
149. zk., 2025eko abuztuaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (198 KB - 11 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3476
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Zallako (Bizkaia) UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen den.
AURREKARIAK
2025eko apirilaren 4an, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskaera egin zuen Zallako Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Zallako (Bizkaia) UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) dagokionez. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz egina dago, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko apirilaren 29an, eta espedientean jasota dago emaitza.
Era berean, espedientea osatzen duen dokumentazioa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean egon zen eskuragarri, interesdun orok izan zezan egokitzat jotzen zituen ingurumen-oharrak egiteko aukera.
Erantzuna emateko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin bat.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plan Berezia Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan sartzen da, non ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen diren; zehazki, a) letran: «Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programen aldaketa txikiak».
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan dago araututa, aipatutako legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez; edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da Zallako Plangintzako Arau Subsidiarioetan –maiatzaren 20ko 291/1998 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren behin betiko– ezarritako hirigintza-antolamendu xehatua aldatzea; zehazki, UB-30-Mendieta unitaterako.
Jarduketa-eremuak 11.462,87 m2-ko azalera du bizitegitarako hiri-lurzoru finkatuan. Zallako (Bizkaia) udal-mugartean dago; zehazki, Mendieta auzoan. Iparraldean, Cadagua ibaia du mugakide eremuak. Eremuaren mugaketaren barruan, zortasun-bidean dagoen 2. zenbakidun etxearen mendebaldean kokatutako eraikuntza/etxola txiki bat besterik ez dago.
Uren araudia kontuan hartuta (urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretua; abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatu egin zen uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua; eta uholde-arriskuen kudeaketari, emari ekologikoei eta erreserba hidrologikoei buruzko erregelamenduak), indarrean dauden Arau Subsidiarioetan ezarritako antolamendua gauzaezina da ez baita egokitzen uholde-arriskuaren arloko gaur egungo eskakizunetara.
Egokitzapen horrek antolamendu xehatua aldatzea eskatzen du, indarrean dauden baldintza hidraulikoetara egokitzeko, zuzkidura publikoez bestelako erabileretarako sestra gaineko gutxieneko eraikigarritasun fisikoa arautzen duen 2/2006 Legearen 77.4 artikuluarekin bat etortzeko (lurzoruaren metro karratu bakoitzeko, 0,40 metro karratuko sabai-indizea), eta lurzati eraikigarrien antolamendu-proposamena 80/2022 Dekretura egokitzeko (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).
Plan Bereziak bi eremu desberdin zehazten ditu: bata jabari pribatukoa, hirigintza-eraikigarritasuna gauzatuko den irabazizko lurzatiek osatzen dutena; eta bestea, berriz, jabari publikokoa, eremuan aurreikusitako zuzkidura-lurzoruek osatzen dutena.
Plan Bereziaren antolamendu-irizpideak hauek dira:
– Eremuari esleitutako hirigintza-eraikigarritasuna modu orekatuan kokatzea, eta erabilera onargarriak bertan dauden eraikuntza-, eguzkialdi-, orografia- eta ur-baldintzen arabera egokitzea.
– Lehendik dagoen zuzkidura- eta ekipamendu-sarea osatzeko, espazio publiko berriak sortzea, elkarren artean konektatu eta komunikatuta egon daitezen gizartean dagoen eskariari erantzuteko eta programa egikaritzeak ekarriko duen gehikuntza artatzeko.
– Etorkizunean egin beharreko urbanizazio-proiektuak bete beharko dituen gutxieneko jarraibide edo arauak aurreratzea.
– Ibilguari lotutako ingurune naturala babestea eta zaintzea, ibaiertzeko landaredia zainduz eta konfigurazio «biguna».
Planak sakondu egiten du proposatutako lurzati eta zuzkidura-gune bakoitzaren eraikigarritasunean –zehazki, eremuari esleitutako 4.585 m2-ko hirigintza-eraikigarritasunaren banaketan–, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko euskal Legearen 77. artikuluan ezarritako nahitaezko gutxieneko eraikigarritasuna ezartzen du, Zallako Arau Subsidiarioen ostekoa eta maila handiagokoa dena.
Planaren ingurumen-eraginari dagokionez, hasiera batean inpaktu nabarmenik espero ez den arren –inpaktu guztiak bateragarri edo moderatutzat jo baitira–, zenbait neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile zehaztu dira, batez ere obra-faserako, bai eta hiri-inguruneetan eta etxebizitzetan aplika litezkeen neurri batzuk ere.
Ez da ezagutzen lur-mugimenduen azken balantze zehatza; nolanahi ere, eraikinek okupatutako azalerak eta garajeen sakonera (2 solairu) kontuan hartuta, hondeaketa-bolumena 13.000 m3 ingurukoa izango dela aurreikusten da. Dena den, espero da soberakin horietako batzuk Planaren eremuko lursailaren zati bat egokitzeko berrerabili ahal izango direla.
Plana Eraikuntza- eta Urbanizazio-proiektu baten bidez garatzea dago aurreikusita.
Aztertutako alternatibak:
Ingurumen-dokumentuak bi aukera jasotzen ditu, indarrean dagoen plangintzarekin bat datorren 0 alternatibaz edo «esku-hartzerik ez» aukeraz gain. Aukera hori baztertu da gauzaezina baita, ez dituelako afekzio sektorial hidraulikoak errespetatzen (uholde-arriskuko eremuak, lehentasunezko fluxu-eremua eta, urbanizazio- eta eraikuntza-atzeratzeak).
1. alternatibak errespetatu egiten ditu indarrean dauden afekzio sektorialak, bidea behar bezala integratzen du ingurunean, eta konektagarritasun transbertsal handiagoa ematen du ibaiaren berdeguneekiko; baina eraikin gehiegi biltzen dituela uste da, eta eragotzi egiten dituela fatxaden eta eraikinen arteko espazioen arteko eguzkialdi egokiak.
2. alternatibak proposatzen duen antolamenduak errespetatu egiten ditu afekzio hidraulikoak, eta iragazkortasuna nahiz Cadagua ibaiaren ingurunearekiko konektagarritasuna sustatzen ditu; horrez gain, eraikinak erdiko bidearen bi aldeetan banatuz, eraikin guztiek eguzkia jasoko dutela bermatzen du.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, proposatutako bi antolamendu- eta urbanizazio-alternatibetako edozein izango litzateke egokia, biak hein berean, horietako bakar batek ere ez baitu eragiten espazio sentikorretan edo natura-interes handiko espazioetan, eta biek ematen baitute aukera espazio libreetan (ibai-parkean) ibaiertzeko landaredia eta Cadaguaren ertzak sartzeko (EAEko azpiegitura berdearen elementu konektorea eta bisoi europarrarentzako intereseko eremua). Biek ala biek antzeko galera eragingo lukete nekazaritza-erabileran, Planaren eremuaren hegoaldeko erdialdean, eta bietan oso berdintsua litzateke lurzoruaren okupazioa ere.
Bestalde, proposatutako altuerei eta eraikinei dagokienez, 2. alternatibakoek egokiagoak dirudite 1. alternatibakoek baino; gainera, eraikinen orientazioak eta haien arteko tarte handiagoak fatxadetan eguzki gehiago jasotzea ahalbidetuko luke. Eraikin berriek lehendik daudenekiko izango luketen integrazioari eta egokitzapenari dagokionez, 2. alternatiban, erdialdetik hegoaldera dauden eraikinek lehendik dagoenaren antzeko altuera dute; erdialdetik iparraldera, berriz, eraikin berriaren altuera bat dator Lanzagorta kalearen eta Cadaguaren artean lehendik zegoen eta ingurunean nagusi den eraikinaren altuerarekin.
Hautatu den alternatiba 2.a da, afekzio hidraulikoak errespetatzen dituelako, iragazkortasuna eta Cadagua ibaiaren ingurunearekiko konektagarritasuna sustatzen dituelako, eta, eraikinak erdiko bidearen bi aldeetan banatuz, eraikin guztien eguzkialdia bermatzen duelako.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua, kontuan hartuz kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan egikarituko diren proiektuen izaera: uste da Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea eskatzen duen berezitasunik.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: kontuan hartuta plana garatzeko proposatutako jarduketak, eta aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio aipagarririk, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.
c) Plana egokia den ingurumen-oharpenak jasotzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak jasotzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak ezartzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: aurreko puntuetan azaldutakoa kontuan hartuta, eta eremuaren ingurumen-ezaugarriak nahiz Planaren irismena ikusirik, ez da hautematen Plana egikaritzearen ondoriozko arazo adierazgarririk, baldin eta eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak egiten badira –besteak beste– ingurumenaren, ondare kulturalaren, segurtasunaren eta osasunaren, hondakinen kudeaketaren eta kutsadura akustikoaren arloetan indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloari dagokion Europar Batasuneko edo Espainiako legedia ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua «Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Ibai-sareak ubide bakarra du, Cadagua ibaia, iparraldean eremua duena mugakide. Ikuspuntu hidrogeologikotik, Planaren eremu osoa bat dator interes hidrogeologikoko guneekin.
Cadaguaren ibilgua EAEko Azpiegitura Berdearen «Bilbe urdina»ren parte da, eta kontuan hartu beharko da hori, erriberako landaredia eta Cadaguaren urak ez kaltetzeko, ibaiak lurraldeko faunarentzako igarobide-funtzio ekologikoari euts diezaion. Era berean, Planak ibaiari berari eragiten ez dion arren, Cadagua ibaiaren ibilgua interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), zeina «Galzoriko» espeziea den, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuko Kudeaketa-planaren arabera. Ez da aurkitu Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuarekin bat datorren beste espezie babestuen erreferentziarik edo banaketa-eremurik.
Eremuaren barruan ez dago Natura 2000 Sareko naturagune babesturik, ez eta inbentariatuta dagoen beste gune babesturik edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan bildutako geologia-intereseko puntu edo lekurik.
Eusko Jaurlaritzaren Habitaten kartografiaren arabera (2019), Plan Bereziaren eremua hein batean bat dator ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarraren (91E0*) intereseko habitatarekin, guztira 1.096,41 m2-ko azaleran; hau da, Planaren azalera osoaren % 9,56an. Cadaguaren ibaiertzaren antolamendua espazio libreek eta babes-eremuak osatzen dute, eta erabilerak bateragarriak dira eremu horretan dagoen intereseko landaredia zaintzeko helburuarekin.
Eremua EAEko paisaia apartekoen eta bikainen inbentarioan dago sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005); zehazki, oso-osorik dago «Gueñes» izeneko arro bakar baten barruan.
«Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioa (Eusko Jaurlaritza)» argitalpeneko kartografiaren arabera, Planaren eremuak Zabortegi motako lurzati bakar bat dauka iparraldean mugakide, 48096-00073 kodearekin identifikatuta.
Planaren eremuaren barruan ez dago kaltetuta gerta litekeen ondare kulturaleko elementurik; alabaina, EAEko Ondare Kulturalean sartuta dauden eraikin eta elementu batzuk ditu eremuak mugakide, hala nola Lanzagorta etorbidea 52ko etxea, Allendelagua 3ko baserria eta Donejakue bidea.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat dago (2025eko urtarrila, Alburen). Azterketan ondorioztatzen denez, trafikoaren intentsitatea txikia denez eremuko bideetan, eta txikia izatean halaber gehieneko zirkulazio-abiadura (20 edo 30 km/h, bideen arabera), bai egungo egoeran, bai aztertutako bi alternatibek proposatutako eraikin berrietan, eta 20 urtera begirako agertokian, bete egingo lirateke bizitegi-erabilerarako Kalitate Akustikoko Helburuak, baita garapen berriak aintzat hartuta ere, zeinak 5 dBA murriztaileagoak diren, eta hogei urtera begira trafikoa HAPBren hirigintza-garapenak jada planteatutako egoerarekiko % 25 areagotuta ere.
Arriskuei dagokienez, hainbat arazo geotekniko ditu eremuak; besteak beste, nabarmentzekoak dira, haien hedadura dela-eta, Uholde-eremuak, istiltze-eremuak eta sostengu-ahalmena eta asentuak, eremuaren % 75,07 eta % 24,93 hartuz, hurrenez hurren. Baso-suteak gertatzeko arriskuari dagokionez, Planaren inguruan egindako azterketa-eremuan, azaleraren % 17,39k sute-arrisku oso handia du.
Uholde-arriskuari dagokionez, gaur egun GeoEuskadin argitaratuta dagoen kartografiaren arabera, Planaren ingurune osoa 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanaren barruan dago; 10 eta 100 urteko aldiei dagozkienak, berriz, iparraldeko herenera mugatzen dira, Cadaguaren ubidearen inguruetan, eta, neurri txikiagoan, Planaren eremuaren ekialdera. Nolanahi ere, Typsa enpresak oraintsu (2024) egindako azterketa hidrauliko baten emaitzetan oinarrituz, egokitu egin da Planeko eraikinen, urbanizazioaren eta erretiroen kokapena, uholde-lerroak eta lehentasunezko fluxu-eremua aintzat hartuta.
Ez da identifikatu arrisku handirik sismikotasunak, higadurak, akuiferoen kalteberatasunak, salgai arriskutsuen garraioak edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen gertutasunak eraginda.
Hori guztia ikusita, Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak lotuta daude eraikin berriak eta erantsitako urbanizazioa eraikitzeko obrak gauzatzearekin, bai eta ibai-parkearen figuraren barruan aisialdi-guneak eta espazio libreak atontzearekin ere, edo babes-eremu baten mugaketarekin; bereziki, Cadagua ibaiaren ibilguaren inguruetan, zeinaren ertzak jarduketa-eremuaren iparraldeko muga baitira.
Hori dela bide, horrek askotariko lanak ekarriko ditu, hala nola eraistea, lurzorua okupatzea, lurrak mugitzea, materialak eta hondakinak aldi baterako garraiatzea, zimendatze-hondakinak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) erretiratzea, urbanizazioa berrezartzea, ustekabeko isurketak, ibilgailuen trafikoa areagotzea, ur- eta energia-kontsumoa, emisio atmosferiko eta akustikoek biztanleei eragindako eragozpenak eta abar. Hori guztia hiri-eremu batean izango da.
Indarrean dagoen legeria betetzen bada –eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, afekzioak txikiak izango direla aurreikusten da, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta leheneratzeko modukoak.
Kontuan harturik hori guztia, eremuaren egungo egoera, Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuko direla, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik.
3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragin, eta ez dadin beharrezkoa izan UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoa jasotzen duen ebazpenean ezarritakoaren arabera betearaziko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:
Urak babesteari buruzko neurriak:
– Kokalekuaren iparraldean urpean gera daitekeen eremuan, lehentasuna emango zaio ibaiari lotutako erabilera publikoko berdeguneak sortzeari eta ibaiertzeko zuhaitzak mantentzeari, lehentasunezko fluxu-eremuan egun dagoen topografia errespetatuz. Errespetatu egin behar da urpean gera daitekeen eremuaren topografia, eta, bereziki, 100 urteko errepikatze-denborari dagokion eremuarena.
– Cadaguaren ibilgura solidorik jaurti ez dadin, partikulak eusteko sistemak ipiniko dira ibilguaren eta materialak biltzeko guneen, obrako gune osagarrien, eta lanerako eta obrak gauzatzeko guneen artean, jariatzeen bidez sedimenturik edo kare-esneko hondarrik ez iristeko. Geotestil-estalki batekin zoruari finkatutako lasto-fardoez osatuta egon daitezke. Martxan dauden bitartean, beharrezkoak diren mantentze-lan guztiak egingo dira (metatutako sedimentuak aldian-aldian kentzea, eta, kolapsatuta dagoenean eta iragazteko ahalmena mugatuta duenean, fardoa birjartzea).
– Hesiak ibaiertzeko landarediari eta intereseko beste edozein elementuri ez eragiteko moduan jarriko dira. Beharrezkoa denean soil-soilik, eta betiere Ingurumen Obraren zuzendariaren irizpidearen arabera, aurrez egokitu egingo da lursaila.
Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:
– Planak esplizituki jasoko du Eraikuntza-/Urbanizazio-proiektuak «Leheneratze-proiektu» bat izango duela, zeinak proiektua egikaritzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen, eta proiektua egikaritzeko behar adinako xehetasun-mailarekin garatuko ditu jarduketak, aurrekontua barne.
– Espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Ihobek argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin.
– Lorategi-lanetan ez da inola ere inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik erabiliko; besteak beste, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
Landarediari buruzko neurriak:
– Planak esplizituki jasoko ditu Ingurumen Administrazioak lurzatia garatzeko baldintzatzaile gisa proposatutako prebentzio-neurriak eta landaredia leheneratzekoak.
– Neurri orokor gisa, eutsi egingo zaio landaredi autoktonoari; bereziki, Cadagua ibaiaren inguru eta ertzetan dagoenari.
