Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2025eko abuztuaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3470

1216/2025 EBAZPENA, uztailaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpena, zeinaren bidez onartzen baitziren lotura estatutario finkoa lortzeko 2020-2021-2022ko eta Egonkortzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak.

AURREKARIAK

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez, onartu egin ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2020-2021-2022 urteetako eta Egonkortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak (2022ko abenduaren 19ko EHAA).

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 1510/2024 Ebazpenaren bidez, aldatu egin zen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpena, zeinaren bidez onartzen baitziren lotura estatuario finkoa lortzeko 2020-2021-2022ko eta Egonkotzeko EPE-etako hautaketa-prozesuaren oinarri orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 26an emandako 415/2024 Epaia betez.

16. oinarriak aurreikusten du erresulta-fasea egongo dela, bai Egonkortzeko EPEan (lehiaketa-sistema eta oposizio-lehiaketa sistema), bai 2020-2021-2022ko EPEan (barne-sustapena eta txanda irekia), behin betiko adjudikazioen ondoren, eta osorik bete behar direla. Era berean, ezartzen du destino horiek izangaien artean esleituko direla, beren eskaeraren eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera.

16. oinarri horrek berak ezartzen du behar adina esleipen-fase egingo direla deitutako plazak titularrek edo plaza erreserbatzeko eskubidea duten titularrek bete ditzaten, betiere sartzeko baldintzak betetzen badituzte eta hautaketa-prozesua gainditu badute.

Esleitutako destinoez jabetzeari dagokionez, 17. oinarriak aurreikusten du esleipendunek hilabeteko epea izango dutela esleitutako destinoaz jabetzeko, izendapena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Esleipendunen behin betiko izendapenak eta lanpostu-jabetzeak egin ahala (bai Egonkortzeko fasekoak, bai 2020-2021-2022ko EPEko fasekoak), esleipen-erresulten fasea hasiko da.

Hautaketa-prozesuen erresulta-fasean eskaini behar diren destinoak esleitzeko prozedura, nahitaez, bideratuta egongo da Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean azaldutako arrazoiekin bat egitera.

Eta honela dio: «Administrazio publikoek hautaketa-prozesuak gauzatzeko ezarritako epea betetzen dela bermatu beharko dute, eta, horretarako, neurri egokiak hartuko dituzte hautaketa-prozesuak arin garatzeko...».

Beraz, lanpostu hutsak erresulta-fasean esleitzeko inguruabarrak direla-eta, kontuan hartu behar da Egonkortzeko EPEko eta 2020-2021-2022 EPEko hautaketa-prozesuak bereizi behar direla, prozesuak bizkortuz eta, legeak ezartzen duen bezala, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez.

Hortaz, aldaketa hau egiten da hautaketa-prozesuak zentzuzko denboran ebatzi behar direlako, baina Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legea errespetatuz.

Nolanahi ere, hutsik dauden destinoak guztiz bete arte esleitzeko prozedura segurtasun juridikoak eskatzen duen baina ahalik eta eraginkortasunik handiena ahalbidetzen duen beharrezko denboran egingo da, oinarri orokorretan aurreikusitako epeak murriztuz eta esleipena aurrez aurre egin ahal izateko prozedura gisa aurreikusiz, esleipendun izan daitezkeen guztiei deialdi bakarra egin ondoren, baldintzek ahalbidetzen dutenean, bai erresulten lehen fasean, bai hurrengoetan.

Ondoz ondoko erresulta-faseen ondoren esleitu ezin diren destinoak aurrerago egiten diren hautaketako eta horniketako prozesuetan eskain daitezkeen destinoen zerrendan sartuko dira.

Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da, ebazpen honen bidez, bi hautaketa-prozesuak amaitu ondoren hutsik dauden destinoak esleitzeko fasearen kudeaketa aldatzea eta zehaztea. Prozedura hobeto ulertu eta gauzatzeko, osorik deskribatuko da, eta, bereziki, 14., 16. eta 17. oinarri orokorrak aldatuko dira.

Ebazpen honen bidez ezartzen den erresulta-fasea garatzeko prozedura Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko alderdi sozialarekin adostu da.

Indarrean dagoen legeriak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 1510/2024 Ebazpena betez (horren bidez aldatu zen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpena, zeinak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2020-2021-2022-Egonkortzeko hautaketa-prozesuak arautuko zituzten oinarri orokorrak onartu baitzituen), erresulta-fasean Egonkortzeko EPEko eta 2020-2021-2022ko EPEko ondoz ondoko faseak errespetatuko dira.

Beraz, erresulta-prozesua modu mailakatuan egingo da. Ondorioz, lehenik eta behin, Egonkortzeko EPEko hautaketa-prozesuari dagozkion destino hutsak esleituko dira, izendapena egingo da eta jabetzan hartuko dira; eta, prozesu hori amaitu ondoren, 2020-2021-2022ko EPEko hautaketa-prozesuari dagozkion destino hutsak esleituko dira, izendapena egingo da eta jabetzan hartuko dira.

Bi hautaketa-prozesuen erresulta-fasea egiteko prozedura berbera izango da, hurrengo apartatuetan deskribatua, eta mailakatuta, azaldu den bezala.

Bigarrena.– Destino hutsen esleipena puntuazio-ordenaren eta izangaiek egindako hautaketaren arabera egingo da.

Esleipendun izateko aukera duten izangaiek destinoa aukeratu behar badute, 5 egun naturaleko epea emango zaie hautaketa egiteko. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean dagoen eskabide-eredua erabiliko da. Destinoak aukeratzeko behar den informazioa hautaketa-prozesuaren ohiko fasean egin den bezala emango da.

Zerrenda horietan destinoen baremazioa eta esleipena behin betikoak direnez, behin betiko esleipena ondoz ondo egin ahal izango da, behar diren faseetan eta seigarren ebazpen-zatian xedatutakoari kalterik egin gabe.

Kontuan hartuko da destinoen hautaketa eta ondorengo behin betiko esleipena saio presentzial batean egiteko aukera, baldin eta esleitzeko dauden destino hutsen eta izangaien kopuruak horretarako bidea ematen badu.

Hala eginez gero, destinoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan modu presentzialean hautatzeko deialdia egingo zaie izangaiei.

Destino-esleipendunen zerrenda Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.

Hirugarrena.– Destino bat lortzeko aukera duten pertsonen zerrenda egin ondoren, ebazpena emango da, eta destino-esleipendunen zerrenda jasotzen duen eranskina soilik erantsiko zaio.

Ebazpen hori webgunean argitaratuko da.

Ezinbestekoa denez destinoa betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen osasun-azterketaren agiria izatea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emana, eta ezinbestekoa denez baita ere esleitutako destinoaz jabetzeko, behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu bezain laster, esleipendunek hitzordua eskatu beharko dute esleitutako destinoari dagokion erakundean, lanpostuaz jabetzeko unean aurkezteko dokumentua eduki ahal izateko.

Laugarrena.– Eranskinean agertzen diren esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Izendapen-ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Behin Osakidetzako langile finkoen izendapena argitaratuta, esleipendunek 5 egun baliodun izango dituzte esleitutako destinoaz jabetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Lanpostuaz jabetzeko ekitaldia izangaia esleipendun izan den zerbitzu-erakundearen egoitzan egingo da, eta, horretarako, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da.

Lanpostuaz jabetzeko luzapena eskatu ahal izango da, baldin eta behar bezala egiaztatutako arrazoi hauek badaude: oporrak emanda izatea, aldi baterako ezintasun-egoeran egotea edo beste lizentzia edo baimen batzuk hartuta egotea.

Lanpostuaz jabetzeko ekitaldira 17. oinarri orokorrean adierazitako dokumentazioarekin joan beharko da.

Seigarrena.– Prestakuntza barematu ez zaien izangaien zerrenda agortzen bada, 14. oinarrian aurreikusitako moduan jardungo da. Hala ere, prestakuntza barematu ondoren, destinoen esleipena aurreko apartatuetan aurreikusitako prozeduren arabera egingo da.

Zazpigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 10a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

SUSANA LÓPEZ ALTUNA.


Azterketa dokumentala