Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2025eko abuztuaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3474

162/2025 DEKRETUA, uztailaren 28koa, zeinaren bidez aitortzen baita Bizipoza Kultur Elkartea izeneko elkartea onura publikokoa dela.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.

Ildo horretatik, 2024ko abenduaren 30ean, Bizipoza Kultur Elkartea izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/16525/2012 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2012ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu bere funtzioak, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak, bereziki, haurrei eta haien familiei zuzendutako komunikazio- eta harreman-eremu bat, euskaraz eta euskaratik, sortzera.

Esparru horren bidez, euskaraz sustatu eta zabaldu nahi dira errespetua, elkartasuna, aniztasuna, askatasuna, bizikidetza eta diskriminaziorik eza

Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute Amasa-Villabonako Udalak eta Usurbilgo Udalak.

Bestalde, 2025eko ekainaren 2an eta 13an, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak elkartea onura publikokotzat aitortzearen aldeko txostenak egin zituzten; txostena egiteko eskatu zitzaien gaiari buruzko eskumena dutelako.

Azkenik, 2025eko ekainaren 26an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da.

Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demofrafikoaren sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Bizipoza Kultur Elkartea izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/16525/2012 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 28an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala