Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2025eko abuztuaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3457

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 17koa, Merkataritzako zuzendariarena, Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko eskabideak aurkezteko epea luzatzea erabakitzen duena. Sare hori Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortu eta Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa zehazten duen uztailaren 1eko 138/2025 Dekretuan ezarri zen.

2025eko uztailaren 17an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 138/2025 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortu eta Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa zehazten duena.

Dekretu horren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko eskabideak aurkezteko epea irekiko da dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta argitaratu eta hilabetera amaituko da.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da 2025eko uztailaren 17an, eta eskaerak aurkezteko azken eguna 2025eko abuztuaren 18a da.

Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarera atxikitzeko interesa duten erakundeek eskabideak aurkezteko epea luzatzeko eskatu dute, arrazoi justifikatuak argudiatuta.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin bat etorriz, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskaturik, luza dezake ezarritako epea, manuren batek kontrakoa ez badio, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epearen erdia izan daiteke luzapena, gehienez ere.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Merkasaretza Euskal Sarera atxikitzeko eskabidea aurkezteko epea hamabost egun natural luzatzea, hasieran aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Ondorioz, eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 2an amaituko da.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren oholean argitara dadila agintzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.3 artikuluarekin bat etorriz, epeak luzatzeari edo ukatzeari buruzko erabakien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, prozedura amaitzen duen ebazpenaren aurka bidezkoa dena baztertu gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 17a.

Merkataritzako zuzendaria,

IZASKUN GÓMEZ CERMEÑO.


Azterketa dokumentala