
149. zk., 2025eko abuztuaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (319 KB - 29 orri.)
- EPUB (171 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3482
AGINDUA, 2025eko uztailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka, laguntza eta sorospenetarako oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturterako.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».
Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Horrenbestez, aintzat hartu behar dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, hain zuzen ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko ardatz estrategikoen eta dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– 2025-2026 ikasturterako, ondoz ondoko emakida-araubidean, honako beka eta laguntza hauek iragartzen dira, unibertsitate-graduaren mailatik beherako (eta ez baliokiderako) ikasketetarako, hezkuntza-sistemako honako irakaskuntza hauetako ikasleentzat:
a) Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak.
b) Batxilergoa, Lanbide Heziketa, hizkuntza-ikasketak, Musikako eta Dantzako irakaskuntza profesionalak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak eta kirol-irakaskuntzak.
2.– Agindu honen I. eranskinean ageri diren deialdiaren oinarriak onartzen dira, honako egitura honekin:
a) I. kapitulua: Irakaskuntza-maila hauetarako ikasketa-laguntzak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak.
b) II. kapitulua: Irakaskuntza-maila hauetarako ikasketa-bekak: Batxilergoa, Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketa, irakaskuntza artistiko profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntza-ikasketak.
c) III. kapitulua: Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleentzako laguntza eta sorospen espezifikoak.
d) IV. kapitulua: Aurreko kapituluetan aipatzen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako (eta ez-baliokideetako) hezkuntza-sistemako ikasketak egiteko beken eta laguntzen xedapen komunak.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
72.000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kontura.
Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handituko dira, kontuan harturik ebazteko dauden eta ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa, eta horiek ebatzi baino lehenago. Hezkuntza Politiketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
I. ERANSKINA
2025-2026 IKASTURTERAKO UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASKETETARAKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-LAGUNTZAK: HAUR HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA MUSIKAKO ETA DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZAK
1. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen ikasketak.
Kapitulu honetan jasotzen diren ikasketa-laguntzak irakaskuntza hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Haur Hezkuntza.
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak.
2. artikulua.– Laguntzaren osagaiak.
Kapitulu honetan jasotako ikasketa-laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Kuotaren osagaia.
b) Ikasmaterialaren osagaia.
c) Jantokiaren osagaia.
3. artikulua.– Kuota-osagaia, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleentzat.
1.– Osagai honek ezingo du inolaz ere gainditu 2025-2026 ikasturtean matrikulatuta dagoen ikastetxean ikasleak ordaindu behar duen kuota.
2.– Kontzeptu honengatik kuota ordaintzen ez duten ikastetxeetan ez da egongo.
3.– Hauek izango dira zenbatekoak:
a) 0 eta 1 urte arteko ikasleak: 90 euro 2025-2026 ikasturtean ikaslea ikastetxera joaten den hilabete bakoitzeko –gehienez ere 10 hilabete–.
b) 2 urtekoen gelako ikasleak: 200 euroko ordainketa bakarra. Ez da egongo ikastetxe publikoetan, itunpeko ikastetxeetan eta kontzeptu honengatik kuota ordaintzen ez duten ikastetxeetan.
4.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 24. artikuluan zehaztutako 1. muga.
4. artikulua.– Eskola-materialen osagaia.
1.– Osagai hau ikasketa-maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari izan ezik.
2.– Ezingo dute osagai hau eskuratu baldin eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleek uko egiten badiote curriculuma garatzeko material didaktikoaren eta bitartekoen programari.
3.– Hauek izango dira zenbatekoak:
a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: 78 euro.
b) Lehen Hezkuntza: 117 euro.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 159 euro.
d) Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak: 159 euro.
4.– Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:
a) Ikastetxe publikoetan matrikulatutako Lehen Hezkuntzako ikasleak, eta hau izango da zenbatekoa:
– 38 euro, lehen eta bigarren mailarako.
– 50 euro, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailarako.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan matrikulatuta badaude; halakoetan, 60 euro emango dira.
5.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 24. artikuluan zehaztutako muga hauek:
a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: 2. muga.
b) Gainerako irakaskuntzak: 3. muga.
5. artikulua.– Jantokiaren osagaia.
1.– Osagai hau Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako (2 urtekoen gela), Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei emango zaie, baldin eta jantokia erabiltzen badute.
2.– Osagai hau baliatzeko eskubidea izateko, ikasleak jantoki-zerbitzua erabili beharko du eguerdian, eta ikasturtean jantokira 20 egunetan baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du.
3.– Osagai honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: jantokira doan egun-kopurua –gehienez ere 178 egun– bider ordaindutako prezioa, betiere egunean 4,60 eurotik beherakoa bada. Hortik gorakoa izanez gero, azken kopuru hori hartuko da erreferentziatzat osagai honen zenbatekoa kalkulatzeko.
4.– Edonola ere, osagai honegatik eman beharreko gehieneko zenbatekoa 818,80 euro da.
5.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 24. artikuluan zehaztutako muga hauek:
a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako ikasleak (2 urtekoen gela): 1. muga.
b) Gainerako irakaskuntzak: 2. muga.
II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-BEKAK: BATXILERGOA, ERDI- ETA GOI-MAILAKO LANBIDE-HEZIKETA, IRAKASKUNTZA ARTISTIKO PROFESIONALAK, KIROL-IRAKASKUNTZAK, HIZKUNTZA-IRAKASKUNTZAK ETA OINARRIZKO MAILAKO HEZIKETA-ZIKLOAK
6. artikulua.– Zer irakaskuntza egiteko eska daitekeen beka.
Kapitulu honetako bekak irakaskuntza hauetara daude bideratuta:
a) Batxilergoa.
b) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa.
c) Irakaskuntza artistiko profesionalak.
d) Kirol-irakaskuntzak.
e) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-ikasketak, urrutiko modalitatea barnean dela.
f) Oinarrizko mailako Lanbide Heziketa.
7. artikulua.– Bekaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako bekek osagai hauetako bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
b) Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
c) Oinarrizko bekaren osagaia.
d) Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
e) Zenbateko osagarriaren osagaia.
8. artikulua.– Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 1.700 eurokoa izango da.
3.– Osagai hau irakaskuntza presentziala eta matrikula osoa egiten duten eskatzaileei soilik adjudikatzen zaie. Ezingo dute osagarri hori lortu ikasketak gaueko modalitatean, modalitate ez-presentzialean edo matrikula partzialarekin egiten dituztenek, 28.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Halaber, ezingo dute osagarri hori lortu Lanbide Heziketako ikasleek, ikasketak modalitate DUAL intentsiboan egiten badituzte 2025-2026 ikasturtean.
5.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezingo du gainditu 24. artikuluan zehaztutako 1. muga.
9. artikulua.– Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau, baldin eta aurrez aurre eta matrikula osoarekin ikasten badute.
2.– Zenbatekoa 2.700 eurokoa izango da. Halere, zenbateko hori ez da inoiz izango prestazioaren benetako kostua baino handiagoa.
3.– Osagai hau emateko, irakaskuntza artistiko profesionalak egiten dituzten eskatzaileen kasuan (dantzako erdi-mailako ikasketak izan ezik), eskola-orduak ezingo dira astean 20 baino gutxiago izan. Kontuan hartuko da eskatzailea bizi den herrian edo egunean bertan garraio publikoan joateko eta itzultzeko aukera ematen dion hurbileko beste herri batean ikastetxe egokirik dagoen, baldin eta lekurik badu eta egin nahi dituen ikasketak ematen baditu.
4.– Ikastetxetik hurbilen dagoena edo eskatzailearen gurasoetako edozein normalean bizi dena joko da familiaren helbidetzat, legezko helbidearekin bat ez etorri arren.
5.– Bizilekuari lotutako zenbateko finkoa ordainduko da soilik etxebizitza alokatzeko edo ostatuetan, ikasle-egoitzetan edo antzekoetan ostatu hartzeko gastuak egiaztatzen badira. Ikaslearen izena ageri den alokairu-kontratuaren kopiaren eta fidantzaren eta lehen hilabeteko alokairuaren ordainketen egiaztagirien bidez egiaztatuko da etxebizitzaren alokairua. Ez dira onartuko odolkidetasunaren 4. mailara eta ahaidetasunaren 2. mailara arteko senideenak diren etxebizitzen alokairuko kontratuak.
6.– 23.4 artikuluaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.
7.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezingo du gainditu 24. artikuluan zehaztutako 2. muga.
10. artikulua.– Oinarrizko bekaren osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 300 eurokoa izango da. Oinarrizko mailako heziketa-zikloak egitekotan, zenbatekoa 350 eurokoa izango da.
3.– Osagai hau bateraezina izango da eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoarekin.
4.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezingo du gainditu 24. artikuluan zehaztutako 3. muga.
11. artikulua.– Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Errendimendu akademikoaren bikaintasunari lotutako zenbatekoa adjudikatzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du batez beste 8,00 puntuko edo gehiagoko nota lortu duela ikasturtean, sarrera-probetan edo aurretiazko ikasketetan.
3.– Zenbatekoa 50 eta 125 euro bitartekoa izango da, aurreko ikasturtean lortutako batez besteko notaren araberakoa, honela banatuta:
(Ikus .PDF)
4.– Osagai hau emateko, aurreko ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Bitartean urte akademikoren bat igaro bada ikasketarik egin gabe, eginiko azken ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Egiten ari den ikasketen lehen ikasturtea bada, kontuan hartuko da sartzeko proba, ikastaro edo ikasketako batez besteko nota.
5.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezingo du gainditu 24. artikuluan finkatutako 3. muga.
12. artikulua.– Zenbateko osagarriko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 60 eurokoa izango da.
3.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezingo du gainditu 24. artikuluan zehaztutako 2. muga.
III. KAPITULUA
BERARIAZKO HEZKUNTZA-LAGUNTZA BEHAR DUTEN IKASLEENTZAKO LAGUNTZA ETA SOROSPEN ESPEZIFIKOAK
13. artikulua.– Hartzaileak.
1.– III. kapitulu honetan jasotako laguntzak eta sorospenak Hezkuntza Sailaren W67 aplikazioan erregistratutako ikasleei lagunduko diete; jarraian zerrendatzen diren hezkuntza-laguntzako premia espezifikoen tipologiaren bat edo batzuk dituzten ikasleentzat dira:
a) Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) duten ikasleak barnean direla, % 25eko edo gehiagoko desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz. Desgaitasun-ziurtagiria behar bezala erregistratuta egon beharko da Hezkuntza Sailaren W67 aplikazioan.
b) Hezkuntza-premia bereziekin lotutako komunikazio- eta hizkuntza-nahasmendu larriak dituzten ikasleak.
c) Autismoaren espektroko nahasmenduari (AEN) lotutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak.
d) Gaitasun intelektual handiarekin lotutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleak.
2.– 16. artikuluan jasotako jantoki- eta garraio-sorospenak familia ugariko ikasleei baino ez zaizkie emango.
14. artikulua.– Sartutako ikasketak.
Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzako laguntza eta sorospenetan honako irakaskuntza hauek sartzen dira:
a) Haur Hezkuntzako lehen zikloa, baldin eta bi urte bete badira 2024ko abenduaren 31n.
b) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.
c) Lehen Hezkuntza.
d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
e) Batxilergoa.
f) Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak.
g) Oinarrizko mailako heziketa-zikloak.
h) Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren I. tituluaren IV. kapituluaren 3. atalak aipatzen dituen Lanbide Heziketako beste prestakuntza-programa batzuk, baldin eta 33.2 artikuluko baldintzak betetzen badira, eta, oinarrizko mailako heziketa-zikloen kasuan, 89.2 c) artikulukoak.
15. artikulua.– Sartutako laguntzak.
1.– I. eta II. kapituluetan aurreikusitako laguntza-osagaiez gain, 13.1 artikuluaren a), b) eta c) letretan aurreikusitako ikasleentzako laguntzen osagaiak eta zenbatekoak taula honetan adierazitakoak dira:
(Ikus .PDF)
Garraiorako laguntzetarako aurreko taulan ezarritako zenbatekoak % 50eraino handituko dira ikasleek % 65etik gorako mugitzeko desgaitasun aitortua badute.
2.– Adimen-gaitasun handiari lotutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzako laguntzaren xedea hau izango da (13.1 artikuluaren d) letra): ikasle horientzako programa espezifikoetan izena emateak eta bertaratzeak eragindako gastuak ordaintzea. Laguntza horren zenbatekoa, gehienez ere, 913 eurokoa izango da ikasturteko.
3.– Pedagogia-berreziketarako, hizkuntzaren berreziketarako eta adimen-gaitasun handiari lotutako berariazko programetarako laguntzetan, laguntzaren zenbatekoaren ondorioetarako, gehienez ere ikasturteko 10 hilabeteetan sortutako kostua zenbatuko da, eta horri 1. eta 2. apartatuetan finkatutako gehienekoa aplikatuko zaio.
4.– Laguntzak emateko, bizikidetza- edo familia-errentak ezin izango du gainditu apartatu honetan finkatutako muga, eta haren ondareak ere ezin izango ditu gainditu IV. kapituluko 27. artikuluan finkatutako mugak.
(Ikus .PDF)
16. artikulua.– Sartutako sorospenak.
1.– Jantokiko eta eskola-garraioko sorospenen hartzaile izango dira 13.1 artikuluaren a), b) edo c) letretan jasotako kasuetan dauden eta familia ugarikoak diren ikasleak.
2.– Era berean, zenbateko finkoko sorospen bat ezartzen da hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak eskolatzearen ondoriozko gastu gehigarri orokorretarako (13. artikuluan aipatu da).
3.– Sorospenak eskola-jantokiko eta eskola-garraioko gastuetarako izango dira, honako zenbateko hauetan:
(Ikus .PDF)
4.– Sorospenak jasoko dituzten ikasleek, I., II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntza-osagaiez gain, horiek lortu ahal izango dituzte, eskola-jantokiko sorospena izan ezik; izan ere, I. eta II. kapituluetan aurreikusitako eskola-jantokiko laguntzaren onuradun ez badira soilik emango da sorospen hori.
5.– Sorospenak emateko, ez dira kontuan hartuko familiaren errenta eta ondarea.
17. artikulua.– Betekizunak.
III. kapitulu honetan jasotako laguntzak eta sorospenak emateko, betekizun hauek bete behar dira:
1.– Kapitulu honetako laguntzak eta sorospenak jasoko dituzten ikasleek hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasle gisa erregistratuta egon beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan.
2.– Ikastetxe espezifiko batean, ikastetxe arrunt bateko hezkuntza bereziko unitate batean edo hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoa duten ikasleak eskolatzeko baimena duen ikastetxe arrunt batean eskolatuta egon behar dute ikasleek.
3.– Gaitasun handiko ikasleentzako programa espezifikoetarako, pedagogia-berreziketarako eta hizkuntza-berreziketarako laguntzen kasuan, zerbitzua ematen duen berrezitzaileak edo ikastetxeak sinatutako memoria erantsi beharko da, zerbitzu horren ezaugarriei buruzko informazio zehatza jasoko duena, honako hauek barnean direla: asteko eta ikasturteko ordu-kopurua, zerbitzua ematen duen espezialista eta kurtsoaren hileko eta guztizko kostua. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, gehienez ere ikasturteko 10 hilabeteetan sortutako kostua hartuko da kontuan.
18. artikulua.– Bateraezintasunak.
1.– Zerbitzu edo funts publikoek edo, hala badagokio, ikastetxeei zerbitzu hori finantzatzeko emandako laguntzek behar bezala estaltzen badituzte gastuak, ez da laguntza edo sorospenik emango. Doako zerbitzu bat estali nahi denean ere ez da laguntzarik eta sorospenik emango.
2.– III. kapitulu honetan jasotako eskola-garraiorako laguntza eta sorospena bateraezinak dira Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioaren erabiltzaile izatearekin eta 164/2023 Dekretuan jasotako banakako laguntzekin (164/2023 Dekretua, urriaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzkoa).
19. artikulua.– Familia-errentaren kenkariak.
1.– Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:
a) Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50, baldin eta ez badira sostengatzaile nagusiak.
b) 2.000 euro, eskatzailea familia ugarikoa bada.
c) 4.000 euro eskatzailearengatik eta beste horrenbeste neba-arreba bakoitzarengatik, betiere legez kalifikatutako % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna badute.
d) 1.176 euro eskatzailearen 25 urtetik beherako neba-arreba bakoitzeko, baldin eta familiaren egoitzatik kanpo bizi bada, unibertsitate-ikasketak direla-eta familiaren egoitzatik kanpo bizi diren ikasleak bi edo gehiago badira.
e) Familiaren errentaren % 20, eskatzailea erabateko zurtza eta 25 urtetik beherakoa bada.
f) 500 euro eskatzailea guraso bakarreko familia batekoa bada. Ondorio horietarako, guraso bakarreko familiatzat hartuko dira honako hauek: pertsona heldu bakar batek osatutakoa –familiaren sostengatzaile bakarra dena–, baldin eta 25 urtetik beherako seme-alaba batekin edo gehiagorekin (edo adin handiagokoekin, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsonen kasuan) bizi bada, edo familia-harrera iraunkorreko erregimenean edo adopzio-helburuko zaintzan bere kargura dagoen adingabe batekin edo gehiagorekin bizi bada.
2.– Kenkari horiek kontuan hartzeko, egiaztatu beharko da egoera horiek 2024ko abenduaren 31n betetzen zirela.
IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASKETATARAKO ETA EZ BALIOKIDEETARAKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
20. artikulua.– Betekizun orokorrak.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek ofizialki aitortuta egon behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.
2.– Ikasleek Agindu honetan ezarritako ikasketa-mailaren batean egon beharko dute matrikulatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.
3.– 2025eko urriaren 5ean ikasleek ez izatea beka edo laguntzarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulu ofizialik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko betekizunak.
21. artikulua.– Ukapenak.
Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatu egingo da:
a) Baimendu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
b) Baimendu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.
c) Dirulaguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
22. artikulua.– Beken eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, bada, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin. Eskatzaile batek beka-eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, aurkeztutako azken beka-eskaera soilik izapidetuko da.
23. artikulua.– Kide konputagarriak eta bizikidetza- edo familia-unitateko sostengatzaile ekonomiko nagusiak nor diren zehaztea.
1.– Bekaren eta laguntzaren ondorioetarako, hauek dira kide konputagarriak:
a) Eskatzailea.
b) Gurasoak eta, hala badagokio, tutorea edo adingabea zaintzeaz eta babesteaz arduratzen den pertsona; haiek joko dira familiaren sostengatzaile nagusitzat.
2024an edo 2025ean gurasoetako bat hiltzen bada, ez da zenbatuko bizikidetza-unitateko kidetzat.
c) 2024ko abenduaren 31n hogeita bost urte baino gutxiago dituzten neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.
d) Gurasoetako edozeinen aurrekoak, baldin eta etxebizitza berean bizi direla egiaztatzen badute dagokion udal-ziurtagiriaren bidez. Hori egiaztatzeko, helbide berean bizi dela adierazten duen errolda-agiria hartuko da baliozkotzat.
e) Harrera iraunkorreko erregimenean edo adopziorako zaintzan dauden adingabeak.
f) Aparteko zirkunstantziengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.
g) Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta betiere eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2024. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan.
h) Eskatzaileek familia-unitate independenteak osatzen badituzte, kide konputagarri eta sostengatzaile nagusitzat hartuko dira eskatzailea eta haren ezkontidea, haren bikotekidea, erregistratuta egon edo ez, edo antzeko harreman baten bidez lotuta dagoena. Kide konputagarriak izango dira, halaber, hogeita bost urtetik beherako seme-alabak, halakorik badago, eta etxebizitza berean bizi badira.
Beraz, kasu horietan guztietan, horien errentak eta ondarea zenbatuko dira.
2.– Gurasoak legez edo izatez dibortziatuta edo bananduta badaude, bekaren eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko; halere, mantenu-pentsio edo konpentsazio-pentsio gisa ordaintzen diren kopuruak bizikidetza-unitatearen diru-sarreratzat zenbatuko dira, judizialki onartutako neurrien arabera.
Dena dela, hala badagokio, kide konputagarri eta sostengatzaile nagusitzat joko da ezkontide, bikotekide (erregistratuta egon edo ez) edo antzeko harreman baten bidez lotutako pertsona berria, eta haren errentak eta ondarea familiaren errenta eta ondarearen barruan sartuko dira. Horrez gain, kide konputagarritzat joko dira bikotekide berriaren ondorengoak, eskatzailearekin bizi badira, bai eta bizikidetza-unitateak horietatik jasotzen dituen diru-sarrerak ere.
Halaber, kide konputagarritzat joko da aipatutako datan eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona (diru-sarrera propioak dituena), nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.
3.– Seme-alaben zaintza-araubidea zaintza partekatua denean, hauek hartuko dira kide konputagarritzat: bekaren eskatzailearen gurasoak, horien seme-alaba komunak eta aipatutakoen bizileku berean bizi diren gurasoen aurreko ahaideak ere, betiere udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute; familiaren sostengatzaile nagusitzat joko dira eskatzailearen gurasoak.
4.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada edo zurtza bada eta bizikidetza-unitate bat osatzen badu:
a) Kide konputagarritzat joko dira, bekaren ondorioetarako, honako hauek:
– Eskatzailea.
– Haren ezkontidea edo izatezko bikotea, erregistratuta egon edo ez, edo antzeko harreman baten bidez lotutako pertsona.
– Hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek desgaitasun funtzional fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).
– Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.
– Kide konputagarritzat joko da 2024ko abenduaren 31n eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona –diru-sarrera propioak dituena–, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.
b) Sostengatzaile ekonomiko nagusiak dira bizikidetza- edo familia-unitatea ekonomikoki mantentzeko diru-sarrera nagusiak eskuratzen dituzten kide konputagarriak.
c) Familiaren egoitzatzat joko da eskatzailea ikasturtean bizi dena; kasu horretan, ez da egoitza-osagaia emango.
d) Honela egiaztatu beharko du familia-independentzia:
– Eskatzaileak bere bizilekuan egon beharko du erroldatua, eta ez gurasoen etxean (erositako edo alokatutako etxebizitza batean, bakarrik edo pisu partekatu batean; eta bizilekua ezin da senide batena izan, 4. mailara arteko ahaidetasuna odol bidez edo 2. mailara arteko ahaidetasuna ezkontza bidez). Halere, alokairuaren zerga-aitorpena egiaztatzen bada, odol bidezko eta ezkontza bidezko ahaidetasun-maila horiek ere onartuko dira.
Erabateko zurztasunaren kasuan, nahikoa izango da hori egiaztatzeko ziurtagiria.
e) Ekonomikoki independente dela egiaztatu beharko du, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela ziurtatuz. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, soilik haren diru-sarrerak batuko dira; hau da, ez dira kontuan hartuko ohiko bizilekuan bizi den beste edonoren sarrerak. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, dirulaguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:
– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera. Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu.
– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.
Eskatzaile bat ekonomikoki independentea dela jo ahal izateko, eskatzailearen guraso edo legezko tutoreetako batek ere ezin du horri lotutako zerga-kenkaririk egin PFEZaren aitorpen-likidazioan.
Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, independentzia familiarraren betekizuna betetzetik salbuetsita egongo da, baina independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu.
24. artikulua.– Errenta-mugak.
Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira beka eta laguntzen osagaiak emateko:
a) I. kapituluan jasotako ikasketetarako:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloan, familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Haur Hezkuntzako mailako 2. zikloan, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Gainerako irakaskuntzetan:
1.– Ikasmaterialaren osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
2.– Jantokiaren osagairako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
b) II. kapituluan jasotako ikasketetarako:
– Errentari lotutako zenbateko finkoaren osagairako, familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Bizilekuari lotutako zenbateko finkoaren osagairako eta zenbateko osagarrirako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Oinarrizko bekaren zenbatekoa eta errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoa emateko, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
(Ikus .PDF)
25. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta kalkulatzea.
1.– Bekaren edo laguntzaren ondorioetarako, familiaren errenta kalkulatzeko, familiako kide konputagarri bakoitzaren errentak batuko dira, baldin eta edozein motatako diru-sarrerak baditu. Errenta horiek kalkulatzeko, kontuan hartuko dira hurrengo apartatuetan adierazten direnak, eta bat etorrita aplikatu beharreko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudi erregulatzailearekin. 2025-2026 ikasturteko ikasketa-beka eta -laguntzen ondorioetarako, 2024ko ekitaldia zenbatuko da.
2.– 2024ko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo haren zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek ikur negatiboa badute, 0 balioarekin erabiliko dira. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio. PFEZren aitorpenean sartu ez diren diru-sarrerak eta laguntzak aurreko formularen bidez lortutako zenbatekoari gehituko zaizkio.
3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:
a) 2024ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira, baita ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen etekina ere –PFEZaren ondorioetarako konputagarria–, betiere 2024ko ekitaldirako zerga-araudiaren arabera.
b) Batura horretatik kenduko dira konturako atxikipenen zenbatekoa eta kasu bakoitzean aplikatzekoa den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arau erregulatzaileak adierazten dituen gastu kengarri guztiak.
4.– Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta beste udal-, foru- edo probintzia-laguntza batzuk edo beste erakunde edo elkarte ongile batzuenak, halakorik balego).
5.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo -laguntzen zenbatekoa.
6.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak 2024 ekitaldian jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko agindua eta Foru Aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
7.– Salbuespenezko inguruabarrak direla eta, eskatzaileak zailtasunak baditu frogabideak eskuratzeko, eta ezin baditu egiaztatu bizikidetza- edo familia-unitatearen 2024ko ekitaldiko baliabide ekonomikoak, beharrezkoa izango da egoera azaltzea eta dokumentu bidez egiaztatzea bizikidetza- edo familia-unitateak 2025eko ekitaldian dituen bizibideak.
26. artikulua.– Kenkariak.
1.– Hurrengo paragrafoetan adierazten diren kenkariak kontuan hartu ahal izateko, egiaztatu beharko da kenkarirako eskubidea ematen duten egoerak 2024ko abenduaren 31n betetzen zirela.
2.– Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:
a) Familiaren errentaren % 20, eskatzailea erabateko zurtza eta 25 urtetik beherakoa bada.
b) Familiako edozein kide konputagarrik ordaindutako errenten % 50, baldin eta ez bada sostengatzaile nagusia.
c) Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria.
Kide konputagarria den neba-arreba bakoitzarengatik 525 euroko kenkaria egingo da bizikidetza/familia unitatearen errentaren gainean, familia-egoitzan bizi bada, eskatzailea barnean dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 800 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea familia ugariaren titularra bada, aipatutako kopuruak familia osatzen duen seme-alaba bakoitzarengatik kenduko dira.
d) Desgaitasunagatiko kenkaria:
– 1.811 euro neba-arreba bakoitzeko, edo eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko edo eskatzailearengatik beragatik, betiere legez kalifikatutako % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa badu.
– 2.881 euro neba-arreba bakoitzeko, edo eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko edo eskatzailearengatik beragatik, betiere legez kalifikatutako % 65eko desgaitasun-maila edo handiagoa badu.
e) 1.176 euroko kenkaria egingo da eskatzailearen hogeita bost urtetik beherako neba-arreba bakoitzeko, baldin eta familiaren egoitzatik kanpo bizi bada, unibertsitate-ikasketak direla-eta familiaren egoitzatik kanpo bizi diren ikasleak bi edo gehiago badira.
f) 500 euro eskatzailea guraso bakarreko familia batekoa bada. Ondorio horietarako, guraso bakarreko familiatzat hartuko dira honako hauek: pertsona heldu bakar batek osatutakoa –familiaren sostengatzaile bakarra dena–, baldin eta 25 urtetik beherako seme-alaba batekin edo gehiagorekin (edo adin handiagokoekin, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsonen kasuan) bizi bada, edo familia-harrera iraunkorreko erregimenean edo adopzio-helburuko zaintzan bere kargura dagoen adingabe batekin edo gehiagorekin bizi bada.
27. artikulua.– Ondare-mugak.
1.– Beka ukatu egingo da, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familia-errenta edozein dela ere, baldin eta familiaren kide konputagarri guztien ondarea adierazten duten elementuen balioak, 2024ko abenduaren 31n, muga hauetakoren bat gainditzen badu.
2.– Hiri-finken kasuan, familiako kide konputagarrienak diren hiri-finken katastro-balioen batura –ondasun higiezin guztienak kalkulatuta– ezin izango da 42.900 eurotik gorakoa izan. Zenbateko horretan ez dira honako hauek kontuan hartuko:
– Ohiko etxebizitza eta haren trastelekua.
– Jabetza soileko ondasun higiezinak, gozamena bizikidetza-unitatetik kanpoko pertsona bati badagokio. Egoera hori Jabetza Erregistroko ohar soil batekin egiaztatu beharko da, zeinak egungo data izan beharko baitu.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastro-balioa kalkulatzeko, katastro-balioa bider 0,36 egingo da.
b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastro-balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:
Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastro-balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira katastro-balioak biderkatzeko:
0,43 koefizientea, 2003an berrikusi direnetarako;
0,37 koefizientea, 2004an berrikusi direnetarako;
0,30 koefizientea, 2005ean berrikusi direnetarako;
0,26 koefizientea, 2006an berrikusi direnetarako;
0,25 koefizientea, 2007an berrikusi direnetarako;
0,25 koefizientea, 2008an berrikusi direnetarako;
0,26 koefizientea, 2009an berrikusi direnetarako;
0,28 koefizientea, 2010ean berrikusi direnetarako;
0,30 koefizientea, 2011n berrikusi direnetarako;
0,32 koefizientea, 2012an berrikusi direnetarako;
0,34 koefizientea, 2013an berrikusi direnetarako;
0,36 koefizientea, 2014 eta 2021 artean berrikusi direnetarako, biak barne.
0,35 koefizientea, 2022an berrikusi direnetarako;
0,34 koefizientea, 2023an berrikusi direnetarako;
0,33 koefizientea, 2024an berrikusi direnetarako.
Nafarroako Foru Komunitateko higiezinen katastro-balioa 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.
Eskatzaileak higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den ziurtatu beharko du, katastro-balioaren koefizienteak aplikatu ahal izateko.
3.– Landa-finkak.
a) Landa-finketan dauden eraikinen katastro-balioen batura –barnean hartuta izaera bereziko ondasun higiezinak eta kanpoan utzita familiaren ohiko etxebizitza den eraikinaren katastro-balioa– ezin izango da 42.900 eurotik gorakoa izan. Eraikin horiei aurreko apartatuan ezartzen diren koefiziente biderkatzaileak aplikatuko zaizkie, eginiko azken katastro-berrikusketaren urtearen arabera.
b) Familiako kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, eraikinen katastroko balioak kenduta, gehienez, 13.130 eurokoa izango da kide konputagarriko.
4.– Balore higigarriak. Eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza ukatu egingo da, noiz eta bizikidetza-unitatearen kapital higigarriaren etekin garbi murriztuen batura gehi ondare-irabazi eta -galeren saldo garbi positiboa 1.700 eurotik gorakoa denean.
Batura horretan ez dira sartuko ohiko etxebizitza erosi, birgaitu edo alokatzeko jasotako dirulaguntzak, oinarrizko emantzipazio-errenta eta jolas, lehiaketa, zozketa edo ausazko konbinazioetan lortutako sarien zenbatekoa (eskudirutan edo gauzaz), 1.500 euroko zenbatekoraino. Aipatutako sarietatik eratorritako ondare-irabaziak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiarekin bat zenbatuko dira.
5.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian xedatutakoaren arabera zehaztuko da ondarea adierazteko elementuen balioa, 2024ko abenduaren 31ko balioagatik.
6.– Familiako kide konputagarriek aurreko ataletan zehaztutako ondare-elementu bat baino gehiago badituzte, elementu bakoitzaren balio-ehunekoa kalkulatuko da dagokion mugarekiko.
Aipatutako ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean, ukatu egingo da ikasketa-beka edo -laguntza.
7.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak. Eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza ukatu egingo da, halaber, egiaztatzen denean familiako kide konputagarriek jasotako eta jarraian adierazitako diru-sarreren baturak 155.500 euroko zenbatekoa gainditzen duela:
a) Ekonomia-jardueretatik datozen diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenean edo zenbatespen objektiboan.
b) Kide konputagarriek nortasun juridikorik gabeko erakundeen edo beste edozein erakunde juridikoren bidez egindako jarduera ekonomikoetan parte hartzean lortutako diru-sarrerak, jardueren diru-sarrera osoei parte-hartzearen ehunekoa aplikatu ondoren.
8.– Aurreko paragrafoetan aipatutako elementuen balioa zenbatzeko, familiako edozein kide konputagarriri dagozkion elementuen balioaren % 50 kenduko da, sostengatzaile nagusiak alde batera utzita.
28. artikulua.– Betekizun akademikoak.
1.– Ikasketa-mailaren arabera, hauek izango dira betekizun akademikoak:
a) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2025-2026 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
b) Oinarrizko mailako heziketa-zikloetan eta musikako eta dantzako oinarrizko ikasketetan, egiaztatu beharko da ikaslea 2025-2026 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen.
c) Batxilergoan, musika eta dantzako ikasketa profesionaletan, Lanbide Heziketako erdi-mailako graduan, arte plastikoen eta diseinuaren erdi-mailako graduan eta kirol-ikasketen erdi-mailako graduan, egiaztatu beharko da ikaslea 2025-2026 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Batxilergoko lehen mailako ikasleek 5,00 puntuko batez besteko nota lortu beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan edo, hala badagokio, sartzeko proban.
d) Lanbide Heziketako goi-mailako graduan, arte plastikoen eta diseinuaren goi-mailako graduan eta kirol-ikasketen goi-mailako graduan, egiaztatu beharko da ikaslea 2025-2026 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Irakaskuntza horietako lehen mailako ikasleek 5,00 puntuko batez besteko nota lortu beharko dute Batxilergoko bigarren mailan edo sartzeko proba edo ikastaroan, hurrenez hurren, edo goi-mailako heziketa-ziklora sartzeko aukera ematen duen erdi-mailako heziketa-zikloaren azken kalifikazioan.
Ikasketa horietako bigarren mailako ikasleek aurreko ikasturtean (2024-2025) egindako ikasketen % 85 gainditu beharko dute gutxienez.
e) Hizkuntza-ikasketetan, egiaztatu beharko da ikaslea 2025-2026 ikasturterako matrikulatuta dagoela eta ez dela ari errepikatzen. Beka lortu ahal izango da dagokion ikasketa-planean ezarritako urte-kopuruan eta gehienez ere 2 hizkuntzatarako, betiere aldi berean egiten ez badira.
Atal honetan aurreikusitako ondorioetarako, eskatzaileak ebaluazio- eta kalifikazio-deialdiei uko egiten badie, ez da ulertuko ikasturtea errepikatzea denik.
2.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren betekizunak.
3.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da bekarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko bakarrik baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela. Autonomia-erkidego honetatik kanpo bekadun izan diren ikasleek bekadun-izaera egiaztatu beharko dute. Gainerako ikasleen kasuan, automatikoki egiaztatuko da hori.
4.– Oso-osoan bekarik gabe egindako ikasketak aldatzen badira, ikasketa berrietan beka lortzeko eskatzaileak utzitako ikasketetako azken ikasturtean lortu beharreko errendimendua joko da betekizuntzat.
5.– Lanbide-heziketako edo Batxilergoko ikasketak gaueko modalitatean, modalitate ez-presentzialean edo matrikula partzialaz egiten dituztenek ezingo dituzte errentari edo egoitzari lotutako osagaien onuradun izan, eta oinarrizko bekaren eta zenbateko osagarriaren osagaia soilik eskuratu ahal izango dituzte, 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Halaber, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte baterako gehiagorako lortu ahal izango da beka.
6.– 900 orduko edo gutxiagoko kirol-ikasketetan matrikulatu direnek soilik oinarrizko bekaren osagaiak eta zenbateko osagarria jaso ahal izango dituzte. Iraupena 900 ordutik gorakoa bada, dagozkien osagai guztiak jaso ahal izango dituzte. Edonola ere, ikasketa horietan beka lortzeko gutxienez 400 ordu batzen dituzten modulu-kopuru batean matrikulatuta egon beharko dira.
7.– Musika-ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzeko, ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan, maila goragokoa denean.
8.– Berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleek, 13. artikuluko 1. apartatuko a), b) eta c) letretan zerrendatuta agertzen direnek, 2025-2026 ikasturtean matrikulatuta daudela egiaztatu beharko dute bakarrik.
29. artikulua.– Genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimentzako beken araubidea.
1.– Genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeek, Genero Indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, edozein unetan 2024ko ekainaren 30etik 2026ko ekainaren 20ra bitartean emandako dokumentua aurkezten badute, bai eta hogeita bost urtetik beherako seme-alabek eta haien tutoretza edo zaintza eta jagoletza duten adingabeek ere –horiek guztiak 2024ko abenduaren 31n–, honako hauek lortu ahal izango dituzte 2025-2026 ikasturtean, betiere indarreko araudian ezarritako gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte: oinarrizko beka, errentari lotutako zenbateko finkoa, zenbateko osagarriaren osagaia eta bizilekuari lotutako zenbateko finkoa, 2. kapituluan zerrendatutako ikasketen kasuan eta 1. kapituluan zerrendatutako ikasketen kasuan, horko osagaiak.
Araubide bera aplikatuko zaie 2024ko abenduaren 31n adingabeak diren eta, adierazitako aldian, sexu-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten pertsonei, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 37. artikulua eta Indarkeriazko delituen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorosteko abenduaren 11ko 35/1995 Legearen 2.1 artikulua.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako pertsonei ez zaizkie aplikatuko gainditutako irakastorduei, lortutako batez besteko notari eta 2024-2025 ikasturtean matrikulatutako gutxieneko irakasgai-kopuruari dagokienez ezarritako betekizunak. Era berean, ez zaizkie aplikatuko honako hauei buruzko betekizunak: ikasketak aldatzea, bekadun gisa emandako urte-kopuruaren muga, eta bekaren onuradun izan diren 2025-2026 ikasturtean kredituen, irakasgaien, moduluen edo horien baliokide diren orduen ehuneko jakin bat gainditzeko eskakizuna.
3.– 1. apartatuan aipatzen diren pertsonek, apartatu horretan aurreikusitako betekizunak betetzeaz gain, 2025-2026 ikasturtean, ordu, irakasgai, modulu edo ordu-kopuru baliokide hauetan matrikulatu beharko dute gutxienez:
a) Irakaskuntza artistikoetako ikasleak: 30 kreditu edo ikasturte osoaren % 50, irakasgaien arabera antolatutako irakaskuntzen kasuan.
b) Lanbide Heziketako goi-mailako graduko, Arte Plastiko eta Diseinuko eta Kirol-irakaskuntzetako ikasleak: 500 ordu.
c) Batxilergoko, Musikako eta Dantzako irakaskuntza profesionaletako, Lanbide Heziketako erdi-mailako graduko, Arte Plastiko eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako eta Kirol-irakaskuntzetako ikasleak: 4 irakasgai edo 500 ordu, hurrenez hurren.
30. artikulua.– Datuak egiaztatzea.
1.– Bizikidetza- edo familia-unitateetako kide konputagarri guztien datuak automatikoki ekarri ahal izateko interkomunikazio-sistema elektronikoak erabilgarri ez dauden bitartean, eskatzaileek, eskabidearekin batera, kasu bakoitzean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori horrela izanda ere, Sailak zuzenean egiaztatu ahal izango du administrazio eskudunarekin, beharrezkotzat jotzen badu.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.c) eta e) artikuluaren arabera (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da erregelamendu hori), Hezkuntza Sailak Administrazio eskudunean egiaztatuko ditu kide guztien errenta eta familia-ondarea zehazteko beharrezko datuak, beka izapidetzeko erabilgarriak direnekin batera.
2.– Ikusten bada beka edo laguntza emateko beharrezkoak diren betekizunak faltsutu direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu direla, ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da eskatutako beka edo laguntza.
3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza-, abeltzaintza-, industria- edo merkataritza-ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga mota erabili ahal izango du eta, bereziki, foru-aldundietako ogasun-departamentuetan eta Ogasun Ministerioan dauden datuak.
5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
6.– Matrikula ezeztatzen badu edo ikasketak uzten baditu, ukatu, aldatu edo ezeztatu egingo dira eskatutako ikasketa-beka edo laguntzak.
7.– Ikasketa-beka edo laguntza ukatu, aldatu edo ezeztatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objektiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.
8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira, kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide eta abar bada, eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.
31. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaera adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, legezko ordezkariak.
2.– Eskaera egiteko, eskaera-formulario telematikoa bete beharko da Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/
Formularioan «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak betetzeko aukera ageri da. Horiek bete ostean, eta eskatzaileak espresuki baimentzen badu dagokion laukitxoan hala adierazita, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari Agindu honetako I. eranskineko 35. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.
Aurreko atalean aipatutako abisu gehigarriak baimentzen ez baditu, ezin izango dira eskatzailearekin harremanetan jarri, hala badagokio, dokumentazio edo argibide gehigarriak eskatzeko.
3.– 2024-2025 ikasturtean beka edo laguntza jaso zuten eta matrikula kudeatzeko aplikazioan jasota dauden mailetan ikasketak egiten ari diren ikasleei beteta emango zaie eskaera-formularioa. Bide telematikotik eskuratu ahal izango da formularioa: https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/ helbide elektronikoan. Paper-formatuan ere jaso ahal izango da ikastetxean.
Formularioan ageri diren datuak zuzenak direla egiaztatu ostean, edota egin beharreko aldaketak egin ondoren, eskaera aurkeztuko da:
a) Telematikoki, aplikazioan eskaera-formularioa elektronikoki sinatuta edota ikastetxean jasotako formularioan ageri den egiaztapen-kodearen bidez.
b) Formularioa paperean sinatuta, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuta:
– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egingo diren ikastetxeetan.
– Honako hauetan aipatzen diren bulegoetan: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
4.– Gainerako ikasleek modu hauetakoren batean egin ahalko dute eskaera:
a) Elektronikoki, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/unibertsitatez-kanpoko-ikasleak-eskolatzeko-ikasketa-beka-eta-laguntzak/web01-a2hikasl/eu/. Urrats hauek egin beharko ditu:
a.1.– Ziurtagiri digitala baliatuta sartu (NAN, Izenpe txartela) edota itsasontzien jokoa erabilita (B@kq); edo, halakorik izan ezean.
a.2.– Sisteman erregistratu, helbide elektroniko baten bidez eta honako elementu hauetako bat erabilita:
– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) eta ikaslearen jaioteguna.
– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Bi kasuetan, 91/2023 Dekretuan azaltzen den datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatuko da eskatzailearen identitatea (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).
Eskaera elektronikoki egin ondoren, eranskinaren 33. artikuluan zerrendatutako dokumentu eskaneatuak atxiki beharko dira, eta eskabidea elektronikoki sinatu. Soilik orduan erregistratuko da, eta eskaera egintzat joko da.
b) Paperean. Horretarako, eskaera egiteko beken aplikazioak sortutako formularioa inprimatu beharko du, edo ikastetxean eskatu. Ondoren, sinatu egin beharko du, eta hurrengo artikuluan aipatutako dokumentuak atxiki. Eskabidea honako toki hauetakoren batean aurkeztu ahalko da:
b.1.– Beka-eskaeraren xede den irakaskuntza egingo duen ikastetxean.
b.2.– Honako hauetan aipatzen diren bulegoetan: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
32. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak eta beharrezko agiriak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko urriaren 5ean amaituko da.
2.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) Irailaren 5etik aurrerako matrikulazioetan, hilabeteko gehieneko epea ezartzen da formalizatzen direnetik hasita, baldin eta eskaera matrikulazio-eskaeraren kopiarekin egiten bada.
b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren sostengatzaile nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
Nolanahi ere, eskabide berriak 2026ko apirilaren 30era arte soilik onartuko dira.
33. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Beka-eskabidearekin batera, 2024 ekitaldiko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Errolda-agiriaren egiaztapena ofizioz egingo da, eskatzaileak eskabidean espresuki baimentzen badu. Bestela, bizikidetza- edo familia-unitatearen ohiko bizilekuari dagokion errolda kolektiboaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, non 2024ko abenduaren 31ko egoera jaso behar baita.
Basaurin (015), Bermeon (017), Leioan (054), Ortuellan (083), Mungian (069) eta Usansolon erroldatutako eskatzaileek, betiere, aurreko paragrafoan aipatutako bizikidetza- edo familia-unitatearen ohiko bizilekuari dagokion errolda kolektiboaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
b) Dibortzioa, banantzea, erregistratutako izatezko bikotearen desegitea edo antzeko egoerak egonez gero, dibortzio- edo banantze-epaiaren eta hitzarmen arautzailearen fotokopia, baldin eta lehenago aurkeztu ez bada. Azken hitzarmen arautzailearen kopia aurkeztu beharko da, baldin eta haren terminoak aldatu badira. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, beharrezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena. (Diru-sarreraren fotokopia) eta aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarreren ziurtagiria.
c) Gizarte-laguntzen hartzaileen kasuan: udalaren gizarte-zerbitzuek edo beste erakunde edota elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiria.
d) PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarreren kasuan: ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena eta abar.
e) Agindu honen 19. eta 26. artikuluetan aurreikusitako kenkariak sorraraz ditzaketen kasuak egiaztatzeko agiriak.
f) Deialdi honen II. kapituluak aipatzen dituen irakaskuntzen kasuan, 2024-2025 ikasturtean lortutako batez besteko notaren ziurtagiria, oinarrizko mailako heziketa-zikloetan izan ezik. 2024-2025 ikasturtean ez badu ikasketarik egin, egiaztagiria egindako azken ikasturtearena izango da.
g) Honako hauek izan ezean, ikaslearen eta eskaera egiten duenaren nortasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da: sailaren identifikazio-zenbakia, nortasun-agiri nazionala, atzerritarren identifikazio-zenbakia edo atzerritarren identifikazio-txartela.
h) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatuta–; edota zurztasun-egiaztagiria, bizitzeko zer baliabide dituen eta egoitzaren egoera (jabetzan edo alokairuan) egiaztatu beharko du.
i) Familia-harreran diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko aginduaren eta dagokion aldundiak erabakitako harrera-baldintzen fotokopia, aldez aurretik aurkeztu ez bada.
j) Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: kaleratze-kitapenak, enplegu-erregulazioko espedienteak, behar bezala erregistratutako dohaintzak eta abar.
2.– Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzule; hala, legez behartuta egongo da bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera eta ondare guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.
Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta beste udal-, foru- edo probintzia-laguntza batzuk, halakorik balego), udalaren gizarte-laguntzako zerbitzuek edo beste erakunde edo elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiriaren bidez.
3.– Errenta-aitorpena beste autonomia-erkidegoren batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek edota aurkeztutako aitorpenak diru-sarrera guztiak ez baditu, esandakoaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Sostengatzaile nagusiaren 2024ko ekitaldiko errenta-aitorpenen (PFEZ) fotokopia guztiak eta, hala badagokio, zerga horren aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko aitorpenaren orria ere aurkeztu beharko da.
b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarrerak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...
c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
4.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) aurkezteko obligaziorik izan ezean, kide konputagarri guztiek eskuratutako diru-sarreren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira (gizarte-laguntzak jasotzeko dagokion erakundeak emandako ziurtagiria, PFEZaren aitorpenean zenbatzen ez diren diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu korronteko interesak...); era berean, profesionalek eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuengatiko aitorpenen fotokopiak ere aurkeztu beharko dira, baita artikulu honetako lehen zenbakian jasotako informazioa ere.
5.– Desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleentzako garraio-laguntzen eta -sorospenen kasuan, eskola-garraioan egindako gastuaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, edo ikastetxearen eta familiaren bizilekuaren arteko joan-etorriak egiteko ibilgailu partikularra erabili izanarenak, baldin eta ikastetxea eskatzailearen bizilekuari dagokion eragin-eremuan badago, ez badago garraio publikoko bestelako aukerarik eta ez bada jaso laguntza bikoitza kontzeptu berarengatik.
Hori justifikatzeko, ibilgailu partikularra erabiltzearen egiaztagiri objektibo bat aurkeztu beharko da:
– Ikastetxearen ziurtagiri bat, ikaslearen ohiko presentziari buruzkoa.
– Egoitzaren eta ikastetxearen arteko ibilbidearen kilometroak, erreferentzia kartografiko ofizial bitartez (Geo Euskadi).
– Egindako kilometroko baremo ofiziala, ibilgailu pribatua erabiltzeko konpentsaziorako ezarritakoaren arabera (dagokion foru-ogasunak zehazten du urtero).
6.– Pedagogia-berreziketako, hizkuntza-berreziketako eta adimen-gaitasun handiari lotutako zerbitzurako ikasketa-laguntzen kasuan, ikastetxearen edo berrezitzailearen memoria aurkeztu beharko da, zerbitzu horren ezaugarriei buruzko informazio zehatza jasoko duena, honako hauek barnean direla: asteko eta ikasturteko ordu-kopurua, zerbitzua ematen duen espezialista eta kurtsoaren hileko eta guztirako kostua.
7.– Guraso bakarreko familien kasuan, hauetako bat aurkeztu beharko da: familia-liburua edo seme-alaben jaiotze-agiri literala, gurasoen eta seme-alaben arteko neurrien hitzarmen arauemailea edo zaintza esklusiboaren ebazpen judiziala, baita adopzioaren, tutoretzaren, harreraren edo adopzio-helburuko jagoletzaren ebazpen judizial edo administratiboak, edota organo eskudunak emandako guraso bakarreko familia-unitatearen ziurtagiri ofiziala.
34. artikulua.– Eskatzaileen betebeharrak.
Eskatzaileak eskabidea behar bezala sinatuta aurkezteak berekin ekarriko du, bere erantzukizunpean, eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela adieraztea.
Emantzipatu gabeko adingabeen kasuan, haien legezko ordezkariak sinatu beharko du eskaera. Sinadura horrek berekin ekarriko du eskaeraren edukiaren erantzukizunpeko adierazpena, ordezkatutako adingabearen izenean, Kode Zibilaren 1903. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Adingabearen eta haren legezko ordezkariaren arteko erantzukizun solidarioaren ondoriorik ez da inola ere sortuko, eta erantzukizuna eskaera sinatzen duen pertsonari baino ez zaio egokituko, agindu honen 33.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Horrek esan nahi du:
a) Beka edo laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituela.
b) Eskaeran jarritako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen partetik bestelako beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.
d) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatuko duela, eta adierazten duela ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten duen inolako lege-auzitan sartuta.
e) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogatze-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatuko dioten informazio guztia emango duela.
f) Adieraztea, berariaz ikasketak edo ikastetxea aldatuz gero, aurreko urteetan bekadun izan dela, eta, era berean, beka eskatzen den ikasketa-maila bereko edo goragoko titulu akademiko bat izatea edo hori lortzeko legezko baldintzak betetzea.
g) Funtsak itzultzea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako kasuetan.
h) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea matrikula ezeztatu dela edo laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatu dela.
i) II. kapituluko irakaskuntzetako ikasleak: beka zertarako eman den, hartarako erabiliko duela. Egoera hauetakoren bat gertatzen bada, ulertuko da beka ez dela erabili jatorrian zuen xederako:
– Ikastetxean baja ematea 2025-2026 ikasturtea amaitu baino lehen.
– Eskola-orduen % 80ra edo gehiagora joan ez izana, horretarako baimen edo lekapenik izan ez badu.
– Matrikulatutako ordu edo irakasgaien % 50 gainditu ez izana, ohiko edo ezohiko deialdian.
Arestiko h) apartatuan sartzen ez diren ikasleak: laguntza edo sorospena zertarako ematen den, bada horretarako erabiliko da. Ondorio horietarako, ulertuko da honako egoera hauetako batean egon direnek ez dutela laguntza erabili xede horretarako:
– Justifikatu gabe, ikastetxean baja eman izana 2025-2026 ikasturtea amaitu baino lehen.
– Emandako zerbitzuak ordaindu ez izana, baldin eta zerbitzu horiek finantzatzeko laguntza edo sorospena eman bazen.
35. artikulua.– Eskabideen kudeaketa.
1.– Beka edo laguntza zein ikastetxetarako –hezkuntza-zerbitzua ematen duena– eman, ikastetxe horrek funtzio hauek bete beharko ditu:
a) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei deialdiaren berri ematea; ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, jarraitu beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.
b) Prozesuaren segimendua egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.
c) Ikastetxeko zuzendariak edota, hala badagokio, idazkariak egiaztatuko du datuak egiazkoak direla; hain zuzen ere, laguntza edo beka eskatzeko aplikazioko konfigurazio-tauletan bete dituztenak.
d) Ikastetxean aurkeztutako paperezko eskabideak, sinatuta daudela egiaztatu ondoren, aurkeztutako dokumentazioarekin batera bideratuko dira, baldin eta ez badira eskaneatu eta beken aplikazioan erantsi. Alfabetikoki ordenatutako zerrendetan prestatu eta ikastetxeek dagokien lurralde-ordezkaritzetara bidaliko dituzte, posta elektronikoz.
2.– Lurralde-ordezkaritza eskudunak eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa jasoko ditu, eta espedienteak aztertuko ditu. Horrela, baloratuko du bekaduntzat hartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten edo ez, eta zer osagaitarako eskubidea izango luketen, betiere Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzarekin koordinatuta; izan ere, azken organo horrek bere gain hartzen du agindu honetan araututako bekak eta laguntzak kudeatzeko ardura.
3.– Lurralde-ordezkaritza eskudunak interesdunari eskatuko dio egindako akatsak zuzendu edo ebazpena emateko beharrezkoak diren dokumentuak atxiki ditzala. Horretarako, beren-beregi adieraziko dio zein den zuzendu beharreko akatsa edo aurkeztu beharreko dokumentua, eta hamar egun balioduneko epea emango dio, errekerimendua egiten den egunetik zenbatzen hasita. Halaber, bertan adieraziko zaio eskatutakoa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta eskaera artxibatu egingo dela, aurretiaz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz horretarako ebazpena eginda. Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena eskuragarri duela adierazteko. Eskatzaileari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egiten denean, nahitaezkoa delako edo eskatzaileak espresuki hori aukeratu duelako, ez onartutzat joko da, edukira sartu ez bada jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan. Eskatzaileak edo haren ordezkariak uko egiten badiote administrazio-jarduketa baten jakinarazpena hartzeari, hala jasoko da espedientean, eta jakinarazteko ahaleginaren inguruabarrak eta bitartekoa zehaztuko dira. Horrekin, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.
36. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Unibertsitateaz kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.
Arduraduna: Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza.
Xedea: unibertsitatez kanpoko eta unibertsitate-graduaren baliokideak ez diren ikasketetako ikasleei laguntzak, sorospenak eta bekak ematea, eta ikasleei eskola-garraiorako laguntzak eta zuzendaritzaren gainerako laguntzak ematea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Ikastetxe publiko eta pribatuak.
– Banku-entitateak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)
37. artikulua.– Ebazteko prozedura.
1.– Lurralde-ordezkaritzetan eskabideak jaso eta gero, horiek bekaren edo laguntzaren behin-behineko ebazpen-proposamenak egingo dituzte.
Lurralde-ordezkaritzek eginiko proposamenen arabera, Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzak emango ditu bekari edo laguntzari buruzko behin-behineko ebazpen partzialak eta ondoz ondokoak.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko ebazpenak jakinarazteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, https://euskadi.eus web-orrian eta Hezkuntza Sailaren web-orrian (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus)
Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 10 egun balioduneko epea emango da alegazioak egiteko.
3.– Alegazioak aztertu ondoren eta epea igarotakoan, aurretik egin beharreko egiaztapenak eta izapideak eginda, Hezkuntza Politiketako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du.
Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Hezkuntza Politiketako sailburuordeak onartutako behin betiko ebazpenak jakinarazteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira (https://euskadi.eus helbidean), bai eta Hezkuntza Sailaren web-orrian ere (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus).
Prozeduraren ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntza guztiak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskaerak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, hargatik eragotzi gabe gerora espresuki ebaztea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, espresuki horretarako baimena eman badute, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Beken behin betiko ebazpenean, jantokiaren osagaiari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, data horretan dauden datuak erabiliko dira. Ondoren, maiatzeko azken astean, aldatu egin badira jantokira joandako egunak edo beka hori emateko kontuan hartu ziren baldintzak, beka berriz kalkulatuko da, deialdi honen 34. artikuluaren arabera.
38. artikulua.– Beste erakunde batzuekiko lankidetza, errenta eta ondarea estimatzeko.
Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuekin lankidetza kudeatuko du, baita administrazio publikoetako beste edozer erakunderekin ere, honako xede hauek lortzeko:
1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze- eta kontrol-lanetarako laguntza teknikoa ematea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
39. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Hezkuntza Politiketako sailburuordeak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.
2.– Laguntzaren zenbatekoa eskabidean jasotako kontu korrontean ordainduko da, eta bizikidetza-unitateko kide konputagarri batek haren titularra izan beharko du. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak; izan ere, laguntza horiek zuzenean sartuko dira ikastetxe horien kontuan.
3.– Jarritako gora jotzeko errekurtsoen ondorioz gorantz aldatu beharko balitz emandako laguntzen zenbatekoa, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aipatutako errekurtsoak osorik edo zati batean onesten dituen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
40. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.
1.– Laguntza aldatzea erabaki ahal izango da beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, aldi berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasotzen bada, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20. artikuluan xedatutako baldintzetan egiten bada.
Emandako laguntza aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.
2.– Laguntza errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da, beka edo laguntza eman den berariazko helbururako erabiltzen ez bada, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako gainerako kasuetan.
Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordaintzeko eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
I. eta III. kapituluetako irakaskuntzetako ikasleek ikasketak uzten badituzte, emandako laguntzaren edo sorospenaren izaera kontuan hartuta, jasotako osagaiak proportzionalki itzuli beharko dira, bertan behera utzitako aldiari dagokion zenbatekoan, eskola-materialaren osagaia eta gastu gehigarri orokorretarako sorospena izan ezik, ez baitira itzuli beharko.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa izango da itzultzeko prozedura.
4.– Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezkoa den informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete ahal izateko, legezko diruz edo txekez edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango da, dirua itzultzeko betebeharra ezartzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak hala eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
5.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
41. artikulua.– Bateragarritasuna.
Eranskin honetan araututako ikasketa-laguntzak, bekak eta sorospenak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik ikasketa berberetarako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
2025-2026 ikasturtean unibertsitate-ikasketak egiteko beka jasotzen duten ikasleek ezingo dute jaso eranskin honetan araututako ikasketa-laguntzarik, bekarik eta sorospenik.
42. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ahalmena izango du datuak benetakoak direla eskatzeko eta egiaztatzeko egintzak abiarazteko, bai eta eranskin honetan araututakoa betearazteko ere.
RSS