– Desjabetze-tarteen barruan dauden eta eraikuntza-obrek kaltetzen ez dituzten zuhaitz-oinak behar bezala babestuko dira, eta, adarren hegalak hartzen duen zabalera berean, makineriak beren sustrai-sistemaren gainean zirkulatzea saihestuko da. Horrez gain, babestu egingo da haien enborra, istripuzko kolpeak saihesteko.
– Planak espezie inbaditzaileen kontrola jaso beharko du: obrei hasiera eman baino lehen, jarduketa-eremuaren prospekzioa egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzaileen aleak lokalizatzeko eta haiek ezabatzeko protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean heda ez daitezen. Ildo horretan, espezie aloktono inbaditzaileak detektatu diren guneetako landare-lurra ezin izango da obran berrerabili, eta behar bezala eta bereiz kudeatu beharko da, hondakin gisa.
– Maileguetatik etorritako landare-lurra sartu behar izanez gero, landare inbaditzaileen hazirik edo kimurik ez duela kontrolatu beharko da, besteak beste Cortaderia selloana eta Fallopia japonica espezieen hedapena ez errazteko.
– Landareztatu beharreko guneetan, habitat naturalen itxura eta funtzionaltasuna irudikatzeko ahalegina egin beharko da, bereziki Cadaguaren ertzetan, eta landaketak, ahal dela, forma irregularretan egin beharko dira, zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak nahastuta.
– Urbanizazio-ertzaren ezpondak eta erremateak diseinatzean, integrazio-neurriak txertatzeko aukera ahalbidetuko da, hala nola ereiteak edo hidroereiteak eta betiere autoktonoak izango diren zuhaitzak eta/edo zuhaixkak landatzea.
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
– Kontuan hartuko da ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, etorkizunean ezin izango da hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe Dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
– Bestalde, Eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuta egongo da fatxadan erabili beharreko isolamendua, eraikinen barrualdean KAHak betetzeko, 43. artikulua betetzea alde batera utzi gabe.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinen mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzerik ez badago, soberakinak biltegiratzeko dauden kokalekuak identifikatuko dira, eta, ingurumen-irizpideak aplikatuz, soberakinak nora eraman daitezkeen aztertuko da, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinak biltegiratzeko lekuak baimenduta egon beharko du, eta arau hauen arabera kudeatuko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Ondare historikoa babestearekin lotutako neurriak:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, eremuaren mugakide diren ondare arkitektonikoko elementuak kontuan hartuta –kultura-ondasun gisa sailkatuta daudenak Monumentu-multzoaren kategorian–, elementu horien inguruan obrak egikaritzean une oro bermatu beharko da ez zaiela elementu horiei kalterik eragiten, eta ez zaizkiela Donejakue bidearen erabiltzaileei mugikortasuna eta sarbideak oztopatzen.
Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta egongo dira obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraikiz, hondakinak sortzean prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, jada aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera kudeatu behar dira hondakinak; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio-mota batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzea erabakitzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak (olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) behin-behinean biltegiratzeko. Gainera, hondakin arriskutsuen eremutik bereiz, edukiontzi espezifikoak ipiniko dira hondakin geldoetarako. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar), sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makineria mantentzearen eta hondakinak erretzearen ondorioz.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, makineria mantentzeko lanak ez dira irazgaiztu gabeko guneetan egingo; eta, nolanahi ere, obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema duen plataforma irazgaiztu baten gainean egin beharko dira, urak ez kutsatzeko.
– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabilitako makineriak aire zabalean erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara egokitu behar du; eta, bereziki, eta hala badagokio, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua– eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluak.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, prebentzioz aldi baterako eten egingo dira lanak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari berehala emango zaio aurkikuntzaren berri, zer neurri hartu adieraz dezan.
– Kamioiek obra-lekura sartzeko eta bertatik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua egikaritzean kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.
– Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
a) Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
b) Energia. Iturri ez-berriztagarrietatik etorritako energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea.
c) Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
e) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
f) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten Zallako UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean –aintzat hartuta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzak, eta, betiere, ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez diren heinean–, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zallako Udalari (Bizkaia) jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek galdu egingo du indarra eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada UB-30 Mendieta egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onesten. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzatzeko eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 1a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS