Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2025eko abuztuaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3485

AGINDUA, 2025eko uztailaren 22koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, horren bidez arautzeko eta deitzeko Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programarako laguntza berriak eta laguntza berritzeak, 2025-2028 aldirako.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak badaki eraginez parte hartu behar duela Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) ikerkuntzan diharduten giza baliabideak ugaritzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten programen sustapenean. Horretarako, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen hobekuntzarako laguntzak.

Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/EE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Sailkapena gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren lehen etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori da Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea da.

Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da EAEn ikerketa zientifikora eta teknikora bideratutako giza baliabideak sustatzeko, baita zientziaren eta teknologiaren arloan erreleboko belaunaldiaren prestakuntza sustatzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/EE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2011ko ekainaren 1eko Legearen arabera (aurrerantzean, ZTBL), irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua.

Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntza-lerro espezifikoari; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, EAEn. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. Lehentasunezko xedea da arlo horretan komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea EAEn, Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.

Halatsu, hezkuntzaren arloko ikerketa-lerro espezifikoari ere jarraipena emango zaio, eta, berretsi egingo da, hartara, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren politika eta lehentasunekin bat datozen ildo estrategikoetan ikerketa sustatzeko helburua.

Deialdi honen bidez, ikertzaileen hobekuntza-programa eskaintzen da doktoretza-ondoko fasean; gehienez bost urte iraungo du, eta doktoreak lan-kontratu bat sinatu beharko du ikerkuntzan diharduen euskal entitateren batekin. Unibertsitatea, ikerketa-zentroa eta/edo osasun-ikerketako institutua izan beharko da erakunde hori, publikoa edo pribatua, baina irabazi asmorik gabea, eta I+G+b-n egiaztatutako gaitasuna eta jarduna duena, sozietatearen egoitza EAEn, eta kontratatzeko gaitasuna duena. Hala, lehen bi urteetan, atzerriko ikerketa-zentro batera lekualdatutzat hartuko da.

Programa horrekin, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituena, lan-kontratu bat izango dutelako, urtero ebaluagarria izango dena.

Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, sailaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo dena, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailak sortu, kendu eta aldatzen dituen eta haien eginkizunak eta jarduketa-esparruak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak zientzia-politikarako eta ikerketa teoriko eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko eskumenak ematen dizkio sail honi.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

Agindu honetan arautzen diren laguntzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren maiatzaren 16ko Aginduan jasota daude (1. helburu estrategikoa garatzeko dirulaguntza-lerroaren barruan). Hain zuzen, agindu horren bidez onartu zen sailaren 2025erako dirulaguntzen plan estrategikoa. Honako lotura honetan dago eskura plana: https://www.euskadi.eus/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2025/web01-a2hunib/es/ Horrez gain, dirulaguntzok abenduaren 20ko 8/2024 legean ere badaude jasota (Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legean).

Era berean, deialdiak honako lege hauek bete behar ditu: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Saileko sailburuari dagokionez, berak du deialdia egiteko eskumena; zehazki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluak xedatzen du sailburuak direla, oro har, dagozkien esparruetan dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzeko eskumena duten organoak.

Era berean, sailburuak dira beren eskumen-eremuan dirulaguntzak emateko eskumena duten organoak (20/2023 Legearen 10.1 artikulua). Artikulu berak baimena ematen du, dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileen bidez, esleipena deskontzentratzeko, hartara, eskumen hori beste organo batzuei egozteko moduan. Era berean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari dagokio deialdi hau ematea, arau hauetan xedatutakoaren arabera:

– 18/2024 dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, 17.1 artikulua. Lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa da.

– 494/2024 Dekretua, abenduaren 23koa, 1. eta 4. artikulua. Lege hori Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa da.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ikertzaile doktoreen hobekuntzarako 2025-2028 aldirako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, EAEko ezarpen-zentroetan egongo diren eta aldi baterako atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzat. Deialdiak barne hartzen du:

a) 2025-2028 aldirako laguntza berriak ematea.

b) Aurreko deialdian hirugarren urterako berritu ziren laguntzak 2025-2026 aldirako berritzea.

c) 2022-2025 aldirako deialdian laguntza berria lortu zutenak 2025-2027 aldirako berritzea.

d) Atzerriko bigarren urteko egonaldia ordaintzeko laguntza, aurreko deialdiaren (2024-2027) onuradun izaten jarraitzen duten hartzaile berrientzat.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA – Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 22a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
DOKTORATU ONDOKO PROGRAMAKO IKERTZAILE DOKTOREEN HOBEKUNTZARAKO LAGUNTZA BERRIEN ETA BERRITZEEN OINARRIAK 2025-2028 ALDIRAKO
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. atala
Xedea, zentroak eta finantzaketa

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Programaren helburua da ikertzaile-doktoreen ikerketa-hobekuntzako fasea bultzatzea.

2. oinarria.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.

1.– Ezarpen-zentroak: laguntzak irauten duen artean, ikertzaile doktoreak kontratu bidez jardungo diren zentroak unibertsitateak, ikerketa-zentroak edo osasun-ikerketako institutuak izan beharko dira, publikoak nahiz pribatuak, baina irabazi asmorik gabekoak; era berean, egoitza soziala EAEn izanda, I+G+B-n egiaztatutako jarduna eta kontratatzeko gaitasuna izan beharko dute, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agente gisa akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera. Laguntza hau indarrean den bitartean akreditazio hori galtzen bada, ezarpen-zentroa ZTBESen beste agente akreditatu batek ordeztuko du, laguntzaren onuradunak proposatuta.

Ikerbasque Fundazioak agente kontratatzaile gisa parte hartuko du eskatzailearen eta ezarpen-zentroaren arteko kontratua zuzenean gauzatu ezin daitezkeen kasuetan. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatu beharko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko nahiz pribatuekin eta ikerketa-zentroekin edo osasun-ikerketako zentroekin (publiko nahiz pribatuekin).

2.– Atzerriko zentroak: ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak edo ikerketa-zentro publikoak nahiz pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.

Nolanahi ere, atzerriko zentroan egonaldia egiteko, onuradunak bizileku iraunkorra aldatu beharko du, eta atzerriko zentroa kokatuta dagoen herrialdean jarri.

3. oinarria.– Jarduera lerroak eta ezagutza esparruak.

1.– Programak honako jarduera lerro hauek ditu:

a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo orokorretan.

b) Laguntza-berritzeen lerroa, 2024-2024 deialdian emandako hirugarren berritzeetarako eta 2022-2025 aldirako deialdian ikerketa orokorreko alorrean emandako laguntza berrietarako.

c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo espezifikoetan.

Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.

2.– Agindu honen II. eranskinean daude zerrendatuta laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza orokorraren arloak.

Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.

3.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntza berriak:

a) Neutronika:

– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

b) Hezkuntza:

– Digitalizazioa: metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak eta berauek ingurune digitalean-ingurune presentzialean integratzea.

– STEAM proiektuak: gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea eta ikasleek STEM arloekiko duten jarrera aldatzea.

– Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: metodologiak eta hizkuntza-gaitasunak ingurune inklusiboetan.

4.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa eta lerroa aldatu ahal izango du, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programaren zenbateko osoa, deialdi honetan, 7.496.827,50 eurokoa da, aurrekontu-ekitalditan eta jarduera-lerrotan banatuta, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Gehienez 26 laguntza berri emango dira ikerketa orokorretan, eta plaza bat gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat. Desgaitasuna duten pertsonentzako plaza betetzeko hautatzeko moduko behar adina eskabide ez balego, esleitu gabeko laguntza ikerketa orokorrera bideratuko litzateke.

3.– Gehienez 3 laguntza berri emango dira ikerketa espezifikoaren lerroan: Neutronika arloan 2, eta Hezkuntzarenean 1. Arlo espezifikoetan hautatzeko moduko behar beste eskabide ez balego, esleituko gabeko laguntzak ikerketa orokorrei gehituko litzaizkieke eta 31.4 oinarrian xedatuaren arabera esleituko.

4.– Gehienez 30 berritze emango dira ikerketa orokorraren lerroan.

2. atala
Onuradunak, ezaugarriak, zuzendaritza eta ikerketa-proiektuak

5. oinarria.– Onuradunak.

1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutu batekin edo Ikerbasque fundazioarekin ikertzaile doktore izateko sarbide-kontratua sinatzen duen ikertzaile-doktorea izango da laguntzaren onuraduna.

2.– Ezin izango dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden hautagaiak. Arrazoi beragatik, entitate kontratatzaileak ere ezingo dira erakunde kolaboratzaile izan.

Eskakizun horiek laguntza-eskabidea aurkeztu eta ematen den dirulaguntza likidatu arte bete behar dira.

6. oinarria.– Ezaugarriak.

1.– Kontratua: Kontratu berriek ikertzaile-doktore izateko sarbide-kontratuen ezaugarriak izango dituzte. Kontratu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen 22. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo da.

Laugarren berritzeek sinatu ziren baldintza berberei eutsiko diete, eta ez zaizkie aplikatuko irailaren 5eko 17/2022 Legeak araututako aldaketak.

Entitate kontratatzailearen eta ikertzaile doktorearen arteko harremana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.

Kontratu hori sinatuta, ikertzaile doktoreak konpromisoa hartzen du esklusiboki jarduteko Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez laguntza jaso duen ikerketa-proiektuan.

Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatzekotan edo daudenak luzatzekotan, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari heldu beharko diote, horrek ebatziko dituelako laguntza berriak esleitzeko eta daudenak berritzeko prozedurak, 31. eta 35. oinarrietan ezarri bezala, hurrenez hurren.

2.– Iraupena: Kontratu berriek hiru urteko iraupena izango dute, 9. oinarriko 1. apartatuan laguntza hasteko ezarritako egunetik aurrera.

Hiru urteko aldia amaitutakoan, laguntza urtebetez berritzeko aukera izango da 2024-2027 deialdiko berritzeen kasuan, eta bi urtez 2022-2025 deialdiko laguntza berrien onuradunen kasuan, berritze horretarako deialdian ezartzen diren baldintzen arabera.

60 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 36 hilabetekoa izango da; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.

Ezinbestekoa delako (bisa garaiz lortzeko ezintasuna, lanerako ezinduta egotea, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua, aitatasuna edo antzeko egoerengatik) eta Zientza Politikako zuzendaritzak aurretiaz baimena emanda, atzerriko zentroan ezartzeko data geroratu ahalko da, agindu honen 9.3 oinarrian ezarritako hilabeteko epean baino geroago. Kasu horretan, onuraduna ezarpen-zentroan hasiko litzateke kontratua sinatu ondoren, atzerriko zentroan hasi arte. Ezarpen-zentroan igarotako denbora aurreko paragrafoan aipatu den bigarren faseko 36 hilabeteetatik kenduko da. Atzerriko zentroan sartzeko atzerapena gehienez 12 hilabetekoa izan daiteke.

Egoera hauetakoren bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna; haurdunaldiko arriskua; amatasuna, adopzioa edo harrera; edoskitzaroko arriskua, eta aitatasuna, baita mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintza ere. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, aurrez eskatuta, baldin eta Zientzia Politikako zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskabidean atzera egin ez badu eta aurrekontuek horretarako aukera ematen badute.

Justifikatutako salbuespenen bat egonez gero, oro har 2026ko urtarrilerako aurreikusitako kontratua sinatzea atzeratu egin daiteke, 9.1 oinarrian xedatzen den bezala.

3.– Zuzkidura: ezarpen-zentroak izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak erabili beharko ditu ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko.

Bai entitate kontratatzaileek bai enplegatuek zuzkidura hauek jasoko dituzte 2025-2028 bitartean:

(Ikus .PDF)

Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoretza-ondoko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatu ahal izatea; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren eta kalte-ordainaren zati proportzionala ordaindu beharko du entitate kontratatzaileak.

4.– Asegurua: laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzako estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakiekeena interesdunak hala eskatzen badu, atzerriko egonaldi osoan edo aldi luzeetan onuradunarekin egon behar badira. Aldi luzetzat hartuko da onuradunarekin bizitzen egindako aldia hilabete baino gehiagoko aldia, ez bada bisitaldi edo oporraldi batengatik. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira.

5.– Bidaia- eta bisa-gastuak: laguntza-aldiko lehen bi urteetan, osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa taula hau kontuan hartuta ezarriko da:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorrizko hiritzat, eta lerro zuzeneko distantzia https://es.distance.to/ tresna erabiliz neurtuko da.

Halaber, laguntzaren lehen urtean, joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

6.– Egoitza-gastuak Laguntzaren lehen bi urteetan, gehigarri bat ezarriko da ikertzaile doktoreen hobekuntza-programaren mugikortasun-baldintzaren ondoriozko gastuak finantzatzeko, eta, zehazki, atzerriko destino-zentroetan doktoratu ondoko egonaldietan langile horien ostatuaren eta mantenuaren kostua finantzatzeko. Baita atzerriko bigarren urteko egonaldia ordaintzeko ere, aurreko deialdiaren (2024-2027) onuradun izaten jarraitzen duten hartzaile berrientzat.

Atzerriko egonaldian, bizitoki- eta mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,40 eurokoa izango da eguneko.

7.– Kalte-ordaina. Osagarri bat finkatu da jardunari uzteagatiko dagokion kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean indarrean den araudiaren arabera, onuraduna laguntzaren bosgarren urtean badago.

Lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien kopurua estaliko du gehienez osagarri horrek, programaren bosgarren urtea amaitu arte. Gehienez 5.956,00 euro ordainduko dira kontratu bakoitzeko kalte-ordainetan, beti programako bosgarren urteko azkenengo ordainketan.

8.– Laguntza berritzeak ordaintzeko modua.

Lehen urtekoa. Laguntzaren ordainketa zatikatua izango da, eta entitate kontratatzaileei egingo zaie. Ebazpen bidez emandako laguntza onartu ondoren ordainduko zaie bi hilabeteri dagokion ordainsaria (lehen ordainketa), edo, hala badagokio, aginduaren 11.1 oinarrian ezarritako epea igaro eta esanbidezko uko-egiterik izan ez bada. Gainerakoa hiru ordainketatan ordainduko da: bata, 2026ko martxoan (lau hileko); bestea, 2026ko maiatzean (hiru hileko); eta hirugarrena, 2026ko urrian (hiru hileko).

Bigarren urtea. Laguntza zatika ordainduko zaie entitate kontratatzaileei. 2026ko abenduan ordainduko zaie bi hilabeteri dagokion ordainsaria (lehen ordainketa). Gainerakoa hiru ordainketatan ordainduko da: bata, 2027ko martxoan (lau hileroko); bestea, 2027ko maiatzean (hiru hileko); eta hirugarrena, 2027ko urrian (hiru hileko).

Bigarren ordainketa egiteko, kontratua aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, informatika-aplikazioaren bidez, agindu honen 9. oinarriko 2. puntuan ezartzen den bezala.

Doktore-ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.

Jarduera uzteagatik kalte-ordainari dagokion zenbatekoa entitate kontratatzaileari ordainduko zaio, programako bosgarren urteko azkenengo ordainketan.

Dena dela, ez da ordainketarik egingo baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

9.– Laguntza berriak ordaintzeko modua.

Lehen urtekoa. Laguntza zatika ordainduko zaie entitate kontratatzaileei, urte bakoitzean. Ebazpen bidez emandako laguntza onartu ondoren ordainduko zaie bi hilabeteri dagokion ordainsaria (lehen ordainketa), edo, hala badagokio, aginduaren 11.1 oinarrian ezarritako epea igaro eta esanbidezko uko-egiterik izan ez bada. Gainerakoa hiru ordainketatan ordainduko da: bata, 2026ko martxoan (lau hileko); bestea, 2026ko maiatzean (hiru hileko); eta hirugarrena, 2026ko urrian (hiru hileko).

Bigarren urtea. Laguntza zatika ordainduko zaie entitate kontratatzaileei. 2026ko abenduan ordainduko zaie bi hilabeteri dagokion ordainsaria (lehen ordainketa). Gainerakoa hiru ordainketatan ordainduko da: bata, 2027ko martxoan (lau hileroko); bestea, 2027ko maiatzean (hiru hileko); eta hirugarrena, 2027ko urrian (hiru hileko).

Hirugarren urtekoa. Laguntza zatika ordainduko zaie entitate kontratatzaileei. 2027ko abenduan ordainduko zaie bi hilabeteri dagokion ordainsaria (lehen ordainketa). Gainerakoa hiru ordainketatan ordainduko da: bata, 2028ko martxoan (lau hileroko); bestea, 2028ko maiatzean (hiru hileko); eta hirugarrena, 2028ko urrian (hiru hileko).

Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.

Bidaia-gastuen zenbatekoak, bisa-gastuak eta egoitza-gastuak urteko bakoitzeko bigarren ordainketan ordainduko zaizkio entitate kontratatzaileari, lehen bi urteetan. Entitateak ordainketa bakarrean ordaindu beharko dizkio zenbateko horiek onuradunari, hirugarren hilekoan.

Dena dela, ez da ordainketarik egingo baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

7. oinarria.– Zuzendaritza.

1.– Laguntzaren onuraduna zer unibertsitate edo ikerketa-zentrori dagoen atxikita, hango doktore batek zuzenduko dio doktorego-tesiaren proiektua (doktoreak, nolanahi, kontratu- eta lan-lotura iraunkorra izan behar du bertan, eta zerbitzu aktiboan egon).

Ondorio horietarako, iraunkortzat joko da Ikerbasquek «Research Professor» edo o «Research Associate» kategorietan kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.

Proiektuaren zuzendariak kontratu-lotura ez-iraunkorra baldin badauka laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin, eskatutako proiektuak beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek.

Ezarpen-zentroko harrera-taldean ikerketa-proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duena ezin izango da egon deialdi honen eskabide berri batean baino gehiagotan.

3. atala
Eskubideak eta betebeharrak

8. oinarria.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.

2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.

3.– Ikerketa-proiektua egiten ari den zentroko estatutuak laguntza-fase bakoitzerako zehazten dituen opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.

4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

5.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.

6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute mendekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira, hargatik eragotzi gabe lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileak, ikertzaile doktorea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, patenteei buruzko uztailaren 24ko 24/2015 Legearen esparruan xedatutakoa hartuko da kontuan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

8.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.

9.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.

9. oinarria.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute, eta, gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Ezarpen-zentroarekin kontratu berriak 2026ko urtarrilean formalizatzea. Kontratua ez bada egun horietan formalizatzen, gerta liteke emandako dirulaguntza ezestea, Zientzia Politikako Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik. Berritzeko bada, une horretan indarrean den kontratua amaitzean egingo da kontratuen luzapena.

2.– Sinatutako kontratuaren egiazko kopia –berria nahiz luzapena– Zientzia Politikako Zuzendaritzara igortzea, 21 egutegi-eguneko gehieneko epean, sinatzen den egunetik aurrera.

3.– Zentroan jarduten hasteko data hauek betetzea:

a) Laguntza berri baten onuraduna kontratua sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan hasiko da lanean atzerriko zentroan.

Onuraduna lanean hasi dela egiaztatu beharko da atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki bidez. Bertan, zein egunetan hasi den jaso beharko da.

b) Laguntza berritu zaion onuradunak egiaztatu beharko du ezarpen-zentroan jarraitzen duela, ikerketa-proiektuko zuzendariak eta onuradunari dagokion saileko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez.

Apartatu honetan aipatutako agiriak Zientzia Politikako Zuzendaritzara bidali beharko dira 2025eko lehen hiruhilekoan, onuradunak doktoretza-ondoko laguntza eskatzeko erabili duen informatika-aplikazioaren bidez.

4.– Laguntza berrien onuradunek, bai deialdi honetakoek bai aurreko deialdikoek, informatika-aplikazioaren bidez, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Garraio publikoan egindako joan-etorriko bidaiaren txartelak eta fakturak, lehen eta bigarren urtea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan.

b) Helmugako herrialdean bizi dela justifikatzen duen alokairu-kontratuaren kopia, atzerriko zentroan hasi den hilabetearen barruan. Alokairu-kontratuak egonaldi osoa (24 hilabete) baino iraupen laburragoa badu, beste alokairu-kontratu bat aurkeztu beharko da helmugako herrialdean bizi dela justifikatzeko, kontratu berria sinatzen den hilabetearen barruan.

c) Ostatu-gastuen fakturak, horiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera, lehenengo eta bigarren urtekoak amaitu ondorengo hamabost eguneko epean.

d) Atzerrian egindako egonaldiaren gaineko egiaztagiria, atzerriko ikerketa-taldeko arduradunak sinatua, eta hasiera- eta bukaera-egunak berariaz zehaztuta.

e) Jarraipenari eta laguntzaren aplikazioa egiaztatzeari buruzko informazioa, hau da, hobekuntza-programaren aprobetxamenduaren egiaztapena eta kontratuan zehar izan duen bilakaera zuzena. Egiaztapena urtero egin beharko da, lehen urtea amaitzen denetik aurrera, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barruan, eta ezarpen-zentroan proiektuaren zuzendari denak eta atzerrian proiektuaren zuzendari denak sinatu beharko dute (laguntzaren lehen bi urteen kasuan).

5.– Ikerketa-beharren ondorioz, atzerriko zentrotik nahiz ezarpen-zentrotik aldi baterako irteerak egiteko baimenaren eskabidea. Irteera horiek Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimendu beharko ditu.

Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, informatika-aplikazioaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta ezarpen-zentroan ikerketa-proiektuko zuzendari denak sinatu beharko du. Onuraduna atzerriko zentroan den aldian egiten bada irteera, atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariak ere sinatu beharko du eskabidea.

6.– Laguntza-aldi osoa amaitu eta ondorengo hilabetean, informatika-aplikazioaren bidez aurkeztu beharko dituzte curriculum vitae eguneratua eta amaierako txostena (gehienez 10 orrialde). Txostenean, finantzatutako aldian egindako jarduera akademikoak eta lanak eta izandako lorpenak azalduko dira, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatuta.

7.– Laguntzari uko eginez gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinaraztea, aplikazio informatikoaren bidez, eman zaion laguntzari uko egiten diola, 12. oinarrian aurreikusitako moduan eta baldintzetan. Ezarpen-zentroari ere egin beharko zaio jakinarazpena.

8.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, hartzailea, etab.) jakinarazi beharko diete Zientzia Politikako Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari.

Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Zientzia Politikako Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa egiteko eskabidea informatika-aplikazioz eta idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du, eta ikerketa-proiektuaren zuzendariaren oniritzia izan beharko du.

Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea.

9.– Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

10.– Hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerak aprobetxamenduarekin egin.

11.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Zientzia Politikako Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

12.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko zein atzerriko zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

13.– Entitate batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.

14.– Laguntza-aldian argitaratutako lan guztietan begi-bistan jartzea Eusko Jaurlaritzak doktoreei eskainitako doktoretza-ondoko hobekuntza-programari atxikitako ikertzailea dela. Betebehar hori data horren ondoren egindako argitalpenek ere bete beharko dute, programa honek finantzatutako ikerketaren zuzeneko ondorioak badira.

15.– Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola ezarpen-zentroetan eta atzerriko zentroetan aplikagarri zaizkion laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.

16.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

17.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko dute, hargatik eragotzi gabe agindu honen 13. oinarrian (4 eta 5 puntuak) ezarritakoa.

18.– Eusko Jaurlaritzak deitutakoaz gain, beste doktoratu ondoko kontraturen bat sinatu bada ZTBLren 22. artikuluan xedatutakoaren babesean agindu hau ebatzi baino lehen, horren berri ematea.

10. oinarria.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.

1.– Ezarpen-zentroak betebehar hauek izango ditu, hargatik eragotzi gabe kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnak:

a) Ikertzaile onuradunari lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako eskakizunekin.

b) Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Gehienez ere, egutegiko 21 eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.

c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta organismo publiko edo pribatuetan integratzeko.

f) Laguntza-programa honen babesean ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko finantza-laguntza dutela Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programaren bitartez.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskaturiko informazio oro ematea, laguntza horien xederako fiskalizazio-funtzioak bete bitartean.

h) Ezarpen-zentroak agindu honetan ezarritako laguntzengatik jasotako funtsak zer-nola aplikatu dituen justifikatu beharko du, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea. Era berean, bidaia-gastuetan, bisa-gastuetan eta egoitza-gastuetan egindako ordainketak justifikatu beharko dira.

Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Zientzia Politikako Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren organismo horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak, baita kontratu bakoitzari amaitzean dagozkion kalte-ordainen kopuruak ere. Zenbateko horien artean alderik badago, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.

Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.

i) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera errotik aldarazten duen gorabeheraren bat sortzen bada, horren berri ematea, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskaritza-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

2.– Entitate kontratatzailea, erakunde laguntzaile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12., 45. eta 47. artikuluetan xedatutakoaren mende egongo da, bai eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren mende ere, erakunde laguntzaileen eskakizunei, araubideari eta betebeharrei dagokienez.

4. atala
Laguntza onartzea, hari uko egitea eta bateraezintasunak

11. oinarria.– Laguntza onartzea.

1.– Agindu honetan xede diren laguntzen onuradun den doktore-ikertzaileak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari esanbidez uko egiteko, kontzesio-ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), hala egin ezean, onartutzat joko da laguntza. Uko eginez gero, laguntzaz gozatzen hasi baino lehen izango ditu ondorioak uko-egite horrek. Informatika-aplikazioaren bidez egingo da uko eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko da. Uko-egitea puntu honetan adierazitako moduan eta epean aurkezten bada, eman gabe geratu den laguntza hori 32.7 oinarrian adierazitako prozedurari jarraikiz esleituko da berriro.

2.– Ikertzaile doktoreek dirulaguntza onartzen badute, 8. eta 9. Oinarrietan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzek konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.

12. oinarria.– Laguntzari uko egitea.

1.– Kontratua formalizatuta, eta laguntza jasoko duen aldian, onuradunak laguntzari uko egiterik izango du, horretarako arrazoiak adierazita. Uko-egitea informatika-aplikazioaren bidez jakinarazi beharko da, eta, horretarako, Zientzia Politikako zuzendariari zuzendutako idatzi bat aurkeztu beharko da. Idatzi hori ikertzaileak berak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak sinatu beharko dute, eta bertan adierazi beharko dira laguntzari uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egitearen eguna hartuko da ondorioak hasteko eguntzat. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egutegi-egun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez. Laguntzari uko egiten dion onuradunaren ezarpen-zentroa UPV/EHU bada, Ikerketako errektoreordeak sinatu beharko du justifikazio-idatzia.

2.– Onuradunak alegatutako arrazoiak justifikazio nahikotzat jotzen badira, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen Ebazpen bidez onartuko da uko-egitea.

3.– Doktore ikertzaileak uko egiten badu, ezarpen-zentroak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko-egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko-egite hori gauzatzen den egun berean, hargatik eragotzi gabe bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak. Laguntza berrien kasuan, uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko du onuradunak, baldin eta laguntza baliatzeko lehen hiruhilekoan egin badio uko.

13. oinarria.– Bateraezintasunen erregimena.

1.– Agindu honen babesean laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso –xede bera baldin badu–, ez eta soldatarik ere.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, agindu honen babesean laguntza jasotzea bateraezina da Eusko Jaurlaritzak deitutako doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzak jasotzearekin edo jaso izanarekin agindu hau ebatzi baino lehen.

3.– Agindu honen babesean jasotako laguntzak bateraezinak dira ikasketa arautuak egitearekin, izan urrutiko modalitatean, nahiz aurrez aurrekoan.

4.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du hizkuntza-ikasketak egiteko, baldin eta beren ezaugarri eta ordutegiengatik ezarpen-zentroko lanaldi normalizatutik kanpo egin badaitezke eta ez badiote inolako kalterik eragingo onuradunaren ikerketa-jardunari.

Ikasketak egiteko baimen-eskabidea informatika-aplikazioaren bidez egingo da, gutxienez, ikasketak hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, eta proiektuko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute.

5.– Salbuespen gisa, eta laguntzaren hirugarren, laugarren eta bosgarren urtean bakarrik, Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; gehienez 30 orduz urtean, eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.

Lankidetza hau graduaren edo masterraren irakaskuntzan egingo da. Gainera, ez du inolaz ere gutxituko lankidetza agindu duen departamenduaren irakaskuntza-zama, eta ezingo da ordeztu irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntza-lana, eta paraleloki egingo da irakasgaiaren ardura duten irakasleekin, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan, edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan. Halaber, ez da lan-kontraturik sinatuko.

Lankidetzaren baimen-eskabidea egiteko erabili den informatika-aplikazio beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; irakaskuntzako lankidetza hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikitako departamentuko zuzendariak eta proiektukoak sinatu beharko dute eskabidea.

6.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimena eman dezake onuradunak egin ditzakeen zereginetatik datozenak hartzeko, ikerketarekin harreman zuzena badute eta ez badira ohikoak, baizik eta noizbehinkakoak badira (hitzaldietan parte hartzea, liburuetan, artikuluetan edo azalpenetan). Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordin osoaren % 30 gainditu.

Baimen-eskabidea informatika-aplikazioaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Atxikitako departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, kasua kasu, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortu badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, betiere dirulaguntzari buruzko arauan onuraduna izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako zenbatekoak berriz doitzeko, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatzeko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. Oinarrian aurreikusitako itzulketa-espedientea hasiko da.

15. oinarria.– Jarraipena.

Zientzia Politikako Zuzendaritzari dagokio ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko-teknologikoa egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

16. oinarria.– Ikuskapena eta kontrola.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honetako betekizunak eta baldintzak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari esleitutako egitekoak.

17. oinarria.– Ez-betetzea.

Laguntzaren onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo entitate kontratatzaileak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, zeina bat baitator araudiarekin, hori baita Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.

18. oinarria.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko, eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:

1.– Prozedura abiatzeko eta jakinarazteko ardura Zientzia Politikako zuzendariarena izango da.

2.– Prozedura hasteko idatzian prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko dira, eta 10 eguneko epea emango da onuradunak egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

3.– Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epearen barruan alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Hamabi hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

Ebazpenean irizten bada arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak –hau da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 36.1 artikuluan dagoen oinarrizko araudiaren arabera ezar daitekeena–; horretarako epea gehienez bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldia izango da.

4.– Laguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

19. oinarria.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Xedea: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak eskura izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea dago gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA

20. oinarria.– Kudeaketa-organoa.

Zientzia Politikako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

21. oinarria.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragarri dagoen inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Zehazki, helbide honetan aurki daiteke: https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2025/posdoc/web01-tramite/es

Helbide horretatik, izangaia informatika-aplikazioan sartuko da, eta, bertan, alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Eskabidearekin batera aurkeztuko diren agiriak elektronikoki bakarrik aurkeztuko dira urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera (zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa-arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan) eta agindu honen 27. oinarrian adierazitakoa hartuko da kontuan Laguntza berrietarako eta 35. Oinarriko berritzeetarako. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabidea osatu ondoren, elektronikoki sinatu beharko da erregistratzeko; horretarako, egoitza elektronikoak aitortutako sinadura elektroniko mota bat erabili beharko da. Eskaera behar bezala egin dela egiaztatzeko, eskaeraren ziurtagiria deskargatu daiteke. «Ikusi R/E egiaztagiria» erabiliz, eskaera egin duenak eskura izango du. Osatu ez diren eskabideak ez dira onartuko, erregistratu badira ere.

Eskabide telematikoa osorik betetzeko, eskatzaileak bere burua identifikatu beharko du egoitza elektronikoak onartzen duen sinadura elektronikoko edozein sistemaren bidez. Horren ondoren, eskabidearen erregistro-prozesu elektronikoa osatzeko moduan izango da, alegia, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, erregistratu dela jasota geratu beharko du. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria R/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

3.– Helbide honetan ageri dira identifikazio-sistema elektroniko onartuak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Eskabideak –berriak zein berritzeenak– aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da eta 2025eko irailaren 15 arte, horri barne, irekita egongo da.

5.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar batekin parte har dezake deialdi honetan. Informatika-aplikazioak ez die beste eskabiderik egiten utziko aurretik eskabide bat eginda duten hautagaiei.

6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egoki iritzi eta berariaz baimendutako aparteko kasuetan izan ezik.

7.– Agindu honen III., IV. eta V. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.

22. oinarria.– Eskabidea aurkezteak dakarrena.

Laguntza-eskabidea aurkezteak berarekin dakar:

1.– Deialdiaren oinarriak onartzea.

2.– Interesdunak baimena ematea, eskabidean jasotako datuak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.

3.– Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari baimena ematea beste administrazio batzuekin elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez era automatizatuan kontsultatzeko eta eskuratzeko laguntza izapidetzeko behar-beharrezkoak diren datuak.

23. oinarria.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar egun balioduneko epe luzaezinean. Zuzentze-prozedura hori egiteko, 21. oinarriaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskabideari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen esanbidezko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.

Zuzenketak egiteko errekerimenduaren jakinarazteko, egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da zuzentzeko eskabideen zerrenda: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu behar da bertara.

24. oinarria.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, modu independentean ikerketa orokorrerako eta berariazko ikerketarako, publizitateari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera.

Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen artean hautapen-irizpideen araberako hurrenkera bat ezartzeko. 75 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan.

Lehenik, desgaitasuna duten pertsonen kupoari dagozkion laguntzak esleituko dira. Aukeratzeko behar beste hautagai ez balego, esleituko gabeko laguntzak ikerketa orokorreko alorrei gehituko litzaizkieke.

2.– Laguntzak bakoitza bere aldetik berrituko dira, ikerketa orokorrekoak batetik eta espezifikokoak bestetik, betiere, eskabidea garaiz eta formaz egoki aurkezten bada, eta agirien bidez egiaztatzen bada 33. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen direla.

4.1 oinarrian ezarritako zenbatekoa kalkulatzeko, oinarritzat hartu da programa honetan legez jardunean diren gaitutako onuradun guztiek berritzea eskatuko dutela.

III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK.
1. atala
Eskakizunak eta agiriak

25. oinarria.– Eskatzaileek bete beharreko betekizunak.

1.– a) Ikerketa orokorreko laguntzen kasuan, eskabidea aurkeztean EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1az geroztik.

b) Ikerketa espezifikoaren kasuan, eskabidea aurkezterakoan EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1az geroztik.

c) Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia EAEtik kanpoko doktoretza-programa batean egiteagatik eskakizun hori betetzen ez duten eskatzaileen eskabideak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean, beren ikerketa eten ez dutenak ere.

2.– Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eduki behar dute.

3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2022ko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa. Honako hauek izango dira salbuespenak:

a) Eskatzaileak beharrezko titulua ez badu ere, baina titulu hori 2025eko urrirako lortzekotan badago, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatu ahal izango da, baldin eta gainerako nahitaezko agiriekin batera aurkezten badu tesia deposituan erregistratu delako ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2025eko urrirako doktore-titulua ateratzeko moduan egongo dela ziurtatzen duena. Aipatu titulua lortu izanaren ziurtagiria aurkezteko azken-azkeneko eguna 2025eko azaroaren 6a da, egun hori barne. Laguntza jasotzeko moduan izateko, eskatzaileak doktore-titulua lortu duelako egiaztagiria aurkeztu beharko du. Horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren agiriaren kopia aurkeztu beharko du, informatika-aplikazioaren bidez.

b) Doktoretza eskuratu zeneko data 2021eko urtarrilaren 1a edo geroagokoa ere izan daiteke, betiere egiaztatzen bada etenaldi bat izan zela, honako arrazoi hauetakoren baten ondorioz:

i.– Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.

ii.– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larriagatik; 3 hilabete edo gehiagoko baja medikoa badu.

iii.– Norbaiten laguntzaren mende dagoen norbait zaindu beharra izatea, 3 hilabetez edo gehiagoz, bat etorriz Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoarekin.

Etenaldiek oso-osorik 2021eko urtarrilaren 1 eta 2024ko abenduaren 31 bitartean gertatutakoak izan behar dute. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkeztean adierazi eta egiaztatuko dira, eta, edonola ere, eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzeratzerik izango da hizpide dugun etenaldiagatik.

c) Doktoregoa lortzeko data 2021eko urtarrilaren 1a edo geroagokoa izan daiteke eskatzaileek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu, baldin eta egiaztatzen badute bateragarria dela proposatutako ikerketa-proiektua gauzatzearekin.

26. oinarria.– Eskakizunak betetzea.

1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Eskakizun horiek betetzen ez dituztenak edo eskatutako epean eta moduan egiaztatzen ez dituztenak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira; ildo horretan, 28.2 oinarrian ezarritakoa hartu beharko da aintzat.

27. oinarria.– Laguntza berrietarako nahitaezko dokumentazioa.

Ondoren adierazitako agiriak informatika-aplikazio bidez aurkeztu beharko dira eskabide-orriarekin batera, 21. Oinarriaren 1., 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

1.– Eskatzailea EAEko udalerri batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, gaur egun eta, gutxienez, 2021eko urtarrilaren 1etik, ikerketa orokorraren modalitatearen kasuan, eta 2025eko urtarrilaren 1etik, ikerketa espezifikoaren modalitatearen kasuan. Ziurtagiriak eskabideak aurkezteko epean eginda egon behar du.

Doktoretza lortzeagatik edo doktoretza-ondoko ikerketaren bat egiteagatik eskakizun hori beteko ez balu, 25.1.c oinarrian ezartzen den bezala, ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, batetik, EAEn erroldatuta egon dela erakusteko agiria, eta, bestetik, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean erroldatuta egon dela erakusteko agiria, edo, atzerrian bizi bada, enbaxadako erregistroa.

2.– Indarrean den bizileku-baimena, hala badagokio.

3.– Doktoretza-titulua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko data adierazita. Tituluak egiaztatzeko, kontsulta egingo zaie EAEko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroei, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari, edo ziurtagiriak ematen dituen organismoari. Kasu guztietan egingo da kontsulta hori, non eta eskatzaileak ez dion modu arrazoituan aurka egiten. Modu arrazoituan aurka agertzen bada, horrekin batera kontsultatzea nahi ez duen agiria aurkeztu beharko du, nahitaez. Eguneratzen ez bada, eskatzaileak aplikaziora igo beharko du ziurtagiria.

4.– Eskatzaileak doktoregoa 2021ean lortzeko arrazoia 25.3 oinarrian (b eta c) zerrendatutako inguruabarretakoren bat izan dela egiaztatzeko dokumentazioa

5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), lan-kontratua formalizatzeko ikertzaile doktorearekin.

Idazki horretan berariaz jasoko da bete egingo direla agindu honen 10. Oinarrian xedatutako betebeharrak. Horretarako, informatika-aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloia erabiliko da.

6.– Atzerrian garatutako proiektuaren zuzendariak emandako ziurtagiria, berariaz hauek jasoko dituena: a) atzerriko zentroak eskatzailea onartuko duela 2026. eta 2027. urteetan, agindu honen laguntza jasoz gero, eta b) aldi horri dagokion hobekuntza-programa baliozkotuko duela.

7.– Atzerrian burutu beharreko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua. CVak sinatuta egon behar du, EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daiteke, baita ingelesez ere, eta azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bakarrik aipatuko ditu. Sei urteko muga horrek txantiloiko C apartatuari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragiten.

8.– Proposatutako hobekuntza-programaren memoria, bere azkeneko hiru urteetan eskatzailea hartuko duen zentroko ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatua. Memoria horretan, laguntza-aldiko 60 hilabeteetan eskatzaileak, ikerketa-prestakuntza osatu eta espezializazioan sakontzeko, egin beharreko jarduerak azaldu beharko dira (gehienez 6 orrialde). Honako hauek jaso beharko ditu proposamenak:

a) Titulua, eta laguntza-aldian gauzatu beharreko ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa (gehienez 5 orrialde). Bertan adierazi beharko ditu atzerriko egonaldian zein aplikazio-zentrora itzultzeko hirugarren, laugarren eta bosgarren urtean lortzea espero diren helburuak, zereginak eta emaitzak, baita ekoizpen zientifikoari dagokionez espero izatekoak diren ekarpenak ere.

b) Lortu nahi diren helburuen eta garatu nahi diren konpetentzien zerrenda.

c) Hobekuntza-programaren interes zientifikoaren eta /edo sozialaren laburpena.

d) 5 urteetarako aurreikusitako jardueren kronograma edo egutegia.

e) Ezarpen-zentroko eta EAEko beste ikerketa-zentro batzuetako ikertzaileen eta atzerriko zentroetako ikertzaileen artean hasi eta/edo sendotu nahi diren lankidetzen proposamena, bai eta laguntza eskatzen duenarentzat eta azkeneko hiru urteetan ikertzailea integratuko duen ikerketa-taldearentzat espero izatekoak diren onurei buruzkoa ere.

9.– Memoria (gehienez 5 orrialde), eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.

EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan nahiz ingelesez aurkez daitezke 8. eta 9. puntuetan adierazitako memoriak.

10.– Atzerriko ezarpen-zentroko proiektuko zuzendariaren curriculum laburtua. CVak sinatuta egon behar du, EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daiteke, baita ingelesez ere, eta azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bakarrik aipatuko ditu. Sei urteko muga horrek txantiloiko C apartatuari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragiten.

Baldin eta kasuren batean ikerketa-lana eten egin bada (egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera; edo liberazioagatik, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak), halakoetan, ziurtatutako etenaldi horren proportzioan luzatuko da ikerketa-jardueraren aldia, non eta ez den 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldia (kasu horretan, seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko da ebaluatzeko aldia).

11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua. CVa EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan nahiz ingelesez aurkeztu ahalko da.

12.– Ikertzaileen bi aipamen-gutun, eskatzailearen ibilbide zientifikoaren berme gisa.

13.– Agindu honetako laguntza jasoz gero, eskatzailea azkeneko hiru urteetan hartuko duen ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako egiaztagiria, non berariaz adieraziko baita eskatzailea onartu egingo dutela, 2028, 2029. eta 2030. urteetarako.

14.– % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela dioen ziurtagiria, foru-aldundietako organo eskudunek, Imsersok edo parekideak aitortuta. Gainera, desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen dutenek, hala adierazi behar dute eskabidearen inprimakian.

15.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egia dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, hala badagokio. Erantzukizunpeko adierazpenean bertan dago adierazita zein kasutan egin behar den hori.

Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko dira 5., 7., 8., 9., 10. eta 11. puntuetan eskatutako agiriak. Ez badira txantiloi horiek erabiltzen, edo kasuan-kasuan aipatu den luzera gainditzen bada, edo hobekuntza programaren memoria eta zuzendariaren (eta hala badagokio, zuzendarikidearen) CVa sinatu gabe badago, eskabidea zuzendu beharko da.

Eskabidea behar bezala zuzendu bada, baina agiria sinatu gabe badago, denbora-muga gainditu bada edo ezarritako formatuan ez badago, eskatzaileak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

2. atala
Hautapen- eta esleipen-prozesua

28. oinarria.– Hautapen-prozesuko hautagaiak onartzeko prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta aurkeztutako agiriak aztertu ostean, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak lehen ebazpen bat emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.

Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu behar da bertara.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako ebazpenean baztertutakoen zerrendan agertzen diren eskatzaileek aukera izango dute elkarrizketa pertsonaletara joateko, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ditzaten, kautelaz, betiere, baztertzearen aurkako errekurtsoa aurkezten dutenean edo dagokion arloan elkarrizketak egiteko ezarritako eguna baino lehen aurkezteko asmoa egiaztatzen dutenean. Errekurtso hori ezesten bada edo azkenean aurkezten ez bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez.

29. oinarria.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak II. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.

2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak izendatuko ditu.

3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:

a) Eskatzailearen curriculum vitaea. Gehienez 25 puntu.

b) Hobekuntzarako programa.– Laguntza-aldiko 60 hilabeteetarako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta ikertzaile eskatzailearen hobekuntza, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, hala nola hirugarren, laugarren eta bosgarren urtean eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldean izango duen eragina, eta EAEko ikerketa-sistemarentzat espero izatekoak diren onurak. Gehienez 25 puntu.

c) Ezarpen-zentroa eta atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendaria. Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektuaren zuzendariaren historia zientifikoa. Gehienez 20 puntu.

d) Ezarpen-zentroa eta ikerketa-proiektuaren EAEko zuzendaria. Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa, eta ikerketa-proiektuaren eta taldearen zuzendariak duen zientzia-historia. Gehienez 10 puntu.

e) Elkarrizketa pertsonala: – Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan. Gehienez 20 puntu.

4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da hautagaia elkarrizketara ez agertzea edo 75 puntu baino gutxiago erdiestea.

30. oinarria.– Nola jokatu elkarrizketetan.

1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen EAEko hizkuntza ofizialean, Zientzia Politikako Zuzendaritzak ziurtatu beharko du, batetik, aurkeztutako agiriak itzuliko direla, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo dela interpretazio zerbitzu baten bidez, ebaluazio-batzordeko elkarrizketa pertsonalerako.

2.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.

3.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean). Zientzia Politikako Zuzendaritzari egoera horren berri eman behar zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.

31. oinarria.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da agindu honetan araututako laguntza berriak esleitzeko prozedura, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan ezarri bezala.

2.– Ebaluazioaren emaitzak Zientzia Politikako Zuzendaritzari helaraziko zaizkio.

3.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari.

4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:

a) Lehenik, desgaitasuna duten pertsonen kupoari dagozkion laguntzak esleituko dira. Nahikoa eskabide hautagarri ez balego, esleituko gabeko laguntzak ikerketa orokorrei gehituko litzaizkieke eta hurrengo apartatuan xedatuaren arabera esleituko lirateke.

b) Laguntza berriak ikerketa orokorrean: ahal dela, arlo guztietan onuradunak izateko moduan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko moduan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak horretarako aukera ematen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:

i.– Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta ehuneko hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua/eskabide hautagarrien kopurua.

ii.– Baldin eta aurreko prozedura egin eta gero ere, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken ehunekoa i) puntuan zehaztutako ehunekora gehien hurbiltzen diren edo gutxien urruntzen diren arloetako laguntzak emango dira.

c) Laguntza berriak ikerketa espezifikoan: honela egingo da esleipena:

i.– Eskabide hautagarriak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira arlo bietan. Puntuazio handiena eskuratu duten bi (2) eskabideei emango zaie laguntza Neutronikaren kasuan, eta puntuazio handiena lortu duenari (1) Hezkuntzan.

ii.– Arlo espezifikoren batean ezin badira aurreikusitako laguntzak eman, ez dagoelako eskabide hautagarri nahikorik, esleitu ez diren laguntzak beste arlo espezifikoan eskuragarri dauden laguntzei erantsiko zaizkie.

iii.– Hori egin eta gero ere ez bada posible arlo espezifikoetarako aurreikusitako hiru laguntzak ematea, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrean eskuragarri dauden laguntzei erantsiko zaizkie, aurreikusitako laguntza berriak eman arte.

5.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

6.– Honako hauek jasoko ditu ebazpen-proposamenak: pertsona onuradunen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda, arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, hots, 75 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita.

32. oinarria.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta uko egitearen ondoriozko plaza hutsak esleitzeko prozedura.

1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira laguntza berriak, dagokion prozeduretako bakoitzean, Zientzia Politikako Zuzendaritzak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda, 75 puntu edo gehiago jasota ere, laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita.

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko zaio EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) -ziurtagiri elektronikoa erabilita sartu behar da, hargatik eragotzi gabe, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratzea, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza emango zaien, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

5.– Aurreko atalean ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiete interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango zaizkie laguntzak ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei, baldin eta laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 15 egunetan norbaitek laguntzari uko egin badio.

Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Ikerketa orokorraren kasuan, eremu horretan erreserbarik ez badago, eskatzaileari eman dakizkioke erreserben zerrendan lehenengo daudenak, baldin eta horrekin emandako laguntzen azken ehunekotik 31.4.b) (i.) puntuan ezarritako ehunekora gehiago hurbiltzen badira edo gutxiago urruntzen badira.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epean onar dezaten (epe hori ez da luzatuko). Interesdunak ez badu onartzen, prozesu hori errepikatu egin daiteke, harik eta laguntza ematen arte. Erreserban dagoen pertsonak gehienez 5 orduko epea izango du laguntza onartzeko, eta, horretarako, idatzi bat igo beharko du aplikazio informatikora. Hori egin ezean, ez dela laguntza onartzen ulertuko da. Proposamena onartu ondoren, laguntza aitortu izanaren ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA ETA AURREKO DEIALDIETAKO ONURADUNEN JARRAIPENA
1. atala
Berritzeko eskakizunak eta agiriak

33. oinarria.– Betekizunak.

1.– Aurreko deialdian laguntza berritzeko doktoretza-ondoko laguntzaren onuradun izatea, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpenaren arabera, edo doktoratu ondoko laguntza berri baten onuradun izatea 2022-2025 deialdian, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpenaren arabera, agindu honek ondorioak dituen egunean.

2.– Ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea, aldeko txosten baten bidez. Hori egiaztatzeko, 35. oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuko dira.

34. oinarria.– Eskakizunak betetzea.

1.– Onuradunek eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak.

35. oinarria.– Laguntzak berritzeko nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ondoren adierazitako agiriak aplikazio bidez aurkeztu beharko dira eskabide-orriarekin batera, 21. oinarriaren 1., 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

Hau aurkeztu behar dute lehenengoz berritzea eskatu dutenek:

1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.

2.– Berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei eta errendimenduari buruzko txostena, EAEko aplikazio-proiektuaren zuzendariak izenpetuta.

3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, haren legezko ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordea unibertsitateen kasuan), lehendik dagoen lan-kontratua edo ZTBLren 22d artikuluak baimendutako gehienekoa beste bi urterako luzatzeko.

Berritutako pertsonak doktoratu ondoko kontratu bat sinatu badu lehenago ZTBLren 22. artikuluaren babesean, kontratuaren luzapenak ezin izango du gainditu ZTBLk ezarritako gehieneko iraupena.

4.– Ikerkuntza-hobekuntzako programari buruzko eguneratze-memoria (2 orrialde gehienez), eskatzaileak 2026an eta 2027an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena. Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.

Hau aurkeztu behar dute laugarren aldiz berritzea eskatu dutenek:

1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.

2.– Berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei eta errendimenduari buruzko txostena, EAEko aplikazio-proiektuaren zuzendariak izenpetuta.

3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), indarreko lan-kontratua beste urtebetez luzatzeko.

Berritutako pertsonak doktoratu ondoko kontratu bat sinatu badu lehenago ZTBLren 22. artikuluaren babesean, kontratuaren luzapenak ezin izango du gainditu ZTBLk ezarritako gehieneko iraupena.

4.– Ikerkuntza-hobekuntzako programaren eguneratze-memoria (gehienez 2 orrialde), eskatzaileak 2026an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena. Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.

EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu beharko dira eskatutako agiriak, edo ingelesez.

1., 3. eta 4. zenbakietan aipatzen diren memoriak eta agiriak aplikazio informatikoko txantiloi eguneratuak erabiliz aurkeztu behar dira. Ez bada txantiloi hori erabiltzen, edo aipatu den luzera gainditzen bada, eskabidea zuzendu egin beharko da.

Eskabideak zuzentzeko izapidea bukatu bada eta agiriak muga gainditzen badu edo ezarritako formatuan ez badago, eskatzaileak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

2. atala
Desadostasuna ebaztea

36. oinarria.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Zientzia Politikako Zuzendaritzako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo baztertuko dira berritzeak, Ikerketa Zuzendaritzak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu. Baztertutako eskabideen zerrenda ere egongo da, baztertzeko arrazoiak adierazita.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, ulertuko da eskabideak ez direla onartu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluko 5. apartatuan xedatutakoaren arabera.

4.– EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da (ebazpena iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteen barruan), adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza emango zaien.

5.– Aurreko atalean ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiete interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. ATALA
AURREKO DEIALDIETAKO ONURADUNEN JARRAIPENA

37. Oinarria.– Agiriak.

aurreko deialdietako onuradunek, laguntza jasotzen duten bigarren edo hirugarren urtean badaude, aprobetxamendu-txosten bat bidali beharko diote zientzia politikako zuzendaritzari 2026ko lehen hiruhilekoan, aplikazio informatikoaren bidez, 9.4.e) oinarrian ezarritakoaren arabera.

II. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK

Oinarrizko zientziak.

1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek sartzen dira: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Honako hauek sartzen dira: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

3. arloa.– Matematika. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek hartzen ditu barne: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala edo teorikoa. Honako hauek sartzen dira: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

Bizitza- eta osasun-zientziak.

5. arloa.– Funtsezko biologia eta sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.

6. arloa.– Biomedikuntza Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek hartzen ditu barne: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.

7. arloa.– Medikuntza klinikoa eta epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek sartzen dira: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.

Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.

8. arloa.– Landare eta Animalien Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek sartzen dira: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

10. arloa.– Teknologia mekanikoak eta ekoizpeneko teknologiak.

Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

11. arloa.– Komunikazio, konputazio eta elektronikako ingeniaritzak.

Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoak hauek barne hartzen ditu: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Honako hauek sartzen dira: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Gizarte Psikologia, Portaera Zientzien Metodologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

15. arloa.– Zuzenbidea Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zigor Zuzenbidea, Zigor Zuzenbide Prozesala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Honako hauek sartzen dira: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

18. arloa.– Historia eta artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak eta arte eszenikoak ere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala