaziotik ondorioztatzen bada funtsak, baloreak, tituluak edo bestelako ondasunak ez direla homogeneoak, edo haien balioa 173. artikuluko 1. apartatuan adierazitako zenbatekoa baino handiagoa dela, zerga-bilketako organoak zehaztu beharko du zeintzuk trabatuko diren.»
Bost.– Hogeigarren xedapen gehigarriaren 7. apartatuari beste paragrafo bat gehitzen zaio, honela dioena:
«Aurreko paragrafoaren azken tartekian xedatutakoa gorabehera, «informatzera behartuta dauden plataforma operadore» guztiek kasuan kasuko Estatura transferitu den «kontraprestazioari» buruzko informazioa eman beharko diote «informatu beharreko saltzaile» bakoitzari, 2011/16/EB Zuzentarauarekin eta xedapen honetan adierazitako nazioarteko akordioekin bat.»
Lehen xedapen gehigarria.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
Honela idatzita geratzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarria:
«Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.– Merkantzien errepide bidezko garraio jarduerei zuzeneko zenbatespen sinplifikatua aplikatzeko erregela bereziak.
Merkantzien errepide bidezko garraio jardueren etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatua erabiliz kalkulatzeko, foru arau honen 28. artikuluko 1. apartatuaren b) letran aipatzen den gutxienekoa 100eko 70 izango da.
Xedapen honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioetarako, merkantzien errepide bidezko garraio jardueratzat joko dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetako 722. epigrafean jasotakoak.»
Bigarren xedapen gehigarria.– Entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordina.
Gizarte aurreikuspeneko plan jakin batzuetara egindako ekarpenengatik foru arau honetan aurreikusitako kenkariak aplikatzeko, erregelamenduz ezarriko da zer parametro erabiliko diren entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoa ezagutzeko.
Hirugarren xedapen gehigarria.– Foru arau honen I. tituluaren IV. kapituluan jasotako neurriak berrikustea eta indarrean jartzea.
1.– Foru arau honen I. tituluaren IV. kapituluan aurreikusitako fiskalitate berdeari buruzko neurriak berrikusi egingo dira horien indarraldia amaitzean, ezartzeko unean aurreikusitako helburuen betetze-maila zehazteko eta horien luzapena baloratzeko.
2.– Berrikuspen-prozesua amaitzen ez den bitartean eta dagozkion emaitzak ondorioztatzen ez diren bitartean, foru-arau honen I. tituluaren IV. kapituluan onartutako xedapenek indarrean jarraituko dute, beren denbora-muga amaitzen denean aurreikusitako baldintzetan.
«Laugarren xedapen gehigarria.– Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga aldatzea.
Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 4. artikuluko 3. apartatuan, honela geratzen da idatzita koefizienteen gehieneko zenbatekoei dagokienez jasotzen den taula:
(Ikus .PDF)
»
Xedapen indargabetzaile bakarra.– Araudia indargabetzea.
Indargabetu egiten dira foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehenengoa.– Arauak emateko ahalmena.
Diputatuen Kontseiluari eta, hala badagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
Azken xedapenetako bigarrena.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, haren artikuluetan adierazitako ondorioekin.
Aurreko paragrafoan jasotakoa jasota ere:
– 3. artikuluko bi apartatuan xedatutakoak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eskuratutako ohiko etxebizitzetarako izango ditu ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 86. artikuluko 8. apartatuan xedatutakoak, 3. artikuluko bosgarren apartatuan jasota dagoenak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako edo luzatutako kontratuen errentamenduetarako izango ditu ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluko 10. apartatuan xedatutakoak, 3. artikuluko seigarren apartatuan jasota dagoenak, ondorioak izango ditu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eskuratzen diren ohiko etxebizitzetarako eta 87. artikulu horren 5. apartatuko pareko kasuetarako.
– 7. artikuluko zortzi apartatuan, salbu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 71. artikuluko 1. apartatuaren d) letran jasotakoak, eta bederatzi, hamabi eta hamahiru apartatuetan ezarritakoak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
– 7. artikuluko bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, hamar, hamaika, hamalau eta hamabost apartatuetan xedatutakoak eta, era berean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 71. artikuluko 1. apartatuaren d) letran (artikulu beraren zortzi apartatuan jasota dago) ezarritakoak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 59. artikuluko 3. apartatuan eta haren hurrengoetan xedatutakoak, 15. artikuluko laugarren apartatuan jasota dagoenak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 76. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoak, 13. artikuluaren hirugarren apartatuan jasota dagoenak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 56. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoak, 15. artikuluko hirugarren apartatuan jasota dagoenak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak.
– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 56. artikuluko 7. apartatuan xedatutakoak, 15. artikuluko hirugarren apartatuan jasota dagoenak, 2026ko urtarrilaren 1etik 2030eko abenduaren 31ra bitartean hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak.
RSS